Ambrose Bierceren hitzaurrea

 

        Deabruaren Hiztegia astekari batean hasi zen argitaratzen 1881ean, eta oso tarteka jarraitu zuen 1906ra arte. Urte horretan zati handi bat liburu eran argitaratu zen, Zinikoaren Hitzen liburua izenburupean, egileak ez baitzuen izan izenburu hori arbuiatzeko indarrik; harrera berorik ere ez zion egin.

        Hona hemen obra argitaratu zutenen hitzak: «Izenburu aski txintxo hori, hain zuzen ere, lanaren zati bat lehenago argitaratu zuen egunkariaren eskrupulu erlijiosoek ezarri zioten, eta horren berezko ondorioz liburu gisa argitara zenerako herrialde osoa imitatzaileen uholde batek hartua zuen, liburu "ziniko" mordo baten pean: Zinikoaren hau, Zinikoaren hori, Zinikoaren hura. Gehienak inozoak ziren besterik gabe, baina horietako batzuk ergelkeriaren mailara ere iristen ziren. Denen artean "ziniko" hitzaren gaitzespena lortu zuten, hainbestekoa, non hitz hori zeraman edozein liburuk argitara aurretik bereganatzen baitzuen gaitzespena».

 

        Bitartean, horrez gain, herrialde honetako umorista saiatuenek lan horretatik esku-beteka hartzen zuten beren premiak asetzeko egoki zetorkien guztia, eta bertan dauden definizio, pasadizo, esaldi eta abar herri hizkeran normal samarrak bihurtu dira. Azalpen hau ematen dut, ez inola ere hutsa axola duten gauzetan lehena izatearen harrotasunaz, baizik eta izan litekeen edozein plagio salaketa ukatzeko, hori ez baita huskeria.

 

        Dagokiona bere gain hartuz, egileak espero du ez dutela erruduntzat hartuko liburua zuzenean doakienek: ardo garratzak gozoak baino, zentzua sentimendua baino, zorroztasuna umorea baino eta ingeles garbia argota baino nahago duten jende argiek alegia. Liburuaren ezaugarri nabarmena, desatsegina ez izatea espero dudana, poeta ospetsuen aipu argigarrien ugaritasuna da; Aita Gassalasca Jape, s.j.* elizgizon ikasi eta zorrotzarenak nabarmentzen dira guztien gainetik, bertsoen bukaeran G. J. inizialak dituztenak. Aita Japeren animo eta laguntzari asko zor dio hitz lauzko testuaren egileak.

A. B.

 

 

 

© Ambrose Bierce

© itzulpenarena: Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia