J

 

J. Kontsonantea da gure hizkuntzan, baina nazio batzuek bokal gisa erabiltzen dute... gauza absurduagorik ez dago. Bere jatorrizko forma, oso gutxi aldatu dena, zakur izuti baten isatsarena zen; ez zen letra bat, zeinu bat baizik, latinezko jacere, «bota», aditzaren ordez jartzen zena, zakur bati harri bat botatzen zaionean haren isatsak forma hori hartzen duelako. Hau da letraren jatorria, Belgradoko Unibertsitateko Jocolpus Bumer doktore ospetsuak azaltzen duenez, zeinak gai honi buruz quarto-ko lau liburukiko obra batean bere ondorioak eman eta bere buruaz beste egin baitzuen ohartarazi ziotenean «j»-k latinezko alfabetoan ez zuela, garai batean, kakorik.

 

Jabetza, iz. A-k B-ren gutiziaren aurka eduki dezakeen edozein gauza material, balio berezirik ez duena. Norberaren edukitze irrika asetzen eta beste gainerakoena zapuzten duen edozer. Gizakiaren harrapaketa-grina laburraren eta axolaez luzarokoaren xedea.

 

Jai*, iz. Festa. Ospakizun erlijioso bat, tripazalekeria eta mozkorkeria ezaugarritzat izan ohi dituena, askotan urzaletasunagatik ospetsua izandako santuren baten omenez egina. Erromako Eliza Katolikoan jaiak «mugikorrak» eta «mugiezinak» izaten dira, baina ospatzaileak beti mugiezinak izaten dira bapo bete bitartean. Hastapenetan entretenimendu hauek hildakoen omenezko jaiak izaten ziren; horrelaxe egiten zituzten grekoek, Nemeseia izenaren pean, eta baita azteka eta inkek ere, eta aro modernoan txinatarren artean dute arrakasta, nahiz eta uste zabalduena izan antzinako hildakoak, gaurkoen antzera, jale kaxkarrak zirela. Erromatarren festa ugarien artean Novendiale izenekoa zegoen, zerutik harriak erortzen ziren bakoitzean ospatzen zena, Liviok dioenez.

 

Jaiotza, iz. Hondamen guztietan lehena eta okerrena. Ez da beti gauza bera izaten. Castor eta Pollux arrautza batetik jaio ziren. Pallas burezur batetik. Galatea noizbat harri kozkor bat izan zen. Peresilisek, hamargarren mendeko idazle ospetsuak, lurretik sortu zela esaten du, apaiz batek ur bedeinkatua isuri zuen leku batetik, hain zuzen. Gauza jakina da Arimaxus tximistak lurrean egindako zulo batetik atera zela. Leukomedon Etna mendiko leize batean jaio zen, eta ni-neu ikusia naiz gizona, nondik eta upategi batetik ateratzen.

 

Jakinduria, iz. Pertsona ikasiak bereizten dituen ezjakintasun mota.

 

Jakin-min, iz. Emakumearen adimenaren dohain ez oso estimagarria. Emakume bat jakin-minaren madarikazioak joa den jakiteko desioa da gizonezkoaren arimaren grina bizi eta asegaitzenetako bat.

 

Jan*, da ad. Hurrenez hurren (eta arrakastaz) honako eginkizun hauek bete: ahoan txikitu, listuztatu eta irentsi.

        «Marrazketa-gelan nengoen afariaz gozatzen,» esan zuen Brillat-Savarinek, pasadizo baten kontaketari ekinez.

        «Bai zera!,» eten zion Rochebriantek. «Marrazketa-gelan afaltzen?»

        «Arren eskatu beharra daukat, jauna,» argitu zion gastronomo handiak, «ohar zaitezela ez dudala esan afaltzen ari nintzenik, baizik afariaz gozatzen. Ordu bete lehenago afaldua nintzen.»

 

Jangarri, izond. Jateko eta, oro har, digeritzeko ona, hala nola harra apoarentzat, apoa sugearentzat, sugea zerriarentzat, zerria gizonarentzat, eta gizona harrarentzat.

 

Jarraizale, izond. Eskuratzea espero duen guztia lortu ez duen jarraitzailea.

 

Jatun, izond. Neurritsu izatearen desabantailei iskintxo egiteko dispepsiaren bekatura emana den pertsona.

 

Jauregi, iz. Egoitza dotore eta garestia, bereziki goi mailako kargudunena. Eliza kristauko goi karguen egoitzari jauregi esaten zaio; erlijio horren fundatzailearena lur zati bat izan zen, edo bide bazter bat. Horra aurrerapena.

 

Jaurtigai, iz. Nazioarteko liskarren azken arbitroa. Garai batean liskar horiek parte-hartzaileen kontaktu fisikoarekin erabakitzen ziren, garai horietako logika oinarri-oinarrizkoak eskueran jartzen zizkien argudio xinpleak erabiliz: ezpata, lantza, etab. Afera militarretan zuhurtziak aurrera egin ahala jaurtigaiak gero eta aldeko gehiago bereganatu zituen, eta gaur estimazio handia diote adoretsuenek. Jaurtiketa puntuan pertsona baten ardura beharrezkoa izatea da haren akatsik handiena.

 

Jeloskor, izond. Edukitzea merezi ez badu baizik gal ez daitekeena kontserbatzeaz behar gabe kezkatzen dena.

 

Jende sail, iz. Jende mordoa; zuhurtasun eta bertute politikoen sorburua. Errepubliketan, politikariaren adorazioaren xedea. «Aholkulari jende saila non, zuhurtasuna han», dio esaera zaharrak. Zuhurtasun berdineko gizon asko haietako edozein baino zuhurrago badira, bistan da elkartze hutsagatik bereganatzen dutela zuhurtasun gehigarri hori. Nondik sortzen da, baina? Inondik ez, begibistakoa denez... berdin litzateke esatea mendilerro bat altuagoa dela hura osatzen duten mendietako bakoitza baino. Jende sail bat kide zuhurrena bezain zuhurra da, hari obeditzen badio; bestela, ez da haietako eroena baino zuhurrago.

 

Jokabide*, iz. Portaera, ez berez, baizik hezieraz determinatua den aldetik. Hitzak Jamrach Holobom doktoreak egindako Dies Irae-ren itzulpen libre samarreko honako bertso honetatik hartua dirudi:

 

                Recordare, Jesu pie,

                Quod sum causa tuae viae

                Ne me perdas illa die.

 

                Oroitu, arren, Salbatzailea,

                nork eman zizun errematea.

                Barkatu nire jokabidea.

 

Jolasaldi, iz. Asperraldi tarte berezi bat, neke orokorra arintzeko.

 

Jomuga, iz. Gure nahiei jartzen diegun eginbeharra.

 

                «Bizitzan jomugarik ez?»

                Andrea goxoki galdez.

                «Jomugarik? Ez, maitea...

                Tirata nola, ordea?»

G. J.

 

Juglare, iz. Antzina poeta, abeslari edo musikaria; gaur egun beltz bat, kolorea azala baino askoz barrenerago iristen ez zaiona eta inor gutxik jasan dezakeen umorea duena.

 

Jukutria, iz. Gure etsaiak gauza zuzena egiteko ahalegin garbi eta ohoragarriak zapuzteko erabiltzen duen metodoa.

 

                Hain mesedegarria denez jukutria.

                moral aldetik ez da oso oker larria;

                otso zintzo askori zaio okagarria,

                ardiz jantzi ezkero da irensgarria.

                Diplomaziarentzat da indar berria,

                Satanek ohoratu eta ezarria.

R.S.K.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia