HITZAURREA

 

        Idazteko gogoa nuen, aspalditik, Finzi-Contini familiari buruz —Micòl eta Albertori buruz, Ermanno irakasle jaunari eta Olga andreari buruz— eta, azken gerratea baino lehen, Ferrarako via Ercole I d'Esteko etxean bizi edo, nire antzera, sartu-irten ugari egiten zuten guztiei buruz. Baina lanari egiatan ekiteko bultzada edo ziztada duela apenas urtebete sentitu nuen, 1957ko apirileko igande batean.

        Asteburuetan egin ohi genituen irtenaldietako batean gertatu zen. Hamar bat lagun bildu ginen, bi automobilekin, eta Via Aureliatik abiatu ginen bazkalostean, helburu jakinik gabe. Santa Marinellatik kilometro gutxitara geundela, lurrezko bide batetik sartu ginen, bat-batean ezkerreko aldean agertu ziren ertaroko gaztelu bateko dorreek erakarrita, eta azkenean paseatzen geratu ginen, bakoitza bere aldetik, gotorleku haren oinetan zabaltzen zen hareatza desolatu hartan: gertutik ikusita, ordea, gazteluak Ertarokoa izateko itxura gutxiago zeukan, errepide nazionaletik begiratuta baino, Tirrenoko basamortu urdin itsugarrian argiz kontra begietaratu zitzaigunean. Haizeak gogor jotzen zigun, harea begietara ekarriz, itsasoaren orroak sorgortu egiten gintuen, eta, gainera, ezin genuen gaztelu barrua bisitatu Erromako ez dakit zein kreditu-erakunderen baimen idatzirik ez geneukalako; horregatik, damututa eta haserre geunden, hura bezalako egun batean, itsaso ondoan ia-ia negukoa zirudien egun zakar hartan irten nahi izan genuelako Erromatik.

        Hogei bat minutuz batetik bestera ibili ginen, hondartzaren arkutik. Segizioko pertsona alai bakarra bederatzi urteko neskato bat zen, hara joateko ni sartu ninduten automobilaren jabe zen bikote gaztearen alaba. Gianninak bere izaera alai irekia agertzen zuen, haizeak, itsasoak eta hareazko zurrunbilo zoroek kilikaturik. Zapata-galtzerdiak erantzita zituen, amak debekatu nahi izan zion arren. Itsasertzaz jabetzera zetozen olatuak bilatu eta hankak belaun gaineraino bustitzen uzten zien. Hortaz, izugarri ondo pasatzen ari zela zirudien: hainbesteraino ere, non egiazko pena baten itzala ikusi bainion masail samur berotuen gaineko begi beltz, bizi, distiragarrietan.

        Berriz Via Aurelian geundela, halako tarte baten buruan, Cerveteriko bidegurutzera iritsi ginen. Seguru nengoen zuzen jarraituko genuela, Erromara segituan itzultzea erabaki genuenez gero. Baina, halako batean, ordea, autoak abiada moteldu eta Gianninaren aitak besoa atera zuen leihotik kanpora. Ezkerretara sartu nahi zuela adierazten ari zitzaion hogeita hamar bat metro atzerago zetorren bigarren autoari. Beste asmo bat zuen.

        Horrela, errepide asfaltatu estu batetik sartu ginen; lehenik, etxe gehienak berriak zituen auzune txiki batera eramaten zuen, eta, handik aurrera, barrualdeko mendisketarantz hainbat jira-bira eginez, nekropoli etrusko ezagunera. Inork ez zuen azalpenik eskatu, eta ni ere isilik geratu nintzen.

        Herriskatik atera ondoren, errepidea doi bat gorantz hasi eta autoak abiadura mantsotu behar izan zuen. Lazioko alderdi haietan, Erromatik iparraldean oso ugariak diren montarozzi direlakoen ondotik ari ginen igarotzen; nonahi aurkitzen dira, baita Tarquiniaraino eta harantzagoraino ere, mendialdean gehiago itsasaldean baino, eta, beraz, bazter haiek hilerri amaigabe bat dira, etengabea ia. Hango belarra berdeagoa, ugariagoa eta ilunagoa da Via Aurelia eta Tirreno arteko azpiko lautadakoa baino: argi frogatzen du horrek goialde hartaraino iristen dela siroko betierekoa, itsasotik zeharka joz, bidean gazitasun gehiena galdu ondoren, eta igartzen hasten dela landaretzan urruti ez dauden mendien hezetasunaren eragin onuragarria.

        — Nora goaz? —galdetu zuen Gianninak.

        Senar-emazteak aurreko jarlekuetan eserita zeuden, erdian neskatoa zutela. Aitak eskua bolantetik kendu eta alabaren ile kizkur beltzetan pausatu zuen.

        — Begirada bat ematera duela lau edo bost mila urte baino gehiagoko hilobi batzuei —erantzun zuen, ipuina kontatzera joan eta, horregatik, zenbakiekin gehiegikeriatan erortzeko beldurrik ez duenaren tonuaz—. Hilobi etruskoak dira.

        — Hau pena! —suspiriatu zuen Gianninak, garondoa eserlekuaren bizkarrerantz etzanez.

        — Pena, zergatik? Esan al dizute eskolan nor ziren etruskoak?

        — Historia liburuan, hasieran daude etruskoak, egiptoarren eta hebrearren ondoan. Baina, esaidazu, aita: zure ustez, zein dira antzinagokoak, etruskoak ala hebrearrak?

        Aita barrez hasi zen.

        — Galdetu horko jaun horri —esan zuen, hatz lodiaz niregana seinalatuz.

        Giannina bueltatu egin zen. Jarlekuaren bizkarrak ahoa estaltzen ziolarik, begirada bizkorra egin zidan, zorrotza, mesfidantzaz betea. Galdera errepikatuko ote zuen zain geratu nintzen. Baina, alferrik: berehala jarri zen berriro aurrera begira.

        Errepidetik, aldapa leunean beti, eta alboetako altzifre lerroen artetik, nekazari batzuk, neskak eta mutilak, taldeka jaisten ari ziren guganantz. Igandeko paseoa zen. Batzuetan, emakumez soilik osatutako kateak egiten zituzten neska batzuek, bost-seinaka eta besotik helduta. Arraroak, nioen neurekiko, haiei begira. Haien ondotik igarotzean, kristaletan barrena miatzen zuten beren begi irribarretsuekin, zeinetan nahasian agertzen baitziren ikusmina eta nolabaiteko harrotasun bitxi bat, ozta-ozta ezkutaturiko destaina. Arraroak benetan. Eder eta libreak.

        — Aita —galdetu zuen berriz Gianninak—, antzinako hilobiek zergatik ematen dute pena gutxiago berriagoek baino?

        Aurrekoak baino brigada jendetsuago bat errepide gehiena oztopatu eta kantuan ari zen, igarotzen uzteko asmo handiegirik gabe, eta automobilak ia-ia gelditu behar izan zuen. Galderaren hartzaileak bigarren martxa sartu zuen.

        — Garbi dago —erantzun zuen—. Hil berriak hurbilago dauzkagu eta horrexegatik ditugu maiteago. Etruskoak, aldiz, aspaldi hil ziren —eta berriz hasi zen ipuina kontatzen—, eta ia-ia esan genezake sekulan ez direla bizirik egon, beti egon direla hilda.

        Beste eten bat, luzeagoa. Haren bukaeran (ordurako, oso hurbil geneukan nekropoliko sarreraren aurreko zabaldia, automobil eta autobusez betea), Giannina bera hasi zen lezioa ematen.

        — Baina, esan duzun horrekin —jaulki zuen goxoki—, etruskoak ere bizi izan direla pentsarazten didazu, ordea, eta haiek ere maite ditut, gainerako guztiak bezala.

        Esaldi horren berebiziko samurtasunaren jiran gauzatu zen ondoren nekropoliari egin genion bisita. Gianninak jarri gintuen ulertzeko moduan. Nolabait, berak, txikienak eramaten gintuen eskutik.

        Hilobirik garrantzitsuenera jaitsi ginen, Matuta leinu argiarenera: gela baxu bat da, lurpean, hogei bat hil-etzaleku dituena tuparrizko hormetan eginiko nitxoetan, estuko polikromatu ugariz apaindua, eguneroko objetu maiteen irudiekin: aitzurrak, sokak, aizkorak, guraizeak, palak, labanak, arkuak, geziak, bai eta ehiza-zakurrak eta aintziretako hegaztiak ere. Bien bitartean, eskrupulu filologikoekin eduki nezakeen edozein nahikeria pozarren alboratuta, ahaleginak egiten nituen zehatz bururatzeko zer esan nahiko zuen Cerveteriko berantaroko etruskoentzat, erromatarren konkistaren ondoko etruskoentzat alegia, haien hiripeko hilerria sarritan bisitatzeak.

        Gaur egun, Italiako probintzietako herrietan, kanposantuko hesi-atea arratsaldeko paseo guztien amaileku derrigorrezkoa den bezalaxe, ia beti oinez etortzen ziren —nire irudimenean— hurbileko bizilekutik, taldeka, senitartekoak, ahaideak, lagun soilak, edo beharbada neska-mutil brigadatan, arestian topatu genuenaren antzera, edota bikoteka bihotzeko pertsonarekin, eta baita bakarka ere, eta hilobi koniko, sendo eta gotor, soldadu alemanek azken gerratean Europa osoan alferrik sakabanatu zituzten bunkerrak bezalakoetan sartzen ziren; hilobi haiek, bai barrutik, bai kanpotik ere, bizien egoitza irmoen antza zuten, noski. Bai, dena ari zen aldatzen —esaten zuten, seguru aski, hilerria alderik alde zeharkatzen zuen bide harriztatuan, gurdien gurpil uztaidunak apurka-apurka, mendez mende irekitako ildo sakon paraleloak zeuzkan hartan zebiltzan bitartean—. Mundua ez zen jada lehenagokoa, Etruria hiri-estatu aristokratiko libreen konfederazioarekin penintsula italiko osoaren jabe zen garaikoa. Lurren nagusi, beste zibilizazio berri batzuk ziren, apalagoak eta zakarragoak, baina baita indartsuagoak eta bipilagoak ere. Baina, azken finean, zer axola zuen?

        Hilerriko sarrera atzean utzi eta gero, beren bigarren etxea zutelarik han, eta barruan beraientzat prest zegoen gorpulekua, zeinetan denbora gutxiren buruan egongo baitziren etzanda beren gurasoen ondoan, betieretasuna ez zitzaien irudituko ametsaldi hutsa, ipuina, apaizen promesa. Etorkizunak bere nahierara hankazgoratuko zuen mundua. Han, ordea, ahaide hilen barrunbe sakratu hartan, hilobi haien bihotzean, zeinetara eramanarazi baitzituzten ardura handiz bizitza eder eta desiragarri bihurtzen zuten gauza asko, mundu zati babestu, aterpetu, pribilegiatu hartan (eta haien pentsamenduak, haien eromenak han zirauten, artean, hogeitabost menderen buruan, basabelarrez estalitako ehortz-leku koniko haien inguruan), han behintzat ezer ez zen inoiz aldatuko.

        Alde egin genuenerako, ilunduta zegoen.

        Cerveteritik Erromara ez dago bide luzerik, ordubete nahikoa izaten da autoan bidaia hori egiteko. Baina gau hartan bidaia ez zen horren laburra izan. Erdibidea egina genuela, Via Aurelia mukuru betetzen hasi zen Ladispoli eta Fregenetik zetozen autoekin. Ia-ia oinezkoen abiadan ibili behar izan genuen.

        Horrela gindoazen bitartean, hango gelditasun eta geldotasunarekin (Giannina ere lokartuta zegoen), oroitzapenek gaztaroko lehen urteetara eraman ninduten, Ferrara hirira, eta via Montebello bukaeran zegoen judu-hilerrira. Berriro ikusten nituen hango zelai handiak, han-hemenka jarritako zuhaitzak, hilarriak eta oroit-zutarriak, askoz ere ugariagoak harresien eta barruko sailak banatzen zituzten hormen ondoan, eta, benetan begi aurrean banu bezala, Finzi-Continitarren hilobi monumentala: hilobi itsusia, egia da —horixe entzuna nuen etxean txikitandik—, baina, halere, ikusgarria, eta adierazgarria, familiaren garrantziagatik bai behintzat.

        Eta bihotza estutu egiten zitzaidan pentsatzean hilobi hartan, enkargatu zuenaren (eta bere ondokoen) betiko atsedena bermatzeko eraikitako hilobi hartan, ezagutu eta maite izan nituen Finzi-Continitar guztien artetik batek bakarrik lortu zuela atseden hori. Izan ere, senitarteko bat bakarra zegoen han hilobiratuta: Alberto, seme nagusia, 1942an hila linfogranuloma bategatik; aldiz, Micòlek, bigarren alabak, aitak, Ermanno irakasle jaunak, amak, Olga andreak, eta haren ama elbarri eta oso zaharrak, Reginak, batek jakin inolako hilobirik izan ote zuten, 43ko udazkenean Alemaniara erbesteratuak izan eta gero.

 

 

 

© Giorgio Bassani

© itzulpenarena: Koldo Biguri

 

 

"Giorgio Bassani / Finzi-Continitarren lorategia" orrialde nagusia