III

 

        Atea jo dute. Pixkanaka irekitzen da atea.

        — Ez duzu ezer behar?

        — Ez, mila esker.

        Zeren beharrik? Zertarako? Han, dudarik gabe, oraindik zentzu bat dute berba horiek. Ateaz bestaldean gela bat dago; etxe oso bat; kale bat; hiri bat. Eta jendea, lo edo beilatu egiten duen beste jende bat.

        — Lotara joan al da Laurent?

        — Bai, seietan etorriko zaizu —ohe aldera urreratzen da Madeleine—. Lo jarraitzen du?

        — Lo egon da denbora guztian.

        — Ez ezazu ahaztu —dio Madeleinek—, alboan nago, Deniserekin.

        Atea itxi zuen. Mugimendu txiki bat entzuten da ohe gainean.

        — Zer ordu da?

        Hitzak xuxurlatu egiten ditu, ume-ahotsaz. Makurtu egiten da Jean, izaren gaineko eskua ferekatzen du.

        — Ordu biak, laztana.

        Neskak begiak zabaltzen ditu:

        — Lo egin dut.

        Une batez zelatan geratzen da, entzun egiten du; ez du kanpokoa entzuten, bere barnea baizik.

        — Beti zarata berdina egiten dute hor gainean, entzuten al duzu?

        Jeanek ez du entzuten; buru-belarri hurbiltzen da agonia hartara, baina ezin du parterik hartu.

        — Isiltzea nahi nuke.

        — Esatera joango naiz. Lokar zaitez berriz ere.

        — Bai —begirada urdinak zalantza egiten du—. Paul —esan zuen Hélènek—. Non da Paul?

        — Salbu dago; bihar arrastirako lerroa pasatua izango du. Hona etorriko da alde egin aurretik.

        Neskak begiak ixten ditu; hitzek ez dute bere ametsa zeharkatu. Amets astuna non odol morea isurtzen den eta nik ezin dudana amets egin. Ez. Ez zaitez berriz lokar. Benetan esna zaitez, betiko esna zaitez. Hélènek begiak ireki ditu, ezpainak ireki ditu, niregandik gertu zegoen ostera ere eta nik ez dut ondo zaintzen jakin. Bere bihotzean bortxaka sartu beharra zegoen, lainoak urratu, entzutera behartu, arrenka eskatu beharra: bizirik iraun ezazu, niregana itzul zaitez; oraindik atzo txit erraza zen. Eskuak bolantearen gainean, zerua begiratzen zenuen, gau ederra esaten zenuen. Gau ederregia, arras epela. Irribarre egiten zenuen: itzuliko naiz. Inoiz ez dut bere irribarrea berrikusiko. Bere ezpainak txikiegi bihurtu direla esan daiteke, hortzak bistan eta sudurra kamustu egin zaio; bere haragi bizian hilotz bat moldatzen hasi da. Begiak itxi behar dira, heriotza-txantxoa ahaztu; bihar ezin izango dut, ez dut besterik ikusiko. «Itzuliko naiz». Besoez inguratu eta ez zintudan askatu behar: ez joan; maite zaitut, nirekin geratu. Hitz hauek entzun zenituen, isiltasunean; eta joan egin zara; ozenago garrasi egin behar nuen. Maite zaitut. Orain nik berba egin eta zuk ez duzu jadanik ezer entzuten. Gartsuki entzuten zenidan: eta ni isildu egiten nintzen. Ez dugu inoiz atzera egingo, beste bizitza batean? Hemen dago bera, hain gertu, bere gerruntze argia jantzirik, hain gaztea, uda garaile honetako esperantzak bezain gaztea. Koadro gorri eta berdedun gona tolesduna zeraman, alkandora-itxurako bat eta larruzko gerriko gorri handi bat gerruntzearen inguruan: zinta batek estaltzen zion bekokia eta aurpegiko alde bietatik jausten zitzaizkion adatsak, oso lisoak. Ateko baoan brast kokatu zenean beregana zuzendu ziren begirada guztiak; ez zeukan langile baten emaztearen itxura, eta hala ere, tailerrean sartzen zen heinean, ez zirudien lekuz kanpo zegoenik; txukuntzean, keinuetan eta bere buru osoan ikusten zitzaion zabartasunagatik zen, zalantza barik. Hurbildu egin zitzaidan, izutu eta oldarkor itxuraz; fardel bat eskaini zidan, zakarki.

        — Jatekoa ekarri dizut.

        Fardela hartu nuen, pakete itzela eta baldarki egina.

        — Adeitsuegia zara.

        Duda-mudatan so egin nion; oin batetik bestera kulunkatzen zen, moldakaitz. Deseroso nengoen: bere eskutitzei ez erantzuteagatik, eta batez ere bere eskutitzak jaso izanagatik.

        — Zer —esan zuen neskak, ezinegonez—. Zabaldu ere ez duzu egingo, ala?

        Borondatezko bi eguneko gatibualdia baraurik pasatu genituela pentsatuko zuen Hélènek, zeharo garbitu zuen gozodenda, gozokien artean mardulenak aukeratuz, trinkoenak: ezti-opilak, txokolate-tableta handiak, gailetatzarrak; haien artean karamelu biguna, banana konfitatua edota pasteltxo garrapinatu batzuk sartzeko gogoari ere ezin izan zion eutsi. Hélènek irrikaren irribarreaz usaindu zituen jakiak.

        — Lagunen artean banatu lehenbailehen: gose zarete seguraski?

        Tailer guztira jo zuten nire begiek eta sei pare begi jostari topatu nituen. «Nork gura du deserta apur bat?», oihu egin nuen nik. Airean jaurti nituen gurin pastizak, datil-poteak eta karamelu argi eta ilunak, eta ezti-opil bati hozka egin nion.

        — Zuk ez duzu ezer hartuko?

        — Ez. Dena da zuentzat —esan zuen neskak.

        Bere begiek dirdira egiten zuten; benetako arduraz jarraitzen zuen nire barailaren mugimendua eta nire ahosabaiaren kontra desegiten zen masa melenga bere ahoan bertan sentitzen zuela bururatu zitzaidan. Geroz eta deserosoago sentitzen nintzen; nire begitartean induskatzen zuen bere begiradak, zorrotz, nire betileen forma gogoan gordetzen zuen, baita nire adatsen ñabardura zehatza ere; inork ez ninduen inoiz horrela arakatu. Madeleinek ez zidan begiratzen, hark ez zuen ezer begiratzen; han zituen gauzak, bere inguruan, nahasiak eta pixka bat beldurgarriak, gauzez ez konturatzen saiatzen da; batzuetan Marcelek aztertzen ninduen, baina nire hazpegiak inpartzialtasun saminez egiaztatu besterik ez zuen egiten. Eta Hélèneren begiradek itaundu egiten zuten, haztatu eta kontuak eskatu ere bai. Nor ausartzen da hor egoten, nire parean? Isilean xahutu nuen ezti-opil puska bat; gero esan nuen:

        — Pasatzen laga dizute?

        Sorbaldak altxatu zituen neskak:

        — Argi dago baietz.

        — Ama eta emazteei sartzen uzteko kontsigna daukate...

        Norgehiagoka bezala irribarre egin zuen neskak:

        — Senargaia ikustera nentorrela esan diet.

        — Alboko tailerrean da Perrier —esan nuen presaka.

        — Baina zure izena eman dut —esan zuen neskak—. Uste dut horregatik ez nautela bota.

        Aire nahigabetua izan behar nuen nik; galdetu egin zidan:

        — Gogaitu egiten zaitu horrek?

        — Apur bat bai. Kontsignak neuk eman ditut, ez dut ezohiko neurri baten mesedea lortu nahi.

        Aulki batean eseri eta zangoak gurutzatu zituen Hélènek; zango eder eta beltzaranak zituen. Larruzko espartinak eta galtzerdi zuriak zeramatzan.

        — Eta zergatik ez? —esan zuen.

        — Entzun. Nirekin derrigor hitz egin nahi baduzu, hitzordu bat izan dezagun. Grebak ez du luzaroan iraungo. Baina ezin zara hemen geratu.

        — Ai! Baina urrunetik etorri naiz ni —esan zuen neskak—. Ez; geratu egingo naiz. Horrela erantzutera behartua egongo zara.

        Irribarre egin nuen. Ez nituen bere eskutitzak laket izan; aspertzen den neskato baten eskutitzak. Baina berak gehiago balio behar zuen; bere begietan, kopetan eta masailetan pizti basati baten indarkeria zegoen, bere ahoan, aldiz, samurtasunezko hamaika promes zeuden; begitarte hura atsegin nuen. Begirada bat bota nien burkideei; ez ziren gutaz arduratzen. Batzuk kartetan ari ziren platina baten gainean; beste batzuk lurrean etzanik erretzen zeuden; Portal-ek alkoholezko berogailu batean jartzen zuen emazteak ekarritako jana, Laurent eskutitz bat idazten ari zen; edozein etxe xume batean geundela ematen zuen, gure lan egunen dekoratua izaten jarraitzen ez balu bezala; harrigarria zirudien gizabanakoen aisialdia ikustea tailer haietan non talde-lan gogorra zorrotz garatzen baitzen oraintsu. Beruna gogortuta zegoen arragoan, sugarrak itzalita, orban bereitezinak baino ez ziren larako-etxeko zeinuak, hain itxuragabe bihurtu ziren berunezko karaktereak ezen irakurtzen ez bageneki bezala baitzen; gu bakarrik existitzen ginen, gizatiarrak ez diren gauza hauekin zerikusirik gabe, geure buruaz zeharo arduratuta. Libreak ginen eta gure indarra proba egiten genuen. Ez genion inongo ordenari obeditzen eta ez genion inori gure ordez ezer egiteko agindu; greba atera egin zen; berez, alderdien presiorik gabe, xede politikorik gabe, langileen bihotzetik, beren beharretatik, beren itxaropenetik. Asetuta sentitzen nintzen. Hartara iristeko borrokatu nintzen urteetan zehar: solidaritate lasaia adieraztera, gizabanakoak besteengandik aterako luke norberaren borondatea inposatzeko indarra, inoren askatasuna zapaldu barik eta norberaren ardura gordez.

        Egonezinez kulunkatzen zen bere oina; sandaliaren puntak besoa ukitu zidan.

        — Haserre al zaude?

        — Ni? Zergatik?

        — Ez duzu ezer esaten.

        — Begira nengoen; garaipen ederra dira greba hauek. Une honetan, Frantzia guztian zehar, gauza bera bizitzen ari dira hamaika lantegi eta tailerretan.

        Bere itxura setatia areagotzen zuen zintaren behealdean bere begi urdinak beltz bilakatu ziren.

        — Zergatik jotzen didazu adarra?

        — Adarra jotzen dizudala?

        — Ez dut bide hau guztia egin zuk zure grebaz berba egin diezadazun.

        Bere begiek adorez ibili ziren nire bisaian zehar, zimur bakoitzean, nire bekokiko toles bakoitzean arakatzen zuten; baina bere aho samurregiak traba egiten zion, mingaina baldarki pasatzen zuen ezpainetatik.

        — Zergatik ez diezu nire eskutitzei erantzun?

        — Erantzun nizun barren.

        — Behin. Lau lerroko ohar bat.

        — Ez zegoen esateko besterik.

        Jo nahi banindu bezala so egin zidan.

        — Hain gaizki dago baliogarria izan ahal zaidan norbait berriz ikusten ahalegintzea?

        Neska kikiltzea nuen erabakita, ez neukan berarekin galtzeko astirik; baina xarmanta iruditzen zitzaidan bere aurpegi serios eta asaldaturarekin; odol emari batek masailak berotu zizkion.

        — Bai, argi dago berdin zaizula ni zer bihurtu jakin barik usteltzea.

        — Derrigorrezkoa dut hori berdin izatea: ez zaitut ezagutzen.

        — Eta orain, ezagutzen al nauzu?

        Irribarre limurtzaile bat zuzendu zidan.

        — Entzun —esan nuen nik—, ondotxo ulertzen zaitut; aspertzeko adinean zaude, edozein dibertimenduk balio dizu. Baina ni, ezberdina da; gauza larregi daukat egiteko; ez daukat zutaz arduratzeko astirik.

        — Astirik... —bere oina oraindik kulunkatzen zen, egonezinez—. Beti topa daiteke asti pitin bat gogoa izanez gero.

        — Gogorik ez dudala esan dezagun —esan nuen.

        — Ez al nauzu atsegin?

        Arazoak egiaren kutsua hartu zuen eta zurtuta gelditu nintzen; erantzun bihozgabeenak entzuteko arriskuan jartzeko modu hartan estimua eragiten zuen zerbait zegoen. Zuregandik hunkitu ninduen lehenengo gauza izan zen hura, egiazaletasunaren gutizia ausartegia.

        — Oso atsegina zara. Baina entzun, zuregatik egin nezakeenari buruz itxaropen ustelak egiten dituzu; nik ez dut zuri irakasteko ezer. Sindikalismoa ez bazaizu axola bederen.

        Sorbalda altxatu zuen:

        — Niretzat baliorik ez baduzu nik neuk ikusiko dut.

        Zaila zen bere erpe txiki eta nekaezinei ihes egitea.

        — Ez. Utz dezagun hau. Atsegina egiten zaidan jende ororekin egoten hasiko banintz nire bizitza ez litzateke nahikoa izango.

        — Horrenbeste ezagutzen al duzu? Zori onekoa zu —hasperen egin zuen—. Nik ez dut inor ezagutzen.

        — Hasteko, Perrier daukazu...

        Sugar beltza ostera ere piztu zen bere begietan.

        — Ene! Paulengatik da. Lasai egon zaitezke, ez daukat zutaz maitemintzeko asmorik.

        — Ez dut inoiz hori pentsatu —esan nuen.

        Ez nengoen hain lasai; maite-surako oso prest zegoela begitantzen zitzaidan, eta argi zegoen bere senargaia maitatzea gatzila egiten zitzaiola.

        — Paul eta biok saltsa berdinean gabiltza duela urte asko —esan zuen neskak—, besterik ez. Beste kanpai baten soinua entzun nahi nuke.

        — Irakurtzea gustatzen zaizu. Liburu on bat, ez dago ezer hoberik zure buruarengandik apur bat deskantsatzeko.

        Neskak suminez altxatu zuen sorbalda.

        — Jakina, irakurtzen dut. Baina ez da berdina —orpoaz kolpe bat eman zion aulkiari—. Ondo ikusten da ez dakizula zer den egun osoan zeure txokoan bakarrik egotea.

        — Aldatuko da hori, ziur —esan nuen—. Zuregatik lasai nago ni —beragandik aldentzeko bezala urrats bat eman nuen—. Barkatuko nauzu, baina lana daukat zain.

        — Lana? —greban zaudete.

        — Hain zuzen ere, grebaren gaineko artikulu bat idazten ari naiz.

        — Erakus iezadazu.

        — Egin barik dago. Eta gainera ez litzaizuke gustatuko.

        — Azal iezadazu. Ez al zara komunista?

        — Ez.

        — Zein da ezberdintasuna?

        — Komunistek taula-joko bateko peoitzat dituzte gizakiak; partida irabaztea da kontua; peoiek berez ez dute garrantzirik.

        Neskak erdeinuz begiratu zuen ingurura.

        — Eta zuk horrenbesteko garrantzia dutela uste duzu? Politikan gauza dibertigarri bakarra izan behar da hori: eskuan hari mordoa eduki eta bertatik tiratu.

        — Ez dakizu zertaz ari zaren —esan nuen.

        Istripu bat da. Ez duzu honegatik alderdia utzi behar. Leialtasuna zor diozu alderdiari, txikito. Mendeku hartuko dugu. Bi ukabil, garun bat: hain da gutxi; hainbeste buru eta ukabil geratzen dira. Gau beltzean atea jo dut eta Marcelek ireki du: bere anaia bakarra hilik zegoen. Hil nazatela, lurpean gorde nazatela. Bideko bihurgunean dagoen zuhaitza, errebolber kargatu hura, gerra edo izurritea bezain arriskutsua. Ezkuta nazazue; ezaba nazazue. Bizi naiz, ordea. Behintzat ez dut gehiago ekinen, inoiz ez.

        — Baina greba hauek antolatzean ez al duzue harietatik tiratzen?

        — Ni barik antolatzen dituzte —esan nuen.

        Alderdia utzi ondoren, lozorroan gelditu nintzen bi urte; eta gero ardura sindikalak berrartu nituen gutxinaka. Lan hura zilegi egiten zitzaidan lan politikoa ez zelako; giza-neurria zeukan. Ez nuen beste baten izenean aukeratu behar; ez nuen ezer erabakitzen; sindikatuko kide bakoitzak guztien borondateari ematen zion bere borondatea, nik nire taldeari ez nion ezer eragiten: hura existitzeko tresna nintzen, besterik ez; nigan, bere asmo nahasiak gogoeta koherenteak bezala ordenatzen ziren, bere gura barreiatuak gorpuztu egiten ziren, nire ahotsa hartzen zuen ozenki mintzatzeko; baina hori zen dena. Niregatik ez zen gertatzen ezusteko ezer bizitza haietan, ezta arbitrariorik ezer, edota euren baitatik ateratzen ez zen ezer. Baina ez nuen hau gauztia Hélèneri azaltzeko gogorik. Eskua eskaini nion.

        — Agur. Joan zaitez zintzo-zintzo.

        — Eta joan gura ez badut?

        — Ezin zaitut behartu.

        Paperez beteta aurrean neukan platinaren gainean eseri behar nuen. Hélènek une batez zalantza egin eta niregana etorri zen.

        — Orduan agur —esan zuen ahots goibelaz.

        — Agur.

        Nire burua ondo defendatu nuen, nire tentu erostezinarekin harro nengoen. Itsua, berriz ere. Jakinaren gainean botatzen zintudan, botatzen zintudala uste nuen: baina zu erakartzen zintuzten ahotsa, begitartea eta iragana ez al ziren nireak? Nire errefusak ere beste xarma bat ematen zidan. «Nik ez dut horretarako deus egin». Madeleinek sorbaldak altxatu zituen. Arrazoia zeukan, ardura neukan. Nire begien goxotasun eta zakarkeriaren ardura neukan, baita nire historia, nire bizitza eta nire izatearen ardura ere. Han nintzen, zure aurrean; eta han nintzelako ezagutu ninduzun, arrazoirik gabe, nahi izan gabe: hurbildu eta ihes egitearen artean aukera zenezakeen aurrerantzean, baina ni zure aurrean existitzea ezin zenuen galarazi. Zeure bizitzak muga burugabe bat zeukan, eta ni nintzen. Nire bizitzarekin nik erabakitzen nuena egiten nuela uste nuen, libre eta hutsik gabe sentitzen nintzen. Eskandalua beste batentzat izango zen beti. Ez nekien, ordea. «Ez» esatea nahikoa zela uste nuen. Ez, ez nituen nire burkideak borroka politikora eramango. Ez, ez dugu eskuhartzea aldarrikatuko.

        — Halarik ere, aurpegiratzen dizutena egia da —esan zuen Marcelek—. Politikarik ez egitea politika egitea da azken finean.

        — Zeuk berba egin —esan zuen Denisek— eta ez duzu bozkatu ere egin.

        Denisek tailer biluziaren erdian zerbitzatzen zuen kafea. Ezuste bat saihesteko ezkutuka kendu genituen bezperan altzari preziatuak, tapizak eta oraindik gordetzen zuen oihal bitxiren bat.

        — Bozkatzea bezain burugabea da —esan zuen Marcelek. Irribarre egin zuen—, baina ez da hain kaltegarria, besterik ez.

        — Nire ustez sofisma hutsa besterik ez da eragozpen hori —esan nuen—. Politikaren nagusitasuna frogatu beharko genuke horretarako, gizona animalia politikoa dela eta bere jarrera politikoa dela ere bai, edozer pentsatuta ere. Nik hau ukatu egiten dut. Kanpoko gizonengan eragitearen artea da politika; gizateria osoak bere barnetik antolatzen ikasten duenean, egun horretan ez da politika beharrik egonen.

        — Ondo berba egin duzu —esan zuen Marcelek—. Geroko hitzaldirako entsaiatzen, ala?

        Munduan beste inork baino gehiago dibertitzen nuen nik. Mundu osoaren absurduan nahastu gura ez izatea... Absurduaren gaindia zen hura eta berak ez zuen inorengan aurkitu. Denisek bere burua tranpa guztietara botatzeko adierazten zuen segurtasuna nik haiek saihesteko egiten nituen ahaleginak baino barregarriagoa iruditzen zitzaion. Marcelek axola barik onartzen zuen lurraren biskan trabatzea: hura ez zen kontua.

        Aiherrik gabe irribarre egin nion. Baziren zortzi urte hain zoriontsu sentitzen ez nintzela. Uztailaren 14an eztanda gorria gertatu zenean, neure garaitza ospatzen nuen nik: nire bizitzaren garaitza, nire ideiena, alegia.

        — Bastille aldetik ostera bat egiteko gogorik ez?

        — Zeru honekin? —begiak zeru urdin itsugarrirantz jaso zituen—. Ez. Lo apur bat egin behar dut.

        — Eta zu? —esan nion Deniseri—. Bazatoz?

        Marcel desagertu berri zen atea behatu zuen, goibel.

        — Gogo handirik ez daukat —niregana itzuli zituen begiak—. Hain zoriontsu izan ahal ginela pentsatzea ere...

        — Ez duzu Marcel aldatuko —esan nuen—. Bera den bezala hartu beharra dago.

        — Saiatzen naiz —esan zuen—. Baina ez du erremediorik. Nahita egiten du...

        Ahotsa menderatu zuen, malkoek dardararazi egiten baitzioten.

        — Ziur nago atzerabiderik gabeko zulo batean sartzen ari dela; ez da sekula irtengo.

        Urteak ziren Marcelek bizitzeko begirada arrotz baten atsegina eskatzen zuten irudi haiek pintatzeari utzi ziola. Benetan sortu gura zuen. Egurra tailatu zuen, buztina modelatu, baita marmola landu ere; arrotasunez laztantzen zuen materia gogorra, bere eskuak mintzodun bilakatu baitzuen hura; bera bakarrik mantentzen zen zutik, ingurutik ibili zitekeen, ez zirudien inolako inbidia zionik aulki bat edo mahai bati. Laster jarri zen, ordea, bere lanak triste begiratzen. Marmola existitzen zen, harri astun eta biluzia. «Baina aurpegia, non da aurpegia?», zion Marcelek amorruz. Eta bi atzamar zuzentzen zizkidan. «Zure begietan dago, ez beste inon». Goiz batean, eskorga bat bere lanez bete, eta Bercy-ko biltegietaraino herrestatu zuen arkuxetatik oratuta: Senara irauli zuen eskorga. Denise egunetan egon zen negarrez.

        — Berarekin, gauza bati uko egiten zaionean —esan zuen Denisek—, berehala beste zerbaiti uko egin behar zaiola ematen du. Non geldituko da?

        Aurpegia zimurtu zitzaion adats dirdaitsuaren azpian: be- re begiek mesfidantza ikasi zuten. Soineko dotorea zeraman, baina ukondoak higatuta eta gerria gerriko merke batez eutsita zeuzkan.

        — Zeure kabuz bizitzen saiatu beharko zenuke —esan nuen—, bere bizitzaren menpe gelditu barik.

        — Zer nahi duzu egitea? Jeinurik ez daukat ezertarako.

        — Jeinua edukitzea ez da derrigorrezkoa.

        Zalantzaz bezala so egin zidan; balore seguruak maite zituen.

        — Kaskarkeriak izutu egiten nau —buelta eman eta mahai alderantz egin zuen—. Ederra iruditzen al zaizu hau? —esan zuen, maskor eta harribil metatuaz osatutako mendiska antzeko bat seinalatzen zuelarik. Marcelek, garai hartan, eraikuntza mota honetan ematen zuen denbora guztia, listaria, lastoa edota leihoetako junturak txirikordatu eta mosaikoak egiten zituen kromo pusketaz. Hark asetzen zuen Marcel, objektu haiei ezin baitzitzaien banatu, ezta gogoan ere, zeukaten zentzu iluna eta hezur-haragizko existentzia.

        — Marcelek ez du nahi ederra izan dadin —esan nuen. Sorbaldak altxatu zituen Denisek.

        — Porrot, hori egiten ari da bere buruarekin.

        Gaitza zen Deniseri azaltzea arrakasta eta ospeak ez zutela horrelako atsekabe sutsurik merezi. «Orduan zerk du garrantzia?», esaten zuen. Nik ezin nuen bere ordez erantzun. Niretzat garrantzitsua zena nekien; eta Marcelek beretzat garrantzitsua zena. Guk, berriz, ez genituen inongo zeruan topatu behin-betiko egia absolutu haiek, eta Denisek haien agerkundea eskatzen zuen.

        — Berarekin fida zaitez —esan nuen.

        — Ez al dut eroapen handirik izan orain arte? —esan zuen.

        Gupidaz begiratzen nion. Meritu handia zeukan. Arrangura barik onartzen zuen pobrezia, ez zion sekula ezer gaitzesten Marceli, benetan saiatzen zen berak «bere konplexua» zeritzona ulertzen. Leiala, argia eta ausarta. Baina malura ezkutu batek gauzaez bihurtzen zituen bertute haiek.

        — Ez zenuke hemen geratu behar —esan nuen—. Nirekin etor zaitez.

        — Nekagarria izan daiteke.

        Alaitasun barik irribarre egin zidan; lotsagabea izateko beldur zen. Ez nuen berriro esan. Ez zitzaidan benetan begikoa egiten. Batzuetan hori gaitzesten nion nire buruari.

        — Ez zaitez ardura —esaten zidan Madeleinek—. Burgesaren zoritxarra da hori, luxuzko zoritxarra.

        Madeleinek ez zuen ulertzen norberaren zoriaz kexatu ahal izatea; ez horrek poztu ahal izatea; ezta ezergatik beldur edo itxaropentsu izatea ere.

        — Zer uste dute ba? —esan zuen neskak, espaloietan zehar zihoan marea beltz eta gorria.

        Nire alboan herrenka ibiltzen zen. Zapatek beti min ematen zioten edozein modutan lortzen zituelako, merkealdietan, edota edozein mesederen truke.

        — Bihar gaur baino hobea izango dela pentsatzen dute —esan nuen.

        Nik ere horrela pentsatzen nuen. Esperientzia hastapen haien zalantzen artean, hainbeste promes ziren loratzeko zorian!

        — Bo! Edozer eginda ere bizitzak ez du ezer askorik balioko.

        Nik ez nuen erantzuten; ez nintzen inoiz saiatzen Madeleinerekin eztabaidatzen; zenbat eta konbentzigarriago izan aurrean jartzen zioten argudioak orduan eta gutxiago fidatzen zen, artifizio handikoa begitantzen zitzaion. Egia zen gainera bere bizitzak ez zuela larregi balio, berak prezioa oso merke ipintzen baitzion; bere gorputzak ez zuen asko balio, axola barik ematen zion eskatzen zionari; bere denborak ez zuen asko balio, lotan edo erretzen pasatzen zuen batez ere, begirada galduta; ez zuen adimen faltarik izango ere berak ez balu erabaki izan bere gogoetek ez zutela asko balio; normalean ez zien jaramonik egiten. Bere gozamenak, ardurak eta nekeak ere ez zituen apenas aintzakotzat hartzen, eta inork ez zizkion aintzakotzat harraraziko; inork ezin zuen, bere buruak salbu, bere existentziaren garrantziaz konbentzitu. Baina bata bestearen atzetik kantari pasatzen zitzaizkion gizon haiek gizon izatea zuten eginkizun inportante bakarra. Bihar, bizitzak zentzu bat aurkituko zuen bihar, jadanik bazuen bat, beren itxaropenen indarrak emanda.

        — Nirekin zatoz ala taberna batean itxarongo didazu?

        — Berba egitera zoaz, ostera ere? —esan zuen neskak.

        — Bai. Hitzaldi bat agindu diet burkideei.

        Plazaren erdian, taulada batera igota, Gauthier hitz egiten ziharduen. Isiltasun gune bat egongo zen bere inguruan, baina urrunegi ginen gu, hitzak jendetzaren ahots itzelean galtzen zitzaizkigun.

        — Zer dio? —esan zuen Madeleinek.

        — Ez dakit.

        — Eta zuk, zer esango duzu zuk?

        — Etorri eta ikusiko duzu.

        — Ez, hemen itxarongo dizut.

        Zuhaitz bati bermatu eta zapatak erantzi zituen, galtzerdiak azalduz, zuloz josita eta orban arrosazko konstelazioz beteta: ehuneko urratuak geldiarazteko azkazaletako esmaltea erabiltzen zuen.

        — Luzea izan daiteke —esan nuen.

        — Berdin zait.

        Ume-multzo bat pasatu zen gure aurretik, fular gorria lepoari lotuta, txapel gorria buruan; emakumeak ere bazeuden, faroltxoen argipean, garrasika: «La Roque hormara». Banderek zart egiten zuten gure buruen gainean: hiru koloreko oihalak zutoihal gorriekin nahasturik ziren; taulatuak eraiki eta girlandak zabunkatzen ziren zuhaitzen artean Pariseko plaza guztietan: 1936. 1936ko uztailak 14. Burua ondo zutitua generaman, ez zegoen dena irabazita, oraindik gauza asko genuen egiteko, baina lehen aldiz, alderdien arteko desadostasunen gainetik, itxaropenaren indar guztien batasuna lortu genuen. Ez zen atzo izan? Jendetza zeharkatu zuen. Bihotza puzten zion pozak, garrasi egin gura zuen: bere poza, euren poza.

        «Burkideok». Berba egiten zuen. Esandako hitzak berak asmatzen zituen, jendeak, ostera, ez zuen belarriaz entzuten, bere barneaz baizik. Bere buruarentzat berba egin eta eurek txalotu egiten zuten: eurentzat berba egiten zuen. Frantzian borondate on izugarria jaio berri zela eta munduan zehar zabalduko zela esan zuen; euren bake-metodoak lur guztitik nagusiarazten jakingo zutela hitz eman zien. Batez ere guretzat baita, burkide sindikalistak, garaitza eguna gaurko eguna; lortu ditugun emaitzak hastapen bat besterik ez dira: baina egitan harrotzen gaituena, itxaropen oro ahalbidetzen duena, zera da, lanbide-greben bidez lortu ditugula. Berba egin eta bere hitzak ez ziren ez eskariak ezta aginduak ere: kantu bat, jai kantu bat. Koru batean bezala kantatzen zuten bere ahoaren bitartez. Norberak lurrean leku bat izan ez bailuen: norbera bestearentzat traba bat izan ez bailitzan, norbera bere buruarendako soilik, besteen alboan existitu eurengandik betiko banatuta: beste bat. Askatasunaren xarma kantatzen zuten, senidetasunaren indarra eta gizakia izatearen ospe subiranoa. Laster gerra, indarkeria eta bidegabekeria ezinezkoak izango dira; politika bera ere ez da beharrezkoa izango, gizakien arteko banaketarik ez baita egonen, gizateria besterik ez. Itxaropen gorenari ongi etorria ematen zioten etorkizunaren barnean: gizaki ororen adiskidetzea beren askatasuna onartuz.

        — Zure hitzaldiaren zirriborroa utziko didazu —esan zuen Gauthierrek—. Bizitza sindikalan atera nahi nuke.

        — Primeran hitz egin duzu —esan zuen Laurentek.

        Blomartek sorbaldan ipini zion eskua:

        — Tailerreko kide bat da.

        — Zuk ere primeran hitz egin duzu —esan zion Laurentek Gauthierri—. Zu zara Bizitza sindikalan idazten duena?

        — Berak zuzentzen du —esan zuen Blomartek.

        Irribarre egiten zuen. Zoriontsua zen. Banderek zart egiten zuten, jendetzak kantatu; eta tailerreko kideek, sidikatuko burkideek, isiltzen zirenek, berba egiten zutenek, mugimenduan garrantzitsuak zirenek eta ezer ez zirenek, guztiek ematen zizkioten zapladak sorbaldan, elkarri ematen zizkioten zapladak sorbaldan, baita bostekoak ere. Gure jaia. Gure garaipena. Beste jendetza bat bururatzen zitzaion, bere haurtzaroko metroetakoa eta aladuren usain zaharra. Bukatu zen hura. Aladura barik tinta eta hautsaren usaina arnasten zuen, izerdiaren usaina, lanaren usaina; aladura barik horma biluzien ondotik ibiltzen zen, gasometroak eta fabriken tximiniak begiratzen zituen. Nekea eta zeruertz grisetatik harantz gizaki haiek euren borondatea aldarrikatzen baitzekiten, euren bizitza ez zen landare motel batenaren antzekoa: xede bat aukeratzen zuten; eurekin bat zetorren, harro, zera pentsatzen zuen: euren arteko bat naiz ni.

        — Luze itxaronarazi dizut; ez al zara larregi aspertu?

        — Ez —esan zuen Madeleinek—. Han ikusten zintudan, mugitzen.

        Zutik geratu zen, zuhaitz-enborrean bermatuta. Besoa hartu nion. Une hartan, hain justu, azaldu zinen; besotik helduta zeneukan Paul; entseina gorri bat zeneraman blusa zurian, odola bailitzan; alaitasunak distira ematen zizun masailetan.

        — Leku guztietatik ibili gara zure bila —esan zuen Paulek.

        Amorruzko begirada zuzendu zenion zuk, eta gero Madeleineri begiratu zenion, oina zapatan sartzen saiatzen ari zenean, baldarki. Aurkezpenak egin nituen.

        — Zure hitzaldia entzun dugu —esan zuen Paulek, ironiazko doinuaz.

        — A! Han zineten?

        — Bai —sorbaldak altxatu zituen—. Frantziaren etorkizuna munduaren etorkizunetik banatzea posible da, ala?

        Erantzun egin nahi nuen, baina zuk eragotzi zenidan, egonezinez.

        — Ez gara ordu bat geratuko hemen geldirik.

        — Nekagarria da zutik egotea —esan zuen Madeleinek.

        Goitik begiratu zenion zuk:

        — A! Ni ez nago nekatuta.

        Etxe apainduen artean nahasturik zihoan jende jario beltzari jarraitu genion; paperez josita zegoen lurra: banderak, entseinak, panfletoak; plaza bateko dantzaldi herrikoian geratu eta eseri egin ginen; zerbitzariak hiru kaina eta granadina diabolo bat ekarri zizkigun: kolore liserigaitzeko edari haiek maite zituen Hélènek.

        — Kantuan ari den kaiku mordo hau... —esan zuen Paulek— Europa erdian txoko erosoa eraikiko dutelakoan daude. Zeharo isolatuta, atea ondo itxita, Pirinioak hegoaldean eta Maginot lerroa1 iparraldean. Eta bitartean, faxismoa gure atean kokatzen ari da. Ondotxo dakite ba ezin garela nazio-mailan gelditu.

        — Zalantzarik gabe —esan nuen—. Baina nolanahi ere, maila honetan irabazten hasi beharko dugu.

        Isilune bat egon zen. Madeleinek eskusoinua entzuten ari zen, irritsu. Hélènek zangoak kulunkatzen zituen aurrera eta atzera, ikasle bihurri baten moduan. Ez nuen eztabaida jarraitzeko gogorik. Banekien Frantzia ez zegoela bakarrik munduan. Ni ere, ez nengoen bakarrik munduan; baina nire inguruan konpromiso eta pribilegiorik gabeko mundu bat osatzea lortu nuen, mundu hark ez zion inori deus zor eta ez zion inori atsekaberik ematen. Irribarre egin nion Madeleineri. Dohatasun lasaia sumatzen zitzaion aurpegian. Ez nion nire baitatik gehiegi ematen, baina berak ez zidan gehiago eskatzen, ez zukeen jakingo harekin zer egin. Noraezean besterik ezin zen bizi eta bere unerik hoberenak nirekin pasatzen zituenak ziren oraindik. Nire buruaren ardura besterik ez nuela sentitzen nuen, eta bakean onartzen nuen ardura hura: izan gura nuena nintzen, nire bizitza ez zen nik egindako egitasmotik bereizten. Zuk, aldiz, burdinazko mahaiaren atzetik, nik aukeratu ez nuen aurpegia behatzen zenuen.

        — Dantzan ez duzu jakingo, ezta?

        — Banekien, baina ahantzi egin dudala uste dut.

        — Proba egin beharko zenuke —esan zuen Madeleinek.

        Etsaitasun eta begikotasun barik aztertzen zuen Hélène, behin-betiko, horretan gehiago ez pentsatzeko.

        — Proba dezagun —esan nuen.

        Hélèneri oratu nion; dena ahaztuta neukan, baina eramaten utzi besterik ez nuen, bion partetik zekien dantzan.

        — Nor da zurekin den pertsona hori? —esan zuen.

        — Lagun bat.

        — Zure sindikatuko arazoez arduratzen da?

        — Inola ere; gutxienez zu bezain beste aspertzen du horrek.

        — Zer egiten du?

        — Ezertxo ere ez.

        — Ezer ez? —kontuak eskatzeko zeukan aire harekin begiratu zidan—. Zergatik zabiltza berarekin?

        — Gustuko dudalako.

        — Eta berak?

        — Berak ere gustuko nau —esan nuen, apur bat idor.

        Isilune bat egon zen.

        — Barregarria egin zait lehen zu taulada batean ikustea —esan zuen.

        — Ondotxo aspertuko zinen.

        Benazko aireaz begiratu zidan.

        — Ez. Ulertzen ahalegindu naiz. Askatasunaren gainean esan duzun hori interesatu zait.

        — Batek daki —esan nuen—. Agian hasiera bat izango da. Beharbada arazo sozialen zale amorratu bilakatuko zara.

        — Harrituko ninduke —ingurura begiratu zuen—. Bistan denez, jendetza batek horrela harrapatzen zaituenean zirrara handia egiten dizu; kantatu eta ibili egiten zara besteekin batera. Baina gelditzen zarenean, nire ustez, nazakatuta sentitzen zara, aitzur baten biharamunean bezala.

        — Argi dago —esan nuen—. Baina lan politiko edo sindikal batek ez du zerikusi handirik manifestazio hauekin.

        Pentsatu egin zuen:

        — Jendea banan-banan, masa handietan bakarrik ez, baizik eta norbera berarentzat existitzen dela pentsatzen zenuela zirudien, horregatik gustatu zait zure hitzaldia.

        — Banan-banan existitzen diren pertsonez osatuta daude masak; kopurua ez da garrantzizkoena.

        — A! Egitan uste duzu hori? —esan zuen neskak. Begitartea piztu zitzaion—. Badirudi Paulek banakoa inurritegian dagoen inurri aletzat hartzen duela. Horrela, norberak egin, norberak sentitzen duenak ez du apenas garrantzirik! Bizitzak ere ez du benetan merezi.

        Neskak dantza egiten zuen, burua pixka bat atzera botata, bere adats horaila askatasunaz mugitzen zen aurpegi meharraren inguruan; eguzkiak distira ematen zion, eta bere blusa zuria argiz blai ikusten zen; baina adatsak, aurpegiko ume-azalak edo begien urdintasunak bainoago, bere burua etorkizunerantz botatzen zuten bizitzak eta suhartasunak ematen zioten dirdira. Nire kopetari edota zeruari zuzentzen zion begirada, zeruertza arakatzen zuen harengandik bere promes guztiak lortzeko, bere zangoak kemen leunaz dardaratzen ziren; mundua hain handia zen zure aurrean, hain harrapakin ederra... Ez da etorkizunik geratzen eta mundua ezabatzen ari da. Zure begiak itxita daude, irudiak biraka dabiltza zure buru zaratatsuan, zure bihotzetik zure bihotzera doakizun odol horren antzera; zure betazalak altxatzen direnean ere, gauzak ez dira zuregandik bereizten, hortxe daude, agerian eta bizitzarik gabe, amets batean bezala; munduak bere trinkotasuna galtzen du, zure barnean murgiltzen da; zurbilduz doan eta itzali egingo den dirdai motela baino ez izan arte mehetzen da; etorkizuna unearen mugiezintasunean uzkurtzen da; laster ez da izango berarekin batera gertatzen den orainaldia baino; ez da denborarik izango, ez da mundurik izango, ez da inor izango. Dantzan zenbiltzan zu, nire kontra estututa, eta jadanik hasi zen bilbatzen zure hilzorirantz naraman lotura; jadanik zure bizitzan sartu nintzen, egunen batean zure herioatzaren atarian geratu ahal izateko, bakarrik eta nire gogoz bestera.

        Musika eten egin zen. Hélènek begirakune hits bat bota zion taulada girlandadunari.

        — Pena da! Berbetan jarraitu nahi nuen!

        — Berehala dantzatuko dugu beste bat.

        Sorbaldak altxatu zituen, haserre.

        — Ez da atsegina denbora guztian eten behar baldin bada.

        Premiazko eskari baten kutsua zeukan ahotsean; baina belarriak itxi nituen. Gure tokira itzuli ginen. Perrierekin hizketan ari zen Madeleine; ondo konpontzen zen berarekin, mutilari irribarre egiten zion. Laket nituen irribarre haiek, bazirudien ez zituela nahita egiten; aurpegia borondatez laxatu izan balu xarma izango zukeen; nahiz eta fisionomia itxia izan, bere gorputz bigun eta begirada galduak erakarri egiten zuten.

        Madeleinek lasto batez zurgatzen zituen ontziko aldeetan geraturiko tanta arrosak.

        — Beste bat nahi nuke —esan zuen.

        Zangoak atzera ere kulunkatzen hasia zen, lotsagabe eta aspertuta.

        — Afaltzera laurok elkarrekin joatea erabaki dugu. Zer deritzozu?

        — Ondo deritzot, noski. Nora joango gara?

        Ez zen arinkeriaz erantzuteko galdera. Giroekin oso sentikorra zen Madeleine; zenbait lekutan babesik gabe sentitzen zen, pizti setiatu bat legez, beste batzuk onberagoak egiten zitzaizkion eta bertan munduak eragiten zion beldurra ahantz zezakeen une batez. Eztabaidan hasi ginen. Fazaz isildu zen Hélène; bigarren diabolo bat ekarri zioten eta lastotik putz egiten zuen likido arrosan, burbuilak eginez. Tupustean jaiki zen:

        — Berriz dantzatuko genuela agindu didazu.

        Gogo onez jaiki nintzen eta une batez isilean dantza egin genuen; bat-batean, neskak hasperen egin zuen:

        — Ai ene! Hau da buruko mina!

        Gelditu egin nintzen:

        — Eseri nahi al duzu?

        — Aspirina bat ekarriko zenidake, mesedez?

        — Oraintxe bertan.

        Arineketan joan nintzen; aurkitu nuen lehenengo botika itxita zegoen; udaletxeraino joan behar izan nuen; Hélèneri mesede bat egiteak pozten ninduen; beregandik zerbait gehiago egin gura nuen, baina nire keinurik txikienak neska arriskuan jartzen zuela ikusten nuen.

        Hiru aspirina ipini nituen mahai gainean; Hélène lau ontzi hutsen aurrean zegoen bakarrik eserita.

        — Non dira besteak?

        — Aurrera joan dira mahaia gordetzeko. Presatzen ez baginen, lekurik inon ez genuela topatuko esaten zuten.

        — Nora joan dira?

        — Demory-ra, Broca kalean.

        — Hain urrun! —esan nuen—. Ondo dago. Goazen eurengana. Ez duzu aspirina hartuko?

        Zalantza egin zuen:

        — Jadanik ez daukat horrenbesteko minik. Nahiago dut pixka bat itxarotea.

        Alai abiatu ginen kaleetan zehar. Eguneko beroa moteldu eta biguntzen ari zuen. Ezusteko egoera hark ez ninduen gogaitzen, alderantziz. Bere galderei ahal nuen eta ongien erantzuten saiatzen nintzen; galderez itotzen ninduen: Aita Jainkotzat hartzen ninduela ematen zuen.

        — Laburbilduz —esan zuen—, zergatik bizi gara?

        Demoryn sartu ginen; aretoko hondoraino aurreratu nintzen. Madeleine ez zegoen ezta Paul ere.

        — Ziur al zaude hemen elkartzekoak ginela?

        — Jakina —esan zuen Hélènek.

        — Oso ziur zaudenik ez du ematen...

        — Zeharo ziur nago —esan zuen. Mahai batera zuzendu zen—. Eseri eta itxaron baino ez daukagu.

        — Bai —esan nuen—. Seguruenik laster dira hemen.

        Kokotsa ahurrean bermatu zuen Hélènek.

        — Azaldu —hasi zen berriro—. Zergatik bizi gara?

        — Ez naiz ebanjelio bat —esan nuen, enbarazu apur batez.

        — Ez, baina zuk badakizu zergatik bizi zaren —atzamarrak ondo zabaldu eta arretaz begiratu zituen neskak—. Nik, ordea, ez dakit.

        — Maite dituzun gauzak egongo dira ziur, desira dituzunak...

        Neskak irribarre egin zuen:

        — Txokolatea eta bizikleta ederrak maite ditut.

        — Bada zerbait.

        Bere atzamarretara begiratu zuen atzera ere; aire tristea hartu zuen, supituan.

        — Txikia nintzenean, Jainkoagan sinesten nuen, zoragarria zen; hark zerbait eskatzen zidan, etengabe; orduan existitu beharra nuela uste nuen. Behar bat zen finean.

        Begikotasunez irribarre egin nion.

        — Zure okerra bizitzeko arrazoiak zerutik eginda etorri behar zaizkizula pentsatzea dela uste dut: guk sortu behar ditugu!

        — Baina guk sortzen ditugula jakinez gero ezin ditugu sinetsi. Geure buruari iruzur egiteko modu bat da hori.

        — Zergatik? Edozein modutan ez da ezer sortzen; maitasuna edota nahiaren poderioz sortzen dugu; eta gure aurrean oso sendo eta erreala agertzen da sortzen duguna.

        — Berba egiten nuen heinean ateari so egiten nion. Urduri jartzen hasia nintzen. Nahasi samarra iruditzen zitzaidan kontua. Zergatik ez zuten hamar minutu itxaron? Madeleineri ez zitzaion inoiz etortzen horrelako praktikotasun-boladarik.

        — Ez da normala besteak ez iristea —esan nuen—. Zuk dena nahasi ote duzun pentsatzen ari naiz.

        — Noski ezetz —esan zuen, ezinegonaz—. Ostera bat egingo zuten etorri aurretik, besterik ez —nire begiei begiratu zien atzera ere—. Nola aterako diogu bizitzeko arrazoirik gure buruari, hil egin behar badugu?

        — Horrek ez du ezer aldatzen.

        — Horrek dena aldatzen duela deritzot nik —esan zuen. Jakinminez behatzen ninduen—. Egun batean hemen egongo ez zarela jakiteak berdin al zaizu?

        — Gura dudan bezala bizi izan banaiz zer axola dio?

        — Baina igoera baten antzekoa izan beharko luke bizitzak merezi izateko: eskailburu bat zeharkatu, gero beste bat, gero beste bat eta eskailburu bakoitza hurrengora pasatzeko eginda dago —sorbaldak altxatu zituen—. Orduan, behin tontorrera iritsita dena eraisten bada... Honek, hasieratik, zentzu barik uzten du dena. Ez duzu uste?

        — Ez —esan nuen, adigalkor.

        Jadanik ez nion elkarrizketari jaramonik egiten; egitan kezkatuta sentitzen nintzen.

        — Entzun —esan nuen—. Taxi bat hartuko dut eta lehen aipaturiko jatetxeetatik joango naiz. Zu hemen gera zaitez. Hona baldin badatoz, esaiezu ordu laurden barru etorriko naizela.

        Aire isekariaz so egin zidan.

        — Ondo moldatzen gara haiek barik.

        — Ziur nago zu nahastu egin zarela. Beste nonbait daude gure zain.

        — Itxaron dezatela ba —esan zuen, nazkaturik.

        Jaiki egin nintzen.

        — Ez duzu benetan esaten.

        — Hori uste dut nik.

        — Ba nik ez.

        — Ondo dago —garaitzako begirakune bat zuzendu zidan—. Edozein modutan, euren bila joateak ez du merezi. Ez dituzu aurkituko.

        — Zergatik ez?

        Ezpainetatik pasatu zuen mingaina.

        — Pariseko beste muturrera bidali ditut.

        Ulertu barik begiratzen nion.

        — Bat-batean norbaitekin egoteko zinela gogoratu duzula esan diet, mahaia gordetzeko aurrera joan zitezen eta gu beranduago joango ginela.

        — Zein jatetxetara?

        Neskak ingurura begiratu zuen, amarrutsu:

        — Beste batera.

        Nahigabetua nintzen; Madeleine jende larregik tratatzen zuen begirune barik. Are hobeto tratatu nahi nuen nik.

        — Zergatik egin duzu kirtenkeria hau?

        — Zurekin berba egin gura nuen.

        — Ondo dago ba! Jadanik berba egin dugu. Zain non dauzkagun esan orain, eta goazen bizkor.

        Burua astindu zuen neskak.

        — Ez dizut esango.

        — Honek ez dauka zentzurik —esan nuen—. Ez duzu pentsatuko zurekin berba egitera behartuko nauzunik!

        Neskak ezpainak estutu zituen, erantzun gabe. Jaiki egin nintzen.

        — Ez badidazu esan nahi etxera joango naiz.

        Begitartea zakartu zitzaion.

        — Joan zaitez etxera ba.

        — Atsegina izan zitekeen arratsalde bat zapuztu duzu.

        — Nork esango! —amorru biziaz altxatu zituen sorbaldak—. Nahiko aspergarria zen lehenago ere.

        — Eta aspertzen zarelako zoratzen dituzu hiru pertsona, pentsatu gabe? Egoista nazkantea zara.

        Aurpegira igo zitzaion odola.

        — Zu pixka bat izorratzea atsegin dut. Oso zakarra zara nirekin.

        — Ni ez naiz zakarra. Ez dut zurekin ezer hasi gura.

        Tabernako atea ireki eta autobus geltokirantz abiatu nintzen, oinkada handiak emanez; nire albotik lasterka zetorren bera.

        — Emakume ziztrin horregatik al da?

        Jelosiak bere onetik ateratzen zuen. Barrea eragiten zidan barrutik bere ahalke faltak. Sekula ez nuen ikusi emakumeen artifizioetan hain ezjakina zen neskarik.

        — Madeleinek ez dauka honekin inongo zerikusirik.

        Egia zen; ez gintuen ezein engaiamenduk lotzen; zenbait denboralditan egunero elkartzen ginen, gero aste askotan zehar desagertzen zen Madeleine; maitasunezko nahigabeak kontatzen zizkidan, amodio-konturen bat eduki izan banu, emakume batez maitemindu izan banintz, enbarazurik gabe kontatu izango niokeen.

        — Ez daukazu ni laguntzeko beharrik —esan nuen.

        Azkarrago ibili nintzen. Madeleineri dena kontatzea izango zen errazena; ez zen zaila neska hura txikikeriekin mintzea, baina bere minberatasuna ondo maneiatuz gero edozein gauza onartzeko gauza zen.

        Gobelins plazan agertu nintzen; galtzadaraino gainezka zeuden kafetegietako terrazak; argiak pizturik ziren, Japoniako faroltxoak kulunkatzen ziren zuhaitzen azpian. Arnasarik gabeko ahots txiki bat entzun nuen atzean.

        — Itxaroidazu.

        Bihurtu egin nintzen. Niregana gerturatu eta begiratu egin zenidan. Misterioz eta temati begiratzen zenidan. Zure begiek birsortu egiten nindutela iruditu zitzaidan: jadanik ez nekien ondo nor ikusten zenuen. Arnasa berrartu zenuen.

        — Non diren esango dizut: «Port Salut»-era bidali ditut.

        — Ez dago oso urruti —esan nuen—. Goazen azkar; ez gara beranduegi iritsiko.

        — Ez daukat joateko gogorik.

        Eskua eskaini eta, burumakur, esan zenidan: «Agur, barkamena eskatzen dizut». Eta zu erakarri nahi zintuen indar handi bat sentitu nuen besoetan, zu nire bihotzaren kontra estutzeko indarra; keinu oso erraza zirudien nire besoetan: egiteko eta desegiteko erraza, keinu gardena, bere buruaren berdina izango zen keinua. Baina gorputzari itsatsirik gorde nituen besoak. Keinu bat, eta Jacques hilda dago. Keinu bat, eta gauza berri bat agertzen da munduan, nik sortu eta niregandik at garatzen den gauza bat, ni barik, eta berekin ezusteko elurroldea ekartzen duena. «Besarkatu egin ninduen». Jadanik ihes egiten zidan nire begitartea sentitzen nuen zure begietan; zer bilakatu zen zure iragana betetzen zuen gertaera opako hura zure bihotzean? Axola barik estutu nizun eskua; jaietan zeuden kaleetan zehar bakarrik joaten laga zintudan; negar egiten zenuen baina nik ez nekien. Nire aldetik joan nintzen ni, ni ere bakarrik nintzelakoan eta nire moduan atsekabe motel bat ferekatzen nuen. Eman ez nizkizun musu guztiek lotura sutsuenak bezala elkartu gintuzten; baita jadanik emango ez dizkizudan musuek eta jadanik esango ez dizkizudan hitzek bezala ere. Zuri betiko lotuko naute, ene maite bakarra.

 

 

© Simone de Beauvoir

© itzulpenarena: Oier Alonso Etxebarria

 

 

"Simone de Beauvoir / Besteen odola" orrialde nagusia