2
Finzi-Continitarren famili-hilobiaz «beldurgarria» zela esan eta horregatik irribarre egin bazitekeen ere, haien etxeaz irri egitea, ordea —leku hartan bakarturik zegoen, Panfilio ubideko eltxo eta igel artean eta ur zikinetarako erreten artean, eta bekaizkeriaz «magna domus» deitzen zioten—, ezinezkoa zen baita berrogeita hamar urte geroago ere. Alderantziz: oso gutxi behar zen harengatik minduta sentitzeko! Nahikoa zen, horretarako, lorategia via Ercole I d'Esten mugatzen zuen harresi amaiezinaren albotik igarotzea; erdi aldean-edo, atetzar solemne bat zeukan, arte-egur ilunez egina, inolako eskutokirik gabea. Edota begiradaz sartzea, beste aldetik, parke ondoko Aingeruen Harresien gainetik, zuhaitz enbor, adar eta beheko hostotzaren artetik, jabeen bizilekuaren soslai bitxi zorrotza begiztatu arte, eta atzean, askoz atzerago, soilune baten ertzean, tenis kantxa baten mugarte arrea. Orduantxe, ezezagutzaren eta bereizketaren erdeinu zaharra berriro hasten zen min ematen, hasieran bezalatsu erretzen.
Aberats berrien burutazioa, gero!, burutazio xelebrea, gero!, errepikatu ohi zuen gure aitak berak, halako arrangura grinatsu batez, gaia ateratzen zen bakoitzean.
Jakina, jakina, onartzen zuen: lehenagoko jabeek, Avogli markesek, odol «urdin-urdina» zuten zainetan; baratze eta etxe-hondakinak ab antiquo ziren Barchetto del Duca izen guztiz apaingarriaren lagun: gauza bikainak, denak, nola ez!, hainbestenaz ere non Moisè Finzi-Continik —negozioa «ikusi» izanaren meritu nabarmena berari aitortzen zitzaion— beti esan ohi diren bost xentimoak besterik ez zituen gastatuko, seguru aski, haren ondorioz. Baina, hala ere, zer?, gaineratu zuen berehala. Beharrezkoa al zen, horrexegatik bakarrik, Moisèren semeak, Menottik —ezizenez «al matt mugnàga» edo zoro-mertxika deitzen zioten lepahori-larruz forratutako beroki xelebre baten koloreagatik— erabakitzea Josette emaztea eta biak hain aparte dagoen hirialde hartara joatea bizitzera, leku bakarti, malenkoniatsu eta, batez ere, ezegoki hartara? Gaur egun ere oso leku osasungarria ez bada, pentsa orduan!
Gurasoentzat, behintzat, hor nonbait: bestelako garai batekoak ziren, eta, azken finean, har zezaketen harri zahar batzuetan nahi zituzten sos guztiak gastatzeko luxua. Baina andrearentzat, aldiz! Josette Artom, Trevisoko adarreko Artom baroien familiakoa, emakume bikaina bere garaian: ilehoria, bulartsua, zeru koloreko begiak zituena; ama Berlingoa zuen, Olschkytar bat. Emakume hark egundoko maitasuna zion Savoiatarren etxeari, hainbesterainokoa ere non 1898ko maiatzean, hil baino lehentxeago, telegrama bat bidali zion Bava Beccaris generalari, txalo egiteko Milango sozialista eta anarkista gixajoak kanoikatu zituelako; eta Bismarken kasko lumadunaren mendeko Alemaniaren miresle porrokatua ere bazen. Eta gainera, haren senar Menottik (beti ere haren oinetan) bere Walhallan egoitza eman zionetik, inoiz ere ez zen kezkatu Ferrarako judu giroari zion ezinikusia disimulatzeaz —oso estua iruditzen zitzaion, esan ohi zuenez—, ez eta, azken finean, eta gauza groteskoa dirudien arren, bere funtsezko antisemitismoa ezkutatzeaz ere. Aldiz, Ermanno irakasle jaunari eta Olga andreari (gizon ikasia bata eta Veneziako Herreratarra bestea, hau da, familia sefardi mendebaldar bateko alaba; familia oso ona, dudarik gabe, baina zor asko zituena, eta, gainera, fede handikoa), zer nolako jende klase bihurtu zirela sartu zitzaien buruan? Egiazko nobleak? Ulertzekoa da, e, ulertzekoa: oso kolpe gogorra izango zen haientzat beren lehen semea, Guido, galtzea; 1914an hil zen, sei urte besterik ez zituela, amerikar tankerako haur-perlesia tupusteko batek jota, Corcosek berak ere ezin izan zuelarik ezer egin. Batez ere Olga andrearentzat izango zen oso gogorra, aurrerantzean ez baitzuen lutoa kendu. Baina horretaz aparte, ez al zitzaien gertatuko, bakarturik bizitzearen poderioz, burua harrotu eta Menotti Finzi-Continiren eta haren emazte duinaren xelebrekeria zentzugabe berberetan erori zirela? Ze aristokrazia gero! Horrenbeste haize hartu ordez, hobe zuketen haiek behintzat ahaztu ez balute nor ziren, nondik zetozen; izan ere, juduak —sefardi eta askenaztarrak, mendebaldar eta ekialdetarrak, tunisiarrak, berebereak, yemendarrak edo baita etiopiarrak ere—, Historiak barreiatu dituen lurreko edozein bazterretan, edozein zeruren azpian, beti judu dira eta izango dira, esan nahi baita ahaide hurbilak. Moisè zaharrak ez zuen ba horrelako haizerik! Berari ez zitzaion ba sartu noblezia haizerik eta kerik buruan! Ghettoko bere etxean bizi zenean, via Vignatagliatako 24.ean, hain zuzen ere Barchetto del Ducara ahalik eta azkarren aldatzeko irrikaz zegoen errain trevisotar burgoiaren presioei gogor eginez kosta ahala kosta hil nahi izan zuen etxean, bera joaten zen egunero erosketak egitera piazza delle Erbera, besapean bere saskia hartuta: bera, bai, bere familia ezerezetik aurrera atera eta, horrexegatik, «al gatt» goitizena eman ziotena. Bai horixe: gauza segurua bazen Josettek, Ferrarara joan zenean, dote handia eraman zuela berarekin —besteak beste, Tiepoloren freskoak zituen villa bat Trevisoko probintzian, errenta ederra eta joiak, joia asko noski, Teatro Comunale-ko estreinaldietan, haien jabetzako palkoaren paretetako belus gorriaren kontra antzoki guztiko begiradak erakartzen zituztenak haren lepo distiratsura—, hori bezain segurua zen al gatt izan zela, bera bakarrik, Behe-Ferraraldean, Codigoro, Massa Fiscaglia eta Jolanda di Savoia artean, gaur egun ere familiaren ondasunen oinarri diren milaka hektareak bildu zituena. Kanposantuko hilobi monumentala: huraxe izan zen haren errakuntza bakarra, Moisè Finzi-Continiri leporatzeko moduko bekatu bakarra (gustuari zegokiona, batez ere). Baina hortik aparte, ezer ez.
Halaxe esan ohi zuen gure aitak: Pazkoan batik bat, aitona Raffaelloren heriotzaren ondoren ere etxean egiten jarraitu genuen afari luzeetan, hogei bat senitarteko eta lagun ere genituelarik gonbidatuta; baina baita Kippur egunean ere, senitarteko eta lagun horiek gurera itzultzen zirenean baraualdiari bukaera emateko.
Halere, gogoan dut nola Pazkoako afari horietako batean aitak ohiko kritikak ez ezik —mingotsak, orokorrak, beti berdinak izaten ziren, batez ere Komunitatearen istorio zaharrak gogoratzearren eginak—, beste batzuk ere bota zituen, harrigarriak.
Hori 1933an izan zen, «Hamargarren urteurreneko labealdia» deitu zitzaionaren urtean alegia. Duce-aren «errukiari» esker, zeren eta halako batean, goi-argituta ia, «atzoko agnostiko edo aurkari» guztiei besoak zabaltzea erabaki baitzuen, gure Komunitatearen esparruan ere ehuneko laurogeita hamarrera igo ahal izan zen kolpetik Fascio-an izena emandakoen kopurua. Eta gure aita, han eserita bere betiko mahaiburu lekuan, hamarka urtez aitona Raffaellok bestelako agintaritasun eta zorroztasun batez pontifikatu zuen leku berean, gertatutakoaz pozik azaldu zen. Levi doktore errabinoak ezin hobeto egin zuen —zioen— hori aipatu zuenean arestian Eskola Italiarrean eman zuen diskurtsoan, hiriko buruzagirik handienak bertan zirela —prefektua, idazkari federala, alkatea, eta plazako komandantea zen brigada-generala— Estatutua goretsi zuenean.
Alabaina, aita ez zegoen guztiz pozik. Haren mutil-begi urdin abertzaletasunez beteetan nolabaiteko zimiko baten itzala irakurtzen nuen. Nonbait, behaztoporen bat antzeman zuen, ustekabeko eragozpen desatseginen bat.
Izan ere, halako batean atzamarrekin kontatzen hasi zirenean gutako zenbat «judim ferraratarrek» segitzen zuten «kanpoan», eta Ermanno Finzi-Continiri azkenik tokatu zitzaionean —inoiz ez zuen karneta hartu, hori egia da, baina azken finean, kontutan izanda nekazal ondasun ugariren jabea zela, inoiz ez genuen ongi ulertu zergatik—, ez bat eta ez bi, bere buruaz eta bere zuhurtziaz aspertuta bezala, bi gertakari bitxi kontatu zituen: bien arteko loturarik gabeak, argitu zuen, baina hala ere esanguratsuak.
Lehena, Geremia Tabet abokatuari gertatutakoa: alegia, sansepolcrista eta Idazkari Federalaren adiskide mina izanik, Barchetto del Ducara propio joan zela irakasleari haren izenean jarrita zegoen karneta eskaintzera, baina atzera itzultzen ziotela ikusi ez ezik, handik gutxira atean jarri ere jarri zutela, kortesia handiz noski, baina irmoki.
— Eta zein aitzakiaz? —galdetu zuen norbaitek, ahulki—. Inoiz ez da ikusi Ermanno Finzi-Contini lehoi bat zenik.
— Zein aitzakiaz uko egin zion? —barreari eman zion gure aitak—. Ba, betiko batekin: zera, bera ikastuna dela (jakin nahi nuke zer ikasten duen!), zaharregia dela, bizitza osoan ez dela politikaz arduratu, eta abar. Bestalde, erne ibili zen gizona; Tabeten bekosko ilunaz konturatu eta orduan, rau!, milako bost paper jarri omen zizkion patrikan.
— Bost mila lira!
— Bai, horixe. Opera Nazionale Balilla-ren Itsas eta Mendi Udalekuen alde ematekoak. Ongi pentsatua zeukan, ez? Baina entzun bigarren nobedadea.
Eta han hasi zen mahaikideei jakinarazten nola irakaslea, zenbait egun lehenago Renzo Galassi-Tarabini abokatuaren bitartez (letradu beato, santukoi eta argizari-jaleagorik aukera zezakeen?) Komunitatearen Kontseilura helarazitako gutun batean, ofizialki eskatu zuen baimena bere kontura konpontzeko via Mazziniko sinagoga espainiar zaharra, gutxienez hiru mende zeramatzana kultutik kanpo eta traste-biltegi bihurtuta, «familiak eta interesatuta gerta litekeen beste edonork erabiltzeko».
© Giorgio Bassani
© itzulpenarena: Koldo Biguri