5

 

        Ondorengo denbora-tarte luzea, 1939ko abuztuaren zorigaiztoko azken egunetara arte, hau da, Poloniako inbasio naziaren bezperara eta drôle de guerre hartara arte igaro zena alegia, Maelström-eko inbutu hondogabera egindako erorialdi motel baina jarraitu baten antzera gogoratzen dut. Tenis-kantxa, laster Imolako lur gorriz estali zutena (arrabete lur bai behintzat), Micòl, Alberto, Malnate eta laurontzat geratu zen bakarrik (Bruno Lattesekin kontatzerik ez zegoen, seguru aski Adriana Trentiniren atzetik galduta baitzebilen). Bikoteak aldatuz, arratsalde osoak pasatzen genituen binakako partidu luzeak jokatzen, eta Alberto, arnas-estuka, nekatuta eta guzti, beti hasteko prest egoten zen, auskalo zergatik, bere buruari eta geuri ere atsedena hartzen utzi gabe.

        Zer zela-eta tematzen nintzen egunero itzultzera umiliazioak eta samina (ondo nekien hori) baino jaso ezingo nituen leku batera? Ez nuke asmatuko esaten. Beharbada mirakulu bat espero nuen, egoeraren bat-bateko aldaketa, edo, agian, umiliazio eta samin bila joaten nintzen hain zuzen... Tenisean jokatzen genuen, edo bestela, lau chaise longue-tan itzalpean eserita, Hütte aurrean, betiko arte eta politika gaiez hitz egiten genuen. Micòlek nirekin atsegina izaten jarraitzen zuen azken finean, baita maitagarria ere, baina noizbait parkean eguna pasatzea proposatzen banion, oso gutxitan esaten zidan baietz. Eta onartzen zuenean, ez zen gustura etortzen nirekin, denbora guztian desgogara zegoela eta nirekin pazientzia edukitzen ari zela erakusten zidan aurpegian, eta nik berehala deitoratzen nuen Alberto eta Malnaterengandik urrunarazi izana.

        Hala ere, ez nuen amore ematen, ez nuen etsitzen. Bi gogo kontrajarriren artean aukeratu ezinik (alde batetik, hura bukatzea, betiko desagertzea; bestetik, bertan egoteari uko ez egitea, inondik inora ere amore ez ematea), azkenerako ez nuen inoiz huts egiten. Batzuetan, egia da, nahikoa zen Micòlek ohi baino begirada hotzagoa egitea, ezineramana adierazten zuen haren keinu bat, asperraldi edo sarkasmo adierazpen bat egitea, nik bene-benetan pentsatzeko erabakia hartua nuela eta dena moztu egingo nuela. Baina, zenbat denboraz lortzen nuen urrun egotea? Hiruzpalau egunez, gehienez ere. Bosgarrenerako, han nintzen berriro, bidaia onuragarri batetik itzuli denaren aurpegi alai eta nasaiaz (beti hitz egiten nuen bidaiei buruz, berriro agertzen nintzenean: Milan, Florentzia, Erromara; eta eskerrak hirurek sinesteko itxura nahikoa zuten!), baina bihotza erdiratuta nuela, eta begiak ezinezko erantzun bat bilatzen hasten zitzaizkidala Micòlen begietan. «Ezkontideen arteko sesioak» gertatzen zireneko ordua izaten zen hura, berak deitzen zion bezala. Haietan, aukera ikusten nuenean, musu ematen saiatzen nintzen. Eta berak amore ematen zuen, ez zen inoiz haserretzen.

        Ekaineko arratsalde batean, ostera, hilaren erdian-edo, gauzak bestela atera ziren.

        Elkarren ondoan eserita geunden Hütte-ko kanpoko mailetan, eta, zortzi eta erdiak inguru ziren arren, artean ondo ikusten zen. Perotti ikusten nuen, urruti, kantxako sarea kentzen eta biltzen (haren lurra, Romagnatik hauts gorri berria iritsi zenetik, ez zitzaion inoiz behar adina zaindua iruditzen). Malnate dutxa hartzen ari zen etxola barruan; gure atzean entzuten genuen, zarata handiz bufaka ur bero zirristaren azpian. Albertok, ordea, lehentxeago alde egin zuen «bye-bye» malenkoniatsu bat esanda. Beraz, biok bakarrik geratu ginen, Micòl eta biok alegia, eta berehala aprobetxatu nuen berriz ekiteko nire betiko setio aspergarri zentzugabeari. Beti bezala jarraitzen nuen bera komentzitu nahirik oker zegoela pentsatzean gure artean harreman sentimentala egotea desegokia zela; beti bezala aurpegira botatzen nion (fede txarrez) gezurra esan zuela hilabete doi lehenago ziurtatu zidanean bera eta bion artean ez zegoela beste inor. Nire ustez, ordea, bazegoen norbait; edo egon zen, behintzat, Venezian, neguan.

