5
Hasierako denboretan Albertok berehala Milanera alde egingo zuela iragarri baino ez zuen egiten. Gero, poliki-poliki, horrelakorik esateari utzi, eta lizentziatura-tesi hura kontu handiz bazterrean utzi beharreko gai deseroso bat bilakatu zen azkenerako. Berak ez zuen ezertarako aipatzen, eta, itxura guztien arabera, guk ere ahaztea nahi zuen.
Lehenago esan dudan bezala, oso gutxitan esku hartzen zuen gure eztabaidetan, eta, horrelakoetan, garrantzi gutxiko gauzak esateko bakarrik. Malnateren alde zegoen, horretaz ez zegoen dudarik, pozik garaituz gero, baina kezkaturik garaile neu irteten banintzen. Baina gehienetan isilik egoten zen. Gehienez ere, esklamazioren bat jalgiko zitzaion («Ederrak gaude, ba!...; «Bai, baina nolabait...»; «Egon, egon: ikus dezagun lasai...»), barre laburren bat erantsiz edo ahapetik eztarriari eraginez, beharbada.
Fisikoki ere bere burua ezkutatzera, ezabatzera jotzen zuen, desagertzera. Malnate eta biok aurrez aurre eseri ohi ginen, gela erdian, bata dibanean eta bestea bi besaulkietako batean: erdian mahaitxoa, eta biok argipean. Oso gutxitan altxatzen ginen, logela ondoko komunera pasatzeko edo parkera ematen zuen leiho zabaleko kristalean zehar eguraldia miatzera joateko ez bazen. Albertok, berriz, nahiago zuen hondoan geratu, idazmahaiaren eta diseinu-mahaiaren barrikada bikoitzaren ostean babesturik. Jaikitzen zenean, gelako alde batetik bestera oin-puntetan ibiltzen ikusten genuen, ukondoak gerriari erantsita zituela. Irratigramofonoko diskoak aldatzen zituen bata bestearen ondoren, oso adi soinuaren bolumenak gure ahotsei gaina har ez ziezaien; hautsontziak begipean izaten zituen, betetzen zirenean bainugelan husteko; zeharkako argien intentsitatea erregulatzen zuen; beste te piska bat hartzeko gogoa ote genuen galdetzen zuen emeki; objetu batzuen kokaera aldatzen zuen. Hau da, gauza bakarraz —alegia, gonbidatuen garun garrantzitsuak ahalik eta giro-baldintzarik onenetan funtzionatzeko moduan egoteaz— arduratuta dagoen etxeko jaunaren zeregintsu itxura zeukan.
Nolanahi ere, bene-benetan uste dut bera zela gela hartan arnasten zen giro nolabait estugarria eragiten zuena bere gauzak ondo antolatuta egon behar harekin, bere ekimen zuhur aurreikusgaitzekin, bere jokamoldearekin. Nahikoa zen, ez dakit, gure solasaldien etenetan bera hastea eserita nengoen besaulkiaren bertuteak goraipatzen, haren bizkarrak jarrera «anatomikoki» zuzen eta egokiena «bermatzen» zielako ornoei; edo, pipa-tabakoa zeukan larru ilunezko poltsa zabalik eskaintzen zidanean gogorarazi nahi izatea zein ziren bere ustez gure Dunhill eta GBDari errendimendurik onena ateratzeko ezinbesteko pikadura kalitate desberdinak (gozotik hainbat, gogorretik hainbat, Marylandtik hainbat); edota inoiz ondo argitu ez ziren eta berak bakarrik zekizkien arrazoiengatik, halako irribarre batez jakinaraztea, kokotsa irratigramofonoaren aldera altxatuz batera, bozgorailuetako baten soinua aldi baterako ezabatuta geratuko zela: horrelako edo antzeko abaguneetan, nire nerbioak beti egoten ziren jauzi egiteko eta lehertzeko prest.
Arratsalde batean ezin izan nuen burutu. Bere jokaera, esan nuen oihuka Malnaterengana zuzendurik, afizionatu batena zen, turista batena azken finean, eta horrek aukera ematen zion Ferrarari buruz hain bihotz-zabal, hain barkabera azaltzeko. Baina nola ikusten zuen berak, zuzentasun, onberatasun eta abarren altxorrez mintzo zen hark, niri neuri gertatutako kasu bat, goiz gutxi batzuk lehenagokoa?
Via Scienzeko Udal Liburutegiko kontsulta-gelara paper eta liburu batzuekin joateko burutazio ederra izan nuen —hasi nintzen kontatzen—: batxilergoko urteetatik askotan joaten nintzen bertara, etxean bezala sentitzen nintzen han. Denak oso atseginak izaten ziren nirekin hango pareta zaharren artean. Letren Fakultatean matrikulatu nintzenean, Ballola doktore zuzendariak lankidetzat hartu ninduen. Begiz jo bezain laster, ondora etorri eta hantxe kontatzen zidan nola zihoan bere estudio partikularrean zeukan Ariostori buruzko material bibliografikoaz egiten ari zen ikerketa ordurako urtetsu samarra, seguru zegoelarik haien bitartez «alor honetan Catalanok lortutako emaitzak zalantzarik gabe gainditu» behar zituela. Eta hango enplegatuek ere, bestalde, erabateko uste onez eta hurkotasunez jokatzen zuten nirekin, liburuen fitxak betetzera behartu ez eta, gainera, noizean behin zigarroren bat erretzen ere uzteraino.
Beraz, esaten ari nintzen bezala, goiz hura bibliotekan pasatzeko burutazio ederra izan nuen. Bada, kontsulta-gelako mahai batean eseri eta behar nuen guztia atera bezain azkar, enplegatuetako bat, halako Poledrelli bat, hirurogei urte inguruko tipoa, lodia, alaitsua, pastajale ospetsua eta dialektoz ez bazen bi hitz segidan esateko gauza ez zena, hurbildu egin zitzaidan berehala alde egin nezala esatera. Poledrelli on hark, tente-tente, zilbotea barrura sartuz eta italieraz hitz egitea ere lortuz, ahots ozen ofizialez azaldu zidan zuzendari jaunak agindu garbiak eman zizkiola horretaz: beraz —errepikatu zuen—, mesedez zutitu eta alde egin behar nuen. Goiz hartan, kontsulta-gela eskola ertainetako neska-mutilez bereziki beterik zegoen. Gutxienez berrogeita hamar begi pare eta beste horrenbeste belarri pare izan ziren eszena haren lekuko, isiltasun osoan. Bada, arrazoi horrexegatik ere —jarraitu nuen—, ez zen inola ere atsegina izan niretzat zutitu, nire gauzak mahaitik jaso, karteran dena sartu eta gero, pausoz pauso, sarrerako beiraterantz abiatzea. Ongi: Poledrelli gizajoak aginduak bete baino ez zuen egin. Baina hobe zuen kontuz ibili, berak, Malnatek, kasualitatez hura ezagutzera iristen bazen (batek jakin Poledrelli ere Trotti maistraren zirkulu berekoa ez ote zen), hobe zuen kontuz ibili, herri xeheko baten aurpegi handi hartako itxurazko onberatasunak engainatua izan nahi ez bazuen. Armairua beteko bular haren barruan holako bihotz txikia ezkutatzen zen: herri-linfaz betea, konforme, baina ezertarako ere ez fidagarria.
Baina, gainera —insistitu nuen—, ez al zegoen lekuz kanpo orain bera etortzea sermoia egitera, ez dut esango Albertori, haren familia beti egon zelako hiriko gizarte bizitzatik aparte, baizik eta niri neuri, alegia, besteekin edozertan eta edozergatik nahasteko eta besteengana zabaltzeko gertu eta gertuegi ere zegoen giroan hazia nintzen honi? Gure aitak, gerrako boluntarioa bera, 1919an hartu zuen Fascio-ko karneta; ni neu atzora arte izan nintzen GUFeko kide. Gu beti jende oso normalen artekoak, are gehiago, normaltasun horretan arruntak ere izan ginenez gero, benetan zentzugabekeria izango zen orain guregandik, ez bat eta ez bi, arautik kanpoko jokaera espero izatea. Alderditik kanporatuta zegoela entzuteko Federaziora deitua izan ondoren eta, geroago, Merkataritza-Kamaratik ere egotzia izan ondoren bertan nahi ez zutelako, oso arraroa izango zen benetan gure aita gaixoak ezagutzen nion larritu eta nahastu aurpegia ez jartzea tratatzeko modu haren aurrean. Eta nire anaia Ernesto, unibertsitatera sartu nahi izanez gero Frantziara emigratu eta Grenobleko Politeknikoan matrikulatu beharko zuena? Eta Fanny, nire arreba, hamahiru urte bete berria, batxilergoa via Vignatagliatako eskola juduan egitera behartua? Beraiengandik ere espero izatekoa al zen aparteko jokamolderik, tupustean eskola-lagunen artetik, haurtzaroko adiskideen artetik urrunaraziak izan ondoren? Bai eta zera ere! Antisemitismo tankerarik gorrotagarrienetako bat huraxe zen: juduak behar bezain besteak bezalakoak ez zirela deitoratzea, eta gero, alderantziz, inguruko girora ia guztiz egokituak zeudela egiaztatu ondoren, besteak bezalakoxeak zirela, bataz beste ezta besteengandik apur bat desberdinak ere ez zirela.
Nire buruaz jabetzen utzi nion amorruari, eztabaidaren mugetatik dexente urrunduz, eta Malnatek, arretaz entzuten egon ondoren, ohartarazi egin zidan azkenean. Antisemita bera?, marmartu zuen: halako salaketa entzun behar zuen lehen aldia zen, egiatan! Artean burua bero nuelarik, erantzuna emateko nengoen, are epelagoak esateko. Baina, momentu hartan, nire kontrakoaren bizkarretik pasatzen nintzen bitartean txori izutu baten azkartasun narratsaz, Albertok eske-begirada bat bota zidan. «Aski duk, mesedez!», zioen haren begiradak. Hark behingoz, bere bihotzeko adiskidearen isilik, gu bion arteko gauzarik sekretuenari dei egite horrek hunkitu egin ninduen, ohi gabeko gertakari bat bailitzan. Ez nuen erantzunik eman, ez nuen besterik esan. Berehala, Beethovenen kuarteto baten lehen notak, Busch-ekoek joak, gelako giro ketsuan altxatu ziren nire garaipena azpimarratzeko.
Baina gau hura ez zen horregatik bakarrik izan garrantzitsua. Zortziak aldera, halako euri-jasa hasi zuen, non Albertok, telefonoz haien hizkuntza berezian kontsulta egin eta gero, amarekin beharbada, afaltzeko geratzea proposatu baitzigun.
Malnatek pozez onartuko zuela iragarri zuen. Ia beti Giovanni-n afaltzen zuen —kontatu zigun—, «zakurra bezain bakarrik». Ez zitzaion egia iruditzen gau bat «familian» pasatu ahal izatea.
Nik ere onartu nuen. Baina etxera deitzen uzteko eskatu nuen.
— Jakina! —jalgi zitzaion Albertori.
Normalean bera esertzen zen lekuan, idazmahai atzean alegia, eseri eta zenbakia markatu nuen. Itxarotean, albo batera begiratzen nuen, zuhaitzen multzoa ozta-ozta nabaritzen zen leihoko kristalez bestaldean. Argi txiki bat diz-diz ari zen parkearen eten beltzaren ostean, auskalo non.
Azkenean, aitaren ahots kexatiak erantzun zuen.
— Zu al zara? —esan zuen—. Kezkatzen hasiak geunden. Nondik ari zara deitzen?
— Kanpoan afalduko dut —erantzun nuen.
— Euri honekin?
— Hain zuzen ere.
— Finzi-Continitarren etxean al zaude oraindik?
— Bai.
— Etxera iristen zaren orduan iristen zarela ere, etor zaitez niregana, mesedez. Badakizu ez dudala loak hartzea lortzen...
Mintzagailua eskegi eta begiak altxatu nituen. Alberto begira neukan.
— Dena ondo? —galdetu zuen.
— Dena ondo.
Hirurak korridorera irten, saloi eta salatxo batzuk gurutzatu, eskailera batzuetatik jaitsi —haren bukaeran Perotti zegoen, jaka eta guante zuriz— eta handik jangelara igaro ginen zuzenean.
Ordurako han ziren familiako beste guztiak: Ermanno irakasle jauna, Olga andrea, Regina andrea, eta Veneziako osabetako bat, tisiologoa hain zuzen; berau, Alberto sartzen ikustean, zutitu, gerturatu eta musu eman zion bi masailetan, eta gero, arretarik gabe hatz batez begi bateko beheko betazala jaisten zion bitartean, han zergatik zegoen kontatzen hasi zitzaion. Bilera batera joan behar izan zuen Bolognara —zioen—, eta gero, itzultzeko orduan, tren bat eta bestearen artean afaltzen gera zitekeela pentsatu zuen. Sartu ginenean, Ermanno irakasle jauna, emaztea eta koinatua beheko su piztuaren aurrean eserita zeuden, eta haien oinetan etzanda Jor, luze bezain zabal. Regina andrea, aldiz, mahai aurrean eserita zegoen, erdiko argi-armiarmaren azpi-azpian.
Finzi-Continitarren etxean izandako nire lehen afariko oroitzapena derrigorrez nahastuta dago nire baitan negu hartantxe magna domus-en parte hartu nuen beste afari ugarietakoekin. Hala ere, zehaztasun bitxi batez daukat gogoan gau hartan jan genuena: arroz-zopa gibelarekin, indioilo-haragia gelatinatan, mingain ondua oliba beltzekin eta ozpinetan beratutako espinakekin, txokolate-pastela, fruta freskoa eta fruitu lehorrak, intxaurrak, urrak, mahats-pasak eta pinaziak. Gogoan dut, orobat, ia berehala, mahaian eseri orduko, Albertok bere kasa kontatu zuela Udal Bibliotekan jasan berri nuen bazterketa, eta berriro harrigarria iruditu zitzaidala albisteak lau zahar haiengan ia inolako eraginik ez edukitzea. Hain zuzen ere, egoera orokorraz noiz edo noiz egiten zituzten iruzkinak, eta afariak iraun zuen bitarte guztian behin baino gehiagotan aipatu zituzten Ballola-Poledrelli bikoteari buruzkoak, ez ziren haien aldetik oso mikatzak izan: ziri dotoreak, ia alaiak, besterik ez. Eta alaitasuna, alaitasun garbia eta satisfazioa nabaritu zitzaizkion geroago ahotsean Ermanno irakasle jaunari, besotik heldu eta proposatu zidanean nahi nuenean eta nahi nuen bezala erabil nitzala etxeko ia hogei mila liburuak, haietako asko eta asko —esan zidan— XIX. mende erdi eta bukaerako italiar literaturakoak.
Baina lehen gau hartatik atentzioa gehien eman zidana, zalantzarik gabe, jangela bera izan zen, zur gorrixkaz eginiko altzari lore-estilokoekin, ia giza-ahoa zirudien tximinia aho makur eta bihurrikoarekin, larruz forratutako paretekin —bat izan ezik: osorik kristalezkoa, parkeko ekaitz isila enkuadratzen zuena Nautiluseko idibegi baten antzera—: guztiz kuttuna, guztiz babestua, guztiz lurperatua esango nuke, eta batez ere guztiz egokia niretzat orduan, oraintxe ulertzen nuen, gazteen bihotza hainbat aldiz den txingar nagi moduko hura babesteko.
Atetik sartutakoan, bai Malnateri eta bai niri ere oso harrera atsegina egin ziguten, eta ez bakarrik Ermanno irakasle jaunak, beti bezain gizabidetsu, alai eta bizi, baina baita Olga andreak ere. Berak banatu zituen mahaiko postuak. Malnateri beraren eskuinekoa egokitu zitzaion; niri, mahaiko beste muturrean, senarraren eskuinekoa; anaia Giuliori beraren ezkerrekoa, beraren eta ama zaharraren artean. Beronek ere, bitartean, ezin ederrago bere masail arrosekin, inoiz baino ugari eta argitsuago ageri ziren bere zetazko ile zuriminekin, ingurura begiratzen zuen onbera eta dibertiturik.
Nire aurreko eserlekua, plater, edontzi eta mahai-tresnaz beterik, zazpigarren gonbidatu baten zain zegoela zirudien. Perotti arroz-zopa ontziarekin bueltaka zebilen bitartean, ahapeka galdetu nion Ermanno irakasle jaunari norentzat gordea zegoen bere ezkerreko aulkia. Eta erantzun zidan, ahapeka orobat, aulki hura «seguru aski» ez zegoela inoren zain (ordua begiratu zuen bere eskumuturreko Omega handian, buruari eragin eta hasperen egin zuen), normalean Micòlek hartzen zuen aulkia zelako: «Micòl nireak» esan zuen zehazki.
© Giorgio Bassani
© itzulpenarena: Koldo Biguri