E

 

Ebakin liburu*, iz. Normalean kaikuek prestatzen duten liburua. Maila ez oso altuko pertsona askok beren buruaz irakurri dutena biltzen duten liburuak osatzen dituzte edo besteri eginarazten diote bilketa-lana. Egotista horietako bati Agamemnon Melanchton Petersek lerro hauek bidali zizkion:

 

                Frank maitea, ebakin liburu horretan

                gordetzen ohi dituzu zerorri benetan

                gertatu zaizkizunak edozein aldetan.

 

                Hor itsasten dituzu zure izenari

                egindako barreak, denak zutaz ari,

                nonbait on degiote zure ospeari.

 

                Txukun jartzen dituzu irudi guztiak

                zutaz egindakoak komikilariak,

                zure judu aurpegi, gorputz bihurriak.

 

                Utzi, mesedez. Ez naiz argi, ez abila,

                baina hor sartuko dut, Jaunak ukabila

                izan balu emango zizun kolpe pila.

 

Ebanjelari, iz. Albiste onak eramaten dituena, bereziki (zentzu erlijiosoan) gure salbazioa eta gure auzoen kondenazioa ziurtatzea, esate baterako.

 

Edangarri, izond. Edateko baliagarria. Ura edangarria dela esan ohi da; izan ere, batzuek gure edari naturala dela esaten dute, nahiz eta beraiek ere, irensgarria izateko, beharrezkoa duten egarri deritzan gaixotasun berrekorrak joak izatea, horixe baita gaitz horrentzako erremedioa. Hala ere, garai guztietan eta lurralde guztietan, zibilizatu gabeetan salbu, ez da horrenbesteko asmaketa lan handi eta maratzik egin, nola egin den uraren ordezko edariak bilatzen. Urari egiten zaion muzin orokor hau arrazaren kontserbazio senean ez dagoela defendatzea zientziari aurka egitea da... eta zientziarik gabe, suge eta apoen parekoak gara.

 

Edertasun, iz. Emakumeak maitalea liluratzeko eta senarra izutzeko duen indarra.

 

Eder-uste*, iz. Bere merituen uste handia duena, besteren balioaren iritzi kaxkarrarekin osatua.

 

                Bazen gizon bat oso aspaldi

                Ispahanen bizi zena,

                frenologoek haren burua

                mirakulutzat zutena.

 

                Baina apaltasunaren konkorra

                hain baitzuen hark handia

                gailurra oihan gainetik zeukan

                (Naturaren jukutria).

 

                Ez zen besterik horren apalik

                ezagutzen Ispahanen,

                ez hain xalorik, hain menekorik,

                ez orduan eta ez lehen.

                Konkor eskerga haziz zihoan,

                jo lezake zeru urruna;

                gizajoari deitzen zioten

                gizon minareteduna.

                Ez zen besterik Ispahan hartan

                bere buruaz hain harro,

                bere konkorra oihuz goratzen

                ibiltzen zen egunero.

                Shahk azkenean bidali zion

                mutil batekin soka bat

                eta mutilak irriño batez:

                «Opari bat da, zuretzat.»

                Ispahandarrak, soka eskuan,

                goibel negarrez zioen:

                «Apaltasunez bizi izan banintz,

                betiko ospea nukeen.»

Sukker Uffro.

 

Editore*, iz. Minosen, Radamanthoren eta Eakoren eginkizun judizialak konbinatzen dituen pertsona, baina goxoki batekin baretzen dena; zentsore biziki bertutetsua, baina hain bihotz onekoa oro har, non besteren bertuteak eta bere bizioak onartzen dituen; ohartarazpenaren tximista txikitzaileaz eta trumoi zalapartatsuez bazterrak zipriztintzen ditu, buztanean loturik dituen eta zalapartaka lehertzen zaizkion suziriak daramatzan zakurraren gisako bihurtuz; gero, zuzenean murmuriatzen du doinu goxo, melodiatsu bat, astoak gaueko izarrari bere otoitza intonatzen dionean egiten duenaren antzekoa. Misterioen maisu eta legearen nagusi, pentsamenduaren tronuaren gailurretara goratua, Antzaldatzearen distira hitsak aurpegia harturik, zangoak elkargurutzaturik eta mihia alborantz okertuz, editoreak bere nahia paperean listukatzen du eta erabiltzeko moduko neurrietan zirtzilatzen. Eta tenpluko errezelaren atzetik tarteka arduradunaren ahotsa aditzen da sei ontza zentzu eta hausnarketa erlijiosoko hiru lerro eskatuz edo jakituria alde batera uzteko eta sentimentalkeriari bide emateko aginduz.

 

                Oi pentsamenduaren Tronuko Legearen Jainko,

                        iruzurgile urreztatua!

                Janzkiak dauzka urraturik: adabaki nahiz petatxo.

                        Koroa dauka letoizko,

                        asto galanta delako,

                        boterea du ustezko.

                Hitzontzi, putzontzi, baldarrontzio,

                Pentsamenduaren Errege lerdo.

                        Iritzi publikoaren miresle

                        trumoitsu, moldakaitz, zaratazale,

                                afektatu,

                                        itsusi,

                                susmo-putzu,

                                        gezurti,

                errespetatua halere.

J. H. Bumbleshook.

 

Egia, iz. Nahi litzatekeenaren eta itxuraren arteko konponketa injeniotsua. Egia aurkitzea du xede bakarra Filosofiak, zeina baita giza adimenaren antzinako zereginik zaharrena eta munduaren amaiera arte gero eta dedikazio handiagoz etorkizunean ere hala izateko proportzio handia duena.

 

Egiazale, izond. Mutu eta ezjakina.

 

Eginbehar, iz. Nahiaren lerrotik goazela, probetxurantz serioski bultzatzen gaituen zera hori.

                Sir Lavender Portwain herra gaiztoak hartu zuen

                Erregek haren andrea musukatu baitzuen;

                laido horren ordaina zen Erregeren burua;

                beharrak markatu zion bidexka segurua:

                Ordainetan dirua.

G. J.

 

Egoiliar, iz. Alde egiteko gai ez dena.

 

Egoista, izond. Besteren egoismoari begirunerik ez diona.

 

Egoskor, izond. Zu ados ez zauden iritzi bati burugogor eta hertsiki atxikitzen zaiona.

 

Egoskortsekeria*, iz. Kortsearen azpian maiz aurkitzen den minerala. Urre soluzioetan disolbagarria.

 

Egotista*, iz. Gustu txarreko pertsona, arreta handiagoa jartzen diona bere buruari niri baino.

 

                Megaceph Estatuaren mirabe hautaturik,

                legegintzako areto zabalera hurbildurik,

                behin batez kredentzialak erakutsi zituen,

                eta, garbi gera zedin, izena eman zuen.

                Atezainak egotista sonatua ikusiz,

                esan zion ezpainekin eginez barre murritz:

                «Alde hemendik, aretoan arazo bihurriak

                konpontzen baitira, eta hor adimen-urriak

                uste baitu mahaiburuak galdetzen duenean

                iritzia aztertutako arazoen gainean,

                bai ala ez bozkatzeko eskatzen dionean,

                aski dela NI jartzea botoen paperean».

 

Egun, iz. Hogeita lau orduko denbora-tartea, gehienetan alferrik galdua. Tarte hau bi zatitan banatzen da, eguna bera eta nolabaiteko eguna edo gaua... lehenbizikoa negozioetako bekatuetarako eta bigarrena gainerakoetarako. Jarduera sozialeko bi mota horiek elkargaintzen dira.

 

Egunkari*, iz. Norberaren bizitzaren eguneroko oharrak, norbera lotsatu gabe bere buruari kontatzera ausartzen dena jasotzen dutenak.

 

                Hearstek egunkari bat ba omen zeraman

                bere ideiak oro eskribitzeko han.

                Aingeru Idazkariak, hura hil zenean,

                bere sarrerak kendu eta hau zuen esan:

                «Zure egunkaria, zerorren epaile.»

                Hearstek: «Santu Lehena naizen erakusle,

                bera duzu onena.» Eta frogabide

                hil-jantziko patrikan liburua duke.

                Aingeruak orriak pasatuz irriño

                eta tristura franko du azkeneraino.

                Han dena da sentipen hutsal eta laino,

                umore pattal gehio beste ezer baino.

                Liburua hartuta itzuliz atzera

                esan dio: «Bidetik majo okertu zara.

                Hilobitikan hona ezin zu sosega,

                Zerua da ideia handientzat txarra;

                Infernua txantxetan ibiltzeko ez da.»

                Eta ostikoz zuen bota handik behera.

Filosofo eroa.

 

Egunsenti, iz. Gizon zentzuduna oheratzen den garaia. Zahar batzuek nahiago dute garaitsu horretan jaiki, bainu hotz bat hartu, eta baraurik ibilaldi luze bat egin, haragia hilduratzeko. Gero harro adierazten dute praktika horiek direla beren osasun sendo eta urte jorien kausa; eta bitartean egia beste hau da: gogotsu eta zaharrak direla, ez beren ohiturengatik, baizik ohitura horiek izan arren. Horrelakoetan sasoikoak baizik ez ikustearen arrazoia, berriz, hau da: saiatu diren gainerakoak hilak direla.

 

Eguraldi*, iz. Ordu jakin bateko klima. Interesatu ez arren, tar-tarrean aritzeko ohitura beren arbaso zuhaiztarrengandik jasoa duten pertsonen arteko solasgaia, haiei benetan interesatzen zitzaiena. Eguraldiaren bulego ofizialak ezarri eta gezurrean iraunarazteak frogatzen du gobernuek berek ere junglako arbaso basatien eragina jasan dezaketela.

 

                Etorkizuna aztertu nuen giza begiak ahal aina

                Eguraldien Igerlaria hilik han zen, alajaina!

                Hadesen hilik, kondenaturik gezurti amorratutzat

                txorakerien marka guztiak irabazita beretzat.

                Beha nengoen gazte sutua zenbateraino beldur zen

                egia baino nahiago izan zituen ikatz gorien.

                Irakurriko dut erabiliz itzaliko ez den garra

                amiantozko xaflan hark eman zidan igarpen zuhurra:

                «Laino ugari, haize eroa; euria, hotza, elurra.»

Halcyon Jones.

 

Ekonomia, iz. Erosi ezin duzun behiaren prezioan behar ez duzun whiskey kupela erostea.

 

Eleberri, iz. Istorio labur betelanez puztua. Idazketa mota bat, zeinak literaturarekin duen zerikusia ikuspegiak artearekin duenaren parekoa den. Saio batean irakurtzeko luzeegia denez, haren atalek eragindako zirrara berehala ezabatzen da, ikuspegiaren kasuan bezala. Batasuna, eraginaren osotasuna, ezinezkoak dira; zeren, azkena irakurritako orriak izan ezik, gogoan geratzen dena gertatuakoaren bilbea baizik ez baita izaten. Eleberri soilak eleberri fantastikoarekin duen parekotasuna fotografiak pinturarekin duenaren antzekoa da. Haren bereizgarria, gertagarritasuna, fotografiaren unekotasun hutsarekin lotzen da, eta berri-ematearen kategorian sartzen du argiro; eleberri fantastikoak idazten dituenaren hegal libreek, berriz, irispidean izan ditzakeen irudimenaren maila gorenetaraino heltzeko aukera ematen diote; eta literatur artearen hiru osagai funtsezkoak honako hauek dira: irudimena, irudimena eta irudimena. Eleberriak idazteko artea, garai batekoa, aspaldi hila da, Errusian salbu, han berria baita. Bakean izan bezate atseden haren errautsek... haietako batzuek salmenta onak baitituzte.

 

Eleberri fantastiko*, iz. Gauzak Diren Bezala deritzan Jainkoari begirunerik ez dion eleberria. Eleberri soilean idazlearen pentsaera gertagarritasunari loturik dago, etxeko zaldia gurdiari bezala, baina eleberri fantastikoan irudimenaren lurralde osoan ibiltzen da bere gogara: libre, basa, ahoko eta bridari soraio. Zure elaberrigilea gizagaixo bat da, Carlylek esango lukeen bezala... berriemaile hutsa. Bere pertsonaiak eta haria sortzen ahal ditu, baina ezin du gerta ez litekeen ezer gerta litekeenik imajinatu, nahiz eta bere narrazio osoa gezur xalo bat izan. Bere buruari muga zorrotz hori zergatik ezartzen dion eta bere asmamenaren «kate luzea urrats bakoitzean herrestan zergatik eramaten duen» argitzeko, hamar liburuki gotor idatz ditzake, horregatik kandelaren garrak baino gutxiago argituz gaiari buruz duen ezjakintasunaren putzu beltza. Eleberri handiak ere badira, idazle handiek «beren dohainak ahitu baitituzte» horrelakoak idazten, baina horrek ez du gezurtatzen, orain arte behintzat, ezagutzen dugun libururik liluragarriena Mila eta bat gauak dela.

 

Elektrizitate*, iz. Zerk sortzen dituen ez dakigun fenomeno natural guztiak sortzen dituen indarra. Tximista gauza bera da, eta tximistak Franklin doktoreari egindako eraso ospetsua da gizon handi eta on haren karrerako gertaerarik xelebreenetako bat. Haren memoriari begirune handia gordetzen zaio, merezi duen bezala, bereziki Frantzian, non berriki haren argizarizko irudi bat jarri duten ikusgai, haren bizitzaren eta zientziari egindako zerbitzuen kontu-emate hunkigarri hau duela:

 

        «Monsieur Franqulin, elektrizitatearen asmatzailea. Jakintsu ospetsu hau, munduan zehar zenbait bidaia egin ondoren, Sandwich irletan hil, eta hango basatiek jan zuten. Ez zen zati bakar bat ere sekula azaldu.»

 

        Dirudienez, elektrizitatea lanbideetan eta industrian oso baliagarria izateko sortua da. Zenbait zereginetan izan dezakeen erabilera ekonomikoaren arazoa garbitu gabe dago oraindik, baina esperimentuek frogatu dute gas txorrota baino hobea dela tranbia bultzatzeko eta zaldiak baino argi gehiago ematen duela.

 

Eliseo, iz. Irudimenezko lurralde liluragarria, antzinakoen uste txoroaren arabera zintzoen arimen bizilekua zena. Ipuin burugabe eta gaizto hori lehen kristauek desagertarazi zuten lurraren gainetik... haien arimak dohatsuak izan bitez Zeruan!

 

Elizgizon, iz. Gure arimari dagozkion negozioak kudeatzeko lanbidea hartzen duen gizona, bere gorputzari dagozkionak hobetzeko asmotan.

 

Elkarrezin*, izond. Beste zerbait existitzen bada izan ez daitekeena. Bi gauza elkarrezinak dira baldin eta behar duten lekua batentzat aski bada baina ez bientzat: esate baterako, Walt Whitmanen poesia eta Jainkoaren gizonarekiko errukia. Elkarrezintasuna, ikusiko denez, bateraezintasun laxoa baizik ez da. Honelako hizkera doilorraren ordez: «Erne ibili, berriz ikusten bahaut hilko haut»; beste hitz hauek: «Jauna, elkarrezinak gara» esatea indar berdintsuko desafioa da, baina gizalegearen aldetik beste maila batekoa.

 

Elkarte, iz. Bakoitzarentzat baina bakoitzaren erantzukizunik gabe etekinak lortzeko tresna ongi asmatua.

 

Elokuentzia, iz. Zuria dirudiena zuria dela hitzaren bidez txoroari buruan sartzea. Horren barnean sartzen da edozein koloreri zuriaren itxura emateko dohaina.

 

Emakume*, iz. Gizonaren inguruan bizi ohi den animalia, eta etxabere bihurtzeko gaitasun oinarri-oinarrizkoa baizik ez duena. Antzinako zoologo askok lehenagoko bakartasun egoeran bereganatutako otzantasun hondarren batzuk aitortzen dizkiote, baina «susananthony» aroaz geroztikako naturalistek, ez baitute bakartasun egoeraren berri, bertute hori ukatzen diote eta deklaratzen dute denboraren hasieran zen bezalako basa dela gaur ere. Espeziea piztia harraparietan zabalduena da, munduko zoko guztiak gainezkatzen baititu, Groenlandiako mendi lizunetatik Indiako hondartza eratsuetara. Lagunarteko izena, atso, ez da egokia, emakumeak ez baitu zerikusirik otsoarekin, katuekin baizik. Emakumea lirain eta airosa da mugitzen, bereziki Estatu Batuetako barietatea (felis pugnans); orojalea da, eta isilik egoten erakusten ahal zaio. — Balthasar Pober.

 

Emantzipazio, iz. Zerbitzari batek besteren tiraniatik bere buruaren despotismora egiten duen aldaketa.

 

                Esklaboa zen, esanak egiten zituena,

                zintzur-burdina lepoan zitzaion itogarri.

                Askatasunak urratu jabearen izena,

                koxkak estutuz berea azkar zion ezarri.

G. J.

 

Emaztezalekeria*, iz. Norberaren emaztearengana desbideratu den atxikimendu makurra.

 

Eme*, izond. Sexu aurkari edo desleialekoa.

 

                Egileak mundu hau sortu zuenean,

                bizidunak ezarri zituen lurrean;

                karakol, elefante, suge eta saguzar

                ederki bizi ziren, guztiak ziren ar.

                Deabruak, ordea, hori ikustean,

                esan zion Jaunari: «Hik egin legean

                jaio, hazi, zahartu eta hil beharrean

                izango dituk laster: eta halaxe behar.

                Ez baduk ugalbide bat asmatzen azkar,

                lurra hutsik izango duk mendeetan zehar.»

                Gero burua sartuz hegalaren pean

                —ez baitzuen mahukarik—, barrez isilean,

                pozez lehertzen zebilen iradokizunaz:

                kezkarik ez batere hark etorkizunaz.

                Jaunak aholku hura aztertu ondoren,

                hemengo gertaerak arautzen dituzten

                dadoak hartu eta rau! bota zituen,

                eta han gelditu zen emaitza ikusten.

                Patuak agindua behar zen onartu,

                burumakur zebilen; nonbait, ez gustatu.

                Lurreko txoko eta bazter guztietan

                berriro hauts zuhurra bildua zen bertan.

                Ibaiek, berriz, sortu zuten uholdea,

                prestatu behar baitzen behar zen moldea.

                Behar adina bildu (baina ez gehiago,

                Natura zuhur baita, beretzat nahiago)

                eta hala sortu zuen, oratuz, buztina;

                Deabruak lapurtu parte bat, zikina.

                Jaunak egin zituen forma desberdinak,

                organo zakarrak lehen eta gero finak.

                Hasieran ez ziren asko bilakatu,

                baina handik ukitu, hemendik oratu,

                azkenean pixkana bazuten tankera

                lehengo izakiena. Ez zen gauza bera:

                berri haiek Emeak ziren oso-osorik,

                gauza bat falta baina: ez zuten bihotzik.

                «Lasai!» Satanek oihu, «ez da kuidadorik,

                behar duten bihotza jarriko diet nik»

                Handik aldegin zuen tximistak bezala,

                zakukada hartuta han zen bueltan berehala.

                Gau hartan infernuan, hura zoramena,

                milioi bat arrek zuten emaztetxo bana.

                Infernuan gau hartan txikizio latza:

                milioi bat deabruren gorpuak han dautza.

G. J.

 

Endekatu, izond. Norberaren arbasoak baino isilago miresteko modukoa. Homeroren garaikideak endekatze etsenplu harrigarriak ziren: hamar behar ziren harkaitz bat jaso edo istilu bati hasiera emateko: Troiako heroietako edozeinek berak bakarrik egin zezaken gauza. Homerok etengabe mesprezatzen zituen «egun endekatu hauetan bizi diren gizonak», eta agian horregatik jasan zioten eskean ibiltzea... txarrari ona bihurtzearen adibide nabarmena dena portzierto, zeren debekatu baliote, gosez hilko baitzen dudarik gabe.

 

Enkante-maisu, iz. Besteren patrikatik mingainaz ostu duela mailukadaka aldarrikatzen duen gizona.

 

Entretenimendu, iz. Dibertitzeko edozein modu, lurjotze bidezko heriotzaren ertzean izarrak airoso itzaltzen zaizkiona.

 

Epigrama, iz. Hitz lauzko nahiz neurtuzko ateraldi zorrotza, maiz garraztasun edo mikaztasuna eta batzuetan jakinduria ezaugarritzat izaten dituena.

        Honako hauek dira Jamrach Holobom gizon jakintsu eta zorrotzaren epigrama gogoangarrienetako batzuk:

 

        Geure premiak besterenak baino hobeki ezagutzen ditugu. Nork bere buruari zerbitzatzea administrazio-ekonomia da.

        Giza bihotz bakoitzaren barruan tigrea, zerria, astoa eta urretxindorra daude. Izaera-desberdintasuna haien indar desberdinaren ondorioa da.

        Hiru sexu daude: arrak, emeak eta neskak.

        Edertasuna emakumeengan eta dotoretasuna gizonengan berdinak dira honetan: gehiegi pentsatzen ez dutenei biek nolabaiteko balioa dutela iruditzen zaie.

        Emakume maiteminduak gizon maiteminduak baino gutxiago lotsatzen dira. Zertan lotsatu gutxiago dute.

        Zure lagunak bi eskuetatik amultsuki heltzen dizun bitartean, zaude lasai, biak zure begiradapean baitituzu.

 

Epikurozale*, iz. Epikuroren aurkakoa; filosofo abstemio hark, gizonaren helburu nagusia atsegina bilatzea behar duela pentsatzen zuenez, ez baitzuen denbora alferrik galtzen zentzumenei atsegin ematen.

 

Erabaki, da ad. Eragin sail baten aldean den beste sail baten nagusitasunari amore eman.

 

                Hosto bat erauzi baitzuen haizeak

                «Lurrera nahi nuke,» zioen tristeak.

 

                Mendebalak jo du bide-erdian dela:

                «Alde ekialdera! Beirozu bestela!»

 

                Ekialdekoak indar handiagoz:

                «Segi hemendik, zu!Hona zertan zatoz?»

 

                Indarrez paretsu, borrokan dabiltza;

                orbelak: «Jango dut emandako hitza.»

 

                Haizea baretu zuenean, berriz,

                orbelak zioen lurrera eroriz:

 

                «Bururatutako lehenbiziko gauza

                onena bera den hobe ongi pentsa.»

 

                Edozein aukera egiten duzula,

                zure esku ez dago ezertxo sekula.

G. J.

 

Erabilera, iz. Hirutasun Literarioko Lehen Pertsona; Bigarrena eta Hirugarrena Ohitura eta Konbentzioa baitira. Hirutasun Santuarekiko begirune adeitsua barneratuz gero, idazle langile batek egin ditzake modak irauten duen bitarteko bizitza izango duten liburuak.

 

Eragin, iz. Politikan, quid benetako baten truke ematen den akasozko quo bat.

 

Erakusle (hatz), iz. Bi gaizkile seinalatzeko erabili ohi den hatza.

 

Eramangarri, izond. Edukitze gorabeherak direla-eta, jabetza aldaketaren arriskuan dagoena.

 

                Jabetza arina denez (ez du berak egin),

                edota zaintzaileak badu alde egin,

                eramangarria da, betor ba nirekin.

Worgum Slupsky.

 

Erantzukizun, iz. Zuhurtziaren ama.

 

                «Gogoan izan nire erantzukizuna»

                Bisir Handiak zuen esan. «Bai, bai, aizu,»

                Shak hari arrapostu, «zure gaitasuna

                ez da hori besterik, hori soilik duzu.»

Joram Tate.

 

Erantzun*, da ad. Arrapostu eman edo beste modu batera erakutsi Herbert Spencerrek «kanpoko koexistentziak» deitzen dituenek interesa piztu izanaren kontzientzia, adibidez Satanek, «apoa bezala lurrari itsatsirik» zegoela Ebaren belarri atzetik aingeruak eman zion ziztadari erantzun zion bezala. Egindako kalteei erantzutea demandagilearen abokatua mantentzen laguntzea da, eta, bide batez, demandagileari satisfakzioa ematen.

 

Erantzunbehar*, iz. Zama libragarria, Jainkoaren, patuaren, Halabeharraren edo Zoriaren bizkarrera aise bota daitekeena. Astrologiaren egunetan izarren gainera bota ohi zen.

 

                Ebak bakean utzi balu sagar hura

                mundu honek ez luke gaur duen itxura.

                Eta burua bere lekuan eduki

                behar luketen askok edo iharduki

                etsaiekin famaren gudu zelaietan

                nolabaiteko jolas zoragarrietan,

                lur jota ikustean beren zorte txarra:

                «Horratx!,» diote oihuz. «Alderdi ederra!»

Alfer amorratua.

 

Erbesteratu, iz. Bere herriari kanpoan biziz zerbitzatzen diona, enbaxadorea izan gabe, ordea.

        Itsasontziko kapitain ingeles bati Eringo erbesteratua irakurria zuen galdetu ziotenean, honela erantzun zuen: «Ez, jauna, baina gustatuko litzaidake hantxe aingura botatzea». Handik urte batzuetara, pirata bezala parerik gabeko basakeria sail luze bat egin ondoren urkatu zutenean, ontziko bitakora-kaieran sarrera hau aurkitu zuten, bere erantzunaren garaian jasoa:

 

        Abuztuak 3, 1842. Eringo herpesteaz txiste bat egin dut. Ez didate ulertu. Gerra mundu guztiari!

 

Erdi, iz. Gauza bat erdibitu daitekeen edo erdibitutzat eman daitekeen bi zatietako bakoitza. Hamalaugarren mendean teologo eta filosofoen artean eztabaida sutsua piztu zen ea Orojakintasunak gauza bat hiru erditan erdibi zezakeen; eta Aita Aldrovinus zintzoak Rouengo Katedralean jendaurrean otoitz egin zuen, proposamenaren baieztapena Jainkoak modu ageriko eta garbiaz frogatzeko erregutuz eta, hain zuzen ere, (gogoko bazuen Hark) Manutius Procinus biraozale porrokatuaren gorputzean frogatzeko, gogor egiten baitzuen ezezkoaren alde. Procinus, ordea, sugegorri baten hozkadaz hiltzeko erreserbatua zegoen.

 

Erdipurdiko*, izond. Arkitektura estilo batekoa; Amerikar Ertaina ere deitzen zaio. Estatu Batuetako eraikin publiko gehienak Erdipurdiko estilokoak dira, nahiz eta aspaldiko gure arkitekto batzuek Ironikoa nahiago zuten. Washingtongo Etxe Zuriari egindako eranskin berriak Theo-Dorikoak dira, Dorikoaren Ordena eliztarrekoak, alegia. Izugarri finak dira eta ehun dolar kostatzen dira adreiluko.

 

Eremita, iz. Erokeria eta bizioak gizarterako gisakoak ez dituen pertsona.

 

Eresi*, iz. Bertsozko konposizio bat, zeinean, umorezko metodoetako bakar bat erabili gabe, idazlea saiatzen den irakurlearen gogoan lurjotzearen mailarik behekoena sortzen. Adibide ospetsuenetako bat honelako zerbait esanez hasten da:

 

                Horak somatzen du ilunabarra,

                artalde nagiak utzi du landa.

                Badoa etxerantz artzain zaharra,

                ni bakarrik nago, gaua bertan da.

 

Ergel*, iz. Letretan eta bizitzan erregetza duen dinastiako kidea. Ergelak Adanekin sartu ziren erregetzan, eta bizitzeko moduko lurraldeak gainezka jarri dituzte, ugari eta sendoak izaki. Haien ahalmenaren sekretua ostien aurkako soraiotasuna da; borraz kilimak egin iezazkiezu, eta pellokeria batekin barre egingo dute. Ergelek Beozian dute sorterria. Handik gosetearen bultza-indarrak aterarazi zituen, beren ergelkeriak uztak desegin baitzituen. Zenbait mendez Filistian lapazorriak baino ugariago egin ziren, eta horregatik haietatik askori filistearrak esan zaie gaur egun. Gurutzadetako garai nahasietan handik erretiratu ziren, eta pixkana Europa osoan barreiatu, eta politika, arte, literatura, zientzia eta teologiako postu goi gehienak bereganatu zituzten. Ergelen atal bereizi bat Erromesekin Mayflower-en etorri zen hona, eta herrialde honen aldeko berriak eman zituztenez, jaiotza, inmigrazio eta konbertsioei esker, azkar eta etengabe ugaldu dira. Estatistikarik fidagarrienen arabera, Estatu Batuetan Ergel helduen kopurua ia-ia hogeita hamar milioiraino iristen da, estatistikariak barne. Arrazaren erdigune intelektuala Peoria inguruan da, Illinois estatuan, baina New Englandeko Ergela da nabarmenki zintzoena.

 

Erkidego, iz. Administrazio erakunde bat, bizkarroi politiko sail batek kudeatua, logikoa denez lantsua baina kasualitate hutsez eraginkorra.

 

                Erkidegoaren Lege-biltzarreko gelarteak

                ikusten ditut alferrez, diru-gosetiz beteak.

                Hor dabiltza bulegari, uxer eta adjuntuak,

                alprojen lanpostuetan, jende xeheak pagatuak.

                Katuek ere tentuan hobe dute ibiltzea,

                edozeinek hankapean gutxi fida harrapatzea.

                Zorigaitzak jo ditzala, etsai zaharrak eraman

                bulegari, garraiari, paperak... denak airean!

                Bizitzaren kolpe latzak har ditzatela sailean,

                kukusoak eurrez bizi bitez haien gorputzean.

                Haien hezurrak jo bitza gaitzak eta oinazeak,

                mikrobio zein baziloz bete haien giharreak.

                Hetikak sakoneraino har bitza haien birikak,

                harrez gainezka egingo ahal du haien puxikak;

                teniak bete ditzala guztien heste-zuloak,

                haien ilean nahas bitez zorri, bartz, arkakusoak,

                maiz probatu ditzatela paldotzearen gozoak.

                Noiznahi esna zaitzatela zuen sofaren oihuak,

                haren ahots sepulkralak eta zoruen marruak.

                Lastairak ostikoz altxa zaitzatela hebainduak,

                diru-gosearen seme bekatuan ustelduak.

                Kriminalok, aizintzate jo herio-aingeruak,

                izan dezan mendekua nire lagun baztertuak.

K. Q.

 

Erlijio*, iz. Itxaropenaren eta Beldurraren alaba, Ezjakintasunari erakusten diona Jakinezina zer den.

 

        «Zein da zure erlijioa, seme?» galdetu zuen Rheimseko artzapezpikuak.

        «Barka, monsinore,» erantzun zuen Rochebriantek; «horretaz lotsa naiz».

        «Orduan, zergatik ez zara ateo egiten?»

        «Ezin dut; lotsatuko nintzateke ateismoaz.»

        «Hala bada, jauna, Protestante egin beharko zenuke.»

 

Erlikiontzi*, iz. Honelako gauza sakratuentzako ontzia: benetako gurutzearen zatiak, santuen saiheskiak, Balaanen astoaren belarriak, Pedrori damu zedin kantatu zion oilarraren birika, etab. Erlikiontziak metalezkoak izan ohi dira, eta sarrailaz hornituak, barneko gauzak atera eta garaiz kanpo mirariak egiten has ez daitezen. Anuntziazioko Aingeruaren hegaleko luma batek behin San Pedroren Basilikatik alde egin zuen sermoi batean, eta han bildutakoen sudurrak hainbeste kilimatu zituen, non esnatu eta bortizki doministiku egin baitzuten hiru aldiz. Gesta Sanctorum delakoan kontatzen da sakristau batek Canterburyko Katedralean San Denisen burua hauteman zuela liburutegian. Haren zaintzaile zorrotzak errita eman zionean, dotrina-gorputz baten bila zebilela argitu zion. Horrelako burugabekeria itxuragabeak hainbeste amorrarazi zuen apezpikua, non hutsegilea jendaurrean anatematizatu baitzuten, Stour ibaira bota, eta burua Erromatik ekarritako San Dennisen beste buru batez ordezkatu zuten.

 

Erloju, iz. Gizonarentzat balio moral handiko tresna, etorkizunari buruzko kezka arintzen diona, denbora pila geratzen zaiola gogorarazten baitio.

 

                Bazen behin gizon lantsu bat kexuka zebilena:

                «Ez dut astirik batere!» «Zer diozu, gizona?»

                erantzun zion lagunak, alfer galanta baitzen;

                «Hori da sekula faltan izaten ez duguna.

                Denbora? Lasai, gizona, hori baita, hain zuzen,

                ordu bat bera gaberik ez gaituena uzten.»

Purzil Crofe.

 

Ero, izond. Adimeneko burujabetasun handiaren gaitzak joa; pentsaera, mintzamolde eta jokabide ohikoekin bat ez datorrena; beren jokabideak aztertu ondoren, molde horiek ezarri dituztenek ohikotzat finkatu dituztenekin bat ez datorrena, alegia; gehiengoarekin bat ez datorrena; labur esateko, ez-ohikoa. Aipatzekoa da pertsonak ero deklaratzen dituzten funtzionarioek ez dutela inola ere frogatua sano daudenik. Adibidez, lexikografo (sonatu) honexek ez du bere sanotasunean uste sendoagorik lurraldeko edozein ero-etxeko apopilok baino; eta kontrakoaz ziur izanik ere, bere indar guztiak eskaini dizkion obra handiak erabat hartua izan beharrean, gerta liteke eskuez ero-etxeren bateko leihoko barroteak astintzen aritzea Noah Webster dela aldarrikatzen duen bitartean, ikusle totolotu sail baten libertimendu inozente bihurturik.

 

Eroapen, iz. Etsipenaren modu xumea, bertutez mozorrotua.

 

Erokeria*, iz. Bere indar sortzaile eta antolatzaileaz gizonaren gogoa inspiratu, haren egintzak gidatu eta bizitza edertzen dion «dohain eta ahalmen jainkozko» hura.

 

                Erokeria! Erasmok zu goraipatu arren

                liburu lodi batean eta autore sonatu

                askok zure ahalmena nahiz eta laudatu,

                omenaldia torizu zure seme umil honen

 

                partetik, hor bainabil ni, ari bainaiz saiatzen

                egin ahalaz, nahiz dardorik xurian ezin sartu,

                nire senide eta antzeko zoro, lerdo, tontotu

                guztiak zentzatu eta neuk bizirik irauten.

 

                Erokeria Ahalguztidun! Niri dagokit ozen

                bular-betez zutiturik zu kantatzea gartsu

                Mendebalde kostaldean, hor bildu baitzaizkizu

 

                jarraitzaileak, mordoka, denak zuri kantatzen.

                Halaz guztiz, ahul samarra banaiz egiteko oihu

                Dick Watson Gilder eroak egingo dit, bai, koru.

Aramis Loto Frope.

 

Erori*, ad. Bat-batean iritziz aldatu eta beste alderdi batera hurbildu. Ezagutzen den erorikorik nabarmenena Tarsoko Pablo harena izan zen, txaketero gisa gogorki maiseatu izan dutena gure egunkari alderdikoi zenbaitek.

 

Erosotasun, iz. Auzoaren deserosotasuna ikusteak sortzen duen gogo-egoera.

 

Erradikalismo, iz. Biharko kontserbadurismoa gaurko arazoetan nahasia.

 

Erradomantikari*, iz. Asmaketa-makilatxoa erabiltzen duena metal baliotsuak ergelen patriketan bilatzeko.

 

Erraiak, iz. pl. Urdaila, bihotza, arima eta beste barrenki batzuk. Ikertzaile ospetsu askok ez dute arima erraien artean sailkatzen, baina Gunsaulus doktorea, begi erneko autoritate sonatua, konbentzituta dago barea deritzan organo misteriotsua dela, hain zuzen ere, gure parte garrantzitsu hori. Aitzitik, Garret P. Servis irakasleak dio gizakiaren arima bere isats-ezaren zurtena osatzen duen bizkarrezurreko muinaren luzapena besterik ez dela; eta bere ustearen frogabide gisa aurkezten du, konfiantzaz, gertaera hau: isatsa duten animaliek ez dutela arimarik. Bi teoria hauei dagokienez, hobe da iritzirik ez ematea eta biak sinestea.

 

Erramu, iz. Laurus, Apoloren ohoreko landarea, eta garai batean hostogabetzen zena garaileen eta gortean eragina zuten poeten bekokietan jartzeko (Vide infra).

 

Erramudun*, izond. Erramu hostoz koroatua. Ingalaterran Poeta Erramuduna Erregeren gorteko kargudun izaten da, eta eskeleto dantzari gisa jardun ohi du gorteko edozein festatan eta abeslari mutu gisa errege-hileta guztietan. Ofizio goitar horren benefiziodun guztien artetik, Rober Southeyk izan zuen trebetasunik handiena Sansonen gisakoa zen herriaren alaitasuna drogatzen eta hari bezala ilea mozten; eta poeta hark kolorearen zentzu artistikoa zeukan gainera, zeinari esker herri dolua belzten ahal zuen edo hari krimen nazional baten itxura ematen ahal zion.

 

Erran zahar, iz. Esaldi ezagun higatua edo atsotitza (alegiazkoa eta lagunartekoa). Horrela deitzen zaio zirrin-zarran zerratuz sartu behar delako zurezko buru gogorretan. Hona hemen zenbait erran zahar eguneratu:

 

                Xentimo aurreratua, alferrik xahutua.

                Gizon bat ezagutzen da, antolatzen duen konpainiagatik.

                Langile txarrak borroka egiten du, irain hori botatzen dionarekin.

                Txori batek eskuan balio du, ekar dezakeena adinaxe.

                Hobe berandu, inork gonbidatu aurretik baino.

                Etsenplua hobea da, hari jarraitzea baino.

                Hobe ogi erdia osoa baino, baldin eta ondoren beste zerbait badago.

                Bi aldiz pentsa lagun bati hitz egin baino lehen, premian badabil.

                Egiaz merezi duenak are gehiago merezi du beste norbaiti egin dezan eskatzeko nekea.

                Zenbat eta gutxiago hitz egin, gutxiago ukatu behar.

                Hobeki irri egiten du, egiten duenak gutxien.

                Deabrua aipatu, eta entzungo du.

                Bi gaitzetatik, hauta txikiena izatea.

                Ez jo kolperik, zure enplegatzaileak kontratu on bat duenean.

                Gogoko lekuan, aldapa franko.

 

Errealismo, iz. Natura apoei iruditzen zaien bezalakoxea pintatzeko artea. Sator batek pintatutako paisajeari darion xarma, edo sits-beldar batek idatzitako istoriari dariona.

 

Errealitate*, iz. Filosofo ero baten ametsa. Mamu bat arragoan edukiz gero geratuko liratekeen hondakinak. Hutsaren erdigunea.

 

Errebelazioa*, iz. Apokalipsia, San Juan Jainkozkoak zekien guztia ezkutatzeko idatzi zuen liburua. Errebelazioa haren komentaristek egiten dute, ez baitakite deus ere.

 

Erreberentzia, iz. Gizonak jainkoa ohoratzeko eta horak gizona jainkotzeko duen jarrera.

 

Erredentzio, iz. Bekatariak beren bekatuen zigorretik libratzea, bekatuz iraindu zuten Jainkoaren hilketaren bitartez. Erredentzioaren doktrina gure Erlijio Santuko funtsezko misterioa da, eta misterio hori sinesten dutenak ez dira hilko, baina betiereko bizitza izango dute, hori ulertzen ahaleginak egin ditzaten.

 

                Bere bekatutik gizonaren arima esna dezagun

                erredentzio bidea zein den erakuts diezaiogun,

                zaila izan arren hura bihurtzen aingeru guztien lagun,

                erabiltzen ez badugu haren garbiketan nahiko lurrun.

                Erredentzio kontuan ez nahiz trebe, ez al dut ezagun?

                Bekataria gurutzera azkar: metodo hoberik ez inun.

Golgo Brone.

 

Erreferendum, iz. Proposatutako legeria herri bozketaren mende jartzeko legea, iritzi publikoaren zentzueza agerian uzteko.

 

Errefin, izond. Fin-fina, jaundotoreen modaren araberakoa.

 

                Erne ibili, bi klase hauek ez dira izaten berdin:

                jauntxoak finak izan ohi dira, jaundotoreak errefin.

                Ez dizu alde hau argituko Hiztegi laburgabeak:

                hiztegigintzan dihardutenak baitira jaundotoreak.

G. J.

 

Erreforma, iz. Batik bat erreformaren aurkako erreformatzaileak asetzen dituen gauza bat.

 

Errege, iz. Gizaseme bat, Amerikan «buru koroatua» izena ematen zaiona, nahiz eta sekula koroarik eramaten ez duen eta askotan aipatzeko moduko bururik ere ez.

                Errege batek oso bai oso aspaldi

                ziotsan bere bufoi alfer galantari.

                «Ni zu banintz eta zu, berriz, bazina ni

                alai asko biziko nintzateke beti,

                kezka eta damuak uxatzen lan gutxi.»

 

                «Bai, poz-pozik biziko zinateke, Jauna,

                zergatik ere esango dizut nik hurrena.

                Aditu nahi baduzu arrazoia, hona:

                Zu errege zaitugun bufoien andana

                osotik ni naizela bihotz-samurrena.»

Oogum Bem.

 

Errege-gaitz*. Antzina Erregeren esku ezarpenaz sendatzen zen gaitz bat, baina orain medikuek tratatu beharrekoa. Horrela Ingalaterrako «Edward elizkoiak» bere errege eskuak gaixoei ezarri eta sendatzen zituen:

 

                        Jende gaixo saldo bat.

                Hau dute sendabidea: gaitzak eskatzen du

                trebetasun handia; baina hark ukitzean,

                hain santu zeruak egin baitzuen haren eskua,

                hobera egiten dute berehala.

 

        Macbeth-eko Doktoreak egin zuen bezala. Errege eskuaren ezaugarri hau, dirudienez, koroaren beste jabetza batzuekin batera bereganatzen zuten ondorengoek, zeren «Malcolm»-ek dioenez:

 

                        esana baita,

                Bere ondorengoei Erregek

                uzten die bedeinkazio sendatzailea.

 

        Baina dohain hori nonbait oinordetza lerrotik kanpo geratu zen: Ingalaterrako azken errege-erreginak ez dira ukipen bidezko sendatzaileak izan, eta garai batean «errege-gaitz» esaten zitzaion gaixotasunak orain «scrofula», izen apalagoa darama, scrofa, zerri, hitzetik hartua. Ondorengo epigramaren egilea eta data hiztegi honen egileak bakarrik ezagutzen ditu, baina aski aspaldikoa da, izan ere Eskoziako nahasmendu nazionalaren inguruko txantxa ez baita atzo goizekoa.

 

                Erregek kutsatu zidan bere gaitza,

                Eskoziatik baitzen ezkutatua,

                eskuan ezarri zidan bere eskua.

                «Zoaz,» esan zuen, «sendatu zaitut.»

                Baina begiratu: ezkabia dut!

 

        Erregek ukitzearekin gaitzak senda ditzakeela orain ez du inork sinesten, baina, joandako zenbait sinestek bezala, ohituraren oroitarria utzi du, bere oroitzapenak gazte iraun dezan. Ilaran jarri eta Presidenteari eskua ematearen etorkia ez dago beste inon bilatu beharrik, eta ordezkari goi horrek bere diosal sendatzailea egiten dionean

 

                        bakanetan bisitatzen duen jendeari,

                begien mingarri diren puztu, zaurituak oro

                zirujauen etsigarri,

 

berak eta bere pazienteek jarraitzen dute aurrera eramaten orain iraungitako baina garai batean jende klase guztiek sinisten zuten fede baten lastargi behiala aldareko suan gordetzen zena. Iraun duen «hondar» eder eta jarraigarri bat da... antzinako garai santua gure «negozio eta bihotzetara» hurbiltzen diguna.

 

Erregina, iz. Erregea dagoenean erresuma gobernatzen duen emakumea. Erregerik ez dagoenean haren bitartez gobernatzen da.

 

Errekluta, iz. Zibiletatik uniformeak eta soldaduetatik ibilerak bereizten duen pertsona.

 

                Baserri, kale, fabriketatik erreklutatu berritan

                bere ibilera dela eraso edo dela erretretan

                ikuskizun txit zirraragarri, martziala da, benetan,

                bi eragozpen ditu, ordea: bi oin baititu hanketan.

Thompson Johnson.

 

Erreplika, iz. Arte lan baten aldakia, jatorrizkoa egin zuen artistaren esku berak egina. Horrela esaten zaio «kopia»-tik bereizteko, hori beste artista batek egina izaten baita. Biak trebetasun berdinaz eginak direnean erreplika izaten da bietan baliotsuena, dirudien baino ederragoa dela uste izaten baita.

 

Errepublika, iz. Nazio bat, zeinean, gobernatzailea eta gobernatua berdinak izanik, aukerako obedientziara behartzeko ahalmena autoritate zilegiak bakarrik duen. Errepubliketan ordena publikoaren funtsa arbasoengandik jasotako ohitura gero eta ahulagoa da, zeinek, benetan gobernatuak izanik, beste erremediorik ez zutelako obeditzen baitzuten. Errepublika motak sorburu izan zuten despotismoaren eta helmuga duten anarkiaren arteko mailak adina dira.

 

Erreskate, iz. Saltzailearena ez den eta eroslearena izan ez daitekeen gauza baten erosketa. Inbertsiorik onuragaitzena.

 

Errespetagarritasun, iz. Buru soil baten eta banku kontu baten amodioen emaitza.

 

Erretolika, iz. Hizlari baten misilaren leherketa. Durduzatu egiten du, baina behar ez bezalako sudurraz hornitutako behatzailearentzat leherketaren berezitasun handiena da prestatzerakoan erabilitako sutauts mota desberdinen usaina.

 

Erretore, iz. Ingalaterrako Elizan, Trinitate parrokialeko Hirugarren Pertsona; beste biak Apaiza eta Bikarioa dira.

 

Errito, iz. Lege, arau edo ohiturak finkatutako zeremonia erlijioso edo erdi-erlijiosoa, jatortasunaren olio esentziala arretaz zukutu zaiona.

 

Erritualismo, iz. Jainkoaren Lorategi holandarra, nondik Bera lerrozuzeneko askatasunean ibil daitekeen, belarra zapaldu gabe.

 

Erromes, iz. Serioski hartzen den bidaiaria. Aita Erromes bat izaten zen tipo bat, salmoak sudurmintzoz kantatzen uzten ez ziotelako Europatik 1620an alde egina eta Masachussettsen kantatzen jarraitzen zuena, non Jainkoa pertsonifikatzen ahal baitzuen bere kontzientziaren aginduen arabera.

 

Erruki, iz. Harrapatutako gaizkileek biziki estimatzen duten ezaugarria.

 

Errusiar, izond. Gorputz kaukasiarra eta arima mongoliarra duen pertsona. Tartaro Emetikoa.

 

Erudizio, iz. Liburutik burezur hutsera astindutako hautsa.

 

                Bere erudizio zabal eskerga hari esker,

                Kreazioan, zekien, nor zen nor eta zer, zer.

                Baina buru nahaste batek eragin zion oker:

                lapurtzea harentzat ez zen ez delitu, ez ezer.

Romach Pute.

 

Esamesa, iz. Izen onaren hiltzaileen armarik kuttunena.

 

                Oi Esamesa! astinduko zaitut,

                nik ez dut behar beste ezpatarik

                zu zorrotz erabiliz dira alferrik

                kota-babesak, garaituko baitut.

 

                Ikara bedi etsai ikusezin

                baten aurka alferrik dabilela,

                ohartuz mihi gaiztoz ari naizela

                zabaltzen haren hainbat kontu zikin.

 

                Inor zauritu gabe, ni garaile

                indarra gordeko dut zer gerta're

                eraitsi izana zabaldu gabe.

Joel Buxter.

 

Esekidura*, iz. Hiltzaile epaitu baten aurkako erasoen etenaldia, Exekutiboari aukera ematen diona hilketa Fiskalak egin ote duen ala ez erabakitzeko. Etorkizun den edozer desatseginen etena.

 

                Altgeldek, bere ohe gorian etzanik,

                oheburuan zeukan deabru bat zutik.

 

                «Sukaldari krudela, emazu atseden,

                su etenalditxo bat, laburra bederen!

 

                Oroitu nik askatu nituela ziegan

                Illinoisen neuzkanak preso espetxean.»

 

                «Horregatik bakarrik sutan haiz erreko,

                zizare ziztrin hori, erreko betiko.

 

                Halere, errukiturik hire egoeraz

                libratuko haut hire min eta nekeaz.

 

                Aldi batez ezerk ez dik kalte egingo,

                nor haizen ere ez duk inor oroituko!

 

                Zeruan isiltasun latz bat hedatu zen:

                Errukia ari baitzen Infernuan sartzen.»

 

                «Nire etenaldia, deabru txintxoa,

                bedi zure menpeko naizen artekoa.»

 

                «Bai zera! askatuek ziegatik atera

                eta behar zutena sartzeko atzera.»

 

                Poz zirrara Altgeldek bere azalean

                beste aldera jira zuten bitartean.

Joel Spate Woop.

 

Eskale, iz. Bere adiskideek lagunduko ziotela uste izan zuena.

 

Eskarifikazio, iz. Erdi Aroko jainkozaleak egiten zuen penitentzia mota bat. Erritoa batzuetan labanarekin egiten zen, beste batzuetan burdina goriarekin, baina, betiere, dio Arsenius Asceticusek, onargarria izateko, penitentziagileak ez zion barkatu behar bere buruari ez mina ez desitxuratze kaltegabea. Gaur egun eskarifikazioa, beste penitentzia latz batzuk bezala, ongintzak ordezkatu du. Liburutegi bat sortzeak edo unibertsitate bat hornitzeak, diotenez, damudunari min latzagoa eta iraupen luzeagokoa ematen dio labanak eta burdina goriak baino, eta horregatik grazia lortzeko bide ziurragoa da. Hala ere, bi erreparo larri egiten zaizkio penitentzia metodo gisa: egiten duen mesedea eta justiziaren hutsa.

 

Eskarmentu, iz. Noizbait geureganatu genuen erokeria aspaldiko ezagun higuingarria dela ezagutzeko ahalmena ematen digun jakinduria.

 

                Gauaz lainope lodi batean galduta dabilenari,

                lur istiltsuan lepalderaino sartuta dagoenari

                eskarmentuak, eguzkiaren gorapenean bezala,

                argitzen dio egin bidea erabat okerra zela.

Joel Frad Bink.

 

Eskean ibili, ad. Zerbait eskatu, emango ez dizutelako ustearen araberakoa den irrikaz.

 

                «Zer da gizon hau, aitatxo?»

 

«Eskale txar bat, semetxo;

                argal, alfer, muturbeltza... eta benetan gaiztoa!

                Ikusi nola dagoen begiratuz giltzapetik!

                Eskalea izatea ez da oso ona, horratik!»

 

                «Zergatik sartu zuten hor?»

 

«Obedituz urdailari

                eraso egin baitzion legeari.»

 

                «Urdailari?»

 

                «Bai, maitea. Gainontzean, hilko baitzuen goseak...

                pozik ez dizu ematen horrelaxe egoteak.

                Mokadurik gabe zenbait egun luze pasaturik:

                "Ogia! Ogia!," horrek ez zuen beste konturik.»

 

«Ez al zuen nahi tartarik?»

 

                «Soinean ere ez zeukan saltzeko gauza ugari;

                hori maiz gertatzen zaio eskean dabilenari.»

 

                «Zer gertatzen zitzaion, ba, ez aritzeko lanean?»

 

«Egingo zuen gustura, baina aditzen zuenean,

                "Alde hemendik, alproja!", esaten ziotenean,

                "Hi, alfer, ustela, ospa!," hortxe zeukan debekua.

                Aipatzen dizut kontua, ikusteko mendekua,

                gizon honexek hartua,

                izan zela ziztrina,

                satsu eta zikina.

                Mendekua, betiere, da siouxen kontua,

                Siouxen belzkeria...

                Baina huskeriengatik...»

 

«Zer egin zuen eskale gaixo horrek hor sartzeko?»

 

                «Bi ogi lapurtu urdail gosetua asetzeko.»

 

                «Hori besterik, aitatxo, ez al duzu kontatzeko?»

 

«Ez dago beste askorik.

                Gizona preso harturik,

                barrura eraman zuten, eta errematatzeko

                hori baino lagunarte hobea du probatzeko.»

 

                «Eta bada han ogirik premia dutenentzat?»

 

«Txigortua bai behintzat.»

Atka Mip.

 

Esker txarreko, izlag. Beste batengandik mesede bat jaso duena edo beste edozein modutara karitate-xede dena.

 

                «Gizon guztiak, esker txarreko,»

                zioen zinikoak: «Ez,»

                filantropoak, «nik behin, hasteko»

                esan zion erantzunez,

                «bati mesede bat egin nion,

                ez dit ordaindu irainez.»

 

                «Ka!,» zinikoak erantzun zion

                «esan nor den berehala,

                joango natzaio pozik, nahi baitut

                berak bedeinka nazala.»

                «Ezingo zaitu, ba, bedeinkatu,

                mutua da. Hau tamala!»

Ariel Selp.

 

Eskomiku, iz.

 

                «Eskomiku» hitz hauxe da benetan ezaguna

                edozein sermoitan guk maiz aditu ohi duguna.

                Esan nahi du ageriko madarikazioa

                bekatari eskandalu-emaile txarrarentzat;

                erritoak bihurtzen du Satanen esklaboa

                eta sekulakoz salbaezina Kristorentzat.

Gat Huckle.

 

Eskritura santu, iz. Gure erlijio santuko liburuak, gainerako fede guztien oinarri diren idazki faltsu eta profanoekin nahastu behar ez direnak.

 

Esku, iz. Giza besoaren bukaeran eramaten den eta maiz norbaiten patrikara oldartzen den tresna bitxia.

 

Eskubide*, iz. Izan, egin edo edukitzeko ahalmen legitimoa; adibidez, errege izateko eskubidea, norbaiten auzo izatekoa, elgorria jasatekoa, eta horrelakoak... Horietako lehena Jainkoak bere borondatez zuzenean emana zela uste zen, garai batean; eta oraindik ere hori esaten da in partibus infidelium, Demokraziaren erresuma argituez haraindian; lekukotzat Sir Abednego Bink-en lerro hauek:

 

                Zer eskubidez dute erregeek denon gainetik agintzen,

                nork ditu haien botere eta estatua legeztatzen?

                Zeren behar da izan mandoa baino are egoskorrago

                Jainkoak nahi ez duen tronuan ordubete egiteko,

                nahiz Presidente aulkian inor arrandian ibiltzeko.

 

                Beraz, guztia da Jainkoaren borondatez ezarria

                gertatzen dena, gertatzen dela, harexek erabakia.

                Kontu polita bailitzateke haren nahiari txoroek

                iskin egiten errez balute, aurre egiten alprojek.

                Horrela balitz esango nuke (inor iraindu nahi gabe)

                Jainkoa dela zabarkeria laguntzaileaz kulpante.

 

Eskuera, iz. Eskuaren irispidea. Hornitzeko joera zuzenean asetzeko posible (eta ohiko) den esparrua.

 

                Bizitzak erakutsi egia

                mendiak bezain zaharra:

                pobreak duen gaitzik txarrena

                irispidearen traba.

G. J.

 

Esku-ezarpen, iz. Eskuak ezarriz bedeinkatu edo sagaratzea... eliza-sistema askotako zeremonia arrunta, baina sinesmenik benetakoenaz Lapurrak deritzan sektak praktikatzen duena.

 

                Apaiz nahiz derbixeak honelaxe dio:

                «Jauna!, esku-ezarpen hau dela medio

                lur eta diru hauek behin eta betiko

                izan bitez guztiak zure elizarako.

                Ezarpen honek ziur zaitu saminduko,

                Ez zaitez lotsa. Aurrera! Egizu birao!»

Pollo Doncas.

 

Eskuin-ezkerti, izond. Eskuineko nahiz ezkerreko poltsikoa trebetasun berdinez husteko gaitasuna duena.

 

Eskuzabal, izond. Hitz hau, lehen, jaiotzaz noblea zen pertsonari zegokion. Orain, ordea, berez noblea denari dagokio, eta atsedenalditxo bat hartzen ari da.

 

Eskuzabaltasun*, iz. Eskueran asko duenaren zabaltasuna, ezer ez duenari ahal duen guztia hartzen uzteko adinakoa.

 

        «Enara bakar batek urtero hamar milioi eltxo irensten omen ditu. Intsektu horiek guztiak eskueran jartzea Kreatzaileak Bere kreaturen bizitzaz arduratzean erakusten duen eskuzabaltasunaren seinale adierazgarritzat daukat.» — Henry Ward Beecher.

 

Esku-zartak, iz. pl. Herri beherenak bera lausengatu eta irensten dutenei ordainetan ematen dizkien txanponak.

 

Esoteriko*, izond. Oso modu bitxian zentzugabe eta erabat ezkutukoa dena. Antzinako filosofiak bi modutakoak ziren: exoterikoak, filosofoek berek ere erdizka ulertzen zituztenak, eta esoterikoak, inork ulertu ezin zituenak. Azken joera hori izan da gaurko pentsamenduari sakoneraino erasan diona eta gure garaian hobekien onartu dena.

 

Espetxe*, iz. Zigorra eta saria emateko lekua. Poetak esaten digu:

 

                «Harrizko murruek ez dute espetxea egiten...»,

 

baina harrizko murruen, politikako bizkarroien eta moral hezitzaileen konbinazioa ez da atseginen lorategia prezisamente.

 

Estiragailu, iz. Argudio tresna bat, garai batean fede okerraren jarraitzaileak egia berdaderora erakartzeko maiz erabilia. Konbertitzen ez zirenentzako onbideratzeko tresna gisa sekula ez zen bereziki eraginkorra izan, eta gaur egun estimazio txikia du.

 

Estualdi, iz. Koherentziaren saria.

 

Etnologia, iz. Gizonen tribuak aztergai dituen zientzia, hala nola lapurrak, ebasleak, iruzurgileak, ergelak, eroak, inozoak eta etnologoak.

 

Etorkin, iz. Herrialde batzuk beste batzuk baino hobeak direla pentsatzen duen ezjakina.

 

Etorkizun, iz. Gure negozioak ongi doazen, gure lagunak leialak diren eta gure zoriona ziurtatua dagoen aroa.

 

Etsaigo, iz. Lurraren gainpopulazioaren zentzu zorrotz-zorrotz eta berariaz aplikatua. Etsaigoa aktiboa eta pasiboa izan daiteke; adibidez (hurrenez hurren) emakume baten sentiera bere lagun emakumezkoenganako edo bere gainerako sexukideenganako.

 

Etxe, iz. Gizon, arratoi, sagu, kakalardo, labe-zomorro, euli, eltxo, arkakuso, bazilo eta mikrobioak bizitzeko egindako eraikin hutsa. Zehapen Etxe, zerbitzu politiko eta pertsonalak saritzeko lekua, eta gaizkile eta lapurrak atxilotzeko. Jainkoaren Etxe, bere gainean kanpandorrea eta hipoteka dituen eraikina. Etxe-zakur, piztia kiratsa, etxean edukitzen dena, inguratzen diren pertsonei irain egin eta bisitari ausarta izutzeko. Etxeko mirabe, Sexu aurkariko pertsona gaztea, Jainkoak ezarri nahi izan duen lekuan mila modutan desatsegina eta zikina izateko duen trebetasuna erakuts dezan enplegatzen duguna.

 

Etxegabe, iz. Zerga guztiak etxeko ondasunetan pagatu dituena.

 

Eukaristia*, iz. Teofagoen sekta erlijiosoaren ospakizun sakratua.

        Behin zoritxarrez sekta honen partaideen artean eztabaida bat sortu zen jaten ari zirenari buruz. Eztabaida horretan bostehunen bat mila hil dituzte, eta gaia ez da oraindik argitu.

 

Euli-kaka*, iz. Puntuazioaren aurrekaria. Garvinus ohartu zen herri eskolatu zenbaitek erabiltzen zituzten puntuazio sistemak hasieran haien lurraldeak izurritzen zituzten eulien ohitura sozialen eta dieta orokorraren araberakoak zirela. Izaki horiek, beti idazleen hurbiltasun eta adiskidetasuna dela-eta nabarmendu baitira, erruz edo eskas apaintzen dituzte lumaren pean mamitzen ari diren eskuizkribuak, beren obratze ohituren arabera, eta obraren zentzua argitzen nolabaiteko interpretazio goitarrago eta idazlearen borondatearekiko loturarik gabeko batez. Literaturako «maisu antzinakoek» —hasierako idazleek, alegia, zeinen obra hainbeste estimatzen duten hizkuntza honetako oraingo izkiriatzaile eta kritikariek—, ez zuten puntuaziorik erabiltzen, eta etengabe jarraian idazten zuten erabateko askatasunez, puntuak erabiltzeak sortzen duen pentsaeraren eten hori gabe (Gauza bera ikusten dugu gaurko haurren jokabidean; izan ere, puntu honetan ematen dute etsenplu harrigarri eta eder bat, eta erakusten gizabanakoaren haurtzaroak errepikatzen dituela arrazen haurtzaroaren ezaugarri diren metodoak eta garapen mailak). Antzinako izkiriatzaile haien obran puntuazio guztia, gaurko ikertzaileen tresneria optiko eta test kimikoen arabera, idazlearen laguntzaile argi eta zerbitzal honek ezarria da, euli arruntak, Musca maledicta-k, alegia. Antzinako eskuizkribuak transkribatzean, ondorengo idazleek, dela obrak bereganatzeko, dela naturaltasun osoz azalpen jainkozkotzat dauzkatenak kontserbatzeko asmoz, papiroan eta pergaminoan aurkitzen duten edozein arrasto begiramenik eta zehaztasunik handienaz kopiatzen dute, eta horrela pentsamenduaren argitasunaren balioberretze ulertezina lortzen. Kopisten garaikideak diren idazleak naturaltasunez baliatzen dira arrasto horien abantaila begibistakoez beren lanean, eta, beren etxeko euliek eskuzabalki ematen dieten laguntzari muzin egin gabe, askotan antzinako idaztiak berdintzen dituzte, eta are batzuetan haiei gaina hartzen ere, puntuazioari dagokionean behintzat, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Euliek literaturari ematen dizkioten zerbitzu garrantzitsuez jabetzeko, aski da nobelagile ospetsuren baten orri bat krema eta melaza platerkada baten ondoan jartzea gela eguzkitsu batean eta erreparatzea nola haren «zorroztasuna argitzen eta estiloa fintzen den» eulien eraginaren pean uzten den denboraren proportzio zehatzean.

 

Euskortasun, iz. Giza eskuaren ezaugarri bat, inguruan erabiltzen den diruari atxikitzeko joera nabariari dagokionez. Bere garapen mailarik handiena agintarien eskuetan eman ohi du, eta politika arloan karrera egiteko hornidura baliagarritzat hartu ohi da. Ondoko bertso argigarriak politika arloan arrakasta handia zuen jaun kaliforniar bati buruz idatziak dira; orain bere kontuak ematera joana da:

 

                Euskortasun nabarmena

                haren atzaparrarena.

                Aingira oliotuak

                eman arren, bere eskuak

                eutsiko die bai aise

                batere mugitu gabe!

                Eskerrak arnasa ez den

                eskuz tiraka egiten.

                Bestela bera lehena

                ematen bere azkena.

                Beharrik, zuk diozunez.

                Ez, ba. Hau da dakiena:

                tiratzen bai, askatzen ez.

 

Exekutibo, iz. Gobernuaren bulegari bat, eginbehartzat duena botere legegilearen nahiak betearaztea, departamentu judizialak baliogabe eta ondoriorik gabekotzat deklaratzen dituen arte. Jarraian ematen da Ilargitar txunditua (Pfeiffer & Co., Boston, 1803) izenburuko liburu zahar batetik hartutako zati bat:

 

        Ilargitarra: Orduan, zuen Kongresu horrek lege bat onartu duenean, zuzenean bidaltzen da Auzitegi Gorenera ea konstituzionala den berehala jakiteko?

        Lurtarra: Ez, ez. Ez da beharrezkoa Auzitegi Gorenaren onespena, harik eta zenbait urtetan bete beharrekoa izan ondoren norbaitek bere baitan duen eraginari aurre egiten dion arte... bezeroak berak, alegia. Presidenteak, ontzat ematen badu, berehala betearazten du.

        Ilargitarra: Ah, orduan, botere exekutiboa legegilearen zati bat da. Zuen poliziek onartu egin behar al dituzte betearazten dituzten ordenantzak?

        Lurtarra: Oraindik ez. Ez, behintzat, polizia diren aldetik. Xehetasunetan sartu gabe, hala ere, lege guztiek izan behar dute behartu nahi dituzten pertsonek onartuak.

        Ilargitarra: Ulertzen dut. Heriotza-zigorra ez da baliozkoa hiltzaileak sinatu arte.

        Lurtarra: Adiskide, oso gordin azaltzen dituzu gauzak, gu ez gara horren zurrunak.

        Ilargitarra: Baina baliozkoak izan daitezen, legeak luzaro aplikatu beharrean oinarritzen den sistema judizial garesti hau mantendu beharra, eta orduan ere pertsona pribaturen batek auzitegira eramaten duenean bakarrik..., ez al da oso nahasgarria?

        Lurtarra: Bai, halaxe da.

        Ilargitarra: Orduan, zuen legeak, praktikan jarri aurretik, zergatik ez dira indarrean jartzen, ez, hain zuzen ere, zuen Presidentearen sinaduraren bidez, baizik Auzitegi Goreneko Epaile Nagusiaren bidez?

        Lurtarra: Ez dago horrelako jokabidearen aurrekari bakar bat ere.

        Ilargitarra: Aurrekaririk ez, beraz. Eta hori zer da?

        Lurtarra: Bostehun legelarik eman dute horren definizioa, bakoitzak hiru liburukitan. Beraz, nola jakin?

 

Existentzia, iz.

 

                Amets beldurgarria, irudipen hutsa,

                benetakotzat hartzen erraz izan arren,

                zeinetik Herioak esnatzen gaituen

                eta esanarazten: «Zakurraren putza!»

 

Ez-amerikar, izond. Gaizto, jasanezin.

 

Ezagun, iz. Mailegu bat eskatzeko bezain ongi ezagutzen dugun pertsona, ez, ordea, mailegu bat emateko bezain ongi. Adiskidetasun maila bat, xumea deitzen zaiona, haren xedea apala edo ezezaguna denean, eta adiskidetasun mina esaten zaiona, hura aberats edo ospetsua denean.

 

Ezagutu, du ad. Aitortu. Batak bestearen akatsen ezagupena aitortzea da egia maitatzeak ezartzen digun eginbehar gorena.

 

Ezbehar, iz. Sekula faltan izaten ez den behar klasea.

 

Ezinegon, iz. Lagunaren aberastasunaren eraginpean harrapatzen den gaitza.

 

Ezjakin*, iz. Zuretzat eskuartekoak diren zenbait jakingai motaren berri ez duen pertsona, eta zuretzat erabat ezezagunak diren beste batzuk dakizkiena.

 

                Babo hain zen ezjakina,

                Argi hain asko-jakina,

                non esan baitzion Argik:

                «Ez dakienak behar dik

                apalxeagoa izan,

                hik eskolako jakintzan,

                argi izpirik ez baituk.»

                «Horretan arrazoia duk;

                ez zekiat ezer asko

                eskoletan ikasia,

                baina ez izan harroxko;

                hutsa duk hik handik kanpo

                ikasitako guztia.»

Borelli.

 

Ezkontza, iz. Nagusi batez, etxekoandre batez eta bi esklaboz osatutako komunitatearen egoera edo izaera; komunitatea, guztira, biz bakarrik osatua da.

 

Ezkortasun, iz. Baikorrak bere txorimalo esperantza eta irribarre jasanezinaz baliatuz erakusten duen nagusitasunaz behatzaileari, bere konbikzioen gainetik, nahitaez bereganarazten dion filosofia.

 

Ezkutatu*, da ad. «Modu bitxian mugitu», beste norbaiten jabetzak hartuta jeneralean.

 

                Udaberria keinuka! Orok deiari arrapostu,

                zuhaitzak hostatu dira, diruzainak ezkutatu.

Phela Orm.

 

Ezkutatu, ad. iz. bur. Ordainarazpenen irispidetik bere burua kentzeko zuhurtzia izateko moduko diru-sarrerak dituen pertsona.

 

Eztabaida, iz. Besteak oker daudela ziurtatzeko metodoa.

 

Eztei, iz. Zeremonia bat, zeinean bi pertsonak erabakitzen duten bat izatea, batek ezer ez izatea eta orok jasangarri ez izatea.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia