I

 

Idaxle, iz. Norberaren ikuspegiaren erabat kontrakoa duen idazle profesionala.

 

Idazluma, iz. Antzarak ematen duen eta normalean asto batek erabiltzen duen tortura-tresna. Antzara-lumaren erabilera hau zaharkitua da, baina haren gaurko baliokidea, luma estilografikoa, betiereko erabiltzaile berdinaren eskuetan dago.

 

Igarpen, iz. Norberaren sinesgarritasuna etorkizunean jasotzekotan saltzeko arte eta modua.

 

Igel, iz. Hanka jangarriak dituen narrastia. Igela literatura profanoan lehenbizikoz Homeroren narrazioetan aipatu zen, igelen eta saguen arteko borrokan, hain zuzen. Eszeptikoek dudatan jarri dute Homero obra horren egilea izatea, baina Schliemann Dk. eskolatu, zorrotz eta langile porrokatuak auzia behin betiko erabakita utzi du hildako igelen hezurrak aurkitzearekin. Israeldarrak faboratzera Faraon behartu zuen hertsapen moraleko moduetako bat igel izurrite bat izan zen, baina hark, fricassé eran gustatzen zitzaizkionez, esan zuen, estoizismo ekialdetar benetakoa erakutsiz, berak ere hura jasan zezakeela, juduek eta igelek ahal zuten bitartean; hala, programa aldatu zuten. Igela abeslari maratza da, ahots on baina belarri txarrekoa. Haren opera maiteenaren libretoa, Aristofanesek idatzia, laburra da, sinplea eta eraginkorra: brekekex-koäx; musika, berriz, Richard Wagner konpositore nabarmen harena da, dirudienez. Zaldiek apatx bakoitzean igel bana dute... naturaren hornizio burutsua, hesi-lasterketetan distiratzeko aukera ematen diena.

 

Ikakasle*, iz. Besteren izen ona kakazteko eskolako ikasketak egin dituena.

 

Ikonoklasta*, iz. Idoloak txikitzen dituena; egintza horrek ez ditu erabat asebetetzen haiek adoratzen dituztenak, eta eginahalean protestatzen dute esanez ikonoklastak idoloak desegin bai, baina ez duela berririk jartzen, eraisten dituela baina ez dituela altxatzen. Zeren gaixoek beste idolo batzuk jarri nahi bailituzkete, hark buruan jo eta barreiatu zituenak ordezkatzeko. Baina ikonoklastak esaten du: «Ez duzu bat ere izango, ez baitituzu behar; eta konpontzailea berriketan hasten bada horrekin, gogoan izan burua zanpatuko diodala eta haren gainean eseriko naizela hura marruka hasi arte.»

 

Ikore*, iz. Jainko eta jainkosek odolaren ordez baliatzen duten isurkaria.

 

                Diomedesek jo zuen Venus leiala lantzaz,

                gerlari haserreari hark esan zion penaz:

                «Horrela odulustu nauk, mortal ñaño ziztrina!

                Ikore-isurtzez daukak arima gaur zikina!»

Mary Doke.

 

Ilargitar*, iz. Ilargiko biztanlea, ilargi-joarekin nahasi behar ez dena; hori ilargiak bizi baitu. Ilargitarrak Luzianok, Lockek eta beste zenbait behatzailek deskribatu dituzte, baina ez datoz bat ezer askotan. Adibidez, Bragellosek anatomia aldetik gizakiarekin parekatzen ditu; Newcomb irakasleak, berriz, Vermonteko Mendietako tribuen antz handiagoa dutela dio.

 

Ilusio, iz. Oso familia errespetagarriko aita, honako seme-alaba txintxo hauek dituena: Suhartasuna, Atxikimendua, Norberaren Ukoa, Fedea, Itxaropena, Karitatea eta beste mordoxka bat.

 

                Gora Ilusioa! Ez balitz zuregatik

                mundua hankaz gora litzateke bertatik!

                Zeren Bizioaren lilura zilegiak

                zapuztuko lituzke bertuteen graziak.

Mumfrey Mappel.

 

Iman, iz. Magnetismoaren eraginpeko edozein gauza. (ikus Magnetismo)

 

Indar, iz. Burmuinaren ordez txoroak erabiltzen duena.

 

Indigenak, iz. pl. Herrialde aurkitu berriko lurrean traba egiten duten pertsona exkaxak; laster uzten diote lurra trabatzeari; ongarriztatu egiten dute.

 

Indigestio, iz. Eriak eta bere lagunek fede sakonarekin eta gizateriaren salbazioari buruzko ardurarekin maiz nahasten duten eritasuna. Mendebalde basako Azalgorri xaloak esan zuen bezala, nolabait bortxaturik betiere: «Betekada polita, otoitzik ez; tripako min latza, bapo Jainkoa!»

 

Indioilar, iz. Hegazti handi bat. Haren haragiak, zenbait urteurren erlijiosotan jaten denean, elizkoitasuna eta esker onaren lekukotasuna emateko ezaugarri berezia du. Bidenabar, jateko nahiko ona da.

 

Indiskrezio, iz. Emakumearen bekatua.

 

Inferiae, iz (Latina). Greko eta erromatarren artean, Dii Manes edo heroi hilak baretu edo norberaren alde jartzeko egiten ziren sakrifizioak; izan ere, antzinako gizon jainkozale haiek ez ziren gauza beren premia izpiritualak asetzeko adina jainko sortzeko, eta badaezpadakoz osatu behar izaten zituzten, edo marinel batek esango lukeen bezala, larrialdiko mastez, zeinak materialik badaezpadakoenak baliatuz egiten dituzten. Hain zuzen ere, Laiaides, Aulisko apaiz bat, Agamenonen arimaren alde zezenko bat sakrifikatzen ari zela, gerlari ospetsuak agerraldi baten oparia egin zion, Kristoren jaiotzaren eta kristautasunaren garaipenaren kontakizun profetikoa egin, eta horrez gain San Luisen Erregealdira arte gertatutako zena azkar baina modu aski osatuan kontatu zion. Kontaera, bat-batean, hortxe etenda geratu zen, oilar baten kukurruku lotsagabeak Gizonen Erregearen fantasma Hadesera itzultzera behartu baitzuen. Erdi Aroko kutsu fina du istorio honek, eta San Luisen Gorteko Père Brateille idazle zintzo baina ilunak emandakoak baino arrasto zaharragorik aurkitu ez denez, ez gara oso oker ibiliko ustetzat jo eta apokrifotzat hartzen badugu, Capel Apezpikuaren iritzia erabat bestelakoa bada ere; eta horri makurtzen natzaio... nola ez.

        Infralapsario, iz. Adanek gogora etorri zitzaion arte bekatu egiteko premiarik ez zuela sentitu sinestera menturatzen den pertsona... Supralapsarioak, berriz, juxtu alderantzizkoa sinesten du, alegia zorigaiztoko gizon haren erorialdia hasieratik erabakita zegoela. Infralapsarioei batzuetan Sublapsario izena ere ematen zaie, nahiz eta horrek ez izan eraginik Adani buruz duten ikuspegiaren garrantzi eta argitasunean.

 

                Kaperako bidean, behin, bi teologo bildu

                eta hasi ziren hizketan eta mingaina astindu

                zuten gogotik disputan, nahi baitzuten ebatzi

                Adan gaixoa zerk ote zuen erorarazi.

                «Predestinazioa da,» zioen batak sutsu,

                «Jainkoak berak horixe baitzuen dekretatu.»

                «Ez, bultzatu zuena da bere Aukeramena,

                iradokitze hutsa da Jaunak egin zuena.»

                Eztabaida hain zen gartsu eta basa bihurtu,

                non amorru hura odolik gabe ezin zen baretu.

                Hala, kapelu-kasuilak biek lurrera bota,

                auzia argitzera ziren prestatu mutur-joka.

                Garaipenaz inork bere arrazoia frogatu

                gabe, mehatxuetatik ez baitziren pasatu,

                latinezko irakasle xahar bat zen azaldu;

                makila dauka eskuan, begiradan sua du;

                liskarra zerk sortu zuen ikasi zuenean,

                (elkarri esetsiz baldar ari ziren artean)

                trebe erakusten baitzuten eztabaida-ahalmena,

                dela Predestinazio, dela Aukeramena,

                oihu egin zien: «Geldi, aski da-ta, ñañoak,

                zuen arteko aldeak ez dira hainbestekoak.

                Gaizki ulertu duzue zuen sekten izena,

                prest naiz hemen egiteko nire zinik zinena.

                «Hik, infralapsario horrek, pailazokume ergela,

                diok Adan gizajoa beherantz erori zela.

                Hik, supralapsario harro, gorantz egin zuela.

                Berdin da, labainarazle beti, banana-azala.»

                Adanek berak ez zuen aztertu irristada,

                pentsatuz: «Hau tximist azal batek eragina da».

G. J.

 

Inkubo, iz. Arraza biziki gaiztoko deabrua, erabat desagertua ez izan arren, bere onenak emana dela esan daitekeena. Inkubo eta sukubo guztien zerrenda osoa nahi duenak —inkubo eta sukubo emeak barne— jo beza Protassusen Liber Demonorum-era (Paris, 1328), bertan jasoa baitago informazio oso bitxia, herri eskoletan testu liburu gisa erabiltzeko pentsatutako hiztegi honetan lekuz kanpo legokeena.

        Victor Hugok kontatzen du Mantxako Kanaleko uharteetan —dudarik gabe, beste inon baino tentatuago sentitu baitzen bertako emakumeez— Satanek berak batzuetan inkubo-arena egiten duela eta, oro har beren senarrei emandako hitzari fidel egon nahi duten emazteei deserosotasun eta aztoramen handia sortzen dizkiela. Andere batek parrokoarengana jo omen zuen galdetzera ea ilunpetan nola bereiz zezaketen emakumeek intruso lotsagabea eta senarra. Gizon santu hark erantzun omen zion ohaideari kopeta miatzeko, ea adarrik zeukan; baina Hugok ez zuen oso portaera galaia erakutsi frogabidearen balioa zalantzan jarriaz.

 

Inmoral, izond. Komeni ez dena. Gizonek, denbora askoren buruan eta adibide zerrenda luze baten arabera, oro har, ez oso komenigarritzat daukaten guztia bihurtzen da oker, gaizto, inmoral. Gizakiak zuzenaz eta okerraz duen ideiak komenigarritasunaz beste oinarririk baldin badu; ideia hauek beste nolabait sortu baziren, edo sortu ahal izan balira; egintzek berez moraltasunik baldin badute beren ondorioetatik aparte eta haiekin inolako loturarik gabe... orduan filosofia guztia gezur hutsa da, eta arrazoia, berriz, adimenaren nahaste bat.

 

Inoizkako, izlag. Maiz samar muzinarazten gaituena. Hitz hau, hala ere, ez da beti baliagarria, batzuetan «okasiorako» erabili behar baita, adibidez «okasiorako bertsoak» esaten denean, okasioa sortzeko izaten baitira horrelakoak. Horiek besteek baino gehixeago muzinarazten gaituzte, eta ez, hain zuzen ere, inoizkakoak izateagatik.

 

Inozokeria, iz. Goi arnasa mota edo su sakratu moduko bat, hiztegi honen maiseatzaileak jotzen dituena.

 

Inpunitate, iz. Aberastasuna.

 

Inskripzio, iz. Beste gauza baten gainean idatzitako zerbait. Inskripzioak era askotakoak dira, baina gehienak oroigarriak, pertsona sonaturen baten ospea oroitarazteko eta ondorengo belaunaldiei haren zerbitzu eta bertuteen berri emateko asmoz eginak. Horrela inskripzioen artean sailkatzen dugu John Smithen izena, Washingtonen oroitarrian lapitzez idatzia. Jarraian hilarrietako inskripzioen zenbait adibide ematen dira (ikus Hilartitz).

                Nire arima zeruan dago,

                nire gorputza lurrean.

                Pixkana hegan nire gorputza

                joango da arimaren bila

                goiz eder batez airean.

                        1878an»

 

        «Jeremias Velarraren oroitzapen sakratuari: 1862ko maiatzaren 9an segatua, 27 urte, 4 hilabete eta 12 egun zituela. Bertakoa».

 

                «Oinaze latzak jasan ondoren

                medikuek salba ezin,

                heriotzak han eraman zuen

                eta bihurtu hondakin.

                Zerura joan zen bertan biltzera

                gure Ananiasekin.»

 

                «Harri honen peko buztinari lehen

                Silas Wood izena ematen zioten.

                Hemen natza neure artean galdezka

                Silas Wood izanak merezi al zuen.

                Gizona, handinahiak ez zaitzala kezka,

                Silas Wood ederki ikasita joan zen.

 

        «Richard Haymon; Heavenekoa. Lurrera eroria 1807ko urtarrilaren 20an. Eta hautsak kenarazi zituen 1874ko urriaren 3an.»

 

Interprete, iz. Hizkuntza desberdinetan mintzo diren bi pertsonari elkar ulertzen laguntzen diena, bakoitzari errepikatuz besteak esatea berari, interpreteari, komeniko litzaiokeena.

 

Interregno, iz. Herrialde monarkiko bat tronuko kuxinaren berogune batek gobernatzen duen epea. Berogunea hozten uzteko esperimentua maiz egin izan da, baina emaitza kaxkarrak izan ditu, pertsona baliotsu askok baitute hura berriro berotzeko irrika arduratsua.

 

Intsektujaleak, iz. pl.

 

                «Horra,» sermolari aldrak dio aho zabalik,

                «Ez dago Probidentziak bazter uzten duenik.»

                «Gutaz ere kezkatzen da,» eltxoak ahopetik,

                «enara eta mitxigu sortu zuen gogotik!»

Sempen Railey.

 

Intsentsu-ziriak, iz. pl. Txinatarrek beren txorakeria paganoetan gure erlijio santua imitatzeko erretzen dituzten makilatxoak.

 

Ipurterre, iz. Geure lanaren kritikaria.

 

Iragan, iz. Eternitatearen parte bat, zeinaren zati txiki batzuen ezagutza xume eta penagarria dugun. Oraina deritzan lerro mugikor batek bereizten du Etorkizuna deritzan alegiazko aldi batetik. Eternitatearen bi zati nagusi hauek, bata bestea etengabe ezabatzen ari direnak, zeharo desberdinak dira. Bata penak eta desilusioak belztua da, bestea alaitasunak eta aberastasunak argitua. Iragana intzirien herrialdea da, Etorkizuna, abestien erresuma. Hartan Oroitzapena egoten da kikildurik, zaku eta errautsez jantzita, penitentziazko otoitzak murmurikatzen; bestearen argitasunean, Itxaropena zeruan arrakastaren tenpluen eta ongizatearen bizilekuetara deika ibiltzen da hegalak libre dituela. Iragana atzoko Etorkizuna bada ere, Etorkizuna, biharko Iragana da. Bat dira... jakintza eta ametsa.

 

Irain, iz. Larritasunaren aldetik gutxiespenaren hurrengoa den laidoa.

 

Iraizpen, iz. Hitzontzikeriaren aurkako erremedio frogatua. Pobretasun izugarriko kasuetan ere asko erabiltzen da.

 

Iraultza, iz. Politikan, malgobernuaren aldaketa bat-batekoa. Zehazki, Estatu Batuen historian, Gobernu baten aginpidea Ministerio batenaz ordezkatzea, horrela herriaren ongizate eta zorionak ontza-erdi aurrera zezan. Iraultzek askotan odol isurtze dezentea ekarri ohi dute berekin, baina beharrezkotzat jotzen da... estimazio hori beren odola isuri ez izanaren suertea izan dutenek egin ohi dute. Frantziako Iraultza gaurko Sozialistarentzat balio izugarrikoa da: sokatik tiratuz hezurrak mugiarazten dituenean bere imintzioak legea eta ordena sustatzeaz susmagarriak diren tirano odolzaleak neurrigabeki izutzeko modukoak dira.

 

Iraungitze, iz. Teologiak etorkizuneko egoera sortzeko erabili zuen lehengaia.

 

Iraunkortasun, iz. Bertute ziztrin bat, erdipurdikoek baliatzen dutena arrakasta ez oso loriatsua lortzeko.

 

                Sermolariak oihu galantak: «Eutsi, ez etsi, ez etsi!»

                Iraunkortasun hitza hitz finez etengabe du goretsi.

                «Gogoan izan alegiako dortoka eta erbia,

                bata helmugan, bestea non da? Hona erantzun garbia.»

                Amets lurrean bere bizitza-epea berritzekotan,

                bere giharre guztiak lasai edukitzeko asmotan,

                arerioaz eta helmugaz dagoela ahaztuta

                alferrikako bide luzeaz gogoratu nahi ez du-ta.

                Bere arima belar eta ihintz artean kokorikatuz

                zakur nahiz salda gabeko lur bat, lasaia, beretzat hartuz,

                lo dago hortxe bake-bakean santu bat dirudiela,

                erakutsiaz lasterraldiak zer diren badakiela.

Sukker Uffro.

 

Irudimen, iz. Poetak eta gezurtiak erdi bana duten egintza-biltegia.

 

Iruzurti, iz. Ohore publikoak lortzeko lehian etsaia.

 

Isats*, iz. Animaliaren bizkarrezurraren atal bat, bere muga naturalak gainditu dituena bere mundu propioan existentzia beregaina izateko. Umegai egoera alde batera utzita, Gizakiak ez du isatsik, eta gabezia horretaz jabetzeak sortzen dion ezinegon heredatua nabaria da gizonek jaka atze-luzeak eta emakumeek soineko isastunak janzteko duten ohituran, eta baita isatsak egon beharko lukeen, eta dudarik gabe behinola egoten zen, janzkien alde hori apaingarriz betetzeko joera nabarian ere. Joera hori nabariagoa da espezieko emeagan, haren baitan arbasoekiko lotura estuagoa eta iraunkorragoa baita. Lord Monboddok deskribatutako gizon isastunak gaur egun irudimenak sortutzat hartzen dira; izan ere, orduan irudimenak gure tximino garaiko urre-aroan gertatu ziren eraginak aiseago bereganatzen zituen.

 

Isilkide, iz. Urliaren sekretuen berri duen Sandia bat, eta Berendiari kontatzen dizkiona.

 

Ispilu, iz. Beirazko xafla, gizakiaren desilusioaren emanaldi baten irudi dardartia erakusteko baliagarria.

        Mantxuriako Erregeak ispilu magiko bat zeukan. Hara begiratzen zuenak ez zuen bere irudia ikusten, erregearena baizik. Erregearen begiko luzaro izandako kortesano batek, eta hori zela-eta erresumako beste inor baino gehiago aberastu zenak, esan zion Erregeari: «Emaidazu, arren, zure ispilu mirarizkoa, zure presentzia augustuaz gabetzean ohore egin ahal diezaiodan zure irudiaren itzal ikusgarriari, gau eta goizero zure aurpegi maitekorraren loriaren aurrean makurturik, ezerk ez baitu horrelako distira jainkozkorik, oi zu, Unibertsoko Eguerdiko Eguzki zaren hori!»

        Hitzaldia atsegin izan zitzaion erregeari, eta agindu zuen ispilua eramateko kortesanoaren jauregira; baina abisatu gabe hara joanik, traste zaharra besterik ez zegoen gela batean aurkitu zuen. Eta ispilua hautsez eta armiarma-sarez beteta zegoen. Amorrazioz beterik ukabilkada batez ispilua txikitu, eta sekulako mina hartu zuen. Zoritxar harengatik are amorratuago, kortesano esker txarrekoa espetxeratzeko agindu zuen, eta ispilua konpondu eta bere jauregira eramateko handik; eta halaxe egin zuten. Baina erregeak ispiluan berriro begiratu zuenean, ez zuen bere irudia ikusi lehen bezala, asto koroadun batena baizik, atzeko apatxetako batean bendaje odoltsu bat zuena... konpontzaileak eta lehenago begiratu zuten guztiak ohartu bai, baina ez ziren ausartu esatera. Zuhurtziaren eta karitatearen lezioa ikasirik, erregeak kortesanoa askatzeko agindu zuen, ispilua tronuaren atzealdean berriro jarrarazi, eta justiziaz eta apaltasunez urte luzetan errege izan zen: eta egun batean, tronuan zegoela lo hartu zuenean betiko, gorte osoak ikusi zuen aingeru baten irudi distiratsua ispiluan, gaur arte iraun duena.

 

Istorio*, iz. Kontakizuna, gehienetan gezurrezkoa. Ondoko istorioen egiazkotasuna ez da serioski gezurtatu.

        Gau batez New Yorkeko Rudolph Block jaunari Percival Pollard kritikari ospetsuaren aldamenean esertzea egokitu zitzaion afari batean.

        «Pollard jauna,» esan zuen, «Hildako behi baten biografia izeneko liburua egilearen izenik gabe argitaratu da, baina zaila da nor den ez jabetzea. Hala ere, zure kritikan Mendeko Ergelenaren obra dela esan duzu. Kritika zintzoa iruditzen al zaizu hori?»

        «Sentitzen dut benetan, jauna,» erantzun zion kritikariak, adeitsu, «baina ez zitzaidan bururatu benetan nork idatzia den jakitea nahiko zenuenik.»

 

        W.C. Morrow, San Jose (Kalifornia) herriko bizilaguna, mamu-istorioen idazle porrokatua zen, eta haiekin irakurlea sentiarazten zuen musker izoztuen uholde bat bizkarrezurrean gora igo eta ileetan ezkutatzera balihoakio bezala. Garai hartan esaten zen San Josen Vasquez izeneko gaizkile baten mamua agertzen zela, herrian urkatu baitzuten. Herrian ez zegoen argi gehiegi, eta, epelki samar adieraziaz, esan behar da San Joseko jendeak ez zuela oso gogoko gauean ateratzea. Gau bereziki ilun batez bi gizon herriaren mugapeko lekurik bakartienean elkarri adore emateko ozen mintzatuz zeudela, J.J. Owen kazetari ospetsuarekin egin zuten topo.

        «Kaixo, Owen,» esan zuen batek, «zerk zakartza hona horrelako gau batean? Vasquezen mamuaren agerpen leku kuttunenetako bat hauxe dela esan zenidan! Eta zuk gauza horietan sinesten duzu. Ez al dizu beldurrik ematen gauaz kanpoan ibiltzeak?»

        «Adiskidea,» erantzun zuen kazetariak haize firrindari baten intziriaren gisako ahots goibel dardartiaz, «etxean egoteak ematen dit beldurra. Will Morrowen istorioetako bat daukat patrikan, eta ez naiz ausartzen behar adina argi dagoen lekura irakurtzera joatera.»

 

        Schley kontralmirantea eta Charles F. Joy diputatua Washingtonen zeuden, Bakearen Monumentuaren ondoan, Arrakasta porrota da? gaiaz eztabaidan. Joy jaunak, esaldi biribil baten erdian bat-batean isildu, eta hots egin zuen:

        «To! Musika-banda hori aditua dut nonbait, Santelmannena da, inondik ere.»

        «Ez dut inolako bandarik aditzen,» esan zuen Schleyk.

        «Ondo pentsatuta, nik ere ez,» esan zuen Joyk, «baina horra non datorren Miles Jenerala hiribidean behera, eta ikuskizun horrek beti sortzen du nigan banda baten eragina. Norberaren inpresioak hurbil-hurbiletik arakatu behar dira, sortzen dituenaz okertu nahi ez bada.»

        Almirantea filosofi otordu presazko haren digestioa egiten ari zela, Miles Jenerala, duintasun ikuskizun zirraragarria, joana zen. Ahukuaren atzealde itxurosoa pasatu, eta bi behatzaileak haren erlantzak eragindako itsutasun liluramenduzkotik beren onera etorri zirenean, esan zuen Almiranteak:

        «Dibertitzen ari dela dirudi.»

        «Ez dago ezer» onartu zuen Joyk, pentsakor, «horren dibertsioaren erdia ematen dionik.»

 

        Champ Clark politikari ospetsua garai batean Jebigue herritik milia batera edo bizi zen, Missourin. Egun batean bere mando kuttunenaren gainean joan zen herrira eta, kale batean eguzkiak jotzen zuen aldean lotuta utzita ostatu baten aurrean, te-totalitarioz mozorroturik sartu zen barrura, tabernariari ardoa lagun txarra dela erakusteko asmoz. Egun izugarri beroa zen. Laster herritar bat sartu, eta Clark ikustean esan zuen:

        «Adiskidea, ez zegok eskubiderik mando hori eguzkitan uzteko. Kixkaliko duk! Hortik pasatu naizenean kea zeriola zegoan!»

        «Ondo zegok,» esan zuen Clarkek irribarrez, «lehen ere nahiko ke irentsia dik.»

        Herritarrak limoi-ura hartu, eta buruari eraginez errepikatu zuen ez zegoela eskubiderik.

        Azpijoko bat zen dena. Aurreko gauean sute bat izan zen: kale kantoiko bueltan ukuilu batek su hartu zuen, eta zaldi mordoxka batek betiko bizitza irabazi zuen, moxal batek besteak beste, haragi errearen kolore iluna hartu arte kixkali baitzen. Mutil batzuek Clarken mandoa askatu, eta moxalaren parte hilkorra paratu zuten haren ordez. Hurrena beste gizon bat sartu zen ostatuan.

        «Jainkoaren izenean!» esan zuen, tabernariari begi-keinua eginez. «Kendu hortik mando hori, usain ederra zeukak gaixoak.»

        «Bai,» esan zuen Clarkek tartera sartuz, «abere horrek Missouriko usainik ederrena dauka. Berari ez zaio axola, eta zuri ere ez.»

        Gauzek beren martxan segitu zuten, eta Clark jauna atera zenean, han aurkitu zituen, itxuraz, bere zamariaren hondakin erraustu eta murriztuak. Mutilek ez zuten izan M. Clarken bizkarretik barre egiterik; izan ere, hark bere gorabide politikoan hain emankor izan zaion aurpegikera aihergaz gorpuari begiratu, eta han alde egin zuen. Baina gau hartan etxera berandu zihoala, ilargiaren argi lausoan han ikusi omen zuen bere mandoa isilik eta dotore bide bazterrean zutik. Helen Blazesen izena ohi baino ozenago aipatu ondoren, Clark jaunak itzulbidea hartu zuen ahal bezain laster, eta gaua herrian eman zuen.

 

        H.H. Wotherspoon Jeneralak, Army War Collegeko presidenteak, babuinokume «ahate-sudur» bat zeukan, oso argia baina ez oso itxurosoa. Gau batez etxera itzultzean, Jeneralak ustekabea eta mina hartu zuen Adan (horrela baitzuen animaliak izena, jenerala Darwindarra izaki) bere zain eserita aurkitu baitzuen, bere uniformeko jakarik ederrena soinean zuela, galoi eta guzti.

        «Arbaso urrun lotsagaldua!» oihu egin zion estratega zaharrak trumoi ahotsez, «zer habil hi garai hauetan ohetik kanpo... eta nire jaka soinean duala!»

        Adan jaiki zen, eta kexu-begirada bat eginez lau hankan jarririk bere gisakoei dagokien bezala, gela gurutzatu korrika txikian mahai bateraino, eta bixita-txartel batekin itzuli zen. Barry jenerala etorria zen, eta, xanpain botila hustu batek eta zenbait puru-muturrek adierazten zutenez, abegi bikaina egin zitzaion zain egon zen bitartean. Jeneralak bere arbaso zintzoari barkamena eskatu, eta oheratu zen. Hurrengo egunean Barry jeneralarekin topo egin zuen, eta esan zion:

        «Spoon, aspaldiko, bart hire etxetik ateratzean puru bikain haietaz galdetzea ahaztu zitzaidaan. Non erosten dituk?»

        Wotherspoon jeneralak ez zion erantzun ere egin, eta aurrera jarraitu zuen.

        «Barkatu, gizona,» esan zuen Barryk, atzetik jarraituz, «txantxetan ari ninduan, noski. Iritsi eta ordu laurdenerako ohartu ninduan ez hintzela hi.»

 

Istripu, iz. Ezinbesteko gertaera, lege mudaezin naturalen eraginaren ondoriozkoa.

 

Itsasargi, iz. Itsasertzeko eraikin altua, non gobernuak argi bat eta politikariren baten lagun bat mantentzen dituen.

 

Itsasuntxi, iz. Galesko untxi mota bitxi bati umorerik ez duenak ematen dion izena, argitu behar izaten baitu ez dela inondik ere untxia. Horrelakoari serioski azaldu behar izaten zaio itsas zapoa ez dela inondik ere zapo mota bat, eta "riz-de-veau à la financière" ez dela txekor irribarrea bankeroaren andrearen erara prestatua.

 

Itsumustuko, izond. Otordu aurrekoa.

 

                Beti itsumustuan ibilzale baitzen,

                otordua prestatu zuen, jan ondoren.

Judibras.

 

Itsuskeria*, iz. Jainkoek emakume batzuei emandako dohaina, bertutea eta umiltasunik gabeko bizitza berekin dakartzana.

 

Itun, iz. Nazioarteko politikaren arloan, bi lapurren batasuna: beren eskuak batak bestearen patriketan hain barruraino sartuak dituztenez, ezin dute bat-banaka hirugarren bat larrutu.

 

Itxarobide, iz. Proiektua, normalean zapuzgarria. Itxaropena, normalean debekatua.

 

                Betor, brisara usaintsuok, betor

                Ceylan gainera zuen kemena

                non itxarobidea den alaikor,

                salbu eta heriotzarena.

Sheber Apezpikua.

 

Itxaropen*, iz. Nahia eta esperantza bat eginik.

 

                Itxaropen delizius! Gizonari deus ere

                gelditzen ez zaionean, lagun bat ere gabe,

                fortunak abandonatu duenean, zakurra

                bera ere joan denean eta ahuntzak atorra

                jaten dionean hura soinean daramala;

                Zu, orduan, bekokian izarño bat duzula

                jaisten zara distiratsu zerutik laguntzera

                Dirugintzan idazkari lantxo bat eskaintzera.

Fogarty Weffing.

 

Izen, iz. Ospearen eta sonaren arteko bereizketa maila... bata baino eramangarrixeagoa eta bestea baino jasanezinagoa. Batzuetan esku beltz eta gaizto batek ematen du.

 

                Harpa jo arren edozein klabez

                entzulerik ez, ordea;

                Ithurielek lantza argitzailez

                erakutsi akordea.

 

                Neure jeinuaz, handia izanik,

                ezin gauetik atera.

                Lantza ziztada xamurra harturik

                jauzi egin dut argira.

W.J. Candleton.

 

Izena belztu, du ad. Beste bati buruz gezurra esan. Beste bati buruz egia esan.

 

Izkira, iz. Krustazeo txikia, otarrainaren oso antzekoa, baina digeritzeko ez hain zaila.

 

«Uste dut arrain mota honek giza jakituria oso ongi irudikatu eta sinbolizatu duela; izan ere, izkirak, atzerantz bakarrik mugitzen denez, erretrospekzioa bakarrik izan dezakeen bezala, igarotako arriskuak baizik ez ikusteko ahalmena alegia, horrela gizonari bere jakituriak ez dio bide ematen bere ibilbidea mugatzen duten erokeriak saihesteko, baizik gero haietaz jabetzeko.» — Sir James Merivale.

 

Izurri, iz. Antzina errugabeei ezartzen zitzaien zigor orokorra, haien agintariari abisua emateko balio zuena; Faraoi Inmunearen adibide aski ezagunean bezala. Gaurko jendeok zorionez dakigunaren arabera, izurria Naturaren halabeharrezko agerpen bat besterik ez da, haren aldrebeskeria asmogabearena.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia