K

 

K. Grekoengandik hartutako kontsonante bat da, baina baditugu lehenago Zeratiarrek, Smero uhartean bizi eta salerosketan aritzen zen nazio txikiak, erabili izanaren aztarnak. Beren hizkuntzan klatx deitzen zuten, desegina, alegia. Letraren forma hasiera-hasieran gaurko gure «H»-rena zen zehazki, baina Snedeker doktoreak argitzen du gaurko formara aldatu zutela lurrikara batek Jaruteren tenplu handia suntsitu izanaren oroigarri, 730 k.a.tik gertatu baitzen gutxi gorabehera. Eraikin hori atariko bi pilare sendoengatik zen ezaguna, zeinetako bata erditik hautsi baitzen hondamendian; bestea, berriz, zegoen bezala geratu zen. Letraren lehenagoko forma bi pilare horietatik hartua zela uste zenez, antzinako kontuetan aditua zenaren iritziz, forma berria hondamendi hura nazioaren oroimenean betiko gordetzeko bitarteko sinple eta naturaltzat hartu zen, hunkigarri ez esatearren. Ez dago garbi letraren izena emendiozko oroibide gisa aldatu zen ala izenak klatx eta suntsidurak naturaren txantxa izaten jarraitu zuten. Bi teoriak aski probableak direnez, ez dut oztoporik ikusten biak ala biak sinesteko, eta Snedeker doktorea ere arazoaren ikuspegi honetara makurtu zen.

 

Kaaba, iz. Gabriel goi-aingeruak Abraham patriarkari oparitu zion harri handia, Mekan gordetzen dena. Patriarkak agian ogia eskatuko zion goi-aingeruari.

 

Kakalardo, iz. Antzinako egiptoarren kakalardo sakratua, gure «kakalardo simaurjalearekin» lotura duena. Hilezkortasunaren sinbolotzat hartzen zen. Eta horrek, jainkoak jakingo du zergatik, ematen zion bere santutasun berezia. Bere arrautzak simaur boletan berotzeko ohiturak agian bereganatuko zion apaiz jendearen onginahia, eta egunen batean gure artean ere abegi berdina lor dezake. Egia da kakalardo amerikarra behe mailakoa dela, baina apaiz amerikarra ere halaxe da.

 

Kakarraldo, iz. Kakalardoa den gauza bera.

 

                        Bere burua hilik mutila

                        hantxe zetzan harizpean,

                        bidaldi luze bat egina zen

                        lehenago erbestean.

                        Neskari dantza baten izena

                        aipatu zion batean

                «Kakarraldoa» esaten zion «Zarabanda» beharrean.

                Neskak ez zuen ezer ulertu arrats hartan haremean,

                irribarre egin eta isilik geratu zen ilunpean

                Gorputzez eder, lirain, mutila han zetzan ilargipean.

                        Kakarraldo bategatik hila.

                        Beranduko oroitzapen soila.

                                Oi Patua!

                        Aurkitu eta lurperatua

                        Egun handira arte geratua

                                lokartua.

 

                Eta bi Hitz-joko, begiak zabal, albotik triste begira

                pixka batean egon ondoren hobi ondotik joan dira.

                        Kakarraldo bategatik hila!

Fernando Tapple.

 

Kalamu*, iz. Leporako janzki mota bat egiteko erabiltzen den azal zunzduna ematen duen landarea; maiz, jendaurrean aire zabalean mintzatu ondoren jantzi ohi da, eta jantzita daramana hoztetik babesten du.

 

Kanoi, iz. Nazioen mugak zuzentzeko erabiltzen den tresna.

 

Kapital, iz. Malgobernuaren egoitza. Anarkista suaz, eltzeaz, janariaz, mahaiaz eta labana-sardexkaz hornitzen duen zera; otordurako berak jartzen duena jaten hasi aurreko otoitz falta besterik ez da. Zigor kapitala edo Heriotza-zigorra, justiziarekin zerikusia duen zigor bat da, zeinaren komenentzia oker larritzat hartzen baitu balioko jende askok, asesino guztiek, besteak beste.

 

Kaporal, iz. Militarren eskaileran behereneko mailan dagoena.

 

                Borroka gogorrean denak zebiltzala,

                heroi gisa erori gure kaporala!

                «Bai tristea!,» zioen Ospeak begira:

                «ez da, bada, iritsi oso urrutira!»

Giacomo Smith.

 

Karmeldar*, iz. Karmel Mendiko ordenako fraide eskalea.

 

                Behinola bazihoan Herio zaldian,

                abiaturik gorantz Karmelo mendian;

                hantxe aurkitu zuen fraide bat bidean,

                erdizka mozkortuta edo totalean.

                Barreiduri xantuaz fraide piltzarduna,

                lodia, bekatua den bezain lizuna,

                eskua luzaturik ari zen eskean:

                «Emazu limosna bat Haren izenean,

                Emazu Elizaren izenean, arren,

                Haren seme-alabak bizi ahal gaitezen.»

                Herioren erantzun okerrik gabea

                izan zen irribarre latz eta luzea:

                «Emango diat azkar... azken biajea.»

 

                Hezur hots nabarmenez braust! Zaldi Zuritik

                jaitsi zen bere lantza eskuan harturik;

                gizajoari helduz lepo eta hankatik,

                zaldian jarri zuen, baina jiraturik.

 

                Nagusia han ari zen barre eta algaraz,

                zokor kolpeen gisako irri-karkail hotsaz.

                «To! Eskale bat zaldiz! Infernura zuzen!»

                Lantzaz zaldia zarta!, atzean jo zuen;

                aberea lauhazka airoso joan zen.

                Gero eta azkarrago zerurantz hegatu,

                harkaitz, artalde, zuhaitz... goitik dena puntu

                ilun, lauso, ñimiño laster zen bihurtu,

                hala agertzen zitzaion

                zaldunari, behintzat,

 

                masusta pastel baten

                heineko tamainaz...

                Heriok behin berriro barre egin zuen,

                nola hilobi batek egingo lukeen

                hiletako zerbitzu hutsegin batean,

                gorpuak hilkutxaren tapa altxatzean,

                esanez hura dena etenda uzteko,

                ez zeukala gogorik zerura joateko.

 

                Urte franko joan dira hau gertatuz gero,

                ez daude fraide haren hankak oso bero.

                Heriok galdu zuen bere zaldi hura,

                ez du berriz ekarri bere ukuilura,

                fraideak isatsetik zaldiari heldu

                eta komenturaino baitzuen zuzendu.

                Han, olo eta ogi olioz bustia

                irentsiz gizendu zen ederki zaldia,

                fraiderik gizenena baino gizenago;

                gerora Priore egin ote zuten nago.

G. J.

 

Kaserna, iz. Soldaduek lanbidez besteei kentzen dieten zeraren zati batez gozatzeko erabiltzen duten etxea.

 

Kaskamotz*, iz. Ingalaterrako gerra zibilean Alderdi Parlamentarioko kidea... ilea motza eramateko ohituragatik horrela esaten zitzaiona; Cavalier zeriztenek, aldiz, ile luzea eramaten zuten. Beste puntu bereizgarri batzuk ere baziren haien artean, baina ilearen moda zen liskarraren arrazoi nagusia. Cavalierrak erregezaleak ziren; izan ere, Erregeari, alfer samarra baitzen, egokiagoa iruditzen zitzaion ilea luzatzen uztea lepoa garbitzea baino. Kaskamotzei hori, gehienak bizarginak eta xaboigileak baitziren, negoziorako kaltegarria iruditu zitzaien, eta horregatik hartu zuten Erregeren lepoa beren amorrazio berariazkoaren xedetzat. Borrokatzaileen ondorengoek ilea berdin daramate gaur egun ere, baina aspaldiko liskar hartan piztutako etsaigoaren garrak, gizalege britainiarraren elurren pean txingar bihurturik bada ere, bizirik dirau oraindik.

 

Kattalingorri, iz. Urzale erabatekoak bere onetik ateratzen dituzten likore bortitzak izendatzeko terminoa.

 

Katu, iz. Automata bigun, deseginezina, etxe esparruan gauzak gaizki doazenean ostikoz jo dezagun naturak guretzat prestatua.

 

                Hona zakurra

                horra, katua

                Hona igela

                horra, sagua

                Korri, zakurra, miau, katua,

                jauzi, igela, karrask, sagua.

Elevenson.

 

Kilt, iz. Batzuetan Amerikan eskoziarrek eta Eskozian amerikarrek erabiltzen duten jantzia.

 

Kiromantzia, iz. Ziria sartuz dirua lortzeko 947. metodoa (Mimbleshawren sailkapenaren arabera). Eskua ixtearen poderioz ahurrean egindako zimurretan «izaera irakurtzea» du funtsa. Nahikundea ez da erabat faltsua; izaera oso zehazki irakur daiteke metodo horrekin; izan ere, aztertzen den edozein eskutan aise irakur daiteke «mozolo». Goraki ez irakurtzean datza ziria.

 

Kixotear, izond. Burugabeki zaldundarra, Don Kixote bezala. Izenondo paregabe honen edertasun eta bikaintasunean sakontzen duenak, zoritxarrez, desilusio galanta hartzen du, jaun haren izena Ki-jo-te ahoskatzen zela jakiten duenean.

 

                Ezjakintasunak gure bizitzatik

                uxa dezakeenean Filologia,

                espainolez jakitea, erokeria.

Juan Smith.

 

Klarinete, iz. Tortura-tresna bat, belarrietan kotoia sartua duen pertsonak erabiltzen duena. Badira bi tresna klarinete bat baino okerragoak: bi klarinete.

 

Kleptomano, iz. Lapur aberatsa.

 

Klio*, iz. Bederatzi Musetako bat. Klioren eginkizuna historiaren burubidea zuzentzea zen..., eta duintasun handiz egin zuen, Atenasko herritar sonatu asko agertokiko eserlekuetan ziren bitartean, Xenofon, Herodoto eta beste zenbait hizlari ospetsu zirela.

 

Koldar, izond. Larrialdi arriskutsuan zangoekin pentsatzen duena.

 

Komentu, iz. Denbora-pasatarako alferkeriaren bizioaz hausnarketa egiteko gogoa duten emakumeentzako erretiro lekua.

 

Konpromiso, iz. Interes kontrajarrien moldaketa, aurkari bakoitzari ematen diona behar ez lukeena eskuratu izanaren satisfakzioa eta zuzentasunean ematea zegokiona besterik kendu ez izanarena.

 

Kontaketa, iz. Estatu Batuetako politikan, dadoen beste jaurtiketa baterako aukera, jokoan galtzaile atera dadin, dadoak kargatu dizkioten jokalariari ematen zaiona.

 

Kontserbadore, iz. Badiren gaitzez maitemindutako politikaria; liberal batengandik honetan bereizten da: liberalak lehendik badiren gaitzak beste batzuez ordezkatu nahi ditu.

 

Kontsolamendu, iz. Gizon hobe bat zerori baino zorigaitzekoagoa dela jakitea.

 

Kontsul, iz. Estatu Batuetako politikan, pertsona bat, herritarren botoez kargu bat bereganatu ez duenez, Gobernuak beste kargu bat ematen diona, herritik alde egiteko baldintzapean, betiere.

 

Kontsultatu, du ad. Aurretik erabakitako bide bati buruz besteren onespena bilatu.

 

Koran*, iz. Mahomatarrek, burugabeki, Jainkoaren inspirazioz eraginda idatzi dela sinesten duten liburua, baina kristauek iruzur gaiztoa dela dakitena, Eskritura Santuen aurkakoa baita.

 

Koroazio, iz. Dinamitazko bonba baten leherketaz zeruraino bidalia izateko eskubide jainkozkoaren seinale nabarmen eta agerikoez erregea janztea.

 

Kortsario, iz. Itsasoko politikaria.

 

Kreditugabe, iz. Balio kaxkarreneko pertsona. Etimologiaz, hitzak kredorik edo sinesterik gabekoa adierazten du, eta gaurko esanahia teologiak gure hizkuntzaren aurrerapenari egin dion ekarpenik handienetakotzat hartu behar da.

