IV

AITAREN HERIOTZA

 

        Biharamunean, Goriotek eta Rastignacek zamaketari baten etorrera baizik ez zuten igurikitzen pentsiotik joateko, noiz eta ere eguerdi alderat non eta Maison-Vauquereko atean gelditzen ari zen karroza baten soinua aditu baitzen Sainte-Geneviève berria karrikan. Nucingeneko anderea bere kotxetik jaitsi zen, bere aita artean ere pentsioan zenetz galdetu zuen. Sylviek baietz erantzunik, eskailerak igan zituen emeki-emeki. Eugène bere gelan zegoen haren auzoak jakin gabe. Gosaltzean otoi eskatu zion Goriot zaharrari bere gauzen eramateko, erraten ziola lauretan d'Artois karrikan elkartuko zirela berriz. Baina, gizagaixoa zamaketari bila joan zen bitartean, Eugène, eskolako deiari berehala ihardetsirik, inork ikusi gabe itzulia zen, kontuen egiteko andere Vauquerekin, nahi ez izanki betebehar hori Gorioten esku utzi, zeinak, bere itsutasunean, dudarik gabe harena ere ordainduko baitzuen. Ostalersa jalgia zen, Eugène bere gelarat igan zen han zerbait ahantzia ote zuen ikusteko eta burutazio horren ukan izanaz alegeratu zen mahaiko tiraderan ikusi zuenean, artean ere bete gabea, Vautrini sinatu zor-onespena, sinatu zuen egunean ezaxolki harat bota zuena. Surik ez ukanki, haren xehe-xehe egitera bazihoan noiz eta ere, Delphineren ahotsa ezaguturik, bat ere hotsik atera nahi izan ez, eta haren aditzeko gelditu baitzen, berarentzat bat ere sekreturik eduki behar ez zuelakoan. Gero lehen hitzetatik, interesgarriegia iruditu zitzaion aitaren eta alabaren arteko solasaldia haren ez entzuteko.

        — Ah! aita, erran zuen alabak, garaiz aski gogoratuko ahal zitzaizun ene fortunaren kontu eskatzea erreka joa izan ez nadin! Hitz egin dezaket?

        — Bai, etxea hutsik dago, erran zuen Goriot zaharrak ahots asaldatuaz.

        — Zer duzu bada, aita? hasi zen berriz Nucingeneko anderea.

        — Aizkol ukaldi bat eman berri didazu buru gainean, erantzun zuen agureak. Jainkoak barka diezazula, ene haurra! Ez dakizu zenbat maite zaitudan; jakin bazenu, ez zenidan itsumustuka halakorik erranen, batik bat deus ez baldin bada erremediorik gabea. Zer gertatu da bada zu honat ene bila etortzeko hemendik gutira d'Artois karrikan biltzekoak ginelarik?

        — Aizu! aita, bagarea bada geure lehen mugimenduaren jabe hondamendi batean? Erotua naiz! Zure abokatuak lehentxeago ezagutarazi digu inolaz ere geroago lehertuko den zorigaitza. Zure merkatari-aztura zaharraren beharra izanen dugu eta arineketan etorria nauzu bila itotzen garenean abar bati atxikitzen gatzaizkion bezala. Derville jaunak Nucingen berari mila amarru ezartzen ikusi duelarik, prozesu batekin mehatxatu du erraten diola laster erdietsiko lukeela tribunaleko presidentaren onespena. Nucingen egun goizean etorri zait etxerat bere eta neure hondamena nahi ote nuen galdezka. Erantzuna eman diot fitsik ere ez nekiela horretaz guztiaz, fortuna bat baneukala, neure fortuna eskuratu beharra nuela, eta nahaspila honekin zerikusia zuen guztia ene abokatuaren afera zela, ez nekiela bat ere eta deus ezin adi nezakeela sujet honetaz. Ez ote da hori erratea gomendatu zenidana?

        — Ongi da, erantzun zuen Goriot zaharrak.

        — Ongi da, bada! hasi zen berriz Delphine, bere afera guztien berri eman dit. Bere eta ene kapital guztiak enpresa doi-doia hasi batzuetan sartu ditu, zeinetarako dirutza handiak aitzineratu beharra izan omen baitu. Neure ezkon sariaren aurkeztera bortxatuko banu, zorrak ukatu beharra izanen luke; aldiz, urte batez iguriki nahi badut, bere ohoreagatik hitz ematen du enea bizpahirur halako fortuna bihurtuko didala ene kapitalak lurralde-eragiketa batzuetan ipiniz zeinen bukaeran ondasun guztien jabe izanen bainaiz. Aita maitea, egia zioen, izitu nau. Barkazioa eskatu dit bere jokamoldeagatik, neure libertatea itzuli dit, neure gisara gobernatzeko baimena eman, aferen osoki neure izenaren pean kudeatzera uztekotan. Agindu dit, bere asmo onaren frogagarri, Derville jauna nik nahi bezainbat aldiz deituko lukeela ni jabe izendatzeko egin beharreko egintza guztiak behar bezala izkiriaturik leudekeenetz jujatzeko. Hitz batez, ene esku jarria da beso-zangoez estekaturik. Oraindik bertze bi urtez eskatzen du etxearen zuzendaritza, eta erregutu dit, zenbat ematen didan, hori baino ardit bat gehiago ere ez gastatzeko. Frogatu dit ezen itxurak zaindu bertzerik ez zezakeela egin, bere neska-lagun dantzaria utzia zuela, eta ekonomiarik zorrotz baina isilpekoenerat bortxatua izanen zela, bere espekulazioen bururatu ahal izatekotz bere kreditua aldatu gabe. Gaizki hartu dut, dena zalantzan ezarri bere onetatik aterarazi eta gehiago jakiteagatik: bere liburuak erakutsi dizkit, azkenean negarrez hasi da. Sekula ez dut gizon bat halako egoeran ikusi. Burua galdurik zegoen, bere burua hil behar zuela zioen, eldarniatzen ari zen. Pena eman dit.

        — Eta ipuin horiek sinesten dituzua? egin zuen oihu Goriot zaharrak. Komediant hutsa da! Topo egina naiz alemanekin aferetan: jende horiek fede onekoak dira kasik denak, xalotasunez beteak; baina, beren zintzo eta prestu itxuraren pean, maltzur eta hitz-jario izaten hasten direlarik, badakite orduan bertzeak baino maltzur eta hitz-jarioago izaten ere. Senarrak ziria sartzen dizu. Inguratua sentitzen da, hilarena egiten du, nagusiago egon nahi du zure izenaren pean bere izenaren pean baino. Zirkunstantzia horretaz baliatuko da bere tratuen gorabeheretatik gerizatzeko. Anker bezain iaioa da; tipo gaiztoa da. Ez, ez, ni ez naiz Père-Lachaiserat joanen neure alabak biluzgorritan utzirik. Zerbait badakit oraindik aferen munduaz. Bere diruak, hala dio, enpresetan lotuak omen ditu, ongi da! baloreek, zor-onespenek, hitzarmenek osatzen omen dituzte haren interesak! erakuts ditzala, eta kontuak garbi zurekin. Espekulaziorik hoberenak hautatuko ditugu, arriskuak hartuko, eta ezaugarri-agiriak geure izenean ukanen: Delphine Goriot, emazte bereizia Nucingeneko baroiaren ondasunei dagokienez. Ergelak garela uste ote du horrek? Zer uste du bada, bi egunez ere jasan dezakedala zu fortuna gabe, ogirik gabe, uzteko ideia? Egun batez ere, gau batez ere, bi orduz ere, ez nezake jasan! Ideia hori egia balitz, ez nuke bizirik iraunen. Nolaz! neure bizitzako berrogei urtetan izanen naiz lan egina, bizkar gainean zakuak eramana, izerdia zurrutan ateraia, bizitza guztian xuhurki bizia zuengatik, neure aingeru horiengatik, zeinek lan oro, zama oro arin bilakarazten baitzenidaten; eta egun neure fortuna, neure bizitza kea bailiran utziko nituzke joatera! Errabiaturik hilaraziko ninduke horrek. Lurrean eta zeruan den sakratuenagatik, hau argituko dugu, liburuak, dirukutxa, enpresak egiaztatuko! Ez dut lorik eginen, ez oherat joanen, ez mokadurik janen, harik eta zure fortuna oso-osorik bere tokian dela froga dezadan arte. Beharrik Jainkoa, ondasunez bereizirik zaude; maisu Derville izanen duzu abokatutzat, gizon prestu bat zorionez. Jainkoarren! zeure milioixka eder hori, zeure berrogeita hamar mila liberako errenta ukanen duzu bizi zareino, edo alimaleko zalaparta sortuko dut Parisen, ah! ah! Ganbaretarat ere joko nuke tribunalek kalte eginen baligute. Diru aldetik lasai eta kontent zinela jakiteak, pentsamendu horrek arintzen zizkidan gaitz guztiak eta bihozminak eztitzen. Dirua bizitza da. Sosek dena egiten dute. Zer erraten digu bada Alsaziar kankailutzar horrek? Delphine, ez iezaiozu ardit laurden batean ere amore eman urde zoldazu horri, kateak ezarri eta dohakabe bihurtu zaituenari. Zure beharretan bada, gogorki zafratuko dugu, eta zuzen ibilaraziko. Jainkoa, burua sutan dut, erretzen nauen zerbait badut buru-hezurrean. Ene Delphine miserian! Oi! Fifinetto, zu! Arraioa, non dira ene eskularruak? Ea, goazen, dena ikustera nahi dut joan, liburuak, aferak, dirukutxa, gutunak berehala. Ez naiz lasaituko harik eta zure fortuna jadanik ez dela arriskuan egiaztatu eta neure begiekin ikusten dudan arte.

        — Aita maitea! joka zaitez zuhurtziaz. Mendeku-nahikeriarik tikiena ere ezarriko bazenu afera honetan, eta etsaigo handiegia erakutsiko asmoetan, galdua nintzateke. Ezagutzen zaitu, hagitz naturala atzeman du, zuk iradokirik, neure ondasunez arrangura nadin; baina, zin degizut, bere eskuetan dauzka, eta baita eduki nahi ere. Bere kapital guztiekin ihesi joan eta gure hemen uzteko gisako gizona da, gizagaiztoa halakoa! Ongi daki nik neronek ez dudala daramadan izena desohoratuko hari jazarriz. Azkarra eta ahula da aldi berean. Dena ongi aztertua dut. Bere onetik ateratzen badugu, errekan nago.

        — Baina filus bat ote da beraz?

        — Hara! bai, aita, erran zuen alabak kadira batean etzaten zela negarrez. Ez nizun aitortu nahi halako gizon-mota batekin ezkondu izanaren bihozmina zugandik aldaratzeagatik! Aztura sekretuak eta kontzientzia, arima eta gorputza, dena bat dator haren baitan! izigarria da: aiher dut eta hastio. Bai, ez dezaket Nucingen doilor hori jadanik estima erran didana erran ondoan. Aipatu dizkidan merkatal antolamenduetan nahasteko gauza den gizon batek ez du den-mendreneko urguritasunik, eta haren ariman ezin hobeki irakurri dudanetik, hortixe heldu dira ene beldurrak. Garbiki proposatu dit, berak, ene senarrak, libertatea, badakizua zer nahi duen horrek erran? zorigaitzik agituz geroz, tresna bat haren esku artean nahi ote nuen izan, hots, bitartekotza-lana nahi ote nion egin.

        — Legeak hor dira ordea! Grève-ko plaza bat bada ordea horrelako jende —suerteentzat, egin zuen oihu Goriot zaharrak; baina nik neronek gillotinatuko nuke borrerorik ez balitz.

        — Ez, aita, ez da legerik haren kontra. Entzun ezazu bi hitzez haren mintzaira, gainean ezartzen zizkion itzul-inguruetatik libratua: «Edo galdua da dena, ez daukazu arditik ere, erreka joa zara; ezen ez nezake erkidetzat zu ez bertze inor hauta; edo utziko nauzu neure enpresen portu onerat eramatera. Garbi dea? Eni lotua da oraindik. Ene emakume-zuzentasunak sosegatzen du; badaki bere fortuna utziko diodala, eta ni neureaz kontentatuko naizela. Elkartze donge eta ohoina da onartu beharrean naizena errekarat joateko zigorraren pean. Kontzientzia erosten dit eta ni neure gogara utziz Eugèneren emaztea izatera ordaintzen du bera. «Baimena ematen dizut falten egiteko, utz nazazu krimenen egitera jende dohakabeak errekararaziz!» Behar bezain garbia ote da oraindik mintzaira hau? Badakizu zeri erraten dion eragiketen egitea? Lursail gorriak erosten ditu bere izenaren pean, gero han etxeak eraikiarazten ditu lastozko gizonen medioz. Gizon horiek eraikuntzetako tratuak egiten dituzte obra-hartzaile guztiekin, zeinei epe luzeko gaietan ordaintzen baitiete, eta zeinak, diru-kopuru tiki bat bitarte, prest izaten baitira ene senarraren kito uzteko; ene senarra orduan etxeen jabea da, gizon horiek krak eginez kontuak garbitzen dituztelarik lan-hartzaile bairatuekin. Nucingeneko etxearen izenak etxegile dohakabeen lilurarazteko balio izan du. Konprenitua dut hori. Konprenitua dut halaber, behar izanez geroz, dirutza eskerga batzuen pagamenduaren frogatzeko, Nucingenek balore handi-handiak igorri dituela Amsterdamerat, Londreserat, Napoleserat, Viennerat. Nola atzeman genuke?

        Eugènek Goriot zaharraren belaunen hots astuna aditu zuen, dudarik gabe bere ganbarako zolarat erortzean egina.

        — Jainkoa, zer egin dizut? Ene alaba miserable horren eskuetan, zernahitarat behartuko du hala nahi izanez geroz. Barka, ene alaba! oihukatu zuen agureak.

        — Bai, leize batean banago, badaiteke zure hobena ere baden, erran zuen Delphinek. Hain dugu ezagumen urria ezkontzen garenean! Ezagutzen ote dugu mundua, aferak, gizonak, ohiturak? Gurasoek behar lukete guretzat pentsatu. Aita maitea, ez dizut deus aurpegiratzen, barka iezadazu hitz hori. Nik dut hoben guztia honetan. Ez, ez negarrik egin, aita, erran zuen alabak aitaren bekokian musu emanez.

        — Ezta zuk ere, ene Delphine ttikia. Ekar zeure begiak, musuka xukatuko baititut. Ea! neure buruhandia berreskuratuko dut, eta zure senarrak nahastekatu duen afera-mataza argituko.

        — Ez, utz ezazu ene esku; jakinen dut haren maneiatzen. Maite nau, ongi da, harengan dudan botereaz baliatuko naiz zenbait kapital berehala jabetzatan ene izenean ezar ditzan. Beharbada berriz erosaraziko diot neure izenaren pean Nucingen, Alsazian, estimu handitan du. Hala ere etor zaitez bihar haren liburuen, haren aferen ikertzeko. Derville jaunak ez daki fitsik merkataritzaz. Ez, ez zaitez bihar etor. Ez dut neure odola irakinarazi nahi. Beauséanteko anderearen dantzaldia etzi izanen da, nahi dut zaindu han eder, pausatua agertu, eta neure Eugène maiteari ohore egiteko! Goazen bada baten ganbararen ikustera.

        Une hartan kotxe bat gelditu zen Sainte-Geneviève berria karrikan, eta Restaudeko anderearen ahotsa aditu zen, Sylvieri ziotsala:

        — Ene aita hemen dea? Zorionez zirkunstantzia horrek Eugène salbatu zuen, ordukotz bere buruarekin baitzegoen ohean sartu eta lo irudi eginen ote zuen.

        — Ah! aita, Anastasiez hitz egin dizutea? erran zuen Delphinek ahizparen ahotsa ezaguturik. Irudi luke gauza harrigarriak ere gertatzen direla haren ezkontzan.

        — Zer diozu? erran zuen Goriot zaharrak: hori ene azkena litzateke gero. Ene buru gaixoak ezin jasanen ditu bi zorigaitz.

        — Egunon, aita, erran zuen kondesak barnerat sartuz. Ah! hor zara, Delphine.

        Restaudeko andereak poxelatua iruditu zuen ahizparekin topo egiteaz.

        — Egunon, Nasie, erran zuen baronesak. Harrigarri atzeman duzua beraz ni hemen izatea? Egun oro ikusten dut neure aita.

        — Noiztik?

        — Etorriko bazina, jakinen zenuke.

        — Ez nazazu kitzika, Delphine, erran zuen kondesak ahots deitoragarri batez. Zorigaiztokoa naiz oso, galdurik nago, aita gaixoa! oi! arrunt galdurik oraingoan!

        — Zer duzu, Nasie? oihukatu zuen Goriot zaharrak. Erraguzu dena, ene haurra. Anastasie zurbildu zen. Delphine, ea, lagun ezazu, izan zaitez ona ahizparekin, oraindik gehiago maiteko zaitut, ahal badut!

        — Ene Nasie gaixoa, erran zuen Nucingeneko andereak bere ahizpa jesartzen zuela, mintza zaitez. Bi lagun bakarrak gaituzu beti dena barkatzeko aski maiteko zaituztenak. Ikusten duzu, familiako maitasunak dira segurenak. Gatzak harrarazi zizkion, eta kondesa bere senerat etorri zen.

        — Hilen naiz honetatik, erran zuen Goriot zaharrak. Ikus dezagun, segitu zuen bere zohikatz-sua zirikatuz, hurbil zaitezte biak. Hotzak nago. Zer duzu, Nasie? errazu fite, hiltzen nauzu...

        — Ongi da! erran zuen emakume dohakabeak, ene senarrak dena daki. Pentsa ezazu, aita, badu aspaldi, oroitzen zarea Maximeren diru-agiriaz? Ez zen lehenbizikoa alabaina. Halakorik anitz ordaindurik nengoen lehendik ere. Urtarril hastapen alderat, Trailleseko jauna atsekabez betea iruditzen zitzaidan. Ez zidan fitsik erraten; baina hain da erraza maite dituzun jendeen bihotzean irakurtzen, aski da doi bat; gero zantzuak ere izaten dira. Gainera inoizkorik maitagarrien, inoizkorik samurren ikusten nuen, gero eta zoriontsuagoa nintzen. Gaixo Maxime! bere gogoan, azken agurrak egiten zizkidan, erran zidan; tiro egin nahi zion bere buruari. Azkenean hainbertze dut pairarazi, hainbertze otoiztu, bi orduz egon naiz haren belaunetan. Ehun mila libera zor zituela erran dit! Oi! aitatto, ehun mila libera! Erotu naiz. Zuk ez zeneuzkan libera horiek, dena xahutua nuen...

        — Ez, erran zuen Goriot zaharrak, ezin egin izanen nuen hori, non ez nintzen libera horien ebastera joanen. Baina joanen nintzen, Nasie! Joanen naiz.

        Goibelki, hilurran baten karranka-hots bat irudi jaurtiki, eta ezintasunerat erturikako aita-sentimenduaren agonia salatzen zuen hitz horren entzutearekin, bi ahizpek eten bat egin zuten. Zein egoismo gelditu zatekeen soraio etsipen-aldarri hori aditurik zeinak, osin baterat jaurtiki barri batek bezala, haren sakontasuna ezagutarazten baitzuen?

        — Enea ez zenaz baliatuz aurkitu ditut, aita, erran zuen kondesak negarretan urtuz.

        Delphine hunkitu eta negarrari eman zion burua ahizparen lepoan ezarriz.

        — Dena egia da beraz, erran zuen.

        Anastasiek burua apaldu zuen, Nucingeneko andereak gorputz osoaz hartu zuen, samurkiro muinkatu, eta bere bihotz gainean pausatzen zuelarik: —Hemen, beti izanen zara maitatua jujatua izan gabe, erran zion.

        Ene aingeruak, erran zuen Goriotek ahots ahul batez, zer dela eta zorigaitzak izan behar elkartu zaituztena?

        Maximeren bizitzaren salbatzeagatik, hau da, neure zorion guztiaren salbatzeko, hasi zen berriz kondesa samurtasun bero eta pilpiragarri bateko lekukotasun horiek sustaturik, ezagutzen duzuen lukurrari horrenganat eramanak ditut, gizon bat infernuak egina, deusek beraztu ezin duena, Gobseck jaun hori, Restaudeko jaunak hain estimu handitan dituen familiako diamantak, harenak, neureak, denak, saldu egin ditut. Saldu! konprenitzen duzuea? Maxime salbatu da! Ni hila naiz baina. Restaudek dena jakin du.

        — Noten bidez? Nola? Hilen dudalakotz! oihukatu zuen aitak.

        — Atzo, bere ganbararat bilarazi nau. Harat joan naiz... «Anastasie, erran dit halako ahots... (oi! aski izan da haren ahotsa, dena asmatu dut), non dira zure diamantak?» Enean. «Ez, erran dit so egiten zidala, hor dituzu, ene komoda gainean.» Eta bere mokanesaz estalia zuen kutxatila erakutsi dit. «Badakizua nondik datozen?» erran dit. Haren belaunetan erori naiz... Negar egin dut, zer heriotzaz nahi ninduen hiltzen ikusi galdetu diot.

        — Hori erran duzu! egin zuen oihu Goriot zaharrak. Jainkoaren izen sakratuagatik, bati ala bertzeari nork ere min egiten baitizue, ni bizi naizeino, segur dagoke hura su motzean erreko dudala! Bai, zera bezala xehatuko dut...

        Goriot zaharra isildu zen, hitzak eztarrian iraungitzen zitzaizkion.

        — Hitz batez, maitea, hiltzea baino zerbait zailagoa eskatu dit egiteko. Zeruak begira ditzala emakume guztiak nik aditu dudanaren aditzetik!

        — Garbituko dut gizon hori, erran zuen Goriot zaharrak lasaiki. Bizitza bakarra du ordea, eta bi zor dizkit. Tira bada, eta? segitu zuen Anastasieri behatuz.

        — Hara! erran zuen kondesak eten baten ondotik berriz hasirik, so egin dit: «Anastasie, erran dit, dena isiltasunean gordeko dut, elkarrekin egonen gara, haurrak ditugu. Ez dut Trailleseko jauna hilen, huts egin nezake, eta haren bertze gisaz suntsiaraztekotz gizakien justiziarekin egin nezake topo. Haren zure besoetan hiltzea, hori haurren desohoratzea litzateke. Baina ez zure haurren, ez haien aitaren, ez ene galtzen ez ikusteagatik, bi kondizio ezarriko dizkizut. Ihardets ezazu: ba ote dut nik haurren bat neurea?» Nik baietz erran dut. «Nor?» galdetu du. Ernest, gure seme-lehena. «Ongi da, erran du. Orain, zin egin iezadazu hemendik aitzinerat pondu bakarraren gainean obedituko didazula.» Zin egin dut. Eskatzen dizudalarik zeure ondasunen saltzea sinatuko duzu.

        — Ez ezazu sina, oihukatu zuen Goriot zaharrak. Ez dezazula inoiz hori sina. Ah! ah! Restaudeko jauna, ez dakizu zer den emakume bat zorioneko egitea, zoriona non den, harat joaten da emakumea haren bila, eta zeure ezintasun ertzoagatik zigortzen duzu?... Hementxe nago ni, geldi hor! bere bidean topatuko nau. Nasie, zaude atseden hartzen. Ah, axola dio bere oinordekoak! tira, tira. Semea atzemanen diot, zeina, mila deabru, ene iloba baita. Ikus dezaket mutiko hori, ez da hala? Neure hegalpean ezarriko dut, haren harta hartuko, zaude lasai. Errendaraziko dut, munstro hori, erraten diodala: Orain neurtuko ditiagu geure indarrak! Heure semea nahi baduk, bihur ene alabari bere ondasuna, eta utz bere gisara gobernatzera.

        — Ene aita!

        — Zeure aita, bai! Ah! egiazko aita bat naiz. Handiki sabelzuri horrek ez ditzala gaizki ekar ene alabak. Arraioa! ez dakit zer dudan zainetan. Tigre baten odola dabilkit hor, nahi nituzke irentsi bi gizon horiek. Ô ene haur horiek! honatx beraz zuen bizitza? Ene heriotza izan, ordea. Zer bilakatuko zarete bada ni hemen gehiago ez naizenean? Seme-alabak bezainbat behar lukete gurasoek bizi. Jainkoa, bai gaizki antolatua duzula mundua! Eta ba omen duzu seme bat hargatik, erran digutenaz. Geure seme-alabengan sufritzea behar zeniguke ekidin. Hara, ene aingeru maiteak! zuen minei baizik ez diet zuen presentzia zor. Zuen malkoak baizik ez dizkidazue ezagutarazten. Ongi da, bai, maite nauzue, ikusten dut. Zatozte, zatozte hemen negar egitera! bihotza handia dut, dena bil dezake. Bai, alferrik zulatuko duzue bera, pusketek are aita-bihotz gehiago sortuko dituzte. Zuen penak nahi nituzke hartu, zuengatik sufritu. Ah! tikiak zinetenean, ontsa zoriontsuak zineten...

        — Sasoi hori baizik ez dugu izan ona, erran zuen Delphinek. Non dira bihitegi handian zakuen gainaldetik anbilka ibiltzen gineneko garaiak?

        — Aita! hori ez da dena, erran zuen Anastasiek Gorioten belarrirat zeinak jauzi bat egin baitzuen. Diamantak ez dira ehun mila liberatan salduak izan. Maxime jazarria da. Hamabi mila libera baizik ez ditugu ordaindu beharrak. Zuhurra izanen dela agindu dit, ez duela gehiago jokatuko. Haren amodioa da munduan gelditzen zaidan bakarra, eta garestiegi ordaindu dut hil ez nadin ihes eginen balit. Fortuna, ohorea, atsedena, haurrak sakrifikatu dizkiot. Oi! egin ezazu bederen Maxime libro, ohoratua izan dadila, munduan bizitzea ukan dezala non jakinen baitu toki baten egiten. Zoriona bakarrik zor dit orain, fortunarik gabe leudekeen haurrak ditugu. Dena galdua dateke Sainte-Pélagien sartzen baldin badute.

        — Ez dauzkat, Nasie. Deus ez, deus gehiago ere ez daukat! Munduaren azkena da. Oi! Mundua lehertzera doa, gauza segura da. Zoazte hemendik, salba zaitezte zuek lehenik! Ah! baditut oraindik zilarrezko eraztun batzuk, sei mahai-tresna, neure bizitzan eduki ditudan lehenbizikoak. Hitz batez, mila eta berrehun liberako bizisaria baizik ez dut...

        — Zer egin duzu bada zeure bizi-guztiko errentez?

        — Saldu, irabazien puska ttiki hori neure premientzat gordez. Hamabi mila libera behar nituen Fifineri apartamentu baten apailatzeko.

        — Zurean, Delphine? erran zion Restaudeko andereak bere ahizpari.

        — Oi! zer axola du horrek! hasi zen berriz Goriot zaharra, mila eta berrehun mila liberak xahutu ziren.

        — Susmatzen dut, erran zuen kondesak. Rastignaceko jaunarentzat. Ah! ene Delphine gaixoa, zaude apur bat. Ikusazu ni non nagoen.

        — Maitea, Rastignaceko jauna mutil gazte bat da bere maitalearen errekaratzeko gauza ez dena. Esker mila, Delphine. Kausitzen naizen larrialdian, zerbait hobea igurikitzen nuen zugandik; baina sekula ez nauzu maite izan.

        — Bai, maite zaitu, Nasie, oihukatu zuen Goriot zaharrak, oxtion erraten zidan hori. Zutaz ari ginen, erraten zenidan zu ederra zinela eta bera polita baizik ez.

        — Bera! errepikatu zuen kondesak, edertasun hotzekoa da bera.

        — Hori agitu denean, erran zuen Delphinek gorrituz, nola jokatu zara zu ene alderat? Ukatu nauzu, joan gogo nuen etxe guztietako ateak hertsarazi, hau da, eni min egiteko egokierarik tikiena ere ez duzu galtzera utzi. Eta ni, etorri ote naiz bada, zu bezala, aita gaixo honi, mila liberatik mila liberara, haren fortunaren edeki, eta orain dagoen estaturat egoztera? Horra zer egin duzun. Nik berriz ahal izan dudan guztietan ikusi dut neure aita, ez dut etxetik bidali, eta ez natzaio eskuen milikatzera etorri haren beharra izan dudanean. Ez nekien ezta enetzat erabiliak zirenik ere hamabi mila libera horiek. Nik ordena badut, aizu! zuk badakizu. Bertzalde, aitattok erregaliak egin dizkidanean, behin ere ez naiz haien xerka ibili.

        — Ni baino zoriontsuagoa zinen zu; Marsayeko jauna aberatsa zen, zer edo zer badakizu horretaz. Urrea bezain doilorra izan zara beti. Adios, ez dut ez ahizparik, ez...

        — Ixo, Nasie! oihukatu zuen Goriot zaharrak.

        — Zu bezalako ahizpa bat baizik ez da munduak jadanik sinesten ez duena errepika dezakeena, munstro bat zara, erran zion Delphinek.

        — Ene umeak, ene umeak, isil zaitezte, edo neure burua hilen dut zuen aitzinean.

        — Tira, Nasie, barkatzen dizut, erran zuen Nucingeneko andereak mintzatzen jarraiki, dohakabea zara. Ni zu baino hobea naiz baina. Eni horren erratea ere noiz eta neure burua zure laguntzeko gauza ikusten nuenean, are neure senarraren ganbaran sartzeko gauza ere, ez nukeena eginen ez nigatik ez... Bederatzi urte honetan ene kontra egin duzun gaizki guztiaren dina da hori.

        — Ene meak, ene umeak, besarka ezazue elkar! erran zuen aitak. Bi aingeru zarete.

        — Ez, utz nazazu, oihukatu zuen kondesak, Goriotek besotik harturik zeukan eta aitaren besarkada inarrosi zuenak. Ene senarrak izanen lukeena baino gupida gutiago du nitaz. Ez litzateke erranen bertute guztien irudia denik.

        — Are nahiago dut Marsayeko jaunari dirua zor diodalako fama bildu ezen ez Trailleseko jauna berrehun mila liberatik gora gosta zaidala aitortu, ihardetsi zuen Nucingeneko andereak.

        — Delphine! oihukatu zuen kondesak harenganat urrats bat emanez.

        — Nik egia diotsut zuk gezurrez lohitzen nauzunean, ihardetsi zuen hoztasunez baronesak.

        — Delphine! zera bertzerik ez zara...

        Goriot zaharra oldartu zen, kondesari heldu eta mintzatzea galarazi zion ahoa bere eskuaz estaltzen ziola.

        — Jainkoa! aita, zer egin duzu bada egun goizean? erran zion Anastasiek.

        — Egia da, bai, oker naiz, erran zuen aita gaixoak eskuak galtzetan xukatzen zituela. Baina ez nekien etorriko zinateketenik, etxez aldatzera noa.

        Kontent zen alabaren kolera berarenganat desbideratzen zuen erasia baten beretu ukanaz.

        — Ah! segitu zuen jartzen zela, bihotza erdiratu didazue. Nireak egin du, ene haurrak. Burua erretzen ari zait barnean sua balu bezala. Izan zaitezte beraz atseginak, maita ezazue elkar! Hilaraziko nindukezue. Delphine, Nasie, ea, zuzen zineten, oker zineten biak ala biak. Ikus dezagun, Dedel, gehitu zuen begi malkoz bete batzuk pausatuz baronesaren baitan, hamabi mila libera behar ditu, bila ditzagun. Ez iezaiozue elkarri horrela beha. Belauniko jarri zen Delphineren aitzinean. —Eska iezaiozu barkazioa eni atsegin emateko, erran zion belarrirat, hura da zorigaiztokoena, tira!

        Ene Nasie gaixoa, erran zuen Delphinek oinazeak aitaren aurpegiari eratxikitzen zion irudi basa eta eroaz lotsaturik, oker ibili naiz, besarka nazazu.

        — Ah! bihotza eztitzen didazue, oihukatu zuen Goriot zaharrak. Non aurki baina hamabi mila libera? Soldadugorat ordezko joan baldin banendi?

        — Ah! aita! erran zuten bi alabek inguratzen zutela, ez, ez.

        — Jainkoak sariztatuko zaitu asmo horrengatik, gure bizitza ez litzateke inolaz ere aski horretako! ez da hala, Nasie? segitu zuen Delphinek.

        — Eta gero, aita gaixoa, ur tanto bat litzateke hori, ohartarazi zuen kondesak.

        — Baina ez daitekea beraz deus egin bat bederaren odolaz? oihukatu zuen agureak. Neure burua ematen diot zu salbatzen zaituenari, Nasie! Gizon bat hilen dut harengatik. Vautrinek bezala eginen dut, espetxerat joanen naiz! zernahi... Haizegaiztoak jo balu bezala gelditu zen. Deus gehiagorik ez! erran zuen buruko ileak ateraiaz. Ebasteko norat joan baneki bederen, baina zaila ere bada taiuzko ebasketa baten aurkitzen. Eta gero jendea eta denbora behar genuke Bankaren atzemateko. Ea, hil beharra dut, hiltzea bertzerik ez zait gelditzen. Bai, ez dut deusetako balio dagoenekotz, aita ere ez naiz jadanik! ez. Dirua eskatzen dit, dirua behar du! eta nik, miserable honek, deusik ere ez daukat. Ah! bizisariak egin dituk, agure galdu horrek, eta alabak bahituen! Baina ez dituka bada jadanekotz maite? Leher hadi, leher hadi haizen zakur horren antzera. Bai, zakur bat baino apalago nago, zakur bat ere ez litzateke honela jokatuko! Oi! ene burua! danbaka ari zait!

        — Baina, aitatto, oihukatu zuten bi emakume gazteek beren artean inguratzen zutela buruaz pareten kontra jotzen has ez zedin, izan zaitez bada zentzuduna.

        — Hipaka ari zen. Eugènek, ikaraturik, hartu zuen Vautrini sinatu eta zigiluan diru-kopuru handiago bat izkiriatua zeraman diru-agiria; diru-kopuru hori zuzendu, hamabi mila liberako diru-agiri arauzko bat Gorioten izen-deituretan egin eta sartu zen.

        — Horra zure diru guztia, anderea, erran zuen papera aitzineratuz. Lo nengoen, zuen solasaldiak iratzarri nau, Goriot jaunari zor niona jakin ahal izan dut horrela. Hementxe daukazu negozia dezakezun agiria, aise kitatuko dut.

        Kondesak, geldi-geldia, papera atxikitzen zuen.

        — Delphine, erran zuen zurbil eta koleraz, haserre-gorriz, amorrazioz dardaraka, dena barkatzen dizut, Jainkoa dut horren lekuko, honako hau baina! Nolaz, jauna hor zen, zuk bazenekien! nitaz nahi izan duzu mendekatu doilorki uzten nauzularik hari neure sekretuen, neure bizitzaren, neure haurrenaren, neure ahalkearen, neure ohorearen jakitera ematera. Alde, deus ez zara orain enetzat, gorroto zaitut, ahal den gaizki guztia eginen dizut, edozer... Kolerak hitza eten zion, eta eztarria idortu zitzaion.

        — Baina ene semea da, gure haurra, zure anaia, zure salbatzailea, oihukatzen zuen Goriot zaharrak. Besarka ezazu beraz, Nasie! Soizu, nik besarkatzen dut, segitu zuen Eugène halako amorrazio-suerte batez tinkatuz. Oi! ene haurra! Aita bat baino gehiago izanen naiz zuretzat, familia bat nahi dut izan. Jainkoa nahi nuke izan, unibertsoa oinetarat jaurtikiko nizuke. Baina, emozu bada musu, Nasie! ez da gizon bat, ezpada aingeru bat, aingeru bat egiazkoa!

        — Utz ezazu, aita, erotua dago une honetan, erran zuen Delphinek.

        — Erotua! erotua! Eta zu, zer zaude zu? galdetu zuen Restaudeko andereak.

        — Ene haurrak, eneak egin du hola jarraitzen baduzue, oihukatu zuen agureak bala batek kolpatua bezala eroriz bere ohean. —Ni hiltzen ari dituk! erran zuen bere baitan.

        Kondesak Eugèneri behatu zion, zeina mugitu gabe baitzegoen, ikuskizun horren bortxakeriak sormututurik. —Jauna, erran Zion zeinuaz, ahotsaz eta behakoaz itauntzen ziola, kasurik egin gabe bere aitari zeinaren maripolisa zalu-zalua izan baitzen Delphinek laxatua.

        — Anderea, ordaindu eta isilik egonen naiz, erantzun zuen galdearen aiduru egon gabe.

        — Aita hil dun, Nasie! erran zuen Delphinek agure alditxartua bere ahizpari, handik joan zenari, erakusten ziola.

        — Barkatzen diot egiaz, erran zuen gizagaixoak begiak irekiz, haren egoera izigarria da eta buru hobeak ere zoraraziko lituzke. Kontsola ezazu Nasie, izan zaitez eztia harekin, agin iezaiozu aita gaixoari, hiltzen ari denari, eskatu zion Delphineri eskua tinkatzen ziola.

        — Zer duzu baina? erran zuen alabak guztiz iziturik.

        — Deus ez, deus ez, erantzun zuen aitak, pasatuko da. Badut zerbait kopeta zapaltzen didana, buruko mina-edo. Gaixo Nasie, hau etorkizuna!

        Une hartan kondesa sartu zen, aitaren belaunetarat jaurtiki zen: —Barka! oihukatu zuen.

        — Ea, erran zuen Goriot zaharrak, are min handiagoa ematen didazu orain.

        — Jauna, erran Zion kondesak Rastignaci, begiak negarretan blai, minak injustu bilakarazi nau. Anaia bat izanen zarea enetzat? segitu zuen eskua ikaslea luzatuz.

        — Nasie, erran zion Delphinek, besarkatzen zuela, ene Nasie ttikia, ahantz dezagun dena.

        — Ez, erran zuen Nasiek, oroituko naiz honetaz!

        — Aingeruak, egin zuen oihu Goriot zaharrak, begien gainean nuen errezela kentzen didazue, zuen ahotsak arrapizten nau. Besarka zaitezte bada berriz ere. Ongi da! Nasi, diru-agiri honek salbatuko zaitua?

        — Hala espero dut. Errazu, aitatto, nahi duzu zeure sinadura hemen ezarri?

        — Ergela naiz, gero! Nolaz ahantzi ote dut hori? Gaizki kausitu naiz baina. Nasie, ez nazazu aiher izan horregatik. Igor iezadazu norbait arazoetatik kanpo zaudela erratera. Ez, nerau joanen naiz. Ezta pentsatu ere, ez naiz joanen, ezin dut gehiago zure senarra ikusi, bertan garbituko nuke. Zure ondasunen bertzelakotzeaz denaz bezainbatean, utz hori eni. Zoaz fite, ene haurra, eta egin beharrekoa egin Maximeren zentzarazteko.

        Eugène harri eta zur zegoen.

        — Anastasie gaixo hau suminkorra izan da beti, erran zuen

        Nucingeneko andereak, baina bihotz ona du.

        — Sinadurarengatik etorri da, erran zuen Eugènek Delphineren belarrirat.

        — Uste duzu?

        — Nahi nuke hori ez uste izan. Mesfida zaitez ahizpaz, erantzun zuen begiak altxatuz adieraztera ausartzen ez zen pentsamenduak Jainkoari jakinarazi nahi bailizkion.

        — Bai, doi bat komedianta izan da beti, eta aita gaixoak amore ematen die haren zurikeriei.

        — Nola zara, ene Goriot ona? galdetu zion Rastignacek agureari.

        — Lo egiteko gogoa dut, erantzun zuen hark.

        Eugènek oheratzera lagundu zuen Goriot. Gero, gizagaixoak Delphineren eskua atxikiz lo hartu zuenean, alaba erretiratu zen.

        — Egun arratsean Italiarretarat, erran zion Eugèneri, eta erranen didazu nola doan. Bihar, etxez aldatuko duzu, jauna. Ikus dezagun zure ganbara. Oi! zer ote da hau ordea! erran zuen ganbaran sartuz. Ene aita baino are gaizkiago zeunden baina. Eugène, ongi jokatu haiz. Gehiago maiteko zintuzket hori posible balitz; baina, ene haurra, fortuna nahi baduzu egin, ez dira hola bota behar hamabi mila libera leihotik behera. Trailleseko kondea jokozalea da. Ahizpak ez du hori ikusi nahi. Urre-montoinen irabazten zein galtzen dakien tokirat joanen zen bere hamabi mila liberen bila.

        Zinkurina batek Goriorenerat itzularazi zituen, zeina itxuraz lohartua ediren baitzuten; alabaina bi maitaleak ondoratu zirelarik, hitz hauek aditu zituzten: «Ez dira zoriontsuak!» Egon zedin lo zein itzarrik, ahapaldi horren doinuak hain Zion ukaldi bizia eman haren alabaren bihotzari, non aita zetzan etzauntzarat hurbildu baitzen, eta musu eman baitzion bekokian. Aitak begiak ireki zituen erranez:

        — Delphine da!

        — Eta? nola zara? galdetu zuen alabak.

        — Ongi, erran zuen aitak. Ez zaitez kezkatua izan, jalgitzera noa. Ea, ea, ene haurrak, izan zaitezte zoriontsu.

        Eugènek etxeraino lagundu zuen Delphine; baina, Goriot utzia zuen estatuaz kezkaturik, ez zuen harekin afaldu nahi izan, eta Maison-Vauquererat itzuli zen. Goriot zaharra zutik eta mahaian jartzeko prest aurkitu zuen. Bianchon ere han zen fideogilearen aurpegiaren ongi aztertzeko moldean jarririk. Ikusi zuelarik bere ogiaren hartzen eta usnatzen zer irinez egina zen jujatzeko, ikasleak, ikusiz-eta mugimendu horretan ez zela egintzaren kontzientzia dei litekeenaren arrastorik ere ageri, keinu goibel bat egin zuen.

        — Hator bada ene ondorat, Cochineko jaun barnekoa, erran zuen Eugènek.

        Bianchon harat joan zen hainbatenaz ere gusturago non apopilo zaharrarengandik hurbil behar baitzuen egon.

        — Zer du? galdetu zuen Rastignacek?

        — Tronpatzen ez banaiz behintzat, lur joa zagok! zerbait ohiz kanpokoa behar izan dik gertatu haren baitan, iruditzen zaidak berehalako apoplexia serios baten pisu pean dagoela. Nahiz aurpegiaren behealdea aski bare duen, bisaiaren goiko hazpegiek bekokirat tira egiten ziotek bere gogoz kontra, ikustak! Begien egoera bereziak ere gerliak burmuina harrapatu diola salatzen dik. Erran liteke hauts mehe batez beterik daudela, ezta? Bihar goizean gehiago jakinen diat honetaz.

        — Erremedioren bat balitzateke?

        — Bat ere ez. Menturaz haren heriotza gibelaraz litekek soin-adarretarat, zangoetarat erreakzioren baten eragiteko bideak atzemanez geroz; baina bihar arratseko atertzen ez baldin badute sintomek, galdua duk gizagaixo dohakabea. Badakika hik zer gertakarik-edo eragin duen eritasuna? Ukaldi bortitz bat hartu dik naski eta horrek morala hautsi izanen zioan.

        — Bai, erran zuen Rastignacek oroituz-eta bi alabek atergabe zafratua zutela aitaren bihotza.

        — Bertzerik ez bada, zioen Eugènek bere baitan, Delphinek maite dik aita!

        Arratsean, Italiarretan, Rastignacek zenbait neurri hartu zituen Nucingeneko anderearen gehiegi ez asaldarazteko.

        — Ez ezazu arrangurarik izan, erantzun zuen andereak Eugènek erran zizkion lehen hitzen aditzearekin, ene aita indartsua da. Egun goizean apur bat inarrosi dugula, hori bertzerik ez du. Fortunak kolokan ditugu, zorigaitz honen hedaduraz ohartzen zarea. Ezin ninteke bizi izan zure maitasunak soraiotuko ez banindu oraintsu arte heriotzazko larridurak bezala behatu nukeenaren alderat. Beldur bakarra, zorigaitz bakarra baizik ez da egun enetzat, alegia bizitzearen plazera sentiarazi didan amodioaren galtzearena. Sentimendu horretaz landarat ezaxola zait dena, ez dut bertze deus maite munduan. Zu dena zara enetzat. Aberats izatearen atsegina sentitzen baldin badut, zure gustuaren hobeki egiteko dut sentitzen. Alaba baino maitaleago naiz, neure ahalkeizungarri. Zergatik? Ez dakit. Zutan dut neure bizitza guztia. Aitak bihotz bat eman dit, baina zuk jarri duzu taupaka. Mundu guztiak gaitzets nazake, zer axola dit! baldin eta zuk, ene aiher izateko eskubiderik ez duzun horrek, menpera-ezinezko sentimendu batek eginarazten dizkidan krimenez absolbitzen banauzu. Bihotz gabeko alabatzat hartzen nauzu? oi, ez, ezinezkoa da gurea bezain aita on baten ez maitatzea. Eragotz ote nezakeen ez zitzala azkenean ikus gure ezkontza negargarrien berezko ondorioak? Zergatik ez ote ditu eragotzi? Ez ote zuen bada bere egitekoa guretzako gogoeta egitea? Egun, badakit, guk bezainbat sufritzen du; baina zer egin genezakeen guk hor? Hura kontsolatu! deusez ere ez genuke guk kontsolatuko. Gehiago atsekabetzen zuen gure etsipenak gure erasiek eta gure dolamenek min eginen baino. Badira egoerak bizitzan non dena samintasuna baita.

        Eugène isilik egon zen, samurtasunez loturik sentimendu egiazko baten aditzera-emate lañoagatik. Baldin eta Pariseko emakumeak askotan faltsuak, banitatez hordiak, burukoiak, lakrikunak, hotzak izaten badira, gauza segura da ezen norbait egiazki maite dutenean, bertze emakumeek baino sentimendu gehiago eskaintzen dizkietela beren irritsei; beren ttipikeria guztiez handiagotzen dira, eta sublime bilakatzen. Eugène kolpatua zen, gainera, emakumeak sentimendurik naturalenen jujatzeko erakusten duen izpiritu sakon eta zentzudunaz, maitasun abantailatu batek haietatik banandu eta aldaratzen duenean. Nucingeneko andereari gaitzitu zitzaion Eugènek gordetzen zuen isiltasuna.

        — Zer duzu bada gogoan? galdetu zion.

        — Erran didazuna darabilt oraindik gogoan. Maite ninduzuna baino gehiago maite zintudala pentsatu izan dut orain arte.

        Andereak irribarre egin zuen eta erne jarri sentitu zuen atseginaren kontra, solasaldia ohitura onek ezarririkako mugen barnean uzteko. Sekula ez zituen amodio gazte eta zintzo baten adierazpen pilpiragarriak aditu. Hitz batzuk gehiago eta ez zen gehiago bere buruaren jabe egonen.

        — Eugène, erran zuen hizpidez aldaturik, ez dakizu beraz zer gertatzen den? Paris guztia izanen da bihar Beauséanteko anderearenean. Rochefidetarrak eta Ajudako markesa elkar adituak dira deusen ere ez zabaltzeko; baina Erregek bihar sinatuko du ezkontza-hitzarmena, eta zure lehengusina gaixoak ez daki fitsik oraindik. Ez du jende-hartzea bazterrerat uzterik izanen, eta markesa ez da haren dantzaldirat agertuko. Jendeak gorabehera honetaz baizik ez du ihardukitzen.

        — Eta gizarteak doilorkeria batez egiten du irri, eta bere hartan nahasten. Ez dakizu beraz horrek Beauséanteko anderea hilaraziko duela?

        — Ez, erran zuen Delphinek irriño bat eginez, zuk ez dituzu horrelako emakumeak ezagutzen. Baina Paris guztia etorriko da haren etxerat, eta ni han izanen naiz! Zorion hau zor dizut alta.

        — Baina, erran zuen Rastignacek, ez dea bada hori Parisen hainbertzetan ibilarazten direnak bezalako zurrumurru zentzugabe horietako bat?

        — Bihar jakinen dugu egia.

        Eugène ez zen Maison-Vauquererat itzuli. Ezin izan zion uko egin bere apartamentu berriaz gozatzeko tirriari. Baldin eta, bezperan, gauerdiko oren batean, Delphinerengandik alde egin behartu bazitzaion, aldi honetan Delphinek zion bi orenak alderat alde egin bererat itzultzeko. Biharamunean aski berant arte lo egin zuen, eguerdi alderat Nucingeneko anderea iguriki zuen, zeina harekin bazkaltzera etorri baitzen. Gazteak hain dira horrelako zorion ttikien gose izaten, non kasik Goriot zaharra ahantzi baitzuen. Festa luze bat izan zen harentzat bere gauza sotil horietara guztietara ohitzea. Nucingeneko anderea han zen, gauza guztiei prezio berri bat emanez. Bizkitartean, laurak alderat, bi maitaleak Goriot zaharrarengan pentsatu zuten agureak etxe horretarat bizitzera etortzearekin erdiestea espero zuen zorionaz oroitu zirenean. Eugènek ohartarazi zuen beharrezkoa zela gizagaixoaren harat lehenbailehen eramatea, eri behar baldin bazuen, eta han utzi zuen Delphine lasterka joateko Maison-Vauquererat. Ez Goriot zaharra ez Bianchon zeuden mahaian.

        — Aizak! erran zion pintoreak, Goriot xaharra mainguturik zagok. Bianchon goian duk haren ondoan. Gizagaixoak bere alabetako bat ikusi dik, Restauramako kondesa. Gero jalgi nahi izan dik eta eritasuna txarragotu zaiok. Gizarteak bere apaingarri eder horietako bat galduko dik.

        Rastignac eskailerarat abiatu zen habailan.

        — Aizu! Eugène jauna!

        — Eugène jauna! andereak deitzen zaitu, oihukatu zuen Sylviek.

        — Jauna, erran zion alarguntsak, Goriot jaunak eta zuk, otsailaren hamabortzean joan beharrak zineten. Badu ja hirur egun hamabortza joana dela, hamazortzian gara, hilabete bat beharko didazue ordaindu zuregatik eta harengatik, baina, Goriot zaharra bermatu nahi baduzu, aski izanen zait zure hitza.

        — Zergatik? ez duzu bada konfiantzarik?

        — Konfiantzarik! gizagaixoak burua galdu eta hilen baldin balitz, alabek ardit bat ere ez lidakete emanen, eta haren pildatzar guztiek hamar libera ere ez dute balio. Egun goizean bere hondarreko mahai-tresnak eraman ditu, ez dakit zergatik. Mutil gazteen gisan apaindua zen. Jainkoak barka diezadala! tindua ere emana zela uste dut, gaztetua iruditu zait.

        — Dena hartzen dut neure gain, erran zuen Eugènek lazturaz dardaraka eta hondamendi bat susmatuz.

        Goriot zaharrarenerat igan zen. Agurea bere ohean zetzan, eta Bianchon haren ondoan zegoen.

        — Egunon, aita, erran zion Eugènek.

        Gizagaixoak eztiki egin zion irribarre, eta harenganat begi histu batzuk itzuliz erantzun zuen. —Nola da Delphine?

        — Ongi. Eta zu?

        — Hainbertzean.

        — Ez ezak unaraz, erran zuen Bianchonek Eugène ganbarako bazter baterat zeramala.

        — Eta? erran zion Rastignacek.

        Mirakulu batek baizik ez zezakek salba. Gerli-kongestioa gertatua duk jadanik, sinapismoak baditik: sentitzen ditik zorionez, lanean ari dituk.

        — Lekuz alda ahal daiteke?

        — Ezinezkoa duk. Hemen behar diagu utzi, edozein mugimendu fisiko eta bihotz-hunkidura behar zizkioagu galarazi...

        — Ene Bianchon ona, erran zuen Eugènek, gu bien artean artatuko diagu.

        — Neure ospitaleko medikuburua etorrarazia diat.

        — Eta?

        — Bihar arratsean emanen dik bere iritzia. Lana bukatu ondoan etorriko dela hitz eman zidak. Zorigaitzez gizagaixo arraio honek zuhurgabekeria bat egin dik egun goizean, baina ez dik horretaz fitsik erran nahi. Mando bat bezain egoskorra duk. Hitz egiten diodalarik, ez-aditu irudi egin eta lo hartzen dik eni ez erantzuteko; edo eta, begiak zabalik edukiz geroz, zinkurinaka hasten duk. Goiz alderat jalgi duk, oinez izan duk Parisen, ez zakiagu non. Balioko zeukan guztia eraman dik, salerospen madarikaturen baten egitera joan duk eta bere indar guztiak xahutu ditik horretan! Alabetako bat etorri duk.

        — Kondesa? erran zuen Eugènek. Emakume beltzaran bat, begi bizi eta ongi taiutu, zango polit, gerri zaulikoa bera?

        — Bai.

        — Utz nazak bakarrik une batez harekin, erran zuen Rastignacek. Haren konfesatzera noak, dena erranen zidak eni.

        — Ni afaltzera noak anartean. Dena den, eginahalak egin haren sobera ez asaldatzeko; oraindik badiagu esperantza izpi bat.

        — Hago trankil.

        — Bihar ederki jostatuko dira, erran zion Goriot zaharrak Eugèneri biak bakarrik izan zirenean. Dantzaldi handi baterat joatekoak dira.

        — Zer egin duzu bada egun goizean, aitatto, egun arratsean horren eri izan eta ohean egon beharra ukaiteko?

        — Deus ez.

        — Anastasie etorri da? galdetu zuen Rastignacek.

        — Bai, erantzun zuen Goriot zaharrak.

        — Ez iezadazu deusik gorde! Zer gehiago eskatu dizu?

        — Ah! segitu zuen bere indarrak bilduz hitz egiteko, makur handi batean zen, ea, ene haurra! Nasiek ez dauka sosik ere diamanten aferaz geroztik. Harribitxi bat bezala joan behar zaion soineko lamatu bat manatua omen zuen, dantzaldi horretarako. Jostunak, ahalkegabe batek, ez dio krediturik egin nahi izan, eta andere ganbarazainak mila libera ordaindu ditu jantzien kontu abantzu gisa. Gaixo Nasie, horraino heldu beharra ere! Bihotza erdiratu dit horrek, baina andere ganbarazainak, Restaud hori Nasieri konfiantza guztia kentzen ikusirik, bere diruaren galtzeko beldur, jostunarekin konpondua da mila liberak bihurtuz geroz baizik soinekoaren ez emateko. Dantzaldia bihar duzu, soinekoa prest da, Nasie etsian dago. Neure mahai-tresnak nahi izan dizkit mailegatu haien bahitzeko. Senarrak dantzaldi horretarat joan dadin nahi du Paris guztiari erakusteko saldu omen dituen diamantak. Erran ahal diezaioke munstro horri: «Mula libera zor ditut, ordain itzazu?» Ez. Konprenitua dut hori. Ahizpa Delphine ezinago jantzi ederretan joanen da harat. Anastasiek ez du ahizpa gazteenaren pean egon behar. Bertzalde, hain da malkotan itoa, ene alaba dohakabea! Hain naiz umiliatua izan atzo hamabi mila libera ez eduki izanaz, non neure bizitza miserablearen gainerakoa eman bainukeen huts horren ordaintzeko. Aditzen duzua? oro jasateko indarra izan dut orain arte, baina neure azken diru-eskasiak bihotza lehertu dit. Oi! oi! zirt-zart egin dut, suspertu naiz, indarrak bildu; seiehun liberaren eraztun eta mahai-tresnak saldu ditut, gero bahituran eman, urtebetekotz, neure bizisari-agiria aitatto Gobsecki, eskutan ordaindurikako laurehun liberaren truke. Bah! ogia janen dut! aski izaten nuen honi gazte nintzelarik, oraindik ere joan daiteke. Festa eder bat izanen du bederen ene Nasiek. Distirant agertuko da. Hor, neure oheburuaren azpian daukat mila liberako billetea. Adore ematen dit hor buruaren azpian edukitzeak Nasie gaixoari atsegin emanen diona. Kanporat bidali ahal izanen du bere Victoire gaiztoa. Ikusi ote da inon bere nagusiarengan konfiantzarik ez duen miraberik! Bihar ongi izanen naiz, Nasie hamarretan etorriko da. Ez dut nahi eri naizela pentsa dezaten, ez lirateke inolaz ere dantzaldirat joanen, ni artatzen geldituko lirateke. Nasiek bere haurra bezala besarkatuko nau bihar, haren ferekek sendatuko naute. Tira, ez ote nituzkeen mula libera xahutu botikarioarenean? Nahiago dut diru hori eman neure Oro-Sendagarriari, neure Nasieri. Bere miserian kontsolatuko dut, behinik behin. Horrek bizisaria egin izanaren hutsetik garbituko nau. Leizezuloaren zolan dago, eta ni ez naiz jadanik aski indartsua haren handik ateratzeko. Oi! merkataritzan hasiko naiz berriz. Odessarat joanen han bihien erosteko. Gariek gurean gosta direna baino hirur aldiz gutiago egiten dute han. Labore-aleen sartzea debekaturik baldin badago, legeak egiten dituzten jende prestuei ez zaie gogoratu gari horiez eginikakoen eragoztea. Ei, ei!... egun goizean bururatu zait hori! Joaldi ederrak eman daitezke almidoietan.

        — Burutik zagok, erran zuen bere baitan Eugènek agureari so. Ea, pausa zaitez, ez ezazu hitz egin...

        — Eugène afaltzeko jaitsi zen Bianchon berriz igan zenean. Gero biek ala biek eman zuten gaua eria zainduz aldizka, bat bere medikuntza-liburuen irakurtzen eta bertzea bere amari eta bere arrebei izkiriatzen. Biharamunean, eriarengan nabaritzen hasi ziren sintomak adur onekoak izan ziren Bianchonen arabera; alabaina arta etengabeak eskatu zituzten, bi ikasleek ez bertzek eman zitzaketenak eta beren kontaketan ezinezkoa egiten dutenak garaiko fraseologia ahalketsuaren ez konprometitzea. Gizagaixoaren gorputz ahituan ezarri izainen ondotik, kataplasmak, oin-bainuak eta bertze sendabide-suerte batzuk etorri ziren zeinetarako bi gazteen indarra eta eginahalak behar baitziren bertzalde. Restaudeko anderea ez zen etorri; mezulari bat igorri zuen bere diruaren bila.

        — Bera etorriko zela uste nuen. Ez da tristatzekoa ordea, arranguratu izanen zen, erran zuen aitak zirkunstantzia horretaz kontent irudi zuela.

        — Arratseko zazpietan, Thérèse etorri zen Delphineren gutun baten ekartzera.

        «Zer egiten duzu beraz, ene adiskidea? Doi-doia maitatua, bazter utzia nintzatekea jadanik? Erakutsi didazu bada, bihotzetik bihotzerat isuri konfidentzia horietan, arima bat ederregia orain sentimenduek zenbat ñabardura dituzten ikustean beti ere fidel irauten dutenetakoa izan ez nadin. Mosé-ren otoitza entzutean erran duzun bezala: «Batzuentzat nota bera da, bertzeentzat musikaren betierekotasuna!» Pentsa ezazu egun arratsean begira naukazula Beauséanteko anderearen dantzaldirat joateko. Inolaz ere Ajudako jaunaren hitzarmena sinatua izan da egun goizean gortean, eta bizkondesa gaixoak bi orenetan baizik ez du jakin... Paris guztia joanen da harenerat, herriak la Grève gainezkatzen bezala bere hartan exekuzioren bat izan behar denean. Ez dea izigarria ikustera joatea emakume horrek bere mina gordeko duenetz, ongi hiltzen jakinen duenetz? Ni ez nintzateke eiki joanen, ene adiskidea, jadanik haren etxean izana banintz; baina ez du dudarik gabe gehiago errezibituko, eta egin ditudan eginahal guztiak alferrikakoak lirateke. Ene egoera desberdina da oso bertze emakumeenaz. Bertzalde, zugatik ere joatekoa naiz harat. Zeure aiduru naukazu. Bi ordu barne enegandik hurbil ez bazintez, ez dakit saldukeria hori barka niezazukeen.»

 

        Rastignacek luma bat hartu eta honela erantzun zuen:

 

        «Mediku baten begira nago zure aitak oraindik bizirik segitu behar duen jakiteko. Hilzorian da. Joanen naiz zuri manuaren eramatera, eta beldur naiz ez ote den heriotza manu bat izanen. Zuk ikusiko duzu dantzaldirat joan zaitezkeenetz. Mila laztan.»

 

        Medikua zortziak eta erdietan etorri zen, eta, aldeko abururik eman gabe, ez zion iritzi heriotzak berehalakoa behar zuenik. Aldizkako hobekuntzak eta erorialdiak gaztigatu zituen, gizagaixoaren bizitza eta ezagumenaren geroa erabakiko zutenak.

        — Hobeko luke lehenbailehen hilen balitz, izan zen doktorearen azken hitza.

        Eugènek Goriot zaharra Bianchonen arten gomendio utzi, eta handik joan zen Nucingeneko andereari berri triste, bere izpiritu artean ere familiako eginbideez beterikakoan, edozein alegrantzia bertan etenarazi behar zutenen eramatera.

        — Errozu diberti dadila hala ere, oihukatu zion Goriot zaharrak zeinak modorratua irudi baitzuen, baina zeina ohean altxatu baitzen Rastignac jalgi zenean..

        Mutil gaztea minez erdiraturik agertu zitzaion Delphineri, eta ediren zuen orrazturik, galtzaturik, bere dantza-jantzia baizik gelditzen ez zitzaiola janzteko. Baina, pintoreek beren taulen bururatzeko ematen dituzten azken pintzelaldiak irudiak, hondar apainketek denbora gehiago behar zuten ehunaren barneak berak eskatzen ez zuena baino.

 

        — Zer, ez zaude bada jantzirik? erran zuen Delphinek?

        — Baina, anderea, zure aita...

        — Ene aita berriz, egin zuen oihu Delphinek ikasleari etenik. Zuk ez didazu gero erakutsiko neure aitari zor diodana. Aspalditik ezagutzen dut neure aita. Hitzik ere ez, Eugène. Apaindurik egonen zarenean baizik ez zaitut entzunen. Thérèsek dena prestatu du zure etxean: ene kotxea prest da, har ezazu; etor berriz honat. Dantzaldirat goazela mintzatuko gara neure aitaz. Tenore onez behar dugu abiatu; kotxeen lerrokadak harrapatzen baldin bagaitu, biziki kontent izanen gara hamaiketan sartzen bagara.

        — Anderea!

        — Zoaz! hitzik ere ez, erran zuen andereak bere apaingelarat lasterka zihoala han lepoko baten hartzeko.

        — Baina zoaz bada, Eugène jauna, anderea haserretuko duzu, erran zuen Thérèsek parrizidio sotil horretaz lotsaturikako mutil gazteari bultza eginez.

        Gogoetarik hitsenak, etsigarrienak eginez joan zen janztera. Mundua ikusten zuen lohizko itsasandi bat bezala non gizon bat leporaino hondatzen baitzen, bere hartan zangoa sartuz geroz. —Krimen zikoitzak baizik ez ditiztek hemen egiten! erran zuen bere baitan. Vautrin handiagoa duk. Gizartearen hirur agertzapen handiak ikusiak zituen: Obedientzia, Borroka eta Errebolta: Familia, Mundua eta Vautrin. Eta ez zen alderdirik hartzera ausartzen. Obedientzia enoagarria zen, Errebolta ezinezkoa, eta Borroka zalantzazkoa. Pentsamenduak bere familiarenganat eraman zuen. Bizitza jabal haren bihotz-hunkidura garbiez oroitu zen, maite zuten izakien artean iragan egunak gomutatu zituen. Familiaren etxeko lege naturalei askietsirik, kreatura maite horiek zorion betea, jarraikia, larridurarik gabea edireten zuten han. Bere pentsamendu onengatik ere, ez zuen kuraiarik atzeman Delphinerenganat arima garbien fedea aitortzera etortzeko, Amodioaren izenean Bertutea manatzen ziola. Hasirikako bere hezkuntza bere fruituak ekarria zen jadanik. Berekoiki maite zuen jadanik. Bere antzeak Delphineren bihotzaren izaera ezagutzeko bide eman zion. Susmatzen zuen hura gauza zela aitaren gorputzaren gainetik iragatekotz dantzaldirat joateagatik, eta ez zuen ez zentzarazle-lanetan hasteko indarrik, ez hari atsegin ez emateko adorerik, ez haren kitatzeko bertuterik. «Sekula ez lidakek barkatuko zirkunstantzia honetan arrazoi ukan izana beraren kontra», erran zuen bere baitan. Gero medikuen hitzak aztertu zituen, laketu zen pentsatuz-eta Goriot zaharra ez zela uste zuen bezain galgarriro eri; hitz batez, arrazonamendu min-emangarriak metatu zituen Delphineren zuritzeko. Ez zekien aita zer estatutan zegoen. Gizagaixoak berak lezake dantzaldirat igor, ikustera joan balekio. Usu gizartearen legeak, urrikalgabe bere formulan, kondenatzen du non eta ageriko krimena izaera diferentek, interes eta egoera desberdinek familien baitan eragiten dituzten ezin konta ahalako aldakuntzek desenkusaturik ageri den lekuan. Eugènek berak bakarrik nahi zuen tronpatu, prest zen bere maitaleari bere kontzientziaren sakrifikatzekotz. Bi egunez geroztik, dena aldatua zen haren bizitzan. Emakumeak harat egotziak zituen bere desordenuak, familia zurbilarazia zuen, dena bere onetan bahitua. Rastignacek eta Delphinek, bata bertzearen medioz gozamenik bizienen dastatzeko beharrezko kondizioetan zuten elkar topatu. Ontsa prestaturikako beren grina, grinak hiltzen dituenaz, gozamenaz, handitua zuten. Emakume haren jabe izanik, Eugène ohartu zen ezen ordura arte desiratu baizik ez zuela, zorionaren biharamunean baizik ez zuen maite izan; amodioa plazeraren ezagutza baizik ez izaki menturaz. Zital ala sublime, itsuki maite zuen emakume hori bai ezkon saritan hari ekarri zizkion boluptuositateengatik, eta bai harengandik errezibituak zituen guztiengatik; hala nola Delphinek Rastignac maite zuen hainbat nola Tantalok mate izanen zuen bere gosearen asetzera, edo bere eztarri idortuko egarriaren jabaltzera, etorri izanen zitzaion aingerua.

        — Ongi da! nola da ene aita? erran zion Nucingeneko andereak, ikaslea itzuli eta dantza-jantzitan agertu zenean.

        — Ezinago gaizki, erantzun zuen Rastignacek, zeure maitasunaren froga bat eman nahi baldin badidazu, goazen zalu haren ikustera.

        — Ongi da, bai, erran zuen andereak, baina dantzalditik lekorat. Ene Eugène ona, izan zaitez gisakoa, ez zakizkit erasiaka has, zatoz.

        Handik joan ziren biak. Eugène isilik egon zen bidearen zati batean.

        — Zer duzu beraz? erran zuen Delphinek.

        — Zure aitaren karranka aditzen dut, ihardetsi zuen Eugènek samurgoaren doinuaz. Eta han hasi zen kontatzen gaztetasunaren mintzo-eder suharraz Restaudeko andereak banitateak bultzaturik burutu egitate latza, aitaren azken sakrifizioak ekarri heriozko larrialdia, eta Anastasieren soineko lamatua gostako litzatekeena. Delphine negarrez zegoen.

        — Itsusi egonen naiz, pentsatu zuen. Malkoak idortu zitzaizkion. Aitaren zaintzera joanen naiz, ez naiz haren oheburutik lekutuko, segitu zuen.

        — Ah! holaxet nahi zintudan, erran zuen Rastignacek bizibizia.

        Bortzehun kotxeren argiek argitzen zituzten Beauséant Jauregiko sargiak. Ate argiztatuaren alde bakoitzean jendarme bat arrandiatzen zen. Handikiak hain ziren ugari heldu, eta denek ere hain zuten lehia handia erakusten emakume handi horren erortzen ikusteko, non apartamentuak, etxearen behereko aldean zeudenak, jadanik beterik baitzeuden Nucingeneko anderea eta Rastignac han agertu zirenean. Gorte guztia Louis XIVak amorantea brast kentzen zion Andereño handiarenerat oldarka joan zenetik, ezein bihotz-hondamendi ez zen Beauséanteko anderearena baino asaldagarriagoa izan. Zirkunstantzia honetan, Bourgogneko etxe abantzu erregetiarraren azken alaba bere gaitza baino indartsuago agertu zen, eta azken unera arte eduki zuen bere mende mundu hura zeinaren banitateak bere irritsaren garaitiaren zerbitzarazteko baizik ez baitzituen onartu. Pariseko emakumerik ederrenek animatzen zituzten saloiak beren jantziez eta beren irriñoez. Gorteko gizonik gailenenak, enbaxadoreak, ministroak, edozertariko jende argiak, gurutzez, plakaz, xingola koloreztatuez leporaino apainduak, lehia bizian ageri ziren bizkondesaren inguruan. Orkestra bere musikaren doinuak jotzen ari zen jauregi horretako, bere erreginarentzat mortu ageri zeneko, tronadura apainduen azpian. Beauséanteko anderea zutik zegoen bere lehen saloiaren aitzinean adiskide ustezkoen errezibitzeko. Zuriz jantzia, bere bilo trentzatu soiletan inolako apaingarririk gabe, lasai irudi zuen, eta ez zuen adierazten ez oinazerik, ez fiertasunik, ez gezurrezko bozkariorik. Inork ez zezakeen haren ariman irakur. Marmolezko Niobe bat, erranen zenuten zuek. Irriño trufaria egin zien batzuetan bere adiskide minei; alabaina betiko Beauséanteko anderea iruditu zitzaien denei, eta hain zen ongi agertu egiaz zer zen zorionak bere errainuez edertzen zuenean, non denetan soraioenek ere miretsi baitzuten, Erromano gazteek azken hatsaren ematean irribarre egiten zekien gladiadorea txalotzen zuten antzera. Bere erreginetako bati adios errateko edertua irudi zuen munduak.

        — Ikaran nintzen etor ez zintezen beldurrez, erran Zion Rastignaci. Anderea, erantzun zuen halako ahots hunkituaz hitz hori erasiatzat hartuz, azkena gelditzeko etorri naiz.

        — Ongi da, erran zuen andereak eskua hartzen ziola. Menturaz zu zara hemen fida nakiokeen bakarra. Ene adiskidea, beti ere malta dezakezun emakume bat maita ezazu. Ez ezazu bazter utz emakumerik bat ere.

        Rastignacen besoa hartu eta kanape baterat eraman zuen, jendea jostetan zebilen saloian.

        — Joan zaitez, erran zion andereak, markesarenerat. Jacques ene lekaio ganbarazainak eramanen zaitu harat eta harentzako gutun bat emanen. Neure korrespondentzia eskatzen diot. Oso-osorik emanen dizu, atsegin dut hari sinestea. Ene gutunak eskuratzen badituzu, igan zaitez ene ganbararat. Jakinean ezarriko naute.

        Jaiki zen Langeaiseko dukesaren, bere adiskiderik hoberenaren aitzinerat joateko, hura ere heldu baitzen. Rastignac jalgi zen, Ajudako markesaren galdea egin zuen Rochefidetarren jauregian, hantxe behar baitzuen gaua eman, eta hantxe baitzuen aurkitu. Markesak bere etxerat eraman zuen, ikasleari kaxa bat eman, eta erran zion: «Hor daude denak.» Mintzatu nahi izan bide zion Eugèneri, dela dantzaldiko gertakarien gain eta bizkondesari buruz galdetzeko, dela hari aitortzeko ezen jadanik beharbada urrikiturik zegoela bere ezkontzaz, gerora egon zen bezala; baina harrotasunezko argi batek distiratu zuen haren begietan, eta bere sentimendurik prestuenei buruzko sekretuaren gordetzeko kuraia deitoragarria izan zuen. «Ez iezaiozu nitaz fitsik erran, ene Eugène maitea.» Rastignacen eskua tinkatu zuen mugimendu amultsuki triste batez, eta joateko keinua egin zion. Eugène Beauséantenekorat itzuli zen, eta bizkondesaren ganbararat izan zen eramana, non partitze baten apailamenduak ikusi baitzituen. Suaren ondoan jarri zen, zedrozko kutxatilari behatu zion, eta malenkonia sakon batek bereganatu zuen. Harentzat, Iliadako jainkosen parekoa zen Beauséanteko anderea.

        — Ah! ene adiskidea, erran zuen bizkondesak sartu eta eskua Rastignacen bizkar gainean pausatzen zuela.

        Ikasleak negarrez ikusi zuen bere lehengusina, begiak altxatuak, esku bat dardaraka, bertzea goratua. Bat-batean andereak kaxa hartu, suan ezarri eta erretzen ikusi zuen.

        — Dantzan ari dira! tenore-tenorez etorri dira denak, heriotza aldiz berant etorriko delarik. Ixo! ene adiskidea, erran zuen bizkondesak eri bat ipiniz mintzatzeko prest zen Rastignacen ahoaren gainean. Ez dut sekula berriz ikusiko ez Paris eta ez mundua. Goizeko bortzetan, partitzera noa Normandiaren peko zolan ehorztera joateko. Hainbat gauza egin behartu zaizkit arratsaldeko hirur orenez geroztik: neure prestakizunak egin, aktak sina, afera batzuez ardura; inor ez nezakeen igor zerarenerat... Anderea isildu zen. Gauza segura zen aurkituko luketela zerarenean... Hartzara isildu zen, oinazeak azpiraturik. Une horietan oro da oinaze, eta ezin-erranezkoak zenbait hitz. —Tira, hasi zen berriz, zuri nengokizun egun arratsean azken zerbitzu honen egiteko. Neure adiskidantzaren froga bat nahi nizuke eman. Maiz izanen zaitut gogoan, on eta zintzo, gazte eta laño begitandu zatzaizkidan hori kualitate horiek hain bakanak diren mundu honen erdian. Nitaz oroituko ahal zara inoiz edo behin. Har ezazu, erran zuen begiak bere buruaren inguruan itzulikatuz, honatx neure eskularruak sartzen nituen kutxatila. Dantzaldirat edo ikusgarrietarat joan aitzin hartu dudan aldioro, eder sentitzen nintzen, zoriontsua nintzelakotz, eta bere hartan pentsamendu grazios zenbaiten uzteko baizik ez nuen ukitzen; nitarik anitz bada hemen barnean, suntsitua da hemen dagoen Beauséanteko anderea. Onets ezazu. Arduratuko naiz zure etxerat, d'Artois karrikarat, eraman dezaten. Nucingeneko anderea biziki ongi da arrats honetan, maita ezazu zinez. Elkar berriz ikusten ez badugu, ene adiskidea, izan zaitez segur desirarik hoberenak izanen ditudala zuretzat, enetzar zintzo izan zaren horrentzat. Jaits gaitezen, ez dut nahi negarrez nagoela pentsa dezaten. Eternitatea dut neure aitzinean, bakarrik egonen naiz han, eta inork ere ez dit han neure malkoen konturik eskatuko. Bertze behako bat ganbara honi. Isildu zen. Gero, une batez begiak bere eskuaz ezkutatu ondoan, begi horiek xukatu zituen, ut freskoz busti, eta ikaslearen besoa hartu. —Goazen! erran zuen.

        Rastignacek ez zuen sekula sentitu hain bihotz-zarrasta bortitzik nola izan baitzen oinaze hain sotilki atxiki horrekiko kontaktua. Dantzaldirat sartzean, Eugènek Beauséanteko anderearekin egin zuen hango itzulia, emakume grazios horren azken eta adeitasunezko arta bera. Bi ahizpak ikusi zituen berehala, Restaudeko anderea eta Nucingeneko anderea. Kondesa ezin ederrago zegoen bere diamant guztiak agerian, zeinek, harentzat, erregarriak behar baitzuten inolaz ere, azken aldikotz zeramatzan. Haren urguilua eta haren amodioa nahi den bezain indartsuak izan zitezen ere, ez zituen ongi jasaten senarraren behakoak. Ikuskizun hori ez zen Rastignacen burutazioen alegerarazteko gisakoa. Orduan, bi ahizpen diamanten azpian, Goriot zaharra zetzan etzauntza ikusi zuen. Haren jarrera malenkoniosak bizkondesa tronpatu zuelarik, honek bere besoa kendu zion.

        — Zoaz! ez dizut plazer bat gosta nahi, erran zuen andereak.

        Eugène laster izan zen Delphinek bereganat bildua, zoriontsu sorrarazten zuen eraginaz, eta jeloskor ikaslearen oinetan mundu horretan, non adoptatua izatea espero baitzuen, biltzen zituen begiramenduen ezartzeaz

        — Nola atzematen duzu Nasie? erran zion.

        — Bere aitaren heriotza ere du bahitu, erran zuen Rastignacek.

        Goizeko laurak alderat, saloietako ostea bakantzen hasia zen. Laster musika-soinuak isildu ziren. Langeaiseko dukesa eta Rastignac bakarrik gertatu ziren saloi handian. Bizkondesa, han ikaslea baizik edirenen ez zuelakoan, bere hartarat etorri zen Beauséanteko jaunari adios erran ondoan, zeina lo egitera joan baitzen errepikatzen ziola: «Tronpatzen zara, maitea, zeure adinean barrolatzera joateaz! Geldi zaitez beraz gurekin.»

        Dukesaren ikustean, Beauséanteko andereak ezin izan zuen hasperen bat atxiki.

        — Asmatu dizut, Clara, erran zuen Langeaiseko andereak. Berriz ez itzultzeko partitzen zara; baina ez zara joanen aitzinetik ni entzun eta elkar aditu gabe. Besotik hartu zuen bere adiskidea, aldameneko saloirat eraman, eta han, begiak malkotan so egiten ziola, bere besoetan tinkatu zuen eta musu eman zion masailetan. —Ez zaitut hozkiro utzi nahi, maitea, bihotz-zimiko bat astunegia litzateke. Zeure buruaz bezalaxe fidatu ahal zaitezke nitaz ere. Handia izan zara gau honetan, zure dina sentitua naiz, eta horixe nahi dizut frogatu. Hutsak egin ditut zure alderat, ez naiz beti ontsa jokatu, barka iezadazu, maitea: gaitzesten dut zauritu ahal izan zaituen guztia, zuzendu nahi nituzke neure hitzak. Oinaze berak batu ditu gure arimak, eta ez dakit gutarik nor izanen den zorigaiztokoena. Montriveauko jauna ez zen hemen gau honetan, konprenitzen duzua? Nork ere ikusi baitzaitu dantzaldi honetan, Clara, hark ez zaitu sekula ahantziko. Azken eginahal bat eginen dut nik. Porrot egiten badut, komentu baterat joanen naiz. Norat zoaz zu?

        — Normandiarat. Courcelles-erat, maitatzera, otoitz egitera, Jainkoak mundu honetatik eramaten nauen arte.

        — Etor zaitez, Rastignaceko jauna, erran zuen bizkondesak ahots hunkitu batez, ustez-eta mutil gazte hori begira zegoela. Ikasleak belauna makurtu zuen, lehengusinaren eskua hartu eta muinkatu. —Antoinette, adios! hasi zen berriz Beauséanteko anderea, izan zaitez zoriontsua. Zutaz denaz bezainbatean, zu bazara zoriontsua, gaztea zara, zerbaiti sinets dezakezu, erran Zion ikasleari. Mundu honetatik joaten naizenean, zenbait hilurran abantailaturen antzera, bihotz-hunkidura erlijiosak, zintzoak ukan izanen ditut neure inguruan!

        Rastignacek bortzak irian alde egin zuen, Beauséanteko anderea bere bidaietako berlinan ikusi eta gero, haren azken agur negar-malkoez bustia errezibitu eta gero, negar-malko horiek frogatzen baitzuten ezen pertsonarik garaienak ez daudela bihotzaren legetik kanpo eta ez direla bihozminik gabe bizi, herriaren zenbait lausengarik sinetsarazi nahi luketen gisan. Eugene oinez itzuli zen Maison-Vauquererat, aro heze eta hotz batekin. Hezkuntza bururatzear zuen.

        — Ez diagu Goriot zahar dohakabea salbatuko, erran zion Bianchonek Rastignac bere auzoaren gelan sartu zenean.

        — Adiskidea, erran zion Eugènek agure lohartuari behatu ondoan, hoa, jarrai hadi heure desirak mugatzen dituen xede apalaren ondotik. Ni infernuan nagok, eta hantxet gelditu beharra diat. Sinets ezak munduaz erraten diaten edozein gaiztakeria! Ez duk Juvénalik urrez eta harribitxiz estalirikako haren izigarrikeria agertaraz dezakeenik.

        Biharamunean, Rastignac arratsaldeko bi orenak alderat izan zen Bianchonek iratzarria, zeinak, jalgitzera behartua, Goriot zaharraren zaintzeko erregutu baitzion, haren estatuak nabarmenki txarrerat egina baitzuen goizean barna.

        — Bi egun ez dik iraunen gizagaixoak, sei orduko bizitzarik ere ez dik beharbada, erran zuen medikuntzako ikasleak, eta gu ez gaituk bizkitartean gaitzaren gudukatzetik gelditzen ahal. Arta garestiak eman beharko zaizkiok. Haren eri-zainak izanen gaituk atseginez; baina nik ez zauzkat sosak. Sakelak irauli zizkioat, armairuak arakatu: hutsa denetan. Bere baitan zegoen une batean galdetu zioat, ardit bat ere ez daukala erran zidak. Zenbat daukak hik?

        — Hogei libera gelditzen zaizkidak, erantzun zuen Rastignacek, baina haien jokatzera joanen nauk, irabaziko diat.

        — Eta galtzen baduk?

        — Dirua eskatuko zieat haren suhi eta alabei.

        — Eta ez baditek ematen? segitu zuen Bianchonek. Premiazkoena orain ez duk diruaren aurkitzea, sinapismo irakin batez bildu beharra diagu gizagaixoa zangoetarik hasi eta izterren erdiraino. Garrasika hasten bada, izanen duk zer eginik. Badakik hori nola konpontzen den. Bertzalde ere, Christophek lagunduko han. Ni botikarioarenetik pasatuko nauk han hartuko ditugun sendagai guztien berme ematera. Zorte txarra duk gizagaixoa gure zahartegirat eramateko gisan egon ez izana, han hobeki izanen huen. Goazen, erranen diat zer behar duan egin, eta ez ezak bakarrik utz ni itzuli arte.

        Bi gazteak agurea zetzan ganbaran sartu ziren. Eugène aurpegi dardaratsu, zuri eta ezinago ahul horrek izan aldaketaz izitu zen.

        — Eta, ontsa zaudea? erran zion etzauntza gainerat makurtzen zela.

        Goriotek begi hits batzuk goititu zituen Eugènerenganat eta arta handi-handirekin so egin zion ezagutu gabe. Ikasleak ez zuen ikuskizun hori jasan, negar batzuek begiak busti zizkioten.

        — Bianchon, ez litzateke errezelik behar leiho horietan!

        — Ez. Aroaren gorabeherek ez ditek jadanik eraginik harengan. Sobera zorte ona izanen huke hotza edo beroa izanen balu. Dena den sua behar diagu tisanen egin eta makina bat gauzaren prestatzeko. Arbazta-azau batzuk igorriko ditiat egurra eduki arte balioko digutenak. Atzo eta barda hirea eta gizagaixoaren zohikatz guztiak erre ditiat. Bustigiro handia huen, hormak izerdi zeudean. Nekez ahal izan diat ganbara xukatu. Christophek erratza pasatu dik, zerritegi bat egina zegoan. Orrea erre diat, sobera urrintzen zian.

        — Jainkoa! erran zuen Rastignacek, baina haren alabak!

        — To, edateko eskatzen baldin badu, honetatik emanen diok, erran zuen barnekoak Rastignaci poto zuri handi bat erakusten ziola. Dolamenka hasi eta sabela bero eta gogorra baldin badu, laguntzeko erranen diok Christopheri zera emateko... badakik. Izanen balu, menturaz, buruberotasun bat handia, hitz asko eginen balu, finean burua doi bat nahasiko balitzaio, utzak bere gisara. Hori ez duk seinale txarra izanen. Baina igor Christophe Cochin zahartegirat. Gure medikua, ene laguna edo ni etorriko gintuzkek hari moxen ezartzera. Egun goizean, lo hengoen bitartean, kontsultazio handi bat egin diagu doktore Gillen ikasle batekin, Hôtel-Dieu-ko medikuburu batekin eta geurearekin. Jaun horiek sintoma kurios batzuk hauteman uste izan ditiztek, eta guk eritasunaren aitzinamendua zainduko diagu, pondu zientifiko aski inportant batzuen argitzeagatik. Jaun horietako batek erraten dik ezen gerliaren presioak, organo batean bertze batean baino gehiago sakatuko balu, ondorio berezi batzuk eragin litzakeela. Entzun ezak ongi beraz, mintzatzen hasiko balitz, haren hitzak zer ideia klasetakoak diren ikusteagatik: oroimen, aditze, ezagumen heinekoak diren; materialitateez edo sentimenduez diharduen; konduak ateratzen dituen, iraganerat itzultzen den; hots, izan hadi guri txosten zehatz baten egiteko gisan. Bazitekek inbasioa dena behingoan gertatzea; orain dagoen bezalaxe hilen duk: zozoturik. Dena arras bitxia duk holako eritasun-suerteetan! Bonba hemendik leher baledi, erran zuen Bianchonek eriaren garondoa erakutsiz, badituk fenomeno bakan batzuen etsenpluak: burmuinak bere fakultateren batzuk berreskuratzen ditik, eta heriotza emekiago etortzen duk. Serositateak burmuinetik saihets zitezkek, bide batzuk har zeinen ibilia autopsiaz baizik ezin jakin baitaiteke. Baduk Incurables-etan agure zahar bat isuria haren baitan bizkar-hezurrarri jarraitu baitzaio: izigarrizko oinazeak ditik, baina bizi duk.

        — Anitz dibertitu direa? erran zuen Goriot zaharrak, Eugène ezagutu baitzuen.

        — Oi! alabak soilik zerabiltzak gogoan, erran zuen Bianchonek. Ehun aldiz baino gehiago erran zidak barda: «Dantzan ari dira! badu bere soinekoa.» Beren izenez deitzen zitian. Negargura ematen zidaan, deabruak eraman nazala! bere deiadarrekin: «Delphine! ene Delphine ttikia! Nasie!» Ene ohorezko hitza, erran zuen medikuntzako ikasleak, negarretan urtzekoa huen.

        — Delphine, erran zuen agureak! han dea, ez da hala? Banekien bada nik. Eta haren begiak eromenezko jardunean hasi ziren berriz, hormei eta ateari behatzeko.

        — Behera noak Sylvieri kataplasmen prestatzeko erratera, oihukatu zuen Bianchonek, tenorea egokia duk.

        Rastignac bakarrik gelditu zen agureagandik hurbil, ohearen buruan jarririk, begiak buru lazgarri eta ikusten mingarri horretan finkaturik.

        — Beauséanteko andereak ihes egiten dik, hau hiltzen ari duk, erran zuen. Arima garbiak ez dituk luzaz gelditzen ahal mundu honetan. Izan ere, nolaz egin lezakete bat sentimendu handiek gizarte zikoitz, ziztrin, hutsal batekin?

        Joana zen festaren irudiak haren gogoan agertu ziren eta heriotzazko ohe horren ikuskizunarekin kontrastatu. Bianchon supituki agertu zen berriz.

        — Aizak, Eugène, geure medikuburua ikusi berri diat, eta lasterka itzuli nauk. Ezagumen-sintomak agertuz geroz, hitz egiten badu, etzan ezak sinapismo luze baten gainean, garondotik hasi eta ipur-konkorreraino ziapez estaltzeko moldean, eta hots egin iezaguk.

        — Bianchon maitea, erran zuen Eugènek.

        — Oi! egitate zientifiko bat duk, segitu zuen medikuntzako ikasleak hasberri baten suhartasun guztiarekin.

        — Arraioa, erran zuen Eugènek, ni izanen nauk hortaz agure dohakabe hau maitasunez artatuko dudan bakarra.

        — Egun goizean ikusi baldin baninduan, ez huke hori erranen, segitu zuen Bianchonek hitz horiengatik haserretu gabe. Lanean zaildurikako medikuek ez ditek eritasuna baizik ikusten; nik aldiz eria ikusten diat oraindik, ene mutil maitea.

        Bianchon joan zen, Eugène bakarrik utziz agurearekin, eta luze gabe agertu zen larrialdi baten beldur.

        — Ah! zu zara, ene haur maitea, erran zuen Goriot zaharrak Eugène ezaguturik.

        — Hobeki zara? galdetu zuen ikasleak eskua hartzen ziola.

        — Bai, burua hertsaturik neukan halako tornu batean bezala, baina ari da libratzen. Ene alabak ikusi dituzua? Hemen dira berehala, arineketan etorriko dira cri naizela jakin bezain sarri, hainbertze artatu naute la Jussiene-ko karrikan! Jainkoa! nahi nuke ene ganbara garbi izan ledin haien errezibitzeko. Bada mutil gazte bat zohikatz guztiak erre dizkidana.

        — Christophe aditzen dut, erran zion Eugènek, mutil gazte honek igortzen dizun egurra dakarkizu honat.

        — Zera! nola ordain egurra baina? sosik ez daukat, ene haurra. Dena eman dut, dena. Karitatearen pentzutan nago. Soineko lamatua ederra zena bederen? (Ah! oinazetan nago!) Mila esker, Christophe, Jainkoak sariztatuko zaitu, ene mutila; deus ez daukat nik jadanik.

        — Ongi ordainduko diat, hiri eta Sylvieri, erran zuen Eugènek mutilaren belarrirat.

        — Etorriko zirela erran dizute ene alabek, ez da hala, Christophe? Hoa harat berriz, ehun sos emanen dizkiat. Erran iezaiek ez naizela ongi sentitzen, nahi nituzkeela besarkatu, bertze aldi batez ikusi hil baino lehenago. Erraiek hori, baina sobera iziarazi gabe.

        Christophe Rastignacen keinu batez abiatu zen.

        — Etorriko dira, hasi zen berriz agurea. Ezagutzen ditut. Delphine on horri, hiltzen banaiz, zer bihozmina emanen diodan! Baita Nasieri ere. Ez nuke hil nahi, haiei negar ez eragiteagatik. Hiltzea, ene Eugène ona, haien berriz ez ikustea da. Ederki aspertuko naiz hemendik joaten garen tokian. Aita batentzat, infernua haurrik gabe egotea da, eta ongixko ikasia naiz hori ezkondu zirenaz geroztik. La Jussienneko karrikan nuen nik paradisua. Errazu, paradisurat joaten banaiz, lurrerat itzuli ahal izanen naiz izpiritu gisa haien ingururat. Badut horrelako gauzen aditzea. Egiazkoak ote dira? Haiek ikusi uste ditut une honetan la Jussienneko karrikan ziren bezalaxe. Goizean jaisten ziren. Egunon, aitatto, erraten zuten. Belaunen gainean hartzen nituen, mila kitzikaldi, ñika batzuk egiten nizkien. Haiek xotilki ferekatzen ninduten. Goiz oro elkarrekin gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen ginen, hots, aita nintzen, neure haurrekin gozatzen nuen. La Jussienneko karrikan zirelarik, ez zuten arrazonatzen, ez zekiten deus munduaz, egiazki maite ninduten. Jainkoa! Zergatik ez ziren beti tiki gelditu! Oi! oinazetan nago, buruak tenk egiten dit. Ah! ah! barka, ene haurrak! oinaze izigarriak ditut, eta behar du min bat egiazkoa izan dadin, hagitz gogortu bainauzue zuek gaitzarekiko. Jainkoa! haien eskuak neureetan edukiko banitu bederen, ez nuke neure gaitza sentituko. Badatozela uste duzea? Christophe hain da tontoa! Neronek beharko nuen joan. Hark ikusiko ditu. Zu ordea dantzaldian izan zinen atzo. Erradazu beraz nola zeuden? Ez zekiten deus ene eritasunaz, ezta? Ez ziratekeen dantzan ariko, gaixo neskatikoak! Oi! ez dut gehiago eri izan nahi. Ene premia handia dute oraindik. Fortunak arriskuan dauzkate. Eta ah zer senarrei lotu diren gainera! Senda nazazue, senda nazazue! (Oi! hauek oinazeak hauek! Ai! ai! ai!) Ikusten duzue, sendatu beharra dut, dirua behar dutelakotz, eta nik badakit norat joan haren irabaztera. Odessarat joanen naiz almidoi-orratzen egitera. Azeri zaharra naiz ni, milioiak irabaziko ditut. (Oi! izigarri sufritzen dut!)

        Goriot isilean egon zen une batez, eginahal guztiak eta bi egiten bide zituela bere indarren biltzekotz minaren jasateagatik.

        — Hemen balira, ez nintzateke kexatuko, erran zuen. Zergatik bada kexa?

        Brastakoan losuma arin bat etorri eta luzaz iraun zuen. Christophe itzuli zen. Rastignacek, Goriot zaharra lo zegoela uste zuenak, mutila bere mezuaren goratik kontu ematera utzi zuen.

        —Jauna, erran zuen, lehendabizi andere kondesarenerat joan naiz, zeinarekin ezinezkoa izan baitzait solas egitea, afera handiak omen zerabiltzan bere senarrarekin. Tematu bainaiz, Restaudeko jauna bera etorri da, eta honela erran dit: «Goriot jauna hiltzen ari dela? horratx egin dezakeen hoberena. Restaudeko anderearen beharra dut egiteko inportant batzuen bururatzeko, dena bukatua denean joanen da.» Gizon horrek haserre irudi zuen. Banindoan kanporat, noiz eta ere anderea sartu baita aitzinganbararat nik ikusten ez nuen ate batetik, eta erran dit: «Christophe, erran iezaiok ene aitari eztabaidan ari naizela neure senarrarekin, ezin dut utzi; ene_haurren bizitza edo heriotza dago kolokan; baina dena bukatu bezain laster, joanen naiz.» Andere baronesaz denaz bezainbatean, bertze ixtorio bat! ez dut ikusi, eta ezin izan diot hitz egin. «Ah! erraten dit andere ganbarazainak, anderea bortzak eta laurdenean itzuli da dantzalditik, lotan dago; eguerdia baino lehen iratzartzen badut, erasiatuko nau. Aita gaizkiagotzen ari duela erranen diot hots egiten didanenan. Berri txar batentzat, beti izaten da betarik horren hari errateko.» Alferrik erregutu dut! Ah! Jaun baroiarekin solas egiteko eskatu dut, jalgia omen zen.

        — Alabetarik ezein ez da etorriko! egin zuen oihu Rastignacek. Biei izkiriatuko diet.

        — Ezein ere ez, erantzun zuen agureak ohean jarririk. Egitekoak dituzte, lo daude, ez dira etorriko. Banekien. Beharrezkoa da hiltzea haurrak zer diren jakiteko. Ai! ene adiskidea, ez zaitez ezkon, ez ezazu haurrik izan! Zuk bizitza ematen diezu, haiek heriotza ematen dizute. Zuk haiek mundurat sartzen, haiek zu handik ohiltzen. Ez, ez dira etorriko! Jakin dut hori joan deneko hamar urtean. Neure baitan erraten nuen zenbait aldiz, baina ez nintzen horren sinestera ausartzen.

        Negar bana isuri zen haren bi begietan, ertz gorriaren gainean, handik erori gabe.

        — Ai! aberats banintz, neure fortuna gorde banu, haiei ez banie eman, hemen lirateke orain, masailak milikatuko lizkidakete beren musuekin! jauregi handi batean bizi ninteke, ganbara ederrak, sehiak, neure sua ukanen nuke; eta haiek negartetan blai lirateke, beren senarrekin, beren haurrekin. Hori guztia ukanen nuke. Deusik ez, ordea. Diruak oro ematen du, are alabak ere. Oi! ene dirua, non da? Altxorrak baldin baneuzka uzteko, zainduko nindukete, artatuko nindukete; entzunen nituzke, ikusiko nituzke. Ai! ene haur maitea, ene haur bakarra, nahiago dut neure abandonua eta neure miseria! Bederen, zorigaiztoko bat maitatua delarik, bat ere dudarik ez da maitatua dela. Ez, aberats nahi nuke izan, ikusiko nituzke orduan. Nork daki, ala fedea? Harrizko bihotzak dituzte biek. Sobera maite nituen haiek maite izan nintzaten. Aita batek beti behar du aberats izan, bridetatik behar ditu haurrak atxiki zaldi bihurriak bailiran. Eta belauniko egoten nintzen haien aitzinean. Miserableak! gisazko bukaera eman behar diote joan den hamar urtean ene alderat erakutsi duten jokamoldeari. Bazeneki zer nolako mainak egiten zizkidaten ezkondu ondoko lehen denboretan! (Oi! martirio krudel bat ari naiz sufritzen!) Zortziehun mila libera inguru eman berria nintzen bakoitzari, ez zitezkeen, ezta haien senarrak ere, gordinak izan enekin. Beren etxeetan hartzen ninduten: «Ene aita, hemendik; ene aita maitea, handik.» Platera beti prest izaten nuen haienean. Hitz batez haien senarrekin jaten nuen, zeinek begiramenduz hartzen baininduten. Artean banuen zerbait ukaitearen itxura. Zergatik hori? Fitsik erran gabe nengoen neure aferez. Bere bi alabei zortziehuna mila libera ematen dizkion gizon bat begiratu beharreko gizona zen. Eta eztitan edukitzen ninduten, baina ene diruagatik. Mundua ez da garbia. Ikusia dut bada nik hori! Kotxez eramaten ninduten ikusgarrietarat, eta nahi nuen gisan gelditzen nintzen festetan. Hitz batez ene alabak zirela erraten zuten, eta ni beren aitatzat aitortzen. Fina naiz ni oraindik, hara, eta deusik ez zait eskapatzen. Dena haientzat izan da eta bihotza erdiratu dit. Garbiki ikusten nuen dena itxurakeria zela; baina gaitza erremediogabea zen. Ez nintzen haien etxean beheko mahaian bezain gustura egoten. Ez nekien deusen erraten. Horregatik munduko jende horietako zenbaitzuek galdetzen zutelarik ene suhien belarrian: —Nor da jaun hori? —Sosen tipoa, aberatsa da oso. —Ah, futxo! erraten zuten, eta ezkutuek hartze duten begiruneaz so egiten zidaten. Baina inoiz edo behin apur bat poxelatzen banituen, ederki ordaintzen nituen neure hutsak! Bertzalde, nor da beraz perfektua? (Dena zauri dut burua!) Hiltzeko sufritu behar dena ari naiz une honetan sufritzen, ene Eugène jaun ona, eta zer? hori ez da deus konparatuz geroz Anastasiek, behin, astakeria harentzat umiliagarri bat erran berria nuela konpreniarazteko jaurtiki zidan lehen behakoak eman zidan minan: zain guztiak ireki dizkit bere behakoaz. Dena nahi izanen nuen jakin, baina ongi jakin dudana lurrean soberan nengoela izan da. Biharamunean Delphinerenerat joan naiz neure buruaren kontsolatzeko, eta hara non zozokeria bat egiten dudan hura sutan jarri duena. Erotu bezala egin naiz. Zortzi egunez egon naiz zer egin ez nekiela. Ez naiz ausartu haien ikustera joatera, haien erasien beldur. Eta hementxe nago ni alabek etxetik egotzirik. Ô Jainkoa, ezagunak baitituzu pairatu ditudan miseriak, oinazeak; kontatuak bildu ditudan puñal-ukaldiak zahartu, aldatu, hil, urdindu nauen denbora honetan, zergatik bada sufriarazten nauzu egun? Ontsa ordaindua naiz haien sobera maite izanaren bekatua. Ontsa mendekatuak dira ene maitasunaz, borreroak bailiran toleatu naute. Hara, bada! gurasoak hain dira tontoak! hainbertze nituen maite non jokolari bat jokorat bezala itzuli bainaiz haienganat. Ene bizioa ziren ene alabak; ene amoranteak; oro, hitz batez! Biek ala biek izaten zuten zerbaiten, edergailuen beharra; andere ganbarazainek erraten zidaten, eta nik haiei ematen nien ontsa errezibitua izateko! Alabaina erakaspen tiki batzuk eman dizkidate neure jendartean ibiltzeko moldeaz. Oi! ez dute biharamun arte iguriki. Nitaz ahalketzen hasiak ziren. Horra zer den nork bere haurren ongi heztea. Neure adinean ez nintekeen ordea eskolarat joan. (Oinaze izigarriak ditut, Jainkoa! medikuak! medikuak! Burua irekiko balidate, gutiago sufrituko nuke.) Alaba neureak, alaba neureak, Anastasie, Delphine! nahi ditut ikusi. Igor jendarmeria haien bila, bortxaz! justizia alde dut, oro dut alde; naturaleza, kode zibila. Protesta egiten dut. Sorterria hilen da gurasoak zangopilatuak baldin badira. Hori argi da. Gizarteak, munduak aitatasuna dute oinarri, dena amiltzen da haurrek beren gurasoak maite ez badituzte. Oi! haien ikustea, haien entzutea, ez du axolarik zer erranen didaten, haien ahotsak aditzen ditudan ber, horrek ene oinazeak eztituko ditu, Delphinek oroz gain. Erraiezu baina, hemen izanen direnean, ez diezadatela, egiten ohi duten bezala, hozkiro beha. Ah! ene adiskide ona, Eugène jauna, zuk ez dakizu zer den behakoaren urrea bat-batean berun grisa bilakatua ediretea. Haien begiek nitan berriz distiratu ez duten egunaz geroztik, neguan egon naiz beti hemen; xangrinak bertzerik ez dut jateko ukan, eta jan ditut! Umiliatua, iraindua izateko naiz bizi izan. Hainbertze ditut maite, non haien afrontu guztiak, bozkario ziztrin ahalkegarri baten saltzeko egiten zizkidatenak, irensten bainituen. Aita bat kukutzea bere alaben ikusteko! Neure bizitza eman diet nik, haiek ordu bat ere ez didate egun emanen! Egarri naiz, goseak nago, bihotzak erretzen nau, ez dira ene agoniaren freskatzera etorriko, ezen eneak egin du, usnatzen dut. Baina ez dakite alta zer den nor bere aitaren gorpu gainean ibiltzea! Bada Jainko bat zeruetan, hark mendekatzen gaitu gu, gu aitak, gorabehera. Oi! etorriko dira! Zatozte, ene maiteak, zatozte bertze musu bat matera, hondar musu bat, zuen aitaren biatikoa, eta Jainkoa zuen alde otoiztuko dut, alaba onak izan zaretela erranen diot, zuen alde mintzatuko natzaio! Hobengabeak zarete, ororen buru. Hobengabeak dira, ene adiskidea! Erraiezu argi denei, bakean utz ditzatela ene karietara. Ene hobenagatik da dena. Nik usatu ditut ene zangopilatzera. Hori atsegin nuen nik. Honek ez dio inori axola, ez gizakien justiziari, ez Jainkoaren justiziari. Jainkoa zuzengabea liteke enegatik kondena balitza. Ez dut jokatzen jakin, tontakeria bat egin dut neure eskubideei uko eginez. Haiengatik zirtzildua nintzatekeen! Zer nahi duzu! naturalezarik ederrenak, arimarik hoberenek men egin zioketen aiten etorkortasun horren usteldurari. Miserable bat naiz, merezi dut zigor hau. Nik bakarrik ditut neure alaben desordenuak ekarri, nik ditut galdu. Egun plazera nahi dute, bertzorduz gozokiak nahi zituzten bezala. Beti utzi izan ditut beren neskatila gazteen gutizien satisfatzera. Hamabortz urtetan, bazuten kotxea! Deusetan ez zaie gogor egin. Ni bakarrik naiz hobendun, baina haien maitatzeaz hobendun. Bihotza zabaltzen zidaten beren ahotsaz. Aditzen ditut, badatoz. Oi! bai, etorriko dira. Legeak manatzen du norbere aitaren hiltzen ikustera etorri beharra dela, legea ene fagore mintzo da. Gainera kurtsa bat baizik ez da gostako. Nik ordainduko dut. Izkiria iezaiezu milioiak dauzkadala haiei uzteko! Ohorezko hitza. Odessarat joanen naiz Italiako pasten egitera. Badakit nola. Milioiak irabaz daitezke ene egitasmoarekin. Inork ez du horretan pentsatu. Bihirik ez da garraioan galduko gari edo irinarekin bezala. Bai, bai, almidoia? milioiak dirateke hor! Ez duzu gezurrik erranen, milioiak erran iezaiezu, eta bertzerik ez bada zikoizkeriaz etorriko dira, nahiago dut tronpatua izatea, ikusiko ditut. Neure alabak nahi ditut! Nik egin ditut! eneak dira! erran zuen ohean jartzen zela, Eugèneri erakusten ziola buru bat zeinaren ile zuriak barreiaturik baitzeuden eta mehatxu egiten baitzuen mehatxua adieraz zezakeen guztiaz.

        — Ea, erran zion Eugènek, etzan zaitez berriz, ene aita Goirot ona, izkiriatuko diet. Bianchon itzuli bezain sarri, ni joanen naiz haiek heldu ez badira.

        — Haiek heldu ez badira! errepikatu zuen agureak hipaka. Hila egonen naiz ordea; hila amorrazioak joa! Amorrazioa nitaz jabetzen ari da! Neure bizitza osoa ikusten dut orain. Ergel bat naiz! Ez naute maite, sekula ez naute maite izan! hori argi da. Etorri ez baldin badira, ez dira etorriko. Zenbat eta gehiago luzatu izanen diren, hainbat eta nekezago deliberatuko dira eni bozkario honen ematera. Ezagutzen ditut. Sekula ez dute deus susmatzen jakin ene xangrinez, ene oinazeez, ene premiez, ene heriotza ere ez dute susmatuko; ene bihotz-beratasunaren sekretuaren berri ere ez dakite: Bai, ikusten ditut, haientzat, eni erraien ateratzeko ohiturak munta kendu die egiten nuen guztiari. Ene begien zulatzeko eskatu balidate, erranen niekeen: «Zula itzazue!» Zozoegia naiz. Aita guztiak haiena bezalakoa dela uste dute. Nork bere burua behar du beti errespetarazi. Haien haurrek mendekatuko naute. Komeni zaie baina honat etortzea. Jakinaraz iezaiezu beraz beren agonia konprometitzen ari direla. Krimen guztiak bakar batean eginen dituzte. Baina zoaz beraz, erraiezu bada ezen, ez etortzea, parrizidio bat dela! Krimenik aski egin dute hau emendatu gabe ere. Oihuka ezazu beraz nik bezala: «Aizu, Nasie! aizu, Delphine! zatozte zuen aitarenganat zuekin hain ona izan baita eta orain oinazetan baitago!» deus ez, inor ez. Zakur baten pare hilen naiz bada? Horra ene ordainsaria, zapuztua izatea. Zital batzuk dira, emagaizto batzuk; hastio ditut, madarikatzen ditut; jaikiko naiz, gauez, neure hilkutxatik haien berriz madarikatzeko, ezen, azken finean, ene adiskideak, oker ote naiz? bidegabe oso ari dira jokatzen! ez da hala? Zer diot? Ez didazua erran Delphine hemen dela? Bietarik hoberena da. Neure semea zaitut, Eugene! Maite izan ezazu, izan zaitez aita bat harentzat. Bertzea hagitz malerusa da. Eta haien fortunak! Ai, ene Jainkoa! Eneak egin du, soberasko sufritzen dut! Ebak iezadazue burua, utz bihotza bakarrik.

        — Christophe, zoaz Bianchonen bila, egin zuen oihu Eugènek agurearen auhen eta heiagorak hartzen hasiak ziren jiteaz lotsaturik, eta ekar iezadazu cabriolet bat.

        — Zure alaben bilatzera noa, ene Goriot ona, honat ekarriko dizkizut.

        — Bortxaz, bortxaz! Dei egiozue guardiari, infanteriari, denei! denei, erran zuen Eugèneri hondar behako bat jaurtikiz non ezagumenak distiratu baitzuen. Errozu gobernamenduari, erregeren abokatuari, ekar diezazkidatela, hemen nahi ditut!

        — Madarikatu dituzu ordea.

        — Nork erran du hori? ihardetsi zuen agureak harri eta zur eginik. Ongi dakizu maite ditudala, itsuki maite ditut! Sendatua naiz ikusten baditut... Zoaz, ene auzo ona, ene haur oniritzia,, zoaz, zu ona zara, eskerrak nahi nizkizuke eman, baina hilurran baten benedikazioak baizik ez ditut zuri emateko. Ai! gutienaz ere Delphine nahi nuke ikusi zurekiko dudan zorra kita dezan hari errateko. Bertzeak ezin badu, ekar iezadazu hura. Errozu ez duzula gehiago maiteko etorri nahi ez badu. Hain zaitu maite non etorriko baita. Eman edatera, erraiak sutan ditut! Ezar iezadazu zerbait buru gainean. Ene alaben eskua, horrek salba nintzake, sentitzen dut... Jainkoa! nork berreginen ditu haien fortunak ni hemendik banoa? Odessarat nahi dut joan haiengatik, Odessarat, han pasten egitera.

        — Edan ezazu hau, erran zuen Eugènek hilurran altxatu eta bere ezker besoan hartuz bertzean kikara bat tisanaz betea zeukan bitartean.

        — Behar dituzu zeure aita t'amak maitatu! erran zuen agureak bere esku indargeekin Eugèneren eskua tinkatuz. Ohartzen zarea haiek, neure alabak ikusi gabe hiltzera noala? Beti egarri izan, eta sekula edan ez, horra nola bizi izan naizen joan deneko hamar urtean... Suhiek alabak hil dizkidate. Bai, ez dut gehiago alabarik ukan ezkondu zirenaz geroztik. Gurasoak, erran iezaiezue Ganbarei ezkontzaren gaineko lege baten egiteko! Hots, ez itzazue alabak ezkon maite badituzue. Suhia da gizatxar bat dena suntsitzen duena alaba batengan, dena likisten du. Aski da ezkontzarik! Horrexek dizkigu alabak kentzen, eta haiek gabe gertatzen gara hiltzen garenean. Egin ezazu lege bat gurasoen heriotzaren gainean. Hau lotsagarria da! Mendekua! Suhiek diete honat etortzea eragozten. Hil itzazu! Heriotza Restaudi, heriotza Alsaziarrari, ene eraileak dira! Heriotza edo alabak! Ah! bukatu da, haiek gabe naiz hilen! Haiek! Nasie, Fifine, ea, zatozte bada! Zuen aitatto....

        — Ene Goriot ona, sosega zaitez, ea bada, zaude lasai, ez urduri egon, ez gogoari eragin.

        — Haien ez ikustea, hori da agonia!

        — Ikusiko dituzu.

        — Egia! oihukatu zuen agure asaldatuak. Oi! haien ikustea! haien ikustera noa, haien ahotsen entzutera. Zoriontsu hilen naiz. Ongi da! bai, ez dut gehiago bizitzeko eskatzen, ezin nuen gehiago, nekeak gero eta handiagoak ziren. Baina haien ikustea, haien soinekoen ukitzea, ah! haien soinekoak soilki, arras guti da hori; baina senti dezadala haien zerbait! Emazkidazu biloak... otoi...

        Burua burkoaren gainerat eraitsi zuen halako mailu-ukaldi bat hartuko balu bezala. Haren eskuak ohe-estalkiaren gainean durduzatu ziren bere alaben biloak hartu nahiz-edo.

        — Benedikatzen ditut, erran zuen eginahal bat eginez, benedikatzen ditut. Zerraldo erori zen bat-batean. Une hartan Bianchon sartu zen.

        — Christophe aurkitu diat, erran zuen, kotxe bat ekarriko dik. Gero eriari behatu zion, betazalak indarka altxatu, eta begi bat berotasunik gabea eta hitsa ikusi zioten bi ikasleek. —Ez duk bereoneratuko, erran zuen Bianchonek, ez diat uste. Pultsua hartu zion, haztatu, eskua gizagaixoaren bihotz gainean ezarri zuen.

        — Makina bazabilek oraindik; baina, haren egoeran, makur bat duk hori, hobeko liake hilen balitz!

        — Bai, alafede, erran zuen Rastignacek.

        — Zer duk bada hik? zurbil hago herioa bezala.

        — Ene adiskidea, heiagorak eta auhenak aditu berria nauk. Baduk Jainkorik! Oi! bai! baduk Jainkorik, eta edo egin ziguk mundu bat hobea, edo gure lurra zentzugabekeria bat duk. Hau honen lazgarria izan ez balira, negarretan urtuko nindukek, baina itsuski hertsaturik zauzkaat bihotza eta estomaka.

        — Errak, gauza andana bat beharko ditiagu; non erdiets dirua!

        Rastignacek bere erlojua atera zuen.

        — To, ezar ezak laster bahituran. Ez diat bidean gelditu nahi, minutu bat ere ez baitut galdu nahi, eta Christopheren begira nagok. Arditik ere ez zaukaat, itzultzean ordaindu beharko zioagu kotxezainari.

        Rastignac eskailerarat joan zen arrapaladan, eta etxetik jalgi Helder-eko karrikarat Restaudeko anderearenerat joateko. Bidean zihoala, irudimenak, haren begi-aitzinean gertaturikako ikuskizun izigarriak kolpaturik, haren sumindura berotu zuen. Aitzinganbararat heldu eta Restaudeko anderearen galdea egin zuelarik, ikusteko moldean ez zegoela erantzun zioten.

        — Baina, erran zion lekaio ganbarazainari, hiltzen ari den haren aitaren partez nator.

        — Jauna, jaun kondeak manurik zorrotzenak eman dizkigu.

        — Restaudeko jauna hemen bada, erran iezaiozu zer trantzetan kausitzen den haren aitaginarreba eta jakinaraz oraintxetan behar diodala hitz egin.

        Eugènek luzaz iguriki zuen.

        — Une honetantxe hilen duk menturaz, pentsatzen zuen.

        Lekaio ganbarazainak lehen salarat eraman zuen non Restaudeko jaunak ikaslea zutik hartu baitzuen, jartzeko erran gabe, surik ez zuen supazter baten aitzinean.

        — Jaun kondea, erran zion Rastignacek, zeure aitaginarreba jauna azken hatsetan duzu une honetan zulo doilor batean, egur ukaiteko arditik ere gabe; hiltzeko mene-menean dago eta bere alaba ikusi nahi du...

        — Jauna, ihardetsi zion idorki Restaudeko kondeak, ohartu ahal izan zara zinez bihotz-beratasun guti dudala Goriot jaunarentzat. Bere izaera eman dio Restaudeko andereari, zorigaitza ekarri ene bizitzari, neure bakearen etsaia ikusten dut haren baitan. Hil edo bizi dadin, bortz axola dit orok eni. Horra nolako sentimenduak ditudan haren alderat. Munduak gaitzets nazake, iritzia mesprezatzen dut. Baditut orain gauza inportantagoak egiteko ergelek ala axolagabeek nitaz zer pentsatuko duten goganbehartzea baino. Restaudeko andereaz denaz bezainbatean, ez da inora jalgitzeko moldean. Ez dut nahi, gainera, bere etxetik joan dadin. Errozu haren aitari ezen ene alderateko, ene haurraren alderateko eginbideak betetzen dituen bezain sarri haren ikustera joanen dela. Aita maite badu, libro izan daiteke istant batzuen buruan...

        —Jaun kondea, ez da eni dagokidana zure jokamoldearen jujatzea, zeure emaztearen nagusia zara; baina fida naiteke zure leialtasunari? ongi da! hitz emadazu soilki erratea haren aitari egun bateko bizitza ere ez zaiola gelditzen, eta dagoenekotz madarikatu duela bere oheburuan ez ikustean!

        — Errozu zerorrek, ihardetsi zuen Restaudeko jaunak Eugèneren mintzamoldeak salatzen zituen sumindura-sentimenduek kolpaturik.

        Rastignac sartu zen, kondeak gidaturik, kondesa egoten ohi zen saloian: han ediren zuen negarretan itoa, eta besaulki batean hondoratua hil nahirik dagoen emakume bat irudi. Pena eman zion ikasleari. Rastignaci so egin aitzin, behako izibera batzuk jaurtiki zituen senar gainerat, bere indar tirania moral eta fisiko batek zapalduak erabat ahiturik zeuzkala gaztigatzen zutenak. Kondeak burua higitu zuen, anderea mintzatzera sustatua sentitu zen.

        — Jauna, dena aditu dut. Errozu ene aitari ezen baleki nagoen egoeraren berri, barkatuko lidakeela. Ez nuen pairamen han espero, ene indarrak baino gogorragoa da, jauna, baina bururaino eramanen dut, erran zion bere senarrari. Ama naiz. Errozu ene aitari, itxurak itxura, ez dela eni zer egotz berari dagokionaz, oihukatu zion etsipenez ikasleari.

        Eugènek bi ezkontideak agurtu zituen, emakumea zegoen ateka latza hautemanik, eta harri eta zur eginik joan zen. Restaudeko jaunaren doinuak bere urratsaren alferra erakutsi zion, eta Anastasie ez zela jadanik libro konprenitu zuen. Nucingeneko anderearenerat joan zen lasterka, eta ohean aurkitu zuen.

        — Eri naiz, ene adiskide gaixoa, erran zion andereak. Hotza hartu dut dantzalditik jalgitzean, beldur naiz bularreko hantura bat ote dudan, medikuaren begira nago...

        — Heriotza zangoetan izan bazeneza ere, erran zion Eugènek eteten ziola, aitaren ondorat eraman beharra zaitugu. Zuri deika ari da! Haren garrasirik tikiena entzun ahal bazeneza, ez zintezke eri senti.

        — Eugène, ene aita ez da menturaz zuk diozun bezain eri; baina etsian nengoke hobenik tikiena izanen banu zure irudiz, eta zuk nahi duzun bezala jokatuko naiz. Hura, badakit nik, bihozminez hil liteke ene eritasuna hilgarri bilaka baledi jalgialdi honen ondorioz. Ongi da! joanen naiz ene medikua etorri bezain sarri. Ah! zergatik ez daukazu jadanik zeure erlojua? erran zuen katea jadanik ikusten ez zuela. Eugène ahalketu zen. Eugène! Eugène, saldua, galdua bazenu jadanekotz... Oi! gauza txarra litzateke zinez.

        Ikaslea Delphineren ohe gainerat makurtu, eta belarrirat erran zion: —Nahi duzua jakin? jakin ezazu, bada! Zure aitak ez du zerekin eros egun arratsean jantziko dioten hil-oihala. Zure erlojua bahian dago, hori bertzerik ez neukan.

        Delphinek brastakoan ohetik jauzi egin, lasterka joan zen bere izkiriamahairat, han bere moltsa hartu eta Rastignaci eman zion. Hots egin eta oihukatu zuen: «Banoa, banoa, Eugène. Utz nazazu janztera; munstro bat nintzateke baina! Zoaz, zu baino lehen helduko naiz! Thérèse, oihukatu zion bere andere ganbarazainari, errozu Nucingeneko jaunari oraintxetan igaiteko enekin mintzatzera.»

        Eugène, kontent hilurranari alabetako baten presentziaren berri eman ahal izateaz, abantzu alegera arribatu zen Sainte-Geneviève berria karrikarat. Moitsan arakatu zuen karrozainari berehala ordaindu ahal izateko. Emakume gazte, hain aberats, hain sotil horren moltsak hirurogeita hamar libera zeuzkan barnean. Eskailera goienerat etorririk, Goriot zaharra ediren zuen Bianchonek atxikia, eta ospitaleko kirurgilariak operatua, medikuaren begien pean. Bizkarra moxez erretzen zioten, zientziaren azken erremedioa, alferrikako erremedioa, omen zenaz.

        — Nabaritzen dituzua? galdetzen zuen medikuak. Goriot zaharrak, ikaslea erdi ikusirik, erantzun zuen:

        — Badatoz, ezta?

        — Ilki daiteke honetatik, erran zuen kirurgilariak, hizketan ari da.

        — Bai, erantzun zuen Eugènek, Delphine ene ondotik dator.

        — Ea! erran zuen Bianchonek, bere alabez ari zen, haien eske oihu egiten baitu paldoan dagoen gizon batek ur eske oihu egiten omen duen bezala.

        — Geldi zaitez, erran zion medikuak kirurgilariari, ez daiteke bertzerik egin jadanik, ez dugu salbatuko.

        Bianchonek eta kirurgilariak hilurrana bere etzauntza likitsean etzan zuten berriz.

        — Behar genizkioke alta mihiseak aldatu, erran zuen medikuak. Inolako esperantzarik ez bada ere, behar da haren baitan gizatasuna errespetatu. Itzuliko naiz, Bianchon, erran zion ikasleari. Oraindik ere kexatuko balitz eman iezaiozu opioa diafragma gainean.

        Kirurgilaria eta medikua jalgi ziren.

        — Ea, Eugène, izan kuraia, mutikoa! erran zion Bianchonek Rastignaci biak bakarrik izan zirenean, agureari atorra zuri bat paratu eta ohea aldatu, horra zer behar dugun egin. Hoa Sylvieri erratera maindire batzuen igaiteko eta gure laguntzera etortzeko.

        Eugène jaitsi zen eta andere Vauquer mahai-tresnen ezartzen Sylvierekin aurkitu zuen. Rastignacen lehen hitzak entzun ordukotz, alarguntsa harenganat hurbildu zen, andere saltzaile irudikor baten, ez bere dirua galdu eta ez kontsumitzailea haserrarazi nahi lukeenaren, eite minkorki milikaria hartuz.

        —Ene Eugène jaun maitea, erantzun zuen ostalersak, nik bezalaxe dakizu Goriot zaharra arditik gabe dagoela. Kuku egitear dagoen gizon bati maindire batzuen ematea, maindire horien galtzea da, inondik ere bat hil-oihaletako beharko baita alferrik galdu. Hala, ehun eta berrogeita lau libera zor dizkidazu ja, gehi itzazu berrogei libera maindire, eta bertze zenbait gauza ttiki, Sylviek emanen dizun kandela, horrek guztiak berrehun libera egiten du gutienaz, ni bezalako alarguntsa gaixo batek galdu ezin dituenak. Arraioa! izan zaitez adikorra, Eugène jauna, aski eta sobera galdu dut balbeak enean ostatu hartu duen bortz egun honetan. Hamar ezkutu emanen nituen gizagaixo honek egun hauetan alde egin zezan, zuk erraten zenuen bezala. Horrek apopiloak hunkitzen dizkit. Huskeria batengatik, nik ospitalerat eramanen nuke. Tira, jar zaitez ene tokian. Ene ostatua ororen aitzinean, neure bizitza dut bera.

        Eugène berriz Goriot zaharrarenganat igan zen zalu.

        — Bianchon, erlojuaren dirua?

        — Mahai gainean duk, hirurehun eta hirurogeitik gora libera gelditzen dituk. Zor genuen guztia ordaindu diat eman didatenaren kontu. Bahitura Etxearen zor-onespena diruaren pean zagok.

        — Har ezazu, anderea, erran zuen Rastignacek eskailera iziturik anbilka jaitsi ondoan, garbi itzazu gure kontuak. Goriot jauna ez da luzaz geldituko zure etxean, eta ni...

        — Bai, zangoak aitzinetik ilkiko da hemendik, gaixo gizonttoa, erran zuen andere Vauquerek berrehun libera kontatzen zituela, erdi alegera, erdi malenkonios.

        — Buka dezagun, erran zuen Eugènek.

        — Sylvie, ekar itzazu maindireak, eta segi gora jaun hauen laguntzera.

        — Ez duzu Sylvie ahantziko, erran zuen andere Vauquerek Eugèneren belarrirat, bi gau badira beilan dagoela.

        Eugènek bizkarra bihurtu ordukotz, atsoa bere kuzinersarenganat joan zen lasterka: —Har itzan maindire adabakituak, zazpi zenbakidunak. Jainkoarren, balioko dute beti ere hil batentzat, erran zion belarrirat.

        Eugènek, ordukotz eskailerako maila batzuk igana baitzen, ez zituen ostalersa zaharraren hitzak aditu.

        — Ea, erran zion Bianchonek, jantz diezaiogun atorra. Eduki ezak zuzen.

        Eugène ohearen buruan jarri zen eta hilurrana atxiki zuen, zeinari Bianchonek atorra erantzi baitzion, eta gizagaixoak jestu bat egin zuen bere bularrean zerbait gorde nahi bailuen, eta halako oihu zinkurinatsu eta artikulatugabeak jaurtiki, oinaze handi bat adierazi beharra duten animalien antzera.

        Oi! oi! erran zuen Bianchonek, oxtion moxen ezartzeko kendu dizkiogun bilo-kate eta medailoi tikia nahi ditik. Gaixo gizona! Berriz paratu behar zioagu. Supazter gainean zagok.

        Eugene bilo hori hauskarez, dudarik gabe andere Goriotenak izanikakoez, txirikordatu kate baten hartzera joan zen. Medailoiaren alde batean irakurri zuen: Anastasie, eta bertzean: Delphine. Haren bihotzaren irudia bera, beti ere haren bihotzean pausatzen zena. Barnean zeuzkan bilo kroskoilak hain ziren finak non bi alaben lehen haurtzaroan hartuak behar baitzuten. Medailoiak bularra ukitu ziolarik agureak aiei luze bat egin zuen, satisfazio bat ikusten izigarria iragartzen zuena. Haren sentiberatasunaren, gure begikotasunen abiapondu eta helmuga den erdigune ezezagunerat zokoratzen bide zenaren azken oihartzunetako bat zen hori. Haren aurpegi asaldatuak bozkario erikor baten eitea hartu zuen. Bi ikasleek, adimenduak baino gehiago irauten zuen sentimenduzko indar baten leherketa ikaragarri horrek kolpaturik, malko bero batzuk utzi zituzten biek ere erortzera hilurranaren gainerat zeinak atseginezko aldarri zorrotz bat jaurtiki baitzuen.

        — Nasie! Fifine! erran zuen.

        — Bizi duk oraindik, erran zuen Bianchonek.

        — Zertako balio dio horrek? erran zuen Sylviek.

        — Sufritzeko, ihardetsi zuen Rastignacek.

        Bere lagunari zeinu bat egin ondoan berak bezala egin zezan, Bianchon belauniko jarri zen bere besoak eriaren iztazainen azpitik pasatzeko, Rastignacek ohearen bertze aldetik bertze hainbertze egiten zuen bitartean eskuak bizkarraren azpitik pasatzeagatik. Sylvie han zen, maindireen kentzeko prest hilurrana altxatua izanen zenean, haien ordez berak zekartzanen ezartzeko xedearekin. Negar-malkoek tronpaturik inondik ere, Goriotek eskuen hedatzeko erabili zituen bere hondar indarrak, ohearen alde banatan ikasleen buruak aurkitu, ileetatik bortizki hartu, eta ahots ahulez aditu zen: «Ai! ene aingeruak!» Bi hitz, bi marmar ele horrekin batean hegaldatu zen arimak indartuak.

        — Gaixo gizon maitea, erran zuen Sylviek hitz hunkigarri horiek bihotz-beraturik; izan ere beraietan sentimendu garai bat agertu zen, gezurrik izigarrienak ere, gezurrik gogoz bertzekoenak ere, hondar aldi batez goresten zuena.

        Aita honen azken hasperenak alegrantziazko hasperen bat behar zuen izan. Hasperen hori haren bizitza guztiaren agerpena izan zen, bertze behin ere tronpatzen zen. Goriot zaharra hartzara bere etzauntzan ezarria izan zen begirunez. Une hartatik aitzinerat haren begitarteak gudu baten marka mingarria eraman zuen, hots, gizakiaren baitan plazeraren eta oinazearen sentimendua sortzen duen buru-kontzientzi suerte hori jadanik ez zuen makina batean heriotzaren eta bizitzaren artean iragaten ari zen guduaren marka mingarria. Denboraren afera baizik ez zen jadanik haren suntsitzea.

        — Ordu batzuetan egonen da hola, eta gu ohartu gabe hilen da, korrokarik ere ez du eginen. Burmuinak osoki harrapatua behar du egon.

        Une hartan emakume gazte hatsantu baten pausoa aditu zen eskaileran.

        — Berantegi heldu duk, erran zuen Rastignacek.

        Ez zen Delphine, baina Thérèse, haren andere ganbarazaina.

        — Eugène jauna, erran zuen, aharraldi bortitz bat piztu da jaunaren eta anderearen artean, andere dohakabe honek bere aitarentzat eskatzen zuen diruaren karietara. Zentzua galdu du, medikua etorri da, odola behar izan diote atera, oihuka ari zen: «Ene aita hiltzen ari da, aitatto ikusi nahi dut!» Hots, bihotza erdiratu beharreko garrasiak.

        — Aski, Thérèse. Alferrik litzateke orain baletorke ere, Goriot jaunak ezagumena galdua du jadanik.

        — Gaixo jaun maitea, hain dago gaizki! erran zuen Thérèsek.

        — Ez nauzue gehiago behar hemen, neure otorduarekin segi beharra dut, laurak eta erdiak dira, erran zuen Sylviek tupust egitekotan egon baitzen eskailera goienean Restaudeko anderearekin.

        Agerraldi larri eta latza izan zen kondesarena. Heriotza oheari, kandela bakarrak gaizki argitzen zuenari, behatu, eta negar batzuk isuri zituen aitaren aurpegiaren ikustearekin non artean ere taupaka ari baitziren bizitzaren azken dardarak. Bianchon begirunez lekoratu zen.

        — Ez dut aski garaiz ihes egin, erran zion kondesak Rastignaci.

        Ikasleak baiezko keinu bat tristeziaz betea egin zuen buruaz. Restaudeko andereak aitaren eskua hartu zuen, muin eman zion.

        — Barka iezadazu, aita! Erraten zenuen ene ahotsak hilobitik aterako zintuela; itzul zaitez, beraz, lipar batez bizitzarat zeure alaba urrikituaren benedikatzeko. Entzun nazazu. Hau izigarria da! zurea da hemen behean hemendik aitzinerat har dezakedan benedikazio bakarra. Mundu guztiak gorroto nau, zuk bakarrik maite nauzu. Neure haurrek berek gorrotatuko naute. Eraman nazazu zeurekin, maiteko zaitut, artatuko zaitut. Ez du entzuten jadanik, eroturik nago. Bere belaunen gainean erori zen, eta burutik joanaren aurpegiaz so egin zion giza hondakin horri. Ene zorigaitza erabatekoa da, erran zuen Eugèneri beha. Trailleseko jauna partitua da, zor handi-handiak utzirik hemen, eta engainatzen ninduela jakin dut. Senarrak ez dit sekula barkatuko, eta neure fortunaren jabegoa utzi diot. Neure ilusio guztiak galdu ditut. Aiei! norengatik traditu ote dut adoratzen ninduen bihotz bakarra (bere aita seinalatu zuen)! Gutietsi dut, ukatu dut, mila laido eta ez-ikusi egin dizkiot, bai zitala naizela!

        — Berak bazekien, erran zuen Rastignacek.

        Une hartan Goriot zaharrak begiak zabaldu zituen, baina gorputz-ikara baten eraginez. Kondesaren esperantza agerrarazten zuen jestua ez zen hilurranaren begia baino gozoago izan ikusteko.

        — Entzuten ote nau? oihukatu zuen kondesak. Ez, erran zuen bere baitan haren ondoan jarriz.

        Restaudeko andereak bere aitaren zaindu nahia adierazirik, Eugène behera jaitsi zen jateko zerbaiten hartzeko. Apopiloak bildurik zeuden jadanekotz.

        — Hortaz, erran Zion pintoreak, irudi dik hilaramaxkaren bat izanen dugula hor goian, ezta?

        — Charles, erran zion Eugènek, iruditzen zaidak gai alegeragoren batez behar zenukeela nausa egin.

        — Zer bada, ezinen dugu jadanik irri egin hemen? hasi zen berriz pintorea. Zer inporta du horrek, zeren Bianchonek dioenaz gizagaixoak bere ezagumena galdua baitu ja?

        — Ongi da! hasi zen berriz Museumeko enplegatua, bizi izan den bezalaxe izanen da hila.

        — Ene aita hil da! oihukatu zuen kondesak.

        Garrasi lazgarri borren entzutearekin, Sylvie, Rastignac eta Bianchon gora igan ziren, eta Restaudeko anderea zentzua galdurik ediren zuten. Bere baitarat etorrarazi ondoan, haren begira zegoen kotxerat eraman zuten. Eugènek Thérèseren gomendio ezarri zuen, Nucingeneko anderearenerat eraman zezala manatzen ziola.

        — Oi, zerraldo dago, erran zuen Bianchonek behera jaitsiz.

        — Ea, jaunak, mahairat, erran zuen andere Vauquerek, zopa hoztuko da bertzenaz.

        Bi ikasleak bata bertzearen ondoan jarri ziren.

        — Zer behar da orain egin? erran zion Eugènek Bianchoni.

        — Begiak hertsi zizkioat baina, baita behar den gisan prestatu ere. Herriko Etxeko medikuak egiaztatua izanen duelarik deklaratzera joanen garen heriotza, hil-oihal batean sartu eta lur emanen zioagu. Zer nahi duk bada harekin egitea?

        — Ez du bere ogia hola usnatuko berriz, erran zuen apopilo batek gizagaixoaren jestua ihakindatuz.

        — Demontre, jaunak, erran zuen erakasleordeak, utzazue bada Goriot zaharra, eta ez diezaguzuela gehiago hitz eginaraz hartaz, jorraldi ederra eman baitiogu azkeneko ordu honetan. Pariseko hiri onaren abantailetako bat, da posible dela hemen sortzea, bizitzea, eta hiltzea inork zuri konturik egin gabe. Profita ditzagun beraz zibilizazioaren abantailak. Badira hirurogei hil egun, Pariseko hekatonbeez urrikalarazi nahi ote gaituzue bada? Goriot zaharra lehertua dela, hainbat hobe berarentzat! Itsuki maite baduzue, joan haren zaintzera, eta utz gaitzazue gu lasai jatera.

        — Oi! bai, erran zuen alarguntsak, hainbat hobe berarentzat hilik badago! Irudi duenaz, dohakabeak atsekabea franko izan zuen bere bizitzan.

        Horra hor hil-otoitz bakarra Eugènerentzat Aitatasuna agerrarazten zuen izakiak izan zuena. Hamabortz apopiloak eleketan hasi ziren usaian bezala. Eugènek eta Bianchonek jaten bukatu zutenean, sardexka eta koilaren hotsak, solasaldiaren irriek, irudi sabelkoi eta axolagabe horiek erakusten zituzten begitarteek, haien soraiokeriak, orok utzi zituen lazturaz gogorturik. Apez baten bila jalgi ziren gauez beila eta otoitz egin zezan hilaren ondoan. Gizagaixoari egin beharreko hilariak erabili ahal izanen zuten diru urriari doitu beharra izan zuten. Arratseko bederatziak alderat, gorpua azpi mehar baten gainean izan zen ezarria, bi kandelaren artean, ganbara biluztu horretan, eta apez bat etorri zen haren ondoan jartzera. Oheratu aitzin, Rastignacek, eliz-gizonari xehetasunak eskatu ondoan egin beharreko zerbitzuaren eta hil-segizioaren prezioaz, hitz bat izkiriatu zien Nucingeneko baroiari eta Restaudeko kondeari otoi beren afera-gizonen bidal zitzaten eskatuz ehorzketaren gastu guztien bere gain hartzeagatik. Christophe igorri zien, gero ohean sartu eta loak hartu zuen nekeak leherturik. Biharamun goizean, Bianchonek eta Rastignacek berek behar izan zuten heriotzaren berri ematera joan, zeina eguerdi alderat izan baitzen egiaztatua. Bi ordu geroago, ez suhi batek eta ez bertzeak zuten dirua igorria, inor ez zen haien izenean agertu, eta Rastignac apezaren gastuen ordaintzera bortxatua izan zen jadanekotz. Sylviek hamar libera eskatu baitzituen gizagaixoaren beztitu eta hil-oihal batean sartzeko, Eugènek eta Bianchonek kalkulatu zuten ezen, hilaren ahaideek ez bazuten deusez arduratu nahi, nekez ukanen zutela gastuei nola ihardets. Beraz, medikuntzako ikasleak berak hartu zuen bere gain hilotzaren bere ospitaletik, non merkeago eskuratu baitzuen, ekarrarazi zuen pobreentzako zerraldo batean ezartzea.

        —Jo iezaiok adarra jendaila horri, erran zion Eugèneri. Hoa lur puska baten erostera, bortz urtetako, Père-Lachaisen, eta eska hirugarren heineko zerbitzu bat elizan eta Hileta Ospakizunetan. Suhiek eta alabek ez baldin badiate dirua itzuli nahi, hauxe zizelaraziko duk hilobiaren gainean: «Hemen datza Goriot jauna, Restaudeko kondesaren eta Nucingeneko baronesaren aita, bi ikasleren pentzutan ehortzia.»

        Eugène ez zitzaion bere adiskidearen kontseiluari jarraitu harik eta, hutsalki, Nucingeneko jaun-andereenean eta Restaudeko jaun-andereenean izan zen arte. Ez zen atea baino haratago iragan. Manu zorrotzak bazeuzkaten bi atezainek.

        — Jaun-andereek, erran zuten, ez dute inor errezibitzen; aita hila dute, eta atsekaberik handienean daude murgilduak.

        Eugènek bazuen Pariseko munduaren eskarmenturik aski tematu behar ez zuela jakiteko. Bihotza estrainioki hertsatu zitzaion Delphinerenganaino ezin helduz gertatu zenean.

        «Sal ezazu edergailu bat, izkiriatu zion atezainarenean, eta zure aita duintasunez eramana izan dadila bere azken egoitzarat.»

        Eskutitz hori zerratu zuen, eta baroiaren atezaina otoiztu haren Thérèseri emateko honek bere etxekandereari helaraz ziezaion; atezainak ordea Nucingeneko baroiari eman zion eta honek surat egotzi zuen. Bere prestakuntza guztiak egin eta gero, Eugène hirurak alderat itzuli zen pentsiorat, eta ezin gorde izan zuen negar bat ikusi zuelarik isil-ate horretan zerraldoa doi-doia oihal beltz batez estalia, bi kadiraren gainean pausatua karrika mortu hartan. Isipu ziztrin bat, artean nehork ere ukitu gabea zena, urean zegoen ut benedikatuz beterikako kobre zilardunezko plater batean. Atea, ezta beltzez jantzirik ere ez zegoen. Behartsuen heriotza zen, ez baitu ez arrandiatasunik, ez jarraikilerik, ez adiskiderik, ez ahaiderik. Bianchonek, bere ospitalean egotera beharturik, hitz batzuk izkiriatu zizkion Rastignaci elizarekin egin zuenaren jakinarazteko. Barnekoak gaztigatzen zion ezen meza bat izigarri garestia zela, merkeagoak zirela eta errespontsu batekin beharko zutela askietsi, eta Christophe Hileta Ospakizunetarat igorria zuela eskutitz batekin. Eugène Bianchonen zirriborroa irakurtzen bukatzen ari zelarik, andere Vauqueren eskuen artean ikusi zuen bi alaben biloak gordetzen zituen urrez inguraturikako medailoia.

        — Nolaz ausartu zara horren hartzera? erran zion.

        — Arraioa! beharrezkoa ote zen bada harekin ehorztea? ihardetsi zuen Sylviek, urrezkoa da.

        — Bai eiki! segitu zuen Eugènek sumindurik, bederen berekin eraman dezala bere bi alabak oroitaraz diezazkiokeen gauza bakarra.

        Hil-orga etorri zelarik, Eugènek zerraldoa iganarazi zuen, estalia kendu zion, eta erlijioski ezarri zuen gizagaixoaren bular gainean behialako irudi bat zeina baitzen Delphine eta Anastasie gazte, birjina eta garbi izan eta arrazonatzen ez zuten denborakoa, hark berak hiletsian eginikako oihuetan errana zuen bezala. Rastignacek eta Christophek soilik lagundu zuten, bi hil-orgazainekin, dohakabea Saint-Étienne-du-Monterat zeraman orga, Sainte-Geneviève berria karrikatik hurbil zen eliza baterat. Harat heldurik, gorpua kapera tiki apal eta ilun baten aitzinean ezarri zuten, ikaslea alferrik ibili baitzen haren inguruan Goriot zaharraren bi alaben edo hauen senarren bila. Han izan zen bakarrik Christopherekin, zeinak bere burua behartua ikusten baitzen gizon horren, hainbertze eskupeko eder eman zizkionaren, hilobiraino laguntzera. Bi apezen, eliz mutilaren eta beretarraren begira zegoen bitartean, Rastignacek Christopheren eskua tinkatu zuen, hitz bat ere ezin erranez.

        — Bai, Eugène jauna, erran zuen Christophek, gizon zintzo eta prestu bat zen, hitz bat bertzea baino ozenago sekula erran ez duena, inori poxelurik egiten ez ziona eta sekula gaizkirik egin ez duena.

        Bi apezek, eliz mutila eta beretarra etorri ziren eta hirurogeita hamar liberatan ukan daitekeen guztia eman zuten erlijioa dohainik otoitz egiteko behar bezain aberatsa ez den garai batean. Elizako jendeek salmu bat, Libera me, De profundis, kantatu zuten. Elizkizunak hogei minutu iraun zuen. Ez zen dolukotxe bat baizik apez bat eta eliz-mutil batentzat, zeinek onartu baitzuten berekin Eugène eta Christopheren hartzea.

        — Ez dugu segiziorik, erran zuen apezak, fite joan ahal izanen gara, luzatu beharrik ez izateko, bortzak eta erdiak dira.

        Bizkitartean, gorpua hil-karroan ezarri zutenean, bi kotxe armarridun, baina hutsik zeudenak, Restaudeko kondearena eta Nucingeneko baroiarena, agertu ziren eta hil-segizioari jarraitu zitzaizkion Père-Lachaiseraino. Seietan, Goriot zaharraren gorpua bere hilobirat eraitsia izan zen. Inguruan alaben mirabeak ziren, elizako jendeekin batean aienatu zirenak ikaslearen diruaren truke gizagaixoak hartze zuen otoitz laburra errana izan bezain laster. Bi ehorzleek zerraldoaren gainean haren estaltzeko zenbait palatara bota zituztelarik, zutik jarri ziren, eta haietako batek, Rastignaci mintzatuz, beren eskupekoa eskatu zion. Eugènek bere sakelan arakatu, eta han ez zuen deus aurkitu, Christopheri hogei sos mailegaturik hartzera izan zen bortxatua. Gertakari horrek, berez hain muntagabea zenak, tristezia lazgarri bat eragin zion Rastignaci. Gautzen ari zuen, ilunabar heze batek nerbioak durduzarazten zituen, hilobiari so egin zion eta hantxe gorde bere mutil gaztearen hondar malkoa, bihotz garbi baten hunkidura sainduek isurarazi negar hori, erortzen diren lurretik zeruetarainoko jauzia egiten duten negar horietako bat, ala fedea. Besoak gurutzatu zituen, hodeiei behatu, eta, horrela ikusiz, Christophek han utzi zuen bakarrik.

        Rastignacek, bakarrik gelditurik, urrats batzuk egin zituen hilerriaren goialderat eta Paris ikusi zuen bihurriki etzana Senaren bi ertzetan gaindi non argiak dirdirka hasiak baitziren. Begiak, antsiaz kasik, eratxikirik gelditu zitzaizkion Vendôme plazaren eta Invalides-etako kupularen artean, berak sartu nahi izan zuen mundu eder hura bizi zen tokian. Erle-mulko burrunbari horrenganat eztia aldez aitzinetik hurrupatu nahi bide zion behakoa jaurtiki, eta hitz handios hauek erran zituen: «Orain neurtuko ditiagu geure indarrak!»

        Eta Gizarteari jotzen zion erronkaren lehen egintza gisa, Rastignac Nucingeneko anderearenerat joan zen afaltzera.

Saché, 1834ko irailean 2

 

 

 

© Honoré de Balzac

© itzulpenarena: Pedro Diez de Ulzurrun

 

 

"Honoré de Balzac / Goriot Zaharra" orrialde nagusia