10

 

        Horrela uko egin nion Micòli.

        Biharamun arratsaldean, aitari emandako hitza beteaz, ez nintzen joan Malnaterengana, eta ondoko egunean, ostiralean, ez nintzen azaldu Finzi-Continitarren etxean. Era horretan astebete igaro zen, lehenengoa, inor berriro ikusi gabe: ez Malnate, ez besteak ere. Zorionez, denbora hartan guztian inork ez ninduen bilatu, eta zertzelada hori lagungarria gertatu zitzaidan, ezbairik gabe. Bestela, seguru aski ez nuen agoantatuko, neure burua berriro harrapatzen utziko nuen.

        Gure azken topaketatik hamar bat egunetara, hilaren 25a aldean, Malnatek telefonoz deitu zidan. Ordura arte ez zen behin ere gertatu horrelakorik, eta telefonoa hartzera ni joan ez nintzenez gero, tentazioa eduki nuen etxean ez nintzela erantzunarazteko. Baina segituan damutu nintzen. Ordurako nahikoa indartsu sentitzen nintzen: hura berriro ikusteko beharbada ez, baina bai harekin hitz egiteko.

        — Ondo al hago? —hasi zen—. Erabat ahaztuta naukak.

        — Kanpoan ibili nauk.

        — Non? Florentzian? Erroman? —galdetu zuen, ez ordea burlaize apur bat gabe.

        — Oraingoan urrunxeago —nik erantzun, esaldi patetikoaz berehala damuturik.

        — Bon. Ez diat sakondu nahi. Zer, geratuko al gara?

        Gau hartan ezin nuela esan nuen, baina biharamunean ia seguru pasatuko nintzela haren etxetik, betiko orduan. Hala ere, berandu egiten zela ikusten bazuen —erantsi nuen—, ez nire zain gelditzeko. Kasu horretan, zuzen-zuzenean Giovanni-ra joango nintzela. Ez al zen Giovanni-ra joango afaltzera?

        — Litekeena —baietsi zuen, lehor. Eta gero:— Entzun al dituk berriak?

        — Entzun ditiat.

        — Ze istilua! Tira, etorri gero, guztiaz hitz egingo diagu.

        — Orduan, gero arte.

        — Gero arte.

        Eta eskegi zuen.

        Biharamun gauean, afaldu orduko irten nintzen bizikletaz, eta, Giovecca osoa zeharkatuz, jatetxetik ehun bat metrotara gelditu nintzen. Egiaztatu nahi nuen Malnate bertan zegoen ala ez, hori baino ez. Eta, izan ere, bertan zela egiaztatu bezain azkar (ohi bezala, kanpoko mahai batean zegoen, betiko jaka saharatarra soinean), harengana joan ordez atzera itzuli nintzen, eta gero Gazteluko hiru zubi altxagarrietatik baten gainean geratu nintzen zelatan, Giovanni-ra ematen zuen zubiaren gainean hain zuzen. Era horretan, hobeto eduki nezakeen begipean, pentsatzen nuen, ikusia izateko arriskurik gabe. Eta horrela izan zen. Pretileko harrizko ertzean bularra bermatuz, luze egon nintzaion begira jaten zuen bitartean. Behean, lerro-lerro jarrita eta atzean horma zutela zeuden bezeroak ikusten nituen, bera ikusten nuen, jaka zuriko zerbitzarien mahai batetik besterako joan-etorri azkarra ikusten nuen, eta irudipena nuen, han iluntzean, fosoko ur kristalezkoaren gainean zintzilik nengoelarik, antzokian nengoela ia, antzezpen interesgarri eta zentzugabe bateko ezkutuko ikusle. Malnate fruta jaten hasia zen. Mahats-luku lodi bat jaten ari zen gogo txarrez, alez ale, eta noizean behin, iristen ote nintzen esperoan noski, bizkor mugitzen zuen burua, ezker-eskuin. Une horretan, diz-diz egiten zuten haren «betaurrekotzarren» lenteek, Micòlen hitza erabiliz: taupaka, urduri... Mahatsa amaitu zuenean, keinu bat eginda zerbitzariari deitu eta une batez hizketan jardun zen berarekin. Kontua eskatu ziola uste nuen; eta alde egiteko nengoen, ikusi nuenean zerbitzaria kafe kikara bat zeramalarik itzultzen zela. Zurrutada bakar batean edan zuen. Ondoren, jaka saharatarreko bular-poltsiko bietako batetik zerbait oso txikia atera zuen, blok bat, eta lapitz batez idazten hasi zen haren gainean. Zer arraio ari ote zen idazten?, irribarre egin nuen. Poesiak berak ere? Eta horrela utzi nuen, makur-makur idazten blok hartan, eta, bakanka, burua altxatzen zuela alde batera eta bestera begiratzeko, edota gora, zeru izarratura, etorri eta ideia bila bezala.

        Ondo-ondoko gauetan, berriz hiriko kaleetan noragabe ibiltzeari ekin nion, guztia hartuz begiradaz, guztiak erakartzen ninduela bereizketarik gabe: erdialdeko saltokiak tapizatzen zituzten egunkarietako titularrak, hizki handiz eta gorriz azpimarratuak; zinetokietako sarreren alboetan ipinitako filme eta ikuskizun argazkiak; hirialde zaharreko karriken erdian gelditutako mozkorren kontziliabuluak; piazza del Duomon lerrokatutako automobilen matrikulak; burdeletatik, edota Montagnoneko hostotza ilunetik taldetxoka atera eta San Tomaso aldeko zabaltokietan, via Scandiana bukaeran, izozkiak, garagardoak edo gaseosak hartzera joaten ziren pertsona mota desberdinak... Gau batean, hamaikak aldean, Piazza Travaglio inguruan nenbilen, Scianghai Kafetegi famatuaren barru erdi-iluna zelatatzen: normalean, kale-prostitutak eta Borgo San Luca ez urruneko langileak zituen bezero; gero, berehala, gaineko bastioira joan nintzen, Malnateren miresle zen neska toskanatarraren begi gogorren pean nor baino nor ari ziren bi gaztetxoren arteko tiro-lehiaketa motela ikustera.

        Han geratu nintzen, apartean, txintik esan gabe, ezta bizikletatik jaitsi gabe ere: hainbesteraino ere, non toskanatarrak, halako batean, zuzen-zuzen dei egin baitzidan:

        — Aizak, mutil! —esan zuen—. Zergatik ez hator hona, tiro batzuk egitera? Tira, etorri, ez beldurrik izan. Erakutsi ganorabako hauei zer dakian egiten.

        — Ez, eskerrik asko —nik erantzun.

        — Ez, eskerrik asko —errepikatu zuen neskak—. Jainkoa, hau gazteria, hau! Non utzi duk hire laguna? Hura bai mutila! Esan, lurpean utzi al duk?

        Isilik nengoen, eta bera barrez hasi zen.

        — Gaixoa! —errukitu zitzaidan—. Hoa oraintxe etxera, bestela aitatxo zaplaka hasiko zaik. Hoa lolo egitera! Lolo!

        Ondoko gauean, gauerdi inguruan, neuk ere zergatik ez nekiela, hiriko kontrako aldean nenbilen bizikletaz, Aingeruen Harresi barruko aldetik luzatzen zen bideska lau sigisagatsutik. Ilargi bete zoragarria zegoen: hain argia zeru guztiz zohardian, non alferrikakoa baitzen bizikletako argia. Poliki ematen nien pedalei. Etengabe, belarretan etzandako maitale bikoteak aurkitzen nituen. Batzuk erdi biluzik inarrosten ziren bata bestearen gainean. Beste batzuk, banatuta, elkarren aldamenean zeuden, eskutik helduta. Eta beste batzuek, besarkatuta baina geldirik, lotan ziruditen. Hogeita hamar bikotetik gora zenbatu nituen. Eta batzuetan gurpilaz doi ukitzeraino bezain gertutik pasatzen banintzen ere, inork ez zuen erakutsi konturatu zenik nire presentzia isilaz. Mamu bitxi igarole baten antzera sentitzen nintzen, horixe nintzen: bizitzaz eta heriotzaz, grinaz eta errukiz betea aldi berean.

        Barchetto del Duca parera iritsi nintzenean, bizikletatik jaitsi, zuhaitz enbor baten kontra utzi, eta zenbait minutuz, parkeko zabaldi geldi zilartsurantz jiratuta, han geratu nintzen begira. Ez nuen ezer jakinik pentsatzen. Begiratzen nuen, entzuten nuen kirkirren eta igelen harrabots zoli eskerga, ni neu ere harriturik ezpainak teinkatzen zizkidan irribarre arin nahasiaz. «Hemen da», esan nuen emeki. Ez nekien zer egin, zer egitera joan nintzen. Oroitzarre ororen alferrekotasun zentzu halako batek zeharkatzen ninduen.

