VIII

 

        Hélènek nasara salto egin eta enplegatu bati korrika joan zitzaion.

        — Pecquigny-rako espresa?

        — Ene! Duela ordu bat abiatu da! —esan zuen gizonak.

        — Zer ordutan dago beste bat?

        — Bihar —esan zuen enplegatuak.

        Aldentzen hasia zen gizona. Hélèneren begiei malkoak isuri zitzaizkien; han zegoen Jean, bi bizikletekin, irribarrez begiratzen zuen geltokian sartzen zen espresa; irribarrea izoztu zitzaion gero. Enplegatuaren atzetik joan zen korrika.

        — Autobusik ez dago?

        — Ez dakit —Hélèneri so egin zion—. Zera egin dezakezu: 19etako espresa hartu Revigny-raino. Handik 15 kilometro besterik ez zaizu geratuko. Bertan kotxeren bat bila dezakezu.

        — Mila esker —esan zuen Hélènek.

        Hamabost kilometro, maleta astun hau aldean dudala. Hortzak estutu zituen. «Gaur gauean ikusi gura dut. Bihar ez, gaur gauean». Bihar, agian beranduegi izango da bihar; agian iristen denerako, atsoak «Abiatu berri dira!», esango dio. Atzetik joango natzaio. Bere errejimentuaren atzetik joango naiz. Gauez kantonamenduan sartuko naiz isilka. Kontsignako enplegatuari luzatu zion maleta. Eta han goian badago? Zulo baten sakonean uzkurtuta, obusen eztandak bere inguruan? Bihar ez. Gaur gauean.

        Zeru grisa zegoen kale grisen gainetik; hiribide luze eta zuzen bat aukeratu zuen Hélènek. Denda oro itxita zeuden; espaloietan inor ez; bidarritik kotxe bat ere ez. Hiri ebakuatua ematen zuen. Angelu zuzenean elkar gurutzatzen zuten kale guztiek, eta etxeek kasernen itxura zeukaten. Ekialdeko hiria, trenak zeharkatu berri zituen lautada ziztrinak bezain idorra. Zeruertzetik, ikusezin baina present, txarrantxak, gotorlekuak eta kanoiak sumatu ahal ziren. Zarrada handia jasan zuen Hélènek. Sirenen alarauek airea erdiratzen zuten. Supituki, kotxeak, oinezkoak eta soldaduak agertu ziren zorutik. Hélènek zeharo harrituta begiratu zuen ustekabeko eklosio hura.

        — Barkatu, andrea. badakizu non topa dezakedan Jatetxerik?

        — Jatetxeak itxita daude ordu honetan —esan zuen emakumeak; norabide zehaztugabe bat seinalatu zuen— Moderne tabernan begira ezazu.

        — Alertan al gaude? —esan zuen Hélènek.

        — Egunero gaude alertan —esan zuen emakumeak, sorbaldak altxatuz.

        Plaza zeharkatu zuen Hélènek. Zerbitzari batek mahaiak prestatzen zituen egur berdezko lorontzietan landaturiko zuhaiska batzuek babesten zuten terrazan. Barneko aldean, taberna hutsik zegoen. Sasi-marmolezko mahai batean eseri zen Hélène.

        — Jateko zerbait emango didazu?

        Gaitzespen aireaz begiratu zion zerbitzariak.

        Ordu honetan?

        — Arrautzarik? Haragi hotzik?

        — Ordu honetan ez —esan zuen zerbitzariak.

        Neska altxatu egin zen.

        — Ondo dago; beste nonbait begiratuko dut.

        Plaza zeharkatu zuen; langarra zen; Commerce kafetegian sartu zen. Pareko kafetegian bezala, berealdiko aretoa hutsik zegoen; zurdazko aulkiak toki batzuetan lehertuak ziren eta zurdazko hesteak ikusten zitzaien.

        — Zerbait atera diezadakezu? —esan zuen Hélènek—. Arrautzak? Txokolatea eta ogia?

        — Arrautzak? —esan zuen zerbitzariak—. Ez dituzu hiri osoan aurkituko.

        — Ez al daukazu ezer?

        — Garagardoa eta kafea.

        — Kafea atera iezadazu —esan zuen Hélènek.

        Eseri eta poltsatik zigarretak atera zituen. Artean Jean herriko kaleetan alderrai dabil, bihotza larritasunez gainezka. Eta han zegoen bera, berun koloreko hiri hartan, ez zegoen berandako lekurik. Ez zegoen Jean ohartarazteko modurik. «Ez da inolako seinalerik egonen, amaierarik gabeko urrunaldi hura besterik ez». Kafea derrotean irentsi eta hiru libera bota zituen mahai gainera. Kanpoan, euria purrustaka ari zuen; lastima, baina mugitzeko beharra zegoen, bizkor mugitzeko, minutu batetik bestera bizkor joan larritasunak ez harrapatzeko. «Bihar bertan sinatuko du eskaria. Sinatu behar du». Lipar batez, korapiloa askatu zitzaion: Chartresen izango da, hegazkinen motoreak koipeztatuko ditu, ez da arriskuan gehiago izango. Ikusi ahal izango dut. Errepikatu zuen: «Sinatuko du». Ibilera mantsotu zuen. Soldaduak noragabe zebiltzan talde txikietan kafetegietara sartzeko orduaren zain; batzuek ilara egiten zuten zinemaren atean. Lokatzean etzango dituzte, buruan zulo bat, erabat bakarrik. Neskak ezpainak hozkatu zituen; begiak harria bezain gogor sentitzen zituen betzuloetan, gogortasunak min ematen zion: tinko begiratuz gero, nekez eratzen ziren irudiak.

        «Jatekorik bilatu beharko nuke», pentsatu zuen. Kale nagusian gora joan zen. Frutadendarik ez. Janaridendarik ez. Gozodenda baten atea bultzatu zuen; hutsik zeuden platerak, soldaduek dena klaskatua zuten; hiru pastel txiki geratzen ziren bakarrik burdina zurizko xafla batean. Hélènek pastelak jan eta baso bat ur edan zuen. Geltokiko bidetik jo zuen. Txoko batean eseri eta itxaron besterik ez zeukan; ez zuen gau osoan lorik egin, izugarri nekatua zegoen eta ez zen zutik egoteko gauza.

        Itxarongelan sartu zen. Jendea jarlekuetan, mahaietan eta lurrean zegoen eserita, fardel handien artean. errefuxiatuak, ekialdetik etorriak. Eskuak belaunetan bermatuta, begirada hutsik, zain zeuden. Gerra hasieratik, mundu guztia zegoen zain, amaierarik gabe, zeren zain jakin gabe. Lurrean eseri zen Hélène, atearen kontra, bere baitan uzkurtuta. Giza usainak eta beroak ito egiten zuten.

        — Ez digute esan nahi —esan zuen emakume batek—. Baina jende ugari hil da geure herrian.

        — Baita geurean ere, itxura denez, alkateak ez die familiei jakinarazpenik entregatu nahi ere, asko baitira —esan zuen beste batek.

        Tren bat igaro zen txistuka. Lehenengo bagoietan gizonak zeuden; estriboetan eseritako soldaduak, buruan kaskoa, aldamenean zakua eta fusila; azkeneko bagoietan udazkeneko koloreetan kamuflaturiko kanoiak zeuden, muturra zerura begira. Ekialderantz zihoan trena. Eta hantxe, errail distiratsuen muturrean, gizonen eta kanoien zain dago gerra. Hantxe, oso gertu. Eta han zegoen Hélène, itxaropenik gabeko begien sakonean, lehiaz eginiko fardel eta trenen txistuen artean. Hélènek begiak itxi, bekokia belaunetan bermatu eta gauaz bete zitzaion burua.

        Zurezko konpartimentudun kanpainako trenean egon zenerako, hoztuta eta abailduta sentitzen zen. Euriak barra-barra jotzen zuen bagoiaren sabaian. Baina itxaropena berpiztu zen: «Ikusi behar dut». Gurpilaren biratze bakoitzak beragandik hurbilago eramaten zuen. «Kotxe bat aurkituko dut. Bere besoen artean izango naiz ordu batzuen buruan. Onartu egingo du. Ezin du bestela egin», pentsatu zuen, irrikaz.

        Revignyko geltokia ilunpetan zegoen.

        — Non dago kontsigna? —galdetu zuen Hélènek.

        — Maleta hor laga ezazu —esan zuen enplegatuak atearen aitzinean goardia egiten zuen jagolea seinalatuz—. Zainduko dizute.

        — Ederto —esan zuen Hélènek—. Maleta utzi eta irteerarantz abiatu zen.

        — Paperak? —esan zuen jagoleak.

        Ibiltzeko baimena eta nortasun-agiria atera zituen Hélènek. Ibiltzeko baimena behar bezala zegoen; arrazoirik ez zegoen jarrita.

        — Pecquigny. Hau ez da Pecquigny.

        — Baina hara joateko kotxe bat bilatu behar dut.

        — Ondo dago. Aurrera —esan zuen soldaduak.

        Hélènek kontu handiz gorde zuen paper preziatsua. «Ez bazait ezer jazotzen; inork geldiarazten ez banau...», pentsatu zuen, larrituta. Gaua betuna bezain beltza zen; oraindik euria ari zuen. Putzu beltz batean, eta gero beste batean, aldaroka ibili zen, orkatiletara iristen zitzaion ura. Nora joan? Plazan ipini zuten jendarmeak beldurra ematen zion, ez zen hari bidea galdetzen ausartu. Zubi bat zeharkatu eta ausaz aukeratu zuen kale bat. Garajea.

        — Automobilik alokatzen duzue?

        — Ez —esan zuen gizonak.

        — Non alokatzen duten badakizu?

        — Mallard-enera joan beharko zenuke. Geltokiko plazara.

        Atzera egin zuen. Ibilera nekatuaz pasatu zen soldadu talde bat; kafetegiak soldaduz gainezka zeuden, euren barreak entzuten ziren ate hermetikoetatik zehar. Garajearen ondoko ate itxi batean jo zuen neskak.

        — Barkatu, hemen kotxe bat aloka nezakela esan didate.

        Emakumeak ezatsegin so egin zion.

        — Nire senarra ez dago.

        — Noiz bueltatuko den badakizu?

        — Ordu honetan ez du kotxea aterako.

        Berriz ere kale beltzak, oinen azpian agerturiko ura, berokia zeharkatzen zuen ura. Ate bat. Ez. Beste ate bat. Ez. Beste ate bat ere.

        — Zoaz Sports kafetegira, Nancy kalea bukatuta.

        Atea erdi ireki zuen Hélènek; bihotza falta zitzaion; leporaino beteta zegoen aretoa, beltz basoaren aurrean mahaian eseritako soldaduak; barre haiek... Begirakune haiek... Adorea bildu eta barra aldera abiatu zen. Ugazabak babarrun platerkada handi bat jaten ari ziren aire alaiaz.

        — Barkatu, jauna —esan zuen; ahotsak dar-dar egiten zion: negar-zotinka hasi behar zen une batetik bestera—. Auto bat zeneukala esan didate.

        Gizona jaten ari zen; beroa zuen bere jertse lodi eta lehorrean; ohe goxo bat zeukan zain.

        — Gauez ez dut gidatzen —esan zuen; sorbaldak altxatu zituen—. Debekatuta dago kotxeko argiak piztea; Pentsa ezazu! Jadanik inork ez du gauez gidatzen.

        Hélènek bere ezpainak hozkatu zituen; porrot eginda zegoen. Oheratu eta dena ahantzi besterik ez zegoen.

        — Logelarik badaukazue?

        — Logelarik? Ene damatxo maitea! Ez duzu kamaina bat aurkituko hiri guztian. Tropa daukagu hemen.

        — Eskerrik asko —esan zuen Hélènek.

        Hankak makaltzen ari zitzaizkion. Gaur gauean ez. Malkoak isuri zitzaizkion. Lion d'Or hotelaren aitzinetik igaro zen. Bertan sartu eta galdetzea ere ez zuen merezi. Ez. Beti ezetz. Keinu ñimiño bat ere neke handiz egiten zuen. Sastraka itogarrien artean borrokan ari zela iruditzen zitzaion. Jean. Inoiz ez du gehiago ikusiko. Gau hark ez zuen bukaerarik izango. Gaua, gerra, urrunaldi isil eta ikaragarria.

 

* * *

 

        — Azkenean, geltokira itzuli nintzen —esan zuen Hélènek—. Enplegatu bati pena eman eta lo egiteko bagoi bat erakutsi zidan —aharrausika hasi zen—. Baina ez dut lorik egin. Logurak jota nago.

        — Gaixoa —esan zuen Jeanek—. Kezkatuta nengoen! Paper barik etortzen saiatuko zinen beldur nintzen, arazoak izango zenituzkeen.

        — Arazoak izango nituzkeela uste al duzu?

        — Ofizial eta ofizialorde mordo batek ekarrarazi du bere emaztea —esan zuen Jeanek—. Ezikusiarena egiten dute. Azken beltzean Parisera bidaliko zintuzketen.

        — Baina nik ez dut nahi inork bidaltzea —esan zuen Hélènek. Gorriz baldosaturiko zorua begiratu zuen, baserriko ohe handia, edredoi lodiaz estalia, burdinurtuzko labeska—. Oso atsegina izango da hemen elkarrekin bizitzea —bere maleta ireki zuen—. Begira: hau guztia zuretako da —zapakin zahar botila bat, pate poteak, tabakoa eta artilezko galtzerdiak ipini zituen mahai gainean—. Hauek amaren opariak dauzkazu. Neuk liburuak erosi dizkizut —moleskinez estalitako bost koaderno txiki seinalatu zituen—. Hau nire gerrako egunkaria da. Egunkari-zati piloa, elkarrizketen laburpenak, artikuluak; nire barneko gogoetak ere idatzita daude. Interesatuko zaizu?

        — Jakina —esan zuen Jeanek—. Benetan atsegina zara!

        Hélènek so egin zion; soina nabarmentzen zion jertse hark ez zion gaizki ematen; ez zen aldatu. Alabaina, bi hil hauetan zehar gogoeta mordoa ibili zuen buruan berak deus jakin barik. Kikilduta geratu zen.

        — Gauza mordoa daukat zuri esateko —esan zuen.

        — Hala espero dut —jaka eta longaina jantzi zituen—. Hamaika eta erdietan itzuliko naiz. Zurekin bazkalduko dut. Eta gero, bostetatik hurrengo goizera arte ez zaitut bakarrik utziko.

        — Oso ondo —esan zuen Hélènek. Besoetara joan zitzaion—. Azkar etorri.

        — Ez zaitez beldur izan. Janaria ekarriko dut. Ez zaitez herrian gehiegi azaldu; kaleska, etxe parekoa, zuzenean doa mendira —Hélène besarkatu eta aterantz abiatu zen—. Gero arte.

        Hélène leiho aldera joan zen korrika. Kaleskan bi oilo mokoka ziharduten; soldadu batek plaza zeharkatu zuen. Leihoko beiran jo zuen, arin. Jeanek buelta eman eta irribarre egin zion. Gortinak jausten utzi zituen Hélènek. Zortzi edo hamar egunetan zehar, ezkonduen modura biziko ziren. «Egun hauetan ezkonduta ginatekeen, hain zuzen ere», pentsatu zuen. Nagiak atera zituen. Logura zen, gose zen, baina oso zoriontsua ere bai. Liburu bat hartu eta kapusaia jantzi zuen. Zerua urdin zegoen; egur bustiaren usaina zeukan barlak.

        — Egunon, andrea.

        Atsoa ura ponpatzen ari zen; burua altxatu zuen.

        — Eta? Senarra topatu al duzu? Pozik al dago?

        — Bai. Topatu dut. Lo zegoen —esan zuen Hélènek.

        Bide-zidor lohitsua hartu eta irribarre egin zuen, atseginez. Mendia itsusi samarra zen, gris eta horiaren arteko kolorea zeukan, muino soil bat ikusten zen noizbehinka; baina Hélènek belarra, zerua, eguzkia eta zeruertza maite zituen. Pentoka batera igo eta aldamenean ipini zuen liburua. Udazkeneko egun ederra. Larritasun txiki batek ziztada bat eragin zion bihotzean. «Berba egin beharko diot». Urrunetik, oso erraza ematen zuen; orduan ez baitzegoen bere esanetara; elkarrizketa hartan, berak asmatuko zituen erantzunak. «Ezin dio uko egin; maite baldin banau, ezin dio uko egin». Burua bihurtu zuen. Norbait hurbiltzen ari zen. Eskuetan makila bana zuten bi ofizial ziren. Bere aurretik igaro eta gero atzera egin zuten, zabarkeriaz.

        — Zer, paseeran?

        — Bai —esan zuen Hélènek.

        — Pecquignyn bizi zara?

        — Ez, Parisekoa naiz. Gaur goizean heldu naiz.

        — Paperik baduzu?

        — Hemen daukazu! —esan zuen Hélènek, bere ibiltzeko baimena erakutsiz.

        Ofizialak makilaz doi-doi ferekatu zituen bere larruzko bota ederrak.

        — Kapitainak berraztertu behar du —esan zuen.

        — Ai! Ez nekien, berehala joango naiz —esan zuen Hélènek.

        — Heldu bezain pronto joan behar zenuen. Gurekin etor zaitez; kotxea daukagu; eraman behar zaitugu.

        — Ondo dago —esan zuen Hélènek.

        Euren atzetik abiatu zen. Luzea eta zuria zen bat, txikia eta bibote beltzduna bestea. Autora igo zen.

        — Egun ederra —esan zuen.

        Ez zuten deus erantzun. Herrian sartu zen autoa, Moulin andrearen etxea alde batera laga eta kale nagusian gelditu zen.

        — Hemendik.

        Tenientea desagertu eta Hélène bakarrik sartu zen gela txiki batean, berogailu batek durundi egiten zuen. Bihotzak taupada txikiak egiten zizkion; azken formalitatea zuen; honen ostean guztiz lasai egongo zen; baina presazkoa zuen dena eguneratua izatea.

        Kapitainak burua zutitu zuen; paperez estalitako mahai baten gibelean zegoen eserita.

        — Zeu al zara gaur goizean Pecquignyra iritsi dena?

        — Bai —esan zuen Hélènek.

        — Paperik badaukazu?

        Ibiltzeko baimena eta nortasun-agiria luzatu zizkion. Kapitainak isilean behatu zituen.

        — Zertarako etorri zara hona?

        — Ahaide zahar bat ikusteko etorri naiz, Moulin andrea.

        Kapitainak so egin zion.

        — Ez, andereñoa, Moulin andrea ez da zeure ahaidea.

        — Zehazki ez —esan zuen Hélènek.

        — Ez duzu ezagutzen —esan zuen kapitainak—. Iritsi zarenean, gaur goizean, ez zenuen ezagutu ere egiten.

        Burua makurtu zuen Hélènek. Bizitza eten egin zitzaion une hartan.

        — Dena dakigu —esan zuen kapitainak—. Gela erreserbatu dizun soldaduaren izena dakigu.

        — Ondo dago! Bai —esan zuen Hélènek, axut eginez—. Nire senargaia ikustera etorri naiz. Ez naiz bakarra; eta zeuk ondo dakizu hori.

        — Begiratzera behartzen ez gaituztenean ezikusiarena egin dezakegu —esan zuen kapitainak.

        — Baina nork behartzen zaituzte? —esan zuen Hélènek, erreguka so egin zion—. Mesedez, arrenka eskatzen dizut, utz iezaizkidazu zenbait egun, bederen...

        — Auzia jadanik ez dago geure eskuetan —esan zuen kapitainak—. Agintari eskudunei salatua izan zara.

        — Salatua? —esan zuen Hélènek.

        — Ai! Ganorako polizia daukagu —jaiki egin zen—. Berehala eramango zaituzte geltokira. Lehenengo trenean joango zara.

        — Bederen, utz iezadazu nire senargaia agurtzen —esan zuen Hélènek. Azkazalak ahurretan indarrez sartu zituen; ez zuen gizonaren aurrean negarrik egin nahi.

        Kapitainak zalantza egin zuen.

        — Itxaron ezazu hemen —esan zuen.

        Jaiki eta gelatik irten zen. Salatua. Nork salatua? Nola? Aulkian eserita geratu zen, nahastuta. Negarrik ez. Arras gose zen. Arras logura. Eta atzera ere izango zituen treneko triki-traka, sabel hutsa, eztarri sikua, konpartimentua leporaino. Trenak eramango nau, Jeanengandik urruti eramango nau. «Ez du konponbiderik», pentsatu zuen, etsipeneko goragalea sentitzen zuelarik. Teniente altu eta zurbilak atea bultzatu zuen; irribarre egin zuen, adeitsu.

        — Bazkaltzera joan zaitezke —esan zuen—. Espioia ez zarela konbentzitu berri dut kapitaina.

        — Ni, espioia? —esan zuen Hélènek.

        — Ez zenuen paperez betetako maleta bat ekarri behar —esan zuen tenienteak—. Revignyko geltoki-buruak zabaldu zuen, eta sedizio-panfletoak zirela uste izan zuen. Gaur goizean ekarri zaituen gidariaren bitartez salatu zaitu.

        — Eta ni halabeharrez topatu ninduzuelakoan! —esan zuen Hélènek.

        — Zorionez, azaleko miaketa batez nahiko izan dut propagandista arriskutsua ez zinela jakiteko —esan zuen tenienteak.

        — Paperak hartu dizkidazue?

        — Zure gela arakatu dute geuk mendian bilatzen zintugun bitartean —esan zuen tenienteak—. Dena entregatuko dizute —burua makurtu zuen Hélèneren aurrean—. Segidan joango gara zure bila.

        — Ez dago geratzeko inolako esperantzarik? —esan zuen Hélènek.

        — Ezinezkoa da oraintxe —esan zuen tenienteak.

        Hélène arineketan abiatu zen etxera. Ohean etzan zen eta negar-zotinka hasi. Haurtzaroan bezala zen; zoriona eta bizitza kentzen zioten esku lodi eta arrotzek. Zer axola zion bera han izateak? Hipokritak! Hitzak, kontsigna hutsak; eta bidaia izugarri horren ostean, Jeanen ondotik alde egin behar zuen, Jean ia ikusi gabe. Burua itzuli zuen. Atsoa sartu zen, susmabera.

        — Militarrak etorri zaizkizu bila —esan zuen.

        — Badakit —esan zuen Hélènek.

        — Hemen ez zenuela geratu behar zioten.

        — Berehala abiatuko naiz —esan zuen Hélènek.

        Samurtasunik gabe so egin zion emakumeak.

        — Jendeari zerbitzu egin; eta gero, arazoak besterik ez —esan zuen purrustaka. Gelatik hanka egin zuen.

        — Atso zikina! —esan zuen Hélènek, ahopeka eta amorruz. Malkoak areagotu zitzaizkion—. Nire koadernoak irakurri dituzte. Euren eskuetan naukate.

        Salto egin zuen. Jeanek atea bultzatu eta lañotasunez egin zuen irribarre. Fardel odoltsu bat zekarren eskuan, eta botila bat ardo zuri bularrean.

        — Ez dut beltzik aurkitu —esan zuen—. Baina xerra ederrak ekarri ditut.

        — Horiek jateko denbora baino ez dut izango —esan zuen Hélènek—. Ez al dakizu zer jazo zaidan?

        — Zer ba? —esan zuen Jeanek.

        — Zer ba? Neureak egin du —esan zuen.

        — Ez da ba egia izango?

        Barrezka hasi zen Hélène, urduri.

        Mendian harrapatu naute, eta kapitainarengana eraman. Itxura denez, atzo gauean, Revignyko geltoki-buruak nire maleta ireki zuen, nire koadernoak panfleto bakezaletzat hartu eta espioi bezala salatu ninduen.

        — Ez da zaila izango zu defendatzea —esan zuen Jeanek.

        — Bai. Baina jendarmeak erne jarri dituzte —negarra itoarazi zuen—. Hanka egitera behartuko naute. Baina ez dut hanka egingo —esan zuen, etsita—. Planta besterik ez dut egingo; ezkutatuko naiz, gauez itzuli...

        — Ene katutxo maitea! —esan zuen Jeanek, neska besoetan hartuta.

        — Ez zaitut utzi nahi! —esan zuen Hélènek.

        — Parisera itzuli beharko zenukeela uste dut nik —esan zuen Jeanek—. Baina beste ibiltzeko baimen bat eskatu besterik ez daukazu; eta ostera ere etorriko zara, laupabost kilometrotara egoteko.

        — Ez dut nahi! —errepikatu zuen Hélènek—. Laster frontera bidaliko zaituzte, ez zaitut gehiago ikusiko.

        — Ez da gauza ziurra hain azkar joango garenik. Eta badakizu, orain dena dago oso lasai, hor gainetik, berriz ere jaitsiko naiz...

        — Ez! Ezin dut hori imajinatu! —esan zuen Hélènek—. Zoratuko naiz... —larritasunez begiratu zion. Hitz egin beharra zegoen. Denbora gutxi zeukan—. Minutuero irudikatzen zaitut, txarantxetan, heriotzari alarauka; ez zara konturatzen... —ahots barik geratu zen.

        — Badakit —esan zuen Jeanek—. Neurea baino nekezagoa da zeure tokia.

        Neskak begirada aldendu zuen.

        — Zer erantzungo zenuke atzealdera bueltatzea proposatuko balizute?

        — Nola?

        — Abiaziora igortzeko eskaria egin beharko zenuke —esan zuen Hélènek—. Grandjouan andrearen lagun min bat jenerala da eta Chartres inguruko koartel batera bidaliko zaituela agindu digu.

        — Zeuk eskatu al duzu hori?

        Odola masailetara igo zitzaion Hélèneri.

        — Bai —esan zuen.

        Jean eseri eta bi baso ardo bete zituen isilean.

        — Entzun, abiadoreak infanteriako soldaduak baino gehiago arriskatuko dira gerra honetan.

        — Baina ez duzu hegan egin beharko —esan zuen Hélènek—. Soldadu soilek ez dute hegan egiten. Bulego batean edota beste txoko batean ipiniko zaituzte, motoreak koipeztatzeko —eskua ukitu zion—. Zuregandik gertu biziko nintzateke; egunero ikusiko genuke elkar...

        Jeanek erantzun barik begiratu zuen basoaren ipurdia. Eskua erretiratu zuen Hélènek.

        — Zer? Zerk gogaitzen zaitu? —esan zuen.

        — Ez nuke inolaz ere entxufatu koldar bat izan nahi —esan zuen Jeanek.

        Bihotza izoztu zitzaion Hélèneri.

        — Ez diozu ba uko egingo? —esan zuen. Izututa begiratu zion. Jeanek zalantza egin zuen.

        — Aizu, ezin dizut horrela erantzun. Pentsatu beharra daukat.

        — Zer pentsatu? —esan zuen Hélènek—. Ganorako bizitza eskaintzen dizute; berriz ere izango gara elkarrekin! Eta zuk zalantza egiten duzu, etiketa baten beldur zarelako?

        — Ondotxo dakizu ez dela etiketa hutsa! —esan zuen Jeanek.

        Hélènek ezpainak hozkatu zituen.

        — Gerra ederto irabaziko dute zu barik.

        — Dudarik gabe —esan zuen Jeanek—. Baina niretzat ez da inondik inora gauza bera izango!

        — Bai —esan zuen Hélènek suminduta—. Eta ni egun osoan dar-dar batean izatea, horrek ez dizu ardura, ezta?

        — Ene laztana —esan zuen Jeanek—. Saia zaitez ulertzen.

        Hélènek burua astindu zuen.

        — Ez, ez dut ulertzen —esan zuen, ahotsa itota—. Hiltzen zarenean izugarri aurreratuko duzu.

        — Baina salbatu behar den bizitza bat baino ez banintz ere, ez nuke larregi aurreratuko —esan zuen Jeanek, samur.

        Hélènek adatsean murgildu zuen eskua.

        — Zeuk botatako lau tiroek ez dute ezer mudatuko!

        — Entzun, Hélène! Kideak hiltzen diren bitartean txoko lasai batean egongo naizela imajina dezakezu?

        — Bost axola niri besteak —esan zuen Hélènek, etsita—. Ez diot inori ezer zor —negar-zotinka hasi zen—. Neure buruaz beste egingo dut zeu hilez gero, eta nik ez dut hil nahi.

        — Ezin zara saiatu zutaz gaineko beste gauzetan pentsatzen? —esan zuen Jeanek.

        Ahots zakarra hartu zuen.

        — Eta zu zer? Ez al duzu zuregan pentsatzen? —esan zuen, bortitz—. Nik axola al dizut?

        — Gu ez gara kontua —esan zuen Jeanek.

        — Bai gara —esan zuen Hélènek. Eskuak uzkurtu zitzaizkion tapetearen gainean—.Geure alde borrokatzen gara beti.

        — Hélène! Ez genuke geure artean borrokaru behar.

        — Nik edozer egingo nuke zuregatik —esan zuen, amorruz—. Lapurtu, hil, traizio egin...

        — Baina ez zara nire heriotzaren arriskua onartzeko gauza!

        — Ez —esan zuen Hélènek—. Ez. Ez duzu hori nigandik lortuko. Borrokan gabiltza, ikusten duzu.

        — Adiskidetasun pitin bat egongo balitz geure artean...

        — Adiskidetasuna —esan zuen Hélènek—. Nik zugana maitasuna sentitzen dut.

        — Ez dut maitatzeko modu hau ulertzen —esan zuen Jeanek.

        Jeanek Hélène epaitzen zuen; zainetako odola lehortzen zion zikloi sutsu hura juzgatzen zuen.

        — Ez dago beste modurik —esan zuen Hélènek—. Zuk ez nauzu maite —nabaritasun hark brast erdiratu zion bihotza—. Sekula ez nauzu aintzat hartu.

        — Maite zaitut —esan zuen Jeanek—. Baina maitasunaz gain beste gauza batzuk ere badaude...

        Han zegoen Jean, temati, opako, altzairua bezain ideia gogorrez blindatua; kopetako zimur eta begietako distira orok inoren beharrik ez zeukala aldarrikatzen zuten.

        — Ondo dago —esan zuen neskak—. Zeuri ezer galdetu barik ekar zaitzaten konponduko naiz.

        — Hélène! Hori debekatzen dizut —esan zuen Jeanek.

        — Ene! Debekatzen didazu! Eta zer nahi duzu horrek niri egitea? Norberak berea —trufaka esan zuen—. Egun eder batean Parisen izango zara, destino berezia edukita.

        — Mesedez —esan zuen Jeanek—. Une batzuk besterik ez daukagu: ez gaitezen horrela banan.

        — Pena da —esan zuen Hélènek—. Garrantzirik ez du, hilabete barru Clichyn izango baitzara ostera ere.

        — Hori egiten baduzu... —esan zuen Jeanek.

        — Utzi egingo nauzu? Oraintxe uzt nazazu ba, hain erraz egiten bazaizu!

        — Kontura zaitez: nire sentimendu guztiak deuseztuko dituzu. Ezin zaitut maite estimatzen ez bazaitut.

        — Ederto! Ez nauzu gehiago maitatuko. Ez dut ezberdintasun handirik igarriko!

        — Hélène! —esan zuen Jeanek.

        Neskak zirrara handia sentitu zuen. Urrats astunek durundi egiten zuten sukaldeko baldosetan. Atea jo zuten.

        — Aurrera —esan zuen.

        Bi tenienteak sartu ziren. Jean jaiki eta gerrikoa lotu zuen.

        — Beldurrik ez izan —esan zuen ofizial altu eta zurbilak.

        Irribarre egin zuen Jeanek.

        — Zeren beldur izan beharko nuke?

        — Masqueray tenienteak ikusi gura zaitu.

        — Banoa —esan zuen Jeanek. Boneta hartu eta ezbaika begiratu zion Hélèneri. Neska ez zen mugitu.

        — Agur —esan zuen Jeanek.

        — Agur —esan zuen Hélènek, eskua eskaini barik.

        — Ez diogu ezer egingo, zaude lasai —esan zuen teniente txikiak—. Soldadu ona da.

        Hélène altxatu egin zen.

        — Maleta egin behar dudala suposatzen dut.

        — Bai, mesedez. Zain daukazu autoa —teniente altuak irribarre egin zuen—. Nire burua aurkeztuko dut: Mulet tenientea.

        — Bourlat tenientea —esan zuen besteak.

        Mulet tenienteak mahai gainera bota zituen koaderno beltzak.

        — Hor daukazue delituaren froga.

        Neskak koadernoa hartu zuen. Irakurri egin zuten, gizon begi haiek koadernoa irakurri zuten. Ondoeza egin zitzaion. Gela bat-batean hustu zen; haragi fardela botila erdi betearen aldean zegoen. Beste bizitza bateko oroigarriak ematen zuten.

        — Prest nago —esan zuen.

        Handik irten eta kotxera igo zen Hélène. Mulet tenientea aldamenean eseri zitzaion.

        — Orduan zer, egotzi egingo nauzue? —esan zuen.

        — Sentitzen dugula sinetsi behar duzu —esan zuen Muletek.

        Samurtasun militarraz egin zuen irribarre. Igeltsuzko aurpegiaren erdian, bi zulo urdin ikusten zitzaizkion, amildegi hondogabeen antzera.

        — Beste ibiltzeko baimen bat lortzen eta nabarmendu gabe etortzen saia zaitez —esan zuen Bourlatek.

        — Eskerrik asko —esan zuen.

        — Oi! Gauzak ulertzen ditugu —esan zuen Muletek—. Ezkonduta gaude.

        Hélènek irribarre egin zuen, txepel. Gizonen pentsamendu zikinak. Eta nik irribarre egin. Euren menpean naukate. Ezerk ez axola izatea beharko nuke. Ezerk ez axola izatea nahi nuke.

        — Eta ezin nauzue orain askatu? —esan zuen kotxetik jaistean —erreguka bezala begiratu zion Muleti.

        — Geure begiez egiaztatu behar dugu trenean sartu zarela —esan zuen Muletek, irribarre xarmantaz.

        Burua itzuli zuen. Akabo. Ez da inolako itxaropenik geratzen. Izapide berriak: hilabete bat baino gehiago beharko du; eta ez da bigarren aldiz ondo aterako. Akabo. Errailen muturrean, zeruertz hutsera begira gelditu zen. Trena iristeko irrikitan zegoen, bakarrik egoteko, negar egiteko eta haiek gorrotatzeko. Jean gorrotatzeko.

        — Bidaia ona izan —esan zuen Muletek.

        Estribora erantzun barik igo eta lehengo konpartimentuan sartu zen. Nasan gelditu ziren, zelatan zebiltzan. Maleta sarean jarri eta txokoan eseri zen, korridoretik gertu. Konpartimentu ederra zen, larruzko eserleku berdeak zeuzkan. Bero egiten zuen. Hiru soldaduk arrantxoko ontzietan likore garden bat edaten zuten; baimena zeukaten; barrezka ari ziren.

        — Alsaziako pattar pitin bat nahi? —esan zuen batek.

        — Bai horixe —esan zuen.

        Soldaduak zapi baten muturraz garbitu zuen ontzia eta pattarrez bete.

        — Zer deritzozu?

        — Ona —esan zuen Hélènek.

        Ontzia hustu zuen. Kilkirrak sentitu zituen buruan: dena zegoen sutan, garretan; lipar batean errauts mordo txiki bat bihurtu zitzaion bihotza.

        — Derrotean edaten du —esan zuen soldaduak, miretsita.

        «Ikusiko du. Bost axola niri. Ikusiko du», esan zion bere buruari. Berokia erantzi, bola batean bildu eta luze etzan zen. Barrezka hasi ziren soldaduak, trenak aurrera egin eta Hélène arrumatzen zuen. Eta dena bukatua zen egun hartarako.

 

 

© Simone de Beauvoir

© itzulpenarena: Oier Alonso Etxebarria

 

 

"Simone de Beauvoir / Besteen odola" orrialde nagusia