B

 

Baal*, iz. Antzinako jainko bat, izen desberdinen pean franko adoratua. Baal oso ezaguna zen feniziarren artean, izen honexekin; Belus edo Bel izenaren pean ohoratzen zuen Berosus apaizak, Zoperna Jeneralaren kontakizun ospetsua idatzi zuen hark; Babel izenaren pean bere aintzarako eraikitzen hasitako dorre bat izan zuen Sinarreko Ordekan. Babel hitzetik datoz babalore, babolio, babalasto. Edozein izenen pean adoraturik, Baal Eguzki jainkoa da. Beelzebul gisa eulien jainkoa da, euliak eguzki printzetatik sortzen baitira ur aintziratsuetan. Fisizian Baal, oraindik ere, Bolus izenaren pean gurtzen dute, eta Sabel izenaren pean gurtzen dute eta sakrifizio ugari egiten dizkiote Hesterriko apaizek.

 

Babesgabe, izond. Eraso egiteko ezgauza.

 

Babo, izond. Tribu handi eta ahaltsu bat, giza aferetan beti eragin menderatzaile eta kontrolatzailea izan duena. Baboaren jarduera ez da pentsamenduaren edo ekintzaren alor jakin batera mugatzen, «guztia bete eta arautzen du». Azken hitza du beti; haren erabakiak apelaezinak dira. Iritzi eta gustuaren modak ezartzen ditu, hizketaren mugak erabakitzen eta jokabidearen arauak mugalerro zorrotzez finkatzen.

 

Babesleku*, iz. Arriskuan denari ezkutalekua ziurtatzen dion edozer. Moisesek eta Josuek babeslekutarako 6 hiri ezarri zituzten: Bezer, Golan, Ramoth, Kadesh, Schekem eta Hebron. Besteri bizia kendu zionak horietara ihes egin zezakeen, haren ahaideak atzetik segika zituenean. Asmaketa horrek ariketa osasungarria jartzen zion eskueran iheslariari, eta besteei, berriz, ehizaren plazerrez gozatzeko aukera ematen zien; horregatik, hildakoaren arima behar bezala ohoratzen zuten, Greziako antzinako hileta-jolasen antzekoei jarraikiz.

 

Baikor, iz. Beltza zuria delako doktrinaren aldekoa.

        Ezkor bat Jainkoarengana joan zen lasaitasun bila.

        «Ah, itxaropena eta alaitasuna berreskura diezazudan nahi duzu,» esan zuen Jainkoak.

        «Ez,» erantzun zuen eskean zihoanak, «horiek justifikatzeko zerbait sortzea nahi nuke.»

        «Mundua osotasunean hartu behar da,» esan zion Jainkoak, «eta zerbait oharkabean pasatu zaizu... optimista ere hilkorra dela.»

 

Baikortasun, iz. Gauza guztiak, itsusiak barne, ederrak direla esaten duen doktrina edo sinestea; gauza guztiak, batik bat txarrak, onak direla, eta okerra zuzena dela dioena. Doktrina honen defendatzaile egoskorrenak behin eta berriz ezbeharra jasaten ohitutakoak dira, eta modu onargarrian argudiatzen dute irribarrea dirudien musu-imintzio batez. Fede itsua denez, kontra-argudioen argiaren eraginpetik at dago... adimenaren gaitz bat da; beraz, heriotza beste tratamenturik ez du. Hereditarioa da, baina ez da kutsagarria, zorionez.

 

Bainu, iz. Zeremonia mistiko suerte bat, adorazio erlijiosoa ordezkatu duena, zenbaterainoko eragin izpirituala duen erabaki gabe dagoen arren.

 

                Lurrun bainu bat hartu eta

                galdu zuen bere larrua,

                eta hain gorri distiratsua

                ikusirik bere burua,

                laudatu zuen garbiketa.

                Gauza bat zuen ahaztua:

                ixtea biriken krisketa:

                kendu grakaz zeuzkan beteta.

Richard Gwow.

 

Bakarrean, adlag. Konpainia txarrean.

 

                Elkar talkatuz, burdin-suharriak

                darakuste txinpart eta garrean

                Jaun metalak eta andre harriak

                maite izan dutela bakarrean.

Booley Fito.

 

Bake, iz. Nazioarteko gorabeheretan, bi gudu aldien arteko trikimailu aldia.

 

                Zer da atergabe belarrietan

                min ematen didan hori?

                Itxaropentsu bakezaleak

                bakeari kantuz ari.

                Nahi dute Bake Unibertsala,

                ezkontide nahi lukete.

                Aise lortuko lukete, nola

                erdietsi balekite.

                Gau eta egun lantsu dabiltza

                diruditela satorrak;

                Jaun zerukoa, barka itzazu

                horien asmo koxkorrak!

Ro Amil.

 

Bakezale, izond. Kuakero hila.

 

Bako*, iz. Gure arbasoek mozkortzeko aitzakiatarako sortu zuten jainko komenentziazko bat.

                Bako adoratzea bekatua ote?

                Liktoreek horregatik zilegi al dute

                giltzapean gu sarturik

                egurtzea aspertu arte?

Jorace.

 

Baltsamatu, du ad. Landarediari iruzur egin, bizitzeko behar dituen gasak giltzaperatuz. Egiptoarrek, beren hildakoak baltsamatuz eta animalien eta landareen biziaren arteko oreka naturala horrela hautsiz, beren garai bateko lurralde emankor eta jendetsua antzu bihurtu zuten, eta jende-multzo handia mantentzeko ezgauza. Bide horretan aurrera egindako beste urrats bat gaur egungo metalezko hilkutxa da, eta beren auzoaren belardia zuhaitz bihurturik apaintzen edo haren mahaia errefau sorta bihurturik hornitzen ari beharko lukeen hildako mordo bat kondenatua dago alfer-alferrik luzaro irautera. Guk bizirik irauten badugu, noizbait hildakoa guretzat izango dugu, baina bitartean bioleta eta larrosak erdi hilik daude, haren gluteus maximus-ari hozka egiteko irrikaz.

 

Bandera, iz. Oihal-puska koloreduna, armaden gainetik eramaten dena eta forte eta itsasontzietako mastetan egoten dena. Londresko zenbait orubetan ikusten diren iragarki batzuek helburu berdina dutela dirudi: «Zaborra hemen bota behar da».

 

Barautsontzi, iz. Maiz egunkarietako erredakzio buru gisa aurkitzen dugun funtzionario baliagarria. Bere eginkizunean lotura hertsia izan ohi du xantaiariarekin, bitarteko identitatearen lokarria dela medio; zeren barautsontzia xantaiari mozorrotua besterik ez baita, nahiz eta azken hori espezie berezitu gisa maiz aurkitu. Barautsontzikeria xantaia baino erdeinagarriagoa da, iruzurgilearen ofizioa errepideetako lapurrarena baino erdeinagarriagoa den bezala; eta paralelismoak haruntzago doaz; izan ere, lapur gutxik iruzur egingo luketen arren, edozein ziraunek eraso egingo luke ausartuko balitz.

 

Barkatu, ad. Gaizkiletzarako bidera itzul dadin erruduna zigorra bete gabe libre uztea. Gaiztakeriaren lilurari esker txarraren tentazioa eranstea.

 

Barne-giro*, iz. Eroak, zorionez, elkar suntsitzeko herrestan eramaten dituen harremana.

 

                Bi Seidlitz hautsek zuten elkar erakartzen

                bata urdin, bestea zuri: hala ziren.

                Hauts biak oharturik bata bestearen

                gorentasunaz, biak txoraturik zeuden.

                Goxotasun irrikak zituen lelotzen,

                hobe pote bakarra, bat sobran zeukaten.

                Barne-giroa egin baitzen estuago,

                haiek baino askatzen bi lapa aiseago,

                entzun baino hitz egin baitute nahiago

                bakoitza lotsaturik, gorriturik dago,

                biak beren bertuteez ezin harroago,

                guztietan baitira puntaren puntako,

                ia bekatuaren mailatik gorago.

                Zenbat eta gehiago ahoa ireki

                arimak hurbilago, oi zeinen ederki!

                Negar malkoak ere laster dira ilki

                akabo, hauts bakoitzak borborka diraki.

                Beraz, naturak bere bidea badaki,

                lagun eta maitale zigortzen gogorki,

                ihes eginez gero lege zahar honi:

                bakoitza bera dela: zu zu eta ni ni.

 

Barometro, iz. Zer eguraldi dugun adierazten duen tresna ongi asmatua.

 

Barre*, iz. Barne astindu bat, hazpegiak bihurrikatzen dituena eta hots artikulatu gabez lagundua. Gaitz kutsagarria da, eta, aldizkakoa bada ere, sendaezina. Barre atakeetarako joera da gizakia animaliengandik bereizten duen ezaugarrietako bat... haiek ez baitira soilik etsenpluaz kutsaezinak, baizik eta gaitza hedatzen duten mikrobioek mendean duten esparrua ere irazkaitza dute. Giza eriarengandik inokulazioz animaliei transmititzerik ba ote dagoen ez dakigu, esperimentuz frogatu gabe dagoen kontua baita. Meir Witchell doktoreak dio barrearen kutsagarritasuna esputa direlakoen fermentazio berehalakoaren ondorio dela, listu izpiak xirripaz hedatzen baitira. Gaitzari, bere ezaugarri bereziak direla-eta, convulsio spargens deritza.

 

Barregarri, izond. Hitz honek adierazten du bere xede denak ez duela hitz hori esan duenaren bereizgarri den duintasuna. Grafikoa, mimetikoa edo soilik mingarria izan daiteke. Esaten da Shaftesburyk egiaren frogabide deklaratu zuela... baieztapen barregarria, bestalde; izan ere, zentzugabekeria solemne ugari barregarritzat hartuak izan dira mendeetan zehar, horregatik herriaren estimazioan behera egin gabe. Adibidez, zeri egin zaio barre ausarkiago Haurren Eskubideei baino?

 

Basilisko, iz. Oilar-emea. Suge moduko bat, oilarraren arrautzatik sortua, Basiliskoak begi okerra zuen, eta begirada zorigaiztokoa. Fedegabe askok ukatzen dute izaki honen existentzia, baina Semprello Auratorrek ikusi eta gobernatu zuen tximistak itsututako basilisko bat, Jupiterrek maite zuen dama goi-mailako bati zorigaitzez begiratu ziolako zigor gisa itsutua, hain zuzen ere. Antzinakoek basiliskoaren existentziari buruz eman dituzten adina lekukotasun ez dute beste ezeri buruz eman, baina oilarrek arrautzak erruteari utzi zioten.

 

Bataio*, iz. Errito sakratu bat, hain eragin handikoa, non horrelakorik jasan gabe zeruan bere burua aurkitzen duena betiko zoriontsu izango den. Urez egiten da, bi modutara: inmertsioz edo murgiltzez, eta aspertsioz edo zipriztinez.

 

                Ebazteko hobe den inmertsioa

                ala aski ote den aspertsioa

                Urperatuok, zipriztinduok

                Bibliaren baimendun bertsioa

                eta zeuen sukarren tertzioa

                oinarri hartuz garbi kontuok.

G. J.

 

Bat-bateko, izlag. Supituki, zeremoniarik gabe gertatzen dena, kanoi-bala iristea edo soldadua abiatzea bezala, bereziki bala horrek haren interesak franko hondatu dituenean. Samuel Johnson doktoreak ederki esan zuen beste autore baten ideiez «bat-bateko etenik gabe lotuak zirela.»

 

Bateraezintasun, iz. Ezkondu-bizitzan antzeko gustuak izatea, bereziki bestea menderatzeko gustua. Bateraezintasuna, hala ere, izan daiteke kantoiaren bueltan bizi den begirada gozoko etxekoandrea. Jakin izan da bibotea duela.

 

Bazter nahasle, iz. Bere auzokoen fruta-arbolak astintzen dituen politikaria... harrak botatzeko, noski.

 

Behatoki, iz. Astronomoek beren aurrekoen asmaketak desegiten dituzten lekua.

 

Behe mailako, izlag. Hezi beharrean, hazia.

 

Behin, adlag. Aski.

 

Beita, iz. Amua irensgarriago bihurtzen duen prestakina. Hoberena edertasuna da.

 

Bekaizkeria, iz. Mailarik ziztrinenera egokitutako emulazioa.

 

Beldurrezko istorioen idazle*, iz. Naturaz gaindiko fenomenoekin eta bereziki mamuen egintzekin loturiko fenomenoaz arduratutako irudimena duen idazlea. Gure garaiko beldurrezko istorioen idazle ospetsuenetako bat William D. Howells da, borondate oneko irakurleari aurkezten diona desira dezakeen bezain mamu talde errespetagarri eta ongi hezia.

        Eskualde-eskolako zuzendari batek ematen duen beldurrari, Howellesen mamuak beste herri bateko nekazariak berez duen misterioari zerbait eransten dio.

 

Belladona, iz. Italieraz andre ederra; gure hizkuntzan pozoi hilgarria. Bi hizkuntzen arteko identitate funtsezkoaren adibide harrigarria.

 

Beltx*, iz. Procianthropos edo Americanus dominans-en umea. Txikia da, beltza eta ezbehar politikoz zamatua.

 

Beltz, iz. Estatu Batuetako politikako piece de résistance delakoa. n letra da hitz honen ikurra.

        Errepublikanoak beren ekuazioak honela hasten dira planteatzen: «Demagun n =gizon zuria.» Honek, ordea, soluzio txarra du, nonbait.

 

Beneditarrak*, iz. pl. Monje ordena bat. Beste izen hau ere ematen zaie: fraide beltzak.

                Beleren bat zelakoan zegoen emakumea,

                beneditar mar-marrean ari zena zen ordea.

                «Sukaldari ordenako fraide beltz mundu honetan,

                belztu arte kiskaliko ahal haute beste hartan!»

«Deabrua lurrean» (Londres, 1712).

 

Benefiziodun, iz. Benefiziogabeentzat oso pertsona interesgarria.

 

Benetan, adlag. Itxuraz.

 

Berenizeren adatsa*, iz. Konstelazio bat (Coma Berenices), senarra salbatzeko bere ilea sakrifikatu zuen baten ohoretan izen hori ematen zaiona.

 

                Senarra salbatzeko emazte batek behin

                adatsa eman zuen, hura lakorik zein?

                Gizonek esker onez damaren izena

                zeruan gorde zuten, ohore gorena.

 

                Gaur emazteek, berriz, salduko lukete,

                adatsa salbatzeko, senar eta beste...

                Beraz, ez da haientzat zeruan izenik

                ez baita guztientzat behar beste izarrik.

G. J.

 

Berezko, izlag. Natural, sortzezko... hala nola berezko ideiak, jaiotzean gurekin ditugun ideiak; alegia, gerok geure buruari aurretik erakutsiak. Berezko ideien doktrina filosofiaren federik miresgarrienetako bat da, bera ere berezko ideia baita, eta horrenbestez kontrako frogantzarik onartzen ez duena, nahiz eta Locke burugabeak uste zuen berak «begiondoko galanta» emana ziola. Berezko ideien artean aipatu behar da norberak egunkari bat zuzentzeko gaitasunean sinestea, eta, baita ere, norberaren herriaren handitasunean, norberaren zibilizazioaren gorentasunean, norberaren arazoen garrantzian eta norberaren gaixotasunen interesean sinestea.

 

Berme-emaile, iz. Bere ondasunen jabe izanik beste batek hirugarren bati itzultzekotan emandakoaren erantzule bihurtzea erabaki duen eroa.

        Felipe Orleansekok bere kuttunetako bati, noble etxekalte bati, goi mailako kargu bat eman nahi zionez, galdetu zion ea zer berme eman zezakeen. «Ez dut berme-emailerik behar,» erantzun zuen, «zeren nire hitza ematen ahal baitizut.» «Eta horrek zenbat balio lezakeen esango al didazu?» galdetu zuen Errege-ordeak. «Monsieur, bere pisua urretan balio du».

 

Bero, iz.

                Mugimendu mota bat da Beroa, ez besterik

                Tyndall Maisuak utzi du ederki frogaturik.

                Ikuspegi hori ez da hain nekeza frogatzen:

                muturra berotuz gero, ukabila da astintzen,

                eta gelditzen denean izarrak dira pizten.

                Crede expertum, ikusia ari bainaiz argitzen.

Gorton Swope.

 

Berraztertu, ad. Jadanik hartutako erabaki baten zuribideak bilatu.

 

Berriemaile, iz. Egiaren peskizan bere bidea asmatzen eta hitz zaparradaka barreiatzen duen idazlea.

 

                «Maiteagoa nire bihotzak ahal baino gehiago, oi Zu!

                "ezpainak betiko itxita" hau gezurtatu ezin duzu.»

                Berriemaile zoriontsuak hau kantatu bitartean,

                hilari egin «elkarrizketa» luzatzen zen paperean.

Barson Maith.

 

Bertso zuri, iz. Errimarik gabeko pentametro ianbikoak: bertsogintza ingelesean tajuz idazteko motarik zailena; beraz, oso mota estimatua inolako motaz idazteko gauza ez direnen partetik.

 

Bertuteak, iz. pl. Erabateko abstinentziak.

 

Berun, iz. Metal urdin-grisaxka astuna, maitale arinei egonkortasuna emateko asko erabilia... zuhurki besteren emazteak baizik maite ez dituztenei bereziki. Beruna oso baliagarria da balantza okerreko aldera makurrarazteko adinako pisua duten argudioen kontrapisurako. Nazioarteko desadostasunen kimikako gertaera interesgarria da bi abertzaletasunek elkar ukitzen duten unean beruna kopuru handitan prezipitatzen dela.

 

                Aintza, Berun Santua! gizonen arbitro

                handi eta orokor! Hornitua zara

                sartzeko ahalmenez, zernahi eztabaida

                lainotsu berehala aise garbitzeko.

                Zure zehaztasuna da saihetsezina

                bizi-muin ezkutua xuxen bilatzeko;

                auziak garbitzeko, aski zure epaia,

                zirujauak trabarik ez jarri ezkero.

                Metal baliagarri!, zarela medio

                ez gabiltza elkarri belarri-tiraka;

                adituz gero erle-ziztu gisako hotsa

                Muhlenbergek bezala: «Alde egin nahiago!»

                Hankarinak ihesi joan bezain pronto

                Satan bala berriak prestatzen ari da.

 

Bestela, adlag. Hobeki ez.

 

Betegintzarre*, iz. Egoera edo izaera alegiazkoa, benetakotik bereizten duena bikaintasun deritzan elementu batek; kritikariaren ezaugarri bat.

        Aldizkari ingeles bateko editoreak jaso zuenean bere iritzien eta estiloaren okerra zehazten zuen gutun bat, Betegintzarrea sinatua, gutunaren barrenean berehala idatzi omen zuen: «Ez nator zurekin bat», eta Mathew Arnoldi igorri omen zion.

 

Betiereko, izlag. Beti iraungo duena. Ez dut beldur makalarekin ematen definizio labur eta elemental hau, zeren ohartzen bainaiz Worcesterko Apezpiku noizbaitekoaren liburukote sendo bat badela, izenburutzat «Betiereko» hitzaren definizio partziala, Eskritura Santuen Bertsio Zilegian erabili denaren arabera duena. Liburu hori garai batean Eliza Anglikanoak biziki estimatu zuen, eta oraindik ere, nire ustez, adimenaren atseginez eta arimarentzako probetxuz ikasten da.

 

Bi aldiz, adlag. Behar baino behin gehiago.

 

Bide, iz. Egoteko aspergarria den lekutik hutsala den tokira igarotzeko aukera ematen duen lur zerrenda.

 

                Bide guztiek, non edo handik, daramate Erromara

                Jaunari esker, bat bada, beraz, bueltatzeko etxera.

Borey kaskasoila.

 

Bidegabekeria, iz. Besteri egotzi eta gerok jasaten ditugun zametatik eskuetan arinena eta bizkarrean astunena.

 

Bigamia, iz. Gustu kontuko huts bat, zeinengatik etorkizuneko zuhurtziak trigamia izeneko zigorra ezartzen duen.

 

Bihotz*, iz. Odol-ponpa automatiko, muskularra. Alegiazko zentzuan, organo probetxuzko hau zirrara eta sentipenen egoitza dela esan ohi da... ideia fantasioso samarra, hala ere behialako sineste unibertsal baten hondakina besterik ez dena. Orain badakigu sentipen eta emozioak urdailean izaten direla, janaritik bilakatuak isurkin gastrikoen eragin kimikoaz. Txuleta bat zein prozesuren bitartez bilakatzen den sentsazio samur edo zail, txuleta moztu zaion animaliaren adinaren arabera; kabiar sandwich batek zein egoera igarotzen dituen hurrenez hurren fantasia bihurtu eta epigrama eztendun bezala berragertzeko; arrautza egosia damu erlijioso bihurtzeko edo esnegain harrotua sentiberatasunezko intziri bilakatzeko metodo funtzional zoragarriak... gauza hauek guztiak M. Pasteurrek frogatu ditu pazientzia handiz, eta argitasun komentzigarriz azaldu. (Ikus, halaber, nire Atxikimendu izpiritualen eta digestioan jaregiten diren hesteetako gas batzuen arteko identitate esentziala, 4to, 687. or.) Oker ez banago, Delectatio Demonorum izenburua duen lan zientifiko batean (John Camden Hotton, Londres 1873) sentipenen ikuspegi honen sekulako frogabideak ematen dira; eta argitasun gehiago nahi duenak kontsulta dezala Dam Irakaslearen Maitasuna elikagaiak beratzen jartzearen emaitza gisa tratatu ospetsua.

 

Bihotz-gogor*, izond. Besteak jasaten ari diren ezbeharrak eramateko gogortasun handiaren dohaina duena.

        Zenoni esan ziotenean bere etsaietako batek etsai izateari utzi ziola, biziki hunkitu zela ohartu ziren ingurukoak. «Zer?» esan zuen haren ikasleetako batek, «etsai baten heriotzarengatik negarrez?»

        «Bai,» esan zuen Estoiko handiak; «baina baliteke adiskide baten heriotzarengatik barreidurika ikustea ere.»

 

Bihurketa, iz Dohaintzaz edo testamentuz unibertsitateak eta herri liburutegiak sortzea edo hornitzea.

 

Bihurrialdi, iz. Arrakastarik izan ez duen matxinada. Malgobernuaren ordez nahasmendua ezartzeko traizio-saio hutsegina.

 

Bihurtzaile, iz. Ongile; filantropo.

 

Bikain, izond. Ikuslea ohitua dagoen baino handitasun edo distira handiagoa duena, hala nola astoaren belarriak untxi batentzat, edo ipurtargiaren distira zizarearentzat.

 

Bizar, iz. Buruko ilea mozteko txinatarrek duten ohitura burugabea gogorki gaitzesten dutenek normalean mozten duten ilea.

 

Bizar labana, iz. Kaukasiarrek beren edertasuna handitzeko, mongoliarrek beren burua txorimalo bihurtzeko eta afro-amerikarrek beren balioa indartzeko erabiltzen duten tresna.

 

Bizitza, iz. Gorputza ustelduratik babesten duen gatzun izpirituala. Egunero hura galtzeko beldurrez bizi gara; nahiz eta galdutakoan ez dugun faltarik sentitzen. «Bizitzea merezi al du?» galdera asko eztabaidatu izan da, bereziki merezi ez duela uste dutenen artean, zeinetako askok luze idatzi duten beren ikuspegiaren alde, bizimodu osasuntsuaren arauak kontu handiz betetzeak urte sail luzeetan eztabaida emankorrean aritzeko aukera eman baitie.

 

                «Bizitzak ez du merezi, benetan da hutsala»

                axolagabe ari zen kantuz gazte mazala.

                Gizondu zenean zeukan ikuspegi berbera,

                areagotu zitzaion urteen arabera.

                Laurogeitan bota zuen asto batek lurrera.

                Hark: «Zoazte zirujau bat lehenbailehen ekartzera!»

Han Soper.

 

Borroka, iz. Mingainarekin askatu ezin den korapilo politikoa hortzekin askatzeko metodoa.

 

Botakinak, iz. pl. Forte baten aurreko zaborreria, honako xede hau duena: kanpoko zaborreriak barruko zaborreriari bakea ematea.

 

Botanika, iz. Landareen zientzia, jateko onak nahiz txarrak direnena. Luze eta zabal aztertzen ditu landareen loreak, normalean gaizki moldatuak, kolorez artearen kontrakoak eta usain txarrekoak izaten baitira.

 

Botikari, iz. Medikuaren gaizkide, lur-emailearen ongile eta hilobi zorrien hornitzailea.

 

                Jupiterrek gizon oro onetsi zuenean

                eta Merkuriok haiek gorde poto batean,

                iruzurzaleen lagun handi hark isilean,

                botikarien onetan, gaitzak hantxe berean

                sartu zituen, eta haiek zuten aldarrikatu:

                «Droga hilgarrienak Haren izena izanen du».

G. J.

 

Boto, iz. Gizaki libreak bere burua engainatu eta bere herria hondamendira eramateko duen ahalmenaren tresna eta sinboloa.

 

Bozketa orokor, iz. Agintari nagusiaren borondatea berresteko herri bozketa.

 

Brahma*, iz. Hinduak sortu zituena, zeinak Vishnuk zaintzen dituen eta Shivak desegiten... lan banaketa hau beste herri batzuen jainkoen artean aurkitzen duguna baino garbiagoa da. Abrakadabratarrak, adibidez, Bekatuak sortu zituen, Lapurretak mantendu eta Erotasunak desegin. Brahmaren apaizak, Abrakadabratarrenak bezala, sekula gaiztoak ez diren gizon santu eta ikasiak dira.

 

                O Brahma, Jainko benetan bitxi eta bakana,

                Hinduen Hirutasunak zaitu Lehen Pertsona,

                lasai-lasai eta segur hor zaude eserita,

                Zango biak txukun-txukun ondo gurutzatuta,

                Lehen Pertsona singularra zara, dudarik ez da.

Polydore Smith.

 

Branka-mutur, iz. Latinez rostrum esaten zitzaion, eta txorien mokoa edo itsasontzien branka adierazten zuen. Pluralean, berriz, tribuna esan nahi zuen. Estatu Batuetan, zeregin publikoetarako hautagaiek herri xehearen zuhurtzia, bertuteak eta boterea gogatsu azaltzen dituzten lekua.

 

Bufoi, iz. Antzina, erregearen zerbitzarietako bat, egintza eta hitz barregarriz gortea dibertitzeko ardura zuena eta burugabekeriaren frogatarako jantzi koloreanitza izaten zuena. Erregeak berak jantzi serioak izaten zituenez soinean, mende mordoxka bat kosta zitzaion munduari ohartzea erregearen jokabide eta dekretuak aski barregarriak zirela, eta dibertigarriak ez bakarrik bere gortearentzat, gizateria osoarentzat baizik. Bufoiari hizkera arruntean txoroa esan ohi zitzaion, baina poeta eta erromantzegileek beti atsegin izan dute bufoia pertsona zuhur eta argi gisa azaltzea. Gaur egungo zirkuan gorteko bufoiaren mamu malenkoniatsuak garai batekoak baino entzule umilagoak goibeltzen ditu, bizi zenean marmolezko saletakoak tristatzen, umore-zentzu aristokratikoa liluratzen eta erregearen malkoen iturriak irekitzen zituen ateraldi berdinekin.

 

                Portugalgo tronuko alargunak zeukan

                bufoi lotsagabe eta ausart bat gortean.

                Dama konfesatzera joan zen batean,

                apaizaren lekuan bufoia barnean.

 

                «Aita, bentzu berorrek nire bekatua,

                benetan beltza baita eta sekretua.

                Bufoia maitatzen dut, hauxe delitua!

                behe-klaseko alproja madarikatua.»

 

                «Alaba,» esan zion apaiz txantxotuak,

                «benetan beltzak dira zure bekatuak,

                Elizarentzat dira ezin barkatuak,

                maitasunak baditu bere debekuak.

 

                Baina zure bihotzak legeei entzungor

                eginez segituko du beti egoskor.

                Beraz, onena duzu, ez zaitezen eror,

                bufoia nonbratzea, duke edo nonbait hor.»

 

                Hala nonbratu zuen bufoi hura duke,

                zeruaren tabua saihestu nahi luke.

                Apaiz-aitasantuak dena jakin dute

                eta eskomikua ezarri diote.

Barel Dort.

 

Bultzada, iz. Arrakasta iristeko bi gauza beharrezkoenetako bat. Bestea tirakada da.

 

Burmuin, iz. Pentsatzen dugula pentsatzeko baliatzen dugun aparatu bat. Zerbait izateaz pozten den gizona zerbait egin nahi duen gizonarengandik bereizten duena. Oso aberatsa den gizonak edo goi mailara akuiladaz bultzatutakoak duen burmuin puska halakoa da, non bere bizilagunek ezin dituzten beren kapeluak buru gainean eduki. Gure zibilizazioan, gobernu mota errepublikarraren azpian, burmuina hain da goretsia, non lanbidearen nekeez salbuestearekin saritzen den.

 

Buru-arinkeria, iz. Joera ekinzalearen asetasun errepikatua.

 

Burugogor, izond. Egiaren irispidetik kanpokoa, gure eskari indartsu eta bikainek argi uzten duten bezala.

        Burugogorkeriaren sinbolo eta agerbiderik zabalduena mandoa da, oso abere argia.

 

Buru-zerga*, iz. Kapitazio zerga, boto-zerga.

 

                Behin batean bizi zen Errege handi bat

                zerga-biltzaileek ezin zutena harentzat

                nahikoa urre bildu mendekoengandik,

                bizia arintzearen amoreagatik.

                Atseginen bidea hain baita zabala,

                damen lurren mugante direnak bezala:

                beti konpondu behar, hondatu ahala.

                Hala, zerga-biltzaile guztiak ilaran

                jarririk mintzo ziren zegokien eran;

                tronu aurrean hasi ziren Erregeri

                bide bat asmatzeko: «Hain baitira handi

                Estatuak dituen premia larriak,

                non guk bildutakotik hamarretik biak

                ez lituzkeen inola ere berdinduko.

                Arren, pentsatu nola garen gu biziko,

                hamarretik bi hori bestek hartuz gero.»

                «Ekonomiak egin ditzakeen mesede

                handietan pentsatu duzue batere?»

                «Bai, jauna,» esan zuen, apal, eledunak,

                «salduak baititugu garrote urredunak,

                zilarrezkoz itotzen ditut zergadunak.

                Tenazak, berriz, dira burdina hutsezkoak,

                zuhurrei poza kentzen abil guztizkoak;

                zerriek dena poltsan gorde nahi baitute,

                Zure Maiestateak kutxak nola bete?»

                Hausnarketa ildoek egin zuten sakon

                Erregeren kopetan, behar zen itxaron.

                «Zuen egoerari larria deritzot,

                inork konpontzen badu, eskertuko diot.»

                «Gizonen Erregea,» eleduna mintzo,

                «behartzen badituzu pagatzera zintzo

                zerga bat ezarria buru bakoitzeko,

                prest gaude sartzen dena erdibanatzeko.»

                Eguzki printzak nola lainoen artetik,

                barre murritz eginez hitz egin aurretik,

                Erregek esan zuen: «Hala egin bedi.

                Eta eskuzabala naizela ageri

                geldi dadin, egingo zaitut salbuetsi;

                berdin zuek guztiok; beraz, zerga berri

                honetaz ahaztu eta zuenean segi.

                Baina herri xeheak ez nazan maisea

                trikimailu onen bat hobe asmatzea,

                zuek zergari iskintxo lasai egin arren,

                denok berdin garela uste izan dezaten.

                Orain fidatzen naizen ministroarekin

                bildu eta lan horri berehala ekin.»

                Erregek tronu-gela utzi zuenean,

                gizon bat agertu zen guztien aurrean,

                isilik, kopetilun eta besobiluz

                aizkora distiratsu, zorrotz bat astinduz.

G. J.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia