II

MUNDURATZEA

 

        Abenduko lehen aste horren hondarrerat, Rastignacek bi gutun hartu zituen, bata amarena, bertzea arreba zaharrenarena. Izkiriamolde hain ezagun horiek atseginezko pilpirak eta lotsazko dardarak eragin zizkioten era batera. Bi paper hauskor horiek hil ala biziko epaia zekarten haren esperantzendako. Gurasoen hersturaz oroiturik lotsa zenbait atzematen baldin bazuen, sobera ongi dastaturik zegoen haien ederra beraien azken odol-xortak hurrupatu izanaren beldurrez ez egoteko. Amaren gutuna honela taiuturik zegoen:

 

        «Ene haur maitea, eskatu didazuna igortzen dizut. Erabil ezazu ongi diru hori, ez nezake, zure bizitza salbatu behar izanez geroz, bigarren aldi batez horren dirutza handirik ediren aita horren berri jakin gabe, eta horrek gure ezkon bizitzaren armonia nahasiko luke. Kopuru horren erdiesteko, geure lurraren gaineko bermeak eman beharrean ginateke. Ezin jujatuzkoa dut ezagutzen ez ditudan egitasmoen merezimendua; baina zer nolakoak ote dira beraz horien eni ez kontatzeko beldurrez egon zaitezen? Esplikazio horrek ez zuen liburutzarren beharrik, aski dugu hitz bat guk, amek, eta hitz horrek durduzaren larridurak hastanduko zituen enegandik. Ez niezazuke gorde zure gutunak eragin didan bihotz-ikara mingarria. Ene seme maitea, zein duzu bada ene bihotzerat halako lazturaren jaurtikitzera behartu zaituen sentimendua? anitz izan behar duzu sufritu eni izkiriatzean, nik anitz sufritu baitut zuri irakurtzean. Zein bideri lotzekoa zara beraz? Emanak izanen direa zure bizitza, zure zoriona, ez zarenaren irudi ematera, mundu baten ikustera non ezin ibiliko baitzara jasan-ezinak dituzun gastu batzuk egin gabe, zeure ikasketentzako denbora preziatu bat galdu gabe? Ene Eugène ona, sinets ezazu zeure amaren bihotzean, bide makurrek ez garamatzate deus handitarat. Pazientziak eta etsipenak behar dute zure heinean dauden gazteen bertuteak. Ez zaitut larderiatzen, ez nioke geure eskaintzari inolako samintasunik eratxiki nahi. Ama fidakor bezain zuhur batenak dituzu ene hitzak. Zuk zeure eginbideak zein dituzun baldin badakizu, nik ere badakit zeinen garbia duzun bihotza, zeinen bikainak dituzun xedeak. Horregatik erran diezazuket beldurrik gabe: Ea, ene seme bihotzekoa, aitzina!. Ama naizelakotz nabil ikaran; baina zure urrats guztiek gure desiren eta gure benedikazioaren laguntza samurra izanen dute. Izan zaitez burutsu, haur maitea. Zintzoa behar duzu gizon bat bezala, maite dituzun bortz lagunen etorkizunak zure baitan ezarriak dira. Bai, zutan dira gure zori guztiak, zure zori ona gurea ere badenaz. Jainkoa otoizten dugu guk guztiek zeure eginbeharretan lagun zaitzan. Zure izeba Marcillacek harrigarrizko bihotz ona erakutsi du zirkunstantzia honetan: zeure eskularruez diostazunaren asmatzerainokoa. Kuttuntasun berezi bat zuen baina zaharrenarentzat, zioen alegeraki. Ene Eugène, maita oso zeure izeba, ongi heldua zarenean baizik ez dizut erranen zer egin duen zuentzat; bertzenaz, haren diruak eriak erre liezazkizuke. Zuek, haurrek, ez dakizue zer den oroigarrien sakrifikatzea! Zer ez genuke zuentzat sakrifikatuko baina? Bekokian musu ematen dizula errateko manatzen dit, eta usu zoriontsu izateko indarra eman nahi lizuke musu horren bitartez. Emakume on eta bikain honek izkiriatu egin zizukeen erietako hezurreriarik ez balu. Aita ongi doa. 1819ko uztak gure esperantzak alatzen ditu. Adios, haur maitea. Deus ez dut zure arrebez erranen: Laurek izkiriatuko dizu. Familiaren gertakari xumeen gain tartarikatzearen plazera utziko diot. Nahi dakiola zeruari ongi heldu izan zaitezen! Oi! bai, ongi hel, ene Eugène, sobera oinaze bizia ezagutarazi didazu bertze aldi batez ere eraman ahal izan dezadan. Jakin dut zer zen behartsu izatea, fortuna, hura neure semeari ematekotz desira nuela. Ea, adios. Ez gaitzazu zeure berririk gabe utz, eta har hemen amak igortzen dizun musua.»

 

        Eugènek gutun hau bukatu zuenean, negarrez zegoen, Goriot zaharra zerabilen gogoan bere zilarraren bihurdikatzen eta saltzen alabaren diru-agiriaren ordaintzera joateko. «Amak bere pitxiak saldu ditik! zioen bere baitan. Izebak negar egin dik, naski, bere erlikietako batzuen saltzean! Zer dretxorekin madarikatuko huke Anastasie? Imitatu berria duk, heure etorkizunaren egoismoagatik, hark bere amoranteagatik egin duena! Nor, hartarik ala hitarik, da hobea?» Erraiak halako berotasun jasanezin batek janak atzeman zituen ikasleak. Munduari uko egin nahi zion, ez zuen diru hori hartu nahi. Isilpeko barne-aladura prestu eta eder horiek sentitu zituen, zeinen merezimendua gutitan izaten baita gizonek on-iritzia lagun hurkoa jujatzen dutenean, eta zeinek maiz zeruko aingeruei absolbarazten baitiete lurreko lege-gizonek kondenaturikako gaiztagina. Rastignacek bere arrebaren gutuna ireki zuen, zeinaren erranmolde lañoki graziosek bihotza freskatu baitzioten.

 

        «Zure gutuna zinez behar-orduan etorria da, anaia maitea. Agathe eta biek hain molde bereizietan nahi genuen geure dirua erabili, non zer eros ez genekiela baikeunden. Espainiako erregeren zerbitzariak bere nagusiaren erlojuak uzkaili zituenean bezala egin duzu zuk, ados jarri gaituzu. Egia da, bai. Mokoka atergabean ari ginen geure gutizietarik zein hobetsiko ote, eta asmatu gabe geunden, ene Eugène ona, gure gutizia guztiak bateratuko zituen erabilera. Agathek loriaz egin du jauzi. Hitz batez, bi marizororen antzera ibili gara egun guztian, halako zalapartekin (izebaren tankerara) non amak bere eite zorrotzaz erraten baitzigun: «Zer duzue baina, ene andereñoak?» Doi bat larderiatuak izan bagina, are loriatuagoak izanen ginen, nik uste. Emazte batek zinez plazer handia atzeman behar du maite duen gizonagatik sufrituz! Ni bakarrik nengoen ameskor eta atsekabez neure bozkarioaren erdian. Emakume txar bat eginen nuke inolaz ere, sobera xahutzailea naiz. Bi gerriko eta puntxoi polit bat ene gerrontzeetako sarbegien zulatzeko erosia nintzen, tontakeriak; hainbertzenarekin diru gutiago neukan Agathe lodi horrek baino, gordezalea izanez ezkutuak mika baten antzera pilatzen dituenak. Berrehun libera bazeuzkan! Nik, ene adiskide gaixoa, berrogeita hamar ezkutu bertzerik ez daukat. Zigor ederra hartua naiz, putzurat bota nahi nuke neure gerrikoa, damugarria izanen zait beti haren eramatea. Ebatsi egin dizut. Agathe maitagarri izan da. Erran dit: «Igor ditzagun hirurehun eta berrogeita hamar liberak, gu bien artean!» Baina ezin izan naiz egon dena gertatu den bezalaxe kontatu gabe. Jakin ezazu nola egin dugun zure manuei obeditzeko: geure zorioneko dirua hartu dugu, biak elkarrekin joan gara egurastera, eta behin bide berriraino arribatuak, Ruffec-erat joan gara lasterka, non onez-onean dirua Grimbert jaunari eman baitiogu, Errege-Postako bulegoa zuzentzen duenari! Enarak bezain arin gentozen itzultzean. «Zorionak arinago egiten ote gaitu bada?» erran zidan Agathek. Mila gauza erran dizkiogu elkarri, zuri, jaun paristar horri, errepikatuko ez dizkizudanak. Zutaz ari ginen, inondik inora ere. Oi! anaia maitea, maite zaitugu, horra dena bi hitzetan. Sekretuaz bezainbatean, izebak dioenaz, gu bezalako moxorro ttikiak edozertako gauza dira, baita isilik egoteko ere. Ama, misterio handiz, Angoulêmerat joan da izebarekin eta isilpean atxiki dute biek beren bidaiaren goi-politika. Bidaia hori solasaldi luze batzuen ondoan egin dute, zeinetatik, nola gu hala jaun baroia, baztertuak izan garen. Aieru handiek beretzen dituzte gogoak Rastignaceko Estatuan. Erregeren alabek bere maiestate erreginarentzat bordatzen duten lore landuez apaindu mousselinazko soinekoa, sekreturik handienean doa aitzinerat. Bi largo baizik ez dira gelditzen egiteko. Deliberatua izan da ez dela Verteuileko aldean murrurik eginen, hesi bat ezarriko da han. Jende xeheak fruituak eta mahasparrak hondatuko ditu, baina bista eder bat irabaziko dugu kanpotarrentzat. Baldin eta ustezko oinordekoak mokanesak behar balitu, gaztigatua da ezen Marcillaceko alarguntsak, bere altxor eta kutxetan, Pompeia eta Herculanum izenarekin deituetan, arakatu eta Holandako oihal eder bat aurkitu duela, berak ezagutzen ez zuena; Agathek eta Laure printzesek haren manuetarat paratzen dituzte beren hariak, beren orratzak, eta beti ere gorrixkegiak diren esku batzuk. Don Henri eta don Gabriel bi printze gazteek zenbait usantza galgarri gorde dituzte: ezti-urez leporaino betetzea, arrebak amorraraztea, bat ere ez ikasi nahia, txoriak habiatik jalgiaraziz jostatzea, ardaila ateratzea eta, Estatuko legeak gorabehera, zumeak ebakitzea makilattoen egiteko. Aita sainduaren nuntzioak, arruntean jaun apeza deituak, eskomikatzeaz mehatxatzen ditu baldin eta gramatikaren arau sainduak utzi eta sabuka gerlatarrarenak hartzen jarraitzen badute. Adios, anaia maitea, inoiz ez du gutun batek zure zorionari egin hoinbertze desirarik eraman, ezta hoinbertze amodio asebeterik ere. Hamaika gauza izanen dituzu beraz guri errateko etortzen zarenean! Dena eni erranen didazu, zaharrena bainaiz. Izebak ikusarazi digunaz, arrakasta izan omen duzu munduan.

 

                Dama batez mintzo dira eta gainerakoez isiltzen.

 

        Gurekin bada moldatzerik! Errazu Eugène, nahi bazenu, mokanesik gabe ibil gintezke, eta atorrak eginen genizkizuke. Erantzun emadazu fite sujet honetaz. Laster atorra eder ongi josiak behar bazenitu, berehala hasi beharrak gintuzkezu horretan, eta ezagutzen ez dituzkegun fazoinak izanen balira Parisen, eredu bat igorriko zeniguke, eskumuturrentzat guztiz. Adios, adios! port dizut bekokian ezker aldean, neurea ez bertzerena daukadan lokian. Bertze alderdia Agatherentzat uzten dut, erraten dizudanetik fitsik ez duela irakurriko hitz eman didanarentzat. Baina, horretaz segurago izateko, harengandik hurbil egonen naiz izkiriatzen dizun bitartean. Maite zaituen zeure arreba.

«Laure de Rastignac.»

 

        — Oi! bai, erran zuen Eugènek bere baitan, bai, fortuna gostaia gosta! Mila altxorrek ere ez lezakete ardura hau ordain. Zorion guztiak batean nahi nizkiekek eman. Mila eta bortzehun libera! erran zion bere buruari eten batetik landarat. Txanpon bakoitzak bere jomuga behar dik kausi! Laurek arrazoi dik. Mila deabru! zarpailez eginikako atorrak baizik ez zauzkaat. Ohoinak bezain maltzur bilakatzen dituk neskatilak mutil baten zorionarentzat. Lañoa bere buruarentzat eta zuhurra enetzat, haiek konprenitu gabe lurreko hobenak barkatzen dituen zeruko aingerua bezalakoa duk.

        Berea zuen mundua! Jostuna deitua, ikertua, limurtua zeukan jadanik. Trailleseko jaunaren ikustearekin, Rastignacek konprenitua zuen jostunek gazteen bizitzan duten eragina. Ondikotz! ez da erdibiderik bi muga horien artean: jostuna da edo etsai mina, edo ordainkizunek emanikako adiskidea. Eugènek, bere jostunagan, gizon bat ediren zuen bere lanbidearen aitatasunaz ohartua zena, eta gazteen orainaren eta geroaren lokarritzat jotzen zuena bere burua. Baina, eskerronez, Rastignacek ere egin zuen gizon horren fortuna gerora nabarmenduko zuten erran horietako batengatik. —Ezagutzen ditut hark egin bi galtza, erraten zuen, hogei mila liberaren errentako ezkontzak lortu dituztenak.

        Mila eta bortzehun libera eta jantziak nahi adina! Une hartan hegoaldetar gaixoak ez zuen gehiago zalantzarik izan, eta edozein diru-kopururen ukaiteak mutil gazte bati ematen dion ezin-erranezko traka horrekin jaitsi zen otordurat. Dirua ikasle baten sakelarat lerratzen denean, zutabe fantastiko bat goratzen da berarengan, euskarritzat hartuko duena. Lehen baino hobeki ibiltzen da, zurkaitz antzeko zerbait hautematen du bere eskuhagarentzat, behakoa du betea, zuzenekoa, mugimenduak bizkor; bezperan, umil eta herabe, ukaldiak bilduko zituen; biharamunean, lehen ministro bati lizkioke emanen halakoak. Inoiz entzungabeko fenomenoak agitzen dira haren baitan, oro dakusa eta oro dezake, zernahi eta nolanahi gutiziatzen du, alegera, eskuzabala, lagunkoia da. Hitz batez, arestixean hegorik ez zuen txoriak bere zabalgo egokia atzeman du. Ikasle dirugabeak, hezur bat mila arriskutan gaindi ebasten duen txakur baten antzera irensten du plazer-izpi bat, hura kraskatu, muina xurgatu, eta lasterrari lotzen zaio berriz; alabaina bere barne sakelan urrezko txanpon iheskor batzuk mugiaraz ditzakeen mutil gazteak bere plazerak dastatzen ditu, xehekatu eta haietaz gozatzen da, zeruan kulunkatzen da, orain ez daki zer nahi duen erran miseria hitzak. Paris osoa du bere. Oro distiranta deneko adina, orok izarniatzen eta erretzen duenekoa! inork, ez gizonak eta ez emakumeak, baliarazten ez duen indar alegeraren adina! plazer guztiak hamarkoizten dituzten zor eta beldur bizien adina! Senaren ibar ezkerrean ibili izan ez denak,Jaundone Jakue eta Aita Sainduen karriken artean, ez daki deus gizakien bizitzaz! —«Ah! Pariseko emakumeek balekite! zioen bere baitan Rastignacek andere Vauquerek zerbitzatu madari egosiak, ardit bat aleko, zanka-zanka jaten, honat etorriko hituzke amodio bila.» Une hartan Errege-Postako postari bat agertu zen jangelarat, xeilako txintxarria jo ondoan. Eugène de Rastignac jaunaz galdetu zuen, zeinari bi moltsa hartzeko eta liburu bat sinatzeko luzatu baitzion. Rastignac orduan, zigor-ukaldi batek bezala, Vautrinek jaurtiki zion behako sakonak astindu zuen.

        — Izanen duzu zerekin ordain arma-erakaspenak eta tiro-saioak, erran zion gizon honek.

        — Galeoiak arribatuak dira, erran Zion andere Vauquerek moltsei behatuz.

        — Andereño Michonneauri beldurra ematen zion begiak diruarenganat zuzentzeak, bere dirugosearen erakusteko lotsaz.

        — Ama on bat duzu, erran zuen andere Couturek.

        — Jaunak ama on bat du, errepikatu zuen Poiretek.

        — Bai, ama odolustu da, erran zuen Vautrinek. Zeure fartsak jokatzen ahalko dituzu orain, mundurat joan, ezkon sariak atzeman, eta dantzan ibili buruan mertxika-loreak darabiltzaten kondesekin. Baina, sinets iezadazu, gazte, ikas ongi tiro egiten.

        Bere arerioa enkaratzen duen gizonaren zeinua egin zuen Vautrinek. Rastignacek eskupekoa nahi izan zion postariari eman, eta deus ez zuen bere sakelan atzeman. Vautrinek berean arakatu, eta hogei sos jaurtiki zizkion gizonari.

        — Kreditu ona duzu, segitu zuen ikasleari behatuz.

        Rastignac hari eskerren ematera izan zen bortxatua, nahiz ezin jasana zuen gizon hori, Beauséanteko anderearenetik itzuli zen egunean elkarri erranikako hitz garratzen ondoan. Zortzi egun horretan elkarri hitz egin gabe egon ziren Eugène eta Vutrin, eta batak bertzea aztertzen ziharduten. Ikasleak alferretan galdetzen zuen zergatik bere kautan. Dudarik ez da ezen ideiak, zer nolako indarraz asmatzen diren, indar haren ario zuzenean jaurtikitzen direla, eta, norat ere igortzen baititu burmuinak, hantxe dutela jotzen, bonbak mortairutik jalgitzean zuzentzen dituenari konpara daitekeen lege bat dela kausa. Ondorioak desberdinak dira. Izaera samurrak baldin badira zeinetan ideiek, beraiek birrinduz, ostatu hartzen baitute, badira orobat izaera sendo gotortuak, burezur brontzezko hesidunak zeinen gainean bertzeen borondateak berdindu eta balak murraila baten aitzinean bezala erortzen baitira; gero badira oraindik ere izaera malet eta faunak zeinetan bertzeren ideiak kanoi-balak irudi etortzen baitira hiltzera, lubakietako lur gurian ematuz. Jo orduko lehertzen diren buru bete bolbora horietako bat zuen Rastignacek. Sobera gazte ernea zen harrapatua ez izatekotz ideien jaurtikitze horrez, sentimenduen kutsatze horrez, gu ohartu gabe hainbat eta hainbat gertakari bitxiz kolpatzen gaituzten sentimenduen kutsatze horrez, alafede. Haren ikusmolde moralak, haren lintze-begien helmena zuen. Haren zentzumen bikoitz bakoitzak luzetasun misterios hori zuen, goragoko jendeengan, soinburdin guztien akatsari antz ematen trebe diren ezpatariengan, txunditzen gaituen joan-etorriko malgutasun hori. Hilabete bat bazuen, bertzalde, akats bezainbat kualitate garatuak zirela Eugènerengan. Akatsak, munduak eta bere desira gero eta handiagoen bete-nahiak sorrarazi zizkioten. Haren kualitateen artean ohiko ernetasun hegoaldetarra kausitzen zen, zailtasunei buruz, haien suntsitzeko, zuzen abiarazi eta Loiraz haraindiko gizon bat inolako zalantzarekin gelditzera uzten ez duena; Iparraldeko gizonek akats deritzoten kualitatea: haientzat, hori Muraten ondasunen sorburu izan bazen, haren heriotzaren kausa ere izan zen. Handik atera behar litzateke ezen Hegoaldetar batek asmatzen dakienean Iparraldeko amarrukeria Loiraz haraindiko ausartziari uztartzen, guztizkoa izan eta Suediako errege bilakatzen dela. Rastignac ez zitekeen beraz luzaz egon Vautrinen baterien pean, gizon hori adiskide edo etsai zuen jakin gabe. Aldian baino aldian gehiago, iruditzen zitzaion ezen pertsonaia berezi horrek grinak igarri eta bihotzean irakurtzen ziola, harengan ordea dena hain ongi hertsirik zegoelarik non dena dakien, oro dakusan, eta deus ez dioen esfinge baten sakontasun higigabea zuela irudi baitzuen. Barne-sakela betea atzemanez, Eugène erreboltatu zen.

        — Zaude apur batez, otoi, erran zion Vautrini zeina, bere kafearen azken xurrutak ahoan dastatu ondoan, jalgitzeko altxatzen baitzen.

        — Zergatik? ihardetsi zuen berrogei urteko gizonak bere kapela hegi-nasaia jantzi eta burdinazko makila bat hartuz, zeinarekin zirimolak egiteko ohitura baitzuen mila ohoinek erasan beldurrak ez zegokeen gizon baten gisan.

        — Dirua behar dizut itzuli, ihardetsi zuen Rastignacek moltsa bat laxatuz berehala, eta ehun eta berrogei libera kontatuz andere Vauquerentzat. Kontu garbiek adiskide onak egiten dituzte, erran zion alarguntsari. Kito gaude urtezaharrak artio. Kanbia iezazkidazu ehun sos hauek.

        — Kontu garbiek adiskide onak egiten dituzte, errepikatu zuen Poiretek Vautrini so eginez.

        — Hementxe dauzkazu hogei sos, erran zuen Rastignacek esfinge ileordedunari txanpon bat luzatuz.

        — Irudi du lotsak-edo zaudela eni zerbait zor izateaz? erran zuen Vautrinek behako barrundatzaile bat tinkatuz mutil gaztearen ariman zeinari jaurtiki baitzion irriño trufari eta diogeniko horietako bat, Eugène ehun aldiz haserretzear jarri zutenetakoa.

