F

 

Faltsu, izond. Erretorikazalea.

 

Fede, iz. Frogarik gabeko sinesmena, antzekorik ez duten gauzez ezagupenik gabe mintzo den batek dioena sinestea alegia.

 

Fedegabetasun, iz. Nire Jainkoarenganako zure lotsa gutxia.

 

Fenix*, iz. Gaurko «txori ipurberoa»-ren aurrekari klasikoa.

 

Fideltasun, iz. Traizionatuak izateko zorian direnen bertute bitxia.

 

Filantropo, iz. Jaun zahar aberatsa (eta maiz burusoila) bere burua entrenatu duena kontzientziak patrika husten dion bitartean irribarre egiteko.

 

Filistear, iz. Adimena ingurukoen mirabe duen pertsona; pentsaera, iritzi eta sentiera modaren arabera moldatuak dituena. Batzuetan eskolatua izaten da, maiz aberatsa, normalean txukuna eta beti ponpoxoa.

 

Filosofia, iz. Bide-adar ugari dituen errepidea, abiapuntua inon ez duena eta ezertara iristen ez dena.

 

Finantzak, iz. pl. Diru-sarrerak eta baliabideak administratzailearen onetan administratzearen zientzia edo artea. Hitz honen ahoskera, «i» luzearekin eta azentua lehen silaban duela, amerikarren aurkikuntza eta jabetzetako baliotsuenetako bat da.

 

Fisonomia, iz Besteren izaera haren aurpegiaren eta gurearen arteko antz-desberdintasunak aztertuz finkatzen duen artea, bikaintasunaren eredutzat gurea harturik, jakina.

 

                «Giza gogoa irakurtzea aurpegiak duen trazan»

                Shakespeare txoroak dio, «ezin da, oso garbi nahi dut esan.»

                Fisonomistek gixaxo haren aurpegia azterturik:

                «Zaila da aurkitzen honena baino zuhurtzia ahulagorik.

                Hazpegietan gogo-bihotzak agerian zituela

                jakinik, buru-zuritze alde esan behar ezin zela.»

Lavatar Shunk.

 

Fonografo, iz. Jostailu ernegagarria, betiko galdutako hotsak berpizten dituena.

 

Forma pauperis (Latina). Pobre-itxuran: abokatutarako dirurik ez duen auzitaratu bati kontsiderazioz bere auzia galtzeko bide ematen dion metodoa.

 

                Adanek Kupidoren maite-epaitegian

                (epaile baitzen, Adan sortu zen artean),

                Ebaren faboreak eskatu zituen,

                jantzi egokiz, baina, eskas ei zebilen.

 

                Ebak: «Ondo pobreki jantzita zatoz zu,

                horrela jarduterik hemen ez daukazu.»

                Gizonari ukatu nahi zuen grazia:

                musuhuts joan behar ez baitzen jantzia.

G. J.

 

Fraide-jabari, iz. Edukitze mota bat, erlijioso-anaidiek lurrak eskuratzeko erabiltzen dutena, dohaintza eman dien arimaren alde otoitz egiteko baldintzapean. Erdi Aroan anaidi aberatsenetako batzuek beren jabetzak modu sinple eta merke honetaz baliatuz bereganatu zituzten, eta Ingalaterrako Henrike VIII.ak behin anaidi batek fraide-jabariz beretuak zituen lurralde zabal batzuk konfiskatzera bere funtzionario bat bidali zuenean, honela esan zion Abadeak: «Zer!, zure nagusiak gure ongilearen arima Purgatorioan geratzea nahi du, ala?» «Gaixoa», erantzun zion funtzionarioak, hotz, «eta ez baduzu haren alde otoitz egiten, kiskali ere egingo da alfer-alferrik.» «Baina begira, ene haurra,» jarraitu zuen gizon zintzo hark etsi gabe, «hau Jainkoari lapurreta egitearen pareko egintza da.» «Bai, zera! Nire nagusi Erregek jabetza gehiegiak ematen dituen tentazio ugarietatik Hura libratu besterik ez du nahi eta!»

 

Framazonak, iz. pl. Errito sekretuak, zeremonia burugabeak eta jantzi bitxiak dituen ordena bat, zeinean sartu diren, Karlos II.aren erregealdian Londresko artisauen artean sortu zenetik, joandako mendeetako hildakoak, etengabeko atzera-martxan. Eta horrela, gaur egun, Adanetik honanzko belaunaldi guztiak onartzen dituenez, jarraitzaile prestuak bereganatu ditu Kaoseko eta Huts Eragabeko biztanle kreazio-aurrekoen artean. Garai desberdinetan ordena fundatu izan dute Karlomagnok, Julio Zesarrek, Zirok, Salomonek, Zoroastrok, Konfuziok, Thothmesek eta Budak. Framazonen ikur eta sinboloak Paris eta Erromako katakunbetan aurkitu izan dira, Partenongo harri-abarretan, eta Txinako Harresi Handian, Karnak eta Palmirako tenpluetan eta Egiptoko piramideetan... beti framazonen batek aurkitu ere, noski.

 

Frenologia*, iz. Ile-larruan barrena patrikak husteko arte eta jakintza. Pertsona ergeltzen duen organoa zein den asmatu eta esplotatzen jakitean datza.

 

Froga, iz. Egia izateko gezurra izateko baino probabilitate izpi bat gehiago duen erakusbidea. Bi lekuko fidagarriren lekukotasuna, batenaren aurka jarria.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia