Hitzaurrea

 

        Bere garaian oso ospetsua izan bazen ere, Besteen odola (1944) ez da gaur egun Gonbidatua (1943) edo Mandarinak (1954) bezain ezaguna. Haatik, beste lan batzuek baino askoz kritika hobea jaso zuen nazien okupazioari buruzko nobela honek; baina gure herrian bere oroitzapenak dira ezagunagoak, eta zoritxarrez idazlearen inguruan eratu den mitoa ezagutzen bere da lana baino hobeto.

        Simone de Beauvoir goi-burgesiako familia batean hazi zen. Heziketa oso katolikoa izan zuen baina hamalau urte zituela fedea galdu eta inguruan zuen guztia zalantzan jartzen hasi zen. Dena aztertzeko joera hori izango zen bere lanaren oinarria. Unibertsitatean Jean Paul Sartre ezagutu eta existentzialismoaren hastapenetan murgildu zen. Filosofia ikasi eta irakaskuntzan jardun zuen gerra garaian liburuak argitaratzen hasi arte.

        Beauvoirren izena ezaguna dutenen artean galdeketa bat egingo bagenu, bere gainean hiru kontzeptu eskatuz, psikiatra eta kazetari modernoen hitz-jokoetan bezala, uste dut badakidala zein hitz aukeratuko liratekeen, ordena gora behera: existentzialismoa, feminismoa eta Sartre. Ez dago gaizki pentsatuta, alabaina joera honek tamalezko sinplekeria dakar berekin. Existentzialismoko mugimenduan zalantzarik gabe sar dezakegu Simone de Beauvoir. Feminismoa ere indarrez aldarrikatu zuen Bigarren sexua (1949) eta beste zenbait saiakeratan. Feminismoa indarrez agertzen da bere fikziozko lan orotan ere. Maitasun librearen sinbolo izan zen Jean-Paul Sartrerekin batera. Idazle honekin, jakina, lotura handia izan zuen Beauvoirrek, beste inork baino lotura estuagoa eta segurutik beste inork baino mirespen handiagoa zion ere bere adiskidearen lanari. Harreman hura bere jarduera profesionalerako oso mesedegarria izan zela uste du jende askok. Sartreren ondoan gauza asko ikasi zituela onartu beharra dago, baina gaur egun, eta berak defendaturiko feminismoa zanpatuz, Simone de Beauvoir Goragalea idatzi zuenaren idazkaritzat hartzera iritsi dira askotan.

        Dena hain azkar birziklatzen duen XX. mende honetako berrogeita hamar urte luze iragan dira Gonbidatua (1943), Simone de Beauvoirren lehengo lana, argitaratu zenetik. Feminismoa jadanik ez dago modan 68ko maiatzak markatutako sasoi hartan bezala. Existentzialismoa zer esanik ez, surrealismo berbaren antzera, ia adjektiboaren forma besterik ez zaigu gelditu, zehaztu gabeko zerbait adierazteko, benetan aztarna bitxiak. Sartre, oraindik existentzialismoko aitzindaritzat hartzen bada ere, inork ez du lehen bezala gurtzen.

        Badirudi irakurleei Simone de Beauvoirren lana ezagutzeko gogoa kendu nahian nabilela. Kontrakoa aldarrikatu nahi dut, ordea. Idazle hau ulertzeko une egokian gaudelakoan nago, alegia, aurreiritziak alde batera errazago utz ditzakegu orain, hori egiteko prest bagaude behintzat. Sartreren itzalak ez digu jadanik horrenbesteko trabarik egiten eta idazle huts bezala ikus dezakegu emakumearen askapenaren ama santuaren irudiarekin nahasten genuen hura. Labur esanda, ikuspegi garbiagoa daukagu emakume hura behar den lekuan kokatzeko.

        Idazle orijinala daukagu esku artean. Iturriak eguneroko bizitzatik eta autobiografiatik bertatik hartzen dituen idazlea. Frantziako literaturan horrelako kasu ugari daude. Bere aitzindari hurbilenak Marcel Proust edo André Gide ditugu. «Nouveau Roman»eko idazleek ere ildo honetatik jarraitu zuten apur bat geroago. Baina Beauvoirrek bere bizitzaz hitz egiten duenean gehiegikeriaz egiten du, Sade libertinoaren antzera. Gaztetan honi buruzko saiakera bat idatzi zuen gainera, Sade erre behar dugu? izenburuaz.

        Belaunaldi bereko idazleen artean, aldiz, nik gauza askotan antz handiagoa sumatzen diot Albert Camusena Sartrerena baino, bien lanak nolabaiteko baikortasuna gordetzen baitu, pentsaera burgesari gogor kontra egiten badio ere. Beauvoir eta Camusen ikuspuntua Sartrerena baino gizatiarragoa da sarri. Bizi-pozaren gaia askoz ere nabariago lantzen dute. Ez dugu ahaztu behar Sartrek oso gaztetatik azaldu zituela idazle handia izateko baldintza eta aukera guztiak, eta beste biek lorpen handiagotzat har zezaketen letren munduan sartu izana, bata emakumea eta bestea familia pobrekoa izanda.

        Bistakoa da garaiko errealitate politikoa garrantzi handikoa dela Besteen odola-n, baina egileak gizabanakoen bizitzan kokatuta eta haien bihotzetan eragina duen heinean aurkezten digu errealitate hori. André Malraux bezalako idazle batek lehenago jorratutako epikotasuna baztertzen ditu. Honek Itxaropena (1937) nobelan, herriaren borroka goraipatuko zuen, Espainiako gerra zibilean kokatuta. Beauvoirren lanean narrazioaren osagarriak mugatuak eta objektiboak dira itxuraz, nahiz eta narrazio hori pertsonaien barne-bizitzan girotu maiz. Egile honek argi eta garbi banatzen zituen fikzioaren mamia eta gaurkotasunaren tratamendua, honen eta gizabanakoen arteko harremanak azaltzen zituen, non bakoitzaren jarrerak egoeraren konplexutasunari aurre egiten zion. Errealitatetik aldentzeko edo arrozteko joera hori, alde batetik unibertsitateko heziketa analitikotik hartu zuen Beavoirrek. Bere promozioko bigarren postua lortu zuen karreran.

        Baina batez ere garaiko giro intelektualak bultzatzen du joera hori. Bigarren mundu-gerraren ostean, sekulako hilketa eta zapalkuntzak ikusi ondoren Frantziako idazleak etsita geratu ziren. Nolabait errudun sentitu ziren gainera 30eko hamarkadan ideia pazifistak bultzatu izanagatik, horrela naziei nahi zutena egiten laga baitzieten. Lehen esan bezala, Malrauxek jorraturiko «itxaropen» hura erabat suntsitu zuten eta gerra aurreko baloreak garrantzirik gabe utzi zituzten. Gizakia, inolako arazo moralik gabe, bere kideak milioika eta sistemaz hiltzeko gauza zela ikusi zuten. Morala hondameneko egoera hartan egonda zerbait berria eraikitzeko beharra zegoen eta existentzialismo izeneko «humanismo berri bat» proposatuko zuten, Sartreren hitzetan esateko. Horretarako Jainkoaren ideia, holokaustoa erraztu zuten aurrerabide faltsuak eta gerra garaiko nihilismoa eta epikotasuna baztertu behar ziren, gizakiaren ahalmen suntsitzailea nolabait asimilatuz.

        Historia oldarka sartu zen euren bizitzetan eta jadanik ezin zen izan gizateriaren etorkizuna erabakitzeko teatro ospetsua, gizakiak ez zuen egoera menderatzen jada eta inork ezin zuen asmatu ezer aldatzeko gai zen pertsonaia ahaltsurik. Historiak gizakia zapuztu egingo zuen. Simone de Beauvoirrek argi esango zuen dena zela ezberdina 1939 aurretik eta 1944 eta gero Adinaren indarra (1960) eta Gauzen indarra (1963) lanetan. 40ko hamarkadan argitaratzen hasi eta bere nortasunak heldutasuna lortzen du, idazle bezala. Gerrak eragin zion zirrarak lanean jarri zuen eta literatura bihurtu zuen idazteko bokazio hutsa zena.

        Horrela iritsi ziren «besteen» gaia lantzera. Garai berean, Sartrek besteak infernua direla esango zuen Atea itxita (antzezlanean; lan honek Besteak izenburua eduki behar zuen hasiera batean; eta Camusek Arrotza argitaratu zuen, erabateko arroztearen kronika eta urte bat geroago Gonbidatua aterako zuen Beauvoirrek, gonbidatua ere «bestea» edo kanpotik datorren norbait dugu. Honen ikuspuntua ez zen izango hain zorrotza eta bere pertsonaiek ez dute etsiko besteengan zoriona bilatzean. Beauvoirrek gizakien arteko sentimenduzko harremanak salbazioa bailiran aurkeztuko zituen inoiz.

        Edozein modutan arroztasuna izango zen beti guztien lanen ardatzean, eta nabaria izango zen idazteko ekintzaren aurrean azaltzen zuten jarreran ere. Beauvoirren lana eskema ideologikoetatik harantzago doa, ikuspuntu eta estilo berri eta desberdinak proposatzen ditu. Bere idatziak alde kultural eta sentimentaletik landuko zituen gainera.

        Besteen odola-n eta beste fikziozko lanetan agertzen diren feminismoa eta askatasunezko teoriak Bigarren sexua saiakeran garatuko zituen Beauvoirrek 1949an. Parisko intelektual ezkertiarren artean maila paregabea lortuko zuen gutxinaka. 1970ean bere belaunaldiko munduko emakume idazlerik ospetsuena izango zen, feminismoaren aitzindaria. Bere lana eta gizarte-mugimendu jakin baten artean gauzatutako bateratasunak eman zion estatus berezia. Literaturari buruz zeuzkan ideiak kemenez defendatzeak arrakasta lortzen lagundu zion. Idazleak eginkizun zehatza zuela uste zuen, hau da, bizitako esperientzia lanean islatu, hori irakurleei adierazteko, eta bide batez bizitzen laguntzeko. Horretarako esperientziaren benetako esanahia asmatu beharra zuen.

        Beauvoirrek prosaz idatziko zuen beti. Errealitatea kontatzeko sistema egokiena zeritzon. Tradiziozko literaturaren forma eta idazkera errealista onartzen ditu. Beste zenbait existentzialistaren antzera, tragedia klasikoaren tresna anitz erabiltzen ditu narrazioaren dramatismoa indartzeko. Joera hau oso mesedegarria zaio jatorrizko bekatuaren gaia lantzen duenean, nobela honetan bezala. Hala ere saiakera eta fikzioaz besteko idatzietan ere antzeko baliabideak darabiltza maiz.

        Simone de Beauvoirren literatur jarduera hiru sailetan bana dezakegu: fikzioa (nobela, ipuina eta teatroa), saiakerak (filosofia eta literatur kritika) eta oroitzapenak. Hala ere, bere idatzi guztiek autobiografia intelektual moduko bat osatzen dute. Berrogeita hamar urtetik aurrera idazten dituen oroitzapenetan bere aurreko lan guztia sar daiteke. Lan honetan gizartea gobernatzen duten mito soziokulturalak salatuko zituen; mito hauek gizabanakoa antolakuntza burgesaren alde lan egitera behartzen omen dute. Honen kontra bere bizitzan zehar eduki dituen kontzientziazio ezberdinak azaltzen zituen, alegia, benetan bizitako bizitza baten errealitatea azaldu gura zuen. Gizartearen mitoa eta bizitako esperientziaren errealitatea kontrajarriz, gezurrak ezagutzera eman nahi zituen, ekintza bultzatzeko. Labur esanda, Sartrek definitutako «idazle konprometitua» bezala bizi izan zen, eta bere gaztaroa bera deskribatzen zuenean ere, satira zorrotza egiten zion burgesen bizimoduari.

        Baina salaketaz gain Simone de Beauvoirren lanean beste gai nagusi bat daukagu: zoriona. Besteen eta norberaren arteko hitzarmentzat hartzen da zoriona. Honek jaietan lortzen du osperik handiena, jai herrikoietan gehienbat, «Front Populaire»aren garaipena (gerra aurretik Frantziako ezkerra batu zen eta hauteskundeak irabazi zituen) edo 1944ko askapena ospatzeko jaietan, adibidez. Bistakoa da 1939 baino lehenagoko harmonia eta «gauzen indarra»ren arteko gatazka. Hala ere anbiguotasuna da nagusi egilearen lanetan, gizabanakoaren itxaropena eta herriarena kontrajartzen dira, bizi izandako esperientzia ez dator bat taldearen asmoekin, eta gizakiaren ahaleginak hustasun sentimendua dakar berekin. Beauvoirrek bere kabuz pentsatzeko aukera ematen dio irakurleari, ikuspuntu ezberdinak aurkeztuz.

        Hau guztia Sartreren doktrina existentzialistaren barnean sar dezakegu, baina Beauvoir beste zenbait berrikuntzaz baliatuko da. Bere fikziozko lanetan emakumeak izango dira galdera metafisikoez kezkatzen direnak, gizonak ekintzaren esparruaz eta ideologiaz arduratzen diren bitartean.

        Goi-burgesian jaioa, existentzialista eta marxista izatera iritsi zen Besteen odola-ren egilea, primeran landu zuen askatasunaren gaia, baina beste bat izan da bere ekarpen garrantzitsuena. Idazle honek erraz gara zezakeen heziketa finak eta dohainak eman zioten aukera, baina bide zaila hartu zuen. Konbentzioari ihes egin eta bere bizitza astindu zuten gertaeren zentzua idazkeraren bidez finkatzen saiatu zen, idaztearen ekintza eta kultura beste ikuspuntu batetik hartuz.

        Hemen daukagun liburu hau, lehen esan dudan bezala, ez da oso ezaguna Beauvoirren nobelen artean, baina bere dohain eta ezaugarri nagusiak ditu. Askatasunaren aldeko maitasuna, giza harremanen konplexutasuna eta emakumearen egoeraren salaketa jorratzen ditu beste funtsezko gai batzuen artean. Estiloa ere oso landuta dago, kontalariaren ikuspuntua alde batetik bestera doa, lau samarra da hizkuntz erregistroa, dirudiena baino askoz ere landuagoa izan arren. Klasikoen soiltasunaz idazten du hauen zentzu tragikoa ere hartuz.

        Besteen odola 1944ko abuztuan argitaratu zen, armistizioaren hurrengo egunean. Irakurlegoak berotasunez jaso zuen eta kritikaren aldetik ere arrakasta handia izan zuen. Alde batetik normala da, erresistentzia eta okupazioaren goibeherak kontatzen baititu, baina bestalde oso zaila izan behar zuen, sasoi hartan hain zuzen ere, liburu sinesgarri batez irakurleen konplizitatea lortzea. Nobelak asmo handiak ditu, eta proposatzen duen tesian sartu barik edozein artelanek eskatutako baldintzak betetzen ditu, hau da, egilearen esperientzia publikoari iristen zaio. Azken finean lan interesgarri eta atsegina da oso ondo idatzita dago eta herri oso batek bizi dituen esperientziak ganoraz kontatzen ditu. Besterik gabe.

 

Oier Alonso

 

 

"Simone de Beauvoir / Besteen odola" orrialde nagusia