IX

 

        Hona ekarri nau. Ez zuen kalterik egiteko gauza ematen, ordea, bere uniforme kaki eta buruko bonetaz. Jatorrizko madarikazioa berriz ere suspertu zutela zirudien, existitzearen madarikazioa: bera existituko al zen? Pecquigny eta Caumont-eko bihitegietan, bagoi eta kamioietan, bideetan, bera goardia egiten zuen zulo izoztu baten sakonean, ez zegoen soldadu anonimo bat baino, kezka eta aladurarik gabeko soldadua. Hain zen erraza. Ezin zen nahi izatea aukeratu: berak nahi zuen. Bere buruarekin besterik ez zuen bat egiten. Ez zegoen galdetzeko ezer. Helburua bere aurrean ikusten zuen, nabaritasun lasaiaz: faxismoaren kontrako garaipena. Behar bihozbera batek bere ekintza oro zuzentzen zituen.

        Eta bat-batean, bere buruarekin bekoz beko zegoen berriz ere, amorru eta lotsaz. Beira urdineko eraikuntza handitik irten, eta bere atzean tenienteak erdeinuz egiten zuen irribarre; plaza txikia zeharkatu eta berarekin gurutzatzen ziren soldaduen begirakuneek masailak erretzen zizkioten. Egin du. Egiten ausartu da. Oraino ez dakite, baina jakin behar dute, esan beharko die. Boucher-i esan beharko zaio. Jakinen dute. Eta gezurra besterik ez dela izan jakinen dute: uniformea, arrantxoa, gure mozkor barreak, eta bihitegietako lastoan abereen berotasunean arintzen ziren gure behatz izoztuak. Arras pozik jantzi zuen lur-koloreko longaina, eta adats oparo eta sarria moztu zuen, bere amak laga ziona! Baina iruzur hutsa izan da, sekula ez naiz izan euren modukoa; sekula ez naiz izango besteen moduko gizon biluzi eta soila, babesik gabekoa, pribilegiorik gabekoa... «Destino bereziko zuzentzailea Inprimategi Nazionalean». Oso sarri gorrotatu zuen bere begitartea, baina oraingo hau zen higuingarriena: entxufatu zikina.

        — Luzaro ez naizela geratuko zin dagizuet!

        — Ergela zinateke bueltatuko bazina —esan zuen Rivière-ek.

        Mahai gainean sei botila huts zeuden eta plater bakoitza hezurtegi txiki bat bihurtu zen; ez ardoaren zaporea, ez tipularen usaina eta ez euren barreak ez ziren aldatu. Baina dena zen ezberdina. «Nik ez dut ezer eskatu», esaten nuen, eta zaplada pare bat eman zidaten bizkarrean, adorea emateko: «Tira, nik berdin egingo nuke, zure lekuan egonda». Baina ez zeuden nire lekuan, eta bazekiten; neu nengoen leku hartan; orduan, bakoitzak leku bat zeukan, bere lekua; erabat bakarrik nengoen. Ni igotzen nintzen trenera, nik egiten nuen ihes gerratik urrun, ni irteten nintzen Ekialdeko geltokitik, baimena edukiko banu bezala, emakumeak irribarrez begiratzen ziotelarik. Caumonten negua zen oraindik; han, eguberria jaiotzen ari zen eta irribarre egiten zuten emakumeek. Pariseko emakumeek, adats oso hori edo oso beltzekoek, ezpain gorrikoek, irribarre egiten zioten iruzurti hari. Sasi-langilea, sasi-soldadua. Ni gabe igoko dira frontera; nik nire gelan lo egin, paperezko zamauetako jatetxeetan bazkalduko dut, agure eta emakumeen artean; eta erabat bakarrik izango naiz. Laurent, Gauthier edo Perrier ikusteko beldur nenbilen, ormetara itsatsita; burkideek jakingo dute, «Blomartek Parisen lortu du destinoa», esango dute; eta «Ez da egia, ez naiz ni izan», txilio eginez gero ere, hotz begiratuko zidaten: «Edozelan ere, hemen zaude». Eta ni naiz, ni neu naiz. Amorruak korapiloa jarri zidan eztarrian; hari lepotik oratu eta eskuetan ezer ez eduki arte estutzeko gogoa neukan.

        — Egunon. Hélènerekin berba egin nahi nuke.

        — Bai: Hélène naiz.

        — Jean naiz ni.

        Deiadar itoarazi bat entzun zen hariaren beste muturretik.

        — Parisen zara!

        — Ez zenuen zalantzarik izango?