        — Baina... bai, erantzun zuen ikasleak, bi moltsak eskuan zeuzkala eta bere gelarat joateko altxaturik.

        Vautrin jalgitzera zihoan saloirat jotzen zuen atetik eta ikaslea ere bazihoan kanporat eskailera-zabalkorat ematen zuenetik.

        — Jakin ezazu, Rastignacoramako jaun markesa, erraten didazuna ez dela preseski oso atsegina, erran zuen orduan Vautrinek saloiko ateari bultza egin eta ikasleaganat, hozki behatu zionaganat, etorriz.

        Rastignacek jangelako atea hertsi zuen, Vautrin berekin zeramala eskailera-barnerat, jangela sukaldetik banantzen zuen zabalkorat, non ate trinko bat bazegoen jardinerat eman eta gainaldean lauki luze bat burdinagez hornitua zuena. Han, ikasleak erran zuen bere sukaldetik ilkia zen Sylvieren aitzinean: —Vautrin jauna, ni ez naiz markesa, eta ez deritzait Rastignacorama.

        — Borrokatzera doaz, erran zuen andereño Michonneauk ezaxolki.

        — Borrokatzera! errepikatu zuen Poiretek.

        — Ezetz bada, erantzun zuen andere Vauquerek bere ezkutupila ferekatuz.

        — Hor doaz baina ezkien azpirat, oihukatu zuen andereño Victorinek jardinerat so egiteko jaikiz. Mutil gaixo horrek arrazoi du baina.

        — Igan gaitezen, ene neskatxa maitea, erran zuen andere Couturek, afera horiek ez digute axola.

        Andere Couture eta Victorine jaiki zirelarik, buruz buru egin zuten, atean, Sylvie lodiarekin zeinak bidea zerratu baitzien.

        — Zer pasatzen da baina? erran zuen kuzinersak. Vautrin jaunak erran dio Eugène jaunari: «Orain neurtuko ditiagu geure indarrak!» Gero besotik hartu, eta hor dira biak orain gure orburuen gainean.

        Une hartan Vautrin agertu zen. —Amatto Vauquer, erran zuen irribarretsu, ez zaitez deusez izi, ezkien azpirat noa neure pistolen frogatzera.

        — Oi! jauna, erran zuen Victorinek eskuak bilduz, zergatik nahi duzu Eugène jauna hil?

        Vautrinek bi urrats eman zituen gibelerat eta Victorineri so gelditu.

        — Hara bertzea, erran zuen neskatila gaixoa ahalkearazi zuen ahots trufatzaile batez. Ederra da, ezta, mutil gazte hori? segitu zuen. Ideia bat ematen didazu. Biak eginen zaituztet zoriontsuak, neskatxa eder hori.

        Andere Couturek bere umezurtza besotik hartu eta bereganat erakarria zuen belarrirat ziotsala: —Baina, Victorine, zur eta lur uzten nauzu egun goizean.

        — Ez dut nahi ene etxean inor tiroka ibiltzerik pistolekin, erran zuen andere Vauquerek. Barride guztiak iziarazi eta polizia etorrarazten baldin baduzue ere, tenore honetan gainera!

        — Ea, trankil, amatto Vauquer, erantzun zuen Vautrinek. Tira, tira, batxe-batxe, tiralekurat joanen gara. Rastignaci bildu zitzaion, zeina trebantziaz besotik hartu baitzuen:

        — Frogatu izan banizu ere neure bala, hogeita hamabortz urratsetarat, bortz aldiz segidan kokatzen dudala bateko pika baten erdian, erran zion, horrek ez lizuke zeure kuraia kenduko. Nago doi bat sumindurik ote zauden eta ergel baten atzera utziko ote zenukeen hiltzera zeure burua.

        — Gibel egiten duzu, erran zuen Eugènek.

        — Ez nazazula amorraraz, ihardetsi zuen Vautrinek. Egun goizean ez du hotzik egiten, zatoz hemen jartzera, erran zuen berde-kolorez tindatu aulkiak erakutsiz. Han ez digu inork adituko. Zurekin hitz egin beharra dut. Mutil gazte txintxo bat zara, gaizkirik desira ez diodana. Maite zaitut, ala Tromp... (mila arraio!), ala Vautrinen fedea. Zergatik maite zaitudan, erranen dizut... Anartean, jakin ezazu semea bazintut bezala ezagutzen zaitudala, eta frogatuko dizut. Ezar itzazu moltsak hemen, segitu zuen mahai biribila erakusten ziola.

        Rastignacek mahai gainean utzi zuen bere dirua eta jakin-min handi baten mende jarri zen aulkian, gizon horrek, zeina hil behar zuela erran ondoan haren babesle gisa ageri baitzen, bere moldeetan bat-batean izanikako kanbiamenduaren ondorioz.

        — Jakin gogo zenuke nor naizen, zer egin dudan, edo eta zer egiten dudan, segitu zuen Vautrinek. Sobera jakinzale zara, ene haurra. Tira, lasai egon. Bertze anitz gauza ere adituko dituzu! Zorigaitzak izan ditut. Entzun lehenik, gero erantzunen didazu. Hauxe da ene lehengo bizitza hirur hitzetan. Nor naizen? Vautrin. Zer egiten dudan? Gogoak ematen didana. Segi dezagun. Nahi duzua ene izaera jakin? Ona naiz ongia egiten didatenekin zein eneari mintzo zaizkion bihotzak dituztenekin. Dena haizu dute horiek, ostikoak ematen ahal dizkidate hankezurretan nik hargatik erran gabe: (Gogo emak!) Baina, apotxarra! deabrua bezain gaiztoa naiz amorrarazten nautenekin, edo eta begiko ez ditudanekin. Eta on duzu jakitea gizon baten garbitzeak honek bezainbat kezkatzen nauela! erran zuen ttu-zurrusta bat jaurtikiz. Haren garbiki hiltzeaz baizik ez naiz axolatzen, ezinbertzezkoa delarik. Artista bat deituko zenukeena naiz. Benvenuto Celliniren oroitzapenak irakurria naiz, ikusten nauzun hau, eta italieraz gainera! Ikasia naiz gizon horrengandik, gizon zuhurra baitzen, zernahi eta nolanahi hiltzen gaituen Probidentziaren imitatzen, bai eta edertasunaren maitatzen ere, kausitzen den lekuan kausi. Ez dea bada jokatzeko partida eder bat, gizon guztien kontra bakarrik suertatu eta zortea ukaitea? Gogoeta franko eginik nago zuen desordenu sozialaren egungo izaeraz. Mutikoa! duelua haurkeria bat da, lerdokeria bat. Bi gizaki bizitarik batek itzali behar duelarik, ergela behar du hori halabeharraren menpean jartzeko. Duelua? zotz ala motz! horra zer den duelua. Bortz bala ezartzen ditut nik lerroan bateko pikan bala berri bakoitza bertzearen barnean sartuz, eta hogeita hamabortz urratsetarat gainera! bat talentu tiki horrez jantzia delarik, segur dateke garbitu beharreko gizona garbituko duela. Ongi da, bada! hogei urratsetarat egin diot tiro gizon bati, eta huts egin dut. Astakirten hark sekula ez zuen pistola bat erabili. Soizu! erran zuen aparteko gizon horrek bere maripolisa zabaldu eta bere bularra erakutsiz, hartz baten bizkarra bezain ilezua, baina ile-xerlo gorrixka batez hornitua, zeinak halako higuin bat lotsaz nahasia eragiten baitzuen, bizarguri horrek ilea kiskali zidan, erantsi zuen Rastignacen eria bularrean zeukan zulo batean sartuz. Umegorri bat ninduzun ordea denbora hartan, zure adina nuen, hogeita bat urte. Zerbaitetan sinesten nuen artean ere, emakume baten amodioan, nahastera zoazen tontakeri andana batean. Borroka eginen genuen, ez da hala? Hil ahal izanen ninduzun. Emazu ni zerraldo nagoela, non zinateke zu? Bazterrak hustu beharra zenuke, Suitzarat joan, aitattoren, sosik ez daukanaren, dirua jan. Argituko dizut nik zein egoeratan zauden; baina gailentasunez eginen dut, hots, behere honetako gauzak aztertu eta gero, bi alderdi baizik ez zirela hartzen ahal ikusi duen gizon baten gailentasunaz: edo obedientzia ergel bat edo errebolta. Nik ez diot ezeri obeditzen, argi dea hori? Badakizua zer behar duzun daramazun abiadan? milioi bat, eta berehalaxe; hori gabe, zure burutto horrekin, egurastera joan gintezke Saint-Cloud-eko sareak gaindi, han Izaki Goren bat badenetz ikusteko. Nik emanen dizut milioi hori. Eten bat egin zuen Eugèneri so eginez. —Ah! ah! begitarte argiagoa egiten diozu orain zeure aitatto Vautrini. Neskatila bat bezala zaude hitz hauen aditzearekin, «gauera arte» erran dioten eta, esnea edaten duen katu baten antzera, ezpainak milikatuz apaintzen ari den neskatila gazte bat bezala, alegia. Ederki. Goazen bada! Orain neurtuko ditiagu geure indarrak! Horra zeure kontua, gazte. Badugu, han behean, aita, ama, izeba handia, bi arreba (hamazortzi eta hamazazpi urte), bi anaia ttiki (hamabortz eta hamar urte), hauxe da eskifaiaren errolda. Izebak zure arrebak hezten ditu. Apeza bi anaiei latin erakastera etortzen da. Familiak gaztain-ahi gehiago jaten du ogi zuria baino, aitak bere galtzak sareztatzen ditu, amak soineko bat neguko eta bertze bat udako egiten du doi-doia, gure arrebak ahal bezala moldatzen dira. Dena dakit. Hegoaldean izana naiz. Gauzak holakoak dira zuenean, urtean mila eta berrehun libera igorri eta zuen lur-puskek hirur mila bertzerik ematen ez badute. Badugu kuzinersa eta mutil bat ere, dedua gorde behar, aita baroia izaki. Gutaz denaz bezainbatean, handinahia dugu, Beauséantiarrak kidetzat eduki eta oinez ibilki, fortuna nahi eta sosik ez ukaiten, amatto Vauqueren zadura-badurak jan eta Saint-Germain faubourgeko apairu ederrak laket, lastaira batean lo egin eta jauregi bat nahi! Ez ditut zure nahiak gaitzesten. Handinahia ukaitea, adiskidea, hori ez da mundu guztiak dezakeena. Galde emakumeei zer-nolako gizonak xerkatzen dituzten, handinahiak. Handinahiak indartsuagoak dira, burdina gehiago dute odolean, bihotza bertze gizonek baino beroagoa. Eta emakumea hain da uros eta eder kausitzen azkarra denetan, non gizon guztiak baino nahiago baitu indar alimalea duena, gizon horrek mila puska egin ahal baleza ere. Ondorengo galdearen pausatzeko egiten dut zure desiren inbentarioa. Honatx galde hori. Otsoak bezalako gosea dugu, gure haginxkak xorrotxak dira, zer eginen ote dugu eltzearen hornitzeko? Lehenik Kodea dugu jan beharra, hori ez da jostagarria, eta fitsik ere ez du erakasten: baina beharrezkoa da. Bego. Abokatu eginen gara tribunal bateko president bilakatzeko, gu baino hobeak diren jendexkak L.B. bizkar gainean ezarririk bidaltzeko, lo lasai egin dezaketela aberatsei frogatzeko. Ez da inondik inora irrigarria, eta luzea da gainera. Lehenik, bi urteko trabailuak eraman behar Parisen, irrika ditugun kutixiei beha, haiek ukitu gabe. Unagarria da behin ere ase gabe beti gutiziatzen egotea. Zurbila eta muluskuen jitekoa izanen bazina, ez zenuke deusen beldurrik ukanen: lehoien odol beroa dugu ordea eta egun oro hogei astakeria egiteko gisako gosea. Men eginen duzu beraz suplizio horren pean, Jainkoaren infernuan inoiz ikusi dugun izigarriena baita. Onar dezagun zentzuduna zarela, esnea edan eta eresiak egiten ariko zarela: hasteko, jenerosa zarenaz geroz, txakur baten errabiarazteko gisako hamaika trabailu eta gabeziaren ondoan, malerusen baten ordezkoa izan beharko duzu, hirixka galduren batean, non gobernamenduak mila liberako soldata bat botako baitizu, harakinaren zakurrari hondarrak botatzen dizkioten bezala. Sainga egiten du ohoinei, aberatsak defendatzen, jende bihoztunak gillotinarazten. Eskerrik anitz! Babesik izan ezean, probintzietako tribunaltto horretan ustelduko zara. Hogeita hamar urteetarat, jujea izanen zara mila eta berrehun liberatan urteko, oraino ere jantzia asuinetarat egotzi ez baduzu behintzat. Berrogei urteetarat heldua izanen zarelarik, errotazain-alabaren batekin, sei mila libera inguruko errentaren jabe denarekin, esposatuko zara. Mila esker. Ukan babesak, erret abokatua izanen zara hogeita hamar urteetan, mila ezkutuko soldatarekin, eta auzapezaren alabarekin esposatuko zara. Ttipikeria politiko hauetako batzuk egiten badituzu, hala nola buletin batean Manuel irakurri ordez Villèle irakurri (horrek errimatzen du, kontzientzia lasaitzen du), berrogei urteetan abokatu nagusia izanen zara, eta deputatu bilakatu ahal izanen. Ohar zaitez, haur maite hori, urratu batzuk egin izanen dizkiogula geure kontzientzia xumeari, hogei urtez nekeak eta isilpeko miseriak jasan eta gero, gure arrebak neskazahar egonen direla. Ohore dut zuri jakinaraztea gainera, hogei abokatu nagusi baizik ez daudela Frantzia guztian, eta hogei mila zaretela gradu hori erdietsi nahi duzuenak, horien artean, hein baten igaiteko, familia ere salduko luketen azalzuriak badirelarik. Ofizioak higuintzen bazaitu, ikus dezagun bertze gauza bat. Rastignaceko baroiak abokatua nahi du izan? Oi! ederki. Hamar urtez sufritu behar, mila libera gastatu hilabetean, biblioteka bat eduki, kabinete bat, mundurat joan, muin eman abokatu baten jantziari auzien eskuratzeko, jauregia norbere mihiaz ekortu. Ofizio horrek gora eramanen bazintu, ez nuke ezetz erranen; baina aurki iezazkidazu Parisen bortz abokatu, berrogeita hamar urteetan, urteko berrogeita hamar mila liberaz goiti irabazten dutenak? Bah! Arima hola mendrarazi baino nahiago nuke kortsario egin. Bertzalde, non erdiets ezkutuak? Hori guztia ez da biziki alegera. Baliabide bat badugu emakume baten ezkon sarian. Nahi duzua ezkondu? lepoan harri baten ezartzea litzateke hori: gainera, diruagatik ezkonduz geroz, zer bilakatzen dira gure ohore-sentimenduak, gure noblezia? Hobe da horretarakotz egun berean lotzea giza konbentzioen kontrako borrokari. Ez litzateke deus emakume baten aitzinean suge bat irudi herrestan ibiltzea, haren amaren oinen milikatzea, zerrama baten higuinarazteko gisako ttipikerien egitea, ufa! zoriona atzeman bazeneza bederen. Baina estoldetako harriak bezain zorigaiztokoa izanen zara hola esposaturikako emazte batekin. Hobe du, hagitzez ere, gizasemeekin gerla egiteak nor bere emaztearekin gatazkan ibiltzeak baino. Horra bizitzaren bidegurutzea, gazte, hauta ezazu. Hautua egina duzu: joana zara Beauséanteko zeure lehengusinarenerat, eta luxua usaindua duzu han. Joana zara Restaudeko anderearenerat, Goriot zaharraren alabarenerat, eta Pariseko urrina usaindua duzu han. Egun horretan kopetan hitz bat izkiriatua zenuela itzuli zinen, nik ongi irakurtzen jakin dudana: gora heldu! gora heldu gostaia gosta. Brabo! erran nuen neure baitan, horra puttiko bat begikoa dudana. Diruz behartu zinen. Non erdiets? Arrebak odolustu dituzu. Anaia guztiek dituzte, gehiago edo gutiago, arrebak larrutzen. Zure mila eta bortzehun liberek, ehun soseko txanponak baino gaztaina gehiago aurkitzen den herri batean, Jainkoak daki nola! ateratuek, soldaduek harrapaketan bezala eginen dute hanka. Gero, zer eginen duzu? lanean hasiko? Lanak, une honetan endelegatzen duzun bezala endelegaturik, gela bat ematen die amatto Vauquerenean Poireten indarreko tipoei zahartzaroan. Fortunaren laster eskuratzea da une honetan berrogeita hamar mila gaztek, denak ere zure heinean kausitzen baitira, ebatzi asmo duten problema. Zenbaki horretako ale bat baizik ez zara zu. Pentsa egin behar dituzun eginahalei eta gudukaren ankerrari. Poto baten barnean dauden armiarmek bezala jan beharko duzue elkar, ez baita berrogeita hamar mila plaza on. Badakizua jendeek nola urratzen duten beren bidea hemen? jeinuaren argitasunagatik edo ustelkeriaren trebetasunagatik. Kanoi-bala bat irudi behar da giza oste horretan sartu, edo izurrite baten antzera lerratu bertzenaz. Zintzotasunak ez du deusetako balio. Jeinuaren boterearen azpirat makurtzen gara, hura aiher dugu, izena belztu nahi diogu, partitu gabe hartzen duelakotz; baina makurtzen gara irauten badu; hitz batez, belauniko adoratzen dugu lohi pean ehortzi ezin izan dugunean. Ugari da ustelkeria, bakan talentua. Ustelkeria, hortaz, erruz dabilen mediokritatearen arma dugu, eta nonahi susmatuko duzu haren eztena. Ikusiko dituzu emakumeak zeinen senarrek sei mila liberako soldatak baitauzkate denetako, eta jantzitan hamar mila liberaz goiti xahutzen dutenak. Ikusiko dituzu mila eta berrehun libera irabazten duten enplegatuak lur-sail erosten. Ikusiko dituzu emakumeak prostituitzen Frantziako pare baten semearen kotxean joan ahal izateko, zeinak Longchamp-en erdiko galtzadan lasterka joatea baitauka. Ikusi duzu Goriot babalore gaixo hori alabak sinatu zor-agiriaren ordaintzera behartua, haren senarrak berrogeita hamar mila liberako errenta daukan arren. Ezetz Parisen bi urrats eman infernuzko jukutriarik aurkitu gabe. Neure burua eginen nuke uhaza hauetako baten kontra liztor-habia batean eroriko zarela laket duzun lehen emakumearekin, izan ledin aberats, eder eta gazte. Legeek hertsatuak dira denak, beren senarrekin gerlan ororen karietara. Ez nuke inoiz bukatuko esplikatu behar banizu zer azpijoko erabiltzen dituzten amoranteengatik, pildengatik, haurrengatik, familiagatik ala banokeriagatik, bakan bertuteagatik, zaude segur horretaz. Beraz, denen etsaia da gizon onesta. Baina zer da bada, zure ustez, gizon onest bat? Parisen, isildu eta partekatzeari uko egiten diona da gizon onesta. Ez natzaizu mintzo esklabo gaixo horiez, beren ordaina sekula hartu gabe, denetan lanik gogorrenak egin eta nik Jainkoaren moldagaitzen kofradia deitzen ditudanez. Izanez ere, hantxe ageri da bertutea bere guztizko ergelkerian, baina han da miseria baita ere. Hemendik ikusten dut jende prestu horien keinua Jainkoak azken judiziorat ez agertzearen arraileria gaiztoa eginen baligu. Horrela bada, fortuna laster nahi baldin baduzu, aberatsa behar duzu jadanik, edo eta aberats irudi egin. Hemen aberasteko, kolpe hautak eman beharra da; iraun bertzerik ez duzu eginen bertzenaz, eta gaitzerdi! Baldin eta, har ditzakezun ehun ogibideetan, hamar gizon baldin badira fite aberasten direnak, jendeek lapur deitzen dituzte. Atera zeure ondorioak. Horra bizitza den bezalakoa. Hori ez da sukaldea baino ederragoa, hark adina kirasten du, eta eskuak zikindu behar azpijanean jardun nahi izatera; jakin ezazu bederen ongi ikuzten: hortxe dago gure garaiko moral guztia. Munduaz honela hitz egiten badizut, hartako eskubidea eman dit, ezagutzen dut. Gaizki erranka ari naizela uste duzua? inolaz ere ez. Horrelakoa izan da beti. Moralistek ez dute sekula aldatuko. Gizona inperfektua da. Batzuetan bertzeetan baino hipokritagoa da, eta baduela edo ez duela ekandurik diote orduan zozoek. Ez ditut aberatsak akusatzen populuaren fagore: gizona bera da goian, behean, erdian. Goi-azienda klase horretako milioi buruko hamar tipo ausart kausitzen dira ororen gainean, are legeen gainean ere, jartzen direnak; haietarik nauzu ni. Zu, goi-mailako gizona bazara, zoaz zuzen-zuzena eta burua gora. Beharko duzu alta borroka egin bekaizgoaren, gezur beltzaren, mediokritatearen kontra, mundu guztiaren kontra. Napoleonek Aubry izeneko gerla-ministro batekin egin zuen topo, eta gutik egin zuen ez baitzuen kolonietarat bidali. Pentsa ezazu ongi! Beha ea goiz oro jaikitzen ahalko zaren bezperan baino gogo handiagoarekin. Aieru hauetan, inork arbuiatuko ez lukeen proposamena eginen dizut. Entzun ongi. Nik badut asmo bat, aizu. Patriarken antzera bizitzera joan nahi dut ehun mila goldeko-edo etxalde handi batean, Estatu Batuetan, hegoaldean. Landatzailea nahi nuke han izan, esklaboak eduki, milioixka eder batzuk irabazi neure abelgorriak, neure tabakorria, neure zura salduz, errege bat irudi biziz, neure nahiak eginez, hemen, non bakoitza bere kisuzko gordagian kukuturik bizi baikara, ezin-pentsatuzkoa den bizimolde bat eramanez. Poeta handi bat naiz ni. Ez ditut neure poesiak izkiriatzen: ekintzak eta sentimenduak baitira izan. Badauzkat une honetan berrogeita hamar mila libera, doi-doia berrogei beltz emanen lizkidaketenak. Berrehun mila libera behar ditut, berrehun beltz nahi baititut, patriarken antzera bizi eta neure gogoaren betetzeko. Beltzak, aditzen duzua? haur kozkortu erosi batzuk dira zeinekin nahi duzun guztia egin baitezakezu, hargatik inongo erret abokatu begiluzerik etorriko ez zaizula horretaz kontu eskatzen. Kapital beltz horrekin, hamar urteren buruan hiruzpalau milioi ukanen ditut. Ongi helduz geroz, inork ez dit galdetuko: «Nor zaitugu?» Jaun Laur-Milioiduna izanen naiz, Estatu-Batuetako hiritarra. Berrogeita hamar urte izanen ditut, oraino usteldu gabe egonen naiz, neure gisara dibertituko naiz. Bi hitzez, milioi bateko ezkon saria eskuratzen badizut, berrehun mila libera emanen dizkidazu? Ehuneko hogeiko komisioa, aizu! garestiegia ote da hori? Moldatuko zara zeure emazteñoak maita zaitzan. Behin ezkondurik, arrangurak, barne-aladurak agertuko dituzu, triste irudi eginen hamabortz egunez. Gau batean, zenbait ziminokeriaren ondoan, bi musuren artean, berrehun mila liberako zorrak dituzula gaztigatuko diozu zeure emazteari, erraten diozula: «Ene maitea!» Komedia bitxi hori egun oro jokatzen dute gazterik gailenenek. Andere gazte batek ez dio moltsa ukatzen bere bihotzaren jabe denari. Zer uste duzu, horretan zerbait galduko duzula? Ez. Aurkituko duzu bidea zeure berrehun mila liberak afera batean berriz irabaztekoa. Zeure diruaz eta zeure adimenduaz, desira dezakezun bezainbateko fortuna bilduko duzu. Ergo, sei hilabeteko epean, egina izanen duzu zeure zoriona, emakume maitagarri batena eta zeure aitatto Vautrinena, zeure familiarena kontatu gabe, neguan, egurraren eskasaz, bere eriei fu eman beharrean kausitzen denarena. Ez zaitez barri ez proposatzen, ez eskatzen dizudanaz! Parisen egiten diren hirurogei ezkontza ederretarik, berrogeita zazpi badira holako salerospenak ekartzen dituztenak. Notarien Ganbarak bortxatua du jaun...

        — Zer egin beharra dut? erran zuen irrikaz Rastignacek Vautrini etenez.

        — Deus ez kasik, erantzun zuen gizon horrek oharkabez bozkario-mugimendu bat eginez, bere amu-hagaren muturrean arrain bat susmatzen duen arrantzalearen begitarte sorraren irudikoa. Entzun iezadazu ongi! Neskatxa dohakabe eta lander baten bihotza amodioz betetzeko irrikarik handiena duen esponja da, esponja idor bat sentimendu-xorta bat erori ordukotz zabaltzen dena. Gortearen egitea bakartasunean, etsipenean eta pobrezian etorkizunak ekarriko dion zortea hauteman gabe kausitzen den neska gazte bati! to! hori zera bezalakoa da: eskutan hamabortz eta hamalau edukitzea, loteriako zenbakien jakitea, eta albisteen berri jakinki burtsan jokatzea. Ezin-hautsizko ezkontza eraikiko duzu pilare sendo batzuen gainean. Datozkiola milioiak neskatila horri, hark zangoetarat jaurtikiko dizkizu, harkoskorrak bailiran. «Har ezazu, ene laztana! Har ezazu, Adolphe! Alfred! Har ezazu, Eugène!» erranen du baldin eta Adolphek, Alfredek edo Eugènek harengatik sakrifikatzeko zentzu ona izan badute. Nik sakrifiziotzat hartzen dudana da jantzi zahar baten saltzea zuek biak Cadran-Bleu-rat joan ahal izateko, ziza-opila batzuen jatera elkarrekin; handik, arratsean, Ambigu-Comique-rat; da norbere erlojuaren Bahitetxean ezartzea hari xal baten erregalatzeko. Ez natzaizu mintzo ez amodioaren ihakinaz, ezta emakumeek hain laket dituzten fitskeriez ere, hala nola, konparazio, bat haiengandik hurrun delarik ur tantoen botatzea gutunerat, negarrak bailiran: ongi baino hobeki dakizulakoan nago ni bihotzaren argota. Paris, ikusten duzu, Mundu Berriko oihan bat bezalakoa da, non hogei basa-leinu mota mugitzen baitira artega, Illinoistarrak, Hurondarrak, gizarte-ehiza batzuek eta bertzeek ematen duten fruitutik bizi direnak; zu milioien ehiztaria zara. Horien hartzeko, ibiltzen dituzu arteak, segadak, apeguak. Ehiza-molde bat baino gehiago badira. Batzuek ezkon sariak ehizatzen dituzte; bertzeek likidazioak; honakoek kontzientziak arrantzatzen dituzte, harakoek beren abonatuak saltzen zangoz eta eskuz estekaturik. Ehiza-zakua ongi horniturik itzultzen dena agurtua da, goretsia, onartua, gizarte onean. Egin diezaiogun justizia lur abegikor honi, tratutan zara munduan den hiririk adeitsuenarekin. Baldin eta Europako hirinagusi guztietako aristokrazia harroek ez badute beren lerroetan milioidun doilor bat onartu nahi, Parisek besoak dizkio luzatzen, lasterka joaten haren festetarat, haren apairuak jaten, eta haren desohorearekin topa egiten.

        — Baina non aurki holako neska bat? erran zuen Eugènek.

        — Hortxe duzu, zeure aitzinean!

        — Andereño Victorine?

        — Justuki!

        — Eh! nola?

        — Maite zaitu jadanik, zeure Rastignaceko baronesattoak!

        — Sosik ez dauka ordea, segitu zuen Eugènek harriturik.

        — Ah! heldu gara azkenean. Bi hitz gehiago, erran zuen Vautrinek, eta dena argituko da. Aita Taillefer zirtzil zahar bat duzu Iraultza denboran bere adiskideetako bat hilarazi omen zuena. Ene puttiko horietako bat da, bere eskukoa dena iritzietan. Bankaria da, Fréderic Taillefer eta konpainia etxearen partalier nagusia. Seme bakarra du, zeinari bere ondarea nahi baitio utzi, Victorineren kaltez. Nik ordea ez, bada, injustizia horiek laket. Don Kixote irudia nauzu, atsegin dut ahularen alde egitea indartsuaren kontra. Baldin eta Jainkoaren borondatea hari bere semearen edekitzea balitz, Tailleferek bere alaba onartuko luke berriz; ezein oinordeko ukan nahi luke, giza naturalezan den ergelkeria bat, eta hark ezin du jadanik haurrik izan, nik badakit. Victorine eztia eta gisakoa da, aita aurki izanen du zakurat bildua, eta Alemaniako ziba bat bezala itzulikaraziko du sentimenduaren zigorraz. Sentiberaegi izanen da zure amodioaren alderat zutaz ahanzteko, harekin esposatuko zara. Nik probidentziaren egitekoa hartuko dut neure gain, Jainkoa eskuratuko dut. Badut adiskide bat zeinarentzat ahal izan dudan guztia egin baitut, Loirako armadako koronel bat erregeren guardian enplegatu berria dena. Ene aburuak entzuten ditu, eta erregezale egin da txit: ez da beren iritziak atxikitzen dituzten ergel horietarik. Oraindik aholku bat baldin badut zuri emateko, ene aingerua, zeure iritziei zeure hitzei baino gehiago ez atxikitzekoa da bera. Eskatzen dizkizutenean, sal itzazu. Iritziz sekula ez aldatzeaz arrandiatzen den gizona da gizon bat beti zuzenean joatera tematzen dena, ertzo bat infalibilitatean sinesten duena. Ez da hatsarririk, gertakariak bertzerik ez da; ez da legerik, zirkunstantziak bertzerik ez da: goi-mailako gizona gertakariekin eta zirkunstantziekin esposatzen da haien gidatzeko. Hatsarririk eta lege finkorik balitz, herriek ez lituzkete aldatuko guk atorraz aldatzen dugun bezala. Gizona ez omen da nazio osoa baino zentzudunagoa. Frantziari zerbitzurik gutien egin dion gizona, gorriak ikusi dituelako arrazoi bakarragatik, fetitxe beneratu bat da, gehienaz ere Kontserbatorian paratzeko balio duena, makinen artean, la Fayette txartelarekin; aldiz, denek harrika egiten dioten printzeak, eta zeinak gizateria aski mesprezatzen baitu hark eskatzen bezainbat zin egoztekotz baten aurpegirat, Frantziaren zatikatzea eragotzi duelarik: koroak zor izan, eta lohia botatzen diote. Oi! Aferak ezagutzen ditut nik! hamaika gizonen sekretuen berri badut nik! Aski da. Ezin-kordokatuzko iritzia izanen dut hirur buru hatsarri baten erabileraz akort aurkitzen ditudan egunean, eta luzaz igurikiko dut! Ez dira aurkitzen tribunaletan hirur juje legearen artikulu batez aburu bera dutenak. Neure gizonaganat itzultzen naiz. Jesus-Christ birgurutzefika liro erran baniezaio. Bere aitatto Vautrinen hitz bakar batekin, kereila bilatuko dio bere arreba gaixoari ehun sos ere igortzen ez dion ihizi horri, eta... hemen Vautrin jaiki, guardian jarri, eta hiltzerat tiratzen duen arma-maisu baten mugimendua egin zuen. —Eta, itzalperat! erantsi zuen.

        — Izigarria da! erran zuen Eugènek. Adarra jotzen zabiltzea, Vautrin jauna?

        — Et-et-et-et, trankil, hasi zen berriz gizon hori. Ez egin haurrarena: bizkitartean, horrek dibertituko bazaitu, samur zaitez! asalda zaitez! Errazu zital bat naizela, gaiztagin bat, zirtzil bat, ohoin bat, baina ez nazazula ez iruzurgile, ez espioi dei! Hots, errazu, huts ezazu zakua! Barkatzen dizut, hain da naturala zure adinean! Ni ere izan naiz holakoa! Egin gogoeta bederen. Okerrago eginen duzu egunen batean. Emakume politen baten lakrikuntzera joanen zara eta dirua emanen dizu. Pentsatua zara horretan! erran zuen Vautrinek; ezen, nola helduko zara ongi, zeure amodioaren gain kontatzen ez baduzu? Bertutea, ene ikasle maitea, ez da zatitzen: bada edo ez da. Geure hobenen penitentzia egiteko erraten digute. Bertze sistema polit bat, zinez, urriki-egintza baten ondorioz krimen batetik garbi uzten gaituena! Emakume baten liluraraztea gizarte-zurubiko halako mailatan jartzera heltzeko, iraka ereitea familia bateko haurrideen artean, hots, supazter baten sugainaren pean edo, bertzenaz, bat bederaren plazer ala interesaren bila egiten diren doilorkeria guztiak, uste duzua horiek fede, esperantza eta karitatezko egintzak direla? Zergatik bi hilabeteko kartzela gau batean neskato bati bere fortunaren erdia kentzen dion dandyari, eta zergatik presondegia zirkunstantzia gaizkoagarriekin mila liberako billetea ebasten duen zorigaiztokoari? Horra zuen legeak! Artikulu bat ez da zentzugabekeriarat heltzen ez dena. Eskularru eta hitz hori eta leunekiko gizonak erailketak egin ditu non ez baina odolik isurtzen, baina non odola ematen baita: eraileak ate bat ireki du giltza-orde batez: gauezko bi gauza! Nik proposatzen dudanaren eta egun batean eginen duzunaren artean, odola da desberdintasun bakarra. Zerbait finkotan sinesten duzu mundu honetan! Mespreza itzazu beraz gizonak, eta ikus zein mailatatik pasa daitekeen zeiharka Kodearen sarea. Zio ageririk gabeko fortuna handien sekretua krimen ahantzi bat da, garbiki egina izan delakotz.

        — Isilik, jauna, ez dut horretaz gehiagorik entzun nahi, neure buruaz dudaraziko nindukezu. Une honetan sentimendua dut neure zientzia guztia.

        — Zeure gustura, haur eder hori. Indartsuago uste zintudan, erran zuen Vautrinek, ez dizut deus gehiagorik erranen. Hondarreko hitz bat, alta. Irmoki behatu zion ikasleari: Badakizu ene sekretua, erran zion.

        — Errefusatzen zaituen mutil gazte batek ongi jakinen du horren ahanzten.

        — Ongi errana da hori, atsegin ematen dit. Bertze batek, ikusten duzu, ez luke hainbertze kezkarik. Oroit zaitez zugatik egin nahi dudanaz. Hamabortz egun ematen dizkizut. Hartzekoa edo uztekoa da.

        — Hau burdinazko burua gizon honek duena! erran zuen bere baitan Rastignacek Vautrinen handik lasaiki, makila besapean zihoala ikustean. Gordinki erran zidak Beauséanteko andereak molde onez erraten zidana. Altzairuzko erpeekin urratzen zidaan bihotza. Zergatik nahi ote dut Beauséanteko anderearenerat joan? asmatu ditudan bezain laster igarri ditik ene arrazoiak. Bi hitzez, maltzur horrek gizonek eta liburuek baino gauza gehiago erran zizkidak bertutearen gain. Bertuteak amore ematerik jasaten ez badu, arrebei ebatsi ote diet beraz? erran zuen moltsa mahai gainerat jaurtikiz. Jarri eta han egon zen gogoeta burtzoragarri batean murgildurik. —Bertuteari fidel izatea, martirio gain-gainekoa! Bah! mundu guztiak sinesten dik bertutean; baina nor da bertutetsua? Populuek libertatea ditek jainkoaizun; baina non da lur gainean populu libro bat? Ene gaztetasuna urdina duk oraindik hodeirik gabeko zerua bezala: handi edo aberats izan nahia, ez ote da hori deliberatzea gezur erratera, men egitera, herrestan ibiltzera, zutitzera, balakatzera, disimulatzera? ez ote da hori onartzea gezur erran, men egin, herrestan ibili direnen mirabe bilakatzea? Haien gaizkidea izan aitzin, haien zerbitzatu beharra duk. Ez, bada! Prestuki, sainduki nahi diat lan egin; gau eta egun nahi diat lan egin, neure fortuna neure lanari ez bertzeri zor izan. Fortunarik geldiena izanen duk, baina egun oro burua bat ere pentsamendu gaiztorik gabe pausatuko diat neure burkoan. Zer ote da ederragorik nork bere bizitzari behatu eta haren lili bat bezain aratz atzematea baino? Bizitza eta biak mutil gazte bat eta haren emaztegaia irudiak gaituk. Vautrinek ikusarazi zidak zer gertatzen den hamar urteko ezkontzatik lekorat. Futxo! Burua ari nauk galtzen. Ez diat deusetan ere pentsatu nahi, bihotza gidari ona duk.

        Eugène Sylvie lodiaren ahotsak izan zen bere ametsetatik ateraia jostuna han zuela erran ziolarik. Ikaslea haren aitzinerat agertu zen eskuan bere bi diru-moltsak zeuzkala, baina ez zen hargatik haserretu. Bere gau-jantziak frogatu zituelarik, erabat eraldatzen zuen bere goizeko beztimenda berria jantzi zuen berriz. —Trailleseko jaunaren betekoa nauk inolaz ere, erran zuen bere baitan. Noizbait ere badiat aitonen-seme baten traka!

        —Jauna, erran zuen Goriot zaharrak Eugènerenean sartuz, Nucingeneko anderea zein etxetarat joaten den ba ote nekien galdetu didazua?

        — Bai!

        — Ongi da! heldu den astelehenean Carigliano marexalaren dantzaldirat joanen da. Han izan ahal bazaitezke, erranen didazu ea ene bi alabak biziki dibertitu diren, nola egonen diren apainduak; den-dena, hitz batez.

        — Nola jakin duzu hori, ene Goriot ona, erran zuen Eugènek bere suaren ondoan jarrarazten zuela.

        — Haren andere ganbarazainak erran dit. Egiten duten guztia dakit Thérèse eta Constanceren bidez, segitu zuen arraiki. Agureak irudi zuen maitale bat artean ere sobera gaztea, bere amorantearekin, honek hargatik bat ere susmatu gabe, harremanetan jartzen ahal duen amarru batez alegeratzeko. —Ikusiko dituzu! erran zuen halako bekaitz mingarria adieraziz lañoki.

        — Ez dakit, erantzun zuen Eugènek. Beauséanteko anderearenerat joanen naiz ea marexalaren anderea aurkezten ahal didan.

        Eugènek halako barne-bozkario batez pentsatzen zuen handik goiti jantziko zen bezala jantzia agertzea bizkondesarenerat. Moralistek giza bihotzaren leizeak deitzen dituztenak pentsamendu etsigarriak, norberaren interesaren mugimendu nahigabekoak dira soilki. Goiti-beheiti horiek, hainbertze kexuren sujeta, bat-bateko itzultze horiek, gure gozamenen fagore eginikako kalkuluak dira. Bere burua jantzi onez, eskularru onez, bota onez ikusirik, Rastignacek bere delibero bertutetsua ahantzi zuen. Gaztaroa ez da kontzientziaren mirailean bere buruaren behatzera ausartzen kontzientzia hori injustiziaren alderat makurtzen denean, helaroak ordea bere burua ikusia duelarik ispilu horretan: hortxe datza bizitzako bi atal horien arteko alde guztia. Duela zenbait egun, bi auzoak, Eugène eta Goriot zaharra, adiskide onak bilakatuak ziren. Haien adiskidetasun sekretuak Vautrinen eta ikaslearen artean kontrako sentimenduak sorrarazi zituzten arrazoi psikologikoak zituen oinarri. Gure sentimenduek mundu fisikoan dituzten ondorioak egiaztatu nahi dituen filosofo ausartak haien egiazko materialitatearen froga bat baino gehiago edirenen ditu, dudarik gabe, gure eta animalien artean sortzen dituzten harremanetan. Zein fisionomistak sumatzen du ezaugarri bat lasterrago txakur batek ezezagun batek maite duenetz igartzen baino? Atomo makoak, denek darabilgun zuhur-hitza, antzinako hitzen zurikinen mazatzea laket dutenek aztergai dituzten ertzokeria filosofikoen gezurtatzeko mintzairetan gelditzen diren egitate horietakoak dira. Bat maitatua sentitzen da. Sentimendua gauza guztiei eransten zaie eta eremuak iragaten ditu. Gutun bat arima bat da, hain da hitz egiten duen ahotsaren oihartzun fidela non izpiritu minberek amodioaren altxorrik jorienen artean ematen baitute. Goriot zaharra, zeina bere sentimendu burugabeak txakur-izaeraren goreneraino goratzen baitzuen, usnaturik zegoen ikaslearen bihotzean haren alderat erneak ziren urrikalmendua, mirespenezko onginahia, gaztezutuko begikotasunak. Bizkitartean elkarganatze jaioberri horrek ez zuen artean ere inolako konfidentziarik ekarri. Baldin eta Eugènek Nucingeneko anderearen ikusteko gogoa erakutsia bazuen, ez zen agurearen gain kontatzen zuelakotz honek bere alabarenean sar zezan, baina zuhurgabekeria bat laguntza handikoa izanen zitzaiolakoan baitzegoen. Goriot zaharrak ez zion bere alabez hitz egin ezpada bere bi bisiten egunean jendeen aitzinean erratera ausartu zenaren karietara. —Ene jaun maitea, erran zion biharamunean, nolaz pentsatu ote duzu Restaudeko andereak aiher zaituela ene izena erran duzulakotz? Asko maite naute neure bi alabek. Aita zoriontsua naiz. Soilki, bi suhiak jokatu dira gaizki enekin. Ez ditut haur maite horiek sufriarazi nahi izan haien senarrekin ditudan tirabirengatik, eta nahiago izan dut haiek isilpean ikusi. Misterio horrek mila gozamen ematen dizkit, bertze guraso beren alabak nahi dutelarik ikus ditzaketenek konprenitzen ez dituztenak. Nik ezin dut, konprenitzen duzua? Orduan, aro ona delarik, Champs-Élyséesetarat joaten naiz, andere ganbarazainei galdetu eta gero ene alabak jalgitzekoak direnetz. Zain egoten naiz haiek noiz pasatuko, bihotzak pil-pil egiten dit kotxeak arribatzen direlarik, beren jantzi ederretan miresten ditut, iraganez bidenabar irriño bat eskaintzen didate naturaleza urreztatzen didana bere hartan eguzki eder zenbaiten errainu bat eroriko bailitzan. Eta hantxe gelditzen naiz, haiek berriz noiz etorriko zain. Hartzara ikusten ditut! haizeak on egiten die, arrosa-kolorea dute. Neure inguruan aditzen dut erraten: Hau da emakume ederra hau! Bihotza alegeratzen dit horrek. Ez dea bada ene odola! Harat-honat daramatzaten zaldiak ere maite ditut, eta haien belaunen gaineko xakurñoa nahi nuke izan. Haien plazeretatik bizi naiz. Nork bere maitatzeko moldea du, eneak ez dio hargatik kalterik egiten inori, zergatik axolatzen da mundua nitaz? Uros naiz neure gisara. Legeen kontrakoa ote da neure alaben ikustera joan nadin, arratsean dantzaldirat joateko beren etxeetatik jalgitzen direnean? Neure bihozmina berantegi heldu eta erraten badidate: Anderea jalgia da. Gau batez goizeko hirurak arte iguriki dut Nasieren, hondar bi egunean ikusi gabea nuenaren, ikusteko. Atseginez lehertzear izan naiz! Otoi, ez zaitez nitaz mintza ene alabak zein onak diren errateko ez bada. Zernahi erregali suertez nahi naute bete; nik hori galarazten diet, erraten diet: «Gorde zuen dirua! Zer nahi duzue hartaz egin dezadan? Ez dut haren beharrik bat ere.» Izan ere, ene jaun maitea, nor ote naiz ni? hilotz ziztrin bat, arima ene alabak dauden leku guztietan duena. Nucingeneko anderea ikusia izanen duzularik, erranen didazu zein duzun bietarik nahiago, erran zuen gizagaixoak lipar batez isilik egon ondoan ikusi zuenean Eugène partitzera zihoala Tuileries-etarat egurastera joateko Beauséanteko anderearenerat agertzeko tenorea etorri bitartean.

        Ibilaldi hori zorigaiztokoa izan zen ikaslearentzat. Zenbait emakumek begiz jo zuten. Hain zen eder, gazte eta gustu oneko dotoreziaz ageri! Arta bat kasik mirespenezkoa biltzen zuela ikusiz, istantean hastandu zitzaizkion gogotik alaba eta izeba larrutuak, hala nola bere higuin bertutetsuak ere. Ikusia zuen bere buruaren gainetik iragaten hain erraz aingerutzat hartzen dugun deabru hori, hego koloreztatuko Satan hori, errubiak ereiten dituena, bere urrezko geziak jauregien aitzinalderat jaurtikitzen, emakumeak purpuraztatzen, tronuak, hain xumeak beren hastapenean, distira ergel batez janzten; entzuna zuen banokeria zirtakari horren jainkoa zeinaren girgileria ahal-sinbolotzat hartzen baitugu. Vautrinen eleak, nahi bezain zinikoak izan zirelarik ere, birjina baten oroimenean «Urrea eta amodioa burrustan!» erran dion lupeme zahar baten aurpegi-orraze doilorra finkatzen den bezala ostatu hartuak zeuden haren bihotzean. Ezaxolki alderrai ibili ondoan, bortzak man Eugène Beauséanteko anderearenerat agertu zen, eta gazteak beraiei buru emateko armarik gabe kausitzen diren ukaldi latz horietako bat hartu zuen han. Adikortasun fin horrez, hots, hezkuntza aristrokratikoak emanikako grazia ezti eta bihotzetik etorri ezik osoa ez den horrez betea atzemana zuen ordudaino bizkondesa.

        Sartu zenean, Beauséanteko andereak keinu idor bat egin eta ahots laburrez erran zion: —Rastignaceko jauna, ezinezkoa zait zure ikustea, une honetan bederen! egitekoak ditut...

        Soegile batentzat, eta Rastignac laster bihurtu zen soegile, erran hori, keinua, behakoa, ahotsaren inflexioa, kastaren izaeraren eta ohituren kondaira ziren. Burdinazko eskua nabaritu zuen belusezko eskularruaren pean; nortasuna, berekoikeria, moldeen pean; egurra, bernizaren pean. Aditu zuen, finean, tronuaren gaindorren pean hasi eta azken aitonen-semearen kaskagainaren azpian bukatzen den NI ERREGE-a. Eugène errazegi abandonatua zen emakumearen prestutasunean sinesteko berak emanikako hitzaren gainean. Malerus guztiak bezala, fede onez sinatua zuen ongilea zordunari lotu behar duen hitzarmen atsegingarria, eta zeinaren lehen artikuluak guztizko berdintasuna sendesten baitu bihotz handien artean. Ongintza, bi izaki bakar batean elkarretaratzen dituena, da grina zerutiar bat hain konprenigabea, hain bakana nola egiazko amodioa. Bata eta bertzea arima ederren oparotasuna dira. Rastignacek Cariglianoko dukearen dantzaldiraino nahi zuen heldu, eta ihes egin zion ekaitz horri.

        — Anderea, erran zuen ahots hunkitu batez, gora handiko zerbaitengatik ez balitz, ez nintzatekeen zure gogaitzera etorri; izan zaitez zu geroago ikustera uzteko bezain atsegina, igurikiko dut.

        — Ongi da! etor zaitez enekin afaltzera, erran zuen andereak nahasikara bere hitzetan ezarria zuen gogortasunaz; ezen emakume hori zinez handia bezain ona zen.

        Bat-bateko gibeleratze horrek ukiturik egonagatik, Eugènek bere baitan erran zuen handik zihoala: «Apal hadi, jasan ezak dena. Zer izanen dira bertze emakumeak, baldin eta, une batez, emakumerik hoberenak ere bere adiskidetasun-agintzak ahantzi eta zapata zahar baten antzera ibiltzen bahau? Nor bere buruarentzat, hortaz? Egia duk haren etxea ez dela botiga bat, eta oker naizela haren beharra ukanez. Hemen, Vautrinek dioenaz, kanoi-bala bihurtu beharra duk.» Ikaslearen gogoeta garratzak laster izan ziren bizkondesarenean afalduz erdiestea espero zuen plazerak barreiatuak. Hala, halako fatalitate-suerte batengatik, haren bizitzako gertakaririk xumeenak elkartu ziren urratu beharra zuen bide horretarat bultzatzeko, non, Maison-Vauquereko esfinge beldurgarriaren arabera, beharrezkoa izanen baitzuen, gudu-zelai batean bezala, hilaraztea hila ez izateko, trunparaztea trunpatua ez izateko; non mugan beharko baitzuen bere kontzientzia, bere bihotza utzi, mozorro bat jantzi, gizonez urrikaldu gabe jokatu, eta, Lazedemoniok bezala, inork ikusi gabe bere fortuna hartu, koroaren merezient izatekotz. Bizkondesarenerat itzuli zelarik, betidanik erakutsi izan zion onginahi adeitsu horrez beterik ediren zuen. Biak elkarrekin joan ziren jangela baterat non bizkondeak bere emaztea igurikitzen baitzuen, eta non bere distira osoan ageri baitzen, Restaurazioaren pean, denek dakitenaz, goieneko gradurat eramana izan zen mahaiaren luxu hori. Beauséanteko jaunak, anitz jende nardaturen antzera, ez zuen kasik bertze plazerik mahai onarenak baino; sabelzaintzaren eretzean Louis XVIII.aren eta Escars-eko Dukearen eskolakoa zen. Haren mahaiak luxu bikoitza eskaintzen zuen beraz, edukigailuarena eta edukiarena. Egundaino ez zuten Eugèneren begiek halako ikuskizun-suerterik ikusi, lehen aldikotz afaltzekoa baitzen gizarteko handitasunak etorkiz beretzen dituzten etxe horietako batean. Modak kendu berriak zituen lehenago Inperioko dantzaldiei akabera ematen zieten afariak, non militarrek indarrak bildu beharra baitzuten nola barnean hala kanpoan aiduru zituzten guduka guztietarako prestatzeko. Eugène dantzaldietarat soilik joana zen artean ere. Geroago hain eminentki bereiziko zuen zentzutasunak, eta jadanik hartzen hasia zenak, adurra zeriola teteletzetik libratu zuen. Baina ikusiz zilarreria zizelkatu hori, bai eta mahai jori baten mila bilakuntzak ere, lehen aldikotz miretsiz harrabotsik gabe eginikako zerbitzu bat, zaila zen irudimen suharreko gizon batentzat ez nahiago izatea bizitza etengabe dotore hori biharamunean hasi-asmo zuen gabeziako bizitza baino. Pentsamenduak lipar batez bere pentsiorat ohildu zuen; hain zen barnatik izitu horretaz non handik urtarrilean alde egitea zin egin baitzuen bere baitan, hala etxe garbi baterat joateko nola Vautrinengandik ihes egiteko, zeinaren esku zabala bizkar gainean nabari batzuen. Gogoan hartuz geroz ustelkeriak, mintzodunak nahiz mutuak, Parisen hartzen dituen mila itxurak, zentzu oneko gizon batek bere artean galdetzen du ea zer aberraziorengatik ezartzen duen han Estatuak eskolarik, elkarretaratzen gazte-jenderik, nolaz emakume politak diren han errespetatuak, nolaz kanbiatzaileek metatu urrea ez den magikoki haien saskittoetatik bat-batean aienatzen. Baina kontutan hartuz geroz guti direla krimenak, are delituak ere, gazteek eginikakoak, zer begirune ez dugu agertu behar Tantalo horien alderat, elkar gudukatzen duten eta kasik beti garaitiar diren Tantalo pazient horien alderat! Ongi deskribatua baledi Parisen kontrako bere borrokan, egungo gure zibilizazioaren sujetik lazgarrienetako bat horni lezake ikasle dohakabeak. Beauséanteko andereak alferretan behatzen zion Eugèneri mintzatzera gonbidatzeko, ikasleak ez zuen deus erran nahi izan bizkondearen aitzinean.

        — Italiarretarat eramanen nauzu egun arratsean? galdetu zion bizkondesak bere senarrari.

        — Ez dakikezu zein plazer handia hartuko nukeen zure erranak eginez, ihardetsi zuen bizkondeak ikasleari zauzka egin zion adeitasun trufari batekin, baina norbaitekin biltzera joan beharra nauzu Variétés-etarat.

        — Amorantearekin, pentsatu zuen bizkondesak.

        — Zer, arrats honetan ez duzua beraz Ajudakoa? galdetu zuen bizkondeak.

        — Ez, ihardetsi zuen bizkondesak ozpindurik.

        — Ongi da! beso bat behar baduzu baitezpada, har ezazu Rastignaceko jaunarena.

        Bizkondesak Eugèneri behatu zion irribarretsu.

        — Hagitz konprometigarria dateke zuretzat, erran zuen bizkondesak.

        — Frantsesak laket du arriskua, han loria edireten duelakotz, erran du Chateaubriandeko jaunak, ihardetsi zuen Rastignacek makurtzen zela.

        Une batzuen buruan, Beauséanteko anderearen ondoan, coupé zalu batean, modako teatrorat izan zen eramana, eta sorginkeriaren bat ote zen pentsatu zuen aitzinaldeko gela batean sartu eta bere burua hantxe ikusi zuenean, zoragarri apaindurik zegoen bizkondesarekin batean, largabista guztien xede. Enkantamendurik enkantamendu zebilen.

        — Enekin mintzatu beharra zara, erran zion Beauséanteko andereak. Ah! soizu, horra Nucingeneko anderea guretik hirur gelatarat. Haren ahizpa eta Trailleseko jauna bertze aldean dira.

        Hitz horiek erranez, bizkondesak Rochefideko andereñoak egon behar zuen gelarat behatzen zuen, eta, han Ajudako jauna ez ikusiz, berebiziko distira hartu zuen haren irudiak.

        — Xarmangarria da, erran zuen Eugènek Nucingeneko andereari so egin ondoan.

        — Betileak horailak ditu.

        — Bai, baina zein gerri mehe pollita!

        — Eskuak lodiak ditu.

        — Eta zoragarriak begiak!

        — Aurpegia luzekara du.

        — Luzetasunak gailentasuna ematen du baina.

        — Bai zortea duela orduan. Beha ezazu nola hartzen eta kentzen dituen sudur-aizturrak! Mugimendu guztietan ageri zaio Gorioten hazia, erran zuen bizkondesak Eugèneren harrialdura handitako.

        Izan ere, Beauséanteko andereak sala arakatzen ziharduen bere largabistekin eta ez bide zion kasurik egiten Nucingeneko andereari, zeinaren keinurik bat ere ez baitzuen hargatik galtzen. Biltzarra eztiki ederra zen. Nucingeneko Delphinek ez zuen harrotasun tikirik, ez, bera izateaz Beauséanteko anderearen lehengusu gazte, eder eta dotorearen jabe bakarra, Eugènek hari baizik ez zion behatzen.

        — Zeure behakoez estaltzen segitzen baduzu, eskandalua sortuko duzu, Rastignaceko jauna. Ez duzu deus erdietsiko, jendeen kontra horrela oldartzen bazara.

        — Ene lehengusina maitea, erran zuen Eugènek, babes handia eman didazu jadanik; nahi baduzu zeure lana bukatu, zerbitzu bat errendatzea baizik ez dizut eskatzen, alegia zuri neke guti emanen eta eni on handia eginen didan zerbitzu bat. Maitemindurik nago.

        — Dagoenekotz?

        — Bai.

        — Eta emakume horrez?

        — Bertze nonbaiten entzun litezkea bada ene pretentsioak? erran zuen ikasleak behako sakon bat jaurtikiz bere lehengusinari. Cariglianoko andere dukesa Berry-ko andere dukesari lotua da, hasi zen berriz eten baten ondoan, harekin behar duzu mintzatu, otoi aurkez iezadazu bera eta eraman nazazu astelehenean emanen duen dantzaldirat. Nucingeneko anderea ikusiko dut han, eta neure lehen borrokaldia izanen.

        — Gogotik, erran zuen andereak. Jadanik hartaz laketua baldin bazaude, oso ongi doaz zure bihotz aferak. Horra de Marsay printzesa Galathionne-ren gelan. Nucingeneko anderea sufritzen ari da, hisi gaiztoan dago. Une hoberik ez da emakume batenganat, oroz gain bankari-emakume batenganat, hurbiltzeko. Chaussée-d'Antineko dama horiek mendekuzaleak dira denak.

        — Zer eginen zenuke bada zuk halako kasuan?

        — Nik isilean sufrituko nuke.

        Une hartan Ajudako markesa agertu zen Beauséanteko anderearen gelan.

        — Alde bat utzi ditut neure egitekoak zurekin biltzera etortzeko, erran zuen markesak, eta sakrifizio bat izan ez dadin gaztigatzen dizut.

        Bizkondesaren aurpegiaren distirek egiazko maitasunaren agerbideei antz ematen erakutsi zioten Eugèneri, bai eta beroriek Pariseko lakrikunkeriaren sino-minoekin ez nahasten ere. Bere lehengusina miretsi zuen, mututu zen eta bere tokia Ajudako jaunari utzi zion hasperen eginez. Zein izaki prestua, zein izaki sublimea den hala maite duen emakumea! erran zuen bere baitan. Eta gizon honek panpina batengatik salduko ote luke? nolaz sal ote daiteke?» Halako haur-errabia bat nabaritu zuen bihotzean. Nahiago izan zukeen Beauséanteko anderearen oinetarat amildu, deabruen boterea desira zuen haren bihotzean nagusitu ahal izateko, arranoak ahuña xuri oraindik ere bularra hartzen duena ordokitik bere habiarat altxatzen duen bezala. Umiliaturik zegoen edertasunaren Museo handi horretan bere taula gabe, bere amorantea gabe kausitzeaz. «Amorante baten ukaitea erregeen pare egotea da kasik, erraten zion bere buruari, boterearen sinboloa duk!» Eta gizon iraindu batek nola behatzen dion bere arerioari, halaxe behatu Zion Nucingeneko andereari. Bizkondesa harenganat itzuli zen begi-kliskako batez mila esker emateko erakutsirikako zuhurtziagatik. Lehen agerraldia bururatua zen.

        — Aski ezagutzen duzua Nucingeneko anderea Rastignaceko jaunaren hari aurkezteko? erran zion Ajudako jaunari.

        — Atsegin handia emanen dio baina jaunaren ezagutzeak, erran zuen markesak.

        Portugaldar ederra jaiki zen, ikaslearen besoa hartu zuen, zeina begi-kliskako batez Nucingeneko anderearen ondorat bildu baitzen.

        — Andere baronesa, erran zuen markesak, ohore dut zuri Rastignaceko zaldunaren, Beauséanteko anderearen lehengusuaren, aurkeztea.

        Hain diozu bihotz-zimiko bizia eragiten, non bere idoloarenganat hurbiltzen dudala nahi izan baitut haren zoriona osatu.

        Hitz horiek izan ziren erranak arraileri doinu-suerte batez zeinak errazago pasarazten baitzuen pentsamendu anker samarra, baina zeinak, ongi itxuraturik, sekula ez baitu emakume bat minberatzen. Nucingeneko andereak irribarre egin zuen, eta bere senar jalgi berriaren tokia eskaini Eugèneri.

        — Ez naiz ausartzen enegandik hurbil geldi zaitezen proposatzera, jauna, erran zion. Beauséanteko anderearen ondoan egoteko zoriona izanez geroz, han behar da gelditu.

        —Baina, erran zion ahapetik Eugènek, iruditzen zait, anderea, ene lehengusinaren gustua eginen badut, zugandik hurbil egonen naizela. Jaun markesa etorri aitzin, zutaz eta zure izate guztiaren bikaintasunaz ari ginen solasean, erran zuen ozenki.

        Ajudako jauna joan zen.

        — Zinez, jauna, dio baronesak, enekin geldituko zarea? Elkar ezagutuko dugu beraz, lehendik ere banuen zure ezagutzeko desirarik biziena Restaudeko andereak emanik.

        — Hagitz emakume faltsua da bada, ez nau bere etxean errezibitu nahi izan.

        — Nola?

        — Anderea, izanen dut horren arrazoia zuri errateko zintzotasuna; baina zeure induljentzia guztia eskatzen dizut halako sekretu baten jakinarazteko. Zure aita jaunaren auzoa naiz. Ez nekien Restaudeko anderea haren alaba zenik. Hartaz laño-lañoki mintzatzeko zuhurgabekeria egin dut, eta zure ahizpa anderea eta haren senarra haserrarazi ditut. Ez zenezake asma zeinen gustu txarrekoa iruditu zaien Langeaiseko andere dukesari eta ene lehengusinari seme-alaben apostasia hori. Gertakaria kontatu diet, txoralden pare egin dute irri. Orduan izan zen, zu eta zure ahizparen artean parekotasun bat eginez, Beauséanteko anderea biziki molde onez mintzatu zitzaidanean zutaz, eta erran zidanean zein bihotz-onekoa zinen ene auzoaren alderat, Goriot jaunaren alderat. Nolaz, izan ere, ez zenuke maiteko? Hain zaitu suharki adoratzen non jeloskorturik bainauka dagoenekotz. Zutaz mintzatua gara egun goizean bi orduz. Gero, zure aitak kontatu didanaz bete-betea, egun arratsean ene lehengusinarekin afaltzean, erraten nion ezen ez zintezkeela amultsu bezain eder izan. Horren mirespen sutsua fagoratu nahiz inondik ere, Beuaséanteko andereak honat ekarri nau, hemen ikusiko zintuzkedala erraten zidala bere ohiko graziaz.

        — Nola, jauna, erran zuen bankariaren emazteak, eskerronik zor ote dizut bada jadanik? Bertze apur bat eta adiskide zaharrak izanen gara.

        — Adiskidetasunak zugandik hurbil bat ere sentimendu arrunta izan behar ez duen arren, erran zuen Rastignacek, sekula ez dut zure adiskidea izan nahi.

        Hasberriek erabiltzen ohi dituzten zozokeria estereotipatu horiek xarmantak iruditzen zaizkie beti emakumeei, eta hotzean irakurriak baizik ez dira landerrak. Mutil gazte baten zeinuak, mintzaerak, behakoak, balio asmaezinak ematen dizkiete. Nucingeneko andereak xarmangarri atzeman zuen Rastignac. Gero, emakume guztiek bezala, deus ere ezin erranez ikaslearena bezain gordinki eginikako galdeei, arras bertze gauza bati ihardetsi zion.

        — Bai, ahizpak bere buruari kalte egiten dio jokatzen den bezala jokatuz aita gaixo honekin, guretzat egiazki jainko bat izan denarekin. Nucingeneko jaunak berak behar izan dit garbiki manatu aitaren goizez baizik ez ikusteko, pondu honetaz amore eman nezan. Alabaina, zorigaiztokoa oso izan naiz luzaz hori dela kausa. Negar egiten nuen. Bortxakeria horiek, ezkontzaren aberekerien ondoan etorriek, ene ezkon bizitza gehien goibeldu zuten arrazoietako bat izan dira. Pariseko emakumerik zoriontsuena naiz eiki munduaren begietan, zorigaiztokoena baina izatez. Erotzat hartuko nauzu zuri honela mintzatzeagatik. Baina ezagutzen duzu ene aita, eta, hortaz, ez zaitezke arrotz izan enetzat.

        — Ez duzu egundaino inor ediren, erran zion Eugènek, zurea izateko desira handiagoak sustatua denik. Zer bilatzen duzue zuek guztiek? zoriona, segitu zuen arimarat zihoan ahotsaz. Ongi da! baldin eta, emakume batentzat, zoriona bada maitatua, adoratua izatea, adiskide baten ukaitea zeinari bere desirak, bere gutiziak, bere bihozminak, bere bozkarioak jakinarazten ahal baitizkio; bere arimaren biluztasunean agertzea, bere akats polit eta bere kualitate ederrekin, saldua izateko beldurrik gabe; sinets iezadazu, bihotz eskaini hori, beti ere suharra, ezin ediren daiteke baizik eta mutil gazte eta ametsez beterikako batengan, zuen zeinu bakar batez hil daitekeen, oraindik ere munduaz deus ez dakien eta deus jakin nahi ez duen mutil gazte batengan, alafede. Ni, ikusten duzu, irri eginen duzu ene lañokeriaz, probintzia baten zolatik heldu naiz, eta neure hasberrian, arima ederrak baizik ez ezaguturik, amodiorik gabe egonen nintzela uste nuen. Fortunatu zait neure lehengusinaren ikustea, zeinak bere bihotzetik hurbilegi eman bainau; pasioaren mila altxorrak asmarazi dizkit, ni naiz, Kerubin bezala, emakume guztien amorantea, haietako bati atxikitzen ahal natzaion bitartean. Zure ikustearekin, sartu naizelarik, haize-bolada batek bezala sentitu naiz zureganatua. Hainbertze pentsatua nintzen lehendik ere zutaz! Baina ez zintudan egiaz zaren bezain ederra amestu. Beauséanteko andereak zuri hainbertze ez behatzeko manatu dit. Hark ez daki zeinen liluragarria den zure ezpain gorri politen, zure azal zuriaren, zure begi hain gozoen ikustea. Nik ere erraten dizkizut erokeriak, baina utz nazazu berorien erratera.

        Deus ez dute atseginagorik emakumeek hitz gozo horiek bertzek adierazten aditzea baino. Saindu-jalerik zorrotzenak ere entzuten ditu, baita haiei ihardetsi beharrik ez duelarik ere. Horrela hasi ondoan, Rastignacek ahots lakrinkunki sor batez hustu zuen bere barnea; eta Nucingeneko andereak irriño batzuk eginez sustatzen zuen, noiztenka de Marsayri, printzesa Galathionneren gelatik joaten ez zenari, so eginez. Rastignac Nucingeneko anderearen ondoan egon zen harik eta senarra handik eramateko bila etorri zitzaion arte.

        — Anderea, erran zion Eugènek, zure ikustera joateko atsegina izanen dut Cariglianoko dukesaren dantzaldia aitzin.

        — Antereak konpitatzen zaituenaz geroz, erran zuen baroiak, Alsaziar potolo batek zeinaren gorputz biribilak halako finezia arriskugarria salatzen baitzuen, sekur izan ontsa errezipitua izanen zarela.

        — Ene aferak ezin hobeki zoazak, ez baita bat ere asaldatu erraten entzun didalarik: «Maiteko nauzua?» Ene zaldiak ahokoa paratua dik, salto egin gainerat eta goberna dezagun, erran zuen Eugènek bere baitan agur erratera joanez Beauséanteko andereari, jarlekutik jaiki eta Ajudakoarekin handik zihoanari. Ikasle gaixoak ez zekien baronesak bertze nonbait zuela gogoa, eta gutun erabakigarri arima erdiratzen duten horietako bat igurikitzen zuela de Marsayrengandik. Bere arrakasta alegiazkoagatik loriatua, Eugènek bizkondesa peristiloraino lagundu zuen, non bakoitzak bere kotxeari itxaroten baitio.

        — Zure lehengusuak ez dizu gehiago berbera irudi, erran zion portugaldarrak irriz bizkondesari Eugènek utzi zituenean. Banka zapartaraziko du. Malgua da aingira bat bezala, eta urrun joanen delakoan nago. Zuk bakarrik ahal izan diozu emakume bat eskumenean ezarri emakume horrek kontsolatu beharra dueneantxe.

        — Baina, erran zuen Beauséanteko andereak, behar da jakin ea oraindik maite duen bazterrerat uzten duena.

        Ikaslea oinez itzuli zen Teatro Italiarretik Sainte Geneviève berria karrikarat, xederik gozoenak eginez. Ongi oharturik zegoen zer artarekin aztertu zuen Restaudeko andereak, dela bizkondesaren gelan, dela Nucingeneko anderearenean, eta kondesaren atea ez ziotela gehiago hertsiko iruditu zitzaion. Hortaz, laur harreman handi eginak zituen jadanik, ezen marexalaren anderearen gustukoa izatea espero zuen, Pariseko goi-gizartearen bihotzean. Arrazoiak sobera ongi jakin gabe, aldez aitzinetik igartzen zuen ezen, mundu horren interesen joko nahaspilatsuan, zirrika bati eratxiki beharra zuela makinaren goialdean kausitzekotan, eta gurpilaren trabarazteko bezain indartsua sentitzen zen. «Nucingeneko anderea nitaz interesatzen bada, senarraren gobernatzen erakatsiko zioat. Senar horrek urrezko aferak egiten ditik, laguntzen ahalko naik kolpe batez fortuna baten biltzera.» Ez zuen hori gordinki erraten bere baitan, ez zen artean ere aski politikoa egoera bat haztatu, ikuskatu eta kalkulatzeko; burutazio horiek kulunka zebiltzan hodeiertzean hodei armen itxurapean, eta, nahiz ez ziren Vautrinenak bezain garratzak, baldin eta kontzientziaren arragoaren pean ezarri balira, ez zuketen deus oso garbirik emanen. Gizonezkoak heltzen dira, horrelako zenbait hautsi-mautsiren ondorioz, egungo garaiak profesatzen duen horrako moral laxo horretarat, non bertze inoiz baino bakanago edireten baitira halako gizon errektangeluarrak, gaizkirat sekula makurtzen ez diren halako borondate onak, zeinei bide zuzenaren zeihardurarik tikiena krimen bat iruditzen baitzaie: zuzentasunaren irudi hautak, alafede, bi maisu-lan eman dizkigutenak, Alceste Molièrerena, gero berrikiago Jenny Deans eta haren aita, Walter Scotten obran. Menturaz kontrako obra, munduko gizon batek, handinahi batek, gaizkiaren bazterrean ibiltzera entseatuz, bere xederat heltzeagatik itxurak gordez, bere kontzientziaren titulikatzeko darabiltzan inguru-minguruen irudi bizia ez litzateke ez itsusiagoa, ez laztura gutiagokoa. Bere pentsioko aterat heltzean, Rastignac Nucingeneko andereaz maitemindurik zegoen, liraina, fina enara bat bezala iruditu zitzaion. Haren begien eztitasun hordigarria, haren azalaren —zeinaren pean odola zeriola ikusi uste izan baitzuen— ehun mehe eta zetazkoa, haren ahotsaren soinu zoragarria, haren bilo horiak, oro atxikitzen zuen gogoan; eta badaiteke urratsak, odola higiarazten ziola, liluramen hori laguntzen ote zuen. Ikasleak zakarki jo zuen Goriot zaharraren atean.

        — Ene auzoa, erran zuen, andere Delphine ikusi dut.

        — Non?

        — Italiarretan.

        — Hagitz jostatzen zena? Sar zaitez bada. Eta gizagaixoak, atorratan jaikia zenak, bere atea ireki eta bizkor sartu zen berriz ohean.

        — Hitz egin iezadazu bada hartaz, eskatu zuen.

        Eugènek, Goriot zaharrarenean lehen aldiz kausitzen zenak, ezin izan zuen izialdurazko mugimendu bat eragotzi aita bizi zen zuloa ikusirik, alabaren apaindurak miretsi ondoan. Leihoa errezelik gabe ageri zen; hormetan eratxiki paper tindatua leku batean baino gehiagotan laxatzen zen hezetasunaren eraginez, bai eta kizkurtzen ere keak horiturikako kisua ikustera utziz. Gizagaixoa ohe ziztrin batean etzaten zen, ez zeukan burusi mehe bat eta zango-estalki kotoiztatu bat bertzerik, andere Vauqueren soineko zaharren zati onez egina berau. Lauzatua heze eta hautsez betea zegoen. Leihoaren parean egur arrosazko komoda zahar sabel hantu horietako bat ageri zen, zeinek kobre bihurdikatuzko eskutokiak baitauzkate hosto eta lorez apaindurikako aihenak bailiran; altzari zahar bat zurezko oholez egina eta gainean ur ontzi bat bere konketan eta bizarraren egiteko behar diren tresna guztiak zituena. Bazter batean, zapatak; oheburuan, gaueko mahai bat aterik eta marmolik gabe; supazterraren zokoan, non suaren aztarnarik ere ez baitzegoen, Goriot zaharrak bere zilarrezko goporraren bihurdikatu eta itxuraldatzeko erabili zuen intxaurrezko mahaia ageri zen. Gainean gizagaixoaren kapela zuen izkiria-mahai ziztrin batek, lastozko besaulki ilun batek eta bi kadirak osatzen zuten ostilamendu miserable hori. Ohearen hagak, zolari zarpa batez lotuak, lauki gorri eta zuriko oihal-zerrenda narras bat sustengatzen zuen. Fardelkaririk behartsuenak ere ez zuen eiki bere sabaian Goriot zaharrak andere Vauquerenean zituenak baino altzari txarragorik. Ganbara horren itxurak hotz ematen zuen eta bihotza hertsatzen, presondegi bateko ziegarik hitsena irudia zen. Zorionez Goriotek ez zuen ikusi Eugèneren aurpegian agertu zen begitartea ikasleak bere kandela gau-mahaiaren gainean ezarri zuenean. Gizagaixoa haren alderat bihurtu zen kokotseraino estalirik geldituz.

        — Eta? nor duzu maiteago, Restaudeko anderea ala Nucingeneko anderea?

        — Andere Delphine dut nahiago, erantzun zuen ikasleak, hark hobeki maite zaituelakotz.

        Suharki erran hitz hori entzunik, gizagaixoak bere besoa ohetik atera zuen eta Eugèneren eskua tinkatu.

        — Mila esker, mila esker, erantzun zuen agureak hunkiturik. Zer erran dizu beraz nitaz?

        Ikasleak baronesaren hitzak edertu eta errepikatu zituen, eta agureak Jainkoaren hitza aditu balu bezala entzun zuen.

        — Haur maitea! bai, bai, oso maite nau. Baina ez iezaiozu sinets Anastasiez erran dizuna. Bi ahizpek elkarren espa dute, konprenitzen duzua? haien samurtasunaren bertze froga bat da hori. Restaudeko andereak ere maite nau oso. Badakit. Nolakoa den Jainkoa gurekin, halakoa da aita bat bere haurrekin, bihotzen zolaraino joaten da, eta asmoak jujatzen. Bata bertzea bezain amultsuak dira. Oi! suhi onak izan banitu, sobera zoriontsua izanen nintzen. Ez dago inolaz ere guztizko zorionik hemen behean. Alabenean bizi izan banintz; haien ahotsak aditu, han zirela jakin, haien joaten, jalgitzen ikusi hutsez, neurean izaten nituenean bezala, horrek bihotza pinpoilka ezarriko zidan. Ontsa jantzirik zeudena?

        — Bai, erran zuen Eugènek. Baina, Goriot jauna, nolaz, alabak horren ederki ezkondurik dauzkazula, bizi ahal zaitezke honelako kobazuloan?

        — Ala ene fedea, erran zuen irudiz axolarik gabe, zertako balioko lidake hobeki egoteak? Ez dizkizut fitsik esplikatzen ahal gauza horiek; ez dakit bi hitz lerroan behar bezala erraten. Dena hemen da, erantsi zuen bere bihotza jotzen zuela. Bi alaben baitan dut nik neure bizitza. Dibertitzen badira, zoriontsuak badira, dotore janzten badira, tapizen gainean ibiltzen badira, zer axola du ni zer pildaz janzten naizen, eta nolakoa den oheratzen naizen tokia? Ez dut hotzik bat ere haiek bero badira, ez naiz sekula aspertzen haiek irri egiten badute. Haienak dira ditudan xangrin bakarrak. Aita zarenean, zeure baitan diozunean, seme-alabak zizaka mintzatzen entzutean: «Enegandik jalgia duk hori!», sentitzen dituzunean haur ttiki horiek zeure odol xorta bakoitzari atxikiak, odol berorren hoberena izan baitira, hortxe direlakotz! haien azalari estekatua egon usteko duzu, haien ibilerak zerori ere inarrosten zaituela irudituko zaizu. Haien ahotsak nonahi erantzuten dit. Haien behako batek, tristea denean, odola batzen dit. Egun batez jakinen duzu bat aise urosagoa dela haien zorionaz bat bederarenaz baino. Ez dizut hori esplikatzen ahal: aiseria orotarat barreiatzen duten halako barne-mugimenduak dira. Hirur aldiz bizi naizela, hara!. Nahi duzua gauza bitxi bat erran diezazudan? Tira! aita izan naizelarik, Jainkoari konprenitu diot. Oso-osorik dago denetan, kreazioa harengandik jalgia baita. Jauna, horrelakoa naiz neure alabekin. Jainkoak mundua baino hobeki maite ditut nik neure alabak ordea, mundua ez baita Jainkoa bezain ederra, eta ene alabak ni baino ederragoak baitira. Hain ongi atxikia naukate arimatik, non egun arratsean ikusiko zenituelakoan bainengoen. Jainkoa! gizon batek ene Delphine ttikia maite izan eta emakume bat egiaz maitatua denean bezain zoriontsu eginen balu; botak garbituko nizkioke, manuak eginen nizkioke. Haren andere ganbarazainaren bidez jakin dut ezen de Marsay jaunxkila hori tresna txar bat dela. Haren lepoaren bihurdikatzeko gogoak eman dit. Halako emakume eder baten, halako erresiñol-ahots baten, eta modelo bat irudi eginaren, ez maitatzea ere! Non ezarri ote ditu begiak Alsaziar kankailu horrekin esposatzeko? Biek ere behar zituzten gazte eder maitagarrizkoak. Tira, apetak eman diena egin dute.

        Goriot zaharra sublime zegoen. Sekula ezin izan zuen Eugènek haren aita-minaren sugarrek argiturik ikusi. Gauza bat goraipatzekoa sentimenduek duten infusio-gaitasuna da. Kreatura bat nahi bezain dorpea bada ere, maitasun bat azkarra eta egiazkoa adierazten duen ber, jario berezi bat isurtzen du begitartea aldatzen, jestua biziarazten, ahotsa nabartzen diona. Izakirik ergelena, maiz, pasioaren eraginaren pean, hitz-etorririk garaienerat heltzen da ideian ez ezik, baita lengoaian ere, eta irudi du halako esfera argitsuan dabilela. Bazen une hartan gaizagaixo honen ahotsean, jestuan, aktore ona agerrarazten duen halako indar komunikatiboa. Baina gure sentimendu handiak ez direa bada borondatearen poesiak?

        — Ongi da! ez zara naski haserretuko jakiteaz, erran zion Eugènek, ezen dudarik gabe de Marsay horrekin behar duela hautsi. Mutil eder horrek printzesa Galathionneri lotzeko utzi du bazterrerat. Nitaz denaz bezainbatean, andere Delphinez amorostua naiz egun arratsean.

        — Bah! erran zuen Goriot zaharrak.

        — Bai. Ez natzaio desagradatu. Amodio-solas ibili dugu ordu batez, eta larunbat arratsaldean behar dut haren ikustera joan.

        — Oi! zeinen maite izanen zintuzkedan, ene jaun maitea, oniritziko balizu. Ona zara, ez zenuke bat ere atsekabetuko. Salduko bazenu, lehenik eta behin lepoa moztuko nizuke. Emakume batek ez ditu bi amodio, konprenitzen duzua? Jainkoa! baina astakeriak erraten ditut, Eugene jauna. Hotz da hemen zuretzat. Jainkoa! entzun diozu hortaz, zer erran dizu enetzat?

        — Fitsik ez, erran zuen bere baitan Eugènek. —Erran dit, erantzun zuen ahots goraz, alabaren musu handi bat igorri nahi zizula.

        — Adios, ene auzoa, egizu lo, izan amets onak; eneak osoki eginik daude hitz horiekin. Jainkoak begira zaitzala nahi dituzun gauza guztietan! Aingeru on baten irudikoa izan zara enetzat gau honetan; alabaren urrina dakarkidazu.

        — Gaixo gizona, erran zuen Eugènek bere baitan ohean sartuz, harrizko bihotzen hunkiarazteko gisakoa duk hau. Alaba ez duk hartaz Turku-Haundiaz baino gehiago oroitu.

        Solasaldi horren ondoan, Goriot zaharrak ustekabeko konfident bat, adiskide bat ikusi zuen bere auzoarengan. Agure honek bertze gizon bati lotzeko egin zitzakeen harreman bakarrak ezarriak zeuden haien artean. Grinek ez dute behin ere kalkulu faltsurik egiten. Goriot zaharrak alaba Delphinerengandik hurbilxeago ikusten zuen bere burua, hark hobeki errezibitua ikusten zuen bere burua, Eugène baronesaren bihotzeko bilakatzen bazen. Bertzalde bere oinazeetako bat kontatu zion. Nucingeneko anderea, zeinari egun oro mila aldiz desira baitzion zoriona, maitasunaren eztitasunak ezagutu gabea zen. Izan ere, Eugène zen, haren erranmoldeaz baliatzekotz, sekula ikusi zituen mutil gazte gisakoenetako bat, eta susmatzen edo zuen alabak ordura arte dastatzerik ukan ez zuen atsegin guztiak emanen lizkiokeela. Erne zen, beraz, gizagaixoaren baitan bere auzoarenganat adiskidetasun bat gero eta handiagokoa, eta zeina gabe ezinezkoa izanen baitzen inolaz ere istorio honen atarramenduaren jakitea.

        Biharamun goizean, gosarian, Goriot zaharrak Eugèneri, harengandik hurbil kokatua baitzen, so egitean erakusten zuen hunkidurak, hari erran zizkion hitz banakek, eta haren begitarteak, komunzkiro kisuzko zomorro baten irudikoa zenak, izan zuen aldaketak, apopiloak harritu zituzten. Vautrinek, beren hitzalditik landarat ikaslea berriz lehenbizikotz ikusten zuenak, haren ariman irakurri nahi zuela irudi zuen. Gizon horren xedeaz oroit zelarik, Eugènek, zeinak, lo hartu aitzin, gauez, bere behakoen aitzinean hedatzen zen zelai zabala izari baitzuen, andereño Tailleferen ezkon sarian pentsatu zuen nahitaez, eta, ezin eragotzi izan zion bere buruari Victorineri behatzea mutil gazterik bertutetsuenak prima aberats bat] behatzen dion bezala. Halabeharrez, haien begiek buruz buru egin zuten. Neskatila gaixoak ere xarmant atzeman zuen Eugène bere apaindura berrian. Elkarrekin trukatu zuten behakoa aski adierazgarria izan zen Rastignacek dudarik izan ez zezan neskatilaren desira nahasien helburu zela, hots, neskatila gazte guztiak harrapatzen eta beroriek lehen izaki liluragarriari lotzen dizkioten desira nahasien helburu. Ahots bat zuen aldarrika: «Zortziehun mila libera!» Baina brastakoan bezperako oroitzapenetan erori zen berriz, eta pentsatu ezen Nucingeneko andereaganat zuen manuzko grina antidotorik hoberena zela bere nahigabeko burutazio gaiztoentzat.

        — Atzo Rossiniren Sevillako Bizargina ematen zuten Italiarretan. Egundaino ez nuen horren musika gozorik aditu, erran zuen. Jainkoa! hau zortea Italiarretan gela baten ukaitea!

        Nola atzematen duen txakur batek nagusiaren mugimendu bat, hala atzeman zituen hegaz hitz horiek Goriot zaharrak.

        — Erregeak bezala bizi zarete, erran zuen andere Vauquerek, zuek gizonak. Laket duzuen guztia egiten duzue.

        — Nola itzuli zara? galdetu zuen Vautrinek.

        — Oinez, erantzun zuen Eugènek.

        — Ni, hasi zen berriz tentatzailea, ez nintzateke erdi-gozamenez laketuko; nik neure kotxean joan gogo nuke harat, neure gela ukan, eta guztizko aisetasunean itzuli etxerat. Dena ala bat ere ez! horra ene goiburua.

        — Eta bai ona dela, gehitu zuen andere Vauquerek.

        — Nucingeneko anderearen ikustera joanen zara menturaz, erran zion Eugènek ahapetik Gorioti. Beso zabalik errezibituko zaitu, bai; mila xehetasun jakin nahiko ditu nitaz zugandik. Jakin dut daitekeen guztia eginen lukeela ene lehengusinarenean, Beauséanteko andere kondesarenean, errezibitua izateko. Ez ahantz hari erratea ezen sobera maite dudala atsegin horren eman nahi ez izateko.

        Rastignac Zuzenbide Eskolarat joan zen laster, ahalik eta denbora gutien nahi zuen etxe higuingarri horretan egon. Harat-honat ibili zen kasik egun osoan, esperantza biziegiek harrapaturikako gazteek ezagutu duten buruko sukar horren mende. Vautrineren arrazonamenduek hartaraturik, gizarte-bizitza zerabilen gogoan noiz eta ere bere adiskide Bianchonekin topatu baitzen Luxembourgeko jardinean.

        — Non hartu duk larriaire hori? erran zion medikuntzako ikasleak besoa hartzen ziola jauregiaren aitzinean egurasteko.

        — Burutazio gaizto batzuek asaldatzen naitek.

        — Zein gisatakoek? Hori sendatzen duk, burutazioak.

        — Nola?

        — Haiei amore emanez.

        — Irri egiten duk zer pasatzen den jakin gabe. Rousseau irakurri duka?

        — Bai.

        — Gogoan duk pasarte hori zeinetan bere irakurtzaileari galdetzen baitio zer eginen lukeen aberastu ahal baldin baledi Txinan bere gogo hutsaz mandarin zahar bat hilaraziz, Parisetik lekutu gabe?

        — Bai.

        — Eta?

        — Bah! Ni neure hogeita hamahirugarren mandarinarekin nabilek.

        — Etzak adarrik jo. Ea, frogatuko baldin balitek hori posible dela eta buru-keinu bat aski duala, eginen hukea?

        — Hagitz zaharra ote da, mandarina? Baina, bah! gazte ala zahar, elbarri zein osagarri oneko, ala ene fedea... Futxo! Ez, bada.

        — Mutil zintzoa haiz, Bianchon. Baina emakume bat maiteko baldin bahu harengatik anima ifrentzutara ezartzeko gisan, eta emakume horrek dirua behar baldin balu, diru anitz bere apaindurarentzat, bere kotxearentzat, bere gurari guztientzat, alegia?

        — Baina arrazoia kentzen didak, eta arrazona dezadan nahi duk?

        — Ongi duk! Bianchon, burutik nagok, senda nazak. Baditiat bi arreba edertasunaren, lañotasunaren bi aingeru direnak, eta zoriontsuak izan daitezen nahi diat. Non erdiets berrehun mila libera haien ezkon sarientzat hemendik bortz urtetarat? Badituk, ikusten duk, zirkunstantziak bizitzan zeinetan beharrezkoa baita gogor jokatzea eta nork bere zoriona sosen irabazten ez baliatzea.

        — Baina bizitzako sarreran mundu guztiarentzat kausitzen den galdea egiten ari haiz, eta ezpatarekin ebaki nahi duk gordiar korapiloa. Hola jokatzeko, ene adiskide maitea, behar duk Alexandro izan, espetxerat hoa bertzenaz. Ni kontent nauk probintzian antolatuko dudan bizimolde xumearekin, non neure aitaren oina hartu bertzerik eginen ez baitut. Gizakiaren maitabeharrak zirkunferentzia eskerga batean bezain osoki betetzen dituk zirkulurik tikienean ere. Napoleon ez zuan bitan afaltzen, eta ez zitian medikuntzako ikasle batek Capucins-etan barneko dagoenean izaten dituenak baino amorante gehiago ukaiten ahal. Gure zoriona, ene adiskide maitea, beti egonen duk gure oin-zolaren eta gure garondoaren artean; eta, gosta dadin urteko milioi bat edo ehun louis, funtsean berdin hautematen diagu geure barnean. Txinatarraren bizitza hautatzen diat nik.

        — Mila esker, on egin didak. Bianchon! adiskideak izanen gaituk beti.

        — Errak, hasi zen berriz medikuntzako ikaslea, Cuvier-en eskolatik Landareen Jardinerat jalgitzean, Michonneau eta Poiret begiztatu berri ditiat aulki batean solasean gizon batekin. Bada gizon hori iazko kalapitetan ikusi nuen Deputatuen Ganbararen inguruetan, eta iruditu zaidak ez ote zen poliziako gizon bat bere mozkinetatik bizi den burges onest basez jantzirik. Azter dezagun bikote hori: erranen diat zergatik. Adios, Lauretako deiari erantzutera noak.

        Eugène pentsiorat itzuli zelarik, Goriot zaharra aurkitu zuen haren begira.

        — Tori, erran zuen gizagaixoak, haren gutun bat da. Idazkera polita, ez da hala?

        Eugènek gutunari zigilua ken eta irakurri zuen.

 

        «Jauna, aitak erran dit Italiako musika atsegin duzula. Zoriontsua nintzateke nahi baldin bazenit atsegin eman jesarleku bat onartuz Teatroko ene gelan. Larunbatean Fodor eta Pelligrini izanen ditugu; segur naiz beraz ez didazula ezetz erranen. Nucingeneko jaunak bat egiten du enekin otoi eskatzeko gurekin afaltzera etor zaitezen zeremoniarik gabe. Onartzen baldin baduzu, bozkario handi bat emanen diozu bere ezkon betebeharretik, enekin egon behar pisutik, libratzen duzularik. Ez iezadazu erantzun, etor zaitez, eta onets ene konplimenduak.

«D. de N.»

 

        — Erakuts iezadazu, erran zion gizagaixoak Eugèneri honek gutuna irakurri zuelarik. Joanen zara, ez da hala? erantsi zuen papera usnatu ondoan? Hau urrin ona! Haren eriek ukitu dute hau, alabaina!

        — Emakume bat ez duk hola jaurtikitzen gizon baten bururat, zioen bere baitan ikasleak. Nitaz nahi dik baliatu de Marsayren berreskuratzeko. Hisia bezalakorik ez duk holakoen eginarazteko.

        — Eta? erran zuen Goriot zaharrak, zer darabilzu bada gogoan?

        Eugènek ez zuen une horretan zenbait emakume harrapaturik zeuzkan banokeriaren zoramenaren berri, eta ez zekien ezen, Saint-Germain faubourgean ate baten irekiarazteko, zernahi sakrifizio-suerteren egiteko gauza zela bankari baten anderea. Garai hartan, moda emakume guztien gainean ezartzen hasia zen Saint-Germain faubourgeko gizartean sartzea zeukatenak, Gaztelu Tikiko damak izengoitia zutenak, zeinen artean Beauséanteko anderea, haren adiskide Langeaiseko dukesa eta Maufrigneuseko dukesa lehen lerroan baitzeuden. Rastignacek bakarrik ez zekien zer suak zeuden harrapatuak Chaussée d'Antineko emakumeak beren sexuko izar-multzorik ederrenek distiratzen zuten zirkulu garaian sartzeko. Baina bere mesfidantza balio handikoa izan zitzaion, hoztasuna eman zion, bai eta, halakoen hartzeko orde, kondizioen ezartzeko ahalmen tristea ere.

        — Bai, joanen naiz, erantzun zuen.

        Hortaz jakin-mina zen Nucingeneko anderearenerat zeramana, nahiz, emakume horrek gutietsi izan balu, menturaz pasioa izanen zen harat joatera bultzatuko zuena. Hala ere ez zen biharamunaren eta joateko tenorearen begira egon halako ezinegon bat eduki gabe. Mutil gazte batentzat, bada menturaz bere lehen jukutrian lehen amodio batean kausi daitekeen bezainbat xarma. Arrakasta izatearen segurtasunak mila zorion sortzen ditu, gizonek aitortzen ez dituztenak eta zenbait emakumeren xarma guztia egiten dutenak. Desira ez da gutiago sortzen zailtasunetik garaitien erraztasunetik baino. Gizonen grina guztiak dira inolako zalantza barik bi kausa horietako, amodioaren inperioa zatitzen dutenetako, batek edo bertzeak kitzikatuak edo biziaraziak. Badaiteke zatiketa hori odol-suerteen auzi handiaren ondorio izatea, hots, erranak erran, gizartea bere mende duenaren ondorio izatea. Baldin eta malenkoniosek lakrikunkerien bizkorgarria behar badute, badaiteke jende zainart edo odolbiziek alde egitea jazargoak gehiegi irauten badu. Bertze hitzetan, eresia da funtsean hain linfatiko nola ditiranboa behazuntsu. Apaintzen ari zela, Eugènek dastatu egin zituen zorion tiki horiek guztiak zeinez gazteak ez baitira mintzatzera ausartzen, haiengatik trufa egin diezaieten beldur, baina zeinek harrotasuna kilikarazten baitiete. Emakume eder baten behakoa bere kizkur beltzen azpitik goxoki sartuko litzaiokeela pentsatuz apaintzen zituen buruko ileak. Neskatila gazte batek dantzarat joateko janztean egin zituzkeen bezainbat haur-ziminokeria egin zituen.

        Atseginez so egin Zion bere gerri meheari, bere soinekoa zabalduz. —Egia duk, erran zuen bere baitan, okerrago moldatuak aurki daitezkeela! Gero behera jaitsi zen pentsioko bezero guztiak mahaian zeudenean, eta alegeraki bildu zituen baten jantzi sotilek xaxatu zituzten kirtenkeria eta «bibak». Pentsio burgesen ohitura berezien ezaugarri bat da apain janzteak bere haietan sorrarazten duen harrialdura. Inork ez du han jantzi berririk paratzen nork bere iritzia eman gabe.

        — Kt, kt, kt, kt, egin zuen Bianchonek mihia ahosabaiaren kontra klaskaraziz, zaldi baten eiatzeko bezala.

        — Duke eta pareen itxura! erran zuen andere Vauquerek.

        — Jauna konkistarat doaiea? ohartarazi zuen andereño Michonneauk.

        — Kukurruku! oihukatu zuen pintoreak.

        — Ene konplimenduak zure espos-andereari, erran zuen Museoko enplegatuak.

        — Jaunak badua espos-andere bat? galdetu zuen Poiretek?

        — Espos-andere bat konpartimentuduna, ur gainean dabilena, tindu sendoa bermatua, hogeita bortzetik berrogeira bitarteko prezioan, azken modako laukiak dituena, garbi daitekeena, traka politekoa, erdi hari, erdi kotoi, erdi artile, hortzetako gaitza sendatzen duena, bai eta Medikuntzako Erret Akademiak onetsirikako bertze eritasun batzuk ere! hauta haurrentzat, bertzalde! hobea oraindik buruko min, betetasun eta hertzegorri, begi eta belarrietako bertze gaitz batzuentzat, egin zuen oihu Vautrinek txerpolari baten hitz-jario irrigarri eta mintzoaz. Baina zenbatean mirari hori, erranen didazue, jaunak? bi sosean! Ez! Erabat dohainik! Mongol Handiari eginikako horniduren hondar bat da, eta Europako errege-soberano guztiek, Bade-ko Duke Hauuuuuundia barne, ikusi nahi izan dutena! Sar zaitezte barrenerat, jaunak! Eros ezazue txartela eta pasa barrenerat! Has dadila musika! Brooun, là, là, trinn! là, là, boum! Klarineteko jauna, desafinatzen ari zara, segitu zuen ahots erlastuaz, erietan emanen dizut.

        — Jainkoa, hau da gizon xelebrea hau, erran Zion andere

        Vauquerek andere Coutoureri, sekula ez ninteke harekin asper. Hitzaldi irrigarriro eman honek piztu zituen irri eta arrailerien erdian, Eugènek andereño Tailleferen sasi-behako bat atzeman ahal izan zuen; hau andere Coutoureren alderat bihurtu zen, eta hitz batzuk erran zituen haren belarrian.

        — Hor dago cabrioleta, erran zuen Sylviek.

        — Non afaltzekoa da bada? galdetu zuen Bianchonek.

        — Nucingeneko andere baronesarenean.

        Goriot jaunaren alabarenean, ihardetsi zuen ikasleak.

        Izen hori aditurik, behakoak fideogile zaharrarenganat zuzendu ziren, zeina Eugèneri so baitzegoen halako bekaizgo-suertez.

        Rastignac Saint-Lazare karrikarat arribatu zen, etxe arin, zutabe mehe, arkupe ziztrin, Parisen sotiltasuna taiutzen duten horietako batera; egiazko bankari-etxe bat zen bera, sofistikazio garestiz, iztukuz eta marmolezko eskailera-mailartez betea. Nucingeneko anderea pintura italiarrekiko saloi tiki batean, kafetegietakoa bezalako apaindura zuenean, ediren zuen. Baronesa triste zegoen. Bere bihozminaren gordetzeko egin zituen eginahalek hainbatenaz ere interes biziagoa eragin zioten Eugèneri non han ez baitzen deus alegiazkorik. Uste zuen aski zela bere presentzia emakume baten alegerarazteko, eta horra non atzematen duen etsiak harturik. Amets-eten horrek bere harrotasuna zauritu zion.

        — Zinez eskubide guti daukat zure konfiantzaren izateko, anderea, erran zuen haren arranguraren gain kitzikatu ondoan; baina poxelu eginen banizu, zure fede onari nago, deblauki behar zenidake erran.

        — Geldi zaitez, erran zuen andereak, bakarrik nengoke joanen bazina. Nucingen hirian afaltzekoa da, eta ez nuke bakarrik egon nahi, jolastu beharra dut.

        — Zer duzu baina?

        — Azkenekoa zinateke hori erranen niokeena, erantzun zuen baronesak.

        — Jakin egin nahi dut, zeren erran nahi ez badidazu, sekretu hori eni ere badagokidalakotz izanen da.

        — Agian! Ez baina, segitu zuen andereak, senar-emazteen kasailak dira horiek, bihotzaren zolan ehortzi beharrekoak. Ez nizuna bada herenegun erraten? ez naiz bat ere zoriontsua. Urrezko kateak ditugu astunenak.

        Emakume batek mutil gazte bati zorigaiztokoa dela erraten diolarik, mutil gazte hori izpirituala, ongi jantzia baldin bada, eta sakelan mila eta bortzehun libera sobera baldin badauzka, Eugènek bere baitan zioena pentsatu behar du, eta gangartu egiten da.

        — Zer desira ukan dezakezu? erantzun zuen Eugènek. Ederra zara, gaztea, maitatua, aberatsa.

        — Ez gaitezen nitaz mintza, erran zuen andereak buru-mugimendu goibel bat eginez. Elkarrekin afalduko gara, buruz buru, musikarik gozoenaren entzutera joanen gara. Zure gustuko nago? gehitu zuen jaiki eta bere soinekoa erakutsiz, dotoretasunik ederreneko irudi pertsiarrekiko katxemira zuriz egina bera.

        — Dena enetzat izan zintezen nahi nuke. Xarmanta zaude.

        —Jabetza hits bat ukanen zenuke, erran zuen andereak irriño samin bat eginez. Deusek ez dizu hemen zorigaitza gaztigatzen, eta bizkitartean, itxura horiengatik, etsiturik nago. Bihozminek loa galarazten didate, itsustuko naiz.

        — Oi! hori ezinezkoa da, erran zuen ikasleak. Baina aiherrak nago amodio eskaini batek ezabatuko omen ez lituzkeen pena horien jakiteko.

        — Ah! konta baniezazkizu, ihesi joan zenkizkidake, erran zuen andereak. Gizonezkoek berezkoa duzuen adeitasun batez baizik ez nauzu oraindik maite; baina zinez maiteko baninduzu, etsipen lazgarri batean eror zintezke. Isildu beharra dudala ikusten duzu. Otoi, segitu zuen, mintza gaitezen bertze gauza batez. Zatoz ene apartamentuen ikustera.

        — Ez, gauden hemen, ihardetsi zuen Eugènek zizailu tiki batean jarriz suaren aitzinean Nucingeneko andereagandik hurbil, zeinaren eskua segurtasunez hartu baitzuen.

        Andereak hartzera utzi zuen bere eskua, bai eta mutil gaztearenean pausatu ere bihotz-mugida bortitzak salatzen dituzten indar bilduzko mugimendu horietako batez.

        — Entzun ezazu, erran zion Rastignacek; bihozminak baldin badituzu, eni jakinarazi behar dizkidazu. Zerorrengatik maite zaitudala froga diezazuket. Edo mintzatu eta zeure penak erraten dizkidazu haiek barreia ahal izan ditzadan, sei gizon hilarazi beharra balitz ere, edo berriz ez itzultzeko jalgiko naiz.

        — Ongi da! oihu egin zuen andereak bere kopeta joarazi zion etsipenezko pentsamendu batek hartaraturik, istantean berean jarriko zaitut frogan. Bai, erran zuen bere baitan, bide hau bertzerik ez dago. Hots egin zuen.

        — Jaunaren kotxea lotua dea? erran zion bere lekaio ganbarazainari.

        — Bai, anderea.

        — Nik hartuko dut. Hari enea eta ene zaldiak prestatuko dizkiozu. Zazpiak arte baizik ez duzu afaria zerbitzatuko.

        — Ea, zatoz, erran zion Eugèneri, zeinak ametsetan zegoela uste baitzuen Nucingeneko jaunaren coupéan, emakume horren alboan, jesarri zenean.

        — Palais-Royalerat, erran zion andereak karrozainari, Teatro Frantsesetik hurbil.

        Bidean zihoala, asaldaturik oso irudi zuen, eta erantzunik gabe utzi zituen Eugèneren mila itaunak, zeinak ez baitzekien zer pentsa mukertasun mutu, trinko eta kamuts horretaz..

        — Aurki egin zidak ihes, zioen bere baitan ikasleak.

        Kotxea gelditu zelarik, baronesak halako aurpegi batez so egin zion ikasleari non baten hitz zoroak isilarazi baitzituen; Eugène erresumindua baitzen.

        — Maite nauzu? erran zuen baronesak.

        — Bai, erantzun zuen Eugènek beraz jabetzen ari zen larridura gordez.

        — Ez duzu nitaz deus txarrik pentsatuko, zernahi eskatzen dizudala ere?

        — Ez.

        — Prest zarea eni obeditzeko?

        — Itsu-itsuan.

        — Joana zarea inoiz jokorat? erran zuen andereak ahots dardaratsuaz.

        — Inoiz ez.

        — Ah! beharrik. Asturua izanen duzu. Honatx ene moltsa, erran zion. Har ezazu bada! ehun libera badituzu hor, horra emakume hain zoriontsu honek daukan guztia. Igan joko-etxe baterat, nik ez dakit non dauden, baina badakit Palais-Royalen badirela. Arriska itzazu ehun liberak erruleta deitzen den joko batean, eta gal dena, edo ekar eni sei mila libera. Itzultzen zarelarik neure bihozminak erranen dizkizut.

        — Zinez deabruak eraman nazala zerbait konprenitzen baldin badut egitera noanaz, baina obedituko dizut, erran zuen ikasleak honako pentsamendu honek pizturikako bozkario batez: «Enekin behartzen ari duk, deus ez zidak ukatzen ahalko.»

        Hartzen du Eugènek moltsa polita, eta badoa lasterka BEDERATZIgarrenerat, jantzi-saltzaile bati hurbileneko joko-etxea non zegoen galdetu eta gero. Igaiten da harat, uzten du bere kapela har diezaioten; baina sartzen da eta galdetzen ea erruleta non dagoen. Bezeroak harri eta zur utziz, salako mutilak badarama mahai luze baten aitzinerat. Eugènek, ikusliar guztiak beha zituela, galdetzen du ahalkerik gabe ea non behar den parioa ezarri.

        — Louis bat paratzen baduzu hogeita hamasei zenbaki hauetako bakar baten gainean, eta huraxe jalgitzen bada, hogeita hamasei louis ukanen dituzu, erran Zion agure agurgarri buruzuri batek.

        Eugènek jaurtikitzen ditu ehun liberak bere adinaren zifraren gainerat, hogeita baterat. Harrialdurazko oihu bat jaulkitzen da hark oraino deusen konprenitzeko astirik izan gabe. Jakin gabe irabazi zuen.

        — Eskura ezazu beraz zeure dirua, erran zion jaun zaharrak, ez da bitan irabazten sistema honetan.

        Eugènek hartzen du jaun zaharrak luzatzen dion eskuare bat, bereganat ekartzen hirur mila eta seiehun liberak eta, oraindik ere jokoaz fitsik jakin gabe, gorriaren gainean ematen ditu. Ikuslegoak bekaizkeriaz behatzen dio, gehiago jokatu behar duela ikusirik. Zirrika itzulikatzen da, berriz ere irabazten du, eta bankariak hirur mila eta seiehun libera gehiago jaurtikitzen dizkio.

        — Badauzkazu zazpi mila eta berrehun libera irabazirik, diotso belarrirat jaun zaharrak. Sinesten baldin badidazu, bazterrak hustuko dituzu, gorria zortzi aldiz pasaia da. Bihozbera baldin bazara, ontzat hartuko duzu aholku on hau Napoleonen prefet ohi baten, azken beltzean kausitzen denaren, miseria eztituz.

        Rastignacek, burtzoraturik, hamar liberaren hartzera uzten du ile zuriko gizona, eta zazpi mila liberekin jaisten, oraindik ere fitsik konprenitzen ez duela jokoaz, baina bere asturuaz txunditurik.

        — Aizu! norat eramanen nauzu orain, erran zuen zazpi mila liberak Nucingeneko andereari erakutsiz ateka hertsirik egon zenean.

        Delphinek tinkaldi ero batez hertsatu zuen eta bizi-bizi, baina berotasunik gabe besarkatu. «Salbatu nauzu!» Bozkariozko negar batzuk isuri ziren naharo haren masailetan. Dena erranen dizut, ene adiskidea. Ene adiskidea izanen zara, ezta? Aberats, aberats okitu ikusten nauzu, deusen eskasik ez dut edo eta deusen eskasik ez dudala irudi dut! Jakin ezazu, bada, Nucingeneko jaunak ez nauela sosik ere erabiltzera uzten: hark ordaintzen du etxe guztia, ene kotxeak, ene gelak; ez dit dirurik aski izendatzen neure apaindura-gastuentzat, isilpeko miserian bizitzera bortxatzen nau nahita. Harroegia naiz hari erregutzeko. Kreaturetan azkena, horixe izanen nintzateke bere dirua saldu nahi didan prezioan erosiko banio! Nolaz, zazpiehun mila liberaren jabe izaki, utzi ote dut larru nazaten? fiertasunez, suminduraz. Hain gara gazteak, hain gara lañoak, ezkon bizitza hasten dugunean! Neure senarrari diru eskatzeko erran beharrezko hitzak ahoa urratzen zidan; sekula ez nintzen ausartzen, neure ekonomien dirua eta aita gaixoak ematen zidana jaten nuen; gero zorpean sartu naiz. Ametsondorik izigarriena da enetzat ezkontza, ez diezazuket hartaz hitz egin: aski bekizu jakitea leihotik behera botako nukeela neure burua bakoitzak bere apartamentua eduki gabe bizi behar izanez geroz Nucingenekin. Beharrezkoa izan delarik ene zorren berri ematea, alegia emakume gazte batenak, harribitxienak, gurarienak, (aita gaixoak deusen ez ukatzera ohiturik ginduzkan), martirioa pairatu dut; baina azkenik horien jakinarazteko kuraia bildu dut. Ez ote neukan bada fortuna bat neurea? Nucingen haserretu da, errekara eramanen nuela erran dit, izigarrikeriak! Lurpetik ehun oinetarat nahi nukeen egon. Ene ezkon saria hartua baitzuen, ordaindu egin du; baina bizisari bat xedatzen zuela handik goiti ene gastu pertsonalentzat, harexekin etsi baitut bakea izateagatik. Gero, ezagutzen duzun norbaiten harrokeriari nahi izan diot ihardetsi, erran zuen. Hark engainatua izan banaiz ere, ez nintzateke zuzena izanen justizia ez eginez geroz haren izaeraren prestutasunari. Alabaina, zitalkiro utzi ninduen azkenean! Ez litzatete sekula bazter utzi behar emakume bat zeinari, hersturako egun batean, urreketa bat jaurtiki baitzaio! Beti behar litzateke maite ukan! Zuk, hogeita bi urteko arima eder horrek, gazte eta aratz zaren horrek, galdetuko didazu nolaz onar dezakeen emakume batek gizon baten urrea? Jainkoa! ez dea bada berezkoa oro partekatzea zoriona zor diogun izakiarekin? Oro elkarri eman diogularik, nor arrangura liteke oro horren zati batengatik? Dirua sentimendua suntsitua denean baizik ez da zerbait bilakatzen. Ez ote gaude bizitza guztiko loturik? Gutarteko nork aitzin-ikusten du bereiztea egiaz maite dutela uste izanik? Amodio betierekoa zin egiten diguzue, nolaz ukan orduan interes desberdinak? Ez dakizu zenbat sufritu dudan egun, Nucingenek argi eta garbi ukatu didanean sei mila libera ematea; nork eta berak, libera horiek hilabete oro bere amoranteari, Operako neska bati, ematen dizkionak! Neure buruaz bertze nahi nuen egin. Burutaziorik zoroenak pasatzen zitzaizkidan burutik. Uneak izan dira neskame baten zortearen, neure andere ganbarazainaren zortearen inbidiatan egon naizenekoak. Aitaren bila joatea, erokeria! Anastasiek eta biek lepoa egin diogu: aita gaixoak bere burua saldu zukeen sei mila libera erdiestearen truke. Alferrik joan nintzatekeen haren etsiaraztera. Ahalketik eta heriotzatik salbatu nauzu, oinazez hordi nintzen. Ah! jauna, esplikazio hau zor nizun: guztiz zentzugabeki zoroa izan naiz zurekin! Utzi nauzularik, eta nik bistatik galdu zaitudanean, oinez nahi nuen ihes egin... norat? ez dakit. Horra Pariseko emakumeen erdien bizitza: apainkeria kanpoan, arrangura gordinak ariman. Kreatura dohakabeak ezagutzen ditut ni baino are malerusagoak. Badira hargatik emakumeak beren hornitzaileei faktura faltsuak eginaraztera behartuak. Bertze batzuk bortxatuak dira beren senarrei ebastera: batzuek uste dute ehun louiseko katxemirak bortzehun liberatan ematen dituztela, bertzeek bortzehun liberako katxemira batek ehun louis balio duela. Kausitzen dira emakume gaixoak seme-alabak barurarazi eta zaborretan xerka ibiltzen direnak soineko baten eskuratzeko. Ni aldiz garbi naiz engainu higuingarri horietatik. Horra ene azken larridura. Baldin eta zenbait emakumek, beren burua senarrei saltzen badiete hauek beren nahierara erabili ahal izateko, ni behintzat libro naiz. Nucingenek urrez josiko ninduke nik hala nahi banu, eta nahiago dut negar egin oniritz diezaiokedan gizon baten bihotzean pausaturik burua. Ah! egun arratsean de Marsay jaunak ez du eskubiderik ukanen ordaindu duen emakume bati bezala eni behatzeko. Aurpegia eskuen artean ezarri zuen, bere malkoen Eugèneri ez erakusteko, zeinak begitartea garbitu baitzion berari so egiteko, sublime zegoen horrela. —Dirua sentimenduekin nahastea, ez dea hori izigarria? Zuk ezin maite izanen nauzu, erran zuen baronesak.

        Sentimendu onen, emakumeak hain handi egiten baitituzte, eta gizartearen egungo osaerak egitera bortxatzen dituen hutsegiteen nahaste horrek Eugène asaldarazten zuen, zeinak hitz ezti eta kontsolagarriak erraten baitzituen emakume eder hori, hain lañoki zuhurgabea bere dolamenetan, miretsiz.

        — Ez duzua hori ene kontrako armatzat erabiliko, erran zuen Delphinek, agin iezadazu.

        — Ah! anderea! ez naiz horretako gauza, erran zuen ikasleak. Delphinek eskua hartu zion eta bere bihotz gainean ezarri eskerron eta adeitasunez beterikako mugimendu batez.

        — Zuri esker hementxe nago ni berriz libro eta kontent.

        Burdinazko esku batek hertsaturik bizi nintzen. Bizi izan, horixe bertzerik ez dut orain nahi, deusik ere ez xahutu. Ongi atzemanen nauzu izanen naizen bezala, ene adiskidea, ez da hala? Gorde ezazu hau, erran zuen bankako sei billete baizik ez hartuz. Egiaren erratekotz mila ezkutu zor dizkizut, ezen beti ere pentsatu dut zurekin erdibana nindoala. Eugene birjina bat irudi defendatu zen. Baina baronesak erran ziolarik: —Neure etsaitzat behatuko zaitut ene erkidea ez bazara, dirua hartu zuen. —Diru-gordailu bat izanen da ezbeharren bat gertaturik ere, erran zuen ikasleak.

        — Horra izitzen ninduen hitza, oihu egin zuen andereak zurbilduz bidenabar. Nahi baduzu zerbait izan nadin zuretzat, zin egidazu, erran zuen, ez gehiago jokorat itzultzeko. Jainkoa! nik zure usteltzea! minez hil ninteke.

        Arribaturik zeuden. Miseria eta oparotasun horren kontrastasunak ikaslea zorarazten zuen, zeinaren belarrietan Vautrinen hitz beldurgarriak hasi baitziren burrunbaka.

        —Jar zaitez hor, erran zuen baronesak bere ganbaran sartu eta zizailu tiki bat erakutsiz suaren ondoan, gutun zail-zail bat behar dut izkiriatu! Emadazu aholku.

        — Ez ezazu izkiria, erran zion Eugènek, bil itzazu billeteak, emazu helbidea, eta igor itzazu zeure andere ganbarazainaren bidez.

        — Zinez gizon maitagarria zara baina, erran zuen baronesak. Ah! hor duzu, jauna, zer den ontsa hezia izatea! Beauséantiar garbi-garbia da hori, erran zuen irribarre eginez.

        — Xarmangarria duk, erran zuen bere baitan Eugènek gero eta maitemintzenago ari zelarik. Ganbara horri so gelditu zen, zeinari gorteko andere aberats baten sotiltasun boluptuosaren hatsa baitzerion.

        — Atsegin duzua erran zuen baronesak bere andere ganbarazaina deitzen zuela.

        — Thérèse, eraman hau zuk zeuk de Marsay jaunari, eta eskutan eman berari. Aurkitzen ez baduzu, gutuna berriz ekarriko didazu.

        — Thérèse ez zen handik joan aitzinetik Eugèneri behako malizios bat jaurtiki gabe. Afaria zerbitzaturik zegoen. Rastignacek besoa eman Zion Nucingeneko andereari eta honek jangela ezinago atsegin baterat eraman zuen, non hartzara ere ediren baitzuen lehengusinarenean miretsi izan zuen mahaiaren luxua.

        — Italiarretako egunetan, erran zuen baronesak, enekin afaltzera etorriko zara, eta lagun eginen didazu.

        — Ohituko nintzateke bizitza ezti honetarat iraun behar balu; baina bere fortuna egiteko duen ikasle gaixo bat bertzerik ez naiz.

        — Eginen duzu, erran zuen baronesak irriz. Ikusten duzu, dena konpontzen da: ez nuen honen zoriontsua izatea igurikitzen.

        Emakumeen izaeran dago ez daitekeena daitekeenaz frogatzea eta egitateak susmo hutsez suntsitzea. Nucingeneko anderea eta Rastignac Bouffonsetako beren gelan sartu zirelarik, hain eder agerrarazi zuen halako satisfazio-aurpegia erakutsi zuen baronesak, non denak ere ausartu baitziren gezur ttiki horien erratera, zeinek emakumeak gerizarik gabe uzten baitituzte eta, maiz, ziorik gabe asmatu nabarmenkeriak irudi baitute. Paris ezagutzen denean, ez da fitsik sinesten han erraten denaz, eta ez da fitsik erraten han egiten denaz. Eugènek baronesaren eskua hartu zuen, eta biek ala biek egin zuten solas halako saka bizi samarren medioz, musikak ematen zizkien sentsazioak elkarri helaraziz. Haientzat, gau-bilkura hau hordigarria izan zen. Elkarrekin jalgi ziren, eta Nucingeneko andereak Pont-Neuferaino nahi izan zuen Eugène eraman, bide guztian barna ukatzen ziolarik, Palais-Royalen hain suharki eta oparo eman zizkion musu horietako bat. Eugènek aurpegian eman zion aldakorkeria hori.

        — Arestian, ihardetsi zuen andereak, eskerrona zen ustekabeko eskaintza batengatik; orain agintza bat litzateke.

        — Eta zuk, ezker gaiztoko horrek, halakorik bat ere egin nahi ez eni. Ikaslea haserretu zen. Maitale bat liluratzen duten ezin-egoneko keinu horietako bat eginez, baronesak muinkatzera eman zion bere eskua. Rastignacek hain antze gutiz zuen hartu non baronesa zoraturik utzi baitzuen.

        — Astelehena arte, dantzaldian, erran zion.

        Etxerat oinez itzultzean, ilargi ederretan, Eugène gogoeta serios batzuetan erori zen. Kontent eta haserre zen aldi berean: kontent abentura batengatik zeinaren atarramendurik itxurazkoenak Pariseko emakumerik polit eta sotilenetako bat, bere desiren xedea, ekarriko baitzion; haserre bere fortuna-asmoak uzkailiak ikusteaz, eta orduantxe zuen dastatu bi egun lehenago gogoan ibili zituen pentsamendu duda-mudazkoen errealitatea. Porrotak geure nahikerien ahala salatzen digu beti. Zenbat eta gehiago gozatzen baitzuen Eugènek Pariseko bizitzaz, hainbat eta gutiago nahi zuen ilun eta pobre iraun. Mila liberako bere billetea maspiltzen zuen sakelan, mila arrazonamendu maltzur asmatuz haren jabe egiteko. Azkenik Sainte-Geneviève berria karrikarat heldu zen, eta eskailera goienean izan zenean, argia ikusi zuen. Goriot zaharrak irekia utzia zuen bere atea eta piztua bere kandela, ikasleari alabaren berri ematea, haren erranmoldeari jarraiki, ahantz ez zekion amoreagatik. Eugènek dendena kontatu zion.

        — Baina, egin zuen oihu Goriot zaharrak jelosiazko etsipenaldi bortitz batean, errekan nagoela uste dute: badaukat oraindik mila eta hirurehun liberako errenta! Jainkoa! alabatto gaixoa, niganat ez etortzea! neure errentak salduko nituen, kapitaletik dirua aterako genuen, eta gainerakoaz bizisari bat eginen enetzat. Zergatik ez zara zu etorri haren behartasunaren berri ematera, ene auzo prestua? Nolaz izan duzu kemenik haren ehun liberattoen jokoan arriskatzera joateko? arimaren erdiratzekoa da hori. Horra zer diren suhiak! Oi! harrapatuko banitu, lepoa moztuko nieke! Jainkoa! negar egin, negar egin dua?

        — Ene maripolisaren gainean, erran zuen Eugènek.

        — Oi! emadazu, erran zuen Goriot zaharrak. Jakina! hor isuri ditu bere malkoak ene alabak, ene Delphine maiteak, haurrean inoiz negar egiten ez zuenak! Oi! bertze bat erosiko dizut, ez ezazu gehiago jantz, utz iezadazu. Bere hitzarmenaren arabera, bere ondasunez behar du gozatu. Ah! bihar berean joanen naiz Derville abokatuaren bila. Haren ondasunak irabazitan ezartzea eskatuko dut irmoki. Ezagutzen ditut legeak, otso zahar bat naiz ni, hortzak erakutsiko ditut berriz ere.

        — Hartu, jauna, hemen dituzu mila libera gure irabazietatik eman nahi izan dizkidanak. Gorde itzazu, maripolisean.

        Goriotek Eugèneri behatu zion, eskua luzatu zion harenaren hartzeko, zeinaren gainerat negar bat utzi baitzuen erortzera.

        — Ongi helduko zara bizitzan, erran zion agureak. Jainkoa zuzena da, badakizu? Aditua naiz ni gizalegetan, eta segur erran diezazuket hagitz gizon guti dela zure irudikorik. Nahi duzua beraz ene haur maitea ere izan? Zoaz, egizu lo. Lo egitea badaukazu, ez zara aita oraindik ere. Negarrez egon da. Nork eta nik behar dut hori jakin; hark sufritzen zuen bitartean, hemen trankilki jarri eta ergel bat bezala jaten ari nintzen honek; bati eta bertzeari malko baten aienaraztekotz, Aita, Semea eta Izpiritu Saindua ere salduko nituzkeen honek!

        — Ala ene fedea, erran zuen Eugènek bere baitan ohean sartuz, uste dut gizon onesta izanen naizela neure bizitza guztian. Gozoa duk nor bere kontzientziaren iradokizunei jarraitzea.

        Badaiteke, menturaz, Jainkoa sinesten dutenek baizik ez duten ongia isilpean egiten, eta Eugènek Jainkoa sinesten zuen. Biharamunean, dantzaldiaren tenorean, Rastiganac Beauséanteko anderearenerat joan zen, zeinak Cariglianoko dukesari aurkezteko eraman baitzuen. Marexalaren anderearen harrerarik adeitsuena bildu zuen, zeinarenean Nucingeneko anderea ediren baitzuen berriz. Delphine denen gustukoa izateko xedeaz apaindua zen, halatan Eugèneren gustuagokoa izateko, zeinarengandik ezin-egonez behako bat igurikitzen baitzuen, bere ezin-egona gordetzen zuelakoan zegoela. Emakume baten bihotz-mugiden asmatzen dakienarentzat, une hori atseginez beterik dago. Nor ez da maiz laketu bere iritziaren luzarazten, bere gozamenaren lakrikunki estaltzen, sorrarazten den arranguran aitorpenen xerkatzen, irriño basez barreiatuko diren beldur-iziez gozatzen? Festa horretan, ikasleak bat-batean bere heinaren norainokoa neurtu zuen, eta konprenitu bazela norbait munduan Beauséanteko anderearen lehengusu onartua izaki. Nucingeneko andere baronesaren konkista, jendeek jadanekotz ematen ziotena, hain ongi zuen nabarmenarazten, non gazte guztiek behako bekaiztiak jaurtikitzen baitzizkioten; horietako batzuk ustekabean harrapaturik, gangarkeriaren lehen plazerak dastatu zituen. Saloi batetik bertzerat iragaitean, jende-taldeen artean pasatzean, bere zorionaren laudorioak aditu zituen. Emakume guztiek arrakasta iragartzen zioten. Delphinek, haren galdu beldurrez, bere hitza eman zion ez ziola gauean ukatuko bi egun lehenago hain lehia handiz errefusaturikako musua. Dantzaldi honetan, Rastignacek konpromiso bat baino gehiago bildu zituen. Lehengusinak hainbat emakume aurkeztu zizkion, denak sotiltasunezko haize handiekikoak eta halako etxe atseginak omen zeuzkatenak; Pariseko gizarterik handi eta ederrenean ezagutarazia ikusi zuen bere burua. Gau-festa horrek beraz hastapen distirant baten xarmak izan zituen harentzat, eta zahartzaroa arte behar zuen hartaz oroitu, neskatila gazte bat garaitiak ukan dituen dantzaldiaz oroitzen den bezalaxe. Biharamunean, gosaltzean, apopiloen aitzinean bere arrakasta Goriot zaharrari kontatu zionean, Vautrine irriz hasi zen deabruaren gisan.

        — Eta uste duzu zuk, galdetu zuen logikazale anker honek, modako mutil gazte bat Sainte-Geneviève berria karrikan, Maison-Vauqueren, bizi daitekeela? Pentsio hau oso errespetagarria da, bai, zernahi aldetatik ikusirik, baina inondik inora ez da modakotzat hartzen ahal. Aztoraturik dago, eder dago bere oparotasunean, harro dago Rastignac baten behin-behineko jauregia izateaz; baina, ororen buru, Sainte-Geneviève berria karrikan duzu, eta ez daki luxuaren berri, patriarkalorama hutsa delakotz. Ene adiskide gaztea, hasi zen berriz Vautrin, aire aitakoi isekari batez, nahi baldin baduzu Parisen itxura ona eman, behar dituzu hirur zaldi eta tilbury bat goizeko, coupé bat arratseko, denetarat bederatzi mila libera ibilgailutako. Ez zintezke zeure etorkizunaren dina izan hirur mila libera xahu ez bazenitza zeure jostunarenean, ehun libera urrindunarenean, ehun ezkutu zapatagilearenean, ehun ezkutu kapelagilearenean. Zeure bokata-egileaz denaz bezainbatean, hori mila libera gostako zaizu. Modako gazteak ezin libra daitezke oso azkarrak izatetik jantziei dagozkienetan: ez dea bada hori haiengan maizenik ikertzen dena? Amodioak eta elizak oihal ederrak behar dituzte beren aldareen gainean. Hamalau milatan gara. Ez natzaizu mintzo jokoan, parioetan, presentetan galduko duzunaz; ez duzu posible sakelan bi mila libera baino diru gutiagorekin ibiltzea. Eramana naiz bizitza hori, ezagutzen ditut xahupenak. Gehi lehen behar horiei bertze ehun louis jateko eta bertze mila libera ohantzeko. Ea, ene haurra, urteko hogeita bortz mila liberatto behar ditugu aldean, bertzenaz istilerat eroriko gara, geure buruak irrigarri utziko, eta fini geure etorkizuna, geure arrakasta eta geure amorante guztiak. Ganbarazaina eta eskumakila ahantzi zaizkit! Christophek eramanen ote ditu zure amodiozko gutunak? Orain erabiltzen duzun paperean izkiriatuko dituzua? Zeure burua hiltzea litzateke hori. Sinets iezaiozu eskarmentu zabaleko agure zahar bati! hasi zen berriz rinforzando bat eginez bere baxu-ahotsean. Edo zokora zaitez mantsarda bertutetsu baterat, eta han ezkon lanarekin, edo bertze bide bati lot zakizkio.

        Eta Vautrinek begi bat keinatu zuen andereño Taillefer seinalatuz, behako horretan, haren usteltzekotz ikaslearen bihotzean erein zituen arrazonamendu liluragarrien oroitaraz eta laburtzeko gisan. Egun batzuk iragan ziren zeinetan Rastignacek bizitzarik nabarmenena eraman baitzuen. Kasik egun oro afaltzen zuen Nucingeneko anderearekin, mundurat laguntzen zuenarekin. Goizaldeko hirur edo lauretan etxeratzen zen, eguerdian jaikitzen ikuzteko, Oihanerat joaten Delphinerekin egurastera, aro ona zenean, hala bere denbora alferrik galduz horren prezioa jakin gabe, eta erakaspen guztiak, luxuaren lilurapen guztiak edoskiz datil-ondo eme baten kaliza urduriaz bere himeneioko hauts ernalkorren eraginez jabetzen den suaz. Ausartziaz jokatzen zen, anitz galtzen edo irabazten zuen, eta hondarrean ohitu zen Pariseko gazteen neurriz landako bizitzarat. Lehen irabazien kontu, mila eta bortzehun libera itzuli zizkien amari eta arrebei, ordainarekin batean esku-erakutsi ederrak ere igorriz. Nahiz gaztigatua zuen Maison-Vauquer utzi nahi zuela, han zen artean ere urtarrileko hondar egunetan, eta handik nola jalgi ez zekien. Gazteak lege baten menpean daude gutiz-gehienak; lege hori itxuraz esplikaezina da, baina haien gaztetasuna bera du zio eta funts, hala nola gozamenari lotzeko erakusten duten herio-suertea ere. Aberats ala pobre, sekula ez daukate dirurik premiazko gauzentzat, aldiz beti ere aurkitzen dutelarik beren gutizientzat. Zorretan erdiesten den guztiarekin eskuzabalak, zikoitzak dira istantean berean ordaintzen den guztiarekin, eta irudi dute ez daukatenaz mendekatzen direla, ukan dezaketen guztia parrastatuz. Hortaz, gaiaren garbiki agerraraztegatik, ikasle batek hagitzez arta handiagoa hartzen du bere kapelaz bere jantziaz baino. Irabaziaren eskergak hartzedun huts bihurtzen du jostuna, kopuruaren urriak izakirik ezkibelenetako bat bilakarazten dueino kapilagilea nahitaez solastatu beharrak ditugun jendeen artean. Baldin eta teatroko balkoian jarririkako mutil gazteak emakume politen largabistei maripolis txundigarriak eskaintzen badizkie, zalantzazkoa da galtzerdirik ba ote duen. Bonetagilea da haren moltsako bertze kokoetako bat. Rastignac horrat heldua zen. Beti hutsa andere Vauquerentzat, beti betea banokeriaren betebeharrentzat, haren moltsak ipurdiko eta arrakasta aldartetsuak izaten zituen, pagamendurik naturalenekin bat etortzen ez zirenak. Bere pretentsioak aldian-aldian apaltzen zitzaizkion pentsio kirastun eta doilorraren utzi ahal izateko, ez zena bada beharrezkoa bere ostalersari hilabete baten ordaintzea, eta bere dandy-apartamentuko altzarien erostea? hori izaten zen beti ezinezkoa zena. Baldin eta, bere jokoarentzat behar zuen diruaren eskuratzeko, Rastignacek erosten jakiten bazuen bere pitxidunarenean erlojuak eta urrezko kateak, bere irabazien gain garesti ordainduak, eta gero Bahitetxerat, gazteriaren adiskide ilun eta zuhur horrenganat, eramaten zituenak, nola asmorik hala ausartziarik gabe kausitzen zen bere mantenua, bere ostatua, ordaindu beharra egokitzen zenean, zein bere bizitza dotorearen ustiatzeko baitezpadako tresnak erosi behar izaten zituenean. Premia arrunt batek, behar satisfatuengatik eginikako zorrek, ez zioten gogoa argitzen jadanik. Menturazko bizitza hori ezagutu duten gehienen antzera, hondar-hondarrera arte igurikitzen zuen burgesen begietan sakratuak diren hartzekoen garbitzeko, Mirabeau-k egiten zuen bezala, hark ere ogia zor-agiri baten itxura drakonianoan agertzen zenean baizik ez baitzuen ordaintzen. Garai hartan, Rastignacek bere dirua galdu eta zorretan zegoen. Ikaslea hasia zen ohartzen ezinezkoa izanen litzaiokeela bizimolde horri jarraitzea dirubide jakinik eduki gabe. Alabaina, bere kinka larriaren ukaldi minkorren pean dolamenka ari izanik ere, ez zen gauza sentitzen bizitza horren gozamenei uko egiteko, eta gostaia gosta ere nahi zuen bere hartantxe jarrai. Bere fortunaren bermagarri ezarriak zituen menturak amets huts bilakatzen ziren, eta egiazko oztopoak handitzen. Nucingeneko jaun-andereen etxe-barneko sekretuen jakiten hastean, ohartu zen ezen, amodioa fortunagai bihurtzez geroz, beharrezkoa zela ezein ahalke irentsi izana, bai eta gaztaroko hobenen absolbazio diren asmo prestuei uko egitea ere. Bizitza azaletik bikain hori, baina barne-aladuren taenia guztiek marruskatua, eta bere plazer iheskorrak atergabeko larridurez garesti ordaintzen zituena, harekin esposaturik zegoen, bere hartan ihalozkatzen zen, La Bruyère-ren Distraituak bezala, ohe bat eginez pezoineko lohian; baina Distraituak bezala, artean ere bere jantziak soilik lohitzen zituen.

        — Zer, mandarina hila dugu beraz? erran zion egun batean Bianchonek otordu bat bukatu ondoan.

        — Oraino ez, erantzun zuen, baina azken hatsetan duk.

        Medikuntzako ikasleak arraileriatzat hartu zituen hitz horiek, inondik inora ere ez zirena. Eugène, aspaldiko partez pentsioan lehen aldikotz afaldua zena, pentsakor agertua zen afari guztian. Apairu-ondokoan jalgi ordez, jangelan gelditu zen andereño Tailleferen ondoan jarririk, zeinari noizbehinka behako adierazkor batzuk jaurtiki baitzizkion. Apopilo batzuk artean ere mahaian jarri eta intxaur jaten ari ziren, bertzeak harat-honat zebiltzan lehenago hasi eztabaidetan murgildurik. Kasik arrats oro bezala, nork bere gogara alde egiten zuen, zenbaterainoko arta ezartzen zuen solasaldian, edo eta zenbaterainoko astuntasuna eragiten zion digeritzeak. Neguan, bakan hustuko zen osoki jangela zortziak baino lehen, orduan laur emakumeak bakarrean gelditzen baitziren eta mendeku hartzen beren sexuak gizonezkoen bilkura horren erdian ezartzen zien isiltasunaz. Eugèneri erasaten zion arrangurak jorik, Vautrin jangelan gelditu zen, nahiz lehenbizian jalgitzeko presa zuela irudi izan zuen, eta Eugènek ez ikusteko gisan egon zen denbora guztian, zeinak handik joana zela uste izan baitzuen halatan. Gero, azkenak joan ziren apopiloekin batean erretiratu beharrean, saloian gelditu zen maltzurki. Ikaslearen ariman irakurria zen eta sintoma erabakigarri bat susmatzen zuen. Rastignac, kausitzez, anitz gaztek ezagutu izan behar duten egoera harrigarri batean kausitzen zen. Maitale ala lakrikun, Nucingeneko andereak egiazko pasio baten larridura guztietatik iraganarazia zuen Rastignac, harengatik hedatuz emakumezkoek Parisen usaian darabilten diplomaziaren eskuarteak. Bere burua lotu ondoan ikusliarren begietan Beauséanteko anderearen lehengusua beregandik hurbil ezartzera, dudatan zen egiatan emanen zizkionetz mutil gazteak irudiz bide zeuzkan eskubideak. Duela hilabete bat hain zituen ongi kitzikatzen Eugèneren zentzumenak, non azkenean bihotzari erasan baitzion. Baldin eta, bere harremanaren lehen uneetan, ikasleak bere burua nagusitzat jo bazuen, Nucingeneko anderea azkarrena bilakatua zen, Eugèneren baitan Pariseko mutil gazte batengan diren bizpahirur gizonen sentimendu guztiak, onak ala txarrak, mugiarazten zituen trikimailu horren laguntzarekin. Kalkulu bat ote zen hori harengan? Ez; emakumeak egiazkoak dira beti, baita haien faltsukeria handienen artean ere, zeren sentimendu naturalen bati amore emanen baitute. Badaiteke Delphinek, mutil gazte hori bat-batean beregan hainbertze nagusitzera utzi eta hari gehiegizko legea erakutsi ondoan, halako duintasun-sentimendu bati obeditzen ote zion, zeinak eragiten baitzion edo bere kontzesioetan gibelerat itzultzera, edo kontzesio horien eteteaz atsegin hartzera. Hain du berezkoa emakume paristar batek, grina beraz jabetzen deneantxe, bere erorikoan dudatan hastea, bere etorkizuna emanen dion gizonaren bihotzaren frogatzea! Nucingeneko anderearen esperantza guztiak lehen aldi batez tradituak izanak ziren, eta gazte berekoi batenganako bere fideltasuna gutietsia izana zen berrikitan. Mesfidosa izan zitekeen arrazoiez. Badaiteke nabaritua zuen Eugèneren moldeetan, zeina bere arrakasta lasterrak gangarturik baitzegoen, halako gutieste-suerte bat haien egoeraren bitxikeriek sorrarazia. Errespetagarria nahi zuen inolaz ere iruditu adin horretako gizon bati, eta haren aitzinean handi agertu horren denbora luzean tikia izan eta gero bazter utzi zuen gizonaren aitzinean. Ez zuen nahi Eugènek menpera-erraz juja zezan, hain zuzen ere ikasleak de Marsayrena izana zela bazekielakotz. Ororen buru, anker gorri baten, gazte lizunkoi baten plazer degradagarria pairatu ondoan, hainbertzeko eztitasuna atzematen zuen amodioaren eskualde loratuetan zebilela, non dudarik gabe zoragarria baitzitzaion amodio horren alderdi guztien mirestea, haren dardaren luzaz entzutea, eta haize zuri-nahasgabeek luzaz ferekaturik egotea. Egiazko amodioak gaiztoagatik ordaintzen zuen. Zentzuz kontrako hori zorigaitzez ohikoa izanen da harik eta gizonek ez dakiten arte engainuaren lehen ukaldiek zenbat lore segatzen dituzten emakume gazte baten ariman. Zein ere baitzituen arrazoiak, Delphine Rastignacez trufatzen zen, eta laketzen hartaz trufatzean, inolaz ere bere burua ikusten zuelakotz maitatua eta segur bere amorantearen bihozminen geldiarazteaz, bere emakume-borondate ederrari jarraiki. Bere buruarekiko begirunez, Eugènek ez zuen nahi bere lehen guduka ipurdiko batekin buka zedin, eta bere jazargoan irauten zuen, bere lehen Saint-Hubert festan ezinbertzez eper bat akabatu nahi duen ehiztari baten antzera. Bere antsiek, bere urguilu irainduak, bere etsiek, gezurrezko zein egiazkoek, gero eta gehiago estekatzen zuten emakume hori. Paris guztiak ematen zion Nucingeneko anderea, zeinarenganat ikusi zuen lehen egunean baino gehiago aitzinatu gabe baitzegoen. Artean ere ez jakinki emakume baten lakrikunkeriak batzuetan onura gehiago eskaintzen dituela haren amodioak plazerik ez ematen baino, halako amorrualdi zozoetan erortzen zen. Baldin eta emakume batek amodioa errefusatzen dueneko sasoiak bere breen bilkina eskaintzen bazion Rastignaci, horiek hain kario gertatzen zitzaizkion nola ondugabe, gazi-gozo eta dastatzeko ezti ziren. Noizean behin, bere burua sosik eta etorkizunik gabe ikusirik, gogorat etortzen zitzaizkion, bere kontzientziaren erranak gorabehera, fortuna egiteko menturak, Vautrinek posible zirela frogatu zizkionak baldin eta andereño Tailleferekin ezkontzen bazen. Alabaina haren miseria hain zen ozenki mintzo une hartan, non kasik nahi gabe eman baitzien amore esfinge beldurgarriak, bere soez maiz liluraturik edukitzen zuenak, zerabiltzan azpijokoei. Poiret eta andereño Michonneau berenerat igan zirenean, Rastignacek, bera bertze inor ez zelakoan andere Vauqueren eta andere Coutureren artean, zeina artilezko mahukak trikotatzen ari baitzen sutontziaten ondoan lo-kuluska, begien apalarazteko behar bezain molde samurrean behatu zion andereño Tailleferi.

        — Ez duzu bada xangrinik izanen, Eugène jauna? erran zion Victorinek une batez isilik egon ondoan.

        — Zein gizonek ez ditu bada bere xangrinak! ihardetsi zuen Rastignacek. Segur bagina, gu gazteak, egiaz maitatuak garela, beti ere egiteko prest garen sakrifizioen ordaina emanen ligukeen atxikimenduaz, sekula ez genuke agian xangrinik izanen.

        Andereño Tailleferek, erantzun guztikotz, tronpagarria ez zen behako bat jaurtiki zion.

        — Zuk, andereño, zeure bihotzaz segur zarela uste duzu egun; bermatuko ote zenuke ordea inoiz aldatuko ez zarela?

        Irriño bat lerratu zen neskatxa gaixoaren ezpainetan haren arimatik jalgi argi-izpi bat irudi, eta hain ongi zion begitartea distirarazi non Eugène ikaratu baitzen halako sentimen-leherketa bizi baten sorrarazi izanaz.

        — Nolaz! bihar aberats eta zoriontsua bazina, hodeietatik fortuna handi-handi bat eroriko balitzaizu, oraindik ere maiteko zenukea atsekabeko egunetan atsegin eman dizun mutil gazte pobrea?

        Delphinek keinu polit bat egin zuen buruaz.

        — Mutil gazte malerus-malerus bat?

        Bertze keinu bat.

        — Zer zozokeria ari zara erraten? oihu egin zuen andere Vauquerek.

        — Utz gaitzazu, ihardetsi zuen Eugènek, guk badakigu zer gabiltzan.

        — Ezkon agintzarik izanen dea, beraz, Rastignaceko jaun zaldunaren eta andereño Victorine Tailleferen artean? erran zuen Vautrinek bere ahots handiaz jangelako atean tupustean agerturik.

        — Ah! iziarazi nauzu, erran zuten batean andere Couturek eta andere Vauquerek.

        — Makurrago hauta nezake, ihardetsi zuen irriz Eugènek zeinari Vautrinen ahotsak inoizko bihotz-zarrastarik krudelena eragin baitzion.

        — Arraileria gaiztorik ez, jaunak, erran zuen andere Couturek. Ene alaba, igan gaitezen geure gelarat.

        Andere Vauquer bere bi apopiloen ondotik joan zen, afalondoa haienean emanez bere kandelaren eta bere suaren ekonomizatzeko xedearekin. Eugène Vautrinekin bakarrik eta bekoz beko kausitu zen.

        — Banekien bada hona etorriko zinela, erran Zion gizon horrek bere betiko odol-hotz izikaitza erakutsiz. Entzun, ordea! bertze edozeinek bezalaxe, nik ere badut urguritasunik! Ez ezazu une honetan erabakirik har, orain ez zaude zeure ohiko heinean. Zorrak badituzu. Ez dut nahi grina, etsipena, baina arrazoia izan dadin eneganat etortzera deliberatzen zaituena. Badaiteke milakoren bat ezkutu behar dituzun. Har ezazu, nahi duzua?

        Deabru honek bere sakelan diruzorro bat hartu eta bankako hirur bilete atera zituen handik, ikaslearen begietan kliskarazi zituenak. Eugène egoerarik krudelenean zegoen. Hitzaren pean galdurikako ehun louis zor zizkien Ajudako markesari eta Trailleseko kondeari. Diru hori ez zeukan, eta ez zen ausartzen Restaudeko andereanerat joatera, non haren aiduru baitzeuden, afalondoaren iragaitera. Zeremoniarik gabeko afalondo horietako bat zen hura, non jendeek pastiza ttikiak jaten baitituzte, tea edaten baitute, baina sei mila libera ere gal baititzakete whistean.

        — Jauna, erran Zion Eugènek bere gorputzaren dardarizoa nekez ezkutatuz, kontatu didazuna kondatu ondoan, konprenitu beharra duzu ezin ukan dezakedala zure alderateko obligaziorik.

        — Ongi da! pena emanen zenidan bertze gisaz mintzatzera, segitu zuen tentatzaileak. Mutil gazte ederra zara, samurbera, burgoia lehoi bat bezala eta eztia neskatila bat irudi. Harrapakin ederra zinateke deabruarentzat. Gogokoa dut gazteen kualitate hori. Goi-politikako bertze bizpahirur gogoeta, eta den bezalako ikusiko duzu mundua. Bertutezko ikuskari tiki zenbait jokatuz, goi-mailako gizonak bere nahikeria guztiak satisfatzen ditu parterreko ertzoen eskuzarta handien artean. Egun guti gabe guretarra izanen zara. Ah! ene ikasle nahi bazenu bilakatu, orotarat helaraziko zintuzket. Desira bat ez zenezake asma berehalakoan bete ez litekeenik, zernahi desira ahal bazeneza ere: ohorea, fortuna, emakumeak. Zibilizazio guztia anbrosia bihurtua genizuke emanen. Gure haur mainatua, gure Benjamin izanen zinateke, denak suntsituko ginateke zugatik atseginez. Traba eginen lizukeen oro izanen litzateke berdindua. Oraindik ere barneko harrik baldin baduzu, gaiztagintzat hartzen nauzu agian? Bada, zuk oraindik ukan uste duzun adina zuzentasun zuen gizon batek, Turenne-ko jaunak, bere burua lotua ikusi gabe, afera ttikiak egiten zituen birigarro batzuekin. Ez duzua eni obligatua egon nahi, eh? Bortz axola horrek, segitu zuen Vautrinek irriño bat lerratzera utziz. Har papertxar hauek, eta czar iezadazu hor gainean, erran zuen zigilu bat ateraiaz, hor, zeiharka: Onartua, urtebetean ordaintzeko, hirur Pila eta bortzehun liberako kopuruagatik. Eta emazu data! Korritua aski gogorra da zuri edozein kezkaren edekitzeko, judu dei nazakezu, eta ezein ezagutzatatik kito zaudela pentsa. Baimena ematen dizut oraindik ere ene mesprezatzeko egun, geroagoan maiteko nauzulakoan segur. Edirenen dituzu ene baitan leize izigarri horiek, ertzoek bizio deitzen dituzten sentimendu kontzentratu eskerga horiek; sekula ez nauzu ordea ez lazo eta ez esker-gaiztoko edirenen. Hots, ni ez naiz ez peoi bat eta ez alfil bat, baizik eta dorre bat, ene umea.

        — Nolako gizona zaitugu beraz? galdetu zuen Eugènek, ene atsekabetzeko sortua zara zu.

        — Inolaz ere ez, ni naiz gizon on bat bere burua lohitu nahi duena zu lupetzatik kanpo egon zaitezen bizi zaren bitartean. Zergatik ardura hau galdetzen dukezu zeure baitan? Ongi da! ezti-eztia erranen dizut egunen batez, belarrian isilka. Lehenik harritu zaitut gizarte-ordenamenduaren arramantza eta makinaren itzulika erakusten dizudala; baina pasatuko da zure lehen izialdura soldadu-berriarena bezala gudu-zelaian, eta usatuko zara gizonen ikustera beren buruak errege aldarrikatzen dituztenen alde bizia emateko prest dauden halako soldaduak izanen bailiran. Denborak arrunt aldatuak dira. Lehen erraten genion kazkarro bati: «Tozkik ehun ezkutu, garbi iezadak horrako jaun hori», eta trankilki joaten ginen afaltzera gizon bat huskeria batengatik lurpean eman ondoan. Egun fortuna eder baten egitea proposatzen dizut deusi lotzen ez zaituen buru-keinu baten ordez, eta duda egiten duzu. Mende honek ez du kalipurik.

        Eugènek pagamendu-manua sinatu zuen, eta bankuko bileteekin trukatu.

        — Ongi da! ea bada, mintza gaitezen zentzuz, hasi zen berriz Vautrin. Hemendik hilabete batzuen buruan Ameriketarat nahi dut abiatu, neure tabakoaren ereitera. Adiskidetasunaren zigarroak igorriko dizkizut. Aberasten baldin banaiz, lagunduko zaitut. Haurrik ez baldin badut (daitekeena oso, ez dut tirriarik adaxka bidez hemen neure buruaren birlandatzeko), tira! neure fortuna utziko dizut. Hori ote da gizon baten adiskide izatea? Maite zaitut, ordea. Bertze gizon batengatik arduratzeko grina dut. Lehendik ere egina naiz hori. Ikusten duzu, ume, bertze gizonak baino goragoko heinean bizi nauzu. Ekintzak mediotzat behatzen ditut, eta ez dut xedea bertzerik ikusten. Zer den gizon bat enetzat? Hau! egin zuen bere erpuruko azkazala klaskaraziz bere hortzetako baten pean. Oro ala deus ez, horra gizon bat zen den. Deus ez baino gutiago duzu Poiret deritzonean: tximitxa bat bezala zapal dezakegu, mengela da eta kiratsa dario. Baina gizona jainko bat duzu zure eitea duenean: orduan ez duzu makina bat larruz estalia, baina teatro bat non sentimendurik ederrenak hunkitzen baitira, eta ni sentimenduengatik bakarrik bizi naiz. Sentimendu bat, ez dea hori mundua pentsamendu batean? Ikus ezazu Goriot zaharra: haren bi alabak dira harentzat unibertso guztia, kreazioan zuzen joateko duen haria. Hortaz bada, bizitza barnatik ikertu dudan honentzat, ez da egiazko sentimendu bat baizik, gizon arteko adiskidetasuna. Pierre eta Jaffier, horra ene grina. Buruz dakit Venise sauvée. Anitz jende ikusi dituzua behar bezain bulartsuak, adiskide batek dioenean: «Goazen gorpu baten ehorztera!», fitsik erran eta lagun hori moralaz nardarazi gabe bere hartarat joateko? Neronek egin dut hori. Ez nieke honela denei hitz eginen. Zu ordea, zu goi-mailako gizona zara, dena erran dakizuke, dena dakizu konprenitzen. Zu ez zara luzaz palastatuko hemen inguratzen gaituzten gizonskilak bizi diren zingiradietan. Ongi da! errana da hori. Esposatuko zara. Zorrotz ditzagun geure ezpatak. Enea altzairuzkoa da eta ez da inoiz kamusten, aizu!

        Vautrin jalgi zen ikaslearen ezezko erantzuna aditu nahi izan gabe, bere gogara uzteagatik. Irudi zuen bazekiela halako jazargo tikien, halako guduken sekretua, hots, gizonezkoek beren buruen aitzinean sendagaila egin eta beren ekintza gaitzesgarrien zuritzeko baliatzen dituzten jazargo eta guduken sekretua.

        Egin dezala nahi duen bezala, ez naiz alabaina andereño Tailleferekin esposatuko! erran zuen Eugènek bere baitan.

        Barne-sukar baten ongi-eza jasan ondoan, hain zuzen ere gizon horrekin, zeinak ikara ematen baitzion, hain zeina bere ideien zinismoagatik beragatik eta gizartearen tinkatzen erakusten zuen ausartziagatik begietan handituz baitzihoakion, hitzarmen bat egin lezakeela pentsatzeak sorrarazia bera, Rastignac jantzi, kotxe bat eskatu, eta Restaudeko anderearenerat joan zen. Zenbait egun bazituen emakume honek artak berretuak zituela mutil gazte baten alderat zeinaren urrats bakoitza aitzinatze bat bai baitzen mundu handiaren bihotzerat, eta zeinaren eskuak irudi baitzuen egun batez beldurgarria behar zuela izan. Trailleseko eta Ajudako jaunei ordaindu, gauaren zati batean whistean jokatu, eta galdu zuena irabazi zuen berriz. Superstiziosa izaki, bidea egiteko duten eta guti-aski fatalistak diren gizon gehienen antzera, zeruaren sari bat nahi izan zuen bere asturuan ikusi, bide zuzenean irauteko bere pertseberantziagatik. Biharamun goizean, astirik galdu gabe Vautrini galdetu zion ea artean ere bere zor-agiria bazeukanetz. Baietz erantzun ziolarik, hirur mila liberak bihurtu zizkion atsegin bat aski naturala erakutsiz.

        — Dena ongi doa, erran zion Vautrinek.

        — Ni ez naiz baina zure erkidea, erran zuen Eugènek.

        — Badakit, badakit, ihardetsi zuen Vautrinek eteten ziola. Haurkeriak egiten dituzu oraindik. Ateko fitskerietan gelditzen zara.

 

 

 

© Honoré de Balzac

© itzulpenarena: Pedro Diez de Ulzurrun

 

 

"Honoré de Balzac / Goriot Zaharra" orrialde nagusia