        — Hamaikagarrenez esaten dizut oker zaudela —zioen Micòlek ahapeka—, baina badakit alferrik dela, oso ondo dakit bihar berriro etorriko zarela istorio berarekin. Zer nahi duzu esatea: ezkutuko maitasun bat daukadala, bizimodu bikoitza egiten dudala? Besterik ez baduzu nahi, emango dizut gustu hori.

        — Ez, Micòl —erantzuten nuen, nik ere ahapeka, baina ahots irmoagoz—. Denetarik izango naiz, baina ez masokista. Jakingo bazenu zeinen normalak, zeinen izugarri arruntak diren nire ametsak! Egin barre. Gauza bat nahi badut, hauxe da: esan duzuna egia dela zin egiten entzutea, eta sinestea.

        — Niregatik, oraintxe bertan zin egingo dizut. Baina, sinetsiko didazu?

        — Ez.

        — Orduan, zuretzat okerrago!

        — Jakina, okerrago niretzat. Baina, benetan sinetsi ahal banu...

        — Zer egingo zenuke? Esan, ba.

        — O, oso gauza normalak, arruntak, hori da okerrena! Hauek, adibidez.

        Eskuetatik heldu, eta haiek musuz eta malkoz betetzeari ekin nion.

        Tarte batez utzi zidan. Aurpegia haren belaunetan ezkutatzen nuen, eta haren azal leun samurraren usain pittin bat gaziak zorabiatu egiten ninduen. Musu eman nion han, hanketan.

        — Nahikoa da —esan zuen. Eskuak nireen artetik askatu eta zutik jarri zen—. Banoa, hotza daukat —jarraitu zuen—, etxera itzuli behar dut. Afaria pronto egongo da eta oraindik garbitu eta jantzi behar dut. Tira, altxa, ez umea izan. Agur! —oihukatu zuen gero, Hütte-rantz bueltatuz—. Ni banoa.

        — Agur —erantzun zuen barrutik Malnatek—. Eskerrik asko.

        — Ikusi arte. Etorriko al zara bihar?

        — Bihar ez dakit. Ikusiko dugu.

        Magna domus alderantz abiatu ginen, bizikleta bion erdian neramalarik eskulekuari indarrez helduz; etxea handi eta ilun ageri zen udako ilunabar hartan, eltxo eta saguzarrez beteriko airean. Isilik genbiltzan. Belarrez goraino beteriko gurdi bat zetorren gure paretik, uztarrian lotutako idi pare batekin. Perottiren seme bat zihoan gainean eserita, eta, gurutzatu ginenean, txapela kendu eta gabon esan zigun. Micòli aurpegiratzen niona sinesten ez nuen arren, berdin-berdin nahiko nion itxurak egiteari utz ziezaiola oihu egin, iraindu, masaileko bat eman, beharbada. Baina, gero zer? Zer lortuko nuen?

        — Alferrik duzu ukatzea —esan nuen—, azken finean badakit nor den pertsona hori.

        Hitz horiek ezpainetaratzen bukatu eta berehala damutu nintzen.

        Serio begiratu zidan, minduta.

        — A, bai? —esan zuen—; eta orain, zure prebisioen arabera, erronka egin beharko nizuke, tripetan sartuta dauzkazun izen-abizenak ateratzeko kanpora, holakorik baldin badaukazu, noski. Nahikoa dugu. Ez dut besterik ezer jakin nahi. Honaino iritsita, eskertuko nizuke aurrerantzean zure bisitak hain ugariak ez izatea... bai... zera, gutxiagotan etortzea gure etxera. Benetan esaten dizut: beldur ez banintz familiaren esamesak pizteko, zer dela-eta, nolatan eta horrela, eskatuko nizuke baita sekulan ez itzultzeko ere: sekulan ere ez.

        — Barkatu —murmuriatu nuen.

        — Ez, ezin dizut barkatu —erantzun zuen berak, burua astinduz—. Egingo banu, egun batzuren buruan berriro hasiko zinateke.

        Azken boladan nire jokamoldea ez zela batere duina erantsi zuen: ez berarentzat eta ez niretzat. Mila aldiz esan eta errepikatu zidan alferrik zela, ez saiatzeko gure harremanak laguntasunetik eta adiskidetasunetik harantzago eramaten. Baina, bai zera! Ahal nuen bezain azkar, ni, taka, hara joaten nintzaion musuka-eta, jakingo ez banu bezala gurea bezalako egoera batean ez dagoela hura baino ezer desegoki eta desatseginagorik. Jainkoa! Benetan ezin al nintzen agoantatu? Gure artean lehenago egon izan balitz harreman fisiko sakonagoren bat, eta ez musuren bat bakarrik, orduan bai, ulertuko zuen nik... bera buruan sartuta edukitzea. Baina betidanik gure artean egondako harremanak kontutan izanda, bera besarkatzeko, ferekatzeko tema hura gauza bakar baten seinalea izan zitekeen: alegia, funtsean bihotz lehorra nuela, ezinezkoa zitzaidala benetan maitatzea. Eta gainera: zer ziren bat-bateko joanaldi haiek, ustekabeko itzulerak, nire begirada inkisitorio edo «tragikoak», isilaldi haserreak, nire purrustadak, nire insinuazio ergelak: nekatu gabe eta lotsarik bat ere gabe erakusten nituen ekintza ergel aztoragarrien errepertorio guztia? «Ezkontideen arteko sesioak» berarentzat bakarrik gorde banitu sikiera, apartean geundenerako... tira, baina, gainera, haren nebaren eta Giampi Malnateren aurrean ere egitea, ez, hori ez, inondik ere ez.

        — Gehiegizkoak esaten ari zarela iruditzen zait —esan nuen—. Noiz eduki dugu horrelako sesiorik Malnate eta Albertoren aurrean?

        — Beti, etengabe! —ihardetsi zidan.

        Astebete agertu gabe pasatu ondoren itzultzen nintzen bakoitzean —jarraitu zuen—, esanez, nik ez dakit, Erroman egona nintzela adibidez, eta denbora guztian jo eta ke barrez, barre urduria eginez, ero batek bezala, arrazoirik bat ere gabe, akaso uste nuen Albertok eta Malnatek ez zekitela gezurretan ari nintzela, Erroman ez nintzela egon, eta nire barrealdi haiek, «Burlatien afaria» tankerakoak, berarentzat eginak zirela? Eta eztabaidetan, garrasika hasten nintzenean nire erretolikak egiten, aldi bakoitzean maila pertsonalera eramanez dena (egunen batean Giampi haserretu egingo zen azkenean, eta arrazoiz, gizajoa bera ere!), uste al nuen jendea ez zela konturatzen bera zela, errurik gabe ordea, nire beroaldien arrazoia?

        — Ulertzen dut —esan nuen, burumakur—. Ulertzen dut ez nauzula berriro ikusi nahi.

        — Errua ez da nirea. Zeu izan zara apurka-apurka jasanezin bihurtu zarena.

        — Dena dela —totelkatu nuen, etenaldi baten ondoren—, esan duzu noizean behin itzul naitekeela, itzuli behar dudala, hobeto esanda. Ez da hala?

        — Bai.

        — Bueno... orduan, zeuk erabaki. Nola jokatu behar dut hutsik ez egiteko?

        — Ba, ez dakit —erantzun zuen, sorbaldak altxatuz—. Esango nuke, hasteko behintzat, hogei bat egun pasatzen utzi beharko zenituzkeela. Gero, etorri, nahi baduzu. Baina mesedez, gero ere, ez etorri astean bitan baino gehiagotan.

        — Asteartean eta ostiralean, ongi horrela? Piano-lezioak hartzeko bezala.

        — Ergela halakoa! —bota zidan, gogoz kontra barre eginez—. Ergel hutsa zara, gero!

 

 

 

© Giorgio Bassani

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giorgio Bassani / Finzi-Continitarren lorategia" orrialde nagusia