VI

 

        Hantxe, gaztainondoak dauzkan eta brontzezko lehoi batek gordetako hiribide haietariko baten hondoan, aita eta amaren artean eserita zegoen. Aurrera eta atzera egiten zuen bere presentziak, plaza hartaraino, lur guztian zehar; mundua betiko aldatzen zuen; bere mundua zen. Oparoa, harmoniatsua, pozezko bolada handi batek zeharkatua. Hélènek besapean hartu zituen eserleku tolesgarria eta pintatzeko gauzak. Ez zen azkarregi ibili behar, izugarria izango zen goizegi iritsi eta Blomart jaunarekin topo egiten bazuen. Bi ordu. Lipar baten buruan, bere ahotsa entzungo dut. «Ondo lan egin duzu?». Bihar gauera arte. Igandeak maite ditut orain. Gaua bere besoen artean. Maite nau. Erakusleiho bati begiratua egin eta arazeriaz leundu zuen ile-xerlo bat; bere adatsaren kolorea, bere sudurraren forma, denak hartu zuen garrantzia, berak maite zuen aurpegia baitzen.

        Etxera hurbildu zen. Blomart eta Semea, inprimatzaileak. Botoia sakatu zuen; burrunba bat entzun eta atea zabaldu zuten. Han jarraitzen zuen usainak, baita tapiz urdinak ere; baina kolore gorriko ume zintzoa ez zegoen inon. Halarik ere, iragan hark bizirik zirauela ematen zuen, ez oso urruti, Xangai edo Konstantinopla baino gertuago. Tailerreko ateari bultza egin zion; nardaz jo zuen etxebizitzarantz. Zein ondo moldatzen zen ni barik! Ni ez ezagutzeko aukera ere bazuen. Laino bat igaro zen Hélèneren bihotzetik; tupustean zoruak ez zirudien hain egonkorra bere oinen azpian. Txirrinera eraman zuen atzamarra.

        — Sar zaitez, andereño.

        Bere aurrean desagertu zen zerbitzaria. Egongela handira zeramaten eskailerak jaitsi zituen Hélènek. Pozez gainezka egin zuen. Han zegoen bera, bere amaren aldamenean, kikaraz betetako mahaitxo baten aurrean. Kristalezko ontzi batetik ateratzen ziren tulipak, orekatu eta ezko-antzekoak.

        — Egun on, andrea.

        — Egun on, Hélène.

        Eskua erretiratu zuen Hélènek.

        — Pintura daukat azkazaletan. Goiz guztian lan egin dut-eta —Jeani irribarre egin zion—. Egun on.

        — Hemen daukazu kafe ona —esan zuen Jeanek; irribarre egin zuen—. Kopatxo bat likore nahi duzu?

        — Zergatik ez? —esan zuen Hélènek.

        Blomart andrearen ondoan eseri zen. Bere ama. Hain zen barregarria bizitza norbaiti zor ziola pentsatzea. Bera ez existitzeko aukerarik bazegoen ala? Blomart andrea butaka batean zegoen eserita, zangoak tolestuta, orkatila estutzen zuen eskuaz. Oso gaztea ematen zuen oraindik.

        — Zer daukazu ba buruan? —esan zuen Jeanek.

        Neskak barre egin zuen, pixka bat nahastua. Jeanek gogoetak igartzen zizkion eta bera ez zen sekula ohitzen.

        — Ezin dut sinetsi zu bere ama zarenik —esan zion Blomart andreari.

        — Oso handia delako —esan zuen Blomart andreak.

        Begiez arakatu zuen bere semea, zorioneko ezuste antzeko batez. Arraroa zen hori ere: bere ezaugarri bereziren bat eman ahal izatea. Altua da. Beltzarana da. Hogeita hamar urte baino pixka bat gehiago du. Lehengo aldiz, horrela agertu zitzaion Hélèneri, Port-Salut-en.

        — Zer egin behar duzue arrastian? —esan zuen Blomart andreak.

        — Marcel eta Deniserekin paseatzera goaz —esan zuen Jeanek—. Hélènek zoologikora eraman nahi gaitu.

        — Hain da dibertigarria —esan zuen Hélènek.

        — Ez da hain dibertigarria izango Deniseri bere nobelari buruz pentsatzen dudana esatea —esan zuen Jeanek.

        — Zer esango diozu, zehatz-mehatz?

        — Zeuk ere irakurri duzu; zer egin dezaket? Ez dauka etorkizunik.

        — Zerbait bada —esan zuen Blomart andreak.

        — Zerbait —esan zuen Jeanek ahots samurraz—. Lehengoan atera ziguten karpa ustel hura ere zerbait zela esan zenuen zuk.

        — Denise gaixoa! Bere etxean jeinu bat izatea gura zuen eta... —esan zuen Hélènek.

        — Beharbada, gogor lan eginez, aurrera egin dezake —esan zuen Blomart andreak.

        — Lan egin du —esan zuen Jeanek—. Izugarri. Seietan jaikitzen zen goizero, ez zen inorekin egoten —apur bat estututa so egin zion bere amari—. Zuzena deritzozu jarraitzen uzteari, berak iritzi zintzoa eskatu eta gero?

        Hélènek hozkada bat sentitu zuen bihotzean. «Inoiz ez lidake hain serioz ezer galdetuko», pentsatu zuen.

        — Ezin diogu beste gauza bat egiteko adorea eman? —esan zuen Blomart andreak.

        — Politikarako —esan zuen Jeanek—. Baina horrekin ez du aski. Tamalgarria da talenturik ez izatea. Horrek dena konponduko zukeen.

        — Tamalgarria da —esan zuen Blomart andreak—. Hain da adoretsua.

        — Dohain-piloa du —esan zuen Hélènek—. Baina oso tristea da, inork ez baitu kontuan hartzen.

        — Niri atsegina begitantzen zait —esan zuen Blomart andreak, sutsu.

        — Baina nobela oso eskasa da —esan zuen Hélènek—. Senarraren nortasunak zapalduta dago. Barregarria da haren jeinu ezeztatzailea.

        — Jasanezina da Marcel —esan zuen Blomart andreak—. Bere portaera... Zuhurtzigabea da.

        — Aurrera egin du —esan zuen Jeanek—. Schlosberg-entzat dekoratuak egitea onetsi du; dirua irabazi behar du.

        — Azken finean, bakean uztea da Marcelek eskatzen duen guztia. Denisek ezin dio bere kontzientziaren aurka jokatzeko eskatu.

        — Bere kontzientziak Denise existitzen dela esan beharko lioke —esan zuen Blomart andreak. Odol apur bat igo zitzaion masailetara—. Oso polita da larritasun morala pairatzea, baina gogoko dugunerako besterik ez bada erosoegia da.

        — Baina zergatik dute besteek eskubiderik gure gainean? —esan zuen Hélènek—. Sekula ez dut hori ulertu ahal izan.

        — Ez dira eskubideak —esan zuen Jeanek—. Hor daude.

        — Bai —esan zuen Blomart andreak—. Ahula da ikusten ez dituena.

        Hélènek so egin zion, Jeani so egin zion. «Ahula naiz», pentsatu zuen, atsekabetuta.

        Jean jaiki egin zen.

        — Ondo dago! Erabaki beharko genuke —bere amaren alderantz makurtu zen—. Zapata politak dauzkazu —esan zuen, txapin bat kentzen ziolarik.

        — Jean! —oihu egin zuen Blomart andreak, estu.

        Muskerrezko zapatan ezkutaturiko plantila handiak ukitu zituen.

        — Inoiz ez zara kontsolatuko emakume lodi eta altua ez izateagatik —esan zuen.

        — Lotsagabea zara gero —esan zuen Blomart andreak.

        — Ea ba —esan zuen Jeanek—. Hartu zeurea dena —amari musu bat eman zion—. Gure asmoen gainean mintzatu behar dut Hélènerekin.

        — Zein asmo? —esan zuen Hélènek bulebarrera heldu zirenean.

        — Oraintxe esan behar dizut —Jeanek sorbalda ukitu zion—. Benetan ederra zaude gaur.

        — Zein asmo? —errepikatu zuen Hélènek.

        — Zein kuxkuxeroa zaren! —esan zuen Jeanek—. Ondo dago! Hauxe da. Nire buruari aspaldi egiten diodan galdera egin dit amak: zergatik ez gara ezkontzen, zu eta ni?

        — Ezkondu! —esan zuen Hélènek— ezpainetatik pasatu zuen mingaina. Gau oro bere besoen artean; goizero esnatzean, bere aurpegia. Baina ez zuen eskari batek baino poz lotsagabeagoa garatu nahi. Zuk ez zenuke inola ere ezkondu nahi.

        — Zergatik ez? —irribarre egin zuen Jeanek—. Ez zaitut dohakabe egingo.

        — Oso ona zara —esan zuen Hélènek.

        — Ez naiz ona, maite zaitut.

        — Ni maite nauzulako zara ona.

        Zalantzaz begiratu zion; hain zen samurra, eskuzabala. Ez al zen bere amets bakarra?

        — Gogaikarri samarra izateko beldur naiz.

        — Txepel hori! —esan zuen Jeanek—. Benetan xume bihurtu zara —Hélèneren eskua bildu zuen bere eskuaz—. Geure ezkontza erabakiko al dugu?

        — Erabaki dezagun —esan zuen Hélènek, pozez gainezka.

        Bere ahoak barre egiten zuen, bere gogoz bestera, begiek dirdai egiten zioten eta urrezko irakinaldia sentitu zuen bihotzean. Irribarre egiten zuen mutilak. Ezer esan barik gelditu ziren une batez; elkar maite zuten, ez zegoen zer esanik.

        — Harri eta zur lagako dugu Marcel —esan zuen Jeanek.

        Eskailerak igo zituzten. Errotulu bat zegoen atean: «Gogor jo»; txirrina hondatuta zegoen beti. Jeanek jo eta Denisek ireki zuen. Kapelu belodun txiki bat zeraman buru gainean, dama baten itxura ematen ziona; eskularruak eta poltsa zeuzkan eskuan.

        — Ez zaitezte sar —esan zuen—. Nahas-mahas ederra dago barruan.

        Muturtuta zegoen:

        — Putetxe hau ezin da txukundu.

        Hitz gordinek doinu oihes eta faltsua hartzen zuten haren aho dotorean.

        — Marcel ez dator gurekin? —esan zuen Jeanek.

        — Afarian elkartuko zaigu. Ez du xake partidua alde batera utzi nahi izan.

        — Hain tematsu jarraitzen al du?

        — Txapeldun bihurtzea sartu zaio buruan —esan zuen Denisek, lehor.

        Poliki jaitsi ziren eskailera bihurrian behera. «Hau ez da ongi hasi», pentsatu zuen Hélènek. Beloko tularen azpian, Denisek markatua zuen aurpegia, orban gorri pare bat zeukan masailalboetan; ezpain-ertzek beherantz egiten zioten.

        — Taxia hartuko dugu, nik ordainduta —esan zuen Denisek. Keinu bat egin zuen; espaloira gerturatu zen taxi bat—. Vincennes-eko zoologikora eramango gaituzu, mesedez? —esan zuen, taxi-gidariekin eta zerbitzariekin hartzen zuen doinu kantariaz. Ahotsa lehor bihurtu zitzaion, berriz ere—. Profita dezagun orain, Marcelek dirua irabaztea deliberatu du-eta.

        — Gauzak ondo al doaz? —esan zuen Jeanek.

        — Zoragarri. Maketak zirriborratzen ditu, eraikuntzan pintatuko balu bezalaxe; eta gero, bihotza lasai, bere egur-puskak mugitzera doa.

        — Horrek asko ematen du, ordea —esan zuen Jeanek.

        — Pobreziaz inoiz kexatu izan banintz ere... —esan zuen Denisek.

        Isilune astuna egon zen. Inora ez begira jarri ziren Deniseren begiak, muzin eta adigalkor. Hélène gogoratzen hasi zen: ikaragarria zen dohakabe izatea, munduan hain bakarrik egotea.

        — Dena erakutsi behar dizuet —esan zuen Hélènek sarrerako ateska gurutzatzean—. Akuarioa, papagaiak, tximinoak, kanguruak... Ados?

        — Jakina —esan zuen Jeanek—. Oso gogoko dut piztiak ikustea.

        Irribarre egin zuen Hélènek. Maiz etorria zen flamenkoak, jirafak, armadiloak edo hartz inurrijaleak marrazteko. Eguerdian, tximinoen haitzaren tontorrera igotzen zen txerriki otartekoa jateko Paris begiesten zuen bitartean. Egun zoragarriak ziren. Egun gorriskak. Baina sasoi hartan, zorion uneek ere amaitu gabeko kutsua zuten.

        — Itxaron, itsas lehoiendako arraina erostera noa —esan zuen Jeanek.

        Saltzaileari urreratu zitzaion, taula baten aurrean zutik zegoen hura eta taularen gainean otzara bat mugitzen ari zen; zenbait berba esan eta barrezka hasi zen saltzailea. Jendeak beti zuen begiko. Agian jendeari so eta hitz egiteko zuen modu xeratsuagatik.

        — Gura duzu? —esan zion Deniseri.

        — Ez, mila esker —esan zuen Denisek.

        Jeanek isatsetik oratu zion arrain bati eta hormigoizko karel alderantz makurtu zen: lehoi bibotedun handi bat uretatik gora agondu zen, ahoa zabalik, eta gogo biziaz salto egin zuen. Arraina erretiratu zuen Jeanek.

        — Atzamarrak aterako dizkizu —esan zuen Hélènek.

        — Ez dago arriskurik —esan zuen Jeanek.

        Ostera ere hasi zen bere jokoarekin. Itxura hain axolagabe eta alaia zuen. Lehen beti zegoen kezkatuta. «Maite nau», pentsatu zuen Hélènek. Itsas lehoiak muturrean jaso zuen Jeanek askaturiko arraina.

        — Xelebrea da piztia —esan zuen, uste osoaz.

        — Pizti guztiak dira xelebreak —esan zuen Hélènek.

        Jeani irribarre egin zion. Jeanek maite zuen. Jadanik ez zeukan hutsunerik bere baitan, ezta ziurgabetasunik ere. Ez zion gehiago galdetuko bere buruari nora joan edo zergatik geratu. Lurrean berandako leku zehatz bat egon bailitzan eta bertan zehatz-mehatz txertatuta bailegoen. Bere aldeko lekuan, hain zuzen ere, burua bere sorbalden altueran, harri-hondarrez jositako parke haren erdian, tximinoen usaina eta pujen lurrin berria nahasten ziren. «Ezkondu behar dugu».

        — Ederto! Ez gaituzu gidatu! —esan zuen Jeanek.

        — Baina orain nik beste ezagutzen duzue zoologikoa —esan zuen Hélènek.

