1

 

        Barchetto del Ducako murruaz bestaldera benetan igaro, oihan pribatu handiko zuhaitz eta soiluneetan barneratu eta magna domus eta tenis kantxaraino iritsi nintzen lehen aldia hamar bat urte geroago izan zen.

        Hori 1938an izan zen, lege arrazialak indarrean sartu zirenetik bi hilabete inguru igaro zirela. Ondo oroitzen naiz. Urri bukaera aldeko arratsalde batean, mahaitik altxatu eta minutu gutxira Alberto Finzi-Continiren telefono-deia jaso nuen. Egia zen, bai ala ez —galdetu zidan berehala, inolako hitzaurrerik gabe (kontuan izan bost urte bazirela hitzik gurutzatzen ez genuela), nik eta «beste guztiek» denok batera utzi behar izan genuela Eleonora d'Este Tenis Kluba, lehendakariordeak eta idazkariak sinatutako gutunak jaso eta gero: «bota» gintuztela, alegia?

        Argi eta garbi ukatu nion: ez zela egia, nik behintzat ez nuela jaso holako gutunik.

        Baina berak, berehala, nire ukapena aintzat hartu ez balu bezala, edo entzuten egon ere ez balitz bezala, beren etxean jokatzera joatea proposatu zidan. Onartzen banuen lur zapaldu zuriko kantxa bat, out gutxikoa —jarraitu zuen—, eta, batez ere, zalantzarik gabe hobeto jokatzen nuenez, berarekin eta Micòlekin «lau pelotakada» egitera dinatzen banintzen, biak oso pozik eta oso «ohoratuta» sentituko zirela. Eta edozein arratsalde zetorkien ondo, erantsi zuen, proposamena ontzat hartzen banuen. Gaur, bihar, etzi: nahi nuenean joan nintekeen, nahi nuen edonor eramanez, baita larunbatean ere, jakina. Alde batera utzita bera beste hilabetetxo batez gutxienez geldituko zela Ferraran Milango Politeknikoko klaseak ez zirelako hasiko azaroaren 20a baino lehen (Micòlek patxada handiagoz hartzen zuen, eta, gainera, urte hartan ikasle librea zela eta, sinadura eske han egon beharrik ez zeukanez, auskalo oinik jarriko ote zuen Ca' Foscari-n), ez al nuen ikusten nolako egun ederrak egiten ari zen? Eguraldiak eusten zion bitartean, egiazko krimena izango zen ez aprobetxatzea.

        Sinesmen gutxiagoz ahoskatu zituen azken hitzok. Bazirudien bat-batean gogoeta ez oso alaia izan zuela, edota aspertasun sentsazio tupustekoa bezain arrazoigabea eduki ondoren ez zuela nahi ni joaterik, haren gonbidapena onartzerik.

        Eskerrak eman nizkion, ezer zehatzik agindu gabe. Zergatik dei hura?, galdetu nuen neure artean, ez harridurarik gabe, eskegi nuenean. Izan ere, bera eta bere arreba Ferraratik kanpora ikastera bidali zituztenetik (Alberto 1933an, Micòl 34an: urte haietantsu Ermanno irakasle jaunari baimena eman zion Komunitateak via Mazziniko Tenpluko eraikuntzari erantsitako sinagoga espainiarra erabiltzeko «familiaren eta unean uneko interesatuen beharretarako; hartara, Eskola Italiarrean, gurearen atzeko bankua beti hutsik egon zen aurrerantzean), aldi banaka batzuetan baino ez genuen elkar ikusi, eta beti urrundik eta presaka. Denbora hartan guztian benetan arrotz bilakatu ginen batzuk besteentzat, hainbesteraino ere non 1935eko goiz batean, Bolognako tren geltokian nengoela (letretako bigarren urtea egiten ari nintzen, eta esan daiteke egunero ibiltzen nintzela trenez gora eta behera), lehen trenbidearen alboko andenaren kontra indarka bultzatu ninduen gazte altu, beltzaran, zurbil batek, besapean bidai-manta bat eta bere atzean maletaz kargaturiko zama-mutil bat zeramanak —pauso handika zihoan Milanerako tren azkarra hartzera, abiatzeko zorian baitzegoen—, eta une hartan ez nintzen konturatu Alberto Finzi-Contini zenik. Trenaren azken bagoiraino iritsi zenean, zama-mutilari azkar ibiltzeko esan eta barrura sartu zen. Aldi hartan —jarraitzen nuen pentsatzen—, diosalik egiteko beharrik ere ez zuen sentitu. Bultzadagatik kexatzeko bueltatu nintzenean, begirada arduragabe bat zuzendu zidan. Eta orain, berriz, zer zela eta hain kortesia leuna?

        — Nor zen? —galdetu zuen aitak, jangelara itzuli nintzenean.

        Bera bakarrik gelditu zen gelan. Sofan eserita zegoen irrati-muebletxoaren aldamenean, ordubietako albistegiaren zain, irrikaz, beti bezala.

        — Alberto Finzi-Contini.

        — Nor? Mutila? Hau ohorea! Eta zer nahi zuen?

        Bere begi urdin, harritu, aspaldian niri ezer inposatzeko, burutik pasatzen zitzaidana igartzeko itxaropena galdua zutenekin miatzen ninduen. Ondotxo zekien —begiez esaten zidan— bere galderek gogaitu egiten nindutela, nire bizitzan nahasteko bere gogo etengabe hori jakinnahikeria zela, zuritu-ezina. Baina, Jainko maitea, aita ez al nuen? Ez al nuen ikusten nola zahartua zegoen, azken urte hartan? Amarekin eta Fannyrekin ezinezkoa zen barnea hustea, emakumezkoak ziren. Ernestorekin ere ez: umeegia zen. Norekin hitz egingo zuen, orduan? Nola zitekeen nik ez ulertzea nire beharra zuela, hain zuzen?

        Gogo txarrez kontatu nion.

        — Eta joango al zara?

        Ez zidan erantzuteko betarik eman. Segituan, ni edozein solasalditara —politikari buruz bazen, hobe— sarrarazteko aukera zeukan bakoitzean barruan pizten zitzaion beroaz, «egoeraren azalpena» egiteari ekin zion buru-belarri.

        Zoritxarrez egia zen —hasi zen, nekagaitz—: lehengo irailaren 22an, 9ko lehen iragarki ofizialaren ondoren, egunkari guztiek argitaratu zuten Alderdiko Idazkariaren zirkular osagarria, guri zegokigunez probintzietako federazioek berehala indarrean sartu beharko zituzten «neurri praktiko» batzuk aipatzen zituena. Aurrerantzean, «ezkontza mistoak egiteko debekuaz gainera, judu arrazako gazte guztiak edozein era eta mailatako eskola estataletatik kanpo uzteko aginduaz gainera», eta beroriek zerbitzu militarrarekiko betekizun «txit ohoragarria» egiteko salbuetsita egoteaz gainera, «juduok» ezingo genuen eskela nekrologikorik jarri egunkarietan, telefono-aurkibidean azaldu, ario arrazako neskamerik eduki, ez eta edonolako «aisialdi-zirkulutan» parte hartu. Eta, hala ere, hori horrela izan arren...

        — Ez didazu errepikatuko betiko istorioa —eten nion orduan, buruari eraginez.

        — Ze istorio?

        — Mussolini Hitler baino hobea dela.

        — Ongi da, ongi da —erantzun zuen—. Baina onartuko duzu Hitler ero odoltzale hutsa dela, eta Mussolini, aldiz, dena delakoa izango da, makiabelikoa eta txaketeroa nahi baduzu, baina...

        Berriro eten nion. Ados zegoen, bai ala ez —galdetu nion, zuzen-zuzen aurpegira begiratzen niola—, egun batzuk lehenago «pasatu» nion Leon Trotskiren saiakerako tesiarekin?

        Nouvelle Revue Française-ko zenbaki zahar batean argitaratu zen artikulu batez ari nintzen: ardura handiz gordetzen nituen aldizkari horretako urte oso batzuk nire logelan. Zera gertatu zen: aita gogortasun handiz tratatu nuela halako batean, zergatik gogoratzen ez dudalarik. Bera mindu egin zen, muturtuta zegoen, eta horrela nik, harreman normaletara itzuli nahirik, ezer hoberik ez zitzaidan bururatu nire azken irakurketaren ezagukide bihurtzea baino. Estimu-seinale hargatik lausengaturik zegoenez gero, ez nuen arrenka ibili beharrik izan. Segituan irakurri zuen artikulua, irentsi ere bai, lerro asko eta asko lapitzez azpimarratuz eta orri-bazterrak ohar ugariz betez. Funtsean, argi eta garbi aitortu zidan, «Leninen adiskide zahar alproja» haren idazkia benetako errebelazioa izan zen berarentzat ere.

        — Ados nago, bai horixe! —bota zuen, pozik eztabaidan sartzeko prest nengoelako, baina txundituta aldi berean—. Trotski polemista bikaina da, ezbairik gabe. Haren gartsutasuna, haren hizkuntza! Artikulua zuzenean frantsesez moldatzeko gauza, bai horixe. Bai —eta harrotasunez irribarre egin zuen—: judu errusiar eta poloniarrak oso begikoak ez dira izango, baina benetako jeinua eduki dute beti hizkuntza kontuan. Odolean daramate.

        — Utzi bakean hizkuntza eta goazen ideietara —moztu nion, zorroztasun profesional punttu bat azalduz, bai eta berehala damutuz ere.

        Artikuluak garbi hitz egiten zuen, jarraitu nuen, baretuago. Zabalkunde inperialistaren fasean, kapitalismoa intolerante baino ezin da azaldu gutxiengo nazional guztiekiko, eta juduekiko bereziki, antonomasiazko gutxiengoa baitira. Orain, teoria orokor horren argitan (Trotskiren saiakera 1931koa zen, ezin zen ahaztu: hots, Hitlerren benetako goraldiaren hasierako urtekoa), zer axola zuen Mussolini Hitler baino hobea bazen pertsona bezala? Gainera, benetan ote zen hobea Mussolini pertsona bezala?

        — Ongi da, ongi da... —jarraitzen zuen errepikatzen aitak, amoremaile, hitz egiten nuen bitartean.

        Betazalak beheratuta zituen, aurpegia kizkurtua eroapen mingarrizko keinu batez. Azkenean, beste ezer eranstekorik ez nuela ziur egon zenean, eskua jarri zidan belaun baten gainean.

        Ongi zegoen, errepikatu zuen berriro, betazalak emeki zabalduz. Nolanahi ere, esaten utzi behar nion: bere ustez, dena beltzegi ikusten nuen, katastrofistegia nintzen.

        Zergatik ez nuen onartu nahi irailaren 9ko komunikatuaren ondoren, bai eta 22ko zirkular osagarriaren ondoren ere, gauzak lehen bezala zeudela, Ferraran behintzat? Egi-egia, onetsi nuen, malenkoniaz irribarre eginez: hil hartan, Komunitateko zazpiehun eta berrogeita hamar kideen artetik ez zen gertatu Padano-ko orrietan agertzeko adinako garrantzia zeukan heriotzarik (via Vittoriako Hospizioko bi amonatxo baino ez ziren hil, oker ez banengoen: bata Saralvo, eta bestea Rietti; azkena ferraratarra ere ez zen, Mantova probintziako herri batekoa baizik: Sabbioneta, Viadana, Pomponesco edo horrelako batekoa). Baina, zuzenak izan gaitezen: telefono aurkibidea ez zen erretiratua izan berrargitalpen purgatua ateratzeko; ez zen egon «havertà», neskame, sukaldari, umezain edo gobernantarik, gure familietako baten zerbitzutan egonda, ez bat eta ez bi «kontzientzia arraziala» aurkitu eta maletak egitea pentsatu zuenik; Merkatarien Zirkuluak, non hamar urte baino lehenagotik lehendakariorde kargua Lattes abokatuak baitzeukan —eta berak, jakin behar nuenez, ia egunero bertara joaten segitzen zuen inolako arazorik gabe—, ez zuen ordura arte inolako dimisiorik eragin. Eta Bruno Lattes, Leone Lattes jaunaren semea, akaso bota zuten Eleonora d'Este-tik? Nik utzia nion tenis klubera joateari, nire anaia Ernestoz arduratu gabe, bera, gaixoa, beti han egoten baitzitzaidan adi, aho zabalik, ez dakit nolako «hahàm» handia banintz bezala imitatzen ninduelarik. Gaizki ari nintzen jokatzen, esaten utzi behar nion, oso gaizki ari nintzen jokatzen neure burua ixtean, aparte geratzean, inor ikusi gabe, eta, unibertsitatearen eta tren-abonoaren aitzakiaz, sarritan Bolognara alde egitean (ezta Nino Bottecchiari, Sergio Pavani eta Otello Forti, aurreko urtera arte nire lagun mamiak izandakoekin ere ez nuen egon nahi Ferraran: eta hori haiek, orain batek eta gero besteak, ez zutela hilabeterik pasatzen uzten telefonoz deitu gabe, gizajoak!). Begira nezala, mesedez, Lattes gaztearena. Padano-n azaltzen zenaren arabera, txapelketa sozialean parte hartu ez ezik, binakako mistoan, Adriana Trentini, Probintziako gobernuko ingeniari-buruaren alaba ederrarekin batera jokatuz, ezin hobeto omen zihoan: hiru kanporaketa gainditu eta orain finalerdiak jokatzeko prestatzen ari ziren. A, ez! Barbicintiri buruz denetarik esan zitekeen: gehiegi arduratzen zela bere jatorri noble apalaz, eta gutxiegi, aldiz, Federazioak noizean behin Padano-rako idaztarazten zizkion tenis-propagandako artikuluen gramatikaz. Baina gizon prestua zenik, juduentzat inondik ere ez etsai, faxista epel samarra —eta «faxista epel samarra» esatean, aitaren ahotsak dar-dar egin zuen, lotsazko dardarizo txiki batez—, hori ezin zen zalantzan jarri ez eta eztabaidatu ere.

        Orduan, Albertoren gonbidapena eta, oro har, Finzi-Continitarren jokaerari zegokionez, zertara zetorren orain, bat-batean, haien mugitu behar hori guztia, haien harremanak eduki behar larri hura?

        Nahikoa ikusgarria izan zen aurreko astean Tenpluan gertatu zena, Roshashanà egunean (nik ez nuen joan nahi izan, ohi bezala, eta berriro gaizki jokatu nuen). Bai, nahikoa ikusgarria izan zen, justu funtzioa bukatzen ari zenean eta banku guztiak okupatuta zeudela, halako batean Ermanno Finzi-Contini, emaztea, bai eta amaginarreba ere, atzean bi umetxoak eta Veneziako Herrera osaba-izebak zituztela —tribu osoa, beraz, inolako bereizketarik egin gabe gizonezko eta emakumezkoen artean—, haien sarrera handiosa egitea Eskola Italiarrean, espainiarrean pasatutako bost urteko isolamendu erdeinuzkoaren ondoren: eta aurpegikera ase eta onbera azaltzen zuten, beren presentziaz bertan zeudenak ez ezik, baita Komunitate osoa ere saritu eta barkatu nahi izan balute bezala, hain zuzen. Dena dela, hori ez zen nahikoa izan, jakina. Orain, jendea etxera gonbidatu eta guzti egiten zuten: Barchetto del Ducara, pentsa, Josette Artomen garaitik herrikide edo kanpotar bakar batek ere oinik jarri ez zuen lekuan, nola eta ez zen premia larriko egoeran. Eta, jakin nahi nuen, zergatik? Baina, zergatik zeuden pozik gertatzen ari zenaz? Beti beato samarrak izan zirelarik (faxismoaren aurkakoak, noski, baina beatoak batez ere), zergatik atsegin zitzaizkien, funtsean, lege arrazialak? Sikiera sionista zintzoak izan balira! Sikiera, Italian eta Ferraran beti desgogara eta behin-behinean sentitu zirenez gero, aukera hartaz baliatu balira behingoz Erez-era joateko! Baina ez. Noizean behin Erez-erako sosen bat emateaz aparte (eta ez hainbeste ere, horrelakoetan), gehiagorik ez zuten egin nahi izan. Beti nahiago izan zuten egiazko dirutzak hutsaltasun aristokratikoetan gastatu: adibidez, 1933an, beren sinagoga partikularrean jartzeko moduko ehal bat eta parochet bat aurkitzeko (egiazko altzari sefardiak, mesedez, baina ez Portugal, Katalunia edo Probentzakoak, Espainiakoak baizik, eta neurri zehatzekoak!), autoan joan ziren, atzean kamioi bat zeramatela, nora eta Cherascora, Cuneo probintziara; izan ere, herriska hartan, 1910era edo geroagora arte komunitate txiki bat egon zen, ordurako desagertua zegoena; hilerria bakarrik erabiltzen zen, jatorriz bertakoak ziren Torinoko familia batzuek, Debenedetti, Momigliano, Terraccini eta abarrek, hildakoak bertan lurperatzen jarraitzen zutelako. Baita Josette Artomek, Alberto eta Micòlen amonak ere, palmondoak eta eukalituak ekarrarazten zituen etengabe Erromako Lorategi Botanikotik, Gianicoloren oinetan dagoen horretatik: eta horregatik, gurdiak erosotasun osoz pasa zitezen, baina baita, esan gabe doa, entzute onaren arrazoiagatik ere, bere senar Menotti gaixoa behartu zuen via Ercole I d'Estera ematen zuen etxeko sarrerako atetzarra, berez handia zena, gutxienez bi aldiz zabalagoa egitera. Kontua da, bildumak eginaren eginaz —gauzenak, landareenak, denetarikoak—, azkenean poliki-poliki pertsonenak ere egin nahi izaten direla. Orain, haiek, Finzi-Continitarrek, ghettoa faltan botatzen bazuten (guzti-guztien ametsa zen ghettoan itxiak izatea, eta beharbada, ideal eder horren izenean, prest zeuden Barchetto del Duca zatitan banatzera, haien ardurapeko kibbutz antzeko zerbait bihurtzeko), ederki, egin zezatela, bada. Berak, edonola ere, Palestina nahiago izango zuen. Eta Palestina baino hobe ere, Alaska, Suaren Lurraldea edo Madagaskar...

        Asteartea zen. Ez nuke esango nolatan handik egun gutxira, aste hartakoxe larunbatean, justu aitak desio zuenaren kontrakoa egitera deliberatu nintzen. Bazter batean utziko nuke semeengan ohikoa den kontraesate eta desobeditze mekanismoak zerikusia izan zuela. Beharbada, udazkeneko lehen arratsalde miresgarriro eguzkitsu bateko aire arin eta laztangarria, egun argitsu hura izan zen bat-batean arraketa eta tenis arropak hartzeko gogoa eman zidana, urtebetetik gora kaxoi batean gordeta eduki ondoren.

        Baina, bitarte hartan, zenbait gauza gertatu ziren.

        Hasteko, Albertok telefonoz deitu zidanetik bi egunera uste dut, ostegunean beraz, egiatan iritsi zitzaidan Eleonora d'Este Tenis Klubeko bazkidetza bertan behera uztea «onartzen» zidan gutuna. Ziurtatuta eta premiaz bidalita, makinaz idatzita baina behealdean Barbicinti markes jaunaren sinadura zeukala, gutunak ez zuen ohar pertsonal edo partikularrik egiten. Lerro lehor bakan batzuetan, estilo burokratikoa trakets imitatuz, zuzenean harira zihoan, besterik gabe «onartezintxat» (sic) joz «jaun txit agurgarri» hau Klubera itzultzea. (Ezinezkoa ote zitzaion Barbicinti markes jaunari bere prosaren lapikoan oker ortografikorik ez sartzea? Ikusten den bezala, ez. Baina horretaz konturatzea eta barre egitea aurrekoetan baino gehixeago kostatu zitzaidan orduko hartan.)

        Bestetik, biharamunean beste dei bat jaso nuen magna domus-tik, baina ez zen Alberto izan, Micòl baizik.

        Solasaldi luzea egin genuen, oso luzea; umetan harreman samurrak eduki arren, hamar bat urte igaro ondoren elkarretaratze zintzo garbi bat baino egin nahi ez duten unibertsitate-ikasle heldu biren arteko berriketaldi normal, ironiko eta orokor baten tonua izan zuen, Micòli esker batez ere.

        — Zenbat denbora da elkar ikusten ez dugula?

        — Bost urte bai behintzat.

        — Eta orain nolakoa zara?

        — Itsusia. Neskazahar sudurgorri bat. Eta zu? A, zera irakurri nuen...

        — Irakurri, zer?

        — Bai, duela bi urte, Padano-n, hirugarren orrian uste dut, Veneziako Kultura eta Artearen Lehiaketa Littoriale-an parte hartu zenuela... Ondo geratu ginen, e? Zorionak! Baina zu beti izan zinen oso ona italierarekin, lizeo garaitik. Meldolesi benetan liluratuta egoten zen zure idazlan batzuekin. Uste dut bakarren bat ekarri zigula, irakurtzeko.

        — Ez da txantxetan hartzekoa. Eta zuk zer egiten duzu?

        — Ezer ez. Ingelesaz lizentziatura-tesia egin behar nuen joan den ekainean Ca' Foscari-n, baina, bai zera! Espero dezagun aurten bai egitea, nagitasuna lagun. Uste duzu ikasle libreoi ere berdin-berdin utziko digutela amaitzen?

        — Badakit nahigabe bat emango dizudala, baina ez daukat dudarik. Aukeratu al duzu tesiaren gaia?

        — Aukeratu bai, aukeratu dut: Emily Dickinson, badakizu, XIX. mendeko poeta amerikarra, emakume izugarri moduko hura... Baina nola egingo dut? Irakaslearen atzetik egon beharko nuke denbora guztian, aste osoak pasatu Venezian, eta niri, egia esanda, Aintzirako Perla, denbora apur baten buruan... Urte hauetan guztietan ahalik eta gutxien geratu naiz. Gainera, egia esanda, ikasten ez naiz inoiz oso trebea izan.

        — Gezurtia. Gezurtia eta esnoba.

        — Ez, ba, benetan. Eta udazken honetan ere ni ez naiz kapaz zintzo-zintzo ikasten jartzeko. Ba al dakizu zer gustatuko litzaidakeen egitea, maitea, liburutegian hobiratzea baino gehiago?

        — Esan, ba.

        — Tenisean jokatzea, dantzatzea eta mutilekin ibiltzea; pentsa!

        — Kaltegabeko denborapasak, tenisa eta dantza barne, Venezian ere arazorik gabe egiteko modukoak, nahi izanez gero.

        — Bai, zera! Osaba Giulio eta osaba Federicoren gobernanta beti orpoz orpo dudala!

        — Aizu, tenisean behintzat ez didazu esango ezin duzula jokatu. Ni, adibidez, ahal bezain azkar trena hartu eta Bolognara joaten naiz, zera egitera...

        — Ttukurrukuttuku egitera, ez? Tira, esan egia: neskarengana joaten zara...

        — Ez, ez. Nik ere egin behar dut tesia datorren urtean, ez dakit artearen historiaz edo italieraz (baina italieraz uste dut, dagoeneko...), eta gogoa dudanean, tenis ordu bat oparitzen diot neure buruari. Ordainpeko kantxa on bat hartzen dut via Cestellon edo Littorialen, eta inork ezin du ezer esan. Zergatik ez duzu berdin egiten Venezian?

        — Kontua da tenisean jokatzeko eta dantza egiteko partner bat behar dela, eta nik Venezian ez dut inor egokirik ezagutzen. Gainera, zera esango dizut: Venezia ederra izango da, ez dizut ukatuko, baina ni ez nago gustura. Behin-behinean bezala sentitzen naiz, etxetik kanpo... atzerrian banengo bezala.

        — Osaba-izeben etxean egiten duzu lo?

        — Bai, lo eta jan.

        — Ulertzen dut. Dena dela, eskertzen dizut Littoriale-ra etorri ez izana, duela bi urte, Ca' Foscari-n izan zirenean. Benetan. Nire bizitzako orrialderik beltzena iruditzen zait.

        — Zer ba? Azken finean... Gehiago esango dizut: halako batean, aurkezten zinela jakin nuenean, pentsatu nuen joatea claque egitera... gure banderaren omenez. Baina, aizu, gauza bat: gogoan al duzu Aingeruen Harresian, hor kanpoan egon gineneko hura, matematika irailerako utzi zenuen urtean? Negarraldi ederra egingo zenuen, gaixoa: nolako begiak zeneuzkan! Kontsolatu nahi zintudan. Murru gainera igotzeko eskatzea bururatu zitzaidan, lorategian sartzen uzteko. Baina zergatik ez zinen sartu gero? Badakit ez zinela sartu, baina ez naiz gogoratzen zergatik.

        — Ba, norbaitek harrapatu gintuelako unerik onenean.

        — A, bai, Perottik, Perotti zakur hark, lorazainak.

        — Lorazaina? Kotxezaina zela uste nuen.

        — Lorazain, kotxezain, chauffeur, atezain, denetik.

        — Bizi al da oraindik?

        — Bai horixe!

        — Eta zakurra, benetako zakurra, zaunka egiten zuena?

        — Zein? Jor?

        — Bai, daniarra.

        — Bizirik eta osasunez hura ere.

        Nebaren gonbidapena errepikatu zuen («Ez dakit Albertok deitu dizun, baina zergatik ez zatoz etxera partidu bat jokatzera?»), baina insistitu gabe eta, inondik ere, Barbicinti markes jaunaren gutunari buruzko aipamenik egin gabe, Albertok ez bezala. Hainbeste denboraren ondoren elkar ikusteko eta, debeku guztien gainetik, urte-sasoi hartan geratzen zen edertasunaz elkarrekin gozatzeko plazer hutsa besterik ez zuen aipatu.

 

 

 

© Giorgio Bassani

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giorgio Bassani / Finzi-Continitarren lorategia" orrialde nagusia