        Ezponda belartsuaren ertzetik ibiltzeari ekin nion, begiak magna domus aldera tinko. Dena itzalita zegoen, Finzi-Contini etxean, eta Micòlen gelako leihoak ikusi ezin nituen arren, hegoalderantz ematen zutelako, seguru nengoen inolako argirik ez zela kanporatzen haietatik ere. Azkenean, gainetik nire mende nuela murruko leku zehatza, kontsakratua «au vert paradis des amours enfantines», Micòlek esan ohi zuen bezala, tupusteko burutapen batek jo ninduen. Eta parkera sartuko banintz, ezkutuan, murrura igoz? Umetan, ekaineko arratsalde urrun-urrun batean, ez nintzen ausartu hori egitera, beldurra izan nuen. Baina, orain?

        Handik gutxira, behean nengoen, murru azpian, eta asun eta gorotz usain berbera aurkitu nuen berehala itzal sargoritsuan. Aldiz, murru-horma desberdina zen. Hamar urte zaharragoa zelako beharbada (ni ere hamar urte zaharragoa nintzen, bai eta altu eta indartsuagoa ere), ez zitzaidan iruditu gogoan nuen bezain altu eta igoezina. Lehen saialdian kale egin ondoren, poxpolo bat piztu nuen. Bermalekurik ez zen falta, ugari zeuden egon ere. Han segitzen zuen, artean ere, iltze lodi herdoilduak, hormatik kanpora. Bigarren saialdian heldu nion eta, hari oraturik, nahikoa erraza gertatu zitzaidan gero goraino iristea.

        Goian eserita nengoelarik, hankak bestaldera zintzilik, berandu gabe antzeman nuen esku-eskailera bat nire oinen azpian, murruaren kontra jarria. Harritu baino areago, zertzelada hark dibertitu egin ninduen. «Hara! —murmuriatu nuen irribarrez—, eskailera ere bai». Hartaz baliatu aurretik, ordea, atzerantz jiratu nintzen, Aingeruen Harresi alderantz. Han zegoen zuhaitza, eta zuhaitz ipurdian bizikleta. Tira. Traste zahar bat zen, nekez sartuko zion inori tentaziorik.

        Lurra ukitu nuen. Ondoren, murruaren ondo-ondotik luzatzen zen bideska bazterrean utzirik, frutarbolez jositako belarditik jaitsi nintzen, Perottitarren etxaldetik eta Panfilio gaineko zurezko zubitik erdibideko puntu batean sarbide nagusira iristeko asmoz. Zaratarik egin gabe zapaltzen nuen belarra: noizean behin damu-zimiko txiki bat sentituz, egia da, baina beti, sorbaldak jasota, kezkaren eta antsiaren sorrera bertan behera moztuz. Zein ederra zen gauez Barchetto del Duca! —pentsatzen nuen—, zeinen ezti argitzen zuen ilargiak! Itzal esnetsu haien artean, zilarrezko itsaso hartan, ez nuen ezer bilatzen. Han bueltaka norbaitek topatu izan banindu ere, inork ezingo zidan kargu handiegirik hartu. Alderantziz. Azken finean, nolabaiteko eskubidea ere banuen.

        Sarbidera irten, Panfilio gaineko zubia zeharkatu, eta gero, ezkerretara hartuz, tenis kantxako soilunera iritsi nintzen. Ermanno irakasle jaunak bete egin zuen bere promesa: handitzen hasiak ziren joko-zelaia. Itxiturako burdinsarea, eraitsita, kantxa alboan zetzan mataza nahaspilatu distiratsu batean, ikusleak eseri ohi ziren lekuaren kontrako partean; belardia lurgorritzen hasia zegoen, alboko marretatik hiru metrotan eta hondokoetatik bostetan behintzat... Alberto gaixo zegoen, bizitza gutxi geratzen zitzaion. Nolabait ezkutatu behar zitzaion, baita era hartan ere, haren gaitzaren larria. «Bikaina», baieztu nuen. Eta aurrera jarraitu nuen.

        Leku ageritik ibili nintzen, soilune inguruan bira luzea egiteko asmotan, eta ez nintzen harritu halako batean nireganantz etortzen ikusi nuenean Jorren silueta ezaguna, Hütte aldetik zetorrela trosta txikian. Geldirik geratu nintzen haren zain, eta zakurra ere gelditu zen, niregandik hamar bat metrora zegoela. Jor!», deitu nion ahots itoaz. Jorrek ezagutu egin ninduen. Buztanari festa-mugimendu labur baketsua emanda, atzera itzuli zen poliki.

        Tarteka bueltatu egiten zen, atzetik segitzen niola ziurtatzearren bezala. Baina ez nion segitzen, edo, hobeto esanda, Hütte aldera gero eta gehiago hurbiltzen nintzen arren, ez nintzen urruntzen soilune muturreko ertzetik. Parkeko alderdi hartako zuhaitz handi ilunen zerrenda makurretik hogei metro ingurura nenbilen, aurpegia ezkerretarantz beti. Ilargia bizkarrean nuen orduan. Soilunea, tenis kantxa, magna domus-eko horma-bular itsua, eta gero, hondoan, sagarrondo, piku-arbola, aranondo eta madariondoen adaburu hostotsuen gainean nabarmen, Aingeruen Harresiko ezponda. Dena argi agertzen zen, zehaztasun osoz, erliebean bezala, egunargiz baino hobeto.

