3
Lababo gaineko ispilu obalean islatuta ikusten nuen neure aurpegia.
Arretaz aztertzen nuen, nirea ez balitz bezala, beste pertsona batena balitz bezala. Ur hotzean zenbait aldiz sartu nuen arren, gorritua jarraitzen zuen, gorri bizi batez —Micòlek esan zuen bezala—, eta mantxa ilunago batzuekin sudurraren eta goiko ezpainaren artean eta masail gainean eta inguruan. Objetibotasun arretatsu batez miatzen nuen nire aurreko begitarte argitu hura, gero eta gehiago erakartzen nindutelarik kopetako eta lokietako larruazalaren azpiko arterien taupadak, begiak zabaltzean begininietako disko urdinak setiatzen zituztela ziruditen zain gorriminek osaturiko sare finak, kokotsean eta matrailetan ugariago ageri ziren bizar-ileek, ozta-ozta antzematen zen zaldar batek... Ez nuen ezertaz ere pentsatzen. Pareta mehean zehar, Micòli entzuten nion telefonoz hitz egiten. Norekin? Sukaldeko pertsonalarekin, pentsatzekoa zen, afaria gora eraman zezatela enkargatzeko. Ondo. Hurrengo despedida ez zen hain estugarria izango. Biontzat.
Telefonoa eskegitzen ari zenean sartu nintzen eta berriro ulertu nuen, ez ordea harritu gabe, ez zuela ezer nire kontra.
Ohean eseri zen kikara batean tea zerbitzeko.
— Orain , mesedez, eser zaitez —esan zuen—, eta edan ezazu zerbait.
Isilik obeditu nuen. Emeki edaten nuen, zurrutada motelak emanez, begirada altxatu gabe. Nire atzean parketean etzanda, Jor lo zegoen. Eskale mozkor batek egingo lukeenaren antzeko bere zurrunga astunak osorik betetzen zuen gela.
Kikara pausatu nuen.
Eta orduan Micòl hasi zen berriro hitz egiten. Ezertarako aipatu gabe lehentxeago gertatu zena, hasi zen esaten nola aspaldi-aspalditik, nik neuk pentsa nezakeen baino askoz lehenagotik, erabakia zuela garbi hitz egitea nirekin gure artean apurka-apurka sortuz joan zen egoeraz. Ez al nuen gogoan nola behin —jarraitu zuen—, aurreko urrian, euritik babesteko kotxetegira sartu eta karrozaren barruan eseri ginen? Bada, orduantxe hasi zen bera konturatzen bide okerretik zihoazela gure harremanak. Berehala ohartu zen gure artean zerbait faltsua, okerra, oso arriskutsua sortua zela: eta elur bola hark aldapan behera erortzen jarraitu bazuen, errua berak zeukan gehienbat, onartzeko prest zegoen. Zer egin beharko zuen? Gauza erraza, ni apartera eraman eta argi hitz egin, berehala, orduantxe bertan. Aldiz, koldar baten antzera, aukerarik txarrena hartu zuen, ihes egitea alegia. Bai, noski, hanka egitea erraza da. Baina zertara darama, ia beti, «egoera delikatuetan» batez ere? Ehunetik laurogeita hemeretzian, txingarrak pizturik jarraitzen du errauspean, eta ondorioz, geroago, berriro elkar ikustean, oso zaila izaten da, ezinezkoa ia, lagun moduan hitz egitea, lasai hitz egitea.
Nik ere ulertzen nuen —moztu nion orduan—, eta funtsean eskertzen nion hain argi mintzatu izana.
Hala ere, bazegoen zerbait berak esplikatzea nahi nuena. Egun batetik bestera alde egin zuen, agur ere esan gabe, eta behin Veneziara iritsi eta gero kezka bakarra izan zuen: seguru egotea Alberto ikusten jarraituko nuela.
— Zer dela eta? —galdetu nuen—. Esaten ari zaren bezala, benetan nahi bazenuen zu ahaztea (barkatu esaldiagatik, ez mesedez barrez hasi nire muturretan), ezin al ninduzun behin betiko utzi? Zaila zen, jakina. Baina ez zen ezinezkoa, adibidez, txingarra berez erabat itzaliz joatea, erregai faltagatik.
Harridura apur bat ezkutatu gabe begiratu zidan, miretsita kontraerasora pasatzeko indarra aurkitu nuelako, nahiz eta fede handiarekin ez izan, egia esateko.
Arrazoia neukan —onartu zuen gero, pentsakor, buruari eraginez—, arrazoi osoa. Dena dela, mesedez, sinetsi behar nion. Jokatu zuen bezala jokatuz ez zuen erreka nahasian arrantzan egin nahi izan. Estimu handitan zeukan nire adiskidetasuna, horixe zen dena, jabetasun sentimendu gehiegizkoarekin beharbada. Gainera, bene-benetan, ni baino gehiago Alberto eduki zuen gogoan, berriketaldi bat egiteko inor gabe geratua baitzen, Giampiero Malnate alde batera utziz gero. Alberto gaixoa!, suspiriatu zuen. Ez al nintzen konturatu ni ere azken hilabeteotan nolako lagun-behar handia zeukan? Bera bezalako batentzat, negua Milanen pasatzen ohitu ondoren, hango antzoki, zinema, eta gainontzeko aukera guztiekin, hemen, Ferrarako etxean sartuta geratu behar izatea, egiteko ezer eduki gabe gainera, ez zen oso alaigarria izango, ados egongo nintzen. Alberto gaixoa!, errepikatu zuen. Bera, haren aldean, indartsuagoa zen, askoz bere buruaren jabeagoa: bakarraldirik latzenak jasateko gauza, beharrezkoa bazen. Bestalde, lehendik ere esan zidala uste zuen: Venezia, neguan, Ferrara baino okerragoa zen, tristurari dagokionez, eta osaben etxea ere hemengoa bezain goibel eta apartatua.
— Hemengo etxea ez da batere tristea, ordea —esan nuen bat-batean, hunkiturik.
— Gustatzen al zaizu? —galdetu zuen, bizitasun handiz—. Orduan, gauza bat aitortuko dizut (baina ez gero errietarik egin, e!, ez esan zuria edo aurpegi bikoa naizenik). Zuk ikusteko irrikatzen nengoen.
— Zergatik baina?
— Ez dakit zergatik. Ez nizuke esango zergatik. Txikitan zu ere aitaren talèd azpian sartuko zintudan arrazoi berberagatik, pentsatzen dut... Ai, ahal izan banu! Oraindik ere ikusten zaitut, zure aitaren talèd azpian, gurearen aurreko eserlekuan. Ze pena ematen zenidan! Zentzugabekoa da, bai: baina, begiratzen nizunean, pena sentitzen nuen zuregatik, aita-amarik gabeko umezurtza izan bazina bezala.
Momentu batez isilik geratu zen, begiak sabaira zuzenduta zituela. Gero, ukalondoa burkoan bermatuz berriro ekin zion: serio, ordea, ilun.
Esan zidan pena handia ematen ziola, oso handia benetan, ni mintzeak. Baina, bestalde, beharrezkoa zen ni horretaz komentzitzea: alegia, ez genituela hondatu behar bion haurtzaroko oroitzapen ederrak, arrisku horretan eroriak ginen-eta. Guk biok elkar maitatzea! Benetan iruditzen zitzaidan posible?
Hain ezinezkoa zergatik iruditzen zitzaion galdetu nion.
Milaka arrazoirengatik —berak erantzun—, baina batez ere nirekin maitasuna egiteko pentsamenduak nahastu, aztoratu egiten zuelako: neba batekin, zera, Albertorekin egitea pentsatu balu bezalaxe. Egia zen txikitan nigana «zaleturik» egon zela; eta, batek jakin, beharbada horixe zen nirekin orain aurkitzen zuen oztopoa. Ni... ni bere «ondoan» negoen, ulertzen?, ez ordea «aurrean», eta maitasuna (berak behintzat horrela irudikatzen zuen) elkar menderatzeko prest zegoen jendearentzako gauza zen, kirol anker eta gogorra, tenisa baino askoz anker eta gogorragoa, kolperik baztertu gabe jokatu beharrekoa, eta bihotz on eta garbiaz baliatu gabe hura samurrago bihurtzeko.
Maudit soit à jamais le Rêveur inutile
qui voulut le premier, dans sa stupidité,
s'éprenant d'un problème insoluble et stérile,
aux choses de l'amour mêler l'honnêteté!
abertitu zuen Baudelairek, eta berak horretaz bazekien zerbait. Eta guk? Ergelkiro bihotz-garbiak izanik biok, biok berdinak eta zernahitan ere bi ur tanta bezalakoak («eta berdinak direnak ez dira elkarren kontra borrokatzen, sinetsidazu!»), batak bestea menderatu ahal izango zuen, bene-benetan «suntsitu»? Ez, mesedez. Jainko onak nolakoak egin gintuen ikusita, hori ez zen ez desiragarria ezta posiblea ere izango.
Baina baita hipotesi hutsagatik onartuta ere desberdinak ginela eta, beraz, gure artean aukera txikiren bat bazegoela harreman «ankerra» edukitzeko, nola jokatu beharko genuen, orduan? «Ezkonbidean» hasi, eraztunak trukatuz, gurasoei bisita eginez eta abar? Ze istorio eredugarria! Bizirik jarraitu balu eta horren berri jakitera iritsi balitz, gauza segurua zen Israele Zangwill-ek gehigarri mamitsu bat aterako zuela bere Ghettoko ameslariak obrarako. Eta ze satisfazioa, ze satisfazio «santua» guztientzat, elkarrekin agertzen ginenean Eskola Italiarrean ondoko Kippur jaian: aurpegia zertxobait argaldua barauagatik, baina ederrak hala ere, duintasun osoz bikotea osatuz! Gu ikustean ez zen faltako lege arrazialak bedeinkatu eta guzti egingo zituenik, aldarrikatuz horrelako elkartze eder baten errealitatearen aurrean gauza bakarra geratzen zela esateko: alegia, ez dagoela gaitzik on gaberik. Eta batek jakin Idazkari Federalari ere ez ote zitzaion bihotza samurtuko, viale Cavourtik! Isilpean bazen ere, ez al zen oraindik ere filosemita handi bat Bolognesi kontsul jator hura? Puah!
Isilik nengoen, estuturik.
Berak aprobetxatu zuen telefonoa hartu eta esateko afaria ekar ziezaiotela, baina ordu erdi barru, ez lehenago, «batere goserik» ez zuelako gau hartan —errepikatu zuen—. Biharamunera arte ez nintzen gogoratu, guztiaz berriro pentsatzean, bainugelan nengoelarik telefonoz hitz egiten entzun niola. Beraz, oker nengoen orduan, esango nion neure buruari ondoko egunean. Edozeinekin egon zitekeen hizketan, etxeko (edo kanpoko) norbaitekin, baina ez sukaldearekin.
Baina une hartan bestelako pentsamenduetan murgilduta nengoen. Micòlek telefonoa eskegi zuenean burua altxatu nuen.
— Gu biok berdinak garela esan duzu —esan nuen—. Zein zentzutan?
Bai ba —erantzun zuen—, nik ere, berak bezala, ez neukalako jende arruntak eduki ohi duen gauzetarako berezko gustu hori. Oso ondo igartzen zidan: niretzat, berarentzat bezainbeste bai behintzat, orainak baino areago iraganak zeukan garrantzia, jabetzak baino areago haren oroitzapenak. Oroitzapenaren aurrean, jabetza guztiak eskas, hutsal eta etsigarri baino ezin dira agertu... Ulertzen zidan, bai! Oraina «berehala» iragan bilakatu eta horrela neure gogara maitatu eta desiratzeko neukan irrika hori bera zeukan berak, berdin-berdina. «Gure» bizioa zen hura: burua beti atzera bueltatuta ibiltzea. Ez zen horrela?
Horrela zen —hala aitortu behar izan nuen neure baitan—, horrelaxe. Noiz besarkatu nuen? Ordubete lehenago, gehienez ere. Eta dena jada irreal bilakatua zen, alegiazkoa, beti bezala: ez sinesteko moduko gertakaria, edo haren beldur egoteko modukoa.
— Batek jakin —erantzun nuen—. Beharbada hori baino errazagoa da. Beharbada fisikoki ez naiz zure gustukoa. Agian hori da gertatzen dena.
— Ez esan txorakeriarik —protestatu zuen—. Zer ikustekorik du horrek?
— Edukiko ez du, ba!
— You are fishing for compliments, eta oso ondo dakizu zuk hori. Baina ez dizut eman nahi satisfazio hori, ez duzu merezi. Gainera, orain hasiko banintz errepikatzen zure begi berde-urdin argiei buruz (eta ez begiei buruz bakarrik) esan ditudan gauza eder guztiak, zer ondorio lortuko nuke? Zeu izango zinateke gaitzetsiko nindukeen lehena, pertsona zuri hutsa izateagatik. Pentsatuko zenuke: hara, makilaren ondoren azenarioa, eskupekoa...
— Nola eta ez...
— Nola eta ez zer?
Ezbaian nengoen, baina azkenean deliberatu egin nintzen.
— Nola eta ez den gertatzen —ekin nion berriro— beste norbait egotea tartean.
Ezetz egin zuen buruaz, niri begira.
— Tartean ez dago inortxo ere —erantzun zuen—. Nork egon beharko luke, ba?
Sinesten nion. Baina etsiak jota nengoen, eta zauritu nahi nuen.
— Niri galdetzen didazu? —esan nuen, ezpainak zimurtuz—. Denetik gerta liteke. Nork segurtatzen dit niri negu honetan ez duzula norbait ezagutu Venezian?
Barreari eman zion: barre alai, fresko, gardena zen.
— Ze gauzak bururatzen zaizkizun! —adierazi zuen—. Tesian buru-belarri lan egin baino ez dut egin eta!
— Ez didazu esango unibertsitateko bost urteetan ez duzula inorekin maitasunik egin! Esan egia: egongo zen mutilen bat, klasean, zure atzetik zebilena!
Seguru nengoen ezetz esango zidala. Baina oker nengoen.
— Bai, egon da norbait nitaz maiteminduta —onartu zuen.
Irudipena izan nuen esku batek urdaila harrapatu eta bihurritu egiten zidala.
— Asko? —lortu nuen galdetzea.
Ahoz gora etzanda zegoela, begiak sabaian josita, besoa doi-doi altxatu zuen.
— Ba... ez nizuke esango —erantzun zuen—. Utzidazu pentsatzen.
— Asko eduki dituzu, beraz!
Zeharka begiratu zidan, aurpegi gaiztoa jarriz, erabat zitala, sekulan ikusi ez nion bezalakoa, eta izutu egin nintzen.
— Beno... hiruzpalau esan dezagun. Ez, bost, zehazki... Baina den-denak flirt txikiak, egia esateko, mami gutxikoak... eta aspergarri samarrak.
— Zer esan nahi duzu?
— Bai, mutil... Lidon paseatu... Torcellira joan... musuren bat noizean behin... eskua esku gainean... eta zine piloa. Zine-orgiak.
— Klaseko lagunekin beti?
— Gutxi gora-behera.
— Katolikoak, ez?
— Bai, noski. Baina ez printzipioengatik, ordea. Begira: topatzen denarekin moldatu behar.
— Baina, zerarekin...
— Ez. Judìm-ekin ez, inondik ere. Eta ez klasean ez zeudelako. Baina hain serio eta itsusiak...!
Berriro begira jarri zitzaidan.
— Dena den, negu honetan, ezer ez —erantsi zuen irribarrez—: nahi baduzu zin egingo dizut. Ikasi eta erre baino ez dut egin: pentsa, Blumenfeld andereñoak, nork eta berak, irteteko akuilatu behar izaten ninduen!
Burko azpitik Lucky Strike pakete bat atera zuen, hasi gabea.
— Nahi al duzu bat? Ikusten duzun bezala, gauza gogorrekin hasi naiz.
Jakako patrikan sartua neukan pipa seinalatu nuen isilik.
— Zuk ere bai! —barre egin zuen, alaitasun handiz—. Zuen Giampi hori eskola egiten ari da, e?
— Eta kexatu egiten zinen lagunik ez zeneukalako Venezian! —deitoratu nuen—. Zenbat gezur. Emakume guztiak bezalakoa zara zu ere!
Buruari eragin zion, ez dakit nitaz ala bere buruaz errukitzeko.
— Flirt bat ere, oso txikia izan arren, ez da adiskidetasunarekin nahas daitekeen gauza —esan zuen malenkoniaz—; horregatik, lagunez hitz egin dudanean, aitortu behar duzu neurri batean bakarrik esan dudala gezurra. Baina arrazoia daukazu. Ni ere beste emakume guztiak bezalakoa naiz: gezurtia, traidorea, desleiala... Alde gutxi, beraz, Adriana Trentini batekin adibidez.
Silabak ohi bezala nabarmenduz esan zuen desleiala, baina halako harrotasun mingotsa ere erantsiz. Nire akatsa, akatsen bat edukitzekotan —esan zuen jarraian—, bera gehiegi ederrestea izan zen. Horrekin ez zuen bere burua zuritu nahi, inondik ere. Baina berak beti hainbesteko «idealismoa» antzeman zuen nire begietan, ezen nolabait behartuta sentitu baitzen egiatan baino hobea agertzeko.
Ez zen esateko beste askorik geratzen. Handik gutxira, Gina afariarekin sartu zenean (bederatziak jota ordurako), zutik jarri nintzen.
— Barkatu, joan beharra daukat —esan nuen, eskua luzatuz.
— Bidea ezagutzen duzu, bai? Edo nahiago duzu Ginak laguntzea?
— Ez, ez da beharrezkoa. Moldatuko naiz.
— Hartu igogailua, mesedez.
— Bai, noski.
Atean nengoela bueltatu egin nintzen. Goilara ezpainetara eramaten ari zen.
— Agur —esan nuen.
Irribarre egin zidan.
— Agur. Bihar hots egingo dizut.
© Giorgio Bassani
© itzulpenarena: Koldo Biguri