        Marra laranjaduneko denda baten azpian zeuden eserita, haurrek freskagarri arrosa eta berdeak edaten ari ziren aldameneko txosnan. Hélènek hautsez betetako postu haiek laket zituen: malba zurizko bastoi bihurriak, erregalizak, madalenak, eta kolore zoragarriko likidoz betetako ontzi handiak; bastoi baten muturretik esekita kulunkatzen diren puxiken kolorekoak, hain zuzen ere, gozoki azidotu-mordo erraldoi baten antzekoak.

        — Akuarela polita litzateke —esan zuen Hélènek.

        — Bai —esan zuen Denisek.

        Kristalezko ontziak eta puxikak begiradaz zeharkatzen zituen, ikustezinak bailiran. Hélènek begirakune bat bota zion Jeani; hau bere kaina edaten ari zen, adigalkor, baina unea iritsia zela bazekien berak ere.

        — Zuen promesa gogoratzen al duzue? —esan zuen Denisek.

        Jeanek zerbait galdetuz bezala so egin zion.

        — Nire nobelaren gaineko iritzia azaldu behar zenidaten. Bukatu duzue?

        — Bai —esan zuen Jeanek.

        — Orduan zer?

        Isilune bat egon zen, oso motza. Deniseri irribarrea okertu zitzaion ezpainetan.

        — Erakargarria da —esan zuen Jeanek Gauzez beteta dago —aire garden eta egiazalea hartu zuen, Hélène bera ere engaina zezakeen—. Baina... Gauza bat, derrigorrezkoa, hasi berri baten lana da. Nobelak egiten, zapatak egiten bezala, ikasi egiten dela pentsatzen dut nik. Eskarmentua falta zaizu oraindik.

        — Zer esan gura duzu, zehatz? —esan zuen Denisek. Masailalboek distira egiten zioten; ahotsa nekez mantentzen zuen lasai.

        — Geihegi argitzen duzu —esan zuen Jeanek—. Ez duzu ezer agertzen. Esateko zerbait eduki eta ez zara esateko moduaz gehiegi arduratzen. Egunkari pertsonal baten zatiak ematen dute nobela baino gehiago.

        — Sabine, Éloi eta beste batzuk agertzen ditut, aldiz.

        — Eurei buruz pentsatu behar dena esaten duzu: ez dituzu agertzen. Izugarri abstraktuak dira. Eta ez zara istorio bat taxutzen saiatu.

        Denisek arretatsu piztu zuen zigarreta bat.

        — Hitz batez, dena berrasi beharko nuke —esan zuen.

        — Egia esanda, bai; gutxi gora behera dena —esan zuen Jeanek.

        — Ez nuen uste hain gaitzesgarria zenik —esan zuen Denisek.

        — Gaitzesgarria... Ez. Lehenengo lana duzu —esan zuen Jeanek.

        — Bai.

        Isilean erre zuen lipar batez. Deniserekin ezin zen egia leundu; bekoz beko begiratzen zituen gauzak.

        — Dena berriz hastea merezi duela uste duzu? Zerbaitera helduko naizela uste duzu?

        — Hori ezin dizut nik esan —esan zuen Jeanek.

        — Ez dizut profeziarik eskatzen —esan zuen Denisek—. Zeure aburua, besterik ez...

        Jeanek zalantza egin zuen. Hélènek urduri begiratu zizkion ezpainak. Jeanek beti esaten zuen egia.

        — Saiakerak idazteko egina zarela uste dut —esan zuen Jeanek—. Komeni zaizun formula aurkitu beharko genuke.

        Denisek beloaz brast estali zuen aurpegia.

        — Oi! Komeni zaidana ulertu dudala uste dut —esan zuen—. Eskerrik asko —altxatu egin zen—. Marcel zain edukiko dugu, alde egin beharko dugu.

        — Ez itzazu gauzak horrela har —esan zuen Jeanek—. Oso zaila da gauzak lehenengoan asmatzea. Benetan idatzi nahi baduzu jakitea da kontua...

        Denisek ez zuen erantzun; arin ibili zen; taxi batera gerturatu zen.

        — Saint-Germain-des-Prés plaza.

        Kotxearen sakonean uzkurtu eta gidariaren garondora begira ezarri zen; begitarte osoa hondatu zitzaion, itxurazko fisionomia mantentzen ere ez zen saiatzen. Beti apain eta pinpirin; indarrak galtzeko zorian egon behar zuen derrigor.

        — Iritsi gara —esan zuen Jeanek.

        Burua jiratu eta nolabait harriturik begiratu zion Jeani.

        — Aurrera, esan zuen Jeanek, ateari eutsiz.

        Kotxetik jaitsi, bidaiarena egin eta ate birakariari eragin zion.

        — Zanpatu egin duzu! —esan zuen Hélènek.

        — Baina zergatik eskatu dit iritzia? —esan zuen Jeanek, suminduta edo—. Beti da berdin. Beti...

        Sartu ziren. Marcel jatetxearen sakonean zegoen eserita; irribarreak aurpegia zimurtzen zion.

        — Egonezinez nengoen zuek noiz etorriko —esan zuen—. Goseak amorratzen nengoen.

        — Gu ere bai —esan zuen Jeanek—. Tximinoen lekutik kaimanenera lasterka ibilarazi gaitu Hélènek, errukirik gabe.

