4

 

        Etxeko gainontzekoek beren burua ikusten utzi zuten arte, denbora piska bat behar izan zen.

        Honetaz esan behar da, gainera, pasadizo bitxia gertatu zela lehen egunean, halako moldez non ondoko astearen erditsuan gogoratu nintzenean, artean Ermanno irakasle jauna eta Olga andrea agertu gabe zeudela, susmatzen hasi bainintzen Adriana Trentinik «zaharreria» deitzen zuen horretako guztiek erabakia zutela aho batez tenis kantxatik aparte geratzea: enbarazu ez egitearren, beharbada, batek jakin, beren presentziaz ez kutsatzearren bisita haiek, berez bisita ez zirenak, baizik eta gazteek lorategian egiten zituzten bilera soilak.

        Pasadizo bitxi hori hasieran gertatu zen, sarrerako bidetik bizikletan urrundu ginenean Perotti eta Jor guri begira utzita. Habe beltzez eraikitako zubi trinko arraro batetik Panfilio ubidea gurutzatu ondoren, gure bizikletadun taldea ehun bat metrora iritsi zen magna domus-aren mole neogotiko bakartitik, edo, zehatzagoak izatearren, haren aurrean irekitzen zen zabaltoki legartsu tristetik; bada, orduantxe, zabaltokiaren erdi-erdian geldirik zeuden bi pertsonek erakarri zuten guztion arreta: bata emakume zahar bat zen, besaulki batean eseria kuxin mordo batekin bizkarrari eusteko, eta bestea, haren atzean zutik, ile horiko emakume gazte bat, mardula, neskame itxura zuena. Barrura sartzen ikusi gintuenean, bihotzondoko moduko batek astindu zuen andrea. Horren ondoren, beso-mugimendu handiak egiten hasi zen ezetz esateko, ez genuela handik jarraitu behar, bera zegoen zabaltokirantz, han atzean etxea baino ez zegoelako, baizik eta eskuinera hartu behar genuela, seinalatzen ari zitzaigun bezala, aihen-arrosadiek osatzen zuten tuneleko bidezidorretik, haren bukaeran automatikoki aurkituko baikenuen tenis kantxa (Micòl eta Alberto jokatzen ari ziren ordurako: ez al ziren aditzen gu geunden lekutik haien arraketek bola elkarri itzultzean egiten zituzten kolpe jarraituak?). Regina Herrera andrea zen, Olga andrearen ama. Berehala ezagutu nuen, garondoan mototsean bilduta zeraman ile ugariaren zuritasun bizi bereziagatik; beti miretsi nuen haren ilea, Tenpluan, umetan, andretokiko zur-saretik barrena antzematen nuenean. Amorruz beteriko kemenez eragiten zien esku-besoei, bitartean neskari —Dirce zen— zutitzen laguntzeko keinua eginez. Aspertua zegoen han egoteaz, etxera itzultzeko gogoa zeukan. Eta neskameak bat-bateko ganoraz bete zuen agindua.

        Arratsalde batean, ostera, espero zenaren kontra, Ermanno irakasle jauna eta Olga andrea agertu zitzaizkigun. Parkean ibilaldi luzea egin ondoren tenis kantxa ondotik kasualitatez igaro zirelako itxura zekarten. Besotik helduta zebiltzan. Emaztea baino txikiago eta orduan hamar urte —Eskola Italiarrean banku batetik bestera egiten genituen solasaldi xuxurlatuen garaian— baino makurtuago, irakaslea oihal argiko bere traje arinetako batez jantzita zegoen, zinta beltzeko panama-kapela bat zuela pince-nez moduko lente lodien gainean ondo sartua, eta banbuzko makila batean sostengatzen zen ibiltzeko. Andreak, doluz jantzita, ibilaldian zehar lorategiko bazter urrunen batean bildutako krisantemo sorta handi bat zeraman besoetan. Trabeska estutzen zituen bularraren kontra, eskuineko besoaz inguratzen zituelarik jabetasun edo ia amatasun jarrera samur batez. Artean tente ibili eta senarrari buru osoa atera arren, oso zaharkituta ageri zen bera ere. Ileak osorik gristuak zituen: gris itsusi beldurgarri batez. Bekoki hezurtsu irtenaren azpian, haren begi beltz-beltzek betiko gar fanatiko eta sufrituaz egiten zuten dizdiz.

        Gure artetik eguzkitakoaren inguruan eserita zeudenak zutitu egin ziren; jokatzen ari zirenek utzi egin zioten.

        — Lasai, lasai —esan zuen irakasleak bere ahots musikal atseginaz—. Ez dizuegu trabarik egin nahi. Jarraitu jokoan.

        Esana ez zuen inork bete. Micòl eta Alberto azkar arduratu ziren gu aurkezteaz, Micòl batez ere. Izen-abizenak esateaz gainera, bere ustez aitaren interesa piztu behar zuena argitzen luzatzen zen: ikasketak eta lanbideak lehendabizi. Nirekin eta Lattesekin hasi zen, bataz zein besteaz epel-epelean hitz eginez, objetibotasun nabarmenez: abagune berezi hartan aitari aparteko inolako ederrespen edo hobespen seinalerik antzematen ez uztearren bezala. «Koadrilako letrako biak» ginen, «mutil jatorrak». Ondoren Malnategana pasatu zen. Hona hemen zientziarako grinaren adibide eder bat! —jaregin zuen, enfasi ironikoaz—. Kimikarako itsua izanik, horrek bakarrik bultzatu zuen Milan bezalako metropoli aukeraz beteriko bat atzean uztera («Milàn l'è on grand Milàn!»), gurearen moduko «hiri txatxar» batean lurperatzeko.

        — Industrialdean lan egiten du —azaldu zuen Albertok, labur eta serio—. Montecatini enpresaren lantegi batean.

        — Goma sintetikoa produzitu behar zuten —erantsi zuen Micòlek maltzur—, baina ez dirudi oraindik lortu dutenik.

        Ermanno irakasle jaunak eztul egin zuen. Hatzaz Malnate seinalatu zuen.

        — Zu Albertoren ikaskidea zinen unibertsitatean —adierazi zuen, era onean—, ez da egia?

        — Nolabait bai —erantzun zuen besteak, buruaz baiezkoa eginez—. Fakultate desberdinetan ikasten genuen eta ni bera baino hiru urte aurrerago nengoen, baina hala ere lagun handiak izatera iritsi ginen.

        — Badakit, bai. Gure semeak askotan hitz egin digu zutaz. Behinola esan zigun, gainera, zenbait aldiz egon dela zuen etxean eta zure gurasoak oso jatorrak izan zirela berarekin. Eskerrak emango dizkiezu gure partetik berriro ikusten dituzunean? Bitartean, oso pozik gaude zu hemen edukitzeaz, gure etxean. Eta zatoz berriro, e!... zatoz nahi duzun guztietan.

        Micòlen aldera bueltatu eta, Adriana seinalatuz, galde egin zion:

        — Eta andereño hau nor dugu? Oker ez banago, Zanarditar bat izan behar du...

        Solasaldiak tonu horretan jarraitu zuen harik eta aurkezpen guztiak, baita Micòlek Ferrarako tenisaren «bi itxaropenak» bezala definitu zituen Carletto Sani eta Tonino Collevattirenak ere, amaitu ziren arte. Azkenean, Ermanno irakasle jauna eta Olga andrea, denbora guztian senarraren ondoan egondakoa txintik esan gabe eta noizean behin onbera itxuraz irribarre egitera mugatuz, etxerantz urrundu ziren, besotik helduta beti.

        Irakasleak «Ikusi arte» ezin atseginago batez agurtu gintuen arren, inori ez zitzaigun burutik pasatu promesa horri jaramon gehiegirik egitea.

        Alabaina, ondoko igandean, kantxan Adriana Trentini eta Bruno Lattes alde batean eta, bestean, Désirée Baggioli eta Claudio Montemezzo ahalegin betean ari zirelarik partidu bat jokatzen —Adrianak berak proposatu eta antolatu zuen partidua, horrela, haren arabera, Brunok eta biek errebantxa hartzeko, «errebantxa morala behintzat», Barbicinti markesak egin zien itsusikeriagatik; dena dela, orduan ez zirudien gauzak berdin zihoazkienik: Adriana eta Bruno galtzen ari ziren, garbi-garbi gainera—, orduantxe, partidu bukaera aldean, «zaharreria» guztia azaldu zen banan-banan aihen-arrosen bidezidorretik. Segizio txiki bat ziruditen. Buruan, Ermanno irakasle jauna eta andrea. Ondoren, gertu samar, Veneziako Herrera osabak: lehena, ezpain lodi irtenetan zigarroa zuela, eta eskuak bizkarrean gurutzatuta, gogoz kontra herrian dagoen hiritarrek izan ohi duten zapuztu itxuraz inguruetara begira; bigarrena, metro batzuk atzerago, Regina andreari besotik heldurik, bere ibilera amaren pausaje motel-motelera egokituz. Tisiologoa eta ingeniaria Ferraran bazeuden —nioen nire arterako—, ospakizun erlijiosoren batengatik izan behar zuen. Baina, zeinengatik? Roshashanà jaiaren ondoren, eta hura urrian izan zen, ez nuen gogoratzen beste zein jai zegoen udazkenean. Succòth, agian? Zitekeena. Nolaz eta ez zen Federico ingeniaria Estatuko Trenbideetatik egotzia izanak —eta hori ere zitekeena zen— aparteko famili-batzarrerako deia egitea gomendatu zuela...

        Txukun-txukun eseri ziren, zaratarik apenas egin gabe. Regina andrea salbuespen bakarra. Etzateko aulki batean jartzen lagundu zioten unean, ozenki, gor ahotsez, bizpahiru hitz esan zituen etxeko hizkeran. Lorategian, ordu hartan, hezetasuna «mucha» zelako kexatzen zen. Baina haren ondoan Federico semea zegoen erne, eta berak ere ozenki (baina ahots neutroa erabiliz, gure aitak bezala lagunarte «mistoan» zegoelarik familiako norbaitekin, harekin bakarrik, hitz egin nahi zuenean), azkar asko isilarazi zuen. «Callada» egoteko, isilik alegia. «Musafir» jendea zegoela.

        Ezpainak Micòlen belarrira hurbildu nituen.

        — «Callada» zer den badakit. Baina «musafir», zer esan nahi du?

        — Gonbidatua —xuxurlatu zuen erantzun gisa—. Baina goi.

        Eta barre egin zuen, eskuaz ahoa ezkutatuz haur baten antzera, eta begi-keinu bat eginez: Micòl, 1929ko estiloa.

        Geroago, partiduaren bukaeran, eta bi «fitxaketa» berriak, Désirée Baggioli eta Claudio Montemezzo alegia, aurkeztu eta gero, apartean Ermanno irakasle jaunarekin gertatu nintzen. Parkean, eguna ohi bezala ari zen iluntzen itzal nahasi esne-kolore batez. Hamar bat metro urrunduta nengoen sarrerako ateskatik. Zuzen begiratzen nuen eguzki argiz beteriko Aingeruen Harresi urrunetara, nire atzean Micòlen ahots zorrotza entzuten nuela beste guztien gainetik. Auskalo norekin zegoen ernegatuta, eta zergatik.

        «Era già l'ora che volge il disìo...», deklamatu zuen ahots ironiko apal batek, nigandik oso gertu.

        Harrituta bueltatu nintzen. Ermanno irakasle jauna zen, onberatasunez irribarretsu, oso pozik bihotzikara hura eman zidalako. Gozoki besotik heldu zidan, eta gero, oso poliki, itxiturako burdinsaretik urrun samar beti, eta noizean behin geraldiak eginez, tenis kantxa inguruan ibiltzen hasi ginen. Bira ia oso bat eman genuen, eta gero, bukaeran, atzera itzuli. Aurrera eta atzera. Iluntasun gero eta handiagoan, zenbait aldiz errepikatu genuen maniobra hura. Bitartean, hizketan jardun ginen, edo, hobeto esanda, gehienbat hizketan jardun zena bera izan zen, irakaslea.

        Hasteko, galdetu zidan zer iritzi nuen tenis kantxaz, ea hain ezegokia iruditzen al zitzaidan benetan. Micòlek ez omen zuen zalantzarik: hari kasu eginez gero, goitik behera berregin behar zen, irizpide modernoei jarraituz. Bera, ordea, ez zegoen seguru. Beharbada, ohi bezala, bere «lurrikara maiteak» gehiegizkoak esaten zituen, beharbada ez zen beharrezkoa izango dena hankaz gora jartzea, hark zioen bezala.

        — Edonola ere —erantsi zuen—, egun gutxi barru euria hasiko du, alferrik da amets egitea. Hobe datorren urterako uztea egin beharrekoa, ez al zaizu iruditzen zuri ere, Giorgio?

        Hori esanda, zertan nenbilen galdetu zidan, zer egiteko asmoa nuen etorkizun hurbilean. Eta zer moduz zeuden gurasoak.

        Aitaren berri galdetzen zidan bitartean, bi gauzataz ohartu nintzen. Lehena, kosta egiten zitzaiola nire izenez deitzea, hainbeste ere non handik gutxira, tupustean gelditu eta zabal-zabal aitortu zidan, eta nik berehala eskatu nion, gartsuki eta era onean, mesede hori egin ziezadala, jauna ez deitzeko, haserretu egingo nintzela bestela. Bigarrena, aitaren osasunaz galde egiten zidan bitartean ahotsean eta begitartean (begietan batik bat: betaurrekoen lenteek, haiek handitzean, areagotu egiten zioten begiradaren seriotasun eta eztitasuna) zituen errespetu eta interesa ez zirela ezertarako behartuak, inondik ere ez itxurazkoak. Goraintziak emateko eskatu zidan. Bai eta bere «txaloa» ere: hura arduratzen hasi zenez geroztik gure hilerrian landatuak izan ziren zuhaitz ugariengatik. Are gehiago, pinurik behar al zen? Libanoko zedrorik? Izairik? Zume negartirik? Galde niezaiola aitari. Behar baldin bazen (gaurko egunean, nekazaritza modernoak zituen bitartekoekin, enbor sendoko zuhaitzak birlandatzeak ez zuen lan handirik behar), nahi adina eskainiko zituen berak poz-pozik. Ideia zoragarria, aitortu behar nuen! Landare handi ederrez beterik, gure hilerria ere iritsiko zen noizbait Veneziako Lidoko San Niccolòn zegoenaren parera, zein baino zein.

        — Ez al duzu ezagutzen?

        Nik ezetz.

        — Ba, joan behar duzu, joan behar duzu lehenbailehen ikustera! —esan zuen, bizi-bizi—. Monumentu nazionala da! Gainera, zu letretakoa zarenez gero, gogoan izango duzu nola hasten den Giovanni Pratiren Edmenegarda.

        Nire ezjakintasuna aitortzera behartuta sentitu nintzen berriro.

        — Ba, zera —heldu zion berriro Ermanno irakasle jaunak—, Pratik hantxe bertan hasten du bere Edmenegarda, Lidoko hilerri juduan: hemeretzigarren mendean Italiako lekurik erromantikoena izateko ospea zeukan. Kontuz, baina: joaten zarenean, ahaztu gabe esaiozu hilerrizainari (berak dauka burdinatearen giltza) zaharra bisitatu nahi duzula, gogoan izan, hilerri zaharra, eta ez ondoan baina aparte dagoen bestea, modernoa. Zaharrean XVII. mendeaz gero ez dute inor lurperatu. Nik 1905ean deskubritu nuen, pentsa. Zuk orain daukazun adina bi aldiz neukan arren, ezkongai nengoen, artean. Venezian bizi nintzen (bi urtez egon nintzen bizitzen), eta Campo dei Frariko Estatuko Artxibategian ez banengoen, XVI-XVII. mendeetan Komunitate veneziarra osatzen zuten «nazio» desberdinei buruzko eskuizkribuak miatzen (lau nazio zituen: ekialdetarra, mendebaldarra, alemaniarra eta italiarra), ba, hantxe egongo nintzen, baita neguan ere. Hori bai, ia inoiz ez nintzen bakarrik joaten —hemen irribarre egin zuen—, eta, nolanahi ere, artxibo-lanarekin jarraitzen nuen kanposantuko hilarriak banan-banan deszifratzen, gehienak XVI. mende hasierakoak baitira eta espainieraz eta portugaleraz idatzita baitaude. Arratsalde zoragarriak, haiek, bai...! Hura bakea, hura lasaitasuna... aintziraren aurre-aurrean, burdinate txikia guretzat bakarrik zabaltzen zelarik! Han barruan hasi ginen ezkongaietan Olga eta biok.

        Une batez isilik geratu zen. Horretaz baliaturik, artxibo-ikerlan horiek zein helburu zehatz zuten galdetu nion.

        — Hasieran, Veneziako juduen historia idazteko asmoa neukan —erantzun zuen—: Olgak berak iradokitako gaia, geroago Roth-ek, Cecil Roth ingelesak (judua bera ere) hamar urte geroago bikain aztertu zuena. Gero, historialariei askotan gertatzen zaien bezala gehiegi... grinatzen direnean, XVII. mendeko agiri batzuekin topo egin eta erabat erakarri zuten nire interesa, eta azkenerako guztiz bestelako bidea hartu nuen. Kontatuko dizut, kontatuko dizut berriz itzultzen bazara... Bene-benetako nobela bat, alderdi guztietatik begiratuta... Dena dela, egin nahi nuen historia liburu lodiaren ordez, bi urteren buruan bi opuskulu idaztea baino ez nuen lortu (emaztea aurkitzeaz aparte, noski): bata, oraindik baliagarria iruditzen zaidana, hilerriko inskripzio guztiak bilduz; eta bestea, esan dizkizudan XVII. mendeko paper horien berri emanez, baina gertakari hutsak azalduz bakarrik, inolako interpretaziorik egitera ausartu gabe. Nahi al dituzu ikusi? Bai? Egun hauetako batean opari egiten utziko didazu. Baina horretaz aparte, joan zaitez, mesedez, joan zaitez Lidoko hilerri judua ikustera (hilerri zaharra, ez ahaztu)! Merezi du, ikusiko duzu. Duela hogeita hamabost urte zegoen bezalaxe topatuko duzu: berdin-berdin.

        Mantso-mantso, tenis kantxarantz itzuli ginen. Inor ez zen geratu ikusten, baina, ia erabateko iluntasunean, Micòl eta Alberto Sanik jokatzen segitzen zuten. Micòl kexatzen ari zen: «Cochet» korrika gehiegi eginarazten ari zitzaiola, ez zela «gizalegez» portatzen ari eta «egiazki ilunegi» zegoela.

        — Micòlek esan dit oraindik ez dakizula zertaz egin tesia, arteari buruz ala italierari buruz —esaten ari zitzaidan, bitartean, Ermanno irakasle jauna—. Erabaki al duzu?

        Erantzun nuen erabaki nuela, tesia italierari buruz egingo nuela. Zalantzan egon nintzen —azaldu nion—, batez ere orduan egun gutxira arte espero izan nuelako Longhi irakasle jaunarekin egitea tesia, bera baitzen arte-historiako titularra, baina azken momentuan Longhi jaunak irakaskuntzatik bi urteko eszedentzia eskatu zuela. Haren zuzendaritzapean egitea gustatuko zitzaidan tesiaren gaia XVI. mendearen bigarren zatiko edo XVII. mende hasierako pintore ferraratar talde bat zen: Scarsellino, Bastianino, Bastarolo, Bonone, Caletti, Calzolaretto eta beste batzuk. Longhiren gidaritzaz bakarrik lortuko nuen zerbait txukuna ateratzea horrelako gai batekin. Eta beraz, Longhik bi urteko eszedentzia lortu zuenez gero Ministeriotik, egokiagoa iruditu zitzaidan italierari buruzko edozein gai hartzea tesirako.

        Adi egon zitzaidan, gogoetatsu.

        — Longhi? —galdetu zuen bukaeran, ezpainak dudati kizkurtuz—. Nola? Dagoeneko izendatu al dute Arte-Historia katedrako titular berria?

        Ez nuen ulertzen.

        — Bai —insistitu zuen—. Beti entzun dut arte-historia irakaslea, Bolognan, Igino Benvenuto Supino dela, Italiako judu-herriko gizonik ospetsuenetako bat. Hortaz...

        Izan zen, bai —moztu nion—, izan zen: 1933ra arte. Baina 1934tik, Supino adinagatik erretiratu zenean, haren posturako Roberto Longhiri deitu zioten, hain zuzen. Ez al zituen ezagutzen —jarraitu nuen, ni ere pozik informazio hutsune batean harrapatu nuelako— Roberto Longhik Piero della Francescaz eta Caravaggio eta haren eskolaz egindako saiakera funtsezkoak? Ez al zuen ezagutzen Officina ferrarese liburua, 33an hainbesteko zarata aterarazi zuena, urte hartan bertan Palazzo dei Diamanti-n antolatu zen Ferrarako Errenazimenduari buruzko Erakusketa egin zenean? Nire tesia lantzeko, Officina-ko azken orrietan oinarritu nahi nuen hain zuzen, doi-doi ukitzen zutelako gaia: maisuki, baina sakondu gabe.

        Ni hizketan ari nintzen, eta Ermanno irakasle jauna, inoiz baino makurtuago, isilik adi. Zertaz ari ote zen pentsatzen? Italiaren Batasunetik gure egunetara arte Italiako judu-herriaren edergarri izandako unibertsitateko «gizon txit ospetsu» haien kopuruaz? Zitekeena zen.

        Orduantxe, baina, bat-batean zuzpertu egiten zela ikusi nuen.

        Ingurura begira eta ahotsa xuxurla apal-apal batera mugatuz Estatuko sekretu baten berri adierazi behar balit bezalaxe, nobedade handia jakinarazi zidan: Carducciren gutun sorta argitaragabe bat zeukala, poetak amari idatziak 1875ean. Haiek ikustea interesatzen bazitzaidan, eta gero italierazko tesi baterako gai izateko egokiak zirela irudituz gero, guztiz prest zegoela niri emateko.

        Meldolesi nuela buruan, irribarre egin nuen, nola ez. Eta Nuova Antologia-ra bidali beharreko saiakera? Hainbeste aldiz hitz egin eta gero, ez al zen iritsi ezertxo ere egitera? Meldolesi gaixoa. Baziren urte batzuk Bolognako Minghetti-ra aldatu zutela, berarentzat atsegin handiz, bai horixe! Noizbait bisita egin beharko nion...

        Ermanno irakasle jauna iluntasuna eta guzti konturatu zen irribarrez nengoela.

        — Badakit, badakit —esan zuen— axola gutxi dizuela Goisue Carduccik gazteoi azken bolada honetan! Badakit haren ordez Pascoli bat edo D'Annunzio bat nahiago duzuela.

        Nekerik gabe sinestarazi nion beste arrazoi bategatik egin nuela irribarrea, nahigabeagatik hain zuzen. Jakin banu lehenago Carducciren gutun argitaragabe batzuk zeudela Ferraran! Calcaterra irakasleari Panzacchiri buruzko tesia proposatu ordez —ordurako egina nuen bezala—, zalantzarik gabe askoz interes handiagoa zuen «Carducci eta Ferrara» proposatuko nion. Auskalo, baina: Calcaterra jaunari argi eta garbi hitz eginez gero, pertsona jator-jatorra zen-eta, beharbada lortuko nuen oraindik Panzacchi utzi eta Carducci hartzea, oso lotsagarri geratu gabe.

        — Noiz espero duzu aurkeztea tesia? —galdetu zidan azkenik Ermanno irakasle jaunak.

        — Ba... Datorren urtean espero dut, ekainean. Ez ahaztu ni ere ikasle librea naizela.

        Baiezkoa egin zuen zenbait aldiz, isilik.

        — Ikasle librea? —hasperen egin zuen azkenik—. Bueno, berdin dio.

        Eta keinu lauso bat egin zuen eskuaz, esanez bezala gertatzen ari zen guztiarekin bai nik eta bai bere seme-alabek ere bagenuela astia, baita gehiegi ere.

        Baina aitak arrazoia zuen. Funtsean ez zirudien horregatik oso nahigabetuta. Alderantziz.

 

 

 

© Giorgio Bassani

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giorgio Bassani / Finzi-Continitarren lorategia" orrialde nagusia