G

 

Gailendu, ad. Etsai bat egin.

 

Gaitzespen, iz. Teologian, jaio aurretik kondenatua den mortal zorigaitzekoaren egoera. Gaitzespenaren doktrina Kalbinek irakatsi zuen, zeinari ematen zion poza nolabait ilundu baitzion bere konbikzioaren egiazaletasun ilunak, esaten baitzion ezen, batzuk hondamendiaren patuak joak badira ere, beste batzuk salbatzeko predestinatuak direla.

 

Gaizkide, iz. Gaiztakeriaren ezagupen eta konplizitate erruduna izanik, egintza gaizto batean norbaiten kide dena, adibidez bere bezero gaizkilea errudun dela jakinik hura defendatzen duen abokatua. Abokatuen jokabideari buruzko ikuspegi honek ez du gaur arte haien onarpena bereganatu, inork ez baitie lansaririk eskaini ikuspegi hori onartzearen aldera.

 

Galera*, iz. Genuenaz edo ez genuenaz gabetzea. Horrela, zentzu zabalean esan ohi da «bere hautaketa galdu zuela»; eta gizon argitsu hartaz, Gilder poetaz, «burua galdu zuela». Lehenbiziko eta zuzenagoko zentzu horretan dago erabilia hitza hilartitz ospetsu honetan:

 

                Hemen erraustu zen azkenean Huntingtonen kalabera,

                zeinen betiko galeraz denok egin baitugu hobera,

                zeren mundu hau utzita alde egin baino lehen bestera,

                honek beretzat irabazia baitzen guretzat galera.

 

Galoi, iz. Apaindura-seinale bat, baliagarria Armadako ofizial bat etsaiarengandik bereizteko... beheko mailako ofizialarengandik alegia; izan ere, haren heriotzak igoerarako aukera emango lioke behekoari.

 

Galtzak, iz. pl. Ar heldu zibilizatuaren behe-aldeetako janzkia. Jantzi mota hau tubularra da eta tolesguneetan errorik gabea. Txantxazale batek sortua dirudi. Jakintsuek «pantaloiak» esaten diete eta ezdeusek «frakak».

 

Galtzari, iz. Zinta elastikoa, emakumeari galtzerdietatik irtetea eta herrialdea jendegabetzea galarazten diona.

 

Gamelu, iz. Ikuskizun mundurako balio handiko lau-hankakoa (Oinzapalus bizcarroquer). Bi gamelu mota dira: gamelu zuzena eta nolabaitekoa. Bigarrena da beti erakusten dena.

 

Gantzutu*, du ad. Errege bat edo bestela ere aski koipatua den beste goi funtzionarioren bat olioztatzea.

 

                Apaizek erregeak gantzutzen dituzten bezala,

                jendailaren gidari diren zerriak ere hala.

Judibras.

 

Gargola, iz. Erdi-aroko eraikinen hegatzetan izaten zen hustubide irtena, normalean arkitektoaren edo eraikinaren jabearen etsairen baten karikatura groteskoaren eitekoa. Hori izan ohi zen elizetan eta elizaren eraikinetan normalena, haietan gargolak bertako herexe eta disidenteek osatutako «benetako galeriak» izaten baitziren. Batzuetan, dekano eta kapitulu berriren batek agintea hartzen zuenean, gargola zaharrak kendu eta beste batzuk jartzen ziren, eta titular berrien etsaitasun pribatuekin lotura estua izaten zuten.

 

Gari, iz. Nekez bada ere, taju antzeko whiskya egiteko balio duen labore mota bat, ogia egiteko ere erabiltzen dena. Frantsesek, diotenez, beste edozein herrik baino ogi per capita gehiago jaten dute, harritzekoa ez dena; izan ere, haiek dira irensgarri nola egin dakiten bakarrak.

 

Gartsutasun*, iz. Gaztetako ondoeza, damu dosi txikiak eskarmentuaren kanpoko igurtzialdiekin konbinatuz senda daitekeena. Byronek «khar-itsutasun» deitzeko adinako susperraldia izan zuen, eta gero berrerorialdi bat, betiko eraman zuena... Missolonghira.

 

Gaztaro*, iz. Aukeraren Aroa, Arkimedesek oinarri-puntu bat aurkitu zuena, Kasandrak etorkizuna aurrean zuena eta zazpi hiri lehiatzen zirena Homerori bizilekua eta mantenua emateagatik.

 

        Gaztetasuna da benetako Saturnoren Erreinua, Urre Aroa lurrean berritua, sasiak pikuak ematen zituena, zerriek txistu hotsei kasu egiten zietena, zurdak zetazkoak zituztena, jatenetako beti pagotxa zutena, behiak hegan ibiltzen zirena, esnea atarietan uzten zutena, Justiziaren zurrungarik aditzen ez zena, asesino guztiak izpiritu bihurturik eta oihuka Baltimorez haruntzago bidaltzen zirena. — Polydore Smith.

 

Gehiago, izond. Gehiegiren goragoko gradua.

 

Gehiegikeria, iz. Moralaren arloan, neurritasunaren legea zigor egokien pean betearazten duen atseginaldia.

 

                Salbe, Gehiegikeria... bereziki ardotan,

                gurtzen zaitut lur hotzean belauniko jarririk,

                burezurra pulpitutzat uzten dizut poz-pozik,

                urzaletasuna hartzen duzularik ahotan.

 

                Arauz arau eta lerroz lerro, sekula santan

                inork ez nau konbentzitu horrelako hitz goxoz

                arrazoiak ematean libreki eta zorrotz

                nola zuk ukituz bizkarrezur eta kopetan.

 

                Zure aginduz okertuz atseginaren kopa

                mahats zukuaz ezin dut zorroztu adimena;

                damu-aulkian jarririk, egosi behar pena,

                ezin jaikirik; halere, egin dezagun topa:

                Esker txarrekoa zure aldarean aldiro

                sakrifiziorik egin ez dizuna berriro!

 

Gehiegizko*, izlag. Ez-beharrezko; alferrikako... de trop.

 

                Sultanak esan zuen: «Baduk froga nahiko,

                fedegabe alu hau dela gehiegizko.»

                Bisir handiak, berriz, zirrarak harturik:

                «Buru horrexek, behintzat, halaxe zirudik.»

Habeed Suleiman.

 

        «Debs jauna gehiegizko herritarra da.» — Theodore Roosevelt.

 

Genealogia, iz. Baten jatorriaren aztarnen azterketa, bereak aztertzeaz gehiegi arduratu ez zen arbaso batetik abiatuz egina.

 

Geografo, iz. Munduaren kanpo-aldearen eta barne-aldearen arteko aldea aise esplikatzen ahal dizun tipo bat.

 

                Habeam geografo izen handikoa,

                Abubeker herrian behinola jaioa,

                herritik Zam ibaia behin zeharkatzean,

                ikusi nahi baitzuen Xelam bestaldean,

                izutu zen hainbeste bide ikustean;

                galdu zen eta apo migrariak janez

                bizi zen. Baina hark ere hil behar, nola ez!

                Bidaztiek goresten dute esker onez.

Henry Haukhorn.

 

Geologia, iz. Lurraren azalaren zientzia... zeinari, dudarik gabe, erantsiko zaion haren mamiari buruzkoa putzuren batetik gizonen bat hitz egiteko gogoz atera bezain laster. Dagoeneko aztertuak diren lurraren formazio geologikoak honela daude sailkaturik: Lehena, edo behekoena, harriz, hezurrez, mando ustelduz, gas-hodiz, meatzarien tresnaz, antzinako estatua sudurgabez, dobloi espainolez eta arbasoz osatua. Bigarrena, batik bat, zizarez eta satorrez egina da. Hirugarrenean sartzen dira trenbideko karrilak, espaloiak, belarra, sugeak, bota lizunduak, garagardo botilak, tomate poteak, jende mozkortua, zaborra, anarkistak, zakur hozkalariak eta txoroak.

 

Gerra, iz. Bakearen arteen albo-produktua. Egoera politikorik mehatxugarriena nazioarteko adiskidetasun aldia da. Ustekabea itxaroteko erakutsi ez zaion historiako ikaslea harro egon liteke argitasun honetara iritsi ezinaz. «Bake garaian presta ezazu gerra» esaerak ulertu ohi den baino esanahi sakonagoa du; ez du bakarrik esan nahi lurreko gauza guztiek dutela bukaera —aldaketa dela lege aldagaitz eta betiereko bakarra— baizik eta bakearen soroan gerraren haziak usu barreiatuak direla eta erne eta hazteko lur gizena dutela. Hain zuzen ere, Kubla Khanek «atseginaren kupula» dekretatu zuenean —Xanadun bakea eta festa handiak zirenean, alegia—,

 

                belarrira iritsi zitzaion

                gerra iragartzen zuen arbasoen ahotsa.

 

        Izan diren poeta handienetako bat, Coleridge, gizonen arteko jakintsuenetakoa zen, eta ez zizkigun alferrik idatzi lerro horiek. Hobe dugu «Itsasoaz bestaldera eskuak luzatzea»-tik gutxixeago eta nazioaren segurtasuna den mesfidantza funtsezkotik gehixeago izan. Gerrak lapurra gauean bezala etortzea du maite; betiereko adiskidetasunaren promesek iluna dakarte.

 

Gezi ontzi, iz. Buiraka, antzinako estatu-gizonak eta legelari indigenak beren argudio argienak eramaten zituen kutxatila erabilgarria.

 

                Gordeta zeukan gezi ontzian

                liskarzale Erromatarrak

                argudio bat txit egokia

                erantzuteko galderak.

                Hura hartu zuen gibel erdian

                arerio egoskorrak.

Oglum P. Boomp.

 

Gezurti, iz. Eginkizun zehatzik gabeko abokatua.

 

Gibel*, iz. Naturak behazuntsu izateko zuhurtzia handiz ematen digun organo gorri handia. Edozein literatur anatomistek orain bihotzean direla dakizkien sentipen eta emozioak garai batean gibela izurritzen zutela uste zen; eta Gascoignek berak ere, giza naturaren alde emozionalaz diharduenean, «gure alde hepatikoa» deitzen dio. Garai batean biziaren kokagunetzat hartzen zen. Hortik esaera hura: «Hi bizi haiz, hi; hori duk gibela, hori.» Gibela da antzarari zeruak egin dion oparirik hoberena; hori gabe ezingo bailiguke Strasbourgeko pâte-a hornitu.

 

Gillotina, iz. Frantsesei sorbaldak arrazoi on bategatik gorarazten dizkien makina.

        Brayfugle irakasle askojakinak bere Arrazen bilakaeraren ildo dibergenteak lan bikainean frantsesen artean keinu honek —sorbalda-goratzeak, alegia— duen nagusitasunetik ondoriotzat ateratzen du frantsesak dortoketatik sortuak direla eta keinu hori burua maskorraren barne-aldera erretiratzeko ohituraren aztarna dela. Aitor dut, ez gogo onez ordea, ez natorrela bat autoritate goitar horrekin, baina nire iritzia da (Herentziazko sentipenak, II. lib, XI. kap.-an gehiago landurik azaldu eta argudiatzen denez), sorbalda-goratzea oinarri ahula dela haren gainean horrelako teoria eraikitzeko; izan ere, Iraultza aurretik keinua ezezaguna zen. Ez dut batere dudarik keinu horrek baduela zerikusirik gillotinak iraun zuen bitartean sortzen zuen izu-ikararekin.

 

Giza hilketa, iz. Gizaki batek beste gizaki bat hiltzea. Lau mota bereizten dira: larriak, barkagarriak, zurigarriak eta goresgarriak, baina hildakoari ez zaio asko axola berea batean edo bestean sartzea: sailkapena abokatuen mesedetarako da.

 

Gizabide, iz. Hipokresiarik onargarriena.

 

Gizajale, iz. Antzinako eskolako gastronomoa, gustu sinpleak kontserbatzen dituena eta zerri-aurreko aroko dieta naturalari atxikitzen zaiona.