 

Kriskitin-suge, iz. Gure senide herrestaria, Homo ventrambulans.

 

Kristau, iz. Testamentu berria, lagun hurkoaren premia izpiritualetarako liburu biziki gomendagarria, Jainkoak inspiratua dela sinesten duena. Kristoren ikasbideari jarraitzen diona, bekatuzko bizitzarekin gaizki ez datorren bitartean.

 

                Jendetza jainkozaleak harat-honat kalean

                zebiltzan jantzita arropa txukunenak soinean.

                Dilin-dalan aditzen zen ezkil hotsa dorrean,

                bekatariei alarma joaz egin ahalean.

                Behera begira pentsakor ikusi nuen hantxe,

                ikuskizun santu hari begira bare-bare,

                jantzi zuri bat soinean zuen figura gazte

                luze bat, malenkoniak harturik eta triste.

                «Jainkoak gorde zaitzala!» esan nion: «Zu ere

                (jantziak salatzen zaitu urrutitik halere)

                kristaua izanen zara, besterik ez daiteke.»

                Aurpegia goraturik begiratuz serio,

                lotsagorritu ninduen betileetaraino

                erantzutean destainaz, muzindurik: «Bai, zera!

                Nola kristaua! Ez, bada! Ni Ni nauk, Kristo bera!»

G. J.

 

Kritikari, iz. Inor beraren gustuko izaten saiatzen ez delako, kontentatzen zaila izateaz harro den pertsona.

 

                Bada lurralde bat, atsegin iturri,

                Jordan ibaiaren mugatik haruntza,

                non santuek, zuriz, kritikariari

                lokatzez dioten kakazten gorputza.

 

                Zerutik ihesi lasterka doala,

                larru lohi-kolorez ongi kakaztuta,

                ez du ezagutzen inondik inora

                berak bota lohia, buru txarra du-ta.

Orrin Goof.

 

Kultura, iz. Pertsona batek irakurria duena osorik hartuta. Gurean, jeneralean, indio nobelek, hizkera herrikoian idatzitako istorio laburrek eta argotean idatzitako istorio xelebreek osatu ohi dute.

 

                Norberak leitutako gauzen arabera

                nabari izan ohi du kultur heziera.

                Zerk barre eragiten digun ikusita,

                gure Etorkizuna hor dago idatzita.

                Ez ezer irakurri, baltzitu muturra:

                Esfingea ere ez zen halako zuhurra.

Jupiter Muke.

 

Kupido, iz. Maitasunaren jainkoa deitzen zaiona. Irudimen basati baten sorkari sasiko honek, inondik ere, bere jainkoen bekatuengatik aurkitu zuen zirrikitu bat mitologian sartzeko. Pentsamendu itsusi eta desegoki guztietatik hau da zentzugabe eta iraingarriena. Maitasun sexuala haurtxo erdi-sexugabe baten bidez sinbolizatzeko ideia eta pasioak eragindako mina gezi baten zauriarekin konparatzea —gizontto potolo horri artearen bidea zabaltzea, lanaren izpiritu sotila eta iradokizuna zakarki materializatzeko—, hau guztia, sinboloa sortu ondoren etorkizunaren atarian bazter utzi izanaren garaiari dagokio.

 

Kuttuntasun, iz. Desilusiorako prestatzeko aldia.

 

Kuxkuxeatu, da ad. Besteren edo norberaren oker eta bizioen zerrenda ezkututik aditu.

 

                Andre batek belarria ateari itsatsita,

                sarraila-zulo batetik dena aditzen jarrita,

                entzun zituen bi andre libreki hitz egiten,

                mintzagaitzat entzulea bera harturik hain zuzen:

                «Kuxkuxera mari-sorgin galanta da nik uste,

                nire senarraren ustez ere beste hainbeste.»

                Gehiago ezin jasanik, belarria atetik

                baztertuaz esan zuen andreak sumindurik,

                amorrazio galantaz luzaturik mutturrak:

                «Ez ditut jasango nitaz zuek esan gezurrak.»

Gopete Sherany.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia