3

 

        Guido txikia hil zenean, 1914an, Ermanno irakasle jaunak berrogeita bederatzi urte zituen, Olga andreak hogeita lau. Mutikoa gaizki sentitzen hasi, sukar handia zuela ohera eraman, eta segituan loeriak hartu zuen.

        Corcos doktoreari hots egin zioten berehala. Kopeta zimurtuz egindako miaketa mutu amaiezin baten ondoren, Corcosek tupustean burua altxatu eta zuzen-zuzen begiratu zien, serio, aitari lehendabizi eta amari gero. Famili medikuaren bi begiradak luzeak izan ziren, zorrotzak, bitxiro erdeinuzkoak. Bien bitartean, bibote lodi umbertino erabat gristuen azpian, ezpainak kasu etsigarrietako imintzio mingots ia iraingarriaz kizkurtu zitzaizkion.

        — Ez dago zer eginik —esan nahi zuen Corcos doktoreak begirada horiekin eta imintzio harekin. Baina, beharbada, beste zerbait ere bai. Alegia, berak ere galdu zuela ume bat, Ruben, orduan hamar urte (batek jakin hitz egin ote zuen horretaz egun hartan bertan alde egin aurretik, ala, bakarrik, bost egun geroago gertatu zen bezala, aitona Raffaelloren aldera zuzendurik, biek batera pausoz pauso hileta hunkigarriari jarraitzen zioten bitartean).

        — Nik ere ezagutu dut bihozmin hori, ongi dakit nik ere zer den bost urteko semea hiltzen ikustea —esan zuen Elia Corcosek, bat-batean.

        Burumakur eta eskuak bizikletako heldulekuan zituela, aitona Raffaello haren ondoan zebilen. Bazirudien via Ercole I d'Esteko harriak banan-banan kontatzen ari zela. Lagun eszeptikoaren ahotan benetan ezohikoak ziren hitz haiek entzutean, harriturik biratu eta begira geratu zitzaion.

        Izan ere, zer ote zekien Elia Corcosek berak? Luzaroan miatu zuen umearen gorputz etzana, bere baitarako pronostiko beltza egin eta, gero, begiak altxatu ondoren bi guraso hats-bahitu haiengan josi zituen: zaharra bata, aita; ama, ordea, artean neskatila. Nondik eta nora iritsi ahal izango zen bihotz haietan irakurtzera? Eta, aurrerantzean, beste nork lortuko zuen? Hilerri juduko hilobi-monumentuan ume hilari eskainitako idazkunak (zazpi lerro nahiko ahulki grabatu eta tintatuak marmol zurizko errektangelu bertikal batean...) hauxe baino ez zioen:

 

Oi,

GUIDO FINZI-CONTINI

(1908-1914)

formaz eta izpirituz hautatua,

zu areago maitatzeko

prest zeuden gurasoak,

ez zugatik nigar egiteko

 

        Areago. Etsipenezko zotin bat eta kito. Munduko beste inorekin erdibanatu ezinezko pisua bihotzean.

        Alberto 1915ean jaioa zen, Micòl 1916an: nire adin beretsukoak, beraz. Ez zituzten bidali ez via Vignatagliatako funtsezko eskola fundamental judura, non Guidok ikasi baitzuen prestakuntzako lehen ikasturtea amaitzera iritsi gabe, ez eta, geroago, G.B. Guarini Lizeo-Gimnasio publikora ere, zeina hiriko gizarterik onenaren —juduaren eta judua ez zenaren— arragoa goiztiarra baitzen, bai eta horregatik pragmatikoa ere. Izan ere, pribatuki ikasten zuten, bai Albertok eta bai Micòlek; Ermanno irakasle jaunak noizean behin eten egiten zituen haien nekazaritza, fisika eta Italiako judu komunitateen historia ikasketa bakartiak, gertutik haien aurrerakada gainbegiratzeko. Emiliako lehen faxismoaren urte zoro baina, haien erara, eskuzabalak ziren haiek. Ekintza oro, jokabide oro epaitzen zen abertzaletasunaren edo derrotismoaren galbahe zakarraren bidez —berdin egiten zuten, nire aitaren antzera, Horazio eta haren aurea mediocritas gogotik aipatzen zutenek ere—. Seme-alabak eskola publikora bidaltzea, oro har, abertzaletasun seinaletzat jotzen zen. Ez bidaltzea, ordea, derrotismotzat: eta beraz, bidaltzen zituztenen begietara, iraingarritzat nolabait.

        Halere, aparteko bizimodu hori eduki arren, Albertok eta Micòlek beti izan zuten erlazio txiki bat kanpoko giroarekin, eskola publikoetara joaten ginen neska-mutilokin.

        Guariniko bi irakasle ziren lokarri hori.

        Meldolesi jauna, adibidez, gimnasioko laugarren urtean italiera, latina, historia eta geografia ematen zizkigun irakaslea, bi egunez behin arratsaldez bizikleta hartu eta Barchetto del Ducara joaten zen bertan batzuetan hiru orduz segituan geratzeko, Porta San Benedettotik kanpoan urte haietan sortutako landetxe auzotik joanda, bertan bizi baitzen, harro esaten zigunez oso bista eta orientazio ona zeukan gela altzaridun batean. Gauza berbera egiten zuen Fabiani andreak, matematika irakasle titularrak.

        Fabiani andreaz, egia esateko, oso gauza gutxi genekien. Bolognarra zen jaiotzez, alarguna, umerik gabea, berrogeita hamar urtetik gorakoa, oso elizkoia; klasean galderak egiten zizkigunean, estasian sartzeko zorian balego bezala ikusten genuen. Argizari koloreko begi flandestarrak zuringotu egiten zituen, txutxu-mutxuka hasten zen bere artean. Otoitzean. Gu gaixoongatik egiten zuen otoitz, ia denok algebrarako baldar hutsak ginelako, noski; baina, beharbada, baita astean bi aldiz haien etxean bisitatzen zituen jaun-andre juduak ahalik eta azkarren katolikotasunera bihur zitezen ere: Ermanno irakasle jauna eta Olga andrea, baina batez ere bi umeak, Alberto, hain mutil bizkorra, eta Micòl, neska bizi eta polita; haiek katolikotasunera bihurtzea eginkizun garrantzitsuegia, premiazkoegia iruditzen zitzaion, antza, betebehar horren arrakasta arriskuan jartzeko bere irakasle lanari buruzko ez-esatekorik esanez.

        Meldolesi jauna, ordea, ez zen inondik ere hain isila. Comacchion jaioa zen, nekazari familia batean, seminarioan ikasi zuen batxilergo osoa (apaiz kutsu handia zeukan, herriko apaiz txiki, sotil eta ia emearena alegia); ondoren, letrak ikasteari ekin zion Bolognan, Giosue Carducciren azken klaseetara joateko garaiz; izan ere, haren «ikasle umila» izan zela esan ohi zuen, harro. Barchetto del Ducan oroitzapen errenazentistaz blaituriko giroan igarotako arratsaldeak, familia osoarekin hartutako bostetako tearekin —Olga andrea, askotan, ordu hartan itzultzen zen parketik, besoak lorez beterik zituela—, eta geroago, beharbada, goian, liburutegian, iluntzera arte Ermanno irakasle jaunaren solasaldi jakintsuaz gozatuz, arratsalde aparteko haiek zerbait preziatuegia ziren berarentzat, nabarmenki, gurekin ere mintzagai edo aipagai ez erabiltzeko.

        Bestalde, Ermanno irakasle jaunak adierazi zion Carducci bere gurasoen etxean egon zela hamar egunez 1875ean, eman zioten gela erakutsi, lo egin zuen ohea ukiarazi eta etxera eramaten utzi zion poetak amari bidalitako gutun «eskutada» bat, erosotasun osoaz ikusteko; eta geroztik haren urduritasunak, haren gogoberotasunak ez zuten mugarik izan. Hainbesteraino ere non bere buruari sinestarazi baitzion, bai eta guri sinestarazi nahi ere, ezen Canzone di Legnano-ko bertso famatu hura,

 

Oi, enperatriz eder, ilehori leiala

 

        zeinetan argiro iragarrita baitaude are famatuagoak diren beste hauek:

 

        Nondik zatoz? Zein gizaldik gureganatu zaitu

        horren ezti eta eder...

 

        bai eta, halaber, Maremmatar handi hura «betiereko emakumezkotasun erreal» eta saboiatarrera bihurtu izana ere, Alberto eta Micòl Finzi-Contini bere ikasle pribatuen aitaldeko amonak inspiratu zizkiola, hain zuzen ere. Ai, zein gai bikaina izango zen hori —esan omen zuen, behin, hasperenka Meldolesi jaunak klasean— artikulu bat egin eta Alfredo Grillik, Grilli adiskide eta lankideak, aspalditik bere iruzkin «serrianoak» argitaratzen zituen Nuova antologia hartara bidaltzeko! Egunen batean, kasu hartarako beharko zen adeitasun osoaz baliatuz noski, gutunen jabeari kontua nola atera aztertuko zuen. Eta hark, igarotako urteak kontutan harturik, eta Carducci damari zuzentzen zitzaionean «baronesa atsegin hori» edo «ostatu-emaile txit begikoa» eta antzeko esapideak erabiltzen zituzten gutunen garrantzia eta haien erabateko zuzentasuna ikusita, ez ahal zuen ezetz erantzungo! Baiezkoa emanez gero, zorioneko kasu horretan, bera, Guido Meldolesi, arduratuko zen gutunak banan-banan kopiatzeaz —horretarako baimena eman edo ukatzeko eskubide osoa zeukanaren oniritzi garbia lortuz gero—, gutxienezko iruzkin bat ipiniz ezpal santu haiei, mailu handiaren txinpart beneragarri haiei. Beste zeren beharra zeukan, bada, gutunen testuak? Hitzaurre orokor bat besterik ez, eta gehienez ere ohar historiko-filologikoren bat...

        Baina amankomuneko irakasleez landa, ikasle libreentzat erreserbaturiko azterketek ere —ekainean egiten ziren, gainontzekoak bezala, errebalidakoak eta barne-ikasleenak bezala, alegia— aukera ematen ziguten Alberto eta Micòlekin zuzenean egoteko.

        Barne-ikasleontzat, aprobatzen genuenean batez ere, egun ederragorik ez zegoen, seguru aski. Klaseen eta egin beharreko lanen garai doi-doi amaituak oroiminez gogoratuko bagenitu bezala, institutuko atalondoa baino leku hobeagorik ez genuen aurkitzen elkartzeko. Bebarruan gelditzen ginen, kripta bat bezain zabal, fresko eta erdi-iluna zen leku hartan, azken nota zeukaten orri zuri handien aurrean pilatuta, liluraturik geure izenak eta lagunenak irakurtzean, kristal ostean eta burdinsare mehe baten bestaldean, kaligrafia ederrez idatzita, eta horregatik harrigarri beti. Ederra zen eskolatik ezer txarrik espero ez izatea, ederra handik gutxira irten ahal izatea goizeko hamarretako argi garden urdin, sarrerako atean barrena diz-diz ari zitzaigun hartara, ederra aisialdi eta askatasun ordu luzeak edukitzea aurrean, nahi genuen eran pasatzeko. Ederra zen dena, zoragarria dena, lehen opor egun haietan. Eta zer zoriona zen pentsatzea aurki itsasaldera edo mendialdera irtengo ginela, ia erabat ahaztuta ikasketak, artean ere nekagarri eta estugarri beste hainbat lagunentzat!

        Eta, hain zuzen ere, beste hainbat lagun horien artean (gehienak herrietako mutikote zabarrak ziren, nekazarien semeak, azterketak herriko apaizak lagunduta prestatzen zituztenak, eta Guarini-ko atalasetik barrura sartu baino lehen ingurura begiratzen zutenak, galduta, hiltegira eramandako txahalak bailiran), Alberto eta Micòl Finzi-Contini zeuden: ez ordea galduta inondik ere, aspalditik ohituta zeuden-eta azterketetara aurkeztu eta gainditzera. Beharbada zertxobait zirikatzaile, nirekiko batez ere, bebarrutik sartzean nire lagunekin aurkitu eta urrundik agur egiten zidatenean keinu batez eta irribarre batez. Baina beti gizabidetsu, gehiegi beharbada, eta atsegingarri: apopilo dauden batzuk bezalaxe, hain justu.

        Sekulan ez ziren oinez etortzen, eta are gutxiago bizikletaz, zalgurdiz baizik: bi atexkako karroza ingeles bat zen, urdin iluna, gurpil gomadunak eta gurtaga gorriak zituena, den-dena berniz, kristal eta nikeleztaduraz dir-dir.

        Karrozak orduak eta orduak ematen zituen zain Guariniko atalaurrean, itzala aurkitzeko bakarrik mugitzen zelarik. Esan beharra dago atsegingarria izan zitekeela zaldi-kotxe hura hurbiletik aztertzea, haren xehetasun guztiekin: batetik zaldi handi ahaltsua bera, buztan motzekoa, zurdak labur-labur ebakiak zituena eta noizean behin putin egiten zuena lasai; bestetik, atexken hondo urdinean zilartsu nabarmentzen zen noble-koroa nimiñoa; eta, batzuetan, egun arruntetarako uniformeaz jantzita baina bere gidalekuan errege-aulki batean bezala jezarrita zegoen kotxezainaren baimena lortzea alboko ointoki baten gainera igotzeko eta, horrela, barru guztia eroso ikustea, barru ilun, gris eta tapizatua (saloia zirudien: txoko batean, loreak ere bazeuden kaliz itxurako jarroi mehe luzanga batean...); hori ere atsegingarria izan zitekeen, atsegingarria zen, berez: udaberriko azken egun haietako goizek oparo ematen zizkiguten atseginbide ugari zorioneko bat.

 

 

 

© Giorgio Bassani

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giorgio Bassani / Finzi-Continitarren lorategia" orrialde nagusia