III

TROMPE-LA-MORT

 

        Handik bi egunerat, Poiret eta andereño Michonneau aulki batean jarririk kausitzen ziren, eguzkitan, Landareen Jardineko ibiltoki bakarti batean, eta solasean ari ziren norekin eta medikuntzako ikasleari arrazoi guztiz susmagarria iruditzen zitzaion jaunarekin.

        — Andereño, zioen Gondureau jaunak, ez dut ikusten zerk sorrarazten dituen zure kezkak. Bere Gorentasun Monsinore Erresumako Polizia Jeneraleko Ministro jaunak...

        — Ah! Bere Gorentasun Monsinore Erresumako Polizia Jeneraleko Ministro jaunak... errepikatu zuen Poiretek.

        — Bai, Bere Gorentasunak du afera honen axola, erran zuen Gondureauk.

        Nori ez zaio sinesgaitza irudituko Poiretek, enplegatu ohia eta ideiaz gabeturik egon arren dudarik gabe bertute burgesez jantzi gizona zenak, artean ere Buffon karrikako ustezko errentariari entzuten jarraitzea, hain zuzen ere honek polizia hitza erran zuenean, hala Jérusalem karrikako agente baten begitartea ikustera utziz, bere gizon prestuaren mozorroa gaindi? Deus ez zen berezkoagoa, alta. Hobeki konprenituko dute denek zer espezie berezitakoa zen Poiret, ertzoen familia handian, zenbait so egilek jadanik egin duten baina egundaino argitaratu ez den ohar baten ondoan. Bada nazio lumadun bat, buxetari hertsatua mila eta berrehun liberako tratamenduek dakarten latitudeko lehen graduaren, halako Groenland administratiboaren, eta hirugarren graduaren artean, non tratamendu beroxeagoak hasten baitira, hirutik seira bitartekoak. Eskualde epela da bera, non sariztapena zoritzen baita, non sariztapena loratzen baita haren laborantzaren zailtasunengatik ere. Menpeko jende horren zimurkeria eria ongien salatzen duten ezaugarrietako bat, da halako begiramendu-suerte bat nahigabekoa, oharkabekoa, jitezkoa, ministerio orotako lama handi horren alderat, enplegatuak sinadura irakurtezin baten medioz eta BERE GORENTASUN MONSINORE MINISTRO JAUNA izenaren pean ezagutzen duenaren alderat, erakutsia; bortz hitz Calife de Bagdadeko Il Bondo Caniren parekoak direnak, eta, jendaki zuri honen begietan, botere sakratu ezinbertzezko bat agerrarazten dutenak. Aita Saindua kristauentzat bezala, Monsinore jauna administratiboki ezin-hutsegina da enplegatuaren begietan; jaurtikitzen duen distira bere egitateei, bere hitzei, haren izenean erranikakoei eratxikitzen zaie; oro bere edergailuez estaltzen du, eta manatzen dituen ekintzak legeztatzen; Gorentasuna izena bera, bere asmoen araztasuna eta bere nahien saindutasuna egiaztatzen duena, ideiarik gaitzesgarrienei baliatzen zaien pasaportea da. Jende miserable horiek beren buruen fagore egin ez lezaketena, presa guztian egiten dute Bere Gorentasuna hitzak aditu ordukotz. Bulegoek beren obedientzia pasiboa dute, armadak berea baduen bezala: kontzientzia itotzen, gizon bat deuseztatzen eta hondarrean, denboraren buruz, gobernamenduaren makinari torloju edo dranbal bat bailitzan moldatzen duen sistema. Horregatik, Gondureau jaunak, gizonetan aditua bide zenak, laster hauteman zuen Poiretengan ertzo burokratiko horietako bat, eta Deus ex machina hori, Bere Gorentasuna hitz talismanikoak jalgiarazi zituen, hain zuzen ere noiz eta, bere bateriak agerraraziz, Poiret txundiarazi beharra zenean, zeina Michonneaurentzako ar egokiena iruditzen baitzitzaion, Michonneau Poiretentzako emea iruditzen zitzaion bezala.

        — Kondutan hartuz ezen Bere Gorentasunak berak, Bere Gorentasun Monsinore...! Ah! desberdina da oso, erran zuen Poiretek.

        — Entzuten diozu bada jaunari, haren aburuei fio zinela irudi baitzenuen, hasi zen berriz gezurrezko errentaria andereño Michonneauri zuzenduz. Ongi da! Bere Gorentasunak segurantziarik osoena du orain ezen ustezko Vautrin hori, MaisonVauqueren dagoena, galeriano bat dela Toulon-eko espetxetik ihes egin zuena, non Trompe-la-Mort izenaren pean ezagutua baita.

        — Ah! Trompe-la-Mort, erran zuen Poiretek, hagitz zorionekoa da, izen hori merezi izan badu.

        — Baiki, hasi zen berriz agentea. Izengoiti hori ematen diote, izan ere, aitzinerat eraman dituen sail ezin ausartagoetan sekula bizitzaren ez galtzeko izan duen zorteagatik. Gizon hori lanjerosa duzu, aizue! Ohiz landako bilakarazten duten kualitateen jabe da. jasan duen zigorrak berak ere egundainoko ohorea ekarri dio bere alderdian...

        — Ohoreko gizona da beraz, galdetu zuen Poiretek.

        — Bere gisara. Bere gain hartzea onartu du bertze batek egin krimena, biziki maite zuen mutil gazte batek egin faltsutze bat, alegia; mutil hori italiar gazte aski jokozale bat zen, gero soldadutzarat joan eta han, bertzalde, ezin hobeki gobernatu dena.

        — Baina Bere Gorentasun Poliziako Ministro jauna segur baldin bada Vautrin jauna Trompe-la-Mort dela, zertako bada behar ote ninduke ni? erran zuen andereño Michonneauk.

        — Ah! bai, erran zuen Poiretek, baldin eta Ministro jaunak izan ere, guri horren errateko ohorea egin digun bezala, inolako segurantzia badu ezen...

        — Segurantzia ez da hitza; baina susmoak baditugu, ordea. Konprenituko duzue kuestioa. Jacques Collinek, Trompe-la-Mort goitizenez, hirur espetxeren konfiantza guztia du, eta beren agentea eta beren bankaria izan dadin hautatu dute. Anitz irabazten du horrelako afera-suerteetan, zeinek nahitaez berebiziko, markako gizon baten beharra baitute.

        — Ah! ah! konprenitzen duzua hitz-jokoa, andereño? erran zuen Poiretek. Jaunak markako gizona deitzen du, markatua izan delakotz.

        — Gezurrezko Vautrinek, erran zuen agenteak aitzinerat joanez, jaun galerianoen kapitalak biltzen ditu, horiek irabazitan ezartzen, haientzat begiratzen, eta ihes egiten dutenen esku ipintzen, edo haien familien, testamentuz hala erabakitzen dutenean, edo haien amoranteen, haiei emateko hari bidaltzen dizkiotenean.

        — Haien amoranteen! Haien emazteen nahiko duzu erran, ohartarazi zuen Poiretek.

        — Ez, jauna. Galerianoak komunzkiro sasi-emazteak baizik ez ditu izaten, guk ohaide izendatzen ditugunak.

        — Hortaz, denak ohaideturik bizi direa?

        — Hain segur.

        — Hara! erran zuen Poiretek, horra itsuskeria batzuk Monsinore jaunak onartu behar ez lituzkeenak. Bere Gorentasunaren ikusteko ohorea duzunaz geroz, zuri, ene irudiz ideia filantropikoak dituzun horri, dago haren jakinean ezartzea jende horiek, gainerako gizarteari oso etsenplu txarra ematen diotenek, daramaten bizimolde lizunaren gainean.

        — Baina, jauna, gobernamenduak ez ditu han ematen bertute guztien eredu eman dezaten.

        — Egia da hori. Bizkitartean, jauna, zure baimenarekin.

        — Baina, utz beraz jauna mintzatzera, ene poxia, erran zuen andereño Michonneauk.

        — Zuk konprenitzen duzu, andereño, hasi zen berriz Gondureau. Gobernamenduak interes handi bat izan dezake legez kanpoko diru-kutxa baten, franko kopuru handi bat gordetzen omen duenaren, atzemateko. Tromp-la-Mortek balore handiak eskuratzen ditu ez soilki bere lagun batzuen dirua gordez, baina baita Hamar Milen Elkargotik datozenak ere...

        — Hamar Mila Ohoinak! egin zuen oihu Poiretek iziturik.

        — Ez, Hamar Milen Elkargoa goi-ohoinen elkargo bat da. Jende horiek handizki lan egiten dute, eta ez dira aferetan sartzen gutienaz ere hamar mila libera irabazterik ez badago. Elkargo hori zuzenki epaitegirat joaten diren gure gizonetarik hoberenek osatua da. Badakite Kodea, eta sekula ez dira arriskatzen heriotza zigorraren jasatera atz ematen dietenean. Collin da haien konfiantzako gizona, haien aholku-emailea. Bere neurrigabeko eskuarteez lagundurik, gizon horrek jakin du beretzako polizia bat apailatzen, biziki harreman zabal batzuk ezinargituzko misterioaz estaltzen dituenak. Nahiz urte batez geroz espioiez inguratu dugun, ezin izan dugu oraino haren jokoa argitu. Haren diru-kutxa eta haren talentuak etengabe baliaraziak dira beraz bizioaren pagatzeko, gaiztagintzaren dirubideen egiteko, eta armada bat atxikitzen dute zutik gizarteari taigabeko gerla egiten dioten gaiztaginek osatua. Trompe-la-Morten atzematea eta haren bankuaz jabetzea gaitzaren errotik moztea izanen da. Horregatik espedizio hau Estatuko eta goi-politikako afera bilakatu da, arrakasta ukan dezan laguntzen dutenei ohore eman ahal liezaiekeena. Zerori ere, jauna, izan zintezke berriz administrazioan enplegatua, poliziako komisario baten idazkari bilaka, funtzio horiek inondik ere eragotziko ez lizuketelarik alta zeure erretiro-sariaren eskuratzea.

        — Baina zergatik ez du Trompe-la-Mortek bere diru-kutxarekin hanka egiten, erran zuen andereño Michonneauk?

        — Oi! egin zuen agenteak, norat ere bailihoake, harat gizon bat jarraikiko litzaioke haren hiltzeaz enkargatua, espetxeari ebatsiko balio. Gero diru-kutxak ere ez dira etxe oneko damattoak bezain errazki ebasten. Bertzalde, Collin ez duzu halako azpikerien egiteko gai den puttikoa, bere buruaren desohoratzea irudituko litzaioke.

        — Jauna, erran zuen Poiretek, arrazoi duzu, guztiz desohoratuko litzateke.

        — Horrek guztiak ez digu argitzen zergatik ez zareten itzulinguru barik haren harrapatzera etortzen, galdetu zuen andereño Michonneauk.

        — Ongi da! andereño, erantzutera noa... Baina, erran zion belarrirat, eragotz iezaiozu zeure adiskide jaunari eni etetea, sekula ez dugu bukatuko bertzenaz. Fortuna handia behar du bere buruaren entzunarazteko, agure zahar horrek. Trompe-la-Mortek, honat etortzean, gizon prestu baten larrua jantzi du, Pariseko burges zintzo bat egin da, pentsio apal batean hartu du ostatu; iaioa da, hara! sekula ez dugu oharkabetarik atzemanen. Beraz Vautrin jauna gizon estimatua da, afera estimagarriak egiten dituena.

        — Jakina, erran zuen Poiretek bere baitan.

        — Ministro jaunak, egiazko Vautrin bat atxilotuz tronpatuz geroz, ez du nahi ez Pariseko merkatalgoa ez iritzi publikoa etsai dakion. Poliziako jaun prefeta kordoka dabil bere karguan, arerioak ditu. Hutsik eginez geroz, haren tokia nahi dutenek liberalen elegaizto eta kalapitak profitatuko lituzkete haren uzkailarazteko. Gauza da hemen Cogniard-en, Sainte-Hélène-ko konde faltsuaren aferan bezala jokatzea; Sainte-Hélèneko kondea egiazko konde bat izan balitz, leporaino zikinduko ginen. Egiaztatu beharra da beraz.

        — Bai, baina emakume polit bat behar duzu, erran zuen zirt-zart andereño Michonneauk.

        — Trompe-la-Mortek ez luke emakumerik ondoratzera utziko,erran zuen agenteak. Ikas ezazu sekretu bat: ez ditu atsegin emakumeak.

        — Baina ez dut orduan ikusten zertako nahi nauzuen halako egiaztatze batean, bi mila liberarengatik horren egiteko gertu izanen banintz behintzat.

        — Errazagorik! erran zuen ezezagunak. Poto bat emanen dizut pattar-neurri batekin; edari bizi horrek, hartakotzat prestatuak, den mendreneko arriskurik ez dakar eta apoplexia bat irudiarazten du. Droga hori arnoarekin eta kafearekin ere nahas daiteke. Segidan gizon hori ohe baterat eramanen duzu, eta arropak erantziko hiltzen ari ez dela egiaztatzeko. Bakarrik zaudenean, zaflako bat eman bizkar gainean, punpa! eta han ikusiko dituzu hizkiak agertzen.

        — Baina hori ez da deus, erran zuen Poiretek.

        — Eta? baietz diozua? erran zion Gondureauk neskazaharrari.

        — Baina, ene jaun maitea, erran zuen andereño Michonneauk, hizkirik ez balitz, bi mila liberak eskuratuko nituzke orduan ere?

        — Ez.

        — Zein izanen da beraz ordaina?

        — Bortzehun libera.

        — Holako zerbait egin hoin gutirengatik. Gaitza bera da kontzientzian, eta nik neure kontzientzia jabaldu beharra dut, jauna.

        — Zinez diotsut, erran zuen Poiretek, andereñoak kontzientzia handia duela, oso pertsona atsegina eta hagitz aditua izateaz gain.

        — Ongi da! hasi zen berriz andereño Michonneau, emazkidazu hirur mila libera Trompe-la-Mort bada, eta deusik ere ez burges bat bada.

        — Ados, erran zuen Gondureauk, baina bihar egitekotz egitekoa.

        — Oraindik ez, ene jaun maitea, neure konfesorearekin kontsultatu behar dut.

        — Maltzurra! erran zuen agenteak jaiki ahala. Bihar arte, orduan. Eta enekin hitz egin beharretan bazina, etor zaitez Sainte-Anne karrika tikirat, Sainte-Chapelleko karrika itsuaren hondarrean. Ate bat baizik ez dago gangaren azpian, galde ezazu Gondureau jaunaz.

        Bianchoni, Cuvieren eskolatik zetorrenari, belarria kolpatu zion Trompe-la-Mort hitz aski bereziak, eta sûreté-ko poliziburu aipatuaren adosa aditu zuen.

        — Zergatik ez duzu trinkatzen, hirurehun liberako bizisaria litzateke hori, erran zion Poiretek andereño Michonneauri.

        — Zergatik? erran zuen honek. Gogoeta egin beharra da horretaz. Vautrin jauna Trompe-la-Mort hori balitz, etekin gehiago atera liteke agian harekin akomeatuz. Dena den, dirua eskatuko bagenio, susmo txarra hartu eta geure gizonak doan eginen liguke alde. Peto higuingarria litzateke.

        — Jakinaren gainean legokeenean, hasi zen berriz Poiret, gizon honek ez ote digu erran Vautrin zainpean daukatela? Zuk dena galduko zenuke!

        — Bertzalde, pentsatu zuen andereño Michonneauk, ez dut bat ere atsegin gizon hori! Gauza zatarrak baizik ez dizkit erraten.

        — Baina, segitu zuen Poiretek, oso ongi eginen zenuke. Gizon horrek erran duenaz, txit egoki jantzirik egoteaz gain, biziki gisakoa iruditzen baitzait, legeek diotenari men egitea da gizartea gaiztagin batengandik libratzea, nahi bezain bertutetsua izan daitekeela ere. Edan duenak edanen du. Gu guztien hiltzeko emanen balio bulkoak? Baina, zer deabru! gu ginateke erailketa horien hobendun, berorren lehen biktimak ginatekeela ahantzi gabe.

        Andereño Michonneauren arrangurak ez zituen entzutera uzten Poireten ahotik erortzen ziren ahapaldiak, bana-banaka eta iturri gaizki hertsi bateko dutxulutik isurtzen diren ur-xortak irudi jalgitzen zirenak. Behin agure horrek bere ahapaldi-saila hasiz geroz, eta andereño Michonneauk geldiarazten ez baldin bazuen, atergabe ihardukitzen zuen, giltza eman baliote bezala. Lehen sujet bati lotu ondoan, egiten zituen parentesiek bertze arras kontrako batzuez mintzatzera eraugitzen zuten, inongo ondoriotarat heldu gabe. Maison-Vauquererat arribatzeko, pasarte eta iragaitzezko aipamen lerro luze batean sartua zen zeinek jaun Ragoulleauren eta andere Morinen aferako bere deklarazioaren ematera joanarazi baitzuten, non defentsaren lekuko gisa agertu baitzen. Sartu eta berehala, haren neskalagunak hantxe ikusi zuen Eugène de Rastignac andereño Tailleferekin solasaldi goxo batean murgildurik zeinaren interesa hain zen pilpiragarria non bikoteak bat ere kasurik ez baitzuen egin bi apopilo zaharren pasaiari hauek jangela alderen alde iragan zutenean.

        — Horrela behar zuen bukatu horrek, erran zion andereño Michonneauk Poireti. Arimaren ateratzeko gisan so egiten zioten elkarri azken zortzi egun honetan.

        — Bai, erantzun zuen Poiretek. Horregatik izan zen kondenatua.

        — Nor?

        — Andere Morin.

        — Ni andereño Victorinez mintzatzen, erran zuen Michonneauk, horretaz ohartu gabe Poireten ganbaran sartzen zela, eta zuk andere Morinez erantzuten. Nor da bada emakume hori?

        — Zeren hobendun litzateke beraz andereño Victorine? galdetu zuen Poiretek.

        — Eugène de Rastignac jaunaren maitatzearen, eta lerro-lerro doa jakin gabe horrek norat eramanen duen, gaixo inuzentea!

        Eugène etsipenaren mende eroria zen goiz hartan Nucingeneko andereak hartaraturik. Bere barnean, oso-osoki Vautrini abandonaturik zegoen, ikertu nahi izan gabe ez ohiz kanpoko gizon horrek eskaintzen zion adiskidetasunaren arrazoiak, ez eta halako elkarretaratze baten etorkizuna ere. Mirakulu bat behar zen haren azken ordu hartan andereño Tailleferekin ekintzarik eztienak elkartrukatuz jadanekotz sartzen hasia zen amildegitik ateratzeko. Victorine aingeru bat mintzo zitzaiolakoan zegoen, zeruak harentzat zabaltzen ziren, Maison-Vauquer dekoratzaileek teatroko jauregiei ematen dizkieten tindu fantasiazkoez ederreztatzen zen: maite zuen, maite zuten, hala uste zuen bederen! Eta zein emakumek ez zukeen berak bezala sinetsi Rastignacen ikusten, Rastignacen entzuten etxeko barrandari guztiei ebatsirikako ordu horretan? Bere kontzientziaren kontra gatazkatuz, min egiten zuela jakinez eta min egin nahiz, bere buruari erranez ezen bekatu arin hori emakume baten zorionaz ordainduko lukeela, bere etsipenak edertua ageri zen, eta bihotzean zuen infernuaren su guztiez distiratzen zuen. Zorionez harentzat, mirakulua agitu zen: Vautrin alegeraki sartu zen, eta irakurri zuen bi gazteen ariman zeinak bere jeinu infernutarraren jukutriez ezkonduak baitzituen, baina zeinen bozkarioa urratu baitzuen bere ahots zakar nausatzaileaz kantatuz:

 

                Ene Fanchette xarmangarria da

                Bere lañotasunean...

 

        Victorinek isilka lekutu zen, ordura arteko bere bizitzan izanikako zorigaitzak hainbateko bozkarioarekin lekutu ere. Gaixo neskatila! esku-tinkatze bat, bere masaila Rastignacen ileak azal-hunkitua, ele bat bere belarritik hain hurbil errana non ikaslearen ezpainen berotasuna nabaritua baitzuen, bere gerria beso dardaratsu batek hertsatua, musu bat lepoan hartua, horiek izan ziren haren pasioaren ezkon hitzak, Sylvie lodia inguruan egoteak, jangela dohatsu hartan sartzeko mehatxatuz, maitasunezko istoriorik ospetsuenetan kontatu sakrifizio-lekukotasunik ederrenak baino suharrago, biziago, erakargarriago bilakarazi zituenak. Alegrantzia xume horiek, gure arbasoen erranmolde polit bati jarraiki, krimenak begitantzen zitzaizkion hamabortz egunetik behin konfesatzen zen neskatila gazte debot bati! Ordu horretan, geroagoan, aberats eta zoriontsu, bere burua osorik eskainirik ere eman ez zituzkeenak baino arimako altxor gehiago eman zituen.

        — Egitekoa egina da, erran zion Vautrinek Eugèneri. Gure bi dandyak etsaitu dira. Dena behar bezala joan da. Iritzi-afera. Gure urzakumeak ene belatza iraindu du. Bihar artio, Clignancourt-eko gazteluan. Zortziak eta erdietan, andereño Tailleferek amodioa eta fortuna bilduko du bere aitarengandik, hemen trankilki bere ogi-xerra gurineztatuak kafean bustitzen dituen bitartean. Ez dea bitxia hola errateko? Taillefer ttiki hori oso azkarra da ezpatarekin, buru-iritzia brelan-carré bat bezala; baina odol hustua izanen da asmatu dudan kolpe batez, ezpataren altxa eta arerioaren kopeta zauritzeko manera batez, alafede. Erakutsiko dizut ukaldi hori, ikaragarri baliosa baita.

        Rastignacek ergel airez entzuten zuen, eta ez zezakeen deus ihardets. Une hartan Goriot zaharra, Bianchon eta bertze zenbait apopilo heldu ziren.

        — Horrelakoa zintudan nahi, erran zion Vautrinek. Badakizu zer egiten duzun. Ongi da, ene arrantxipia! gizonak gobernatuko dituzu; azkarra zara, sendoa, bulartsua; ene oniritzia baduzu.

        Eskua nahi izan zion hartu. Rastignacek berea bipilki aldaratu zuen, eta kadira baten gainerat erori zen zurbilduz batean; uste zuen odolezko istil bat ikusten zuela bere aitzinean.

        — Ah! baditugu oraindik troxa ttiki batzuk bertutez zikinduak, erran zuen Vautrinek ahapetik. D'Olivan xaharrak baditu hirur milioi, badakit haren fortunaren berri. Ezkon sariak emaztegai-jantzi bat bezala zurituko zaitu, eta hutsaren truke.

        Rastignacek ez zuen gehiago dudarik izan. Deliberoa hartu zuen arratsean Taillefer jaun aita-semeen gaztigatzera joatekoa. Une hartan, Vautrinek kitatu zuelarik, Goriot zaharrak belarrirat erran zion: —Triste zaude, ume! nik alegeratuko zaitut. Zatoz! Eta fideogile zaharrak lanparetako batean piztu zuen bere kriseilua. Eugene jakin-minez guztiz hunkiturik jarraitu zitzaion.

        — Sar gaitezen zure gelan, erran zuen gizagaixoak, ikaslearen giltza Sylvieri eskatu zionak. Ez zintuela maite uste izan duzu egun goizean, ez da hala? hasi zen berriz. Halabeharrez bidali zaitu, eta zu haserretua, etsitua joan zara handik. Zozoak halakoak! Ene begira zegoen. Aditzen duzua? Apartamentu zoragarri baten atontzen bukatzera behar genuen joan, bere hartarat joanen baitzara bizitzera hirur egunen buruan. Ez nazazu sal. Ustekabe bat nahi dizu erran; baina nik ezin dut zuri sekretua luzeago gorde. D'Artois karrikan egonen zara, Saint-Lazare karrikatik bi urratsetarat. Printze baten pare izanen zara han. Espos-andere batentzat bezalako altzariak erosi dizkizugu. Hamaika gauza egin ditugu hondar hilabetean, horretaz zuri fitsik erran gabe. Ene abokatua guduari lotu da, alabak eskuratuko ditu bere urteko hogeita hamasei mila liberak, bere ezkon sariaren korrituak, eta nik eguzkipeko ondasun ederretan ezarraraziko ditut haren zortziehun mila liberak.

        Eugène mutu zegoen eta hegiz hegi zebilen, besoak gurutzaturik, bere ganbara lander nahastekatuan. Goriot zaharrak ikasleak bizkarra ematen zioneko une bat profitatu zuen, eta supazter gainean larruzko kaxa gorri bat ezarri, zeinetan Rastignactarren armak urrez inprimaturik ageri baitziren.

        — Ene haur maitea, zioen gizagaixo urrikalgarriak, leporaino sartua naiz honetan guztian. Baina, ikusten duzu, bazen ene baitan egoismoa franko, interesaturik nago auzoz alda dezazun. Ez didazu ezetz erranen, ezta? zerbait eskatzen baldin badizut?

        — Zer nahi duzu?

        — Zure apartamentuaren gainean, borzgarrenean, ganbara bat bada hari datxekiola, ni han biziko naiz, ez da hala? Zahartzen ari naiz, urrunegi nago neure alabengandik. Ez dizut poxelurik eginen. Han egon baizik ez dut eginen. Hartaz mintzatuko zatzaizkit arrats oro. Hori ez zaizu gaitzituko, ezta? Etxeratzen zarelarik, ni neure ohean egonen naizela, entzunen zaitut, erranen neure baitan: ene Delphine ttikiaren ikustetik heldu duk. Dantzaldirat eraman dik, uros duk hari esker. Eri banintz, bihotzeko minak eztituko lizkidake zure itzultzen, sar-jalgitzen, joaten entzuteak. Alaba hementxe edukitzea bezala izanen da! Ez dut urrats bat bertzerik eman beharko Champs-Élyséesetan izateko, non egun oro pasatzen baitira, beti ere ikusiko ditut, batzuetan berantegi arribatzen banaiz ere. Eta gero hura zure etxerat etorriko da menturaz! Entzunen dut, ikusiko dut goizeko bere aldagarri goxoan, laxterka, xotilki ibiliz kateme ttiki bat irudi. Badu hilabete bat berriz ere bilakatua dela lehen zena, neskatila gazte, alegera, pinpirina. Arima sendabidean du, zoriona zor dizu. Oi! zernahi ere den eginen nuke zuretzat. Oxtion erraten zidan honatekoan, «Aitatto, zoriontsua naiz oso!» Zeremonioski Ene aita erraten didatelarik, ikararazten naute; ordea aitatto deitzen nautelarik, iruditzen zait oraindik handitu gabe ikusten ditudala, neure oroitzapen guztiak bihurtzen dizkidate. Hobeki naiz haien aita. Oraindik inorenak ez direla uste dut. Gizagaixoak begiak xukatu zituen, negarrez ari zen. —Aspaldian ez nituen hitz horiek aditu, aspaldian ez zidan besoa eman. Oi! bai, badu hamar urtez goiti ez naizela neure alabetako baten ondoan ibili. Hain da gozoa haren soinekoaz igurztea, haren pausorat ibiltzea, haren beroaren partekatzea! Hots, egun goizean orotarat joan naizela Delphine lagunduz. Harekin sartzen nintzen botigetan. Eta etxeraino lagundu dut. Oi! eduki nazazu zeuregandik hurbil. Inoiz edo behin norbait beharko duzu zeure laguntzeko, hantxe izanen nauzu. Oi! Alsaziar kankailu hori hilen balitz, duen hezueriak haren estomakaraino igaiteko ernetasuna balu, zoriontsua litzateke, bai, ene alaba gaixoa! Ene suhia zinateke, haren senarra zinateke denen agerian. Bah! hain da zorigaiztokoa mundu honetako plazerez deus ez jakiteaz, non dena barkatzen baitiot. Egiazki maite duten gurasoen alde behar du egon Jainkoak. Sobera maite zaitu! erran zuen burua higituz eten baten ondoan. Ibiltzean, zutaz ari zen enekin: «Ez da hala, aita, ontsa polita da! bihotz ona du! Nitaz mintzatzen ote da?» Bah, liburuak eta liburuak kontatu dizkit horretaz d'Artois karrikatik has harik eta Panoramas-etako pasaia arteraino. Azkenean enean hustu du bere bihotza. Goiz eder honetan guztian ez nintzen ja zaharra, ontza bat ere ez nuen pisatzen. Mula liberako billetea eman zenidala erran diot. Oi! alaba maitea, negarrez hasi da horretaz hunkiturik. Zer duzu bada supazter gainean? erran zuen noizbait ere Goriot zaharrak, Rastignacen mugitu gabe ikustearekin ezin egonez hiltzen zenak. Eugènek barri eta zur aire zozo batez behatzen zion bere auzoari. Duelu hori, Vautrinek biharamunekotz gaztigatua, hain zen bortizki kontrastatzen bere esperantzarik maiteenen gauzatzearekin, non amesgaiztoaren sentsazio guztiak atzematen baitzituen. Supazter alderat bihurtu zen, han kaxa tiki karratua ikusi zuen, ireki, eta barnean paper bat aurkitu zuen Breguet-en erloju bat estaltzen zuena. Paper horretan hitz hauek izkiriatuak zeuden: «Nahi dut nitaz etengabe nitaz oroit zaitezen, zeren...

«DELPHINE.»

 

        Azken hitz horrek, inondik ere, haien arteko gertakariren bat aipu zuen. Horrek Eugèneri bihotza beratu zion. Han zituen bere armak emailatuak kaxaren barnealdeko urrean. Edergailu hain luzaz gutiziatu hori, katea, giltza, egitura, diseinuak, berak desira bezal-bezalakoak ziren. Goriot zaharra ezinago kontent ageri zen.

        Dudarik gabe bere alabari hitz emana zen jakinaraziko ziola haren erregaliak Eugèneri sorraraziko liokeen ustekabearen ondorio tikienen berri, ezen hirugarrena zen bihotz-hunkidura gazte horietan eta ez zuen irudi hiruretan malerusena. Rastignac maite zuen jadanik alabagatik ez ezik beragatik ere bai.

        — Egun arratsean joanen zara haren ikustera, begira daukazu. Alsaziar kankailua bere dantzarisarenean afaltzekoa da. Ah! ah! zinez irrigarri agertu da ene abokatuak zer egin duen erran dionean. Ez dio bada erran ene alaba adoratzeraino maite duela! uki dezala, bertantxe garbituko dut. Pentsatze hutsak ezen Delphine... (hasperen egin zuen) bidegabekeria bat eginaraziko lidake; baina hori ez litzateke giza eraitea, aratxe-buru bat da urde-gorputz baten gainean. Zeurekin hartuko nauzu, ezta?

        — Bai, ene Goriot ona, ongi dakizu maite zaitudala...

        — Ikusten dut, zu ez zara nitaz herabe! Utz zeure besarkatzera. Eta ikaslea bere besoetan tinkatu zuen. —Guztiz zorioneko errendatuko duzu, emadazu zeure hitza! Egun arratsean joanen zara, ezta?

        — Oi, bai! Jalgi beharra dut ezin-gibelatuzko afera batzuengatik.

        — Zerbaitetan laguntzen ahal zaitut?

        — Bai, segurki! Nucingeneko anderearenerat noan bitartean, joan zaitez Taillefer aita jaunarenerat, afalondoan ordu bat eman diezadan erratera, inportantziarik handieneko afera batez hitz egiteko berarekin.

        — Egia litzatekea beraz hori, gazte, erran zuen Goriot zaharrak aurpegia aldatuz; haren alabaren gorteiatzen ote zabiltza, hor behereko ergel horiek dioten bezala? Alajainkoa! zuk ez dakizu zer den Gorioten ukabilkada bat. Eta ziria sartuko bazenigu, ukabilkada baten afera izanen litzateke. Oi! ez da posible hori.

        — Zin degizut emakume bakarra maite dudala munduan, erran zuen ikasleak, orain berriki arte ez dut jakin.

        — Ah, hau zoriona! egin zuen Goriot zaharrak.

        — Baina, segitu zuen ikasleak, Tailleferen semea bihar borrokatzekoa da, eta hilen dutela aditua dut erraten.

        — Zer axola dizu horrek? erran zuen Goriotek.

        — Baina behar da hari erran ez uzteko bere semea harat joatera... oihu egin zuen Eugènek.

        Une hartan, Vautrinen ahotsak hautsi zuen ikaslearen solasa bere ateko atalasean kantari hasi baitzen ozenki:

 

                Ô Richard, ô ene errege!

                Unibertsoak abandonatzen zaitu...

 

                Broum! broum! broum! broum! broum!

 

                Mundua dut luzaz kurritua,

                Eta orotan naute ikusia...

 

                Tra la, la, la, la...

 

        — Jaunak, oihukatu zuen Christophek, afaria begira daukazue, eta mundu guztia dago mahaian.

        — To, erran zuen Vautrinek, hator Bordeleko ene botila arno baten hartzera.

        — Polita atzematen duzua, erlojua? erran zuen Goriot zaharrak. Gustu ona du, gero!

        Vautrin, Goriot zaharra eta Rastignac elkarrekin jaitsi eta, berant heldu izanaren ondorioz, mahaian elkarren ondoan jarririk kausitu ziren. Afaritan inoizko hoztasunik handiena agertu zion Eugènek Vautrini, nahiz egundaino gizon honek, andere Vauqueren begietan hain gisakoa zenak, ez zuen hainbertzeko antzerik erakutsi. Ateraldietan zorrozki aritu zen, eta mahaikide guztiak berotu zituen bere zirtoez. Segurtasun horrek, odol hotz horrek Eugène atsekabetzen zuen.

        — Zer belardi-klasetan ibili zara bada egun? erran zion andere Vauquerek. Botz-botzik zaude zinez.

        — Beti nago botzik afera onak egiten ditudanean.

        — Aferak? erran zuen Eugènek.

        — Aferak, bai. Komisio-eskubide ederrak emanen dizkidan salgai sorta bat igorria dut. Andereño Michonneau, erran zuen neskazaharra haren aztertzen ari zela oharturik, ba ote dut bisaian zerbait laket ez duzuna, begi amerikarra egiten baitidazu? Behar didazu erran! aldatuko dut zuri gustu emateko. Poiret, ez gaituk horregatik samurtuko, ezta? erran zuen enplegatu zaharrari begia keinatuz.

        — Astapitoa! Feriako Herkules batentzako modelo behar zenuke pausatu, erran zion pintore gazteak Vautrini.

        — Ados naiz, ala fedea! beti ere andereño Michonneauk Père-Lachaise-ko Venus-en gisan pausatu nahi badu, ihardetsi zuen Vautrinek.

        — Eta Poiret? erran zuen Bianchonek.

        — Oi! Poiret Poireten gisan pausatuko da. Jardinetako jainkoa izanen da! erran zuen Vautrinek. Porrutik baitator...

        — Porru mardotik! segitu zuen Bianchonek. Porruaren eta gasnaren artean zeundeke orduan.

        — Zozokeriak bertzerik ez dira horiek guztiak, erran zuen andere Vauquerek, hobeki eginen zenuke Bordeleko zeure arnotik emanen bazenigu. Botila bat ikusten dut nik bere sudurra erakutsiz! Horrek alegera mantenduko gintuzke, urdailarentzako ona izateaz gain.

        — Jaunak, erran zuen Vautrinek, andere presidentak ordenurat deitzen gaitu. Andere Couture eta Andereño Victorine ez dira zuen erretolika isekariez zapuztuko; baina errespeta ezazue Goriot zaharraren lañotasuna. Bordeleko botilaxka bat arnorama proposatzen dizuet, Laffite izenak bi aldiz ospetsu bihurtzen duena, politikazko kutsurik gabe erranez segurki. Ea, txinatar hori! erran zuen Christopheri, zirkinik egin ez zuenari, so eginez. Hator, Christophe! Nolaz ez duk heure izena aditzen? Txinatar, ekar mama goxoak!

        — Horra, jauna, erran zuen Christophek botila eskaintzen ziola.

        Eugèneren eta Goriot zaharraren basoa bete ondoan, berean emeki-emeki xorta batzuk zerbitzatu zituen, gero bere bi auzoek edaten zuten bitartean dastatu zituenak, eta bat-batean imintzio bat egin zuen.

        — Futxo! futxo! tapoi-urrina du. Gorde ezak hau heuretzat, Christophe, eta habil bertze baten bila guretzat; eskuinetarat, badakika? Hamasei gaituk, jaits itzak zortzi botila.

        — Sakela laxatu duzunaz geroz, erran zuen pintoreak, nik ehuneko bat gaztaina pagatuko ditut.

        — Oi! oi!

        — Booououh!

        — Prrrr!

        Nork bere irrintziak jaurtiki zituen, sugurpil bateko suziriak irudi jalgi zirenak.

        — Ea, amatto Vauquer, bi botila xanpaina, oihukatu zion Vautrinek.

        — Kia! Bai, horixe! Zergatik etxea ere ez eskatu? Bi botila xanpaina! Hori hamabi libera gosta duzu baina! Nik ez dut, ez, hainbertze irabazten! Dena den Eugène jaunak nahi baditu ordaindu, nik kassisa eskainiko dut.

        — Haren kassis horrek manak bezain ongi garbitzen ditik bada barneak, erran zuen medikuntzako ikasleak ahapetik...

        — Hago isilik, Bianchon, egin zuen oihu Rastignacek, ezin diat manaz hitz egiten aditu bihotza zertzen hasi gabe... Bai, hoa Champaigneko arnoaren bila, nik ordainduko dut, gehitu zuen ikasleak.

        — Sylvie, erran zuen andere Vauquerek, ekar biskotxak eta pastiza ttikiak.

        — Zure pastiza ttikiak xaharregiak dira, erran zuen Vautrinek, bixar eta guzti badute. Baina biskotxak, aldiz; ekar itzazu horiek agudo!

        Istant batez Bordeleko arnoak bere ibilia hasi zuen, mahaikideak piztu ziren, eta alegrantzia berretu zen. Irri-karkara basa batzuk aditu ziren, zeinen artetik zenbait animali hotsen ihakinak lehertu baitziren. Eman ziolarik gogoak museumeko enplegatuari katu amorosaren miauaren antzeko deiadar paristar baten egiteko, berehala zortzi ahotsek batean honako ahapaldiok orroizkatu zituzten: —Ganibetak zorrozten ditugu! —«Alpistea xori ttikientzat! —Hauxen da ona, andereak, hauxen da ona! —Toska konpontzen dugu! —Ontsa kudea zuen aferak! —Zafra itzazue zuen emazteak eta zuen arropak! Jantzi zaharrak, zingola zaharrak, kapela zaharrak saltzen ditugu! —Gereziak, gerezi gozoak! Palma Bianchonentzat izan zen «Euritako-saltzailea!» aldarrikatzen egin zuen sudur-mintzoagatik. Istant batzuetan buruaren hausteko gisako azantza sortu zen, solasaldi bat aldrebeskeriaz josia, egiazko opera bat Vautrinek orkestra-buru baten antzera gidatzen zuena, Eugène eta Goriot zaharra begiratuz, ordukotz mozkorturik bide zeudenak. Bizkarra beren kadiretan pausaturik, han zeuden biak usaiaz kanpoko nahaspila haren ikusten aurpegi larriz, guti edanez; han zeuden biak afalondoan egin behar zutenaz kezkaturik, eta ez ziren hargatik altxatzeko gai sentitzen. Vautrinek, zeihar-behakoak jaurtikitzen zizkiela haien begitartearen aldaketak zaintzen zituenak, haien begiak kordoka hasi eta hertsi nahi zutela irudi izan zuteneko unea profitatu zuen Rastignacen belarrirat makurtu eta errateko: «Ene mutiko maitea, ez gara aski maltzurrak geure aitatto Vautrinekin borrokatzeko, eta hark sobera maite zaitu zeure zozokerien egitera uzteko. Zerbait deliberatua dudalarik, Jainkoa bakarrik da aski azkarra eni bidearen hesteko. Ah! nahi genuen Tailleferi gaztigatzera joan, eskolumeen hutsen egitera! Labea bero da, irina oratua, ogia palan; bihar geure buruaren gainetik papurrak zapartaraziko han ausiki eginez; eta laberatzea eragotziko genukea?... ez, ez, ogi guztia eginen da! Zenbait aladura tiki baldin baditugu, digeritzeak haizatuko ditu. Geure lo tikia egiten dugun bitartean, konde Franchessini koronelak Michel Tailleferen oinordekotza irekiko dizu bere ezpataren puntaz. Bere anaiaren etorkia beretuz, Victorinek mila eta bortzehun liberako errenta ukanen du. Argitasunak bilduak ditut, eta badakit jakin amaren oinordekotzak hirurehun milatik gora jotzen duela...»

        Haiei ezin ihardetsiz aditu zituen Eugènek hitz horiek: mihia bere ahosabaiari itsatsirik atzematen zuen, eta ezin garaituzko lo-asma baten mende kausitzen zen; jadanik halako lanbro argitsu batetik baizik ez zituen mahaia eta mahaikideen irudiak ikusten. Harrabotsa eztitu eta berehala, apopiloak banan-banan joan ziren. Gero, andere Vauquer, andere Couture, andereño Victorine, Vautrin eta Goriot zaharra baizik gelditu ez zirelarik, Rastignacek, amets egin bailuen, non ikusten duen andere Vauquer botilen biltzen ari dela hondarrak atera eta horrela botila batzuen betetzeko.

        — Ah! eroak dira, gazteak dira! zioen alarguntsak.

        Hori izan zen Eugènek konprenitu ahal izan zuen azken erranaldia.

        — Vautrin jauna bezalakorik ez festa hauen egiteko, erran zuen Sylviek. Ea, horra Christophe zurrungaka ziba baten antzera.

        — Adios, amatto, erran zuen Vautrinek. Boulevarderat noa M. Martyren mirestera Le Mont Sauvagen, Solitairetik ateratu pieza handi batean. Nahi baduzu, harat eramanen zaitut hala nola bertze dama hauek ere.

        — Eskertzen dizut, erran zuen andere Couturek.

        — Zer, ene auzoa! harritu zen andere Vauquer, ez duzula ikusi nahi pieza bat Le Solitairen hartua, obra bat Atala de Chateaubriandek egina, eta hain atsegin handiz irakurtzen genuena, hain polita dena non azken uda honetan Élodieren madalenak irudi egiten baikenuen negar eztien azpian, hots, obra moral bat beharbada zure dama gazteari erakasteko balio izan dezakeena?

        — Debekatua dugu komediarat joatea, ihardetsi zuen Victorinek.

        — Ea, hauek epeldurik daude, erran zuen Vautrinek Goriot zaharraren eta Eugèneren buruak irri-eragingarriro inarrosiz.

        Ikaslearen burua kadira gainean kokatzean, eroso lo egitea izan zezan, musu eman zion kopetan kartsuki, hau kantatuz:

 

                Egizue lo, ene amodio laztanak!

                Itzarrik egonen naiz beti zuentzat.

 

        — Beldur naiz ez ote den eri, erran zuen Victorinek.

        — Geldi zaitez haren artatzera orduan, hasi zen berriz Vautrin. Horixe da, iradoki zion belarrirat, emakume manakor zaren aldetik duzun eginbidea. Mutil gazte honek adoratzen zaitu, eta haren emazteñoa izanen zara zu, nik iragartzen dizut hori. Hots, erran zuen Vautrinek, herri guztian estimatuak izan ziren, uroski bizi izan ziren, eta anitz haur ukan zituzten. Horra nola bukatzen diren maitasun-eleberri guztiak. Ea, amatto erran zuen andere Vauquerenganat itzuli eta hura besarkatzen zuela, jantz ezazu kapela, soineko eder loreekikoa, kondesaren echarpea. Kotxe baten xerka noatzu, ni nerau. Eta kantuz joan zen:

 

                Eguzki, eguzki, eguzki dibinoa,

                Kuiak ontzen dituzun hori...

 

        — Jainkoa! aizu, andere Couture, gizon honek zoriontsu biziaraziko ninduke zubi baten azpian ere. Ea, erran zuen fideogileaganat itzultzen zela, horra Goriot xaharra epel-epel egina. Agure fardel honi sekula ere ez zaio ene inorat eramatea bururatu. Baina ederki damutuko zaio, Jainkoarren! Ahalkegarria da adineko gizon batek burua gal dezan! Erranen didazu batek ezin duela inondik ere galdu ez daukana, Sylvie, igan ezazu bada bere gelarat.

        Sylviek gizagaixoa besapetik hartu zuen, ibilarazi, eta fardel bat bezala arropak erantzi gabe bota bere ohean zeiharka.

        — Gaixo mutil gaztea, zioen andere Couturek begietarat erortzen zitzaizkion Eugèneren biloak aldaratuz, neskatila gazte bat irudia da, ez daki zer den gehiegikeria.

        — Ah! erran dezaket, bai, neure pentsioa azken hogeita hamaika urte honetan ukan ondoan, erran zuen andere Vauquerek, gazte-jendea franko pasatua dela ene eskuetatik, erraten den bezala, baina egundo ez dut Eugène jauna bezain mutil gisakorik, bezain mutil ongi-ikasirik ikusi. Ederra da zinez lo dagoela! Har iezaiozu beraz burua zeure sorbaldan, andere Couture. Bah! andereño Victorinerenaren gainerat erortzen da: bada jainko bat haurrentzat. Pixka bat gehiago, eta burua kadirako sagarraren kontra hautsiko zuen. Bikote eder-ederra eginen lukete bien artean.

        — Ene auzoa, isil zaitez gero, egin zuen oihu andere Coututek, ah zer gauzak erraten dituzun...

        — Bah! egin zuen andere Vauquerek, ez du aditzen. Ea Sylvie, hator ene janztera. Neure gerruntze handia jantziko dut.

        — Hara! zeure gerruntze handia, afaldu eta gero, anderea, erran zuen Sylviek. Ez, bila ezazu norbait zure hertsatzeko, ni bederen ez naiz zure hiltzailea izanen. Bizitzarekin ordaintzeko gisako zentzugabekeria eginen zenuke hola.

        — Berdin zait, ohore egin behar zaio Vautrin jaunari.

        — Egiatan maite ote dituzu zeure oinordekoak hortaz?

        — Ea, Sylvie, estakururik ez, erran zuen alarguntsak handik joanez.

        — Bere adinean, erran zuen kuzinersak bere etxekanderea Victorineri erakusten ziola.

        Andere Couture eta haren umezurtza, zeinaren sorbalda gainean Eugène lo baitzegoen, bakarrik gelditu ziren jangelan. Christopheren zurrungek etxe isilean burrunbatzen zuren, eta nabariarazten Eugèneren lo baketsua, zeina haur bat bezain grazioski lo baitzegoen. Zoriontsu egiten ahal zuelakotz karitate-ekintza horietako bat zeinaren medioz emakumearen sentimendu guztiek barnea husten baitute, eta zeinak hobenik gabe mutil gaztearen bihotza berean taupaka sentiarazten baitzion, Victorinek bazuen begitartean zerbait amak legez babes ematera bultzatu eta harroarazten zuena. Bihotzean gora zihoazkion mila pentsamenduak gaindi, boluptuositatezko olde asaldagarri bat sartzen zen, halako berotasun gazte eta garbiaren elkarri emateak sustatzen zuena.

        — Gaixo neskatila maitea! erran zuen andere Couturek eskua tinkatzen ziola.

        Dama zaharrak aurpegi tolesgabe eta oinazedun hori zuen miresten, gainerat zoriontasunaren koroa jaitsia zuena. Victorinek Erdi Aroko pintura laño horietako baten eitea zuen, zeinetan artistaren pintzel jabal eta harroaren magia guztia, koadroko gainerako elementu guztiez axolakabeturik, gorde baita aurpegiarentzat, tonu horixtakoa bera eta zeinetan iduri baitu zeruko printza urrekarak islatzen direla.

        — Ez du alabaina bi baso baino gehiago edan, ama, erran zuen Victorinek bere eriak Eugèneren adatsean pasatuz.

        — Baina mozkor zirtzil bat balitz, ene alaba, arnoa bertze guztiek bezala eramanen zuen. Bere mozkorrak berak laudatzen du.

        Kotxe baten hotsak karrikan burrunbatu zuen.

        — Ama, erran zuen neskatila gazteak, horra Vautrin jauna. Har ezazu beraz Eugène jauna. Ez nuke nahi gizon horrek ene honela ikusterik, erranmolde batzuk baditu arima lohitzen dutenak, eta behako batzuk emakume bat biluztuko balute bezala minberatzen dutenak.

        — Ez, erran zuen andere Couturek, oker zara! Vautrin jauna gizon ona da, apur bat Couture jaun zenaren tankerakoa, zakarra, baina zintzoa, bihotz oneko trauskil bat.

        Une hartan Vautrin sartu zen emeki-emeki, eta so egin zion lanpararen argiak laztanduak irudi zuten bi haur horiek osatu taulari.

        — Hara! erran zuen besoak gurutzatuz, horra ikuskari bat gure Bernardin de Saint-Pierre onari, Paul eta Virginieren egileari, borren orrialde ederrak iradokiko zizkiotenetarik. Gaztetasuna ederra da oso, andere Couture. Gaixo mutikoa, egizu lo, erran zuen Eugèneri so, ongia lo gaudela etortzen da zenbaitetan. Anderea, segitu zuen alarguntsari mintzatuz, mutil gazte honi lotzen nauena, hunkiarazten nauena, arimaren edertasuna aurpegiaren edertasunarekin armonian duela jakitea da. Ikus ezazu, ez dea bada kerubin bat aingeru baten sorbalda gainean pausatua? maitagarria da, maitagarria denaz! Emakumea banintz, hil (ez, ez hain ergela!), bizi izan nahi nuke harengatik. Honela miresten ditudala, anderea, erran zuen ahapetik eta alarguntsaren belarrirat makurtuz, Jainkoak bata bertzearentzat egin dituela behar dut baitezpada pentsatu. Probidentziak bide ongi gordeak ditu, gogo-bihotzak ikertzen ditu, erran zuen goraki. Bat eginik ikusten zaituztedala, ene haurrak, garbitasun berak, giza sentimendu guztiek bat eginik, neure baitan diot ezinezkoa dela zuek sekula banantzea etorkizunean. Jainkoa zuzena da. Baina, erran zion neskatila gazteari, nago joritasunaren marrak ikusi ote ditudan zuregan. Emadazu zeure eskua, andereño Victorine? aditua naiz kiromantzian, maiz erran izan dut zorte ona. Ea, ez ezazu beldurrik izan. Oi! zer ikusten dut? Ala gizon prestuaren fedea, luze gabe Pariseko primarik aberatsenetako bat izanen zara. Zorionez mukuru beteko duzu maite zaituena. Aitak bere ondorat deitzen zaitu. Gizon tituludun, gazte, eder, adoratzen zaituen batekin ezkonduko zara.

        Une hartan, behera zetorren alarguntsa lakrikunaren urrats astunek Vautrinek igarkuntzak eten zituzten.

        — Horra amatto Vauquerre izar bat bezain eder, azenario bat irudi estekaturik. Ez garea bada pixka bat itotzen? erran zion eskua balenbizarren gainaldean ezarriz; bihotz-aitzinekoak ongi tinkaturik daude, amatto. Negar eginez geroz, leherketa izanen dugu, baina zaharki-zale baten artaz bilduko ditut hondakinak.

        — Frantzes-jendetasunaren lengoaia badaki honek, gero! erran zuen alarguntsak andere Coutureren belarrirat makurtuz.

        — Adios, haurrak, gehitu zuen Vautrinek Eugène eta Victorinerenganat itzulirik. Benedikatzen zaituztet, erran zien eskuak buru gainean ezartzen zizkiela. Sinets iezadazu, andereño, ez dira edozer gauza jaun prestu baten desirak, zoriona behar dute ekarri, Jainkoak aditzen ditu.

        — Adios, ene adiskide maitea, erran zion andere Vauquerek bere apopiloari. Uste duzua, erantsi zuen ahapetik, Vautrin jaunak enekiko asmorik ba ote duen?

        — He! He!

        — Ah! ene ama maitea, erran zuen Victorinek hasperen eginez eta bere eskuei behatuz, bi emakumeak bakarrik egon zirelarik, Vautrin jaun on horrek egia balio!

        — Gauza bat baizik ez da behar horretakotzat baina, erantzun zuen dama zaharrak, zure anaia anker hori zalditik erortzea bakarrik.

        — Ah! ama.

        — Jainkoa, badaiteke bekatua den nork bere etsaiari gaizkiaren desiratzea, hasi zen berriz alarguntsa. Ongi da! penitentzia eginen dut hartaz. Egia erran, gogotsu eramanen nituzke loreak haren hilobirat. Bihotz gaiztokoa! ez du bere amaren alde mintzatzeko adorerik, eta zure kaltez haren ondasunak atxikitzen ditu azpikerien bidez. Ene lehengusinak fortuna eder bat zeukan. Zure zorigaitzeko, sekula ez da haren ekarriaz hitz egiterik izan hitzarmenean.

        — Nekeza izan lekidake maiz neure zoriona eramaten, norbaiti bere bizitza gosta balekio, erran zuen Victorinek. Eta beharrezkoa balitz, zoriontsua izateko, ene anaia suntsi ledin, nahiago nuke zinez hemen egon beti.

        — Jainkoa, Vautrin jaun on horrek dioen bezala, zeina, ikusten duzu, erlijioz betea baita, hasi zen berriz andere Couture, atseginez jakin dut hura ez dela sinesgogorra bertzeak bezala, Jainkoaz deabruaz baino are begirune gutiagorekin mintzatzen baitira. Nork dakike bada zer bidetatik eraman gogo gaituen Probidentziak?

        Sylviek lagunduak, bi emakumeek hondarrean Eugène bere ganbararat eraman zuten, bere ohe gainean etzan, eta kuzinersak jantziak laxatu zizkion eroso egon zedin. Joan aitzin, bere babesleak bizkarra eman ziolarik, Victorinek musu bat pausatu zuen Eugèneren bekokian ebaskeria anker horrek sorrarazi behar zion loria guztiaz. Mutilaren ganbarari so egin zion, hala erratekotz pentsamendu bakar batean egun hartako mila zoriontasunak bildu, haiekin taula bat —luzaz behatu ziona— egin, eta Pariseko kreaturarik urosena zela lo hartu zuen. Vautrinek Eugèneri eta Goriot zaharrari arno narkotizatuaren edanarazteko baliarazi zuen ospakizunak gizon honen galtzapena ebatzi zuen. Bianchonek, erdi moxkorturik, ahantzi zuen Trompe-la-Mortez galde egitea andereño Michonneauri. Izen hori erran balu, ernaraziko zuen inolaz ere Vautrinen, edo, haren egiazko izenaren emateagatik, Jacques Collinen, espetxeetako gizandietako baten zuhurtzia. Ondoan Venus Père-Lachaiseko gaitzizenak deliberarazi zuen andereño Michonneau galerianoaren entregatzera noiz eta ere, Collinen eskuzabaltasunari fidaturik, bere kontuak ateratzen ari baitzen ez ote zen hobe haren jakinean ezarri eta gauez ihes egitera laguntzea. Etxetik jalgi berria zen, Poiretek lagundurik, sûreté-ko poliziburu famatuaren bila, Sainte-Anne karrika tikirat, Gondureau izeneko goi-enplegatu batekin tratuan ari zelakoan artean ere. Polizia Judizialaren zuzendariak atseginez hartu zuen. Gero, dena zehaztu zuten solasaldi baten ondoan, andereño Michonneauk markaren egiaztatzeko erabili behar zuen edabea eskatu zuen. Sainte-Anne karrika tikiko gizon handiak egin zuen bozkario-zeinua ikusirik, bulegoko tiraderan potto baten bilatzean, andereño Michonneau ohartu zen ezen bazela atzemate horretan galeriano soil baten atxilotzea baino zerbait inportantagoa. Buruaren hautsiaren hautsiz, susmatu zuen ezen poliziak, espetxeetako traidoreek eginikako zenbait salaketaren arabera, garaiz heltzea espero zuela balore handi batzuen atzemateko. Bere aieruak azeri horri agertu zizkiolarik, poliziburua irribarretsu agertu eta neskazaharraren susmoak alboratu nahi izan zituen.

        — Oker zara, erantzun zuen poliziburuak. Ohoinen aldean inoiz kausitu den sorbonnerik galgarriena da Collin. Hori da dena. Bilauek ongi dakite hori; haien bandera da, haien sostengua, haien Bonaparte hitz batean; denek maite dute. Birigarro horrek ez digu inoiz bere kaskoa Grève-ko plazan utziko.

        Andereño Michonneauk konprenitu ez zituela eta, Gondureauk aditzera eman zion erabili zituen bi argot-hitzen erra nahia. Sorbonne eta kaskoa ohoinen hizkerako bi adierazmolde bipil dira, ohoinak izan baitira, lehenak izan ere, giza burua bi alderdiren pean ikusi beharra atzeman dutenak. Sorbonne gizon biziaren burua da, haren aholkua, haren pentsamendua. Kaskoa da erdeinuzko hitz bat burua moztua delarik zeinen gauza guti bilakatzen den agertzea xede duena.

        — Collin gutaz trufatzen da. Ingeles moldera suberatu altzairua bezalako gizon horiek topatzen ditugularik, badugu haien hiltzeko baliabidea baldin eta, haien atxilotzerakoan, den-mendreneko jazargoaren egitea bururatzen bazaie. Hainbat jokamolde baditugu Collinen hiltzeko bihar goizean. Horrela alde baterat utziko ditugu prozesua, zaintze-gastuak, elikadura, eta horrek gizartea lasaitzen du. Prozedurak, lekukoen sariak, haien ordainak, urkabea; zardaipazka horiek legea gordez hastanarazi nahi izanez geroz, zuk eskuratuko dituzun mila ezkutuetatik gora eginen liguke. Denbora ekonomizatzen da. Trompela-Morten urdailean baioneta-ukaldi on bat mariez, ehunka krimen eragotziko ditugu, eta berrogeita hamar lagun gaizto zuhurtasun handiz tribunal korrekzionaletik kanpo egonen direnak usteltzetik begiratuko. Horra polizi lana taiuz egina. Egiazko filantropoen arabera, hala jokatzea krimenei aitzin hartzea da.

        — Nork bere herriaren zerbitzatzea gero, erran zuen Poiretek.

        — Hara! ihardetsi zuen nagusiak, zinez gauza zentzudunak erraten dituzu egun arratsean. Bai, izan ere guk herria zerbitzatzen dugu. Beraz, mundua oso bidegabea da gurekin. Ezezagunak diren zerbitzu handi-handiak egiten dizkiogu guk gizarteari. Tira, goi-mailako gizonarena da aitzin-iritzien gainean jartzea, eta kristauarena ongiak bere ondotik dakartzan zorigaitzen hartzea errezibiturikako pentsamoldeari jarraiki jokatzen ez denean. Paris Paris da, ikusten duzu? Hitz horrek esplikatzen du ene bizitza. Zure agurtzeko ohore dut, andereño. Neure lagunekin izanen naiz bihar Erregeren jardinean. Bidal ezazu Christophe Buffon karrikarat, Gondureau jaunarenerat, ni nengoen etxerat. Jauna, zure zerbitzaria naiz. Inoiz zerbait ebatsiko baldin balizute, jo ezazu eneganat hori aurki diezazugun, zeure zerbitzuko nauzu.

        — Hara! erran zion Poiretek andereño Michonneauri, ergelak badira horregatik polizia hitzaren entzute hutsak guztiz larriarazten dituenak. Jaun hori gisakoa da oso, erraza baino errazagoa eskatzen dizuna.

        Biharamuneko egunak bere tokia behar zuen hartu MaisonVauquereko kondairaren egunik gogoangarrienen artean. Bizitza baketsu horren ordudainoko gertakaririk nabarmengarriena l'Ambermesnileko kondesa faltsuaren agerraldi meteorikoa izan zen. Oro zurbilduko zen ordea egun handi hartako, andere Vauqueren solasaldiek hizpide betiereko izanen zuteneko gorabeheren aitzinean. Lehen-lehenik Goriotek eta Eugène de Rastignacek hamaikak arte lo egin zuten. Andere Vauquer, la Gaîté-tik gauerdian etxeratua, hamarrak eta erdiak arte egon zen ohean. Christophek, Vautrinek eskaini arnoa bukatu zuenak, lo luzea egin zuen eta horrek zenbait luzamendu eragin zituen etxeko zerbitzuan. Poiret eta andereño Michonneau ez ziren kexatu gosaria gibelatzen zelakotz. Victorinez eta andere Couturez denaz bezainbatean, goiz osoa eman zuten lotan. Vautrin zortziak baino lehen jalgi, eta gosaria zerbitzatu zuteneantxe itzuli zen. Inork ez zuen deus erran beraz, hamaikak eta laurden irian, Sylvie eta Christophe ate guztietan jotzera joan zirenean, gosaria begira zeukatela erratera. Sylvie eta mutila lekutu zirelarik, andereño Michonneauk, lehena jaitsirik, edari bizia Vautrinen zilarrezko godaleterat isuri zuen, non haren kafeko esnegaina bainu-marian ari baitzen berotzen, bertze guztien artean. Neskazaharrak berezitasun hori izan zuen kontutan bere kolpearen emateko. Neke bada neke, azkenekotz zazpi apopiloak egon ziren bildurik. Eugène, nagiak ateratzen ari zena, denetan azkena jaisten zelarik, mezulari batek Nucingeneko anderearen gutun bat eskutaratu zion. Gutun horrek honela zioen:

 

        «Ez dut ez gezurrezko banitaterik eta ez samurgorik zurekin, ene adiskidea. Gauerdiko bi orenak arte iguriki zaitut. Maite duzun izaki bat iguriki! Tormentu hori ezagutu duenak ez dio inori ere halakorik jasanarazten. Ikusten dut, bai, lehen aldikotz maite duzula. Zer agitu da bada? Bere mende nauka arrangurak. Neure bihotzeko sekretuen ezagutarazteaz beldur izan ez banintz, jakitera joanen ninduzun zer zorion edo zer zorigaitz gertatzen zitzaizun. Baina ordu horretan jalgitzea, izan dadin oinez, izan dadin kotxez, ez zatekeen bada galtzea? Emakume izatearen malurra sentitu dut. Segurta nazazu, esplika iezadazu zergatik ez zaren etorri, aitak erran dizunaren ondoan. Samurtuko naiz, baina barkatuko dizut. Eri zarea? zergatik bizi izan horren urrun? Ongi-nahizko hitz bat. Sarri arte, ez da hala? Aski izanen dut hitz bat okupaturik bazaude? Errazu: Banoa, oinazetan nago bertzenaz. Baina osagarri txarrez bazina, aita horren erratera etorriko zitzaidan! Zer agitu da bada?...»

 

        — Bai, zer agitu da? oihu egin zuen Eugènek, jangelarat heriosuhar joan zenak gutuna maspilduz irakurtzen bukatu gabe. Zer tenore da?

        — Hamaikak eta erdiak, erran zuen Vautrinek bere kafeari azukrea erantsiz.

        Galeriano ihes eginak behako hozkiro liluragarri bat jaurtiki Zion Eugèneri, zenbait gizon funtsean magnetikok egozteko dohaina ukan eta alienatuen etxeetan ero oldarkorrak jabaltzen omen dituena bera. Eugèneri gorputz-adar guztiak ikaratu zitzaizkion. Kotxe baten hotsa aditu zen karrikan, eta mutil bat, Taillefer jaunaren jantzia zeraman eta andere Couturek bertan ezagutu zuena, tarrapataka sartu zen izitua irudi.

        — Andereño, erran zuen, zure aita jaunak zutaz galdetzen du. Zorigaitz handi bat gertatu da. Fréderic jauna dueluan borrokatu da, ezpata-ukaldi bat hartu du kopetan, medikuek etsi dute haren salbatzeaz; doi-doia hari adios errateko astia izanen duzu, zentzua galdua du dagoenekotz.

        — Gaixo mutil gaztea! oihu egin zuen Vautrinek. Nolaz ibil daiteke mokoka hogeita hamar mila liberako errenta ukanik? Deblauki gazteriak ez daki bere buruaren gobernatzen.

        — Jauna! oihukatu zion Eugènek.

        — Zer, bada, ume handi hori? erran zuen Vautrinek bere kafearen lasaiki edaten bukatuz. Andereño Michonneauk begiaz sobera arta handirekin zaintzen zuen egintza hori mundu guztia sor eta lor uzten zuen gertakari ohiz kanpoko hartaz hunkitzeko. Ez dea bada goiz oro duelurik izaten Parisen?

        — Zurekin noa, Victorine, erran zuen andere Couturek.

        Eta bi emakume horiek xalik eta kapelarik gabe aienatu ziren. Handik joan aitzin, Victorinek, begiak malkotan, honela ziotsan behako bat jaurtiki zuen Eugènerenganat: Ez nuen uste gure zorionak negarrik eginaraziko zidanik.

        — Hara! profeta zara beraz, Vautrin jauna? erran zuen andere Vauquerek.

        — Oro naiz ni, erran zuen Jacques Collinek.

        — Bitxia da gero! segitu zuen andere Vauquerek gertakari horren gainean funtsik gabeko ele parrasta bat lerrokatuz. Heriotzak galdetu gabe atzematen gaitu. Gazteak zaharrak baino lehen joaten dira maiz. Gu, emakumeak, uros gara dueluen menpeko ez egonez; baina guk baditugu bertze eritasun batzuk gizonezkoek ez dituztenak. Haurrak egiten ditugu, eta amaren gaitzak luzaz irauten! Hau eskualdia Victorinerena! Haren aita alabatzat hartzera bortxatua da.

        — Hor duzu! erran zuen Vautrinek Eugèneri beha, atzo sosik ere ez zuen, egun goizean hainbat milioiren jabe duzu.

        — Errazu, Eugène jauna, erran zuen andere Vauquerek, eskua behar zen tokian ezarri duzu.

        Iruzkin horren aditzean, Goriot zaharrak ikasleari behatu eta gutun maspildua ikusi zion eskuan.

        — Ez duzu bukatu! zer nahi du horrek erran? bertzeak bezalakoa ote zu ere? galdetu zion.

        — Anderea, sekula ez naiz andereño Victorinerekin esposatuko, erran zuen Eugènek andere Vauqueri zuzenduz han zeudenak harritu zituen narda eta higuinezko sentimendu batekin.

        Goriot zaharrak ikaslearen eskua hartu eta tinkatu zion. muinkatu nahi izanen zuen.

        — Oi! oi! egin zuen Vautrinek. Italiarrek badute erranmolde on bat: col tempo!

        — Erantzunaren begira nago, erran zion Rastignaci Nucingeneko anderearen mezulariak.

        — Errozu joanen naizela.

        Gizona joan zen. Eugènek haserrealdi bortitz bat zuen, eta horrek ez zuen uzten zentzudun izatera. —Zer egin! zioen goraki, bere baitan hitz eginez. Bat ere frogarik ez duk!

        Vautrin irribarre egiten hasi zen. Une hartan lanean hasi zen estomakak hurrupatu zuen edabea. Hala ere galerianoa hain zen sendoa non jaiki, Rastignaci behatu, eta ahots sakon batez erran baitzion: —Gazte, ongia lo gaudela etortzen zaiguk.

        Eta zerraldo erori zen.

        — Bada beraz justizia bat Jainkoarena, erran zuen Eugènek.

        — Hara! Zer du bada, Vautrin jaun maite gaixo honek?

        — Apoplexia bat, oihukatu zuen andereño Michonneauk.

        — Sylvie, ea, laztana, joan hadi medikuaren bila, erran zuen alarguntsak. Ah! Rastignac jauna, joan zaitez bada fite Bianchon jaunarenerat; badaiteke Sylviek medikua, Grimple jauna, aurkituko ez duen.

        Rastignac, kontent kobazulo izigarri hartatik urruntzeko estakuru bat bazuelakotz, lasterka alde egin zuen handik.

        — Christophe, ea, hoa ziztuan botikarioarenerat apoplexiaren kontrako zerbaiten eske.

        Christophe jalgi zen.

        — Baina, Goriot, lagun gaitzazu bada haren gora eramatera, bere gelarat.

        Vautrin hartu zuten, eskaileran goiti eraman eta bere ohe gainean ezarri.

        — Ez zaituztet deusetan laguntzen ahal, alabaren ikustera noa, erran zuen Goriot jaunak.

        — Agure zahar heurekoia! egin zuen oihu andere Vauquerek, zakur bat bezala hilen ahal haiz!

        — Zoaz bada eterrik baduzun ikustera, erran zion Andere Vauqueri andereño Michonneauk zeinak, Poiretek lagundua, Vautrinen jantziak laxatuak baitzituen.

        Andere Vauquer bere gelarat jaitsi eta andereño Michonneau utzi zuen jaun eta jabe gudu-zelaian.

        — Ea, ken iezaiozu bada atorra eta para ezazu fite ahozpez! Egin behingoz zerbait probetxuzkoa biluztasunak ene bistatik aldaratuz, erran zion Poireti. Baba bezala zaude hor geldirik.

        Behin Vautrin ahozpez ezarririk, andereño Michonneauk zaflako gogor bat eman zuen eriaren bizkarrean eta ondikozko bi hizkiak berragertu ziren inguru gorriaren erdian zuri.

        — To, zinez aise irabazi duzu hirur mila liberako saria, erran zuen Poiretek Vautrin zutik atxikirik, andereño Michonneauk atorra berriz ere janzten zion bitartean. —Ufa! astuna da, gehitu zuen Poiretek etzaten zuela.

        — Zaude isilik. Diru-kutxa bat balitz hemen? erran zuen bizi-bizia neskazaharrak paretak zulatu nahi bide zituzten begi batzuekin, hainbertzeterainoko irritsaz miatzen baitzituen ganbarako altzaririk tikienak ere. —Izkiriamahai hau ireki ahal bageneza, edozein estakururekin! segitu zuen.

        — Hori gaizki litzateke agian, erantzun zuen Poiretek.

        — Ez. Diru ebatsia, mundu guztiarena izan eta, inorena ez da orain. Denbora eskas dugu baina, erantzun zuen emakumeak. Andere Vauquer entzuten dut.

        — Hemen da eterra, erran zuen andere Vauquerek.

        — Abenturen eguna da egun! Jainkoa! gizon hau ez daiteke eri izan, irina bezain zuri dago.

        — Irma bezain zuri? errepikatu zuen Poiretek.

        — Bihotza ohi bezala ari du taupaka, erran zuen alarguntsak eskua bihotzean pausatzen ziola.

        — Ohi bezala? erran zuen Poiretek harriturik.

        — Oso ongi dago.

        — Hala uste duzu? galdetu zuen Poiretek?

        — Hau da hau! lo dagoela irudi du. Sylvie mediku baten bila joan da. Aizu, andereño Michonneau, eterra usnatzen ari da. Bah! sepasmo (espasmo) bat da. Pultsua ona du. Idia baino sendoagoa da. Ikus ezazu beraz, andereño, zer larruzko estalkia duen estomakaren gainean; gizon hau ehun urtez biziko da! Ileordeak ongi atxikitzen dio alta. To, itsatsirik dago, gezurrezko ilea du, gogo eman gorria dela. Denak onak edo denak txarrak omen dira kaskagorriak! Ona ote beraz honako hau?

        — Zintzilikatzeko ona, erran zuen Poiretek.

        — Emakume polit baten lepotik nahi duzu erran, oihu zuen bizi-bizia andereño Michonneauk. Joan zaitez bada, Poiret jauna. Guri, emakumeei dagokigu zuen artatzea eri zaretenean. Bertzalde, zertako balio duzun ikusi eta, bazoazke lasai hor barna egurastera, gehitu zuen emakumeak. Andere Vauquerek eta biek behar bezala begiratuko dugu Vautrin jaun maite hau.

        Poiret poliki-poliki eta murmurikatu gabe joan zen, nagusiak ostiko bat eman dion zakurraren antzera. Rastignac handik jalgia zen ibiltzeko, airearen hartzeko, giroa itogarria zen. Tenore jakinean eginikako krimen hori, bezperan nahi izan zuen eragotzi. Zer gertatu zen? Zer behar zuen egin? Ikara batean zen horretan erkide izan beldurrez. Artean ere Vautrinen odol-hotzak lotsarazten zuen.

        — Bizkitartean Vautrin hitz egin gabe hil baledi, zioen bere baitan Rastignacek.

        Luxemburgeko ibiltokiak gaindi zihoan, zakur-saldo batek lasterkatu balu bezala, eta haien saingak aditzen zituela iruditzen zitzaion.

        — Eta? oihukatu zion Bianchonek, irakurri duka Le Pilote?

        Le Pilote zen orri erradikal bat Tissot jaunak zuzendua, eta probintzietarako, goizeko egunkariek baino ordu batzuk geroago, edizio bar argitaratzen zuena non eguneko berriak kausitzen baitziren, orduan, departamentuetan, bertze orriak baino hogeita lau ordu lehenago karrikaratzen zirenak.

        — Berebiziko istorio bat zakarrek, erran zuen Cochin ospitaleko barnekoak. Taillefer semea dueluan borrokatu omen duk guardia zaharreko Franchessini kondearekin, zeinak bi ontzako sakonerako zauria egin baitio kopetan. Hor duk orain Victorine ttikia Pariseko anderegairik aberatsenetarik bilakatua. Hori jakin izan bagenu, ezta? Hau zoripeko jokoa heriotza! Egia dea Victorinek begi onez behatzen diala?

        — Isil hadi, Bianchon, sekula ez nauk harekin esposatuko. Emakume zoragarri bat maite diat, hark maite naik, nik...

        — Infidel ez izateko debaldetako eginahaletan ari baihintzan diok hori. Erakuts iezadak bada emakume bat Taillefer jaunaren fortunaren sakrifikatzeko adina balio duena.

        — Deabru guztiak ote ditut bada neure ondotik? egin zuen oihu Rastignacek.

        — Noren ondotik dituk bada hik? burutik ote hago? Emadak bada eskua, erran zuen Bianchonek, pultsua hartuko diat. Sukarra duk.

        — Hoa bada ama Vauquerenerat, erran zion Eugènek, Vautrin gizatxar hori hilik bezala erori berria duk.

        — Ah! erran zuen Bianchonek, Rastignac bakarrik utzi zuenak, egiaztatzera joan nahi dudan susmo batzuk baieztatzen dizkidak.

        — Zuzenbideko ikaslearen ibilaldi luzea ondore handikoa izan zen. Nolazpait ere bere kontzientziaren itzulia egin zuen. Baldin eta kordokatu bazen, aztertu bazuen, ezbaian egon bazen, haren zuzentasuna behinik behin entsegu guztiak gainditu dituen burdin haga bat bezala jalgi zen eztabaida garratz eta ikaragarri horretatik. Gogorat etorri zitzaizkion Goriot zaharrak bezperan egin konfidentziak, gogorat ekarri zuen Delphinegandik hurbil, d'Artois karrikan, harentzat hautatu apartamentua; haren gutuna hartu zuen berriz, hartzara irakurri zuen, musu eman zion. —Ene salbabidea duk honelako amodio bat, erran zuen bere baitan. Agure gaixo honek franko sufritu dik bihotzagatik. Ez dik fitsik erraten bere xangrinez, baina nork ez lituzke horiek igarriko! Ongi duk! aita bat bezala artatuko diat, mila atsegin emanen zizkioat. Delphinek maite banau, maiz etorriko duk ene etxerat egunaren haren ondoan ematera. Restaudeko kondesa handi-mandi honi purtzil hutsa duk, aita atezain eginen likek. Delphine maitea! hobea duk hura gizagaixoarentzat, maitagarria duk! Ah! egun arratsean zoriontsu izanen nauk beraz! Erlojua atera zuen, miretsi zuen. —Dena ongi heldu izan zaidak! Elkar zinez betiko maite dutenek, elkar lagun zezaketek, onar zezakeat hau. Gainera aberats eginen nauk, bai, eta bateko ehun itzultzen ahalko diat dena. Ez duk harreman honetan ez gaiztakeriarik, ez deusik bertuterik zorrotzenari bekaina zimurraraz diezaiokeenik. Hamaika jende onestek egiten ditek honelako elkarretaratzerik! Guk ez diagu inor engainatzen; eta gezurra duk zitaltzen gaituena. Gezur erratea, ez ote da uko egitea? Aspaldidanik zagok bere senarragandik bereizia. Bertzalde, erranen zioat bada nik Alsaziar horri eni uzteko berak zoriontsu egin ezin duen emakumea.

        Luzaz iraun zuen Rastignacen gudukak. Nahiz garaitiak gaztetasunaren bertuteentzat gelditu behar izan zuen, ezin garaituzko jakin-min batek eramana izan zen hala ere laurak eta erdian inguruan, ilunabarrean, Maison-Vauquererantz, bere buruari betikotz utzi behar zuela zin egiten zionerantz. Vautrin hila zenetz nahi zuen jakin. Hari okarazle baten ematea bururatu ondoan, Bianchonek bere ospitalerat eramanarazi zituen Vautrinen gonbitoak, kimikoki aztertzeko xedearekin. Ikusirik eta Andereño Michonneauk zein hisiatuki nahi izan zituen botarazi, goganbeharrak sendotu zitzaizkion. Bertzalde ere Vautrin lasterregi suspertua zen Bianchonek pentsioko jostalari alegeraren kontrako konploten bat susma ez zezan. Rastignac arribatu zen tenorean, Vautrin zutik zegoen beraz sutontzitik hurbil jangelan. Taillefer semearen dueluaren berriak usaian baino lasterrago erakarriak, apopiloak, aferaren xehetasunen eta horrek Victorineren etorkizunean izan zuen eraginaren jakiteko irrikatzen, Goriot zaharra ez bertze guztiak bildurik zeuden, eta gertakari horretaz eleketan ari ziren. Eugène sartu zelarik, haren begiek buruz buru egin zuten Vautrin izikaitzarenekin, eta haren behakoa hain zitzaion barna sartu bihotzean eta hain zizkion azkarki inarrosi hango soka gaizto batzuk, non ikaratu baitzen.

        — Ongi duk! haur maitea, erran zion galeriano ihes eginak, Dama zuriak jai izanen dik luzaz enekin. Dama hauek diotenaz, idi baten akabatzeko gisako odol-kolpe bati gailendu omen natzaiok.

        — Ah! zezen bat ere erran dezakezu, bai; oihu egin zuen Vauquer alarguntsak.

        — Haserre ote zara ene bizirik ikusteaz? erran zuen Vautrinek Rastignacen belarrirat, ikasleari pentsamenduak asmatzen zizkiola uste izan zuelarik. Gizon azkar arraio baten seinale litzateke hori.

        — Ah! ala ene fedea, erran zuen Bianchonek, andereño Michonneauk Trompe-la-Mort izeneko gizon batez mintzatzen ari zen herenegun; izen hori ongi joanen litzaizuke.

        Hitz horrek haize-gaiztoaren eragina izan zuen Vautrinengan: zurbildu eta durduzatu egin zen, haren so magnetikoa eguzki-errainu bat irudi erori zen andereño Michonneauren gainerat, zeina ausartziazko oldar horrek lur joa utzi baitzuen. Neskazaharra kadira batean hondatuz joan zen. Poiretek bipilki jo zuen aitzinerat haren eta Vautrinen artean, andereño Michonneau arriskuan zela ohartuz, hainbertzetarainoko itxura beldurgarria baitzuen hartu galerianoaren aurpegiak egiazko izaera ezkutatzen zion onbera-mozorroa edeki zuenean. Artean ere drama horretaz deus konprenitzen ez zutela, apopilo guztiak zur eta lur gelditu ziren. Une hartan, gizon batzuen pausoa aditu zen, bai eta soldadu batzuek karrikako lauzatuan atera zuten zenbait fusilena ere. Collin leiho eta hormei so eginez oharkabetarik aterabide bat bilatzen zuela, laur gizon agertu ziren saloiko aterat. Lehenbizikoa sûreté-ko poliziburua zen, bertze hirurak bake-ofizialak ziren.

        — Legearen eta erregeren izenean, erran zuen ofizialetako batek haren hitzaldia harrialdurazko marmar batek ito zuelarik.

        Laster isiltasuna izan zen jaun eta jabe jangelan, apopiloek bazterrerat egin zuten gizon horietako hirur iragaitera uzteko, han baitziren denak eskua saihetseko sakela barnean nor bere pistolarekin tiro egiteko prest. Agenteen ondotik heldu ziren bi jendarmek saloiko atea hartu zuten, eta bertze bi jendarme eskaileratik ateratzen zen aterat agertu ziren. Soldadu batzuen pausoaren eta fusilen hotsa aditu zuten fatxadaren parean zihoan galtzada harriztatuan. Ihes egiteko esperantza guztiak galarazi zizkioten beraz Trompe-la-Morti, zeinarengan behako guztiak finkatu baitziren ezin-menperatuzko oldearekin. Nagusia zuzenean harenganat joan zen, hastekotz hain zartako bortitz bat eman zion buru gainean non ileordea saltarazi baitzuen eta bere laztura guztia eman Collinen buruari. Maltzurkeriaz nahasirikako itxura sendo beldurgarria ematen zieten ile gorri-nabar eta motzez hornituak, buru hori eta begitarte hori, soinarekin bat zetozenak, ernaiki argiztatuak izan ziren infernuko sugarrek argi eman bailieten. Vautrin guztia bildu zuten sugar guztiek, haren iragana, haren oraina, haren geroa, haren dotrina urrikalgaitzak, haren plazer onaren erlijioa, bere pentsamenduen, bere egitateen zinismoak, eta orotara ohitu organizazio baten indarrak ematen zioten erregetasuna. Odola aurpegirat igan zitzaion, eta begiek basakatu batenek irudi distiratu zioten. Airean itzultzen zela hain indar basatiaz beterikako mugimendu batez egin zuen jauzi, hain ongi egin zuen orro non izialdurazko heiagorak atera baitzizkien apopilo guztiei. Lehoi-zeinu horren ikustearekin, eta harramantza orokorraz baliaturik, agenteek tiro egin zuten beren pistolekin. Collin arma guztien zakurraren distira ikusiz galzorian zela ohartu zen, eta bat-batean giza ahalmenik garaienaren froga eman zuen. Ikuskizunaren latz eta handia! haren begitarteak fenomeno bat erakutsi zuen lurrunez beterikako galdara bati baizik konpara ezin daitekeena, zeinaren indarra mendien altxatzekoa adinakoa izanik ere, ur tanto hotz batek berehalaxe deuseztatzen baitu. Gogoeta bat oinaztura bezain zalua izan zen haren errabia hoztu zuen ur tantoa. Irribarrez hasi zen eta bere ileordeari behatu.

        — Egun ez duk jendetasun handiegirik erakusten, erran zion poliziburuari. Eta jendarmeei bere eskuak luzatu zizkien buru-keinu batez dei egiten ziela. Jaun jendarmeak, ezar iezazkidazue eskuburdina edo erpurukoak. Hemen diren lagunak hartzen ditut lekuko gogor eginen ez dudala. Mirespenezko marmar batek, labak eta suak giza sumendi horretan jalgi eta sartzean erakutsi zalutasunak jaulkiaraziak, burrunbatu zuen sala barnean. —Mututurik utzi haut, jaun hornitzailea, segitu zuen galerianoak polizia judizialaren zuzendari ospetsuari behatzen ziola, orain ezin burutuko duk egin asmo huena.

        — Ea, has hadi biluzten, erran zion Sainte-Anne karrika tikiko gizonak destainaz beterik.

        — Nolatan! erran zuen Collinek, damak daude hemen. Ez dut deus ukatzen, eta entregu naiz.

        Eten bat egin zuen, eta gauza harrigarrien erratera doan hizlari baten antzera so egin zion biltzarrari.

        — Izkiria ezazu, Lachapelle jauna, erran zuen agure tiki ilezuri bati mintzo zeina mahaiaren muturrean jarria baitzen diruzorro batetik atxiloketaren ahozko prozedura atera eta gero. Aitortzen dut Jacques Collin naizela, Trompe-la-Mort deritzadana, hogei urtetako espetxerat kondenatua; eta frogatu berria naiz ez dudala ebatsi neure izengoitia. Eskua altxatu bertzerik egin ez banu, erran zien apopiloei, hirur salatari hauek ene zuku guztia isuria zuten amatto Vauqueren etxeko gamioaren gainean. Hasiak ez dira, bada, ihizi hauek segaden apailatzen!

        Andere Vauquer gaizki sentitu zen hitz horien aditzearekin.

        — Jainkoa! eritzeko gisakoa da; atzo berean la Gaîté-n nintzen harekin, erran zion Sylvieri.

        — Filosofia, amatto, hasi zen berriz Collin. Zorigaitz bat ote da atzo ene gelarat, la Gaîté-rat, joan izana? erran zuen bizi-bizia. Gu baino hobea ote zara zu? Txarkeria gutiago dugu guk bizkarrean zuek, gizarte usteldu bateko kide antsikabe horiek, bihotzean duzuena baino: zuen arteko hoberena ere ez liteke eni konpara. Haren begiak Rastignacen baitan gelditu ziren, zeinari igorri baitzion irriño grazios bat bitxiki kontrastatzen zena haren aurpegiaren itxura zakarrarekin. —Gure tratuak zutik dirau, ene aingerua, onartzez gerotan, beti ere! Badakizu? Kantuz hasi zen:

 

                Ene Fanchette xarmangarria da

                Bere lañotasunean.

 

        Ez zaitez asalda, segitu zuen, nik badakit neure kobrantzen egiten. Jendeek sobera beldur handia didate eni marro egiteko!

        Espetxea bere azturekin eta bere mintzairarekin, jostagarritik beldurgarriranzko bere itsumustuko iragaiteekin, bere handitasun lotsagarriarekin, bere trebantziarekin, bere ttipikeriarekin, izan zen bat-batean agerrarazia iruzkin horretan eta gizon horrek medio, zeina ez baitzen gehiago gizon bat izan, baina nazio endekatu oso baten, populu basa eta logiko, anker eta leun baten eredua. Une baten ondoan Collin poema infernutar bat bilakatu zen non giza sentimendu guztiak, bat ez bertze, urrikiarena, agertu baitziren. Behakoa oraindik ere gerla nahi duen arkanjelu eroriarena zuen. Rastignacek begiak apaldu zituen bere pentsamendu gaiztoen ordaintzat onartuz gaizkidetzat hartze hori.

        — Nork saldu nau? erran zuen Collinek bere so beldurgarria biltzarraren gainean ibiliz. Eta hura andereño Michonneaurengan finkatu zuelarik: Zu zara, erran zion, atso usainkaria, gezurrezko odol-kolpe bat eman didazu, begiluze horrek! Bi hitz erranik, lepoa zerraraz niezazuke zortzi egunetan. Barkatzen dizut, kristaua naiz. Zu ez zara gainera saldu nauzuna. Nork baina? Ah! ah! hor goian miatzen duzue, egin zuen oihu polizia judizialaren ofizialen aditzean, hauek haren armairuak ireki eta haren puskez jabetzen ari zirela. Txoriek habia hustu dute, atzo hegaldatu ziren. Eta ez duzue deus jakinen. Hemen dira ene merkatalgo-liburuak, erran zuen bere kopeta joz. Orain badakit nork saldu nauen. Fil-de-Soie zital hori baizik ez daiteke izan. Ez da hala, aita atzemailea, erran zion poliziburuari. Sobera ongi egokitzen da hori gure billeteen hor goian egotearekin. Bertzerik ez, ene salatari ttikiak. Fil-de-Soiez denaz bezainbatean, hamabortz egun gabe izanen da garbitua, baita zeure jendarmeria guztiarekin zain bazeneza ere. —Zer eman diozue Michonnette horri? erran zien poliziako jendeei, mila ezkutu nonbait han? Hori baino ere gehiago balio nuen nik, Ninon herdoildua, Pompadour zarpazua, Venus Père-Lachaiseko. Jakinean ezarri baninduzu, sei mila libera ukanen zenituen. Ah! ez zenuen hori susmatzen, atso haragi-saltzailea, bertzenaz eni hobetsiko zenidan. Emanen nituen, bai, gaitzitzen zaidan eta dirua galarazten didan bidaia bati itzuri egiteko, zioen eskuburdinak ezartzen zizkioten bidenabar. Gozatu ederra hartuko dute, bai, jende hauek amaigabeko denbora batez enekin jostatuz ni txorabiltzeko. Berehala espetxerat eramanen banindute, laster nintzateke berriz neure lanetan hasia, quai des Orfévres-eko gure zozoilo ttikiak gorabehera. Han, leherrenak eta bi eginen dituzte denek beren jeneralari, Trompe-la-Mort zintzo honi, ihes eginarazteko! Badea zuetako bat, nik bezala, hamar mila haurridez goiti dituena zuregatik oro egiteko prest? galdetu zuen harrotasunez. Bada, bai, onik hemen; erran zuen bere bihotza joz; sekula ez dut inor traditu! Beha, usainkari horrek, ikus itzazu, erran zuen neskazaharrari mintzo. Ikaraz behatzen didate, baina zuk bihotza nardaz ateratzen diezu. Bit itzazu zeure mozkinak. Eten bat egin zuen apopiloei behatzen ziela. —Zozoak alaenak! inoiz ez duzuea galeriano bat ikusi? Collinen, aitzinean duzuenaren, trenpuko galeriano bat da gizon bat bertzeak bezain lazoa ez dena, eta hitzarmen sozialaren engainamendu sakonen kontra protestatzen duena, Jean-Jacquesek dioen bezala, harro bainaiz haren ikasle izateaz. Hots, bakarrik nago gobernamenduaren kontra bere tribunal, jendarme, buxet andanarekin, eta ziria sartzen diet.

        — Futxo! erran zuen pintoreak, gogorki ederra da marrazteko.

        — Erradak, monsinore borreroaren menino horrek, Alarguntsaren (izen poesia lazgarriz betea, galerianoek gillotinari ematen diotena) gobernadore horrek, gehitu zuen sûreté-ko poliziburuarenganat itzultzen zela, izan hadi haur zintzoa, erradak Fil-de-Soiek saldu nauenetz! Ez nikek nahi bertze batengatik ordain lezan, ez huke bidezkoa izanen.

        Une hartan haren ganbaran dena ireki eta dena inbentariatu zuten agenteak sartu ziren eta ahapetik hitz egin zioten espedizioko nagusiari. Ahozko prozedura bururaturik zegoen.

        — Jaunak, erran zuen Collinek apopiloei zuzenduz, ene eramatera doaz. Denak oso gisakoak izan zarete enekin hemen egon naizen bitartean, eskerroneko izanen nauzue beti. Har itzatzue ene agurrak. Zuen baimenarekin Probentzako pikuak igorriko dizkizuet. Pauso batzuk eman zituen, eta Rastignaci so egiteko bihurtu. Adios, Eugène, erran zuen ahots ezti eta triste batez zeina haren hitzaldien doinu zakarrarekin kontrastatzen baitzen bereziki. Gogaiturik baldin bazeunden, adiskide atxiki bat utzi dizut. Bere eskuburdinengatik ere, guardian ahal izan zen jarri, arma-maisuaren dei bat egin, eta oihukatu zuen: Bat, bi! eta zangoa aitzinatu zuen. Makurrik izanez geroz, jo ezazu harat. Gizonak eta sosak, oro ukan dezakezu.

        — Pertsonaia berezi honek behar bezainbat narrita ezarri zuen hondar hitz horietan haiek Rastignacek eta berak baizik ez konprenitu ahal izateko. Jendarmeek, soldaduek eta polizi agenteek etxea hustu zutelarik, Sylviek, bere etxekanderearen lokiak ozpinez igortzen zituenak, apopilo harrituei behatu zien.

        — Ongi da! erran zuen, gizon on bat zen alta.

        — Erranaldi honek ikuskari horrek piztu sentimenduen jarioak eta desberdinak denen baitan sorrarazten zuten zoramena hautsi zuen. Une hartan, apopiloek, elkarren aztertzen arizan ondoan, denek batean andereño Michonneau ikusi zuten momia bat bezain zurrun, eihar eta hotz, sutontziaren ondoan kuzkurtua, begiak apaldurik, beldur izan balitz-edo bere argimaldaren itzala aski indartsua izan ez zedin bere behakoen trakaren gordetzeko. Aurpegi hori, hain aspalditik bat ere begikoa ez zutena, bat-batean eman zen aditzera. Marmar batek, zeinak, bere soinu-batasun ezin hobeagatik, ahobatezko higuin bat salatzen baitzuen, burrunbada sor bat atera zuen. Andereño Michonneauk hori aditu eta hantxe gelditu zen. Bianchon, lehena, alboan zuenarenganat makurtu zen.

        — Ni banoa atso honek gurekin jaten segi behar badu, erran zuen erdi-ahapetik.

        Begiaren hets-ireki batez denek, Poiretek salbu, onartu zuten medikuntzako ikaslearen proposamena, zeinak, denen atxikimenduak babesturik, apopilo zaharrarenganat jo baitzuen.

        — Andereño Michonneauri partikularki loturik zauden horrek, erran zion, hitz egiozu, emaiozu aditzera oraintxe berean behar duela hemendik joan.

        — Oraintxe berean? errepikatu zuen Poiretek harriturik. Gero atsoarenganat ondoratu zen, eta hitz batzuk erran zizkion belarrirat.

        — Baina neure egonaldia ordaindurik dago; denak bezala, ni ere neure diruagatik nago hemen, erran zuen neskazaharrak sugegorri baten soa jaurtikiz apopiloen gainerat.

        — Ez dadila hori estakuru izan, denek hainbana eginen dugu horren zuri bihurtzeko, erran zuen Rastignacek.

        — Collinen jaun sustengatzailea, ihardetsi zuen andereño Michonneauk ikasleari so pozoitsu eta itaunkor bat jaurtikitzen ziola, ez da zaila jakiten zergatik.

        — Hitz hori aditurik, Eugènek neskazaharrarenganat oldartu eta haren itotzeko gisan egin zuen jauzi. Behako horrek, zeinaren saldukeriak konprenituak baitzituen, argi lazgarri bat jaurtiki berria zuen haren arimarat.

        — Utzazu bada, oihu egin zuten apopiloek.

        Rastignacek besoak gurutzatu zituen eta mutu gelditu.

        — Konpon dezagun behingoz andereño Judasena, erran zuen pintoreak andere Vauqueri zuzenduz. Anderea, Michonneau etxetik botatzen ez baduzu, denek utziko dugu zure etxekondoa, eta denetan erranen hemen espioiak eta galerianoak bertzerik ez dagoela. Botatzen baduzu, denak isilduko gara gertakari honen gainean, bada, ororen buru, hori gizarterik hoberenetan ere gerta liteke, harik eta galerianoak kopetan markatu, eta Pariseko burgesez mozorrotzea, bai eta hauek bezain fartsant burugabe bihurtzea ere, horixe bertzerik ez baitira denak, debekatzen diegun arte.

        Hitzaldi horren aditzearekin, andere Vauquer mirakuloski sendatu zen, zutitu, besoak gurutzatu, bere begi argi eta negar arrastorik gabeak ireki.

        — Baina, ene jaun maitea, ene etxearen hondamena nahi ote duzu? Horra Vautrin jauna... Oi! Jainkoa, erran zuen bere baitan bere solasa eteten zuela, ezin diot neure buruari galarazi hari bere gizon prestuaren izenarekin deitzea! Horra, segitu zuen, apartamentu bat hutsik, eta nahi duzua bertze bi ere ukan ditzadala alokatzeko, mundu guztia hitz emanik dagoen sasoi honetan.

        —Jaunak, har ditzagun geure kapelak, eta goazen afaltzera Sorbonneko plazarat, Flicoteaux-enerat, erran zuen Bianchon.

        Andere Vauquerek begi-zizta bakarrez hauteman zuen alderdirik abantailosena, eta andereño Michonneaurenganaino joan zen lasterka.

        — Ea, ene maiteño pollit hori, zuk ez duzu ene pentsioaren heriotza nahi, ezta? Ikusten duzu zer pondutaraino hertsatzen nauten jaun hauek; igan zeure ganbararat gau honetakotz.

        — Ezta pentsatu ere, oihukatu zuten apopiloek, oraintxet joatea nahi dugu.

        — Afaldu gabe dago baina, andereño gaixo honek, erran zuen Poiretek doinu urrikalgarri batez.

        — Nahi duen tokirat joanen da afaltzera, oihukatu zuten ahots batzuek.

        — Kanporat, atso salataria!

        — Kanporat, salatari guztiak!

        —Jaunak, egin zuen oihu Poiretek, amodioak otzanei ematen dien kuraiaren heinerat bat-batean goratu zenak, errespeta ezazue bertze sexuko pertsona bat.

        — Salatariak ez dira inongo sexutakoak, erran zuen pintoreak.

        — Zorioneko sexorama!

        — Kanporamarat!

        — Jaunak, hau ahalkaizungarria da. Norbait bidali nahi izaten denean, moldeak behar dira zaindu. Ordaindu dugu, geldituko gara, erran zuen Poiretek burua bere kasketaz estali eta kadira batean jartzen zela andereño Michonneauren ondoan, zeina andere Vauquer limurtu nahian ari baitzen.

        — Zirtzila, erran zion pintoreak irri-eragingarriro, zirtzil ziztrina, alde!

        — Ea, zuek ez bazoazte, guhaur joanen gara, erran zuen Bianchonek.

        Eta apopilo guztiek osteka saloi alderat egin zuten.

        — Zer nahi duzu bada, andereño? egin zuen oihu andere Vauquerek, errekan nago. Ez zaitezke hemen geldi, bortxakeriazko zerbait eginen dute azkenean.

        Andereño Michonneau jaiki zen.

        — Joanen da! —Ez da joanen! —Joanen da! —Ez da joanen! Aldizka erranikako hitz horiek, eta harenganat erakusten hasiak ziren egin-asmoen etsaigoak, handik partitzera behartu zuten andereño Michonneau, ostalersarekin ahapetik egin zenbait itunen ondoan.

        — Andere Buneaudenerat joanen naiz, erran zuen mehatxukor.

        — Zoaz nahi duzun tokirat, andereño, erran zuen andere Vauquerek, zeinak irain krudel bat ikusi baitzuen andereño Michonneauk egiten zuen hautuan, etxe horrekin zeingehiagoka ari baitzen eta horren ondorioz gorrotagarria baitzitzaion. Zoaz Buneaudenerat, ahuntzen dantzarazteko gisako arnoa izanen duzu, bai eta purtxileroari erosi azpilak ere.

        Apopiloak bi lerrotan jarri ziren isiltasunik handienean. Poiretek hain zion samurkiro behatu andereño Michonneauri, hain zen lañoki agertu ez norat-ez harat, non apopiloek, kontent andereño Michonneau bazihoalakotz, irriz hasi baitziren elkarri behatuz.

        — Xi, xi, xi, Poiret, oihukatu zion pintoreak. Ea, upa! eupa! Museumeko enplegatua irri-eragingarriro hasi zen kantatzen erromantza ezagun baten hastapen hau:

 

                Syriarat partiturik,

                Dunois gazte eta ederra...

 

        Zoaz bada, inbidiak akabatzen zaude, trahit sua quemque voluptas, erran zuen Bianchonek.

        — Ar bakoitza bere emeari jarraiki zaio, Virgilioren itzulpen libroa, erran zuen errepikatzaileak.

        Andereño Michonneauk Poireti behatuz haren besoaren hartzeko keinua egin zuelarik, agureak ez zuen dei horri jazartzerik ukan, eta atsoari bere sostenguaren ematera etorri zen. Esku zarta batzuk lehertu ziren, eta irri-leherketa bat izan zen. —Biba hi, Poiret! —Poiret xahar hau! —Poiret-Apolo. —Poiret-Martitz. —Poiret kementsua!

        Une hartan, mezulari bat sartu zen, gutun bat eman zion andere Vauqueri, zeina bere kadiran hondatuz joan baitzen, hura irakurri eta gero.

        — Ene etxeari su ematea bertzerik ez da gelditzen baina, ortzantza eroria da hemen. Taillefer semea hiruretan hil omen da. Ontsa gaztigaturik nago dama horiei ongiaren desiratu izanaz mutil gazte horren kaltetan. Andere Couturek eta Victorinek beren gauzak eskatzen dizkidate, eta neskatoaren aitarenerat doaz bizitzera. Taillefer jaunak baimena ematen dio bere alabari Couture alarguntsa konpainiako andereño gisa hartzeko. Laur apartamentu hutsik, bortz apopilo gutiago! Andere Vauquer jarri eta negar egitear egon bide zen. —Zorigaitza sartu zait etxerat, egin zuen oihu.

        Gelditzen ari zen kotxe baten gurpil-hotsak burrunbatu zuen karrikan brastakoan.

        — Bertze makurren bat, erran zuen Sylviek.

        Goriotek supituki begitarte distirant eta zorionez arraitua erakutsi zuen, biziberritzen ari zela pentsaraz zezakeena.

        — Goriot kotxean, erran zuten apopiloek, munduaren azkena etorria da.

        Gizagaixoa zuzen Eugènerenganat joan zen, zeina zoko batean pentsakor baitzegoen, eta besotik hartu zuen: —Zatoz, erran zion alegeraki.

        — Ez ote dakizu baina zer gertatzen den? erran zion Eugènek. Vautrin oxtion atxilotu duten galeriano bat zen, eta Taillefer semea hil da.

        — Eta! zer axola digu horrek? erantzun zuen Goriot zaharrak. Neure alabarekin afaltzekoa naiz, zure etxean, aditzen duzua? Zure begira dago, zatoz!

        Hain bortizki tira egin zuen Rastignacengandik, non halabeharrez ibilarazi baitzuen, eta irudiz bere amorantea izan bailuen altxatu zuen.

        — Afal gaitezen, oihukatu zuen pintoreak.

        Istant batez denek beren kadirak hartu eta mahairat jarri ziren.

        — Errate batera, erran zuen Sylvie lodiak, zorigaitza bertzerik ez dugu egun, ene bildots gisatua erre egin da. Bah! errea jan beharko duzue!

        Andere Vauquerek hitz baten ere errateko adorerik ez zuen izan hamazortzi beharrean hamar lagun baizik ikusten ez zituelarik bere mahaiaren inguruan: baina denak entseatu ziren haren kontsolatzera eta haren alegeratzera. Lehenbizian kanpokoek Vautrin eta eguneko gertakariak ibili bazituzten hizpide, laster egin zioten men beren solasaldiaren ibilgoaren sigi-sagari, eta dueluez, espetxeaz, justiziaz, berregin beharreko legeez, presondegiez, mintzatu ziren. Gero Jacques Collin, Victorine eta haren anaiagandik mila lekoatarat kausitu ziren. Hamar baizik ez izanik ere, hogeiren pare egin zuten oihu, eta irudi zuten usaian baino anitz gehiago zirela; horra afari honen eta bezperakoaren artean izan zen alde guztia. Mundu berekoi horrek, biharamunean Pariseko egunoroko gertakarietan irensteko bertze harrapakin bat aurkituko zuenak, ohi zuen ezaxolkeria nagusitu zen berriz, eta andere Vauquer bera ere baretu zen Sylvie lodiaren ahotsak zabaldu zuen esperantzarekin.

        Egun horrek fantasmagoria bat behar zuen izan arratsera arte Eugènerentzat, zeinak, bere izaeraren indarra eta bere buruaren ontasunagatik, bere ideiak nola sailka ez baitzekien, noiz eta ere kotxean Goriot zaharraren aldean gertatu baitzen, zeinaren kalamatikek halako ohiz kanpoko bozkarioa salatzen baitzuten, eta, hainbertze bihotz-hunkiduraren ondoan, ametsetan aditzen ditugun hitzek bezalako hotsa ateratzen baitzuten haren belarrian.

        — Fini goiz honetatik goiti. Hirurak elkarrekin afalduko gara, elkarrekin! Konprenitzen duzua? Laur urte badira ez naizela afaldu neure Delphinerekin, neure Delphine ttikiarekin. Behingoz neuretzat edukiko dut arrats osoan. Zeure etxean gara goiz honetatik. Peoi batek bezalaxe egin dut lan, mahuka motzetan. Altzarien eramatera laguntzen nuen. Ah! ah! ez dakizu zein gisakoa den mahaian, ene arta hartuko du: «Hartu, aitatto, jan ezazu bada honetarik, gozoa da eta.» Eta orduan nik ezin jan. Oi! badu aspaldi ez naizela harekin lasai izan orain izanen garen bezala!

        — Baina, erran zion Eugènek, mundua uzkailia ote dago beraz?

        — Uzkailia? erran zion Goriot zaharrak. Ezein denboratan ez da mundua hain ongi izan gero. Aurpegi alegerak baizik ez ditut ikusten karriketan, eskuak elkarri eman eta batzuek bertzeak besarkatzen dituzten jendeak: jende zoriontsuak denak beren alabenerat afaltzera joanen bailiran afari ttiki eder batez, ene aitzinean des Anglois kafeko chef-ari manatu dionaz, sabelaren betetzera. Baina bah! haren ondoan lerdamina eztia bezain gozoa litzateke.

        — Bizitzarat itzultzen naizela uste dut, erran zuen Rastignacek.

        — Baina laster ibil zaitez, karrozaina, oihukatu zuen Goriot zaharrak aitzineko kristala irekiz. Zoaz bada lasterrago, ehun sos emanen dizkizut eskupekotzat hamar minutuan zuk dakizun tokirat eramaten banauzu. Agintza hori aditurik, karrozainak Paris oinazturaren zalutasunaz iragan zuen.

        — Karrozain han geldirik dago, zioen Goriot zaharrak.

        — Baina norat naramazu bada? galdetu zion Rastignacek.

        — Zeurerat, erran zuen Goriot zaharrak.

        Kotxea d'Artois karrikan gelditu zen. Gizagaixoa lehena jaitsi zen eta hamar libera jaurtiki karrozainari, bere gozamenaren paroxismoan deusi kasurik egiten ez dion gizon alargun baten eskuzabaltasunaz.

        — Ea, igan gaitezen, erran zion Rastignaci baila bat iraganarazten ziola eta berekin zeramala hirugarren solairuan zegoen apartamentu bateko aterat, etxe berri eta itxura ederreko baten gibelaldean. Goriot zaharrak ez zuen hots egin beharrik izan. Thérèsek, Nucingeneko anderearen andere ganbarazainak, atea ireki zien. Eugène mutilentzako apartamentu zoragarri batean suertatu zen, aitzinganbara batek, saloi tiki batek, logela batek eta jardin baten gainerat ematen zuen kabinet batek osaturikakoan. Saloi tikian, zeinaren altzariak eta apaingailuak ezbairik gabe zen politenari, zen graziosenari konpara baitzitezkeen, Delphine ikusi zuen kandelen argirat, supazter ondoko zizailu batetik jaiki, bere babesgailua tximinia gainean ezarri, eta samurtasunez beterikako ahots-intonazio batez erran ziona: —Zure bila behar izan dugu joan beraz, jaun fitsik konprenitzen ez duzun hori.

        Thérèse jalgi zen. Ikasleak Delphine bere besoetan hartu zuen, bizi-bizia besarkatu eta bozkarioz egin zuen negar. Ikusten zuenaren eta ikusi berria zenaren arteko alde bortitz horrek, hainbertze sumindurak bihotza eta burua unatu zizkioten egun batean, sentikortasun-esetsaldi nerbios bat sorrarazi zuen Rastignacen baitan.

        — Banekien, bai, nik maite zintuela, erran zion isil-isila Goriot zaharrak bere alabari Eugène lur joa zizailuan zetzan bitartean hitzik ere ezin erranez eta artean ere ezin hautemanez nola agitua zen hondar sorgindura hori.

        — Baina zatoz bada ikustera, erran zion Nucingeneko andereak eskutik hartu eta bertze ganbara baterat eramanez zeinaren tapizek, altzariek eta xehetasunik ñimiñoenek, hein tikiagoetan, Delphinerena oroitarazi baitzioten.

        — Ohe bat eskas du, erran zuen Rastignacek.

        — Bai, jauna, erran zuen Delphinek ahalketzen zela eta eskua tinkatzen ziola.

        Eugènek so egin zion, eta, artean ere gazte, maite duen emakume baten bihotzean egiazko ahalketik zen guztia konprenitu zuen.

        — Beti ere adoratu beharreko kreatura horietarik zara, erran zion belarrirat. Bai, ausartzen naiz zuri horren erratera, elkar honen ongi aditzen dugunaz geroz: zenbat eta bizi eta zintzoagoa baita amodioa, hainbat eta estaliagoa, hainbat eta misteriosagoa behar du izan. Ez diezaiogun geure sekretua inori eman.

        — Oi! ni ez naiz nornahi izanen, erran zuen Goriot zaharrak marmarka.

        — Ongi dakizu zu gu zarela, zu...

        — Ah! horixe nahi nuen nik. Ez duzue nitaz konturik eginen, ezta? Joan eta etorri ibiliko naiz, orotan den eta hura ikusi gabe han dela badakigun izpiritu on bat bezala. Ongi da!

        Delphinette, Ninette, Dedel! ez ote dut arrazoirik ukan zuri errateko: «Bada apartamentu polit bat d'Artois karrikan, jantz dezagun harentzat!» Zuk ez zenuen nahi. Ah! ni naiz zure bozkarioaren egile, zure egunen egile naizen bezala. Gurasoek beti ere behar dute eman zoriontsuak izateko. Ematea beti, horrexek du aita izatea egiten.

        — Nola? erran zuen Eugènek.

        — Bai, hark ez zuen nahi, beldur zen jendeek tontakeriak erranen ote zituzten, munduak zoriona balioko balu bezala! Baina emakume guztiek amesten dute hark egiten duenaren egitea.

        Goriot zaharra bera bakarrik mintzo zen, Nucingeneko andereak Rastignac kabineterat eramana zuen non musu baten hotsa aditu baitzen, nahi den bezain azaletik hartua izan bazen ere. Gela hori bat zetorren apartamentuaren, bertzalde deusen eskasik ez zuenaren, sotiltasunarekin.

        — Ongi asmatu ditugua zure gustuak? erran zuen Delphinek saloitik itzultzen zela mahaian jartzeko.

        — Bai, erran zuen Eugènek, sobera ongi. Ondikotz! luxu hain erabateko hau, amets eder egia bilakaturikako hauek, bizitza gazte, sotil baten poesia guztiak, gehiegi estimatzen ditut haien merezient ez izateko; baina ez ditzaket zugandik onets, eta oraindik sobera pobrea naiz...

        — Ah! ah! hasia zara eni gogor egiten, erran zuen Delphinek halakoxe larderia jostagarriarekin haren hobeki uxatzekotz kezkaren batez trufatu nahi dutenean emakume guztiek egiten duten sino-mino polit horietako bat eginez.

        Eugène sobera handikiro egona zen bere buruarekin egun horretan, eta Vautrinen atxiloketak, amiltzeko zorian izan zen leizearen sakontasuna erakusten ziola, sobera ongi frogatu berriak zituen bai haren sentimendu prestuak eta bai haren urguritasuna bere asmo jenerosen arbuiapen ferekagarri horri men egin ziezaion. Tristura sakon bat jabetu zen ikasleaz.

        — Nola! erran zuen Nucingeneko andereak, ezetz erran zenezakea? Badakizua zer nahi duen erran halako ezetz batek? Zalantzak dituzu geroaz, ez zara ausartzen eni lotzera. Beldur ote zara bada ene maitasunari traizio egiteaz? Maite baldin banauzu, maite... baldin bazaitut, zertaz egiten duzu gibelerat hain eginbide arinen aitzinean? Jakin bazeneki izan dudan atsegina mutilentzako ostilamendu honetaz guztiaz artatzen, zalantzarik izan ez eta barkazioa eskatuko zenidake. Zure dirua baneukan, eta ongi erabili dut, hori da dena. Handia zarela uste duzu, eta tikia zara. Oraindik gehiago eskatzen... (Ah! erran zuen Eugènerengan behako suhar bat atzemanez) eta fazoinak egiten zozokeria batzuengatik. Ez baldin banauzu bat ere maite, oi! bai, ez ezazu onar. Ene zortea hitz batean dago. Mintza zaitez! Baina, aita, errozuz bada zenbait arrazoi on, gehitu zuen aitaren alderat itzuliz eten baten ondoan. Zer uste ote du, ez naizela bera bezain minberakorra gure ohoreaz?

        Goriot zaharrak triaka baten irriño aldaezina zuen eztabaida pollit horren ikustean, entzutean.

        — Ume! bizitzaren sarreran zara, segitu zuen Delphinek Eugèneren eskua hartuz, hesi bat anitz jenderentzat ezin-gaindituzkoa topatzen, emakume baten eskuak irekitzen, eta gibelerat egiten! Baina ongi helduko zara, fortuna distirant bat eginen duzu, arrakasta izkiriaturik daukazu zeure bekoki ederrean. Ez didazu orduan errendatu ahal izanen egun maileguz ematen dizudana? Behiala ez ote zizkieten bada damek beren zaldunei ematen armadurak, ezpatak, kaskoak, kota-mailazkoak, zaldiak, zaldun-guduetan haien izenean gudukatzera joan ahal izan zitezen? Entzun bada, Eugène! nik eskaintzen dizkizudan gauzak garai honetako armak dira, zerbait izan nahi duenak beharrezko dituen lanabesak. Polita da, bai, zure sabaia, badu gainera aitaren ganbararen eiterik. Zer bada, ez garea afalduko? Tristatu nahi nauzua? Erantzun ezazu beraz! erran zuen eskua inarrosten ziola. Jainkoa, aitatto, deliberaraz ezazu bada, edo banoa eta sekula ez dut berriz ikusiko.

        — Deliberaraziko zaitut, erran zuen Goriot zaharrak bere estasitik jalgirik. Ene Eugène jaun maitea, juduenganat joaten zara diru mailegatzera, ezta?

        — Beharko joan, bai; erran zuen ikasleak.

        — Ongi da, nik mantenduko zaitut, segitu zuen gizagaixoak larruzko diruzorro ziztrin arrunt higatu bat ateraiaz. judu egin naiz, faktura guztiak ordaindu ditut, hementxe dituzu. Xentimo bat ere ez duzu zor hemen dagoen guztiagatik. Ez du dirutza handirik egiten, bortz mila libera gehienaz ere. Maileguz ematen dizkizut nik. Ez didazu errefusatuko, ni ez naiz emakume. Onartze-agiri bat eginen didazu paper-pusketa batean, eta gero bihurtuko dizkidazu.

        Negar batzuk isuri ziren batean Eugèneren eta Delphineren begoetan, zeinek harriturik elkarri behatu baitzioten. Rastignacek eskua gizagaixoari luzatu eta tinkatu zion.

        — Eta? Zer, ez zaretea bada ene haurrak? erran zuen Goriotek.

        — Baina, aita gaixoa, erran zuen Nucingeneko andereak, nola egin duzu bada?

        — Ah! helduak gara horretarat, erantzun zuen aitak. Haren zeure ondoan ematera deliberatua izan zaitudalarik, esposandere batentzako bezalako gauzak erosten ikusi zaitudalakotz, erran dut neure baitan: «Arazoak izanen ditik!» Abokatuak dio ezen zure senarrari jauki beharreko prozesuak, zure fortunaren errendaraztekoak, sei hilabetetik gora iraunen duela. Ongi da. Neure bizi-guztiko errentaren mila hirurehun eta berrogeita hamar liberak saldu; hamabortz mila liberarekin, mila eta berrehun liberako bizisari ongi hipotekatuak egin, eta zuen dendariei ordaindu diet kapitalaren gainerakoarekin, ene haurrak. Nik badut hor goian ganbara bat urteko berrogeita hamar ezkututan, printze bat bezala bizi naiteke eguneko berrogei sosekin, eta soberakinak ere ukanen ditut. Ez dut deus gastatzen, jantzi beharrik ere ez dut abantzu. Badu hamabortz egun isil-gordeka irriz nabilela neure baitan diodala: «Zeinen zoriontsuak izanen diren!» Zer bada, ez zarete zoriontsuak?

        — Oi! aitatto, aitatto! erran zuen Nucingeneko andereak aitarenganat jauzi eginez zeinak bere belaunetan hartu baitzuen. Alabak musuz josi zuen, masailak ferekatu bere bilo horiekin, eta negar-malkoak isuri aurpegi zahar loriatu eta arraitsu horren gainerat. —Aita maitea, aita bat zara zu! Ez, ez da zu bezalako bi aitarik zeruaren azpian. Eugènek lehendik ere maite zintuen, zer izanen da orain!

        — Baina, ene haurrak, erran zuen Goriot zaharrak zeina azken hamar urtean aditu gabe egona baitzen alabaren bihotza berean taupaka, baina, Delphinette, bozkarioz nahi ote nauzu hilarazi? Ene bihotz gaixoa erdiratzen da. Ea, Eugène jauna, kito gara jadanik! Eta agureak hain besarkada basatia, hain besarkada suharra ematen Zion bere alabari non honek erran baitzuen: —Ah! min ematen didazu. —Min eman dizut! erran zuen aitak zurbiltzen zela. Gizakiaz goitiko min-aurpegiaz behatu zion alabari. Aitatasunaren Kristo honen begitartearen ongi pintatzekotz, konparazio bila behar litzateke joan paletaren printzeek gizonen Salbatzaileak jendeen onetan pairaturikako pasioaren pintatzeko asmatu dituzten irudietan. Goriot zaharrak ezti-eztia muinkatu zuen haren eriek sobera hertsaturikako gerria. —Ez, ez, ez dizut minik emanen; ez, segitu zuen irriño bat eskatzen ziola; zuk didazu min eman zeure garrasiarekin. Hori garestiagoa da, erran zuen alabaren belarrirat belarri horri begiratuki muinkatzen ziola, baina harrapatu egin behar dugu, bertzenaz samurtuko litzateke.

        Eugène harriturik zegoen gizon horren ezin-agortuzko arduragatik, eta gazte-denboran fedetik datorren mirespen xalo hori zeriola so egiten zion

        — Honen guztiaren dina izanen naiz, erran zuen.

        — Ô ene Eugène, ederra da erran berri duzuna. Eta Nucingeneko andereak bekokian eman zion musu ikasleari.

        — Andereño Tailleferi eta haren milioiei egin die uko zugatik, erran zuen Goriot zaharrak. Bai, maite zintuen neskatikoak; eta, haren anaia hilik, horra orain aberats Crésus bezala.

        — Oi! zergatik erran behar? galdetu zuen Rastignacek.

        — Eugene, erran zion Delphinek belarrirat. Pena dut orain arrats honengatik. Ah! maiteko zaitut, bai, nik! eta beti.

        — Hauxe da ezkondu zinetenaz geroztik izan dudan egunik ederrena, erran zuen Goriot zaharrak. Plazer duen bezainbat sufriarazten ahal nau Jainkoak, zuengatik ez den ber erranen dut neure baitan: Urte hartako otsailean, lipar batez zoriontsuagoa izan nintzen gizonak bizitza guztian izan daitezkeena baino. So egidazu, Fifine! erran zion bere alabari. Hagitz emakume ederra da, ezta? Erradazu beraz, anitz emakume aurkitu dituzua haren traka pollita eta haren masailako xiloa dutenak? Ez, ez da hala? Ni nauzu, bada, emakume maitagarri hau egin dudana. Hemendik aitzinerat, zuregatik zoriontsu kausitzen delarik, mila aldiz hobe bilakatuko da. Infernurat joan naiteke, ene auzoa, erran zuen, ene paradisu-zatia behar baldin baduzu, emanen dizut. Jan dezagun, jan dezagun, segitu zuen jadanik ez zekiela zer zioen, mundua gurea da.

        — Aita gaixoa!

        — Jakin bazeneki, ene haurra, erran zuen Goriot zaharrak jaiki eta alabarenganat zihoala, burua hartu eta txirikorden erdian musu ematen ziola,zeinen egin nazakezun zoriontsu oso prezio merkean! etor zaitez noiz edo noiz ene ikustera, hor goian egonen naiz, pauso bat baizik ez duzu eman beharrik izanen. Hitz emadazu, otoi!

        — Bai, aita maitea.

        — Errazu bertze behin.

        — Bai, aita maitea.

        — Isil zaitez, ehun aldiz erranaraziko nizuke neure buruari kasu egitera. Afal gaitezen.

        Arratsa oso-osorik haurkerietan eman zuten, eta Goriot zaharra ez zen alta hiruretan burutsuena izan. Alabaren oinetan etzaten zen haien musukatzeko; luzaz behatzen zion begietarat; bere burua igurzten zuen haren soinekoaren kontra; hots, maitalerik gazte eta beratzenak egiten ahal zituenak bezalako zorakeriak egiten zituen.

        — Ikusten duzu? erran zion Delphinek Eugèneri, aita gurekin denean, osoki harentzat izan behar dugu. Ontsa gogaikarria izanen da alta hori batzuetan.

        Eugènek, bere baitan jadanekotz jeloskortasun-mugimendu bat baino gehiago atzemanak zituenak, ez zezakeen gaitzets hitz hori, eskergabekeria guztien hatsarria gordetzen zuena bera.

        — Eta noiz egonen da apartamentua bukaturik? erran zuen Eugènek ganbararen inguruan behatzen zuela. Aldaratu beharko ote dugu beraz egun gauean?

        — Bai, baina bihar enekin afaltzera etorriko zara, erran zuen Delphinek halako finezi airez. Bihar Italiarretako eguna dugu.

        — Ni parterrerat joanen naiz, erran zuen Goriot zaharrak.

        Gauerdia zen. Nucingeneko anderearen kotxea begira zegoen. Goriot zaharra eta ikaslea Maison-Vauquererat itzuli ziren Delphinez gero eta sutsuago solastatuz, horrek adierazmolde-guduka bitxi bat sorrarazi zuelarik bi grina bortitz horien artean. Eugènek ez ziezaiokeen gorde bere buruari ezen aitaren amodioak, inolako interes pertsonalek orbaintzen ez zuenak, berarena garaitzen zuela bere irauntasun eta zabaltasunagatik. Idoloak aratz eta eder irauten zuen aitarentzat, eta haren adorazioa handitzenago zen hala iragan guztiaz nola geroaz ere. Andere Vauquer aurkitu zuten bakarrik bere sutontziaren zokoan, Sylvie eta Christopheren artean. Marius Cartagoko hondakinetan bezalaxe ageri zen han ostalersa zaharra. Gelditu zitzaizkion bi apopilo bakarren begira zegoen, Sylvieri kontatuz bere atsekabeak. Nahiz Lord Byronek Tasso-ri aski deitore ederrak eman dizkion, hagitz urrun daude horiek andere Vauquerek isurtzen zituenen egiazkotasun sakonetik.

        — Hirur kikara kafe soilik egin beharko ditugu hortaz bihar goizean, Sylvie. Ene etxea hutsik, aizu! Ez dea bihotz-erdiragarria? Zer da bizitza ene apopiloak gabe? Hutsa. Horra ene etxea janzten zuten bere gizonez gabeturik. Bizitza altzarietan da. Zer egin ote diot zeruari hondamendi hauek guztiak erakartzeko? Hogei lagunentzat eginak ditugu ilar eta lursagar hornidurak. Polizia ene etxean! Lursagarrak bertzerik ez dugu bada janen! Christophe bidaliko dut beraz!

        Saboyarra, lo baitzegoen, bat-batean itzarri, eta erran zuen:

        — Anderea?

        — Gaixo mutikoa! Artzanor bat bezain leiala da, erran zuen Sylviek.

        — Sasoi hil bat, mundu guztia kokatua dago. Nondik etorriko ote zait apopilorik? Burua galduko dut honegatik. Eta Michonneau sorgin horrek Poiret ere ebasten gainera! Zer egiten ote zion bada xakur baten pare jarraiki zaion gizon hori berari hola lotzeko?

        — Ah! Demontre! egin zuen Sylviek burua higituz, atso zahar horiek badakite, bai, amarrukerietan.

        — Vautrin jaun gaixo hori galerianotzat hartu dutena, segitu zuen alarguntsak, hara! Sylviek, ni baino gogorragoa da hau, ez dut oraindik sinesten. Holako gizon alegera bat, hilabete oro hamabortz liberaren gloriak hartzen zituena, eta hondar soseraino ordaintzen zuena!

        — Eta hain eskuzabala! erran zuen Christophek.

        — Huts egin dute, erran zuen Sylviek.

        — Inondik ere ez, berak aitortu du, hasi zen berriz andere Vauquer. Eta erratea ere gauza horiek denak ene etxean gertatu direla, katu bat bera ere pasatzen ez den auzo batean! Ala emakume onestaren fedea, ametsetan nago. Bada, ikusten duzu, ikusia dugu Louis XVI.a bere istripuaren izaten, ikusia dugu Enperadorea erortzen, ikusia dugu berriz etortzen eta berriz erortzen, hori guztia gauza posibleen artean zen; pentsio burgesentzat bat ere halako menturarik ez den bitartean: pasa gaitezke erregerik gabe, baina egun oro jan beharra dugu; eta emakume prestu batek, sortzez de Conflans denak, hagitz jenero onarekin ematen duenean jatera, non ez datorren munduaren azkena... Baina, horixe da bada, munduaren azkena da.

        — Eta pentsatzea ere andereño Michonneauk, makur hau guztia egin dizunak, orain, diotenaz, mila ezkutuko errenta bilduko duela, erran zuen Sylviek.

        — Ez iezadazu hartaz hitz egin, emagaldu bat bertzerik ez da! erran zuen andere Vauquerek. Eta Buneaudenerat doa, gainera! Zernahi egiteko gauza da baina, izigarrikeriak egin izan behar ditu, hil, ebatsi egin du bere denboran. Berak behar luke espetxerat joan zorigaiztoko gizon maite horren lekuan...

        Une hartan Eugènek eta Goriot zaharrak dei egin zuten.

        — Ah! horra ene bi fidelak, erran zuen alarguntsak hasperen eginez.

        Bi fidelek, pentsioaren hondamendiez oroitzapen tiki bat baizik ez zutenek, zeremoniarik gabe jakinarazi zioten beren ostalersari Chaussée-d'Antinerat bizitzera zihoazela.

        — Ah! Sylvie! erran zuen alarguntsak, horra ene azken eskualdia. Heriotzaren ukaldia eman didazue! erraietan jo nau horrek. Hesi bat dut hemen. Horra egun bat buru gainean hamar urte gehiago ematen dizkidana. Erotuko naiz, ene ohorezko hitza! Zer egin ilarrekin? Ah! ongi duk, bakarrik banago hemen, bihar alde eginen duk, Christophe. Adios, jaunak, gauon.

        — Zer du bada? galdetu zion Eugènek Sylvieri.

        — Arraioa! mundu guztia partitua duzu kalapiten ondorioz. Horrek burua nahasi dio. Ea, negarrez aditzen dut. On eginen dio marraka egiteak. Lehenbiziko aldia da begiak bustitzen dituela haren zerbitzutan nagoenetik.

        Biharamunean, andere Vauquer, haren erranmoldeari jarraiki, zentzaturik zegoen. Atsekabetu irudia izan bazuen apopilo guztiak galdu eta bizitza itzulipurdikatua zuen emakume baten gisan, burua osorik zeukan, eta egiazko mina zer zen zuen erakutsi, min barna bat, interes maskalduak, ohitura hautsiek eraginikako mina. Izanez ere, gizon maiteminduak bere maitea bizi izan den lekuetarat, hauetatik aldendu behar duenean, jaurtikitzen duen behakoa ez da tristeagoa andere Vauquerek bere mahai hutsaren gainerat zuzendu zuena baino. Eugènek kontsolatu zuen ziotsala ezen Bianchon, barnetegia egun batzuen buruan bukatuko zuena, beraren ordez etorriko zela dudarik gabe; Museumeko enplegatuak maiz erakutsia zuela andere Coutureren apartamentuaren ukaiteko gogoa, eta egun guti barne betea izanen zuela pentsioa berriz.

        — Oxala, ene jaun maitea! baina zorigaitza hemen da. Hamar egun gabe, herioa etorriko da, ikusiko duzu, erran zion ostalersak behako ilun bat jaurtikiz jangelarat. Nor eramanen ote du!

        — Tenore ona da alda egiteko, erran zion isil-isila Eugènek Goriot zaharrari.

        — Anderea, erran zuen Sylviek iziturik lasterka helduz, hirur egun badira ez dudala Mistigris ikusi.

        — Ah! tira, katua hil bazait, alde egin badigu,...

        Alarguntsa gaixoak ez zuen bukatu, eskuak batu zituen eta bere besaulkiaren bizkarrerat erori, iragarpen latz horrek lur joa.

        Eguerdi alderat, postariak Panthéoneko auzorat arribatzen zireneko orduan, Eugènek gutun bat hartu zuen sotilki bildua, Beauséanteko armekin zigilatua. Barnean bazuen gonbit-agiri bat Nucingeneko jaun-andereei zuzendua hilabete batez geroz iragarririk zegoen eta bizkondesarenean egitekoa zen dantzaldi handirat joatekoa. Gonbit-agiri horrekin batean hitz labur batzuk ere baziren Eugènerentzat:

 

        «Pentsatua dut, jauna, ezen atseginez har zenezakeela zeure esku ene sentimenduen berri ematea Nucingeneko andereari; eskatu didazun gonbit-agiria igortzen dizut, eta bozkario handia izanen da enetzat Restaudeko anderearen ezagutzen egitea. Ekar iezadazu beraz pertsona maitagarri hori, eta eginahalak egin zure bihotz guztiaz jabe ez dadin, anitz zor didazu nik ematen dizudanaren ordainez.

«BEAUSÉANTeko Bizkondesa.»

 

        — Baina, erran zuen bere baitan Eugènek txartel hori berriz irakurriz, Beauséanteko andereak aski garbiki erraten zidak ez duela deus jakin nahi Nucingeneko baroiarekin. Delphinerenerat joan zen zalu, kontent hari bozkario baten, dudarik gabe bere saria ekarriko zuenaren, eman ahal izateaz. Nucingeneko anderea bainuan zegoen. Rastignacek apaingelan iguriki zuen, guztiz urduri, bere maiteaz, bere desiren xedeaz gozatzeko urtebetez iguriki duen mutil maiteminduaren irrikaz. Gazteen bizitzan bitan aurkitzen ez diren bihotz-hunkidurak dira horiek. Egiazko lehen emakumea zeinari gizon bat lotzen baitzaio, erran nahi baita gizon horri Pariseko gizarteak nahi dituen edergailu guztien distirarekin agertzen zaion emakumea, horrek ez du behin ere lehiakiderik. Amodioak Parisen ez du bertze amodioen inolako antzik. Ez gizonak eta ez emakumeak dituzte han titulikatzen herabetasunez nork bere maitasun ustez desinteresatuen gainean hedatzen dituen egia arruntez apaindurikako erakuskizunekin. Herri honetan, emakume batek ez ditu soilki bihotza eta zentzuak satisfatu behar, ezin hobeki daki badituela hagitzez ere betebehar handiagoak bizitza osatzen duten mila banokerien alderat. Han oroz gain, harro, ahalkegabe, xahutzaile, hitz-jario eta arranditsu dugu funtsean amodioa. Baldin eta Louis XIV aren gorteko emakume guztiak andereño La Vallière-ko andereñoaren inbidiatan egon baziren printze handi horri Vermandois-eko dukea munduaren jokatokian errazago sartzen laguntzeko bere gain-mahukak urratu zituenean bakoitza mila ezkutu gosta zirela ahantzarazi zion berotasun-erakustaldia zela kausa, zer eska ote daiteke gainerako gizateriari? Izan zaitezte gazteak, aberatsak eta tituludunak, izan zaitezte are hobeak ahal baduzue; zenbatenaz intsentsu-bihi gehiago ekartzen baitituzue idoloaren aitzinean erretzera, hainbatenaz aldekoago ukanen duzue emakume hori, idolorik baduzue behintzat. Amodioa erlijio bat da, eta haren jaurespenak bertze erlijio guztietakoak baino garestiagoa behar du izan; zalu iragaten da, bere pasaia bazterrak hondatuz markatzera lehiatzen den txorigalduaren gisan iragan ere. Sentimenduaren luxua sabaietako poesia da; aberastasun hori gabe, zer bilaka liteke amodioa? Pariseko kodearen lege drakoniar hauek salbuespenik izanez geroz, horiek bakartasunean kausitzen dira, gizartearen dotrinei jazarriz haien aztaparretan erori ez diren arimen artean, zeinak ur garden, iheskor, baina geldigabeekiko iturbururen batetik hurbil bizi baitira; zeinak, leial beren itzalpe berdeei, zoriontsu amaigabetasunaren mintzaira, haientzat gauza guztietan izkiriatua eta beren buruetan edireten dutena, entzuten, pazientki igurikitzen baitituzte beren hegalak lurrarenez urrikaltzen direlarik. Baina Rastignacek, handitasunak aldez aitzinetik dastatu dituzten gazte gehienen antzera, arma guztiekin nahi zuen munduko gudurat agertu; bat egina zen berorren suarekin, eta bazuen menturaz haren menperatzeko indarra, baina handinahi horren bideak eta xedea jakin gabe. Bizitza betetzen duen amodio garbi eta sakraturik ezean, botere-egarri hori zerbait eder bilaka daiteke; aski du interes pertsonal ororen eranztea eta herri baten handitasunaren hartzea helburu. Baina ikaslea artean ere heldu gabe zegoen gizonak bizitzaren joaira ikus eta juja ahal dezakeen pondurat. Anartean osoki inarrosi gabe ere bazegoen probintzian hezi haurren gaztaroa halako hostaila suerte batez bezala biltzen duten ideia fresko eta leunen lilura. Taigabeko zalantzatan egona zen Rubicon paristarra iragan ez iragan. Bere jakin-min suharrak gorabehera, beti ere gorde izan zituen bere gazteluko egiazko aitonen-semeak daraman bizitza zoriontsuaren zenbait gibel-uste. Hala ere azkeneko kezkak bezperan aienatu zitzaizkion, bere apartamentuan bakarrik gelditu zenean. Fortunaren abantaila materialez gozatuz, sortzeak ematen dituen abantaila moralez aspaldian gozatzen zuen bezala, probintziako gizonaren larrua erantzia zuen, eta eztiki kokatua zegoen etorkizun eder bat bistaratzen zion gune batean. Horregatik, Delphineren begira zegoela, apur bat bere ere bilakatzen ari zuen apaingela polit horretan guriki jarririk, hain zuen bere burua urrun ikusten aitzineko urtean Pariserat etorririkako Rastignacengandik, non optika moraleko efektu batez hari zeiharka so eginez, bere baitan galdetzen baitzuen ea bere buruaren beraren eiterik ere ba ote zuen une hartan.

        — Anderea bere ganbaran da, etorri zitzaion erratera Thérese mutil gaztea asaldaraziz.

        Delphine bere zizailu tikian etzanik ediren zuen, suaren bazterrean, sasoal, pausaturik. Mousselinazko uhainen gainean itxura hartan ikusiz geroz, ezinezkoa zen haren ez konparatzea fruitua brean dakarten Indiako landare eder horiei.

        — Etorri zara, hortaz! erran zuen hunkiturik.

        — Asma ezazu zer dakarkizudan, erran zuen Eugènek harengandik hurbil jarri eta besoa hartzen ziola bere hartan muin emateko.

        Nucingeneko andereak bozkario-mugimendu bat egin zuen gonbit-agiriaren irakurtzean. Eugènerenganat bihurtu zituen bere begi bustiak, eta besoak haren leporat jaurtiki halako satisfazio harro batek zorabiaturik bereganat erakartzeko.

        — Eta zuri (hiri, erran zion belarrirat; baina Thérèse ene kabinetean zagok, izan gaitezen zuhurrak!), zuri zor dizut zoriontasun hau? Bai, ausartzen naiz hau zoriontasun deitzera. Zuk erdietsia, ez ote da harrotasunaren garaitia bat baino gehiago? Inork ez nau gizarte honi aurkeztu nahi izan. Atzemanen nauzu beharbada une honetan tiki, txolin, arin Pariseko emakume bat bezala; baina pentsa, ene adiskidea, prest naizela zuri oro sakrifikatzeko, eta, baldin eta sekula baino desira biziagoa badut Saint-Germain faubourgerat joateko, zu han zaudelakotz dela hori.

        — Ez duzua uste, erran zuen Eugènek, Beauséanteko andereak nahi bide digula erran ez duela Nucingeneko baroiaren ikusteko asmorik bere dantzaldian?

        — Jakina, erran zuen baronesak gutuna Eugèneri bihurtuz. Emakume horiek mutiritasunaren jitea dute berez. Baina ez du axolarik, joanen naiz. Ahizpak han behar du izan, janzkera zoragarria prestatzen ari dela badakit. Eugène, segitu zuen ahapetik, susmo izigarri batzuen haizatzeko joanen da hura harat. Ez dakizkizu hari buruz dabiltzan hotsak? Nucingen etorri zait egun goizean erratera atzo Bazkunean horretaz ari zirela heraberik gabe. Non dago, Jainkoa!, emakume eta familien ohorea! Erasana, zauritua sentitu naiz neure ahizpa dohakabeagan. Zenbaitzuek diotenaz, Trailleseko jaunak ehun mila liberaren diru-agiriak sinatu omen zituzkeen, gutiz-gehienak bururatuak, eta zeinengatik behar omen baitzioten jazarri. Azken beltz horretan, ahizpak judu bati saldu omen zizkiokeen bere diamantak, zuk ikusi ahal izan dizkiozun diamant eder horiek, eta Restaudeko andere amarengandik datozenak. Tira, azkeneko bi egunean, jendea horretaz baizik ez da mintzo. Konpreni dezaket hortaz Anastassiek soineko lamatu bat mana dezan, eta behako guztiak bereganat erakarri nahi izan Beauséanteko anderearenean, harat bere distira guztian eta bere diamantekin agertuz. Ez dut baina haren pean egon nahi. Betidanik entseatu da ene zapaltzera, sekula ez da ona izan enekin, hainbertze zerbitzu egiten nizkionarekin, hark ez zeukanean beti ere harentzako dirua edukitzen nuen honekin. Baina utz dezagun mundua, egun guztiz zoriontsua nahi dut izan.

        Rastignac goizeko oren batean artean ere Nucingeneko anderearenean zen, zeinak, maitaleen agurra, agur etortzeko diren bozkarioez beterikako hori, hari eskainiz, begitarte malenkonios batekin erran baitzion; —Hain naiz izikorra, hain naiz superstiziosa, emaiezu ene goganbeharrei nahi duzun izena, non ikaran bainago neure zoriona hondamendi izigarriren batekin ordainduko ote dudan.

        — Umea, erran zuen Eugènek.

        Ai! ni naiz umea egun gauean, erran zuen Delphinek irriz.

        Eugène handik biharamunean alde egiteko segurtasunaz itzuli zen Maison-Vauquererat; bidean zihoala, beraz, ezpainetan oraindik ere zorionaren gustua dutela gazte guztiek egiten dituzten amets eder horietan murgildu zen.

        — Eta? erran zion Goriot zaharrak Rastignac haren ate aitzinean iragan zelarik.

        — Tira! erantzun zuen Eugènek, bihar erranen dizut dena.

        — Dena, ezta? oihukatu zuen gizagaixoak. Zoaz oherat. Bihar geure bizitza zoriontsua hasiko dugu.

 

 

 

© Honoré de Balzac

© itzulpenarena: Pedro Diez de Ulzurrun

 

 

"Honoré de Balzac / Goriot Zaharra" orrialde nagusia