 

Gizalege, iz. New Yorkez gainerako biztanleei behatzaile hiritarrek eratxikitzen dieten begirune mota. Haren adierazpenik ohikoena hitz hauek dira: «Barkatu, aizu», eta ez dago besteen eskubideekiko begirunerik ezarekin kontraesanean.

 

                Sutauskintzako jabea,

                paseatzera aterea,

                susmo batek hartu zuen...

                Oskarbitik erori zen

                giltzurrun bat, odoldua.

                Fabrika zen lehertua.

                Berak, kenduz kapelua:

                «Barka, jauna, ez nekien

                zegoenik kargatua.»

Swatkin.

 

Gizateria, iz. Giza arraza, osorik hartuta, poeta antropoideak bazterturik.

 

Gizatxar, iz. Baiak saskitxoetan saltzeko bezala bere dohainak prestatuak izanik —hoberenak gainaldean— okerreko aldetik irekiz erakutsi dituen gizona. Jaundotorearen alderantzizkoa.

 

Gizon*, iz. Animalia bat, bere buruaz duen ideiaren kontenplazio liluratuan hain galdua, non oharkabean pasatzen zaion zer izan behar lukeen. Bere jarduera nagusia beste animaliak eta bere espeziekoak suntsitzea da, zeinak halako ziztu bizian ugaltzen diren, non lur populagarri guztia, eta are Kanada ere, jendez leporaino betetzen duten.

 

                Mundua berri, Gizona gazte, hala zen garai batean,

                Errege, apaiz nahiz nekazari guztiok ginen bakean.

                Egun, ordea, gauzak ez dira horrela gure artean,

                salbu lehengo sistema dugun Errepublika gurean:

                denok errege dira nahiz eta asko ibili oinutsean

                eta ez gutxi dabiltzan arren gosea ase ezinean.

                Nork zanpatuko dituen baina badago haien mendean.

 

                Herritar batek ez zuen maite, nonbait, boto ematea

                goiz batez jaiki zen txunditurik, dena luma eta pikea:

                jende zintzoek erregalotan egin zioten trajea.

                «Nahitanahiezko eginbeharra da gurean bozkatzea,

                eta nahi duzun pertsona hori zerorrek aukeratzea.»

                «Hori nahi nuke,» izan zen gizon haren erantzun noblea,

                «nik dakidanez, hura sekula ez da aurkeztu, ordea.»

Apperton Duke.

 

Gizotso, iz. Garai batean gizakia izan zen edo oraindik tarteka ere hala den otsoa. Gizotso guztiek gaiztakeriarako isuria dute, eta piztia itxura hartzen dute beren joera asetzeko, baina batzuk, sorginkeriaz eraldatuak, giza haragiari hartu dioten gustuarekin ongi heldu den bezain gizatiarrak dira.

        Bavariako nekazari batzuek, gau batez otso bat harrapatu zutelarik, zutoin batean lotu zuten isatsetik, eta ohera joan ziren. Hurrengo goizean ezer ez zegoen han! Harri eta zur eginik, herriko apaizari galdezka joan zitzaizkion, eta hark esan zien harrapatutakoa dudarik gabe gizotso bat zela eta bere giza era hartua zuela berriz gauean zehar. «Hurrena otso bat harrapatzen duzuenean,» esan zien gizon zintzoak, «hankatik lotuta jarri katean, eta goizean Luterano bat aurkituko duzue.»

 

Gnomo, iz. Ipar-Europako mitologian, ipotx tankerako deabrua, lurraren barrunbeetan bizi dena eta mea-altxorren zaintzaz arduratzen dena. Bjorsenek, 1765ean hil zenak, dio bere mutilzaroan Suediako hegoaldean aski arruntak zirela gnomoak, eta maiz ikusten zituela mendian paseatzen ilunabarrean. Ludwig Binkerhoofek, 1792an, berriki samar beraz, hiru ikusi omen zituen Oihan Beltzean, eta Sneddekerrek ziurtatzen du 1803an meatzari talde bat atera zutela Silesiako meategi batetik. Adierazpen horiek ematen dituzten datak arakatuz, ohartzen gara gnomoak ez zirela seguru aski 1764a arte desagertu.