        — Pena izan da zu ez etortzea —esan zuen Hélènek.

        — Ondo jokatu duzu, gutxienez? Irabazi al duzu? —esan zuen Jeanek.

        Misteriozko barre txiki bat egin zuen Marcelek.

        — Aurrera noa —esan zuen. Karta luzatu zion Hélèneri—. Zer gura duzue jateko?

        Hélènek zalantzaz behatu zuen karta; dena jan gura zuen.

        — Eskuak garbitzera jaitsiko naiz —esan zuen Denisek.

        — Eskatu lehenago —esan zuen Marcelek.

        Sorbaldak altxatu zituen Denisek.

        — Edozer gauza eskatu niretzat.

        — Patea hartuko dut nik —esan zuen Hélènek—. Eta gero ez dakit solomoa ala usakumea hartu.

        — Solomoa eta usakumea har itzazu —esan zuen Marcelek.

        — Oi! Ez —esan zuen, nahasita.

        — Eta zergatik ez? Irrikitan zaude.

        — Azken buruan, zergatik ez? —esan zuen.

        Poltsa hartu eta komunera zeramaten eskaileretatik jaitsi zen. Atea bultzatu zuen; Denise zutik zegoen ispiluaren aurrean, beloa kenduta zeukan, bere islara begira zegoen; betikotasunean izoztua zirudien, itxaropenik gabe galdezka.

        — Basati bat ematen dut —esan zuen Hélènek.

        Begiek kliska egin zioten Deniseri; eskua ezpainetako barrarantz luzatu eta ezpainak margotu zituen, pentsatu barik; adatsak orrazten hasi zen Hélène, ezinegonaz; ez zirudien hitz bat ere esan ahal zenik, hitz egite soilak iraina osatuko zukeen; baina isiltasuna itogarriago egiten zen segundoero. Bat-batean, izuak menderatu zuen Hélène. «Bo! Ondo dago horrela!», arineketan igo zituen eskailerak. Bere atzetik, Denise urrats neurridunez zetorren.

        — Bazkaria atera dute —esan zuen Marcelek.

        Damasko-erako zamau batez estalia zen mahaia; lepo luzeko botila bat izotz ontzi batean ari zen freskatzen. Foie-gras arrosa eta boilurrez jaspeztaturiko puska erraldoi bat zabaltzen zen Hélèneren platerean.

        — Ene! Foie-grasa! —esan zuen Hélènek, liluraturik.

        — Jai da gaur —esan zuen Marcelek—. Jeanek berria eman dit —edalontziak bete zituen—. Zer diozu zuk? —esan zion Deniseri—. Jean senar ona izango dela uste duzu?

        Keinu antzeko bat egin zuen Denisek.

        — Beharbada —esan zuen—. Zorioneko ezkontzak badirela ematen du.

        Ez zuen makilajea konpondu; soilik ezpainak zituen gorriz margotuta; begiek harrizko gogortasunez distira egiten zioten aurpegi horian.

        — Zuen ezkontzarengatik edaten dut —esan zuen Marcelek.

        — Zure xake txapelketarengatik —esan zuen Jeanek.

        — Ez duzu jaten? —esan zuen Marcelek.

        — Higuingarria da —esan zuen Denisek. Txandaka begiratu zituen Marcel, Jean eta Hélène, galduta bezala—. Hemen gaude, foie-grasa jaten.

        — Foie-gras honen kontra ez dago ezer esaterik —esan zuen Jeanek, tonu atseginaz.

        — Hélèneri emaiozu zeure platera, berehala irentsiko du —esan zuen Marcelek.

        — Gaixotu egingo da —esan zuen Jeanek.

        — Horretarako baino mardulagoa da —esan zuen Marcelek; Hélèneren platerera bota zuen foie-gras zatia—. Oso gogoko dut jaten ikustea.

        — Eskerrik asko —esan zuen Hélènek, apur bat larri.

        Marcelen barreak kontraste negargarria egiten zuen Deniseren begitartearekin. Oso gustura zegoela ematen zuen.

        Denisek Jeani so egin zion. Berak ere kezkaturik behatzen zuen Denise.

        — Atsegina da toki hau —esan zuen Denisek, izotzaldia urtzearren.

        — Bai, ezta? Toki hau dekoratu zuenak lanbidea ezagutzen zuen —esan zuen Marcelek—. Ez du hutsik laga hazbete bat ere.

        Mosaiko urdin eta horiz estalita zeuden hormak: arrainak, txoriak, palmondoak.

        — Aizu. Zure dekoratuak ikusi nahi nituzke —esan zuen Jeanek—. Ondo doazela ematen du.

        Barrezka hasi zen Marcel.

        — Jakina. Hain da erraza jende horren gustua egitea.

        — Ai! Erraza dela uste duzu! —esan zuen Denisek; amets batetik atera berri zela zirudien.

        — Errazegia da interesgarria izateko.

        Denise trufaka hasi zen:

        — Xakea, aldiz, interesgarria da?

        — Zeharo interesgarria —esan zuen Marcelek. Jeani begira jarri zen—. Sorkuntza hutsa —eriaz erakutsi zuen bere garezurra—. Bertatik dena atera daiteke. Taula, taula ez da existitzen, erreferentzi puntua besterik ez da —irribarre egin zuen, aire gaiztoaz—. Gainera, segidan jakingo dut begiak itxita jokatzen.

        Denisek atzamarrez jotzen zuen mahaian.

        — Zer esan du Schlosbergek hitzez hitz?

        — Benetako pintoreari berehala igartzen zitzaiola esan du —esan zuen Marcelek bere esku lodia erakusten zuelarik.

        Denisek barre maltzurra egin zuen.

        — Baina zu ez zara pintorea —esan zuen—. Ez ni idazlea baino gehiago.

        — Ondo dago Schlosberg pozik izatea —esan zuen Jeanek, bakegile.

        Denisek finko begiratu zion:

        — Bai, bost axola zuri —esan zuen—. Zuk zure sindikalismoa daukazu. Marcelek bere xakea dauka. Eta Hélènek zu zauzka. Baina nik... —esan zuen, zinkurinati—. Nik ez daukat ezer.

        Isilune bat egon zen. Denisek begirada aldendu eta ogi puska bat apurtu zuen atzamarren artean.

        — Aizu! —esan zion Marcelek zerbitzariari— hurrengoa.

        «Marcelek bere xakea dauka. Eta nik Jean daukat», errepikatzen zion Hélènek bere buruari. Jeani so egin zion. Bera bakarrik. Aski izango zen? Ezti eta kakao usaineko ilunabar zaharra sentitu zuen bere inguruan; han zegoen aspaldiko larritasuna, berriz ere menderatzeko prest.

        — Hemen dator usakumea —esan zuen Marcelek.

        Metalezko kanpai batez estalitako azpila ekarri zuen zerbitzariak. Kanpaia jaso eta Hélènek gozamenaz arnastu zuen ilarren kea. Itsumustuan desagertu zen iragana.

        — Jan ezazu —esan zion Marcelek Deniseri—. Ez jatea da zure akatsa.

        Begiratu azkarra bota zion Denisek Marceli. Hélènek eta Jeanek kezkaz gainbegiratu zioten elkarri.

        — Serios diotsut, ordea —esan zuen Marcelek—. Izateko zain egoteko ez dago jana baino hobeagorik.

        Denisek bere platera bota zuen esku-gainaz; usakumea eta ilarrak zoruaren kontra zanpatu ziren, portzelana pusken artean.

        — Nahikoa dut —esan zuen Denisek—. Nahikoa, nahikoa! —errepikatzen zuen jaikitzen zen bitartean. Aterantz joan zen.

        — Berarekin noa —esan zuen Hélènek.

        — Joan zaitez —esan zuen Jeanek—. Eta behar beste denbora gera zaitez. Nire etxean itxarongo dizut gaur gauean eta bihar goizean.

        Bihotza kikilduta begiratu zion Hélènek; astean larunbat bakarra, gau bakarra. Deniseren atzetik abiatu zen; besotik heldu zion.

        — Lagundu egingo dizut —esan zuen—. Ados?

        Denisek isilean egin zituen zenbait urrats.

        — Gizon hori! —esan zuen. Gelditu eta horma bati bermatu zen—. Ez dut gehiago ikusi nahi, inoiz ez, inoiz ez.

        Denisek zabu egiten zuela sentitu zuen Hélènek besoan.

        — Ez gaitezen hemen geratu —esan zuen Hélènek—. Goazen zeure etxera.

        Zenbait berba adiezin zezeldu zituen Denisek.

        — Zer? —esan zuen Hélènek—. Ez duzu etxera itzuli nahi?

        — Inoiz ez —esan zuen Denisek.

        Hormari itsatsia zen, begirada finko. Hélènek ezbaiaz so egiten zion.

        — Orduan etorri —brast esan zuen—. Hotelean gela bat hartu behar dugu zuretzat. Ez zara zutik mantentzen.

        Kalean zehar eraman zuen Denise. Hotel bat zeukaten pare-parean; halla gorriz tapizatua eta larruzko besaulki handiz jantzia zen; aspidistra bat ateratzen zen kobrezko lorontzi-estalki batetik.

        — Badaukazue gaur gauerako gelarik? Pertsona batentzat?

        — Emma, 7.a erakus iezaiezu andre hauei —esan zuen ugazabandreak.

        Gelazainak giltza hartu eta moketa lodiaz estaliriko eskailera handi baten mailak igo zituen. Atea ireki zuen.

        — Ezin hobea da —esan zuen Hélènek, bizi. Atea itxi zuen—. Etzan zaitez —esan zion Deniseri Atsedena har ezazu.

        Beloaren korapiloa askatu zuen Denisek; mahai gainean utzi zuen kapelua, arretazko keinuaz.

        — Ez nago gaixorik —esan zuen. Ohearen ertzean eseri zen—. Gaixorik banengo zain nintzakezuen. Ez. Baina korapilo nazkagarria daukat eztarrian, eta hori ezin da sendatu —nolabaiteko amorruaz begiratu zion Hélèneri—. Esaidazu ba zer daukadan.

        — Ez daukazu ezer, ostera —esan zuen Hélènek.

        Denise trufaka hasi zen.

        — Ez didazu esan gura?

        Hélèneri bihotzaren taupadak bizkortu zitzaizkion; beldur zen.

        — Konponduko naiz jakiteko —esan zuen Denisek, aupari.

        — Denise, ez dauka zentzurik —esan zuen Hélènek; eskua oratu zion Deniseri. Denisek eskua erretiratu zuen, ikaratuta.

        — Badakizu. Badakizu Marcelek zergatik gorroto nauen —esan zuen. Dardaraka hasi zen—. Gauez lurrean lo egiten du, kontaktuek gogaitzen dutelako; eta beti da oso adeitsua; jotzea nahiago nuke. Esan: zergatik gorroto nau?

        — Ez zaitu gorroto —esan zuen Hélènek.

        — Gezurrik ez gero —esan zuen Denisek, bortitz. Ingurura begiratu zuen—. Zergatik ekarri nauzu hona?

        — Atseden har dezazun —esan zuen Hélènek.

        Deniseren begiek sua bota zuten.

        — Atseden hartu! —kopeta zimurtu zitzaion—. Lagun ala etsai bezala etorri zara? —esan zuen, kezkaturik.

        — Ondotxo dakizu laguna nauzula —esan zuen Hélènek.

        — Laguna! —esan zuen Denisek—. Nik ez daukat lagunik. Neure burua gaitzesten dut —bat-batean, ohera zerraldo erori eta negar-zotinka hasi zen—. Gauzaeza naiz —esan zuen.

        Hélènek adats gorri oparoa orraztu zion eskuaz.

        — Ez duzu horrela samindu behar —esan zuen—. Ezin duzu lehenengoan asmatu.

        — Badakit —esan zuen Denisek—. Ez daukat ezer esateko. Denbora guztian jakin dut. Baina orduan zer? —garrasi egin zuen, etsita—. Esaizadazu: zer?

        Negar-zotinka ziharduen, geroz eta ozenago: ezpainetatik zizpuru luzea atera zitzaion; dar-dar egiten zuen burutik oinetara. Hélènek bere gainera joan eta ahoari itsatsi zion esku-zabala.

        — Ohiurik ez egin —esan zuen—. Lasai zaitez.

        Denise brast isildu zen.

        — Nekatuta nago —esan zuen.

        — Lo egiten ahalegin zaitez —esan zuen Hélènek—. Hemen geldituko naiz ni.

        — Eskerrik asko —esan zuen Denisek—. Barkaidazu.

        Begiak itxi zituen. Hélènek argia amatatu eta ohe ondoan eseri zen. Ñirñir horia sartzen zen belusezko errezelen zirrikitutik. «Orduan zer?», errepikatzen zion bere buruari. «Zer?». Deniseri so egin zion. Sukarrak gorritua zuen aurpegia, adats nahastuaren azpian. Zertarako horrenbeste malko eta borroka, horrenbeste desira eta atsekabe? Bihotza izoztu zitzaion. Deniseren bizitza. Nire bizitza. Irlatxo ñimiñoak itsaso beltz baten erdian, zeru hutsaren azpian galduta eta ur berdinek segidan estalita. «Nik Jean daukat». Baina Jean hil egingo da egunen batean; euren maitasuna hilko da. Pentsatu ere ezin den gau eremu hau besterik ez da geratuko. «Itsutzen ari naiz», pentsatu zuen Hélènek. «Ni ere apropos itsutzen naiz». Deniseren moduan ohe gainera jauzi eta oihu egiteko gogoa zuen.

        Denisek begiak zabaldu eta brast altxatu zuen soina.

        — Zer egiten duzu hemen? —esan zuen.

        — Nire beharra izan dezakezula pentsatu dut —esan zuen Hélènek.

        — Ez dut inoren beharrik —esan zuen Denisek, zakar; bere kopeta ukitu zuen—. Amets egin dut.

        — Joatea nahi duzu? —esan zuen Hélènek.

        — Bai —esan zuen Denisek; mesfidati begiratu zion Hélèneri—. Lo nengoen bitartean begiratu didazu.

        — Ez, neska —esan zuen Hélènek.

        — Begiratu egin didazu —esan zuen Denisek, ozenki—. Ez dut zeure beharrik.

        — Ondo dago, banoa —esan zuen Hélènek. Jaiki zen—. Bihar goizean itzuliko naiz.

        Denisek ez zuen deus erantzun.

        — Bihar arte —errepikatu zuen Hélènek.

        Gelatik irten eta atea begiratu zuen, ezbaiez. Gero bira egin eta eskailera-mailak launaka jaitsi zituen.

        — Taxi. Sauffroy kalea.

        Eserlekuan uzkurtu zen. Oraindik zenbait une. Sukarrak gorritua zuen aurpegia, adats nahastuen azpian; ahotsak zioen: «Orduan zer? Orduan zer?». Une baten buruan ahotsa isilduko da. Itsutu egiten banaiz hainbat okerrago; hainbat okerrago. Hau ezin da jasan. Ate alderantz makurtu zen. Clichy plaza. La Fourche. Kristalean jo zuen.

        — Hemen da.

        Eskailerak igo eta hiru bider sakatu zuen txirrinaren botoia. Ireki egin zen atea.

        — E! Ez zintudan horren goiz espero! —esan zuen Jeanek.

        Neska gainera joan zitzaion eta bere besoen artean estututa geratu.

        — Zer egin duzu Deniserekin? —esan zuen Jeanek.

        — Ohean sartuta laga dut, hotel batean. Ez zuen etxera itzuli nahi —gogorrago estutu zuen Jean—. Ikaragarria izan da.

        — Ene txiki gaixoa! —adatsa ferekatu zion—. Izugarria da Marcel —esan zuen—. Berarekin eztabaidatzen ahalegindu naiz. Baina Denise zorotasuna bera dela dio berak; hori esatea besterik ez dut lortu.

        — Benetan zoratzen ari den galdetzen diot nire buruari. Zeharo nahastuta zegoen. Ia bota egin nau.

        — Ez zaio zoratzea komeni —esan zuen Jeanek.

        — Zergatik diozu hori? —esan zuen Hélènek.

        Jeanengandik aldendu eta biluzten hasi zen. Ohera sartzeko irrikitan zegoen, Jeanen besoetan, babesean.

        — Marcelek dioen moduan, izugarri soziala delako. Nobela hori: ez zuen nobela idazteko gogorik; idazlea izateko gogoa baizik. Oso ezberdina da.

        — Soziala... —esan zuen Hélènek—. Baina azken finean besteen antzekoa da: izatearen atzetik dabil, Marcelek dioen moduan.

        — Beharbada —esan zuen Jeanek—. Edozein modutan, oker dabil.

        — Nor dabil ondo horretan? —esan zuen Hélènek. Ni ondo nabilela uste duzu?

        — Gutxienez zoriontsua zara zu —esan zuen Jeanek.

        — Baina beharbada oker nabil —esan zuen. Maindire freskoetan sartu eta irribarre egin zuen. Zoriontsua zen. Ezin zuen aladurarik izan—. Ondotxo daki Marcelek ez duela maite —hasi zen berriz ere—. Gehiago ez duela ikusi nahi esaten du.

        — Berriro ikusiko du Marcel —esan zuen Jeanek.

        — Ez luke hori egin beharko —esan zuen Hélènek.

        — Marcel maite du.

        — Horrexegatik ba.

        Irribarre egin zuen Jeanek.

        — Eta zeuk diozu hori?

        — Bai —esan zuen Hélènek, gorrituta—. Maite ez ninduzunean zu limurtzea espero nuen —Jeani begiratu zion—. Baina orain ni maitatzeari utziko bazenio oso ezberdina litzateke.

        — Zer egingo zenuke? —esan zuen Jeanek.

        — Ai! Ikusiko duzu: hanka egingo nuke.

        Besoetan hartu zuen Hélène.

        — Ez dut ezer ikusiko —esan zuen.

        Hélènek Jean besarkatu eta segidan askatu egin zen.

        — Azkar etor zaitez —esan zuen.

        — Banoa —esan zuen Jeanek—. Gorde zaitez.

        Horma alderantz jiratu zen Hélène. Bere urratsen soinua entzun zuen gelan zehar, arropen marruskadura, uraren jarioa. Jean etorriko da. Begiak itxi zituen. Zainetatik gurma sutsua zerion; sutsu, itsugarri, hodei batek bere iraganetik bereizten zuen Hélène; etorkizunetik eta heriotzatik bereiztu.

        — Hara, hemen zaude! —esan zuen.

Jean estutu egin zuen; Jean epela, leuna, malgu eta gogorra: gorputz bat. Han zegoen Jean: besoetan estutzen zuen gizon gorputzean osorik sartuta. Ihes egin zion egun guztian: bere iraganera, bere gogoetetara, bere ama eta Deniseren ondora, mundu osoan zabalduta. Eta orain, han zegoen, bere haragiaren kontra, bere eskuen azpian, bere ahoaren azpian; berarekin berriz ere elkartzeko, oroitzapen barik, itxaropen barik eta gogoeta barik axolagabetu zen une mugiezinaren sakonean: hamaika txinparten zirtakatzeak isilean argituriko gorputz itsua besterik ez. Ez iezadazu traiziorik egin. Ez zaitez ene gorputzak aldarrikatzen duen gorputz honetatik urrun joan. Ez nazazu bakarrik utz, gau kiskaliaren menpe. Hasperen egin zuen. Hor zaude. Ni nagoela bezain ziur. Niretako, ez zuretako, dardarka dagoen haragi hori; zeure haragia. Hemen zaude. Desira nauzu, eskatzen nauzu. Eta ni ere hemen nago, denbora apurtzen duen osotasun dizdizaria. Betikoz benazkoa da minutu hau, heriotza eta betikotasuna bezain benazkoa.

 

 

© Simone de Beauvoir

© itzulpenarena: Oier Alonso Etxebarria

 

 

"Simone de Beauvoir / Besteen odola" orrialde nagusia