HITZAURREA

 

        Ambrose Gwinett Bierce Ohioko herrixka batean jaio zen 1842an. Ameriketara emigratutako familia bateko hamahiru seme-alabetatik hamargarrena izan zen. Haren aita, Marcus Aurelius Bierce, nekazari pobrea zen, baina poesia eta aliterazioa gogoko zituena —bere seme-alaba guztiei A-z hasten ziren izenak jarri zizkien—. Familia larri haren bizimodua ezin izan oso lasaia. Hala ere, aitak liburutan gastatzen omen zuen bere diru apurra, etxea testu klasikoz hornitzen, alegia. Horrela, Ambrose Biercek, hamar urte bete zituenerako, Popek ingelesera itzulitako Homeroren obrak irakurriak zituen. Hamabost urte zituela, gurasoen baimenarekin, Warsaw izeneko herrira joan zen bere kontura bizitzera, eta bertako egunkarian hasi zen lanean.

        1861ean, hogei urte bete gabe beraz, boluntario gisa izena eman zuen batasunzaleen armadan, eta zenbait gudutan parte hartu zuen hegoaldeko konfederatuen aurka, 1864an buruan zauritu zuten arte.

        Zenbait gorabeheraren ondoren, San Frantziskora jo zuen, hango kultur giroak erakarririk. Estatu Batuetako Dirugintzan gaueko atezaintzan lana eman zioten gerran lortutako merituengatik, eta, lanak astia franko uzten zionez, idazle autodidaktaren bideari ekin zion. Harrapatzen zuen guztia irakurtzen omen zuen, eta, Unibertsitatean ikasia ez zela ohartzen baitzen, maiz jotzen omen zuen Webster's Unabridged Dictionary-ra.

        Agian hortik sortuko zitzaion hiztegigintzarako joera, baina, horrekin batera, kritikarako joera zuen, umorea eta zorroztasuna gupidarik gabe erabiltzeko zaletasuna, gizakiaren alderik kaxkarrenak zehatzekoa: inmoralitatea, egolatria, hipokresia, ergelkeria nabarmena (ez bakarrik gizabanakoena baizik gizateria osoarena), iruzurkeria, estukeria, zurikeria, erlijioko txikikeriengatik elkar txikitzen ibili beharra, ohitura eta errito zentzugabeei eutsi beharra, heriotzaren inguruko parafernalia eta abar eta abar.

        Kritika lan hori bere garaiko egunkari eta aldizkarietan egin zuen; izan ere, garai hartako San Frantziskoko egunkarietan horren aldeko giroa zegoen, eta Bierceren umorea makabro bihurtzen hasi zen. Antifeminismoa, antiklerikalismoa, estatuko funtzionarioen eta hezkuntza sistemaren aurkako kritika zorrotza, erlijioari buruzko txantxak ugari dira Bierceren obran, eta Deabruaren Hiztegia-ren osagai nagusiak horiek direla ere esan daiteke. Egunkarietan ildo horretan idatzitakoak «the wickedest man in San Francisco» (San Frantziskoko gizonik gaiztoena) izatearen fama eman zion.

        Deabruaren Hiztegia 1881ean hasi zen argitaratzen astekari batean eta, Biercek berak dioenez, tarteka-marteka osatuz joan zen 1906a arte (ikus aurreraxeago Biercek berak Hiztegiari egindako sarrera). Osagai desberdinak ditu: hitzen definizioak —hori da liburuaren bizkarrezurra—, epigramak, istorio laburrak, pasadizoak, bertsoz definitutako hitzak, baina beti ikuspegi zinikotik eginak. Ez, ordea, «ziniko» hitzak gaur egun hartu duen zentzuan, baizik eta jatorrizko zentzuan, berak definitzen duenaren haritik, alegia:

 

        Ziniko, iz. Ikusmen akats baten ondorioz, gauzak, behar luketen bezala ikusi beharrean, diren bezala ikusten dituen lotsagabea. Hortik sortu zen Esziten artean zinikoari begiak ateratzeko ohitura, hari ikusmena hobetzeko.

 

        Gauzak gordin agertuko dizkigu, beraz, Deabruaren Hiztegia-k.

        Hiztegi hau, hortaz, ia hogeita hamar urtean zehar idatzitako lantxo barreiatuetako batzuen bilduma da. Ez ildo horretan idatzitako guztiena, ezta hurrik eman ere. Gerora egin dira bilduma berriago eta osatuagoak, handik eta hemendik ekarritako joera bereko makina bat definizioz hornituak, ia halako bi diren liburuak osatzen dituztenak. Baina hemen itzuli dena Biercek berak bere Obra Guztiak argitaratzerakoan berrikusi eta txukundutako bilduma da.

        Deabruaren Hiztegia, egilearen iritziz, ez da bere literatur lanik hoberena, baina bai beste kaxkarragoko batzuk baino hobea irudimenaren aldetik. Baina, dudarik gabe, haren obrarik adierazgarriena da eta, seguru aski, ezagunena. Bierceren obra beti Deabruaren Hiztegia-ri loturik geratuko da, hor eman baitzituen zehazkien munduari buruz zeukan ikuspegia, bere gogoeta gai nagusiak eta bere kezkarik sakonenak.

        Ambrose Biercek, H. L. Mencken eta Walter Neale argitaratzaileek proposaturik, Obra Guztiak argitaratzeko prestatzeko lanari ekin zion 1908an. 1912a arte aritu zen lan horretan. Hasieran hamar liburukitan biltzekoak ziren lan guztiak, baina azkenean hamabi izan ziren. Bukatu zuenean, agur esan zion literaturari. Gerra zibilean borrokan ibili zen lekuak bisitatu eta Pancho Villaren armadarekin «ikusle» gisa biltzeko planak egin zituen. 1913an Kaliforniako hilerri batean prest zeukan hilobia bere alaba Heleni eman zion, han lur ematerik ez zuela nahi aitzakiatzat jarriaz.

        1913ko abuztuaren 13an Amy Wellsi idatzi zion: «Maindire artean hiltzea nazkagarria izango da, eta, Jainkoa lagun, niri ez zait gertatuko horrelakorik».

        1913ko irailaren 21ean, Nelly Siclerri beste hau idatzi zion: «Nire plana, batere baldin badut, Mexikon barrena Pazifikoko portuetakoren batera igarotzea da; hori, amerikarra izateagatik paretara eraman eta fusilatzen ez banatute. Handik berriro itsasoratuko naiz Hegoamerika alderantz, Andeak gurutzatu eta agian kontinente osoa... Baliteke, noski —eta oso litekeena ere bada— ez itzultzea. Herrialde horietan gauza bitxiak gertatzen dira. Horrexegatik noa bertara hirurogeita hamaika urte beteta!». Beste batean esan omen zuen: «Mexikon gringo izatea, hori bai dela eutanasia». Dena dela, haren heriotza argitu gabe geratu da. Historiagile batzuen arabera, Ambrose Bierce guduan hil zen; beste batzuek uste dute, haren nortasunari zegokion bezala, haren heriotzaren misterioa argitu gabe geratuko dela.

        Deabruaren Hiztegia, itzultzailearentzat, lan zoragarria da, hitzaren bi zentzuetan. Zoragarria, gauzen definizio arruntak eman beharrean, Bierce hitzek estaltzen dutena argitara ateratzen saiatzen delako, eta bere ikuspegi horrek, nahiz eta garratza izan, behin eta berriz irribarrea ezpainetaratzen digulako. Eta zoratzeko modukoa da itzultzailearentzat, behin eta berriz behartzen duelako burmuinak estutzera itzulezintasunaren mugan dauden zenbait pasarte, hitz joko, hots joko, bihurrikeria —asko eta asko garaiko pertsona, pertsonaia eta gertaerei buruzkoak— modu ulergarrian eman ahal izateko. Horrelakoei buruzko oharrak, zenbait kasutan argigarri eta beste batzuetan ezinbesteko direlakoan, liburuaren bukaeran daude. Oharrak agertzeko moduari dagokionez, (*) batez markatuta daude hitzaren sarreran, eta bukaerako oharretan sarrera horrexetara jo behar da.

        Eta beste zailtasun bat ere badu, horri erantsia: zati asko hitz neurtuz osatuak izatea, hain zuzen ere. Euskaratzerakoan, idazlearekiko fideltasunagatik, horiek hitz neurtuz ematea erabaki nuen. Ingelesaren sintetikotasunari bertsoaren kortsea ezartzen badiogu, ez da zaila kalkulatzea zenbatez biderkatu behar den ahalegina, emaitzari itxura pixka bat emateko. Esan dezadan, bidenabar, esate baterako, J. Mirandek E. A. Poeren The Raven (Bela) itzultzean lortutakoa ez zela gutxi izan, edo Orixe, Gaztelu eta Lauaxetak egindakoa; edo beste horrenbeste berrikiago J. Garziak Shakespeareren Soneto Hautatuak itzultzean. Beraz, bazegoen nora begiratua. Baina Mirande Mirande zen. Horregatik bi erabaki hartu nituen, hitz neurtuz zegoena hitz neurtuz ematea eta, horrekin batera, edukiaren muinari ematea garrantziarik handiena, baliabide formalak alde batera utzi gabe, betiere. Eta, gainera, behar adinako askatasuna hartzea neurri eta errima kontuetan, soneto batzuetan izan ezik. Horietako batzuk —guztira lauzpabost besterik ez dira— Miranderen Eresi, Orhoituz eta Paranoia-ren ereduan eman ditut; beste batzuk, berriz, neurri luzexeagoetan. Neurri aldetik egin behar dudan ohar bakarra da sinalefa eta diptongoen bide lainotsuan irakurleak aurkitu beharko duela urratsak on(gi) egiteko pausajea. Eta, azkenik, espero dut, A. Biercek bezala, zenbait poeta sonaturen aipamenen ugaritasunak irakurlea ez muzintzea.

Xabier Olarra

Iruñean, 2000ko uztailaren 25ean.

 

 

 

© Xabier Olarra

 

 

"Ambrose Bierce / Deabruaren hiztegia" orrialde nagusia