        Horrela nenbilelarik, Hütte-tik pauso gutxira nengoela konturatu nintzen bat-batean: ez haren aurrean, hots, tenis-kantxara ematen zuen aldean, baizik eta haren atzean, etxolaren osteko izai eta laritz gazteen enbor artean. Han gelditu nintzen. Hütte-aren argiz kontrako itxura beltz zakarrera begiratzen nuen. Ustekabean segurantzia galdurik, ez nekien norantz ibili, nora jo.

        — Zer egin behar ote dut? —nioen, bitartean, ahots erdiz—. Zer egin behar ote dut?

        Etengabe begiratzen nuen Hütte-ra. Eta pentsatzen nuen —pentsaera horren eraginez ere nire bihotzak bere taupadak bizkortu gabe: ez hotz ez bero, ur hilak argia zeharkatzen uzten duen bezala—, baietz, azken buruan horra, Micòlengana, etorriko zela Giampi Malnate gauero, ni neure etxeko ate ondoan utzi ondoren (Zergatik ez? Ez al zuen, ba, horrexegatik bizarra halako kontu handiz mozten nirekin afaltzera etorri baino lehen?); kasu horretan, tenis jokorako aldagela babestoki zalantzarik gabe ezin hobea izango zen haientzat, egokiena.

        Bai, noski, jarraitzen nuen isilik arrazoinatzen, barne-xuxurla arin batez bezala. Horixe, ba. Mutila denbora egiteko ateratzen zen nirekin, eta gero, nolabait esanda ni ohean utzi ondoren, Micòlengana etortzen zen pedalkada biziz, lorategi erdian zain baitzeukan... Bai, noski. Nola ulertzen nuen orduan via delle Volteko burdel hartako bere jokaera! Jakina! Gauero edo hor nonbait maitasuna eginez, azkenerako iristen da momentua ama, Lonbardiako zerua eta abar faltan botatzen direla. Eta murruaren kontra jarritako eskailera? Micòlek jarriko zuen han, puntu hartan.

        Burua argi nuen, bare, lasai. Kontu guztiak ateratzen ari ziren. Puzzle batean bezala, pieza guztiak ongi egokitzen ziren, zehaztasunez.

        Micòlek, seguru. Giampi Malnaterekin. Neba gaixoaren adiskide minarekin. Nebaren eta etxeko beste guztien ezkutuan, guraso, senitarteko eta zerbitzari, eta gauez beti. Hütte-an normalean, baina noizbait goian ere, logelan, lattimo-z beteriko logelan. Ezkutuan, bai? Ala ez ikusiarena egiten zuten besteek, beti bezala, begiak itxiz edo, azpitik, hura bultzatuz?; azken finean, zuzena eta gizatiarra da hogeitahiru urteko neska batek, ezkondu nahi ez badu edo ezin badu, berdin edukitzea naturak agintzen duen guztia. Albertoren gaixotasunarekin ere egiten zuten ez ikusiarena, etxean. Haien sistema zen.

        Belarria zorroztu nuen. Erabateko isiltasuna.

        Eta Jor? Non ote zegoen Jor?

        Oin-puntatan pauso batzuk eman nituen Hütte alderantz.

        — Jor! —deitu nion, ozenki.

        Orduantxe, erantzun moduan, hara non iritsi zitzaidan urrun-urrundik, gaueko airean zehar, soinu mehe bat, tristea, gizatiarra. Berehala ezagutu nuen: plazako erlojuaren ahots zahar maitearen soinua zen, ordua eta laurdenak jotzen. Zer zioen? Berriro ere oso berandu zela zioen, ergelkeria eta gaiztakeria zela aita horrela torturatzen jarraitzea, gau hartan ere ez baitzuen lo egitea lortuko, etxeratzen ez nintzelako kezkatuta; eta arimari bakea ekartzeko ordua zela. Seriotan. Betiko.

        — Zer nobela ederra! —esan nuen, burlaizez, buruari eraginez, mutiko zuzengaitz baten aurrean bezala.

        Eta Hütte-ari bizkarra erakutsiz, urrundu egin nintzen kontrako aldeko zuhaitzen artetik.

 

 

 

© Giorgio Bassani

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giorgio Bassani / Finzi-Continitarren lorategia" orrialde nagusia