HITZAURREA

 

        Saul Bellow idazle iparramerikarra (Québec, 1915) gerla osteko literatur izen ezagunenen artean dago, Salinger eta Updike idazleekin eta Bernard Malamud eta Philip Roth autore juduekin batera.

        Etorkin errusiarren semea, bederatzi urte zituela Chicagora bizitzera joan zen familia, 20en hamarkadako Chicago distiratsu eta basatira. Eta metropoli zalapartatsua bilakatuko zitzaion jaioterri eta bere obraren iturburu bizi. Bertako eta Northwestern Unibertsitateetan Antropologian eta Soziologian lizentziatu zen, geroztik luzera desberdinetako irakastaldiak eman dituelarik Estatu Batuetako hainbat Unibertsitatetan (Minnesota, Princeton, New York, Bard College, Chicago...), zeregin hau idaztearekin batera elkartuz.

        Erreputazioa irabazten joan zen irakurle multzo txiki baten artean bere bi lehen lanez: «Dangling Man» (1944), soldaduskara joan behar duen gazte baten eguneroko formakoa, eta «The Victim» (1947), judu eta jentil baten arteko harremanaren azterketa sakona. «The Adventures of Augie March» (1953), bere lehen gai pikareskodun eleberri luzeak, arrakasta handia eta Liburu Sari Nazionala ekarri zizkion.

        Forma aldetik desberdintasunak izan arren, Bellowren nobela guztien gal nagusia gerraostean Europan nahiz Iparramerikan nagusituko zena da, hots identitaterik gabeko «heroia» egungo mundu modernoan isolatua. Bellowren zorigaitzeko heroiek beren «esentzia»ren bilaketa eternal eta frustragarriari ekiten diote; etengabe dabiltza autodefinitu nahian, beste gizakiekin erlazionatzeko eta komunikatzeko aukera baten bila. Heroi judu intelektual hauen barne monologoak sublimetik absurdora joan daitezke, era nahiko komikoan aldiz. Kanpoko munduak, mundu errealeko jende arruntak, espekulazio intelektual hauen aurrean kontrapuntu gisako bat jartzen du, intelektualkeriari kaleetako jakintza kontrajarriz nolabaiteko oreka lortzeko. Beste aldetik, egunerokotasuna pertsonaia eta pasadizo bitxiez hornituz halako freskotasun/arintasun bat ematen dio kontaketari.

        Bere lan nagusitzat har daitekeen «Heldu Orainari» (Seize the day, 1956) labur honetan Bellowk dirua totemtzat duen gizarte iparramerikarraren ikuspegirik siniestroena azaltzen du ziur aski. Nobelan Tommy Wilhelm protagonistaren egun oso bat kontatzen zaigu. Adin ertaineko schlemiel edo gizajo potzolo honen ezaguera egiten dugu bere azken dirua Burtsan areagotzeko Tamkin psikologo/filosofo iruzurtiaren eskuetan utzi duen egunean. Tommyk badaki, ordea, gaizki aterako zaiola, orain arteko bizitzan den-dena gaizki atera zaion era berean; unibertsitatea uztea, zinema karrera, lana, ezkontza, aitarekiko harremana. Liburuan barrena Tommy, Tamkin doktorearen eta medikua ere duen bere aitaren aholku kontrajarrien artean harrapatuta eta aurrera egin nahian, aitortzen doa eman duen urrats bakoitza okerra izan dela, eta ez zegokiola bere barneko neutasunari. Baina non dago benetako neutasun hori? Eta nola egin behar du ihes espetxe horretatik? Nola lortu, Tamkin doktoreak hainbestetan aholkatzen dion bezala, «orainari heltzea»? Bere golkoarekiko elkarrizketan zehar, Tommyk bere krisi sakona agertzen digu, hau ere galdera baten bidez formula litekeena: bere buruarekiko elkarrizketa hau nola bihurtu kanpoko munduarekiko elkarrizketa esanguratsu?

        Bellowren liburu ia guztietan bezala, honetan ere amaiera irekita geratzen da: Wilhelmek bere krisialdia gainditzen ote duen jakin gabe geratzen gara. Ikusten dugun azken aldian, antzerki anker honen oihala jaitsi aurretik, etsi-etsian negarrez ari da hilotz ezezagun baten alboan. Beregatik eta gizateria osoarengatik negarrez.

        Luma arinekoa dugu Bellow, ondo menperatzen zuen yiddishetik hartutako idazmoldeak ingeles energiko batera uztartzen jakin duen maisua. Gainera, kontaketa lineal honek izan zezakeen sinpletasuna iraganeko erreferentzia mamitsuez eta agertzen doazen pertsonaien xelebrekeriez hornituz sendotzen doa, irakurlearentzat entretenigarri eta arina den testua osatu arte, autorearen ohiko galdera existentzialak betiere airean geratzen direlarik.

        Aipatutakoez gain, Saul Bellowren beste lan batzuk dira «Henderson, the Rain King» (1959), «Herzog» (1964), «Mr. Sammler's Planet» (1970), «Humboldt's Gift» (1975) eta «The Dean's December» (1982). Hirietako gizaki alienatu baina izpiritu osokoei buruz egindako erretratu andana honek Literatur Nobel Saria ekarri zion 1976an.

 

Juan Mari Mendizabal

 

 

 

© Juan Mari Mendizabal

 

 

"Saul Bellow / Heldu orainari" orrialde nagusia