        — Nirekin haserre zaude?

        — Zurekin berba egiteko beharra daukat. Noiz joan naiteke?

        — Nahiago dut ni joan —esan zuen—. Oraintxe bertan?

        — Nahi baduzu. Demagun, ordu bete barru.

        — Jean!

        — Zer?

        — Aizu, Jean...

        — Berehala esango didazu.

        Eseki nuen. Ikusiko du. Jadanik hobeto hartzen nuen arnasa. Clichyko hiribidea jaisten hasi nintzen. Nire etxera bueltatzen nintzen, antzinako moduan. Kafetegi, denda berak. Haatik, zerbait aldatu zen irailetik. Denbora gutxi lehenago etxe garai haietan sartuta ematen zuen nire bizitza guztia; betidanik zeuden han, beti egongo ziren; iragaitzaz besterik ez nintzen ni; ni denbora luzean desagertuz gero ere han egongo ziren, euren betiko itxuraz. Begiratu nituen; jadanik ezberdinak ziren. Jadanik ez bloke ikaragaitza, harri piloa baino, zeinaren behin-behineko oreka une batean suntsi baitzitekeen. Antzina, etxe haietariko aurrealde bakoitzak begitarte paregabea zeukan; orduan, ez ziren gai hauskorrezko estaldurak baino, burdinazko karkasek eutsiak. Burdina bihurrizko karkasak, horma eraitsiak, hondakinak, errauts egindako harriak: hauxe da bihar gera daitekeena; eta ni, ni han izan nintzakeen, txintxorren artean berdina. Nire etorkizuna ez zen kale haienarekin nahasten. Ez zen nirea baizik. Jadanik ezerk ez ninduen lotzen. Ez nengoen inon; helmenetik at nengoen. Tupustean, edozer zen posible.

        «Hélènerekikoak hautsi behar ditut».

        Hélène jotzea, itotzea pentsatu nuen, baina hain urruti neukanez ez nuen geurekikoak haustea pentsatu ere. Orduan ikusi egin behar nuen, berba egin behar nion: zer esango nion? Hiribide luze eta zuzena begiratzen nuen. Hain bakarrik, hain libre, iraganik gabe. Jadanik ez ninduten engaiatzen gezur zaharrek. Berriz ere gezurra esanez gero, gezur berriak ziratekeen. Sumina desagertu zitzaidan; harridura antzeko batez pentsatzen nuen: hautsi beharra dago, behingoz.

        Oraindik ere gezurra esan nezakeen, nire ekintza orok nire zinak ezeztatuko zituela jakinda? Heriotzari aurre egin beharko diot bihar, erbesteari edo iraultzari; bakarrik eta libre egingo diet aurre, Hélène kontuan eduki barik hartuko nituen erabakiak. Aldi orotan gorrotatuko ninduen, dena galarazten saiatuko zen: bi etsai izango ginen. Ez, ez da posible, horrek ezin du iraun. Eta hala ere, abandona nezakeen? Bakarrik geratu zen ama etxe satinatuan, bakarrik geratuko zen Hélène. Ai! Gauza erraza zen soldadua izatea; askoz ere gaitzagoa zen atzera ere gizona izatea. Berriz ere dena ezinezkoa zirudien. Eta hala ere berba egin behar nuen. Oraindik inon existitzen ez den zerbait izango da. Eskailerak poliki igotzen nituen. Eskuarki krimena gauzatu eta gero sentitzen nintzen kriminal; ordukoan lehenago nintzen errudun. Gezurra ala zoritxarra? Nik neuk aukeratu behar nuen nire zigorra. «Ez nuen ezagutu izan behar. Ez nuen jaio izan behar». Jaioa nintzen, ordea. Hélènek eskua luzatu eta beste alde batera begiratu zuen.

        — Egun on.

        — Egun on —eser zaitez.

        Aire lotsati eta dohakabeaz jarri zen nire aurrean, eta histasunak lur jota sentitu nintzen.

        — Hélène! Zergatik egin duzu hori?

        — Ez dut nahi hil zaitzaten —erronkaz begiratu zidan—. Neurekikoak apur ditzakezu, jo nazakezu, gura duzuna egin dezakezu: nahiago dut hori obus batek zure burua errotik ateratzea baino.

        — Ez ezazu pentsa hemen luzaro geldituko naizenik. Oraingoan ederki erabili behar ditut aitaren harremanak.

        — Denbora hori irabaziko dugu, behintzat —esan zuen.

        Bere begietan dirdai harro hura berriz ere ikusteak poztu ninduen.

        — Geure arteko edozein harreman eragotzi duzunaz jabetzen al zara?

        Masailetara igo zitzaion odola.

        — Zeurea da erabaki hori —esan zuen.

        — Ez daukat ezer erabakitzerik. Dena izorratu duzu.

        — Ene! Oso pozik zaude zu nigandik libra zaitezkelako eta lehengo aitzakiarekin zatoz.

        — Ez da aitzakia. Etsaia banintz bezala erabili nauzu.

        Malkoak isuri zitzaizkion: «Bai, etsaia bazina bezala erabili zaitut», esan zuen. «Gorroto zaitut, sekula ez nauzu maite izan. Ondo dago! Ez zaitez beldur izan, hanka egin behar dut, bost axola niri!».

        Negar-zotinka ziharduen. Sudurra eta masailak batean gorritu eta handitu zitzaizkion. Zapore gazia neukan ahoan eta «Aski da, ez dezagun hau gehiago pentsa», esateko gogoa nuen. Baina gure arteko borroka segidan hasiko zen berriz, lehenago bezain mingotsa. Bere malkoetatik zehar begiratu zidan:

        — Benetan? Hanka egitea gura duzu?

        — Beste inori baino lotuago egon naiz zeuri —esan nuen—. Baina gaizki-ulertu larriegia dago geure artean. Inoiz ez duzu nire bizitza partekatu izan nahi, zeure onerako baino ez nauzu maite izan.

        — Nik zure bizitza izan gura nuen —esan zuen, etsita.

        — Ezinezkoa da. Ezin zaitut zuk gura bezala maitatu.

        Begitartea mudatu zitzaion: «Ez nauzu maite!», esan zuen. Isilean so egin zidan, begiak dilataturik; ezpainetatik pasatu zuen mingaina: «Baina orduan, zergatik esan zenidan maite ninduzula?».

        — Egundoko samurtasuna sentitzen nuen zugana. Maite nahi zintudan —zalantza egin nuen—. Desberdinegiak ginela ulertu behar nuen; ez da zure errua, baina ez daukagu elkarrekin zer egin.

        — Ez nauzu maite —esan zuen astiro—. Barregarria da. Nik horrenbeste maite zaitut...

        Hutsera begira gelditu zen. Testu zaila ahaleginez argitzen duenaren itxura zeukan. Bihotzean korapiloa egin zitzaidan. Ez al nuen maite? Hain gertu sentitzen nuen, kontsolatu nahi nuen.

        — Barregarria da —hasi zen berriz—. Azken buruan, zergatik ba maite behar ninduzun?

        — Hélène!

        Jadanik bakarrik zegoen, niregandik oso urrun. Eta nire kontra sentitzen nuen, goxo eta bero.

        — Zer?

        Burua makurtu nuen. Ezin nion deus esan. Bihotzean korapiloa egiten zidan larritasun antzuak lokazti zaporea zeukan.

        — Barkaidazu.

        — Oi! Ez dago barkatzeko ezer —esan zuen—. Hobe da horrela. Horrela nire buruari ezin izango diot gezurrik esan —jaiki egin zen—. Hanka egin behar dut.

        — Ez zara ba horrela joango?

        — Zergatik ez?

        Gelaren inguruari eta gero niri aurpegira so egin zidan, harrituta edo:

        — Ez zara konturatzen zer bizi dudan hil honetan, ezin zara konturatu... Zitala zen.

        — Gura duzun moduan izango da.

        Babesten ez banintzen, malkoak igo behar zitzaizkidan begietara: neuk ez nuen negarrik egin behar.

        — Nahiago dut berriro ez ikustea —esan zuen. Irribarre egiten saiatu zen—. Agur.

        Ezinezkoa zirudien. Ulertu barik begiratzen nion, nire esku bera, bere orbain eta azkazalez, pote baten barnean erakutsiko bailidaten.

        — Agur —errepikatu zuen.

        Atera abiatu zen. Bere alderantz erakartzen ninduen indar lazgarri batek: maite nuen. Baina atearen ixtea entzun nuen, eskaileretan behera jaisten ari zen. Bere egiazaletasun eta adoreagatik maite nuen, alde egiten zuelako maite nuen: ezin nion deitu. Hélène! Atzamarrak uzkurtzen zitzaizkidan butakaren besoetan, etorkizunik gabeko garrasia itoaraziz. Egina zen. Malkoak, oinaze hura ez ziren lehenago. Eta orduan, orduan hor zeuden. Niregatik.

        Egin dut. Zergatik hori, hori hain zuzen ere? Negarrez ari zinen eta alferrik zen, biharamunean maite behar baitzintudan. Beharbada alferrik hilko zara. Alferrik kartel horiak eta ireki eta ixten diren ateak, eta balen marrua, goizean goiz. Allferrik. Alferrik ekarri nau hona. Azpiratuak izango gara. Krimen hauek guztiak, alferrik. Hark ez zuen honetan pentsatu. Zer egin du? Heriotza da ziurtasun bakarra, eta gau hau.

        «Ez dut gehiago ikusiko. Akabo», pentsatzen zuen Parisetik urrun zeraman trenean. Astiro, zauri baten antzera, ixten zen iragana. Orduan, bere atzean zegoen erabakia, berak aukeratu ez, baina existitzen ziren gauzen gisa. Erabaki izan. Ez zen bizi izatea baino askoz ere kriminalagoa. Hélènerekin hausturak ez zeukan, bere bihotzean, «Port-Salut»-eko afariak baino pisu gehiago, ezta gutxiago ere. Bera hil erabaki izatea, hil izatea; hilda izatea. Bestalde, ez zuen jadanik atzera begiratzen. Hango etorkizuna begiratzen zuen, errailen beste muturrean. Xede bakarra, bide bakarra. Soldadua zen ostera ere. Opor ederrak! Hantxe zegoen, bakarrik, bere haurtzaroko belardietan bezala, sagarrek hortzetan aladura barik egiten zuten krak eta dena zegoen onartuta: nagiak atera, iraulkatu, hartu, apurtu, dena egin zezakeen; bere keinuak ez ziren jada inoren mehatxu; ez zegoen beste inor bere aurrean; gizonak ez ziren tresnak besterik, edo bestela trabak, edo dekoratua, eta ahots oro isildu ziren, ahots xuxurlariak, ahots mehatxariak, eta kezka eta aladuraren ahotsak. Kanoien burrunba, hegazkinak, eta balen txistua baino ez zen entzuten. Lasai-lasai, sagarra hozkatzen duenaren antzera, granadak jaurti eta fusila desarratzen zuen. Gerra-gurdi eta kamioi blindatuen kontra tiro egiten zuten kanoiek; bere lana gizonen kontra tiro egitean zetzan. Baina hormigoia, altzairua, haragia, dena zen materia, era berdinean. Beste makina bati oztopo egiten zion burdina eta suzko makina baten pieza besterik ez zen. «Neu naiz», pentsatu zuen egun batean, txunditurik, baso baten mugan oheraturik, fusil metrailadore bat eskuen artean; eta barregura eman zion; han, soroen erdian, gizonak balen eraginez hiltzen dira eta berak bihotz arina zeukan. «Neuk hiltzen ditut». Hori ere onartua zen. Bazekielako zer nahi zuen. Soldadua baino ez zen eta barre egiten zuen jadanik ezin zuelako ezer txarrik egin. Ezkerreko saihetsean min hura sentitu zuenean, orduan jakin zuen ezertxo ere ezin zuela egin. Erabat galdua zen, erabat salbatua, eta bakea bere baitan sartzen sentitu zuen, sukarra bailitzan.

        Kloroformo usainean, maindireen zuritasunean eta areto handi eta argiaren isiltasunean galdua: oinaze anonimoa baino ez. Denbora ez zihoan aurrera. Une bakarra, beti berdina: min hutsa. Bakarrik flotatzen zuen bere gorputzarekin, lurrean ez zeukan pisurik; pisurik gabeko mina. Nahikoa litzateke putz egitea hura iraungitzeko eta horrek ez ziokeen ezer aldatuko inori; ez zuen argirik ematen, ez zuen berotzen: argi-txakur bat.

        Mundua bere inguruan gutxinaka berreraikitzen joan zen eta ostera ere zen munduan; zauria orbaintzen ari zen: «Zer gertatzen da?». Oinutsik zebilen linolioaren gainean, lautada gorria eta izpiliku urdineko zelaiak begiratzen zituen leihotik. Frantziako armada Sena alderantz atzera egiten ari zen; alemanak Erruanen zeudela esaten zuten. Baina pixka bat gehiago lo egin nahi zuen.

        Hau da iratzartzea hau! Bulego txikian isilpean sartu, T.S.F.-ko botoiari eragin eta ahots batek hitz egin zuen, frantsesez, doinu zakarraz. «Orleansen sartu gara. Kapitain bat, zenbait gizonez lagunduta Verdunen sartu eta Verdun erori da. Frantziako armadak, bost zatitan moztua, arrapaladan ihes egiten du; milioika errefuxiatu dabiltza bideetatik, traba egiten; Frantzia osoa nahaspila hutsa da». Ahots harroputz eta garaile hark euren garaipena aldarrikatzen zuen. Geure porrota. Nire porrota. Burua makurtu zuen, luzaroan geratu zen geldirik, ahoa samintasun jasangaitzaz beteta, bere bizitza beraren zaporea. Ez ginelako nahi izaten ausartu. Paulen ahotsa entzuten zuen. Blumenfelden begiak ikusten zituen. Gozoak ziren arrastiak, zart egiten zuten banderek, gorriak eta hiru kolorekoak, uztailaren 14ko eguzkipean! «Greba politikorik ez». Zuhurtzia hura, zuhurtzia burugabe hura! «Ez dut nire herria gerrara bultzatuko». Eta gerra dugu, gerra galdu dugu. Ez gara inor hiltzen ausartu, ez dugu hil nahi izan, eta bizirik irensten gaitu izurri berde horrek. Areketan usteltzen dira emakumeak eta jaioberriak; jadanik geurea ez den lurraren gainean burdinazko sare erraldoi bat jausi da, Frantziako gizonak milioika giltzaperatuz. Niregatik. Norberak guztiaren ardura du. Gau batean, pianoaren azpian, tapiza harramazkatzen zuen eta gauza mingots hura zeukan eztarrian; baina ez zen umea besterik, negar eta lo egin zuen. Gau batean, kaleetan zehar, zoroaren pare ibili zen, begiak aurpegi odoltsu bati hiltzaturik; baina gaztea zen, bizitza osoa zeukan aurrean bere krimena ahanzten saiatzeko. Orduan atzean zeukan bizitza, bizitza galdua. Beranduegi zen, dena akabo. Nire burua garbi mantendu gura izan dudalako, bera nire baitan kokatzen zen bitartean, nire haragi eta hatsarekin nahasita, jatorrizko usteltzea, alegia. Azpiratu gaituzte; gizonak azpiratu dituzte. Animali arraza berria ugalduko da haien ordez: bizitzaren taupada itsua eta heriotzaren usteltzea ez dira bereiziko: abiadura berdinean hazi eta desegiten da bizitza, giharrak, odola, esperma eta zizare asetuen mugimendua. Lekuko barik. Ez da gizon gehiago izango.

        Galtzada Pariseko mugetarantz ihes egiten ari zen, dirdaitsu eta hutsik; izugarri handia ematen zuen; zenbait bizikletek bakarrik apurtzen zuten isiltasuna. Oinezko bakan guztiek aire bakartia zeukaten; erbestean, zorigaitzean eta beldurrean ezagutu zuten bakardadea eta euren gorputzetan kikilduta geratu ziren, hondamendiaren erdian basamortuan bezala galduta. Bakarrik zegoen bera ere; goizetik ibili zen Parisen alderrai, desmobilizazio prima patrikan; inprimategia itxita zegoen, ama Parisetik urrun. Ez zekien ezer Hélèneri buruz. Bakarrik. Baina han zegoen. Benetako gizona. Eguzki goibelaren pean. Dendek burdinazko ametsak egiten zituzten: harategi gorrien burdinsare zartatuetatik zehar, marmol biluzia ikusten zen; janaridenda itxi baten atearen aurrean, ilara luze eta beltz bat zegoen geldituta. «Etorriko da Frantziaren txanda». Viena. Praga. Paris. Kapelugin baten erakusleihoan tximeleta hori handi bat itsatsi zuten: «Etxe judua». Jean kalean zebilen. «Hemen nago. Baina zer egin dezaket?». Beste guztiak bezain bakarrik. Haiek, ordea, bulebar eremuetan zehar aurrera egiten zuten, lerro luzeetan, euren boten usain sendoak inguratuta, hodei bat bailitzan; kamioiek Montmartre gaineraino garraiatzen zituzten, masa trinkoetan, Tertre plaza zeharkatzen zuten, pausoa markatuz eta txistu batek lerroak hausten zituenean, dozenaka bilduta geratzen ziren Sacré-Coeurri argazkiak ateratzera joateko. Haien urratsen zarata, haien takoikada, kantu eta uniformeek itzelezko sare berdats bat ehuntzen zuten, erabat trinkoa eta korapilatsua, ezin zen gizabanakorik bereizi. Egunkaria erosi eta amorruz lauskitu zuen. Gure nagusiak. Eta guk burua makurtu, hitz egin gabe, mugitu gabe. Polonian, emakumeek leihoetatik tiro egin eta putzuak pozoitzen zituzten.

        — Kolaborazio leialak soilik saihes dezake ezbehar gehiago —esan zuen Gauthierrek—. Zergatik ez duzu onartzen? Sekula ez dugu izan Vie Syndicale-ri horrelako zabalkundea emateko paradarik. Eta sekula ez zaituzte estutuko pentsatzen duzuna besterik idaztera.

        — Pentsatzen dudan guztia idatzi nahi dut, bestela ezer ez.

        — Baina dena idatzi ahal izango duzu —esan zuen Gauthierrek—. Azken finean, ez al dugu betidanik Europa zuzenago antolatu nahi izan?

        Kafetegi bateko terrazan eman zidan hitzordua; kafetegi handi eta burges hartan eroso sentitzen zela ematen zuen. Garai hartan maiz joango zen leku-mota hartara. Uniforme berdeko inurritegia geneukan inguruan, prismatikoen larruzko kutxatila horiek ukitu turistikoa osatzen zuten. Mahaien artetik igarotzen zen emakume bat, lepotik saski bat zeraman zintzilik, argazki, egunkari irudidun eta «Pariseko oroigarri»-z josita. Amerikarren sasoian legez. Paper berri eta diseinu ezezaguneko bileteak isurtzen zituzten saskian. Ia denek eskatu zuten txanpaina. Izotz ontziaren ondoan, arretaz egindako paketetxoak utzi zituzten: txokolatea, perfumeak, zetazko lentzeria. Samurtasunez garbitu zituzten Pariseko luxuzko azken dendak.

        Amorruz begiratu nion Gauthierri:

        — Burkide askok pentsatzen dute zure gisa?

        — Batzuek —bere begiek ihes egin zidaten—. Gutariko inork ez zuen gerra hau nahi.

        — Ez zen bake hau geuk nahi genuena —esan nuen.

        — Bakea da —esan zuen.

        Viena: bakea. Praga: bakea. Paris: bakea esango dugu berriz?

        Alboko mahaiko neska aleman bati begiratzen nion. Te pakete bat uzten zion zerbitzariari, hamaika gomendio erantsiz; konfitura potetxo bat, gurina eta azukrea ipini zituen mahai gainean. Garagar kafea sakarinaz hartzen genuen guk. Indigena mordo baten artean zebilen herri kolonizatzaile bat bezalakoak ziren; bi munduek bata bestearen kontra ezer utzi gabe irrist egiten zuten. Automobila eta hegazkinaren mailan bizi ziren; guk ez geneukan oinak besterik, bizikletak, asko jota. Ez ziren distantzia berdinak eurentzat eta guretzat, ezta ardo baso baten prezioa ere.

        — Benetan onetsi behar duzu egunkaria eurei saltzea? —esan nuen.

        Irribarre lehorra egin zuen Gauthierrek:

        — Zergatik ez dugu euren kontrolpean lan egingo? Daladier5-en kontrolak ez zizun trabarik egiten —sorbaldak altxatu zituen—. Buru-argiagoa zinelakoan nengoen.

        — Buru-argia naiz. Zeu ere bai. Badakizu zer egiten duzun —altxatu egin nintzen—. Honen ostean ispiluan begiratzeko gauza bazara hobe zuretzat.

        Amorruak dardara eragiten zidan. Gauthierren kontrako amorrua; nire kontrakoa. Arrazoia zuen Paulek? Traidoreak izan ginen? Larrituta saiatzen nintzen iraganari arao egiteko: ez, ez ginen koldarrak; ez, ez genuen traiziorik egin. Froga ezazu. Froga ezazu. Zeuk frogatu behar duzu. Baina ez nintzen orduan traizioa egiten ari? Gauthier eta nire artean, zein da ezberdintasuna? Euren aurrean umiltzen da, ni baino tolesgabeagoa zen. Baina ni ere, gaizkidea nintzen ni. Parisen nenbilen eta nire urrats orok konplizitate hura azpimarratzen zuten: eurek ematen didaten ogia jaten dut, Léna Blumenfeld, Marcel eta Polonia gosetiari ukatzen dieten ogia; kaiola handia daukat, eta oso mantso nabil kaiolan barrena. Ez, esan zuen, ez. Bere eskuak begiratu zituen, dardarka zeuzkan. Alferrik da; alferrik da amorrua; alferrik dira galderak; iragan da iragana: nik frogatu behar dut esklabo baten ala gizon libre baten iragana den. Froga ezazu. Ahaleginduko naiz.

        «Zer egin ahal da?». Bazekien dena gizonen bitartez gertatzen zela, baita gizon bakoitza benetako gizona zela ere? Bata bestearen atzetik, burkideak aurkitu behar zituen. Elkartzen bagara ez gaude bakarrik, esaten zuen. Ez gaituzte azpiratu borroka egiten badugu. Jarraitzen dugun bitartean gizonak existituko dira. Berba egiten zuen, eta burkideek beste burkide batzuen bila joan eta berba egiten zuten haiek ere. Eta berba egiten zutelako bat eginda zeuden, borrokan ziharduten, gizakiak ez zituzten azpiratu.

        — Berba egitea ez da nahikoa —esan zuen.

        Kezkaz so egin zioten bi jaunek. Biak ziren nagusitxoak; Leclerc-ek begi samur eta urdinak zituen, aurpegi xalo baten erdian; hazpegi ordenatu eta lehorrak zituen Parmentier-ek; protestante itxura zeukan.

        — Badakit —esan zuen Parmentierrek—. Arrisku bat daukagu; xede zehatzen falta. Horrela geure bilerak azterketa elkarte edo areto-berbaldi bihurtuko dira, derrigor.

        — Horregatik zuekin bat lan egin nahi genuke aldizkari bat sortzeko —esan zuen Leclercek—. Baita panfletoak idatzi eta zabaltzeko ere.

        — Hori ere ez da nahikoa —esan zuen.

        Leclercek bere kokotsa ferekatu zuen, txunditua ematen zuen. Ez zen zaratarik batere entzuten. Gortinek, alfonbra lodiek eta larruzko ateek munduko oihartzunak moteltzen zituzten. Idazmahai trinkoaren gainean hiru kafe kikara eta alkoholez betetako basoak zeuden. Liburuek hormak estaltzen zituzten.

        — Zer egin? —esan zuen Leclercek. Biziki jarraitu zuen, erantzuna galarazteko moduan—. Informazio zerbitzu bat osatzen ere saia gintezke.

        — Hau guztia ez da ekintza-itxura baino —esan zuen Blomartek.

        Isilune bat egon zen. Mehatxu bat sumatzen zen gela zibilizatu eta bero haren giroan. Gizon haiek ez ziren koldarrak; bazekiten adorea izaten, nahi izaten, baina euren buruarekin bakean egoteko beste bakarrik. Bat-batean bake hura zegoen kolokan: nahiago zukeen beste edozein arrisku.

        Parmentierrek kemena bildu zuen.

        — Zer daukazu buruan? —esan zuen.

        — Benetako ekintzak —esan zuen Blomartek.

        — Ekintzak —esan zuen Leclercek.

        Ez zion Blomarti begiratzen. Bere barnera begira zegoen. Bere buruari ez zion inoiz galdetu nahi izan nork jarria zen bideko oztopo lasaigarri hura. Bere eskuek jarria. Oztopoa honda zezakeen. Bere buruaren beldur zen, ordea.

        — Dirua edukita, armak erraz lor genitzake —esan zuen Blomartek—. Eta lehergailuak egin ditzaketen lagunak ere badauzkat. Arrisku oro gure gain hartzeko prest gaude.

        — Oi! Dirurik ez da falta —esan zuen Leclercek.

        — Ez dut indarkeria printzipioz gaitzesten, ez da hori —esan zuen Parmentierrek—. Baina ez diot onurarik ikusten ardurarik gabeko soldadu gaixo batzuk hiltzeari.

        — Masak elkartzeko gauza den indarra osatu gura badugu, gerra bukatu arte geureari eusteko eta etorkizuna eraikitzeko gauza, alegia, ekintzak egin behar ditugu —esan zuen Blomartek—. Ekintzen arabera baino ez gara existituko.

        — Beharbada sabotajeei ekin diezaiekegu —esan zuen Leclercek.

        — Ekintza oso nabariak behar ditugu —esan zuen Blomartek—. Munizio trenak suntsitu, hotel errekisatuak lehertu... Oraindik gerran sentitu behar dute frantsesek. Erresistentzia sortu gura duzue, ala ez? Ez duzue V-en, Lorrenako gurutzeen edota arrantzarako kanaberen laguntzaz mantenduko herriaren agitazioa.

        — Errepresalia ikaragarriak egongo direla pentsatu al duzu? —esan zuen Parmentierrek.

        — Hori da ba —esan zuen Blomartek.

        — Hori dela?

        Parmentierrek asaldaturik so egin zion Blomarti. «Badakit», pentsatu zuen Blomartek. Nork zekien berak baino hobeto? Han zegoen bera, basokada bat pattar on eskuan eta bere bihotza elikatzen ez zuen odolaren isurketa antolatzen. Baina bera ez zen kontua.

        — Errepresaliak espero ditut —esan zuen—. Kolaborazio politika ezinezkoa izan dadin, Frantzia loak hartu ez dezan, odol frantsesa isuri beharra dago.

        — Orduan, errugabeak aladura barik fusilatzen lagako zenituzke?

        — Odola aurreztea odola isuritzea bezain zikina dela ikasi dut gerra honekin —esan zuen Blomartek—. Greba politikorik ez. Ez dut nire herria gerrara bultzatuko. Eta honetara iritsi gera. Aski da. Aski da. Zuhurtzia burugabe hura. Gure erresistentziak beharbada salbatuko dituen bizitzetan pentsatu.

        Luzaro isildu ziren.

        — Baina gure ahaleginak porrot egiten badu —esan zuen Parmentierrek alferreko hamaika krimen edukiko ditugu gainean.

        — Zalantzarik gabe —esan zuen Blomartek—. Nolanahi ere, norbera beti da kriminala, baina hauek ez zekiten, krimenak beldurtu egiten zituzten Baina arrakasta suposatzeko beharra daukagu. Nolanahi ere, zuen partisanoek espetxera joateko edo hiltzeko arriskuan daude. Aldizkari bat, panfletoak, hauek ere ez dira eginkizun seguruak.

        — Ez da berdin —esan zuen Parmentierrek—. Arriskua onartzen dute gure kideek.

        — Nolabaiteko emaitza lortzearren onartzen dute. Onurarik gabe jartzen baditugu arriskuan, orduan gara errudunak. Ez —esan zuen Blomartek—. Erdietsi behar den xedeaz besterik ez dugu kezkatu behar. Eta behar den oro egin behar dugu horretarako.

        — Baliabide oro onak direla uste duzu? —esan zuen Leclercek, ezbaika.

        — Alderantziz. Baliabide oro dira txarrak —esan zuen Blomartek.

        Denbora apur bat lehenago, hotsandiko arrazoi ederrez bermatu nahi zituen bere ekintzak; baina errazegia litzateke hori. Giza bizitzak zenbatzea, malko bat eta odol tanta baten pisua konparatzea ezinezko eginkizuna zen, baina ez zegoen ezer zenbatzerik. Eta ordain oro zen ona, baita hau ere: besteen odola. Ez dugu sekula garestiegi ordainduko.

        — Egina dago. Dirua daukagu —esan zien burkideei.

        — Hoberena zara! —esan zuen Laurentek.

        — Azkenean benetan lan egin ahal izango dugu! —esan zuen Berthierrek.

        Barrezka hasi ziren denak. Baina zenbaiteri larritasuna igartzen zitzaien begitartean.

        — Gutxienez norentzat lan egingo dugun jakingo bagenu... —esan zuen Lenfantek—. Reynaud eta Daladier berriz ekartzeko bada...

        — Ez —esan zuen Blomartek Indartsu bilakatzeko ari gara lanean, eta bihar geuk agintzeko.

        — Horren indartsuak izango al gara? —esan zuen Lenfantek.

        «Egia da», esan zuen Berthierrek. «Nola ziurtatu burgesen kapitalismoa, inperialismo anglosaxoia eta indar atzerakoien garaitzaren alde ez dugula borrokarik egiten?».

        Zalantza egin zuen. Egia zen. Ezin zen aldez aurretik jakin zertan ari ziren. Zalantza egin zuen; baina ahots seguruaz erantzun ere: «Dena da faxismoa baino hobea». Eta esaten zion bere buruari: gutxienez, nahi duguna jakin dezakegu; nahi dugunaren alde ekin behar dugu. Bestea ez da gure ardura.

        Nahi zuen. Bazihoan aurrera, zer nahi zuen jakinda. Zertan ari ziren jakin barik. Zuhurtziaren tranpa zaharrak zanpatuz, etorkizunerantz eginez, zalantzak itsuki arbuiatuz: beharbada dena izan da alferrik; beharbada alferrik hil zaitut.

 

 

© Simone de Beauvoir

© itzulpenarena: Oier Alonso Etxebarria

 

 

"Simone de Beauvoir / Besteen odola" orrialde nagusia