 

Gnostikoak, iz. pl. Filosofo sekta bat, lehen kristauen eta Platonzaleen arteko batasuna moldatu nahi izan zuena. Lehenek ez zuten elkarrizketarik nahi izan eta, bateratzeak huts egin zuenez, batasunaren aldekoen amorrazioa ez zen izan nolanahikoa.

 

Gobernu, iz. Politikako abstrakzio ongi asmatua, lehen ministroari edo presidenteari dagozkion muturreko eta ostikoak hartzeko sortua. Txorimaloa, alprojakeriatik eta ustelkeriatik babesteko tresna.

 

Gobernu monarkiko*, iz. Gobernu.

 

Gogo-zabaltasun, iz. Iraina eroapen otzanez jasateko jarrera, mendeku plana zoritu bitartean.

 

Golde, iz. Lumara ohitutako eskuak oihuka eskatzen dituen lanabesa.

 

Gomendio, iz. Gurearen paretsuko lorpenengatik, ez ordea maila berekoengatik, ordaintzen dugun zerga.

 

Gorde, du ad.

 

                Testamentuan emana zuen bere ondare guztia

                eta betiko loan murgildu zen gero errukarria.

                «Honela, behintzat,» xuxurlatuaz, «gordeko baita garbia

                nire izena menderen mende, beti-beti goretsia.»

                Hilarrian du bere izena oso ongi idatzia,

                Nork gordeko du? Hilak ez behintzat, hark dena baitu utzia.

Durang Gophel Arn.

 

Goresle, iz. Gezurti mota berezi bat (baina ez bitxia).

 

Gorgon*, iz.

 

                Gorgon antzinako neska gazte eta ausart bat zen,

                orduko grekoak harri bihurtzen baitzituen,

                bekoki izugarria ikusten bazioten.

                Gaur harri-hondarretatik ateratzen ditugu;

                zinez hain lanbide txarrak aise frogatzen digu

                eskultoreak zirela zoroak, eta ez gu.

 

Gorpujale, iz. Hildakoak jateko ohitura gaitzesgarriaren adikzioa duen deabrua. Gorpujaleen existentzia dudatan jarri dute mundua sinesmen kontsolagarriez gabetzeaz ordezko zerbait emateaz baino gehiago arduratu diren eztabaidazaleek. 1640an Aita Secchik bat ikusi zuen Firenze ondoko hilerri batean eta gurutzearen seinaleaz uxatu zuen. Buru asko eta beso-zango ugariz hornitua omen zen, eta leku bat baino gehiagotan ikusi omen zuen aldi berean. Gizagaixoa afari batetik omen zetorren une horretan, eta «bapo afalduta» egon ez balitz, kosta ahala kosta deabrua harrapatuko omen zuen. Atholstonek kontatzen du gorpujale bat nekazari sendo batzuek harrapatu zutela Sudburyko zimitorio batean eta zaldi-aska batean ezkutatu zela. (Badirudi pentsatzen zuela horrelako gaizkile nabarmenari larrosa-urezko putzu batean gordetzea zegokiola). Ura kolpean odol bihurtu omen zen «eta horrela jarraitzen da gu hil arte». Putzua harrezkero ubide batetik odolustu izan da. Hamalaugarren mendean bertan ere gorpujale bat Amienseko Katedraleko kriptan inguratu omen zuten eta herritar guztiak bildu omen ziren inguruan. Hogei gizon armatu, gurutze bat zeraman apaiz bat buru zutela, hara sartu eta gorpujalea harrapatu omen zuten, eta hark, trikimailuren batez ihes egitea bururaturik, herritar ospetsu baten itxura hartu omen zuen, baina hala ere urkatu, urperatu eta laurdenkatu omen zuten herri osoaren orgiarik itsusienaren erdian. Baina herritar hura, deabruak itxura hartzeko aukeratu zuena, parte txarreko gertaera horrek hainbesteraino asaldatu omen zuen, non ez omen zen gehiago azaldu Amiensen, eta haren atarramendua misterioa da oraindik ere.

 

Gorpulapur, iz. Hilobi-harrei lapurreta egiten diena. Mediku gazteak hornitzen dituena, hain zuzen ere, bestela mediku zaharrek lur-emaileak hornituko lituzketenaz. Hiena.

 

                «Udazken batez lau lagun geunden,»

                mediku batek zioen,

                «Hilerri baten horma ondotik

                hilobi bat zelatatzen.

 

                Ilargiaren beheraldian

                hilobiaren ondora

                isil-isilik hiena hurbildu,

                sartu nahi zuen zulora.

 

                Egintza latzak zurtu gintuen,

                gordelekutik atera,

                pizti zikina garbitu eta

                sartu genuen lurpera.»

Bettel K. Jhones.

 

Gorroto, iz. Gehiago denaren aurrean izateko egokia den sentipena.

 

Gorteko txoro, iz. Auzi-jartzailea.

 

Grabitazio, iz. Gorputz guztiek daukaten materia-kopuruaren araberako indarrez elkarrengana hurbiltzeko duten joera; daukaten materia-kopurua, berriz, elkarrengana hurbiltzeko duten indarraren arabera kalkulatzen da. Honela erakusten du zientziak modu atsegin eta onbidezkoan, A B-ren froga bihurtu ondoren, B bihurtzen duela A-ren froga.

 

Gramatika, iz. Tranpazulo sistema, bere kasa ikasitako gizonaren oinak trabatzeko prestatua, nabarmendu nahi badu ibili behar duen bide guztirako.

 

Graziak*, iz. pl. Hiru jainkosa eder, Aglaia, Talia eta Eufrosine, Venusen mirabe zirenak, soldatarik gabe. Mantentzen merkeak ziren, ia ez baitzuten ezer jaten eta eguraldiaren araberako jantziak izaten baitzituzten soinean, edozein haizetxok eramaten zien edozer, itxura denez.

 

Gurtu, du ad. Zerbaiten esperantzaz beneratu.

 

Gurtza, iz. Homo Creatorrek Deus Creatusen egintza bikainari eta bukaera finari egiten dien aitortza. Lur-jotzearen forma popularra, harrotasun punttu bat duena.

 

Gurutze, iz. Antzinako sinbolo erlijiosoa, kristautasuneko gertaerarik solemneenari bere esanahia zor diolako uste okerra zabaldua izan arren, izan, milaka urte lehenagokoa dena. Askok uste izan dute crux ansata antzinako adorazio falikoko gurutzearen berdin-berdina dela, baina horretaz dakiguna baino askoz lehenagoko arrastoak aurkitu izan dira. Gaur egun Gurutze Zuria daukagu kastitatearen sinbolotarako; gerrako neutralitate onginahizkoaren seinaletarako, berriz, Gurutze Gorria. Lehenbizikoa buruan zuela aita Gassalasca Japek bertso sail hau idatzi zuen:

 

                «Izan onak» «Izan onak» dio mojen koruak,

                bekatutik aldentzeko zabalduaz oihuak,

                ezkutatu gabe beren xarma -noiz?-loratuak.

 

                Zergatik, baina, zergatik ez du begik ikusi

                neska gazte eta ederrik, beren Gurutze Zuri

                santu horrekin grazia dariela nabari?

 

                Erretolika guztiak, sermoiak zertarako?

                Bada plan sinpleagorik gizona salbatzeko,

                (Salbatzerik hark merezi al du, baina, hasteko?).

 

                Bai, maiteok, pentsamendu txarrei amore ematen

                hasten bada, Legeari lasai muzin egiten,

                ingura zakizkiote, egon ondoan, arren.

 

Gutunazal, iz. Agiriaren hilkutxa; fakturaren urkabea; diru-igorpenaren oskola; amodiozko gutunaren txabusina.

 

Gutxiespen, iz Erasotzeko arriskutsuegia den etsaiarenganako, gizon zuhurrak duen sentipena.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia