A

 

Abdikazio*, iz. Errege-erreginak tronuaren berotasun gehiegizkoaz ohartzeko gauza direla frogatzen duen egintza.

 

                Isabel gaixoa hil zen eta abdikatzean

                zer esana eman zuen Espainia aldean.

                Ez zuen hark errieta egiterik merezi,

                tronu beroegi hura zentzuz baitzuen utzi.

                Historiarentzat hau da hor ikasi beharra:

                sutatik kiskali gabe joan zela ilarra.

G. J.

 

Abdomen, iz. Urdail jainkoaren tenplua, zeinen adoraziora, sakrifizio eskubideak barne, benetako gizon guztiak ematen diren. Emakumeengan antzinako sinesmen honek onarpen duda-mudazko bat besterik ez du eragiten. Noizbehinka aldarean aritzen dira gogo txarrez eta modu pattalean, baina ez dakite zer den gizonezkoek benetan adoratzen duten jainko bakarrarenganako benetako debozioa. Emakumeak esku osoa balu munduko merkataritzan, gure arraza belarjale bihurtuko litzateke.

 

Abegi (on), iz. Janik eta aterperik behar ez duten pertsona batzuei jana eta aterpea ematera bultzatzen gaituen bertutea.

 

Aberastasun, iz. Zeruak emandako oparia, honako hau adierazten duena:

        «Hau da ene seme maitea, beragan dut ezarria nire onginahi guztia.» — John D. Rockefeller.

        «Pena eta bertutearen saria.» — J.P. Morgan.

        «Askoren aurrezkia baten eskuetan.» — Eugene Debs.

 

Lexikografo zorrotza ohartzen da definizio bikain hauei eransteko ez daukala baliozko ezer.

 

Aberats, izond. Nagien, ezgaien, etxekalteen, bekaiztien eta zorigaiztokoen ondasunak kudeatzen dituena, betiere kontuak ematera beharturik. Hori da jendailaren artean nagusi den iritzia, Giza Anaitasunak bere garapen logikoena eta defendatzailerik xaloenak aurkitzen dituen jendartean, alegia. Jende arruntarentzat zintzo eta zuhur esan nahi du.

 

Abertzale, iz. Parte baten interesak osoarenak baino goitarragoak iruditzen zaizkiona. Politikarien trikimailua eta konkistatzaileen tresna.

 

Abertzaletasun*, iz. Bere izena argiz blaitu nahi duen edozein lastargirentzat aproposa den zabor erregaia.

        Johnson doktorearen hiztegi ospetsuan abertzaletasuna alprojaren azken baliabide gisa definitzen da. Lexikografo argi baina xume hura ezertan gutxietsi gabe, eskatzen dizut onartzeko lehenbiziko definizioa dela egokia.

 

Abokatu, iz. Legea txuliatzen trebea den pertsona.

 

Abracadabra*

 

                Abracadabra hitzak baditu

                nahi adina esanahi.

                Zer? Zerengatik? argitzen baitu,

                Noiztik? Nondik? Nola? zernahi...

                Inork nahi badu jakin Egia

                —benetan baita lasaigarria—,

                hor du zeruko argia.

                Hitz hori izena ala aditza den

                erantzutea, bai gogorra!

                Bakarrik dakit dela iraunkorra.

                Belaunik belaun

                beti du iraun,

                perpaus-zati hilezkorra!

 

                Ba omen zen gizon bat aspaldi

                bizi izan zena hamar gizaldi

                mendiko leize batean.

                Baina hil zen azkenean.

                Barreiatu zen haren ospea,

                kaskasoil baina bizarluzea

                izanik, noski, haren begiak

                baitziren txit bai txit argiak.

 

                Elkartu ziren filosofoak

                aditzera haren lezioak,

                entzundako hitz bakarra

                hau omen da:

                Abracadabra, abracadab

                Abracada, abracad

                Abraca, abrac, abra, ab!

                Horrekin kito,

                hori esanda han baitzen ito,

                ikasleen oharrez, ordea,

                liburu bat aise

                idatzi ez eze,

                argitara zuten iruzkinez.

                Ez ziren nolanahikoak,

                ugari bezain sendoak

                haien liburuak, zinez!

 

                Hil zen.

                Baina haren

                jarraitzaileen liburuak

                galdurik, haien leinuruak

                Abracadabra-z astintzen ditu,

                ezkila gisa ezin gelditu,

                bere hots maiteaz

                etengabe joaz

                gizonen Arta-buruak.

Jamrach Holobom.

 

Absolutu, izond. Loturagabea, erantzukizunik gabea. Monarkia absolutua erregeak nahi duena egiten duen sistema da, betiere egiten duena asesinoen gogokoa den bitartean. Ez dira monarkia absolutu asko gelditzen, haien lekua gehienetan monarkia mugatuek hartu baitute, non erregeen gaiztakeriarako ahalmena (eta onerakoa) arras murriztua den; beste batzuetan errepublikek ordezkatu dituzte, eta horiek halabeharrak gobernatzen ditu.

 

Absurdu, iz. Azalpen edo uste nabarmenki zentzugabea, norberaren iritziekin gaizki lotzen dena, alegia.

 

Adan-aurreko, iz. Arraza esperimental eta itxuraz ez oso asebetegarria, kreazioa baino lehenagokoa eta oso erraz ez asmatzeko moduko bizimodua egiten zuena. Melsiusen ustez «Hutsean» bizi ziren, eta arrain eta txorien arteko zerbait izan ziren. Oso gutxi dakigu haietaz, Kaini emazte bat eta teologoei eztabaidagaia eman zietela besterik.

 

Adeitasun, iz. Hamar liburuki ordainerazpeni egiten zaion sarrera laburra.

 

Adimen*, iz. Burmuinari darion materiaren forma bitxia. Bere lan nagusia bera zer den argitzeko lan gaitzean datza, eta lan horren funtsik ezaren kausa hau da: beraz gain ez duela beste ezer bere burua interpretatzeko. Adimenari latinez mens esaten zaio eta hitz honetan oinarrituriko esaera zaharrik ezagunena «Mens sana in corpore sano» da, beste zapatari jakintsu hark honela zuzendu zuena: «Mens sana in corporis ano», «adimen sanoa, ipurtzuloan», alegia.

 

Adin handi, iz. Heriotzaren beldurraren luzapen ez-ohikoa.

 

Adiskidetasun, iz. Ontzi mota bat, eguraldi ona denean bi lagun, baina txarra denean bakarra eramateko modukoa.

 

                Itsasoa bare-bare, zerua urdin zela,

                pozik generaman biok itsasoan batela

                (presio altuak beti pozten baitu tentela).

                Ekaitz gogorrak jo zuen bateltxo txispabera,

                biok eraitsi gintuen, bakoitza alde batera,

                (Oinez ibiltzea, halere, bai neketsua dela!).

Armit Huff Bettle.

 

Adiskidetu, du ad. Esker txarreko lagun bat sortu.

 

Adiskidetze, iz. Erasoen etenaldia. Hildakoei lur emateko su-eten armatua.

 

Aditu, iz. Zerbaiti buruz dena dakien eta beste edozertaz ezertxo ere ez dakien espezialista.

        Antzinako ardozale bati trenbide istripu batean sekulakoa hartu ondoren, ezpainetan ardo pixka bat jarri zioten suspertzeko. Ahots ahulez «Pauillac, 1873» esan, eta hil egin zen.

 

Aforismo, iz. Jakituria aurredigeritua.

 

                Nolabaiteko ahalegin patologikoari

                burmuinaren zahagiak amore eman dio.

                Eta malkar hondogabe bete gabeko hari

                aforismo merke baten huskeria dario.

«Filosofo eroa,» 1697

 

Afrikar, izond. Gure alde botoa ematen duen mutur-beltza.

 

Ahal, iz.

 

                «Ahala» zioen maisuak, «eskumen huts-hutsa da,

                hau zuzena da benetan, inon zuzenik bada.»

                Mutilak maiz berotua baitzuen lepagazta:

                «Ahala ez da eskumena, baizik esku-zartada.»

 

Ahate-mokokada, iz. Ahate-denboran jatetxeetan ordaindu behar izaten den kontua.

 

Ahazkortasun, iz. Jainkoaren dohain bat, zordunei ematen zaiena, zuhurtzia-falta berdintzeko.

 

Ahaztura, iz. Gaiztoek borrokatzeari utzi eta krudelek bakea ematen duteneko egoera edo estatusa. Ospearen betiereko zabortegia. Itxaropen handien hoztegia. Autore handinahiek beren obrak harrotasunik gabe eta bereak baino hobeak inbidiarik gabe aurkitzen dituzten lekua. Iratzargailurik gabeko lotokia.

 

Aho, iz. Gizasemearengan, arimarako sarbidea; emakumearengan, bihotzeko gauzen aterabidea.

 

Aholku, iz. Baliozko txanponik xumeena.

 

                «Gizona hain jota zegoen,

                ezin, ba,» Tomek esan zuen

                «aholku onik gabe utzi.»

                Jimek arrapostu: «Hi haiz, hi!

                Nahikoa balitz gutxiago,

                hik horixe eman nahiago!»

Jebel Jocordy.

 

Aholku eman, du ad. Erlijio-kontuetan, beste norbaiten kontzientzia gerrenean jarri eta sutan belzten hasteko punturaino erre.

 

Ahuleziak, iz. pl. Emakume Tiranoaren funtsezko ahalmenak, bere espezieko arra mendean edukitzeko baliatzen dituenak; horien bitartez bere borondatea betearazi eta arraren matxinatzeko kemena erabat geldiarazten du.

 

Aieru, iz. Ezer gertatzen ez bada zerbait gertatuko dela adierazten duen seinalea.

 

Aipu, iz. Beste norbaiten hitzak oker errepikatzea. Oker errepikatutako hitzak.

 

                Bere aipuan hutsen bat egin izango zuen akaso,

                Brewerren orri huts gabean hark egin behar errepaso.

                Gero zin egin zuen, oi! oi! oi! zutela kondenatuko

                kondenatuko zutela oi!, oi!, kondenatuko betiko.

Stumpo Gaker.

 

Aire, iz. Probidentzia ongileak pobreak gizentzeko hornitzen duen substantzia elikagarria.

 

Aire zabalean, adlag. Ezein gobernuk zergak ezartzerik izan ez duen norberaren ingurunean. Bereziki baliagarria poeten etorria pizteko.

 

                Mendi gainera behin igo nintzen

                eguzkiaren sarrera

                bere loria handienaren

                momentuan ikustera.

 

                Ilunabarrak ekarri zidan

                istorio hau gogora:

                astoa lehertu zuen gizonak

                eduki zuen ganora!

 

                Asto gainean bapo joan zen

                hura lehertu artio.

                Hurrena astoa gainean hartu

                behar, zer erremedio.

 

                Mendi gainetik ilargiaren

                aurpegi gozo ederra

                nabarmendu zen nengoeneko

                lekutik mendebaldera.

 

                Hori ikusteak ekarri zidan

                beste kontu hau gogora:

                ondo pentsatu ezkero barrez

                hesteak botatzeko da.

 

                Neska gazte bat jarri omen zen

                eliz atean zelatan,

                ikusi nahi, ba, andregaia, nahiz

                andregaia bera izan.

 

                Natura beti da poetentzat

                Ideia Handiz ernari,

                erruki diot zeru-lurrentzat

                itsu eta gor denari.

Stromboli Smith.

 

Aizkora txiki, iz. Gazteen aizkora, indioek Thomashawk esaten ziotena.

 

                «Indio suminkor, bakea hobe da,»

                ziotsan zuriak, «aizkora lurpera.»

                Baita basatiak obeditu ere

                zuriaren muinak bihurtuaz lurpe.

John Lukkus.

 

Akademia*, iz. Moralitatea eta filosofia irakasten zen antzinako eskola (Ikus Hankademia).

 

Akordeoi, iz. Hiltzaileen sentimenduekin harmonian dagoen musika-tresna.

 

Akordio, iz. Armonia.

 

Akusatu, du ad. Beste norbaiten errua edo balioeza baieztatu; gehienetan geure burua zuritzeko hari egindako kalteagatik.

 

Alarguntsa*, iz. Kristau jendeak umorez hartzea erabaki duen figura patetikoa, Kristok alarguntsenganako erakutsi zuen samurtasuna haren izaeraren ezaugarririk nabarmenenetakoa izan arren.

 

Aldare, iz. Garai batean apaizak geroa jakiteko asmoz sakrifizioko biktimaren heste mehea zatitu eta jainkoentzat haren haragia maneatzeko erabiltzen zuen mahaia. Hitza, gaur egun, ez da erabiltzen ia, ez bada aipatzeko gizonezko eta emakumezkoz osatutako bikote txoroek egiten duten beren askatasunaren eta bakearen sakrifizioa.

 

                Beren bilgorraz bizitzen zuten erreko zituen sua,

                zutik aldare aurrean biak, bikote zoriontsua.

                Sakrifizio alfer-alferra, zernahi jainkok zapuztua,

                erretzekoan erabilita, horren erregai satsua.

M.P. Nopput.

 

Aldendu*, izond. Bereziki mihi-gaiztoen erasoen arriskupean dagoena; larrutua; erremediorik gabe oker dabilena; beste norbaiten estimazio eta atxikimenduari dagokionez...

 

                Gizona adimen hutsa da gizon guztientzat,

                aurpegi edo jantziak nork har ditzake aintzat?

                Emazte baten gorputza, emaztea bera da.

                Zaude nirekin, maitea, ez urrundu sekula;

                baina ez ahaztu jende zuhurren erregua:

                emakume aldendua betiko da galdua.

Jogo Tyree.

 

Alderdikeriarik gabeko, izlag. Eztabaidan diharduten bi alderdietako batekin elkartzeak edo elkarren aurkako bi ideien artean hautatzeak norberari ekar diezaiokeen abantailarik usnatzeko gauza ez dena.

 

Alferkeria, iz. Deabruak bekatu berrien haziekin esperimentuak egiteko eta bizio nagusien hazkundea bultzatzeko duen haztegi ereduzkoa.

 

Alien, iz. Errege amerikar bat bere probaldian.

 

Aligatore*, iz. Ameriketako krokodiloa, Kontinente Zaharreko monarkia ahituetako krokodiloari puntu guztietan gailentzen zaiona. Herodotok dio Indoa dela krokodiloak sortzen dituen ibai bakarra, salbuespen bakar batekin; baina, dirudienez, Mendebaldera jo dute eta beste ibaiekin batera handitu egin dira. Bizkarrean dituen hozkak direla-eta aligatorea zaurioa dela esan ohi da.

 

Allah*, iz. Mahomatarren Izaki Gorena, kristauen, juduen eta abarrenarekin nahastu behar ez dena.

 

                Allahk eman legeari eutsi diot nik tinko,

                gizonaren faltengatik negar egin dut franko;

                eta tenpluan tarteka belauniko jarririk,

                besoak antxumaturik lo egin lasai asko.

Junker Barlow.

 

Almirante, iz. Gerra-ontziaren zati bat, hitz egiteko ardura duena, brankako buru-hutsak pentsatzen duen bitartean.

 

Alprojo, iz. Giza arrazari aurrera joarazten dion eragile nagusia.

 

Amnistia, iz. Zigortzea garestiegi aterako litzaiokeen gaizkileenganako, Estatuak erakusten duen bihotz zabaltasuna.

 

Andereño, iz. Emakume ezkongaiei ezartzen diegun txartela, oraindik ere salerosgai direla adierazteko. Andereño, Andre, Jaun dira hizkuntzak dituen hitzik desatseginenak, bai ahoskera, bai esanahi aldetik. Bi lehenak andere hitzaren endekatzetik datoz, eta hirugarrena jaube-renetik. Lurralde honetan gertatutako gizarte tituluen deusezte orokorrean hitz hauek mirariz salbatu ziren gu etengabe nazkarazteko. Erabilera gordetzez gero, izan gaitezen koherenteak eta bila dezagun hitz bat gizon ezkongaiarentzat. Nik jauntto proposatuko nuke, laburduraz jo.

 

Andregai, iz. Atzetik zorionezko etorkizun bikaina duen emakumea.

 

Anormal, izond. Estandarrarekin bat ez datorrena. Pentsaera eta portaera kontuetan, nor bere buruaren jabe izatea anormala izatea da, eta anormala izatea, berriz, gorrotatua izatea. Horregatik lexikografoa hau, zuhur beharrez, saiatu da Gizon Arruntaren antz handiagoa izaten bere buruarena baino. Horrela hori lortu duenak bakea, heriotzaren itxaropen hurbila eta Infernuaren esperantza izango ditu.

 

Antipatia, iz. Norbaiten lagunaren lagunak sortzen digun sentipena.

 

Antolatu, ad. iz. bur. Altxatu eta txukun paratua, grebalari bat zutoin batetik zintzilik bezala.

 

Antzara, iz. Idazteko lumak ematen dituen hegaztia. Lumoi, naturaren prozesu ezezagunen batengatik, hegaztiaren kemen intelektuala eta izaera barneratu eta atxikitzen zaizkie, eta horren ondorioz «autorea» deritzan pertsona batek paperaren gainean tintaturik mekanikoki irristarazten dituenean, hegaztiaren pentsaera eta sentimenduen transkripzio zintzo eta zehatza eman ohi du. Antzaren arteko diferentziak, metodo zorrotz honen arabera argituak, dezenteak dira: askok dohain arrunt eta ziztrinak dituzte, baina beste batzuk, garbi dago, antzara handiak dira.

 

Antzerkigile, iz. Frantsesetik antzerkiak egokitzen dituena.

 

Apaiz janzkiak, iz. pl. Zeruko Gorteko Bufoiek janzten dituzten jantzi kolore-anitzak.

 

Apaiztiar*, izond. Elizgizonak oro apaizak direla sinesten duena. Doktrina indartsu honen ukazioa da Eliza Episkopaldarraren hortzei Neo-hiztegizaleek bota dieten erronkarik handiena.

 

Apal, izond. Aitzakia gutxiago jartzen ahal zaiona.

 

Apaltasun, iz. Aberastasunaren edo boterearen aurrean izan ohi den gogo-jarrera txukun eta ohikoa. Bereziki egokia langile batek nagusiari hitz egiterakoan erabiltzeko.

 

Apelatu, ad. Lege kontuetan, dadoak godaletean sartu, berriro botatzeko.

 

Apetitu*, iz. Probidentziak zuhurtzia handiz ezarritako sena, langile-auzia konpontzeko.

 

Apirileko txoro, iz. Martxoko txoroa, bere txorakeriari hilabete erantsirik.

 

Apostata, iz. Izain bat, dortoka baten oskolaren barrenera sartu ondoren piztia aspaldi hila dela jabeturik, dortoka bizi batekiko lotura berri bat sortzea egokitzat jotzen duena.

 

Ar, iz. Sexu gutxietsi edo baztergarriko kidea. Giza arrazako arra (emearentzat) Gizaki Hutsa besterik ez da. Espezieak bi mota ditu: hornitzaile onak eta hornitzaile txarrak.

 

Ardo, iz. Emakume Kristauen Batasunak «likore» edo «pattar» izenez ezagutzen duen mahats zuku fermentatua. Ardoa, andrea, Jainkoak gizonari egindako opari hoberentsuenetakoa da.

 

Ardura, iz. Gazte eta eskarmentu gutxikoak jotzen dituen nerbioetako gaixotasun bat. Muturreko galanta hartu aurreko gartsutasuna.

 

                Esker onaren bila joan zen Ardura

                sari eske esanez: «Arren, ene Jauna!»

                Eta Jaunak apalki: «Zer da nahi duzuna?»

                «Zauriontzat ukendu edo gantzudura.»

Jum Coople.

 

Arenga*, iz. Etsaiak egindako hitzaldia; horregatik esaten zaio etsaiari arengutana (arenga-bota-duna).

 

Argazki, iz. Eguzkiak, arte ikasketarik egin gabe, pintatzen duen koadroa. Apatxeen lana baino hobexea da, baina ez Txeieneena baino.

 

Argi-ikusle, iz. Bere nagusiarentzat ikusezina dena ikusteko ahalmena duen pertsona, normalean emakumea; batez ere hura artaburu bat dela ikusteko ahalmenik ez du falta izaten.

 

Argitaratu, ad. Literatur kontuetan kritikari multzo baten sorgune bihurtu.

 

Argituak, iz. pl. Hamaseigarren mendearen bukaerako Espainiako sekta heretiko bat; horrela deituak buruz arinak izaki, izpiritu hutsak zirelako: cunctationes illuminati.

 

Argiturri, iz. Gai bat jakituria handiz argitzen duena; adibidez, argitaratzailea, gai horri buruz isilik geratuz.

 

Argot*, iz. Giza zerriak (Pignoramus intolerabilis) egiten duen kurrinka, belarriz jasoa. Belarriaz pentsatzen duena mingainaz ahoskatzen duen eta kreatzaile bat loroaren balentria egitean bezain harro sentitzen den tipoaren hitzaldia. Kapitaltzat zentzurik izan gabe (Probidentziari esker) zirtolari gisa aurrera egiteko bitartekoa.

 

Arima, iz. Berari buruz eztabaida gartsuak sortu dituen izaki izpirituzkoa. Platonek argudiatzen zuen lehenagoko izate maila batean (Atenas sortu aurrean) egia betierekoa begiztatu zuten arimak filosofo bihurtzen zirenen gorputzetan sartzen zirela. Platon bera filosofoa zen. Egia jainkozkoa lausoago ikusi zutenek botere lapurren eta tiranoen gorputzak zituztela bizileku. Dionisio I.ak, botere-lapur eta tiranoa baitzen, filosofo bekoki-zabalari lepoa moztuko ziola mehatxu egin zion. Platon, dudarik gabe, ez zen izan bere etsaien aurka argudiatzeko erabil zitekeen filosofi sistema bat sortu zuen lehena; azkena ere ez, garbi dago.

        «Arimaren zer-nolakoari dagokionez,» dio Diversiones Sanctorum-en autore ospetsuak, «ez da eztabaida handirik izan, ez bada gorputzean hark duen lekuari buruzkoa. Neure ustez, arima sabelaldean kokatzen da... eta sineste horren bitartez orain arte ulertezina zen egia bat gureganatu eta interpretatzen ahal dugu, batez ere sabelkoia dela gizonen artean jainkozaleena. Eskritura Santuek hartaz esaten dute "sabela jainko bihurtu duela"... Beraz, zer dela-eta ez da izango jainkozale Jainkoa bera bere baitan daramana bere fedea oroitarazteko? Nork ezagutuko du hobeki berak erlikiontzia bezala daramanaren ahalmen eta handitasuna? Egiaz eta ahoberokeriarik gabe, arima eta urdaila Jainkotasun bat bakarra dira; eta halaxe uste zuen Promasiusek, nahiz eta huts egin zuen arimaren hilezkortasuna ukatzean. Ohartua zen arimaren gai ikusgarri eta materiala hiltzean desegin eta hondatzen zela gorputzaren gainerakoarekin batera, baina haren izate ez-materialaz ez zekien deus. Horri Jan-gogoa deitzen zaio, eta hilkortasunaren hondamen eta ustelkeriari gailentzen zaio, beste mundu batean saria eta zigorra jasotzeko, haragizko egoeran eskatu izan duenaren arabera. Jaidura zakarrek merkezurreko azokan eta jantoki ongintzazkoetan emandako haragi erdi-ustela irrikatzera bultzatzen zutenen Jan-gogoari betiereko gosetea ezarriko zaio; aldiz, gizalegez baina irmo, txorleroak, kabiarra, ur gezako dortokak, antxoak, pâtés de foie-gras-ak eta gisako kutixi kristauak eskatzen zituztenek beren hortz izpiritualak betikotasun betierekoan haien arimaz bazkatuko dituzte eta beren egarri jainkozkoa lur honetan inoiz dastatutako ardorik bitxien eta bikainenen alde hilezkorrez baretuko. Hau da nire fede sakona, nahiz eta aitortu behar dudan, saminez, ez Erromako Aita Santuak ez Canterburyko Artzapezpiku Dohatsuak (zeinak sakontasun berdinez ohoratzen ditudan) ez dutela onartuko fede hau zabal dadin».

 

Aristokrazia, iz. Gizonik onenen Gobernua. (Zentzu honetan hitza zaharkitua da; gobernu mota hori ere bai.) Kapela leunak eta alkandora garbiak janzten dituzten tipoak... askojakin izateaz errudun eta banku-kontuak edukitzeaz susmagarri direnak.

 

Arkitekto, iz. Zure etxearen planoak zirriborratzen dituena eta zure dirua borratzeko planak egiten dituena.

 

Armadura, iz. Jostuntzat errementaria duen gizonak soinean izaten duen jantzi mota.

 

Armoniazaleak*, iz. pl. Protestante sekta bat, orain iraungia, Europatik etorri zena joan den mendearen hasieran, eta bere kideen arteko barne-eztabaida eta liskarren garraztasunagatik nabarmendu zena.

 

Arnasgailu, iz. Londresko biztanleen sudurrean paratzen den tresna, ikusmeneko unibertsoa biriketako bidean iragazteko.

 

Arrabio*, iz. Jatorriz, sutan bizi zen narrastia; gerora, antropomorfo hilezkorra, baina beti pirofiloa. Arrabioak iraungiak omen dira gaur, eta oihartzuna iritsi zaigun azkena Belloc Abadeak Carcassonnen ikusi omen zuen, eta ur bedeinkatu perzkada batez exortzizatu.

 

Arrakasta*, iz. Norberaren lagunarenganako bekatu barkaezin bakarra. Literaturan, eta bereziki poesian, arrakastaren osagaiak oso sinpleak dira, eta bikain adieraziak Aita Gassalasca Japeren bertso honetan; arrazoi misteriotsuren batengatik «John A. Joyce» izenburua du:

 

                Arrakasta nahi duen bardoak behar du

                liburu bat aldean, hitz lauan pentsatu,

                ttattar gorri bat jantzi, begirada galdu,

                eta hexametroko kalparra luzatu.

                Gizenduko haiz ongi pentsatzen baduk mehe,

                kapela beharrik ez, bahaiz ile-luze.

 

Arrandi, iz. Ergelak kaikurik hurbilenaren dohainei egiten dien omenaldia.

 

                Oiloen karaka ozenena

                errun arrautzak antzu badira.

                Oiloen azterketen argira

                gizakia omen okerrena.

                Haien ustez luma nahiz mingaina

                lanbide dutenen putz distira

                zenbat eta handiago, dira

                are hutsago, oilo andana!

                Urre jantziz danbor nagusia,

                galtzak diz-diz kapela du tontor,

                ponpoxo, harro, zalduntxo haidor,

                serio, beldurgarri dago hor.

                Nork pentsatu ez hiltzea inor

                dela haren meritu guztia.

Hannibal Hunsiker.

 

Arrantza-sare, iz. Ingurunean aldaketa nahigabekoa eragiteko sare mota. Arrainentzakoa sendoa eta latza izaten da, baina emakumeak aiseago harrapatzen dira material bereziki fina eta pisutarako harribitxi landuak erabiliz gero.

 

                Deabruak farfailazko sarea

                (harribitxizko pisuz kargatua)

                bota zuen lehendik pentsatua

                zuen lekuan. A zer suertea!

 

                Emakumeen arimaz betea

                atera zuen; oi mirakulua!

                Baina bete bezain pronto zakua

                hustu: laxo baitzen hari-tartea.

Baruch de Loppis.

 

Arrazional, izond. Ilusio guztiez gabetua, behatzeak, eskarmentuak eta hausnarketak sortzen dituenez salbu.

 

Arrazoi, iz. Aurreiritzirako jaidura.

 

Arrazoitu, da ad. Nahien eskalan probabilitateak pisatu.

 

Arrisku, iz.

 

                Piztia basa hau lo dagoenean,

                gizonak iseka, erdeinu, mesprezu,

                baina, deskuiduan, esnatzen denean,

                saltaka aldentzen ikusiko duzu.

Ambat Delaso.

 

Arroz ur*, iz. Ezkutuan poeta eta nobelagile ezagunenek beren irudimena arautu eta kontzientzia sorgortzeko erabiltzen duten edari mistikoa. Bai kamuskinan eta bai letarginan aberatsa omen, eta gauerdiko lainopean prestatzen du Zorigaiztoko Lintzurako sorgin lodi batek.

 

Arte, iz. Hitz honek ez du definiziorik. Aita Gassalasca Jape, s.j. zorrotzak honako hau kontatzen du hitz honen jatorriari buruz.

 

                Xelebre batek behin batez —auskalo zer zebilen!—

                ARTE hitza hartu eta, ERTI bihurtu zuen.

                Jainko baten izena zen! Eta handik berehala

                apaizak eta fraideak zizoriak bezala

                sortu ziren (eta haiekin misterio, himnoak,

                eztabaida latzak eta amairik gabekoak),

                haren tenplu eta sua bizi iraunarazteko,

                legea azaldu eta hariak mugitzeko.

                Eta errito horien zaintzaile den jendailak

                sinesten ditu ulertzerik ez duen kaka-pilak,

                eta ikasten bi ile-erdik (ertistikoki, noski)

                loturik bestela baino askoz ere hobeki

                ematen dutela, beste grazia bat dutela,

                Naturak oraindik nondik ikasi baduela.

                Kutixia eta ardoa ekartzen dute suelto

                eta soinekoak saltzen apaizak mantentzeko.

 

Artseniko*, iz. Emakumezkoek oso maite duten kosmetiko mota bat, ordainetan hark ere asko maite dituena.

 

                «Artsenikoa har ezazu, bai, har ezazu dena.»

                Hau izan zen gizonaren arrapostu ozena.

                «Den-dena zuretzat duzu, ea, ba, airoso jan

                eta horretatik fitsik ez bota nire kopan.»

Joel Huck.

 

Artzapezpiku, iz. Elizaren ordezkaria, santutasun mailan apezpikua baino goraxeagokoa.

 

                Ni banintz artzapezpiku eder

                izokin, platuxa eta berdel

                jango nituzke ostiraletan,

                dena libre beste egunetan.

Joho Rem.

 

Aseguru, iz. Gaurko zori joko xelebrea, zeinean jokalariari pentsarazten zaion, lasaitzeko, jokozainari irabazten ahal diola.

        Aseguru agentea: Jauna, hauxe etxe bikaina, aseguratuko dizut.

        Etxejabea: Pozik gainera. Egidazu urteko prima hain baxu, non, seguru aski suak suntsitzen duenean, zuen adituen kalkuluen arabera, kalteordaina baino askoz gutxiago ordaindua izango dudan.

        Aseguru agentea: Ez, adiskidea... hori ezin dugu onartu. Zuk gehiago ordaindua izateko moduko prima ezarri behar dizugu.

        Etxejabea: Baina, nola nahi duzu nik horrenbeste pagatzea?

        Aseguru agentea: Begira, zure etxea noiznahi erre daiteke. Adibidez hor duzu Smithen etxea, eta etxe hori...

        Etxejabea: Barkatu... Brownen etxea, berriz, edo Jonesena edo Robinsonena...

        Aseguru agentea: Barkatu zuk!

        Etxejabea: Elkar uler dezagun. Zuk nahi duzu, zerbait gertatuko delakoan, zerorrek gertaera horrentzat ezarritako garaia baino lehen nik dirua ordaintzea. Beste modu batera esanda, zuk espero duzu nik apustu egitea nire etxeak ez duela iraungo zuk seguru aski iraungo duela esaten duzun adina.

        Aseguru agentea: Baina zure etxea aseguratu gabe erretzen bada, erabateko galera izango da.

        Etxejabea: Barkatu, arren... zuen adituen kalkuluen arabera, seguru aski aurreratuak izango ditut, erretzen denean, bestela zuri ordainduak izango nituzkeen prima guztiak... eta, guztira, nik erosia izango nukeen polizaren bermea baino dirutza handiagoa egingo lukete. Baina, tira, eman dezagun erretzen dela, aseguratu gabe, zure zifrak oinarritzen diren epea baino lehen. Nik horretarako adina diru ez badut, nola izan dezakezu zuk, etxea aseguratuz gero?

        Aseguru agentea: A, beste bezero batzuekin suerte hobea izanda aurre egingo genioke. Birtualki, haiek ordaintzen dute zure etxea.

        Etxejabea: Eta, birtualki, orduan, ez al ditut nik haien galerak ordaintzen? Haien etxeak ez al daitezke erre nirea bezalaxe zuk haiei ordaindu behar diezuna haiek zuri ordaindu baino lehen? Hona zertan den kontua: zure bezeroei emango diezuna baino diru gehiago kentzea espero duzu, ez da hala?

        Aseguru agentea: Noski, guk ez bagenu...

        Etxejabea: Ez dizut nire dirua emango. Noski. «Egia» baldin bada, zure bezero guztiak batera hartuta, dirua galtzen dutela zurekin, «probablea» da, bezero horietako bakoitza banaka hartuta, «bakoitzak» ere galtzea. Banakako probabilitate horiek egiten dute batera bildutako egia.

        Aseguru agentea: Ez dut ukatuko, baina begira zifra hauek zer dioten...

        Etxejabea: Ez, Jainkoarren!

        Aseguru agentea: Lehen aipatu duzu bestela niri ordainduko zenizkidakeen primak aurreztea. Ez al da seguruagoa zuk horiek gastatzea? Diruaren erabilera zuhurra eskaintzen dizugu, behintzat.

        Etxejabea: B-ren diruaz arduratzeko A-k duen irrika ez da aseguruen gauza berezi bat, baina karitate instituzio gisa, mirespena sortzen duzue. Onar ezazu aitorpen hau zerbitzari apal honengandik.

 

Asetasun, iz. Norbaitek bere platera hustu duenean sentitzen duena, andrea.

 

Askatasun*, iz. Agintearen zamatik arintzea, autokontrolak dituen kontaezin ahala metodo erabiliz. Nazio bakoitzak bere monopolio birtualtzat daukan egoera politikoa. Libertatea. Askatasunaren eta libertatearen arteko diferentzia ez da oso garbia; naturalistek ez dute sekula aurkitu ez bateko ez besteko espezimen bizirik.

 

                Askatasunak, denek dakiten bezala,

                garrasi egin zuen Kosciusko hiltzean;

                gaur haizeak nonahitik jotzen duenean,

                huraxe aditzen da, oihuka ari dela.

 

                Gaur erregeek elkar hartzen dutenean,

                edo parlamentuak bileran direla,

                askatasuna hartu eta giltzapean

                sartzeko, hor hasten da Harexen hil-beila.

 

                Herri burujabeak hauteskundeetan

                botoa ematean, nik ez dakit nola

                kiratsa zabaltzen da azkar bazterretan,

                haren marrua handitzen da zabaldu ahala.

 

                Boterea dutenek trebeak direla

                erakutsi digute egin partiketan:

                besteentzat infernua, zerua aldean,

                ergeltzat genituzke hartuko bestela.

Blary O'Gary.

 

Aski, adlag. Munduan dagoen guztia, gogoko baduzu.

 

                «Aski» behar bezain neurri ona da... eta horregatik

                ez kexurik platerean «Askiago» izateagatik.

Arbely C. Strunk.

 

Asmamen, iz. Ezkutukoaren usnan ibiltzeko artea. Asmamen motak, bestalde, inozo loratuen eta ergel goiztiarren fruta-arbola barietateak adina dira.

 

Asmatzaile, iz. Gurpil, palanka eta malgukien konbinazio injeniotsuak egin, eta hori zibilizazioa dela uste duen pertsona.

 

Asmo, iz. Eragin sail batek beste baten aldean duen abantailaz adimenak duen oharmena; ondorio bat, zeinen kausa den nahigabeko egintza baten gauzatzearen hurbiltasun berehalako nahiz urruna.

 

Aspertze*, iz. Higuina, aspertuta dagoenaren egoera. Hitz hau nondik sortua den argitu nahian fantasia ugari ibili da. Baina Aita Gassalasca Japeren autoritate goitarrak dio iturri begibistakotik datorrela: Asperges me Domine antzinako latinezko eresitik. Dirudienez aspertzen nauzu, Jauna-ren gisako zerbait ulertzen zen.

 

Astakirten, iz. Ikus SENAR.

 

Astelehen, iz. Herrialde kristauetan, beisbol partiduen egunaren biharamuna.

 

Asto*, iz. Ahots oneko baina belarri txarreko abeslari jendaurrekoa. Virginia Cityn (Nevada) Washoeko Kanarioa esaten diote, Dakotan, berriz, Senadorea, eta nonahi Astoa. Animalia honek aipamen asko eta era askotakoak izan ditu edozein garai eta herritako literatura, arte eta erlijioan; ez da beste animaliarik giza irudimena ornodun noble honek adina piztu eta sutzen duenik. Izan ere, zenbaitek, erabateko ziurtasunez ez bada ere (Ramasilus, De Clem., II. lib., eta C. Stantatus De temperamente), jainkotzat hartzen dute, eta badakigu halakotzat hartuz adoratzen zutela etruskoek, eta, Macrobiusek dioena sinestera, baita kupasiarrek ere. Mahomatarren Paradisuan gizakien arimekin batera onartutako bi animalietatik bata Balaam zeraman astoa da, eta bestea Zazpi Zapineko zakurra. Hau ez da nolanahiko ohorea. Abere honetaz idatzi denarekin handitasun eta tamaina ederreko liburutegi bat osa liteke, Shakespeareren kultukoaren edo Bibliari buruzkoaren inbidiarik batere ez lukeena. Esan liteke, oro har mintzatuz, literatura guztia Astozalea dela gutxi edo gehiago.

 

                «Gora zu, Asto santua!» aingeru koruen kanta;

                «Erotasunaren Apaiz, Liskartien Jauna, aintza!»

                Kreaziokide handi, zabaldu zure erlantza:

                besteak Hark sortu arren, Mandoa zure egintza.

G. J.

 

Asturu gaitzez, adlag. Itxarobide onik gabe, patua alde ez dela. Erromatarren artean ohitura zen, garrantzi handiko egintza edo eginbehar bati ekin aurretik, augur edo estatuaren igarleengandik arrastoren bat lortzea, emaitza gertagarrienari buruz; eta asmabiderik maiteen eta fidagarriena hegaztien hegakerari erreparatzea iruditzen zitzaien; horretatik ateratzen ziren aztarnei auspizioak zerizten. Kazetariek eta lexikografo gaizto batzuek erabaki dute hitz horrek —beti pluralean erabilia— «sustapen» edo «zuzendaritza» esan nahi duela; adibidez, «Festak Gorpulapurren Ordena Antzinako eta Ohoragarriaren auspizioen pean zeuden», edo «Irriak Gosearen Zaldunek auspiziatuak ziren».

 

                Esklabo bat Erroman augurrarengana

                joan zen: «Esan, mesedez, esaidazu jauna...»

                Augurrak berehala, irriño batekin

                eskuaz gelditzeko keinutxo bat egin

                —lanik ezin egin, ba, azkura harekin—

                eta zabaldu zuen asmo garbiekin.

                Denario batekin, (txanpon latindarra)

                akabo azkura nahiz eskuen daldarra.

                Orduan esklaboak, jarraituz: «Mesedez,

                esaidazu Patuak ebatzi duenez

                gaur argitu baino lehen egin asmo dudan

                zerbaitetan porrota —zeren naizen dudan—

                ala arrakasta. Zer den? Ez dio axola,

                uste baitut hementxe idatzia dela.»

                Begi keinu ilunez begien aurrera

                beste denario bat airoso atera

                eta erreparatuz haren distirari

                luzatu zion, bada, gizon zintzoari.

                Eta augurrak serio: «Zaude lasai hemen,

                ea Patuak gaurko zer esaten duen.»

                Bere ofizioko arropak astinduz

                eta berealdiko zalaparta sortuz,

                gizon santua handik zen erretiratu

                eta Tenplu atzean egin zuen oihu.

                Han hegaldatu ziren pauma sakratuak

                (Junoren ohoretan) hantxe mantenduak,

                zuhaitzak baitzituzten kotatzat hartuak.

                Tenplu gainera aise joan ziren hegan,

                hara jotzen baitzuten berez normalean,

                arriskurik somatzen bazuten behean.

                Augurra itzuli zen esklaboagana:

                «Seme, hementxe duzu Patuak esana;

                hegaztien hegaldi horren arabera

                parte onik ez duzu, porrota segur da.»

                Joan zen esklaboa, goibel bere etxera,

                bere plan sekretua utzi bertan behera.

                Nahi baitzuen (igarle trebea lehendik

                ohartu zen bezala) harresi gainetik

                salto egin ondoren, Junoren hegazti

                haiei iruzur bidez eskua erantsi.

G. J.

 

Atalkako eleberri, iz. Literatur lan mota bat, maiz gezurrezko istorioa, egunkari edo aldizkari baten aleetan arrastaka ibili ohi dena. Askotan atal bakoitzari «aurreko kapituluen sinopsia» eransten zaio, aurrekoak irakurri ez dituztenentzat, baina premia askoz handiagokoa litzateke hurrengo kapituluen sinopsia, irakurtzeko asmorik ez dutenentzat. Obra osoaren sinopsia, berriz, askoz hobe.

        James F. Bowman zena atalkako nobela bat idazten ari zen, izena iritsi ez zaigun beste jeinu batekin elkarlanean. Bowmanek aste beteko lana egiten zuen, eta haren lagunak hurrengo astekoa, eta horrela jarraitzen zuten, amairik izango ez zuen sokan, ustez behintzat. Zoritxarrez haserretu egin ziren, eta astelehen goiz batean Bowmanek egunkaria irakurri zuenean bere lana prestatzeko asmoz, ustekabean bere lana moztuta aurkitu zuen. Lankideak kontaerako pertsonaia guztiak itsasontzi batean sartu eta Atlantikoko alderik sakonenean hondoratu zituen.

 

Ateraldi, iz. Adierazpen zorrotz eta argia, maiz aipatua, eta gutxitan atzemana; filistearrak «txiste» deitzea gogoko izan ohi du.

 

Atorrante, iz. Zuri entzutea nahi duzunean hitz egiten dizun pertsona.

 

Atseden hartu, da ad. Bazterrak nahasteari utzi.

 

Atsegin, iz. Malenkonia klaseetatik nazkarik txikiena ematen duena.

 

Atsegin eman, ad. Hertsapen superestruktura baten oinarriak ezarri.

 

Atsekabe*, iz. Girotze prozesu bat, arima beste mundu baterako, samina hura ere, prestatzen duena.

 

Atsotitz*, iz. Zuhurtzia hezurduna hortz ahulentzat.

 

Atxilotu, du ad. Hizkera jasoan, ez-ohikoez akusatutako norbait atzeman.

        Jainkoak sei egunetan egin zuen mundua eta zazpigarrenean atxilotu egin zuten. — «Bertsio baimengabea.»

 

Atzapar*, iz. Bost hatzeko landarea, espezie ugaritan banatua; horietako bat (Palma hominis) maiz jotzen du hazteriak. Gaitza oso zabaldua da, eta nekez sendatzen direnetakoa. Ahurrari orduan lika ikusezin baten gisako izerdia ateratzen zaio, aise antzematen ahal zaiona urre edo zilarrezko txanpon bat ezarriaz. Metala gogor itsatsiko zaio ahurrari. Hala ere, gaitz hori sendatzeko aski izaten da diru hori ongintzarako ematea.

 

Atze, iz. Estatu Batuetako afera militarretan Kongresutik hurbilen dagoen armadaren alde babesgabeena.

 

Atzealde, iz. Zure lagunaren alde bat, ezbeharrean kontenplatzeko suertea duzuna.

 

Atzo, iz. Gaztaroaren haurtzaroa, helduaroaren gaztaroa, zahartzaroaren aurreko iraganaro osoa.

 

                Atzo bertan zoriontsu nintzen

                heldutasun gailurrean zutik,

                beherantz so lasaiki jarririk,

                sartaldeko malda arrotza ikusten,

 

                non itzalek lurra menpe duten

                eta ahots isilek harturik,

                iragarpen hitsaz oroiturik

                Atseden Beltz hartaz mintzo diren.

 

                Bai, atzo nuen arima suhar,

                gelditu nahi erloju-orratza

                heldu aroan, ahal baneza.

 

                Gaur Ziurtasun gaitzetsi behar,

                hortaz, duda gaberik aineza

                bistatik gal nik egin ametsa.

Baruch Arnegriff.

 

        Arnegriff poetak bere azken gaixoaldian zazpi mediku izan omen zituen txandaka zaintzen.

 

Aukera, iz. Desilusioa harrapatzeko parada egokia.

 

Aurka egin, ad. Oztopo eta eragozpenez lagundu.

                Bai bakartia dela Sexu Handiosoa

                arinkeriaz hartzen duena, gaixoa.

                Serioek bakarrik —hau ez da hutsala—

                merezia daukate Sexu desleiala.

Percy P. Orminder.

 

Aurkezpen*, iz. Deabruak bere zerbitzariak saritu eta bere etsaiak zigortzeko asmatutako zeremonia soziala. Aurkezpenak lurralde honetan lortu du bere garapen mailarik gaiztoena, gure sistema politikoari hertsiki lotua baita. Amerikar bat beste edozein amerikarren parekoa denez, edonork dauka, ondorioz, beste edonor ezagutzeko eskubidea, eta horrek berekin dakar eskaera edo baimenik gabe aurkezpena egiteko eskubidea. Independentziaren Deklarazioak honela behar luke:

 

        «Honako hauek dauzkagu egia begi-bistakotzat: gizon guztiak berdinak direla sortzez; kreatzaileak zenbait eskubide kenezinez hornitu dituela; horien artean bizitza dagoela, eta beste norbaiten bizitza jasanezin bihurtzea hari gainera botaz ezagun mordo izugarria; askatasuna, eta bereziki pertsonak elkarri aurkeztekoa, lehendik etsai gisa elkar ezagutzen dutela lehenbizi egiaztatu gabe; eta besteren zoriona bilatzea arrotz saldo ibiltari batekin.»

 

Aurreiritzi, iz. Iritzi alderraia eta bizigairik gabe zabaltzen dena.

 

Aurreizate, iz. Kreazioan kontuan hartzen ez den faktorea.

 

Aurrekari, iz. Zuzenbidean, aurreko erabaki, arau edo usadioa; estatutu zehatzik ez duenez, Epaile batek erabakitzen duen indarra eta agintea duena. Edozeren aurrekariak daudenez, hark aski du bere interesaren aurkakoei muzin egin eta bere nahiaren ildokoak azpimarratzea. Aurrekariaren aurkikuntzak legezko auzia ausazko esperientziaren estatus apaletik epai moldagarriaren maila nobleraino igoarazi zuen.

 

Aurre-erabaki*, iz. Definitzen erraza ematen du hitz honek, baina pentsatzen hasten naizenean teologo zintzo eta ikasiek bizi osoa eman dutela berau esplikatzen, eta liburutegi osoak idatzi dituztela beren esplikazioak esplikatzeko; oroitzen naizenean nazioak zatitu direla eta gudu odoltsuak izan direla aurre-erabakiaren eta predestinazioaren arteko aldeagatik, eta herri-ondasunetatik milioiak xahutu direla norberaren askatasunarekiko eta otoitzaren, garaipenaren eta bizitza erlijiosoarekiko bateragarritasuna frogatu edo ukatzeko ahaleginean... gogora ekarriz hitzaren historiako egintza itsusi horiek, apaldurik geratzen naiz haren esanahiaren arazo larriaren aurrean, nire arimako begiak beheratzen ditut, hitzaren handitasun txundigarria begiztatzeko beldurrez, erreberentziaz txapela erantzi eta umilki gomendatzen dizuet galdetzeko Gibbon Kardinale Gorenari eta Potter Apezpiku Argiari.

 

Ausardia, iz. Babesturik dagoen gizonaren dohainik nabarmenenetako bat.

 

Ausarkeria, iz. Soldaduak duen konposatu bat, harrokeriaz, betebeharraz eta jokalariaren esperantzaz osatua.

        «Zergatik gelditu zarete?» egiten zuen orro Chikamaugan erasoa agindu zuen dibisioko jeneral batek, «egin aurrera berehala, jauna.»

        «Jeneral,» esan zuen brigada hutsegileko buruak, «erabat konbentzituta nago nire soldaduek ausardia handiagoa erakusteko saioren bat egiten badute, etsaiarekin topo egitera eramango gaituela.»

 

Ausart, iz. Onartzen dugun bide batean burugogor dena.

 

Australia, iz. Hegoaldeko Itsasoan dagoen lurralde bat, aurrerapen industrial eta komertziala modu ulergaitzean atzeratu diona geografoen artean ibili den eztabaida zorigaitzekoak; uharte ala kontinente den erabaki ezinik ibili baitira.

 

Auto-ebidente, izond. Begibistakoa dena norberarentzat eta ez beste inorentzat.

 

Auto-estimu, iz. Balioespen okerra.

 

Auzi*, iz. Epaile, abokatu eta zinpekoen zuzentasuna frogatu eta idatziz jasota gera dadin egiten den ikerketa ofiziala. Xede hori betetzeko kontraste bat egin behar da, salatua, presoa edo akusatua deritzan batekin. Kontrastea behar bezain argigarria bada, pertsona horri zigorraldi bat ematen zaio, jaun zintzoei beren inmunitatearen eta beren balioaren zentzu lasaigarria bermatzeko adinakoa. Gure garai hauetan akusatua gizakia izan ohi da, edo sozialista, baina Erdi Aroan animalia, arrain, narrasti eta intsektuak auzipetzen ziren. Gizakia hildako piztia, edo sorginkerian ibilitakoa, zegokion bezala atxilotu, auzipetu eta, kondenatuz gero, borrero publikoak hiltzen zuen. Uxerrek soro, baratze edo mahastiak desegiten zituzten intsektuak epaimahai zibilen aurrera deitzen zituzten eta lekukotasun, argudio eta zigorraren ondoren in contumaciam jarraitzen bazuten, arazoa elizaren auzitegi nagusiaren eskuetan jartzen zen, eta hark solemnitatez eskomikatu eta anatematizatzen zituen. Toledoko kale batean erregeordearen hankapean sartu eta hura aztoratu zuten zerri gaizto batzuk agindupean atxilotu, auzipetu eta zigortu egin zituzten. Napolesen asto bat sutzarrean hiltzera kondenatu zuten, baina, dirudienez, epaia ez zen bete. D'Addosiok auzitegietako paperetan ageri diren zerri, zezen, zaldi, oilar, zakur, aker etab.en auzi asko aipatzen ditu, haien zentzatze eta jokabide zuzenketarako izugarri mesedegarriak, uste izatekoa denez. 1451n Berna inguruko putzuak izurritzen zituzten izainak auzipetu zituzten, eta Lausanako Apezpikuak, Heidelbergeko Unibertsitatearen aholkuarekin, agindu zuen «uretako har» haietako batzuk herriko epailearen aurrera ekartzeko. Halaxe egin zen, eta izainei, bai bertan eta bai kanpoan zirenei, hiru egun eman zitzaizkien izurritutako lekuak husteko «Jainkoaren madarikazioaren» zigorra ezartzeko mehatxupean. Cause celebre haren paper sorta lodietan ez da ageri errudunek aginduari iskintxo egin zioten ala harrera gaiztoko jurisdikzio hartatik berehala alde egin zuten.

 

Auzitegi, iz. Zerri sartu eta lukainka bihurturik ateratzen zaren makina.

 

Auzo, iz. Geure burua bezala maitatzeko eskatzen digun pertsona eta eginahal guztiak egiten dituena bere esana egin ez dezagun.

 

Averno*, iz. Antzinako jendeek infernuratzeko sarbidetzat zeukaten lakua. Infernu aldera laku batetik sartzeak, Marcus Ansello Scrutator jakitunaren ustez, bataioaren errito kristaua murgilduz egiteari bide eman zion. Laktantziok, ordea, hura oker zebilela frogatu du.

 

                Facilis descensus Averni

                esaeraz poetak dio:

                maldan behera hasi ezkero

                berehala errekan naiz ni.

Jehal Dai Lupe.

 

Axolagabe*, izond. Gauzen arteko desberdintasunarekin sentiberatasun eskasekoa.

 

                Indolentziori bere emazteak errita:

                «Erabat axolagabe zaude zu bihurtuta.»

                «Axolagabe?» erantzun hark lasai irri eginez,

                «Gustatuko litzaidake; ez du merezi, zinez.»

Apuleius M. Gokul.

 

Azaburu*, iz. Barazki aski ezaguna, gizonaren burua adinakoa eta hura bezain zentzuduna.

        Izen hori Azaburius Printzeari zor dio. Izan ere, Printze horrek, tronoan eseri bezain laster, dekretu baten bidez, Inperioko Goi Kontseilua sortu omen zuen, bere aurretik izandako agintariaren ministroez eta Jauregiko baratzeko azaburuez osatua. Erregeren estatu-politikako aginduetakoren batek aldrebeskeria nabarmenen bat eragiten zuenean, serioski aldarrikatzen zen Goi Kontseiluko zenbait kideri lepoa moztu zitzaiela, eta marmarrak isiltzen ziren.

 

Azalgorri, iz. Ipar Ameriketako indioa, azal gorria ez duena... ez kanpo aldetik, behintzat.

 

Azken mutur*, iz. Interlokutorearengandik edozein aldetara azken muturreko posizioa.

 

                Hilzorian zen Panderojolea,

                heriotzaren zigilua zeukan

                grabaturik aurpegi txaldanean:

                bai zurbila harexen kolorea!

                «Hau da azkena,» zioen gaixoak,

                ez zuen indarrik haren susmurrak;

                orduantxe jo zuen Herioak,

                Pandero bihurtu haren Hezurrak.

Tinley Roquot.

 

Azkura, iz. Eskoziarren abertzaletasuna.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia