GEOFFROY SAINT-HILAIRE HANDI ETA ARGIARI

Haren lanen eta jeinuaren mirespenezko lekukotasunez

 

 

I

PENTSIO BURGES BAT

 

        Andere Vauquer, sortzez de Conflans, andere zahar bat da, azkeneko berrogei urtean pentsio burges bat daukana Parisen Sainte-Geneviève berria karrikan, auzo latinoaren eta Saint-Marceau faubourg-aren artean. Pentsio horrek, Maison-Vauquer izenarekin ezagutuak, orobat hartzen ditu gizonezkoak nola emakumeak, gazteak nola zaharrak, gaizki-erranak hargatik sekula ez dielarik etxe errespetagarri honetako ohiturei erasan. Baina halaber azkeneko hogeita hamar urtean ere ez zen han neska gazterik ikusi, eta mutil gazteren bat hemen bizi izan dadin, familiak oso bizisari urria behar dio eman. Hala ere, 1819an, drama hau hasten den garaian, neskatila gaixo bat bizi zen pentsio honetan. Zein ere baita drama hitzak bildu duen aipu txarra literatura mingarriko denbora hauetan hain molde neurrigabe eta makurrean ugaritu izanaren ondorioz, beharrezkoa da hemen erabiltzea: ez istorio hau dramatikoa delakotz hitzaren egiazko erranahian; baizik eta obra bururaturik, menturaz negar batzuk isuri izanen direlakotz intra muros eta extra. Konprenituko ote dute Parisetik landarat? Zalantza haizu da. Tokiko oharpen eta koloreez josi ikuskizun honen berezitasunak Montmartre-ko muinoen eta Montrouge-ko gainen artean baizik ez daitezke hautemanak izan, beti ere erortzear diren txintxor eta lohiez belztu errekekiko ibar aipatu horretan; ibar bat sufrikario egiazkoez, alegrantzia askotan faltsuez, betea, eta hain izigarri inarrosia, non zerbait zinez neurriz kanpokoa behar baita apur bat iraunen duen sentsazioren bat bertan sorrarazteko. Bizkitartean han-hemenka kausitzen dira bizio eta bertute pilatuek handi eta itzaltsu bihurtzen dituzten oinazeak: horien ikustearekin, bekaizgoak, interesak, baratzen dira eta urrikaltzen; baina hartaz hartzen duten bihotz-mugida zaust irentsi fruitu gozoa bezalakoa da. Zibilizazioaren orgak, Jaggernat-eko idoloarena irudia denak, bertzeak baino puskatzen zailagoko eta gurpila trabatzen dion bihotz batek apenas gibelarazirik, berehala hausten du bihotz-mugida hori eta aitzinerat doa bere bide loriosean. Hala eginen duzue zuek, liburu hau esku zuri batez hartzen duzuen horiek, besaulki guri batean jesartzen zareten horiek, diozuela zeuen baitan: Badaiteke honek dibertituko nauen. Goriot zaharraren zorigaitz sekretuak irakurri ondoan, gogotik afalduko duzue zuen soraiokeria autorearen bizkar ematen duzuela, gehiegikeria leporatzen diozuela, poesia egozten diozuela. Ai! Jakin ezazue: drama hau ez da ez alegia, ez eleberri. All is true, hain da egiazkoa, non haren osagarriak bakoitzak beregan ezagun baititzake; bere bihotzean, agian.

        Pentsio burgestzat baliatzen den etxea andere Vauquerena da. Sainte-Geneviève berria karrikaren behealdean kokaturik dago, lurra l'Arbalèt-eko karrikarat jaisten den tokian; hain aldapa piko eta gogorrean jaisten ere non zaldiak gutitan igan edo jaisten baitira handik. Zirkunstantzia hori lagungarri da Val-de-Grâce-ko eta Panthéon-eko kupulen artean hertsatu karrikotan nagusi den isiltasunarentzat; han, printza horiak jaurtikiz eta dena goibelduz, beren kupulek egozten dituzten errainu goibelez eguratsa aldarazten duten bi monumentu horien artean. Hemen, lauzatuak lehor daude, errekak ez ur ez lohi ageri dira, belarra hormetan barna hazten da. Gizonik axolagabeena ere tristatzen da ibiltari guztiak bezala, kotxe baten soinua aparteko gertakari bilakatzen da, etxeak hitsak dira, harresiek presondegiaren urrina dute. Galdurikako paristar batek ez lezake han bertzerik ikus pentsio burgesak zein instituzioak, miseria zein asperra, zaharrak hilzorian, lan egitera behartu gazte alegerak baino. Ez du Parisek bertze auzorik, ez ikaragarriagorik, ez, derradan, ezezagunagorik. Sainte-Geneviève berria karrika brontzezko marko bat bezalakoa da oroz gain, kondaira honi doakion bakarra, zeinarentzat ez baikenezake geure gogoa sobera presta hura zernahi kolore Auriez, zernahi ideia larriz jantzirik ere; hala nola, mailarik maila, eguargia gordetzen den eta gidariaren kantua apaltzen, ibiltaria Karakunbetarat jaisten den bitartean. Konparazioaren egia! Nork erabakiko ote du zer den ikusten izigarriagoa: bihotz eihartuak ala buru-hezur hustuak?

        Pentsioaren fatxadak jardin tiki baterat ematen du etxeak angelu zuzena egiten duelarik Sainte-Geneviève berria karrikarekin, non bere sakontasunean ebakia ikusten duzuen. Fatxada horretan barna, etxearen eta jardin tikiaren artean, erreten itxurako galtzada bat nagusitzen da, oinbete zabal, zeinaren aitzinean hareazko ibiltoki bat baitago hegietan mokobelarrak, ereinotz-arrosak eta granada-ondoak dituena toska urdin eta zurizko lorontzi handietan landatuak. Ibiltoki horrek isil-ate bat du sarreratzat, gainean hitzok izkiriatuak dituena: MAISON-VAUQUER, eta azpian; «BI SEXUENTZAKO PENTSIO BURGESA ETA BERTZE». Egunez, atesare batek, txintxarri oihulari eta guzti, arku bat uzten du ikustera lauzatu tikiaren buruan, karrikaren parez-pareko horman, auzoko artista batek marmol berdea bailitzan pintaturik. Alegiazko arku horren pean, Amodioaren harrizko irudi bat altxatzen da. Estaltzen duen berniz zartakatua ikusiz, sinbolozaleek menturaz Pariseko amodioaren mito bat edirenen lukete han, bere gaitzak handik urrats batzuetarat sendatzen dituena. Zimendarriaren pean, hizpuru erdi-ezabatu batek apaingarri hau ezarri zuteneko denbora oroitarazten du, Voltaireren alderat erakusten duen gartsutasunagatik, 1777an hura Pariserat itzuli zenean:

 

                «Nor ere baitzara, honatx zeure maisua:

                Bada, izan zen, edo behar du izan.»

 

        Ilunabarrean, ate trinko batek hartzen du atesarearen lekua. Jardin tikia, fatxada luze bezain zabal dena, karrikako hormak eta alboko etxearen artekoak hertsatua kausitzen da; ondoko etxe horretan huntzezko mantu bat zintzilikatzen da, etxea osotara estaltzen duena eta ibiltarien behakoa erakartzen duena Parisen bitxi gertatzen den efektu batengatik. Horma horiek guztiak landare-sare eta mahats-aihenez jantziak dira, zeinen zitu erkin eta hautsez beteak andere Vauqueren une oroko izien sorburu eta bere apopiloekin darabiltzan solasaldien hizpide izaten baitira. Harresi bakoitzean barna ibiltoki mehar bat iragaten da, ezki-gerizpe baterat daramana. Andere Vauquerek, ezkondu aitzin de Conflans izan zen arren eta apopiloen ohar gramatikalak gorabehera, hitz hori hisiz gaizki ahoskatzen du beti. Alboko ibiltoki bien artean orburu-sail bat dago, hegietan fruitu-arbola ardatz gisara inausiak dituena, eta lekabelarrez, letxugaz edo eta perrezilez hertsia. Ezkien gerizpean mahai biribil bat ezarria da berdez pintatua eta kadiraz inguratua. Udamineko egunetan, kale edateko bezain aberatsak diren apopiloak honat etortzen dira edari horren dastatzera arrautzen txitatzeko gisako beroaz. Fatxada, hirur solairukoa eta gainaldean mantsardak dituena, harri-koskoez eraikia da eta Pariseko etxe gutiz-gehienei karantza doilorra ematen dien hori koloreaz entokatua. Solairu bakoitzeko bortz leihoek beira tikiak dituzte eta leihosareez hornituak dira. Leihosare horiek, bakoitza bere gisara moldatua, lerro guztiak anabasa ederrean erakusten dituzte. Etxearen behealdeak bi leiho ditu, behebarnean apaingarri gisa burdin saredunez hornituak. Eraikinaren gibelean hogei oinbete inguruko korta bat dago, txerriak, oiloak eta untxiak armonia onean bizi direna, eta hondarrean egur ebakitzeko estalpe bat duena. Estalpe horren eta sukaldeko leihoaren artean hoztegia dago esekirik, eta haren azpirat harraskako ut zikinak isurtzen dira. Gorte horrek ate mehar bat du Sainte-Geneviève berria karrikarat ematen duena, eta kuzinersak handik botatzen ditu etxeko zaborrak sastegia ut ugarirekin garbituz kiratsaren zigorraren pean.

        Berez pentsio burgesaren ustiatzeko baliatua, beheko solairuak badu lehenbizi gela bat, karrikarat ematen duten bi leihoek argitua eta beirazko atea duena. Saloi horrek jangela baterat darama zeina eskailera baten hutsarteak banantzen baitu sukaldetik, zurezko eta lauzazko maila pintatu eta torratuekiko eskailera baten hutsarteak, hain zuzen. Nekez aurkituko da saloi hori, bere besaulki eta kadirak arrasto aldiz ilun aldiz distiranteko ehunez estaliak dituena, baino ikuskizun tristeagorik. Erdian mahai biribil bat kausitzen da Sainte-Anne marmolezko gaina duena, apaingarritzat urre-hari erdi-ezabatuekiko portzelana zuriko azpila duena, egun nonahi aurkitzen diren horietakoa. Gela horrek, franko oholtza kaskarra duenak, horma barrenak oholeztatuak dauzka gerri pareraino-edo. Hortik gorakoa papera da eta hantxe erakusten dira Telemaque-ko gertakizun nagusiak, pertsonaia klasiko guztiak koloretan ageri direla. Leiho saredunen arteko zatiak Kalypsok Ulysseren semeari emanikako oturuntzaren irudia eskaintzen die apopiloei. Berrogei urte badira pintura horrek apopilo gazteen arraileriak pizten dituela, zeinek beren mailakoak baino goragokoak izan uste baitute miseriak eskaintzen dien jatekoaz trufatzen direlarik. Harrizko tximiniak, beti garbirik dagoen supazterra sua parada handietan baizik pizten ez den seinale dela, lore artifizial eta zimelduez bete ontzi bi, kriseilu banatan sartuak, ditu apaingarri gusturik txarreneko marmol urdinxkaz eginiko erloju baten ondoan. Lehenbiziko gela horri urrin bat ezin-erranezkoa eta pentsio-urrina deitu behar genukeena dario. Zokoaren, lizunaren, zahartuaren urrina da; hotz ematen du, hezea da sudurrarentzat, jantzien barnerat sartzen da; jendeak jan duen gelaren gustua du; sehigoaren, janaritegiaren, lander-etxearen kiratsa da. Adieraz liteke, beharbada, baldin eta prozeduraren bat asma baledi apopilo bakoitzaren, gazte ala zaharraren, atmosfera katarral eta sui-generis horiek botatzen dituzten elementu higuingarrien neurtzeko. Bada, izigarrikeria mengel horiek gorabehera, ondoan dagoen jangelari konparatuz geroz, saloi hori apaingela bat bezain dotore eta usain-gozoduna irudituko litzaizueke. Jangela hori, osoki zureztatua, egun antzik eman ezin zaion kolore batez egon zen behiala pintaturik. Orain azpi bat osatzen du zeinetan koipeak, irudi harrigarriak marraztuz, bere azalak inprimatu baititu. Paretetako arasa zoldazuen gainean denetarik ageri da: pitxer koskatuak, histuak, metalezko ertzak dituztenak, portzelana arruntezko plater pilak, ertz urdindunak, Tournai-n eginak. Zoko batean lauki zenbatuekiko kaxa bat kokaturik dago apopilo bakoitzaren dafailen, koipez zein arnoz zikinduen, gordetzeko. Altzari apurtezin horietakoak aurkitzen dira, orotatik haizatuak izanagatik hemen emanak direnak zibilizazioaren hondakinak Incurables-etan bezala. Barometro bat ikusiko duzue, euria ari duelarik jalgitzen den kaputxin eta guzti; jateko gogoa kentzen duten grabatu ahalkegarriak, denak zur bernizatuzko marko urre-haridunetan; kareizko erloju bat kobrezko inkrustazioekin; berdez pintatu sutontzi bat; Argand-eko kriseiluak non hautsak olioa baitu lagun; mahai luze bat hulezko estalki bat hain zikina duena non kanpoko apopilo trufariren batek bere izena izkiria bailezake eria lumatzat erabiliz; kadira andeatuak; lastai tiki urrikalgarriak, osoki desegiteke etengabe lisatzen den espartzuaz eginak; ondoan zango-berotzeko miserableak, matxarroa hautsia eta zura errea dutenak. Adierazi nahi izanez geroz altzari horiek zeinen diren zaharrak, pitzatuak, ustelduak, dardaratsuak, pipiak joak, mainguak, okerrak, herbailak, hilurranak, esplikazio bat behar genuke eman kondaira honen interesa gehiegi luzatu eta jende presatuek barkatuko ez luketena. Lauzatu gorria igurzketa eta garbiketek eginikako sakanez josirik dago. Hots, poesiarik gabeko miseria da hemen jaun eta jabe; miseria xuhurra, bildua, higatua. Oraindik lokatzik ez badu, baditu putzuak; zulorik eta pildarik ez badu, ustelak janen du.

        Gela hori goizeko zazpiak alderat ageri da bere distira osoaz, andere Vauqueren katua, etxekanderearen aitzinean sarturik, arasen gainean jauzi egin, platerez estali katiluetako esnea usnatu, eta goiz oroko bere murruskada entzunarazten duenean. Alarguntsa berehala agertzen da, buruan tulezko boneta darabilela zeinaren azpian ileorde-motots gaizki ezarri bat zintzilikatzen baita; pantufla aloz zatardunak herrestan dator. Aurpegi higatu eta potzoloa, erdian papagaitxoaren mokoaren irudiko sudurra jalgitzen zaiona; esku tiki lodiak, elizako arratoiaren antzeko itxura biribila, atorra hantua eta igerian dabilena, armonian dira zorigaitza darion, espekulazioa zelatan dagoen eta andere Vauquerek bere hartako kirats beroa higuinik gabe arnasten duen sala horrekin. Udazkeneko lehen izotzaren irudiko aurpegi freskoak, betondo zimurtuek, zeinen adierazpena dantzarisen irriño behartutik lukurrariaren beltzuri garratzerat iragaten baita, hots, haren itxura guztiak esplikatzen du pentsioa, pentsioak hura inplikatzen duen bezala. Espetxea ez dabil kartzela-maizterrik gabe, zuek ez zenukete bata bertzea gabe irudikatuko. Andere tiki honen loditasun apatza bizitza honen emaitza da, nola tifusa ospitale baten isurien ondorioa. Haren artilezko gonazpikoak, soineko zahar batez eginiko gonaren azpitik jalgi eta forrua ehun zirpilduaren zuloetatik ihesi doakionak, laburbiltzen du saloia, jangela, jardin tikia, gaztigatzen sukaldea eta barrundatzen apopiloak. Hura han dela, ikuskizun hori betea da. Berrogeita hamar bat urte dituela, andere Vauquerek zorigaitzak jasan dituzten emakume guztien eitea du. Begia lausoa du, eraman-ekarri baten itxura errugabea, garestiago kobratzeko haserretzen badakien, baina bertzalde bere zoriaren eztitzeko edozer egiteko prest denarena; baita Georges zein Pichegruren saltzeko ere, Georges zein Pichegru oraindik entregatu gabe baldin baleude. Hala ere, emakume ona da barnean diote apopiloek, haren auhen eta eztulak entzutean berak bezala ondasunik gabea delakoan. Nor izan zen Vauquer jauna? Sekula ez zen bere senar zenaz mintzatzen. Nola galdu zituen ondasunak? «Ezbeharretan», erantzuten zuen. Senarra gaizki jokatu omen zen harekin, eta ez omen zion deus utzi ezpada negar egiteko begiak, bizitzeko etxe hau eta ezein nahigaberekin ez urrikaltzeko eskubidea, zeren, erraten zuen, paira ahal daitekeen guztia pairaturik baitzegoen. Etxekandearearen urrats labur-bizkorren entzutearekin Sylvie lodia, kuzinersa, lehiaz hasten zen barne-apopiloei gosariak zerbitzatzen.

        Kanpoko apopiloak, eskuarki, afaritako baizik ez ziren abonatzen, eta horrek hilabeteko hogeita hamar libera egiten zuen. Kondaira hau hasten den garaian, barnekoak zazpi ziren. Lehen solairuan etxeko apartamenturik hoberenak zeuden. Andere Vauquer arruntenean bizi zen, eta bertzea andere Couturerena zen, Frantziako Errepublikako Komisario-Manatzaile baten alarguntsarena. Victorine Taillefer zeritzon neskatila gazte bat, alabatzako zeukana, bizi zen harekin. Bi dama horien bizisaria mila eta zortziehun liberakoa zen. Bigarreneko bi apartamentuetan, batean Poiret zeritzon agure zahar bat zegoen, eta bertzean berrogeita bat urteko gizon bat, ileorde beltza zerabilen, papiloteak tindatzen zituen, merkatari izana zela zioen, eta Vautrin jauna zeritzona. Hirugarren solairua laur ganbarak osatzen zuten; haietatik bi alokaturik zeuden: bat andereño Michonneau izeneko neskazahar bati, eta bertzea fideoen, Italiako pasten eta almidoiaren lantegi-jabe ohi bati, Goriot zaharra deitzen zutenari. Bertze ganbara biak pasaiako txorientzakoak ziren: Goriot zaharrak eta andereño Michonneauk bezala, jateko eta ostatu edukitzeko hilabetean berrogeita bortz libera baizik eman ezin zuten zorigaiztoko ikasleentzakoak; baina andere Vauquerek, halakoak biziki gustukoak ez izaki, hoberik aurkitzen ez zuenean baizik ez zituen hartzen: ogi gehiegi laten omen zuten. Aldi honetan, bi ganbara horietako batean Angoulême inguruko mutil bat bizi zen. Gazte horrek, Pariserat legeen ikastera etorriak, behartasunik handienetan zeukan bere familia handia berari urte oro mila eta berrehun libera igorri ahal izateko. Eugène de Rastignac, hala baitzuen izena, zorigaitzak lanerat ohitu gazte horietako bat zen, zeinek haur-denboratik konprenitzen baitituzte gurasoek haiengan ezartzen dituzten esperantzak eta etorkizun eder batentzat prestatzen baitira ordutik beretik kalkulatuz beren ikasketekin noraino hel daitezkeen, eta, ikasketa beroriek aldez aitzinetik gizartearen geroko mugimenduari egokituz, gizarte horren lauskitzen lehenak izateko. Haren oharbide bitxiak eta Pariseko saloietan erakusten jakin zuen antzea gabe, kontakizun hau ez zatekeen halako kolore egiazkoez apainduko, zeinak dudarik gabe zor izanen baitizkio bai haren izaera zoliari eta bai egoera lazgarri batek, jasaten zuenak sorrarazi zutenek bezainbateko axolaz gordeak, ezkutatzen zituen misterioen argitu nahiari.

        Hirugarren solairu horren gainean baziren arropa zabaltzeko sabai bat eta bi mantsarda, hantxe lo egiten baitzuten Christophe zeritzon mutil batek eta Sylvie lodiak, kuzinersak. Zazpi barne-apopiloez gain, andere Vauquerek bazituen, urte on, urte txar, Zuzenbide zein Medikuntzako zortzi ikasle, eta auzoan bizi ziren bizpahirur bezero, denak afaritara bakarrik abonatuak. Jangelan hamazortzi lagun biltzen ziren afaltzeko eta hogeiren bat sat zitezkeen; goizean zazpi apopiloak soilik egoten ziren, eta denak elkarturik ikusi eta familia bat irudi zuten gosaritakoan. Denak pantufletan jaisten ziren eta marmarika jarduten hala kanpokoen itxuraz eta janzkeraz nola lehengo gaueko gertakariez, hurkotasunaren konfiantzarekin hitz egiten zutela. Zazpi apopilo horiek izan ez zituen haurrak ziren andere Vauquerentzat, eta artak eta ardurak astronomoaren zehaztasunaz neurtzen zizkien, bakoitzaren bizisariaren arabera. Kontsiderazio bera zerabilten halabeharrak elkarturikako izaki horiek ere. Bigarreneko alokatuek hirurogeita hamabi libera baizik ez zuten ordaintzen hilabeteko. Prezio merke horrek, Saint-Marcel faubourgean, La Bourbe-ren eta La Salpêtrière-ren artean baizik ezin aurki daitekeenak, eta salbuespen bakartzat andere Couture zuenak, apopilo horiek zorigaitz ageri samarren zamapean zeudela salatzen du. Horregatik, nolako ikuskizun etsipengarria erakusten zuen etxearen barnealdeak, halakoxe ikuskizuna agertzen zuten bezeroen jantziek, erabat zarpaildurik baitzeuden. Gizonezkoek kolore hauteman-ezineko xenilak zerabiltzaten, auzo dotoreetan karrika-kantoietarat botatzen dituztenak bezalako zapatak, arropa zuri higatua, arima bertzerik ez zuten jantziak. Emakumeek soineko zaharkituak zeramatzaten, tindatuak, tindagabetuak; dentella zahar adabakituak, usantzaren distira zuten eskularruak; lepaxerra gorriak eta xal urratuak. Jantziak halakoak baldin baziren, kasik denek ere erakusten zituzten gorputz irmoki landuak, bizitzaren ekaitzei gogor eginikako gorpuzkerak, aurpegi hotzak, gogorrak, ezabatuak txanpon baliogalduen antzera. Aho zimelduak hortz goseez armaturik zeuden. Apopilo horiek drama burutuak zein amaitzeke zirenak susmarazten zituzten; teatroetako argietarat, oihal pintatuen artean, jokaturikako dramak barik, drama bizi eta mutuak, bihotza suharki hunkitzen duten drama taigabeak, drama etengabeak berak.

        Michonneau neskazaharrak bere begi unatuen gainean tafetan berdezko begi-malda zikin bat zerabilen, letoin-hariaz inguratua, Pietateko aingerua bera ere iziaraziko zukeena. Haren xal lits mehe eta negartsudunak eskeleto bat estaltzen bide zuen, oro ertz eta koska baitzen altxatzen zuen gorputza. Zer azido-suertek jan ote zizkion izaki honi bere emakume eiteak? Polita eta ongi egina izana behar zuen. Bizioak, bihozminak, zikoizkeriak ote? Sobera maite izan ote zuen? Lupeme ala lili soil izan ote genuen? Ordaintzen ari ote zen orain gaztaro ahalkegabe eta plazerek trumilka erasanikako baten garaitiak ibiltariak uxatzen zituen zahartzaro batekin? Behako zuriak hotz ematen zuen; aurpegi zimurtuak mehatxu egiten. Negua hurbildu ahala sasian kantuz ari den txitxarraren ahots ozena zuen. Erraten zuen ezen gizon zahar baten, maskuriko katarro batek joaren eta dirurik ez zeukalakoan seme-alabek zapuztuaren, zaintzen aritu zela. Agure horrek mila liberako bizi-errenta utzi omen zion, oinordekoak aldian behin kentzera entseatzen zitzaizkiona gezurrak eta azpikeriak erabiliz. Grinen jokoak aurpegia birrindu zion arren, ehunean artean ere halako zuritasun eta finezi aztarnak ageri zitzaizkion, gorputzak zenbait edertasun-hondar atxikitzen zituela pentsarazten zutenak.

        Poiret jauna mekanika gisako zerbait genuen. Landareen Jardineko ibiltoki batean barna itzal gris bat irudi hura hedatzen ikustean, burua kasketa zahar menostu batez estalia, eskuan boli horituzko giderreko bere makila nekez atxikirik, bere xenilaren hegal histuen, galtzoi kasik hustu batzuk eta galtzerdi urdinez jantzi zangoak, gizon mozkortu batenak irudi dardaratzen zirenak, doi-doia gordetzen zituztenen, kulunkatzera utziz, bere maripolis zuri zikina eta mousselina trakets biribilkatuzko paparrekoa, bere indioilar lepoaren inguruan lotu gorbatarekin dongare, bat egiten zuena, erakutsiz, hamaika jendek galdetzen zuten beren baitan ea itzal txinatar hori Japheten semeen, Italiako Boulevarden alderrai dabiltzanen, arraza ausartekoa zenetz. Zer lanek kizkurtu ote zuen horrela? zer grinak belztu ote zion aurpegi erreboiltsua, zeinak, karikatura gisara marrazturik, gezurrezkoa emanen baitzukeen? Izan zenak ote? baina badaiteke Justizia Ministerioko enplegatu izan ote zen herio-zigorren obratzaileek beren horniduren ordainkizunak igortzen dituzten bulegoan: parrizidentzako belo beltzak, saskietako zahia, aihotzendako soka eta abar. Badaiteke abere-hiltegi bateko atean kobratzaile izan ote zen, edo osasuneko inspektoreorde. Hots, irudi zuen gizon hori gure gizarte-errota handiaren astoetako bat izan zela, beren Bertrand-ak ere ezagutzen ez dituzten Sagu paristar horietako bat, ardatzen bat zeinaren inguruan itzulikatuak baitziren ezbehar edo lohikeria publikoak, hots, gizon horietako bat zeinengatik erraten baitugu, haien ikustean: beharrezkoak dira, alta. Paris ederrak ez-ikusi irudi egiten die sufrikario moral zein fisikoez zuraildu irudi horiei. Baina Paris egiazko itsasandi bat da. Jaurti ezazue zunda han barnerat, sekula ez duzue haren sakontasuna jakinen. Kurri ezazue, deskriba ezazue! Nahi bezainbateko arta ezartzen duzuelarik ere haren kurritzen, haren deskribatzen; itsaso horretako ikertzaileak nahi bezain ugariak eta interesatuak direlarik ere, beti aurkituko da toki bat ukigabea, antro ezezagun bat, loreak, perlak, munstroak, literaturan murgiltzen direnek aditu gabeko, ahantzirikako zerbait. Andere Vauqueren etxea izigarrikeria bitxi horietako bat da.

        Bi irudik sortzen zuten kontrast harrigarri bat apopiloen eta bezeroen ostearekin. Nahiz Victorine Tailleferek klorosiak joak diren neskatila gazteenaren irudiko halako zuritasun erikorra bazuen, eta bere ohiko tristeziaz, bere uzkur-eiteaz, bere itxura dohakabe eta erkinaz bat egiten zuen taula horren azpia osatzen zuen sufrimendu orokorrarekin, hala ere aurpegia ez zuen zaharra, mugimenduak eta ahotsa bizkorrak zituen. Zorigaitz gazte horrek hostoak horiturikako zuhaixka bat irudi zuen, lursail desegoki batean berriki landatua bera. Haren begitarte zurigorriak, haren ile gorrailak, haren gerri argalegiak, egungo poetek Erdi Aroko estatua tikiei atzematen zieten edertasuna adierazten zuten. Haren begi gris belzkarek halako eztitasun, halako etsipen kristau bat adierazten zuten. Haren jantzi xumeek, merke itxurakoek, gazte eiteak salatzen zituzten. Polita zen justaposizioz. Zoriontsu, xarmangarria izanen zen: zoriontasuna emakumeen poesia da, janzkera apaingarri duten bezalaxe. Dantzaldi bateko bozkarioak azal zurigorria aurpegi zurbil horretan islatu balio; bizitza dotore baten eztitasunak masaila jadanik zulatuxe horiek bete, gorritu balizkio; maitasunak begi triste horiek biziberritu balizkio, Victorine neskarik ederrenekin lehia zitekeen. Emakumea bigarren aldikotz sortzen duen hura eskas zuen, zapiak eta amodiozko gutunak. Haren bizitzak liburu baten gaia hornituko zuen. Aitak uste zuen bazituela arrazoiak haren ez onesteko, ez zuen bere ondoan eduki nahi, urteko seiehun libera baizik ez zizkion ematen, eta bere fortuna ezkutatua zuen berorren osorik semeari utzi ahal izateko. Victorineren amaren, aspaldi etxerat etsiturik joan zitzaionaren, ahaide urrun, andere Couturek bere alaba bailitzan zaintzen zuen umezurtza. Zorigaitzez Errepublikako armadetako Komisario-Manatzailearen alarguntsak ez zuen munduan bertzerik, bere alargunsaria eta bere bizisaria baino; neskatila gazte hori, ez eskarmenturik eta ez eskuarterik zuena, munduaren eskupean ezar zezakeen egun batean. Andere onak igande oro eramaten zuen Victorine mezatarat, hamabortz egunean behin konfesatzera, zer gerta ere hartarik neska erlijiozale bat egiteko. Arrazoi zuen. Erlijiozaletasunak etorkizun bat eskaintzen zion ume zapuztu honi, aita maite zuenari, urte oro aitarenerat amaren barkazioaren eramatera joaten zenari; baina, urte oro ere, aitaren etxeko atearekin, gupidarik gabe hertsirik aurkitzen zuenarekin, buruzburu egiten zuenari. Anaia, zuen ararteko bakarra, behin batez ere ez zitzaion laur urtean ikustera joan, eta ez zion inolako laguntzarik igortzen. Jainkoa erregutzen zuen aitari begiak ireki ziezazkion; anaiaren bihotza samur zezan, eta salatu gabe haien alde egiten zuen otoitz. Andere Couturek eta andere Vauquerek ez zuten irainen hiztegian hitzik aski edireten jokabide anker horren kalifikatzeko. Milioidun hori madarikatzen zutelarik, Victorinek ele eztiak erraten zituen, basa-urzo zaurituak, zeinaren minezko heiagorak oraindik ere amodioa adierazten baitu, egiten duen kantuaren irudikoak.

        Eugène de Rastignacek aurpegi erabat hegoaldetarra zuen, larrua zuri, ilea beltz, begiak urdin. Haren trakak, haren moldeek, haren ohiko jarrerak bere lehen hezkuntzan gustu oneko tradizioak baizik bildu ez dituen familia noble bateko semea salatzen zuten. Arropa zuhurki erabiltzen bazuen, egun arruntetan artean ere iragan urteko jantziak paratzen bazituen, hala ere bazekien noizean behin gizon gazte dotoreen gisan etxetik jalgitzen. Xenila zahar bat, maripolis ttar bat, ikasleen gorbata ziztrin, histu, gaizki lotua, araberako galtzak eta bota zolaberrituak eramaten zituen gehienetan.

        Bi pertsonaia horien eta bertze guztien artean, Vautrin, papiloteak tindatzen zituen berrogei urteko gizona, bat zitekeen iraganbide gisa. Herriak hauxe erraten ohi du hura bezalako gizasemeak ikusirik: Horra gizon puska! Besagainak zabalak zituen, bulartsua soina, ageriak giharrak, eskuak lodi, sendo eta hatzezurretan ile-sorta trinko eta gorri bizi-bizi batzuek bortizki markatuak. Haren aurpegiak, zimur goiztiar batzuek arrailduak, haren molde malgu eta guriek gezurtatzen zituzten gogortasun-zeinuak eskaintzen zituen. Haren baxu-ahotsa, haren alegrantzia zakarrarekin bat zetorrena, ez zen bat ere gozagaitza. Gisakoa eta irribera genuen. Sarrailaren bat gaizki ibiliz geroz, laster batean zuen desmuntatua, antolatua, olioztatua, limatua, berriz osatua, zioela: «Hauxe duk enea.,, Dena ezagutzen zuen gainera, itsasontziak, itsasoak, Frantzia, estranjeria, aferak, gizonak, gertakariak, legeak, hotelak eta presondegiak. Norbait sobera kexu agertuz geroz, berehala eskainiko zizkion bere zerbitzuak. Behin baino gehiagotan prestatu izan zien dirurik Andere Vauqueri eta zenbait apopilori; baina haren zordunek nahiago izanen zuten hil dirua hari bihurtu gabe egon baino, izan ere, bere on itxura gorabehera, hainbertzetaraino iziarazten zuen jendea bere behako sakon eta bipil-bipilaz. Nola jaurtikitzen zuen tu-zirrizta bat, hala gaztigatzen zuen odol-hotz izikaitz bat, kinka larri batetik jalgitzeko norbait hilarazi beharraren aitzinean gibelarazi behar ez zukeena. Juje zorrotz baten antzera, haren begia gauza guztien, kontzientzia guztien, sentimendu guztien barnerat joaten bide zen. Haren ohiturak ziren gosaldu ondoan jalgitzea, bazkaltzeko itzultzea, arratsalde guztian hor gaindi ibiltzea eta gauerdi alderat etxeratzea, andere Vauquerek emanikako basa-giltza batez lagundurik. Hark bakarrik gozatzen zuen abantaila horretaz. Baina alarguntsarekin ongien moldatzen zena ere bazen, zeina gerritik atxikiz amatto deitzen baitzuen, guti konprenitu gabeko lausengua bera! Andere gaixoari erraza irudituko zitzaion hori, baina Vautrin zen besoak behar bezain luze zituen bakarra zirkunferentzia handi haren inguratu ahal izateko. Haren izaeraren ezaugarri bat zen hilabete oro jeneroski hamabortz libera ordaintzea otordu-ondokotzat hartzen zuen gloriarentzat. Pariseko bizitzaren zurrunbiloek harrapaturikako gazte haiek, edo zuzenean ukitzen ez zituenaz soraio ageri ziren agure haiek, bezain azaleko ez ziren jendeak ez ziren kontentatuko Vautrinek eragiten zien inpresio zalantzazkoarekin. Inguruan zituenen aferak jakin edo asmatzen zituen, aldiz inork ez zitzakeela haren pentsamenduak eta egitekoak igar. Nahiz bere ontasun alegiazkoa, bere gisakotasun taigabea eta bere alegrantzia bertzeen eta bere arteko hesitzat eraikia zuen, maiz uzten zituen agertzera bere izaeraren osin izigarriak. Maiz, Juvenalen beteko ateraldi batek, eta zeinaren medioz irudi baitzuen atsegin zitzaiola legeei trufa egitea, goi-gizartearen zirikatzea, beroni sinetsaraztea ez zela bere buruarekin bat jokatzen, pentsarazi behar zukeen ezen bazuela bere baitan halako aihergoa gizartearen kontra, eta bazela bere bizitzaren zolan misterio bat artoski gordea.

        Ez jakinean beharbada, baten indarrak edo bertzearen edertasunak erakarria, andereño Tailleferek berrogei urteko gizon horren eta ikasle gaztearen artean partekatzen zituen bere so ezkutuak, bere pentsamendu sekretuak; baina haietarik inork ez bide zuen amets egiten berarekin, nahiz bazitekeen egun batetik bertzerat halabeharrak bere heina aldatuko zion eta anderegai aberats bat bilakatuko. Bertzalde jende horietarik inork ez zuen astirik galtzen beraietako batek aipatu zorigaitzak gezurrezkoak ala egiazkoak zirenetz egiaztatzen. Denek ere bazuten halako axolagabetasun mesfidantzaz nahasi bat elkarrekiko, batzuen eta bertzeen egoerek eragina bera. Bazekiten ez zirela gauza beren penen arintzeko, eta denek ere agortua zuten doluminen ontzia pena horien elkarri kontatuz. Senar-emazte zaharrek bezala, deus ez zuten jadanik elkarri errateko. Ez zen beraz haien artean bertzerik gelditzen, baizik eta bizitza mekaniko baten harremanak, oliorik gabeko zirriken jokoa. Denek ere behar zuten karrikan zuzen iragan itsu baten aitzinean, hunkitu gabe entzun ezbehar baten kontakizuna, eta heriotza batean miseri arazo baten konponbidea ikusi zeinak hotz uzten baitzituen agoniarik ikaragarriaren alderat. Andere Vauquer zen arima desolatu horietan zoriontsuena, lander-etxe libro honetan jaun eta jabe bizi zena. Jardin tiki hori, isiltasunak eta hotzak, idorteak eta hezetasunak, estepa bat bezain eskerga egiten zutena, harentzat bakarrik zen zuhaizti alegera bat. Etxe hori eta hits horrek, salmahaiko lizunaren urrina zuenak, harentzat bakarrik zuen atseginik. Bereak zituen kaiola horiek. Jatera ematen zien zigor betierekoetarat kondenatu galeriano horiei, larderia errespetatu bat baliaraziz haien gain. Non edirenen ote zuten izaki dohakabe horiek Parisen, berak ematen zien prezioan, janari sanorik, nahikorik, eta apartamentu bat zeina hala nahi izanez geroz, dotore edo eroso ezpada, bederen garbi eta osasuntsu bihur baitzezaketen? Injustizia nabarmen bat egin balu ere, biktimak kexatu gabe jasanen zuen.

        Halako bilkura batek, tikian, gizarte osoaren osagarriak eskaini behar eta eskaintzen zituen. Hamabi mahai-lagunen artean, ikastetxeetan bezala, munduan bezala, kreatura bazterreratu dohakabe bat kausitzen zen, arraileria guztiak bereganat biltzen zituen petzero bat. Bigarren urtearen hastapenean Eugène de Rastignacentzat irudi hori bilakatu zen nabarmenena artean ere bertze bi urtez bizikide izatera bortxaturik zegoen guztien artean. Barregarri hori behialako fideogilea zen, Goriot zaharra, zeinaren buru gainerat pintore batek, historialariak bezala, taularen argi guztia eroraraziko baitzuen. Zer halabeharrengatik jausiak ziren apopilorik zaharrenaren gain mesprezu erdi herrakor hori, jazargo urrikalmenduz nahasi hori, zorigaitzaren ez errespetatze hori? Berak ekarria ote zuen hori bizioak baino gutiago barkatzen diren irrigarrikeria edo bitxikeria horietako batzuengatik? Galde horiek hamaika gizarte-injustiziari lotuak dira hurbiletik. Giza izaeraren baitan dago, agian, ororen jasanaraztea egiazko umiltasunez, ahuleziaz ala soraiokeriaz, oro pairatzen duenari. Ez ote dugu denek atsegin geure indarra norbaiten edo zerbaiten bizkar neurtzea? Izakirik ahulenak, haur xirtxilak ate guztiak jotzen ditu izotza denean, edo eta aztaparka igaiten bere izena monumentu lohigabe batean izkiriatzeko.

        Goriot zaharra, hirurogeita bederatzi urteren ingurua zuen agurea, 1813an erretiratu zen andere Vauquerenerat, aferak utzi ondoan. Andere Couturek orain duen apartamentua hartu zuen lehenbizian, eta orduan mila eta berrehun liberako bizisaria ematen zuen, bortz louis gehiago edo gutiago huskeria bat zitzaizkion gizonaren gisan. Andere Vauquerek apartamentu horretako hirur ganbarak berriztatuak zituen aitzineko ordainsari baten medioz zeinarekin errediza zarpail batzuk erosi omen baitzituen: kotoi horizko errezelak, egur bernizatuzko besaulkiak, Utrechteko belusez estaliak, kolaz eginikako zenbait pintura eta hiribarneko kabaretek errefusaturikako paper pintatuak. Badaiteke Goriot zaharrak, garai hartan begirunez Goriot jauna deitzen zutenak, iruzur egin ziotenean erakutsi zuen jenerostasun axolagabeak eman ote Zion aferetan deus ez zekien ergelaren fama. Goriot jantzi-sail handi batez horniturik etorri zen, merkataritzatik erretiratzean bere buruari deus ukatu nahi ez dion afera-gizonaren ostilamendu bikainaz, alafede. Andere Vauquer kontatzen hasi eta hamazazpi atorra holandar miretsiak zituen. Atorra horiek hainbatenaz ere finagoak ziren non fideogileak paparrean bi izkilinba baitzeramatzan, biak ere kate tiki batez uztarturik eta gainean diamant lodi bana zeukatela. Usaian frak urdin bizi batez jantzirik, egun oro maripolis zuri bat ezartzen zuen, zeinaren pean sabel piriforme eta konkorra kulunkatzen baitzitzaion, urrezko kate pisu bat zintzilikarioz hornitua punparazten zuena. Haren toxak, urrezkoa ere bazenak, medailoi bat gordetzen zuen irudiz zenbait abentura amorosen hobendun egiten zuten biloez betea. Ostalersak xanfarin bat izatea egotzi zionean, ilea leundu dioten burgesaren irriño alegera utzi zuen lerratzera bere ezpainetan. Armariuak (hitz hau jende xehearen gisara ahoskatzen zuen) bere atuxetako zilarreria ugariaz bete zituen. Alarguntsaren begiek atseginez ñirñir egin zuten burruntzalien, haragi-saltsetako koilaren, mahai-tresnen, ozpin-ontzien, saltsa-katiluen, azpil batzuen, zilarrezko gosarien, hots, pieza gehiago-gutiago eder zenbaiten, honenbertze marko pisatzen zuten eta bazterrerat utzi nahi ez zituenen askatu eta lerrokatzera lagundu zuenean. Erregalia horiek bere etxeko bizitzaren handitasunak oroitarazten zizkioten. «Hau, erran zion andere Vauqueri azpil bat eta gopor tiki bat, zeinaren estalkiak bi urzapal elkarri mokoka agerrarazten baitzituen, maitekiro hartuz, ene andereak, gure urtekariaren egunean, egin zidan lehen presenta da. Gaixo maittea, hain zen ona! honetakotz erabili zituen bere neskatila-denborako ekonomiak. Ikusten duzu, anderea? Nahiago nuke lurra neure azkazalez harramaskatu hau galdu baino. Jainkoari esker! bizi naizeino neure kafea gopor honetan hartu ahal izanen dut goiz oro. Ez naiteke kexa, badut labean ogia luzaroko.» Laburbilduz, andere Vauquerek, bere pika-begiekin, inskripzio batzuk ikusiak zituen Konduen Liburuan, zeinek, hala-hola baturik, zortzi-hamar bat mila libera inguruko errenta eman baitziezaioketen Goriot hauta horri. Egun hartatik landa, andere Vauquerek, sortzez de Conflans zenak, sasoi hartan berrogeita zortzi urte egiazko ukan baina soilik hogeita hemeretzi aitortzen zituenak, hainbat burutazio izan zituen. Goriotek begi-zokoa bihurritua, hantua, esekia zuen arren, begien aski maiz xukatzera behartzen zuena bera, gisako eta taiuzkoa begitandu zitzaion. Bertzalde haren aztal haragitsuak, konkorrak, sudur luze lodiak bezala, zenbait kualitate moral ere iragartzen zituen, alarguntsak kontutan hartu eta gizagaixoaren aurpegi masailguri eta lañoki zozoak baieztatzen zituenak. On-puska bat irmoki moldatua behar zuen, bere izpiritu guztia sentimendutan xahutzeko gauza. Haren ile urzakume-hegoen gisara orraztuek, Eskola Politeknikoko ileapaintzaileak goiz oro hautseztatzen zizkionek, bortz pondu marrazten zizkioten kopeta apalaren gainean, eta ongi apaintzen zioten irudia. Dol bat zakarra izanik ere, hain zen dotore janzten, hain zuen bere tabakoa handikiro erretzen, troxa beti makubaz betea atzemanen duela segur den gizonaren halako nagusitasunez hurrupatzen, non Goriot jauna harenean bizitzen jarri zen egunean, andere Vauquer gauez barnea pil-pil oheratu baitzen, eperra zingar-zaflatan bezala, Vauqueren hil-oihalaren erantzi eta Goriot bihurtua berpizteko irrikaren suan. Esposatu, bere pentsioa saldu, besoa burgeseriaren lore fin horri eman, dama ospetsu bilakatu auzoan, han dirua bildu landerrentzat, partida ttikiak jokatu igandean Choisy-n, Soissy-n, Gentilly-n; bere gogara joan teatrorat, gelan, bere apopiloetako batzuek uztailean ematen zizkioten autorearen sarreren begira egon gabe: Pariseko senar-emazte xumeen Eldorado guztiarekin egin zuen amets. Inori aitortu gabe zegoen bazeuzkala berrogei mila libera sosetik soserat bilduak. Izan ere, fortunari dagokionaz, ezkongai adinontzat jotzen zuen bere burua. «Gizonaren dina naiz, bai, gainerakoari dagokiola!» erran zuen bere baitan ohean itzultzen zelarik, nonbait bere buruari egiaztatu nahiz Sylvie lodiak egun oro ohean moldeztatuak aurkitzen zituen xarmak.

        Egun harez geroz, hirur hilabetez nonbait han, Vauquer alarguntsa Goriot jaunaren ileapaintzaileaz baliatu zen, eta apaindura-gastu batzuk ere egin zituen, etxeari halako ohorea eman beharraren estakuruetan han ibiltzen ziren jende ohoragarriei zegokien eran. Buru-belarri hasi zen bere apopiloen tankera aldatu nahiz, handik goiti soil-soilik goi-mailako jendeak hartu behar zituela aldarrikatuz denen aitzinean. Arrotzen bat agertuz geroz, Goriot jaunak, Pariseko merkatari ospetsu eta agurgarrienetako batek, berari emanikako lehentasuna goraipatzen zion. Prospektuak banatzen zituen, goialdean hau irakur zitekeenak: MAISONVAUQUER. «Erraten zuenaz, auzo latinoko pentsio burges antzinako eta estimatuenetako bat omen zen. Ikuspegirik ederrenetako bat omen zuen Gobelin-etako ibarraren gainean (hirugarren solairutik ikusten zen), eta jardin polit bat, zeinaren hondarrean IBILTOKI bat ezkiondoz inguratua HEDATZEN BAITZEN.» Aire onaz eta barkatasunaz ere hitz egiten zuen. Prospektu horrek l'Ambermesnil-eko kondesa eraman zion, hogeita hamasei urteko emakumea, gudu-zelaietan hilikako jeneral baten alarguntsa gisa, hartze zuen bizisari baten kitapenaren eta pagamenduaren begira zegoena. Andere Vauquerek bere mahaia zaindu zuen, sua piztu abantzu sei hilabetez saloietan, eta hain zituen ongi atxiki bere prospektuetako agintzak, non horrek dirua eraman baitzion. Hainbertzenarekin, kondesak erraten zion andere Vauqueri, adiskide maitea deituz, Vaumerland-eko baronesa eta Picquoiseau-ko konde eta koronel jaunaren alarguntsa ekarriko zizkiola, bere adiskideetako bi, Le Marais-en beren kontratua bukatzen ari zirenak Maison-Vauquer baino garestiagoko pentsio batean. Dama horiek gainera hagitz egoera onean omen leudeke Gerla Bulegoek beren lana bururatuko luketenean. «Alabaina, erraten zuen, bulegoek sekula ez dute beren lana bukatzen.» Afaldu ondoan bi alarguntsak andere Vauqueren ganbararat igaiten ziren elkarrekin, eta han berriketa tiki batzuk egiten kassisa edan eta etxekandereak beretzat gordetzen zituen litxarreriak janez. L'Ambermesnileko andereak sutsuki onetsi zituen ostalersak Gorioti buruz zituen xedeak, xede hautak eta, bertzalde, lehen egunetik igarri zituenak; izan ere, gizon bat ezin hobea iruditzen zitzaion!

        — Ah! ene andere maitea, gizon bat ene begia bezain sanoa, erraten zion alarguntsak, gizon bat ezin hobeki kontserbatua, eta emakume bati oraindik atsegin handia ematen ahal diona.

        Kondesak eskuzabalki zenbait ohar egin zizkion andere Vauqueri bere janzkeraz, bere nahikeriekin bat ez zetorrenaz. «Gerlarat joateko prestatu beharra duzu», erran zion. Hamaika kalkulu egin ondoan, bi alarguntsak elkarrekin Palais-Royalerat joan ziren, non, Galeries de Bois-etan, kapela lumadun bat eta bonet bat erosi baitzuten. Kondesak bere adiskidea La Petite Jeanetteren dendarat eraman zuen, non soineko bat eta xal bat erosi baitzuten. Munizio horiek erabili eta alarguntsa halako armez armatu zenean, Boeuf à la modeko ikurraren antz osoa hartu zuen. Hala ere hain zuen bere burua fagoraturik ediren, non kondesarekin zorretan zegoela pentsatu, eta, oso eman zalea izan ez arren, otoi hogei liberako kapela baten onartzeko eskatu zion. Egiaren errateko, Gorioten ikertu eta beraren alde mintzatzeko zerbitzua nahi Zion eskatu. L'Ambermesnileko anderea onez-onean lotu zen azpijoko horri, eta fideogile zaharra inguratu zuen harekin solasaldi baten ukaitea erdietsiz; baina bere kabuz eta buruz lilurarazteko desira partikularrak iradoki zizkion entseguen alderat herabe, limurgaitz ez errateagatik, atzeman eta gero, haren zakarkeriak mingosturik jalgi zen. —Ene aingerua, erran zion bere adiskide maiteari, deus ez duzu gizon horrengandik aterako! irrigarriro mesfidosa duzu, zeken bat da, asto bat, kaiku bat, atsekabea baizik ekarriko ez dizuna.

        Halako gauzak izan ziren Goriot jaunaren eta l'Ambermesnileko anderearen artean non kondesak harekin topo egin ere ez baitzuen nahi izan. Biharamunean alde egin zuen sei hilabeteko sanaren ordaintzea ahantzi eta bortz libera balio zuketen pilda batzuk utziz. Andere Vauquer su-eta-gar haren bila ibili bazen ere, ezin erdietsi izan zuen Parisen inolako argitasunik l'Ambermesnileko kondesaren gainean. Maiz hitz egiten zuen gertakari negargarri horretaz, dolamenka bere gehiegizko konfiantzagatik, nahiz kateme bat baino mesfidosagoa zen; anitz jenderen irudikoa zen ordea, beren hurbilekoei fio ez eta lehenbiziko etortzen denari zabaltzen baitiote barnea. Egitate moral harrigarria, baina egiazkoa, zeinaren erroak erraz edireten baitira gizakiaren bihotzean. Zenbait jendek ez dute beharbada deus gehiago irabaztekorik haiekin bizi direnen artean; haiei beren arimaren hutsa erakutsi ondoan, merezi duten garraztasunez isil-gordeka jujatzen dituztela iruditzen zaie; baina, eskas dituzten lausenguen ezin-menperatuzko premia nabarituz, edo ez dauzkaten dohainen jabe agertzeko irrikak janik, arrotz zaizkienen oniritzia edo bihotza ustekabean harrapatzea espero dute, egun batean usteak ustel gertatzeko arriskuaz bada ere. Azkenean badira gizabanakoak mertzenario sortuak beren adiskide edo hurkoei bat ere fagorerik egiten ez dietenak haien eginbidea delakotz; ezezagunak zerbitzatuz, ordea, beren buruarekiko oniritzia elikatzen dutelarik: maitasunen ingurua berengandik zenbatenaz hurbilago duten, hainbatenaz gutiago maite dute; zenbatenaz hedatzenago den, hainbatenaz adeitsuago dira. Andere Vauquerek bazuen, dudarik gabe, bi jite funtsean zeken, faltsu, nardagarri horietarik zerbait.

        — Ni hemen izan banintz, erraten zion orduan Vautrinek, ez zitzaizun zorigaitz hori gertatuko! atsegin handiz erantziko nion mozorroa mari-gezurti horri. Ezagunak ditut haien balakuak.

        Izpiritu hertsi guztien antzera, andere Vauquerek gertakarien ingurutik ez ilkitzeko ohitura zuen, bai eta gertakari horien zergatien ez jujatzekoa ere. Atsegin zuen bere hutsen bertzeren gain ematea. Galtzapen hori agitu zenean, fideogile prestua jo zuen bere zorigaitzaren eragiletzat, eta epeltzen hasi zitzaion, erraten zuenaz, harekiko zuen xoramena. Bere balaku eta itxurakeriak alferrikakoak zirela etsi zuelarik, luze gabe asmatu zuen horren arrazoia. Orduan ohartu zen bere apopiloak bazituela jadanik, haren erranaren arabera, bere mainak. Noizbait ere argi ikusi zuen bere esperantza hain gozoki ferekatuak oinarri kimerikoa zuela, eta deus ez lukeela sekula gizon horrengandik aterako, kondesaren, gaian aditua irudi zuenaren, hitz bipilari jarraiki. Ezinbertzez, urrunago joan zen aihergoan adiskidetasunean joana zena baino. Gorrotoa ez zuen amodioak ernea, bere esperantza tronpatuek ekarria baizik. Baldin eta gizakiaren bihotzak atseden hartzen badu maitasunaren gailurretarat iganez, bakan gelditzen da gorrotozko sentimenduen malda pikoan. Baina Goriot jauna haren apopiloa zen, beraz alarguntsa behartua izan zen bere harrotasun zaurituaren leherketen zapaltzera, etsipen horrek eragin zizkion hasperenen ehorztera, eta bere mendeku-tirrien irenstera, abade nagusiak gaitzitu fraide baten antzera. Izpiritu zirtzilek etengabeko zirtzilkeriez, onez ala gaiztoez, satisfatzen dituzte beren sentimenduak. Alarguntsak bere biktimaren kontrako jazargo sorren asmatzen erabili zuen bere andere-gaiztakeria. Hastekotz, pentsioan sarturikako soberakeriak eten zituen. «Fini kornitxoiak, fini antxoak: enbusteriak ditun horiek!» erran zion Sylvieri, bere lehengo programarat itzuli zen goizean. Goriot jauna gizon jale-xuhurra zen, fortuna beren izerdiaz egina duten jendeek beharrezkoa duten xuhurtasuna degeneratu eta ohitura bilakatua zuena. Zopa, salda, barazkiak izanak ziren, beti ere behar zuten izan, haren jatekorik gustukoenak. Hagitz zaila izan zitzaion beraz andere Vauqueri bere apopiloaren sufriaraztea, deusetan ezin zaputz baitzitzakeen haren gustuak. Gizon erasan-ezin batekin topo egiteaz etsitua, haren gutiesten hasi zen, eta halatan Gorioti zion berra apopiloei ere kutsarazi zien, zeinek, jostagarritzat, mendeku hartzera lagundu baitzuten. Lehen urtearen hondar alderat, alarguntsa halako mesfidantza heinetarat heldua zen, non bere baitan galdetzen baitzuen zergatik afera-gizon hori, zazpi ezpada zortzi mila liberako errentaren jabe zena, berebiziko zilarreria eta neska mantendu batenak bezain harribitxi ederrak zituena, zegoen haren etxean, bere fortunaren eretzean horren ostatu-sari tikia ordaintzen ziola. Lehen urte horren parterik handienean, Goriotek kanpoan jan izan zuen, astean behin edo bitan usu; gero, emeki-emeki, hirian hilabetean bitan baizik ez jatera iragan zen. Goriot jaunaren ihesaldi tikiak ongiegi akomeatzen ziren andere Vauqueren interesekin hau samur izan ez zedin apopiloak bere otorduak etxean egiteko erakusten zuen gero eta handiagoko zehaztasunaz. Aldaketa horiek hala fortuna emeki-emeki gutitzeari nola ostalersari atsekabe emateko tirriari izan ziren egotziak. Izpiritu lilliputiar horien ohiturarik higuingarrienetako bat da bertzeren baitan ere suposatzea norberak dituen zirtzilkeriak. Zorigaitzez, bigarren urtearen hondarrean, Goriot jaunak justifikatu zituen bera hizpide zuten erran-merranak, andere Vauqueri eskatu ziolarik bigarren solairurat pasatzeko, eta bere ostatu-sariaren bederatziehun liberatarat beheititzeko. Hain ekonomia zorrotza behar izan zuen non ez baitzuen negu osoan surik gehiago piztu bere gelan. Andere Vauquerek aitzinetik ordain ziezaion nahi izan zuen; Goriot jaunak, ordudanik Goriot zaharra deitu zuenak, onartu zuena. Denak entseatu ziren orduan gainbeheratze horren zergatien asmatzera. Ikerketaren zaila! Gezurrrezko kondesak erran zuen bezala, Goriot zaharra azpikari bat, isilkoi bat zen. Burua hutsik duren jendeen logikari jarraiki, errateko huskeriak bertzerik ez dutelakotz denak zuhurgabeak berak, beren aferez mintzatzen ez direnek afera dongeak behar dituzte izan. Beraz afera-gizon hain gailen hori filus bat bilakatu zen, xanfarin hori agure lizun bat izan zen. Noiz, Vautrinek, garai hartan Maison-Vauquererat bizitzera etorria zenak, zioenaz, Goriot zaharra zen gizon bat Bursarat joaten zena eta, finantzen mintzairaren erranmolde bipil bati jarraiki, erreka jo ondoan bere errentekin jokatuz bizi zena. Noiz arrats oro jokorat zortearen frogatzera eta hamar libera irabaztera joaten diren jokalari tiki horietakoa. Noiz espioi bat goi-poliziari eratxikia bilakarazten zuten; baina Vautrinen iritziz ez zen behar bezain zakurra hori izateko. Goriot zaharra zen, halaber, dirua astetik asterat abantzatzen zuen lukurrari bat, loterian jokatzen zuen gizon bat. Bizioak, ahalkeak, ezintasunak sorrarazten dutenik misteriosena zioten egozten. Alabaina, haren jokamoldea edo haren bizioak nahi bezain ahalkegarriak izanik ere, sentiarazten zuen herra ez zen haren handik haizatzerainokoa; bere ostatu-saria ordaintzen zuen. Baliagarria zen gainera, denek haren gain ematen zuten beren umore ona zein txarra arraileriak zein erasiak medio. Iritzirik egiantzekoena, eta eskuharki onartua izan zena, andere Vauquerena izan zen. Hari sinestera, gizon hain ongi kontserbatu hori, sasoi betean zegoena eta zeinarekin artean ere anitz atsegin ukan baitzitekeen, gustu bitxiekiko lizunkoi bat zen. Honatx zer egitatetan finkatzen zituen bere kalumniak andere Vauquerek. Sei hilabetez haren bizkar bizitzen jakin zuen kondesa zorigaiztoko hark alde egin eta zenbait hilabeteren buruan, goiz batean, jaiki aitzin, zetazko gona baten farrasta eta Gorioten gelan, atea isilka irekia baitzuen, sartzen zen emakume gazte eta bizkor baten urrats sotila aditu zuen bere eskaileran. Sylvie lodia berehala etorri zen bere etxekandereari erratera ezen neska bat, zintzoa izateko politegia zena, jainkosa baten antzera jantzia, oinetan prunellazko brodequin lohitugabeak zituela, aingira bat irudi sartu zela karrikatik sukalderaino, eta Goriot jaunaren apartamentuaz galdetu ziola. Andere Vauquer eta kuzinersa zelatan jarri ziren, eta bisitaldian, apur bat iraun zuenean, samurki erranikako hitz batzuk atzeman zituzten. Goriot jaunak bere dama aterat lagundu zuelarik, Sylvie lodiak berehala bere otarrea hartu, eta alegia azokarat zihoala egin zuen, amorosen ondotik joateko.

        — Anderea, erran zion itzuli ondoan bere etxekandereari, Goriot jaunak izigarri aberatsa izan behar du alta, horien hola ibilarazteko. Pentsa ezazu bada l'Estrapade-ko kantoian karroza eder bat bazegoela, eta hura harat igan dela.

        Bazkaltzeko denboran, andere Vauquer errezel baten hestera joan zen eguzkiak, bere errainu batez begietan jotzen zuenak, Gorioti enbarazurik egin ez ziezaion.

        — Emakume ederrek maite zaituzte, Goriot jauna, eguzkia bila dabilkizu, erran Zion izan zuen bisitaz mintzo. Demontre! gustu ona duzu, oso emakume polita zen.

        — Ene alaba zen, erran zuen halako harrotasun-suerte batez non apopiloek itxurak gordetzen dituen agure baten gangarkeria nahi izan baitzuten ikusi.

        Bisita hori izan eta hilabete baten buruan, Goriot jaunak bertze bat izan zuen. Haren alaba, lehenbiziko aldian goizeko jantzitan etorria zena, bazkariaren ondoan eta mundurat joateko gisan jantzirik etorri zen oraingoan! Apopiloek, saloian eleketan ari zirenek, ilehori polit, gerri liraineko eta airos bat ikusi zuten, eta inolaz ere dotoreegia Goriot zaharraren alaba izateko.

        — Bigarrena! erran zuen Sylvie lodiak, alaba ez ezagutuz.

        Zenbait egunen ondoan, bertze neska batek, handi eta ongi taiutu, beltzaran, ile beltz eta begi bizi-bizikoa zenak, Goriot jaunaz galdetu zuen.

        — Hirugarrena! erran zuen Sylviek.

        Bigarren neska hau ere, lehen aldian bere aita goizean ikustera etorria zena, zenbait egunen ondoan, arratsean, dantza-jantzitan eta kotxez etorri zen.

        — Laugarrena! erran zuten andere Vauquerek eta Sylvie lodiak, ez baitzuten dama handi horrengan bere lehen bisitaldia egin zuen goizean xumeki jantzirikako neskaren ezein arrastorik aurkitu.

        Goriotek artean ere mila eta berrehun liberako ostatu-saria ordaintzen zuen. Andere Vauqueri guztiz berezkoa iruditu zitzaion gizon aberats batek lauzpabortz amorante edukitzea, eta halaber gizon hori biziki trebea ere atzeman zuen haiek bere alabak zituela errateko. Ez zitzaion bat ere gaitzitu emakume horiek Maison-Vauquererat ekartzea. Alabaina, nola bisita horiek bere apopiloaren haren alderateko ezaxola adierazten baitzioten, zilegi iritzi zion, bigarren urtearen hastapenean, haren agure andrakoi deitzeari. Azkenean, apopiloa bederatziehun liberatarat erori zelarik, ausarkeria handirekin galdetu zion ea zer egiteko asmoa zuen haren etxearekin, dama horietako baten jaisten ikustean. Dama hori bere alaba zaharrena zuela erantzun zion Goriot zaharrak.

        — Hogeita hamasei ote dituzu, bada? erran zuen garrazki andere Vauquerek.

        — Bi baizik ez ditut, ihardetsi zuen apopiloak miseriaren manukortasun guztietarat makurtzen den gizon erreka-jo baten eztitasunaz.

        Hirugarren urtearen hondar alderat, Goriot zaharrak are gehiago murriztu zituen bere gastuak, hirugarren solairurat iganik eta berrogeita bortz liberako hilabete-sariarekin jarriz. Tabakoa bazterrerat utzi, ile-apaintzailea bidali eta ez zuen gehiago hautsik ezarri. Goriot zaharra lehen aldikotz hautsik eman gabe agertu zenean, ostalersari harrialdurazko oihu bat jaulki zitzaion haren buruko ileen, urdin zikin eta berdexkak zirenen, ikustearekin. Haren begitarteak, ezkutuko bihozminek emeki-emeki egunean baino egunean tristeagotua zutenak, mahaia inguratzen zuten guztietan atsekabetuena irudi zuen. Zalantza guztiak argitu ziren bat-batean. Goriot zaharra zen agure lizunkoi bat zeinaren begiak mediku baten abileziak baizik ez baitzituen begiratua haren gaitzek behar zituzten erremedioen eragin galgarritik. Ilearen kolore nardagarriak haren gehiegikeriak zituen sorburu, bai eta berorien luzarazteko hartu izan zituen drogak ere. Gizagaixoaren estatu fisiko eta moralak arrazoi ematen zien burugabekeria horiei. Arropak higatu zitzaizkionean, Indianako kotoia, hamalaur sos bergako, erosi zuen bere mihiseria ederraren partez. Haren diamantak, urrezko troxa, katea, harribitxiak, bana-banaka aienatu ziren. Alde bat utzia zuen bere frak urdin bizia, bere jantzi apain bakarra, haren ordez, udan ala neguan, ehun nabar dorpezko xenila bat, ahuntz-ilezko maripolis bat eta artile-larruzko galtza gris bat janzteko. Arian-arian argalduz joan zen; aztalak erori zitzaizkion; aurpegia, zoriontasun burges baten satisfazioak hantua, neurri gabe hustu; kopeta zimurtu; matrail-hezurrak bistarat jalgi. Sainte-Geneviève berria karrikan bizitzen jarri zeneko laugarren urtean, ez zuen gizon bera irudi. Berrogei ere ematen ez zuen hirurogeita bi urteko fideogile onak, burges gizen eta potoloak, zozoaren zozoz gurituak, bere itxura irrigarriaz ibiltariak alegeratzen zituenak, irriñoan halako gaztetasuna zerionak, hirurogeita hamar urteko agure zahar zozotu, kordokatsu eta zuraildua irudi zuen orain. Bere begi urdinak, hain biziak, histu eta uhertu egin zitzaizkion, zurbildurik zeuden, ez zitzaien jadanik negarrik isurtzen, eta beren begi gorritik odolezko malkoak jausten bide zitzaizkien. Batzuk iziarazten zituen, urrikalarazten bertzeak. Medikuntzako ikasle gazte batzuek, behereko ezpaina eroria zuela ohartu eta haren aurpegiaren angelua neurturik, kretinismoak joa deklaratu zuten, fitsik aterarazi gabe berari luzaz esetsi eta gero. Arrats batez, afanaren ondoan, andere Vauquerek isekan-edo erran ziolarik: «Zer, ez zaizkizu ja alabak ikustera etortzen?» Haien aita zela zalantzan emanez, Goriot zaharra ostalersak ezten batez sastakatu balu bezala asaldatu zen.

        — Noizean behin etortzen dira, erantzun zuen ahots hunkituaz.

        — Ah! ah! noizean behin ikusten dituzu bada oraindik ere! oihukatu zuten ikasleek. Hori duk eta, xaharra!

        Baina agureak ez zituen bere erantzunak erakartzen zizkion adar-jotzeak aditu. Erori eta pentsakor ageri zen berriz, hain zuzen ere azaletik behatzen ziotenek bere adimenduaren urriak sorrarazi halako zahar-sorgorduratzat hartzen zuten estatua bera. Ongi ezagutu balute, badaiteke biziki axolatuak izanen ziren haren egoera fisiko eta moralak salatzen zuen arazoaz; zailagorik ordea! Nahiz aise jakin ahal izanen zen Goriot egiatan fideogile izana zenetz, eta zenbaterainokoa zeukan fortuna, harekiko jakin-mina ernea zuten zahar-jendeak inoiz ez ziren auzotik jalgitzen eta ostrak arrokan irudi bizi ziren pentsioan. Bertze pertsonez denaz bezainbatean, Pariseko bizitzaren zurrunbilo bereziak ahantzarazten zien, Sainte-Geneviève berria karrikatik jalgi bezain laster, petzerotzat zeukaten agure gaixoa. Izpiritu mehar horientzat, hala nola gazte antsiagabe horientzat, Goriot zaharraren miseria idorra eta erakusten zuen ergelkeria elkartezinezkoak ziren edozertariko gaitasun edo fortuna suerterekin. Bere alabak deitzen zituen emakumeez denaz bezainbatean, denak bat zetozen andere Vauqueren irudiarekin, zeinak erraten baitzuen, oro suposatzeko ohiturak beren afalondoetan kalakan aritzen diren atsoei ematen dien logika garratzarekin: «Goriot zaharrak ikustera etorri zaizkion dama guztiek irudi zuten bezain alaba aberatsak ukanen balitu, ez legoke ene etxean, hirugarrenean, hilabeteko berrogeita bortz liberatan, eta ez litzateke pobre bat bezala jantziko.» Deusek ez zitzakeen ondorio horiek gezurta. Horregatik, 1819ko azaroaren hondar alderat, drama hau lehertu zen garaian, nork bere usteak, garbiak oso, bazituen agure gaixoari buruz. Sekula ez zuen ez alabarik eta ez emazterik ukan; plazeren sobera ibiltzeak burukorkoil bat bilakatua zuen, hots, Kasketadunen artean sailkatu beharreko molusku antropomorfo bat, erraten zuen Museumeko enplegatu batek, jateko abonatuetako batek. Poiret begi-zoli bat zen, gentleman bat Gorioten aldean. Poiretek bazekien solasean, argudiatzen, erantzuten, egia da hargatik ez zuela fitsik erraten solas egin, argudiatu edo erantzuten zuenean, ezen, bertzeek zer erraten zuten, haren bertze molde batez errepikatzeko ohitura zuen; solasaldian laguntzen zuen baina, bizirik zegoen, sentibera irudi zuen; Goriot zaharra aldiz, Museumeko enplegatuak erraten zuenaz, beti ere Réamur eskalako zero gradutan egoten zen bitartean.

        — Eugène de Rastignac etorria zen gogo-aldartea ezaguna behar dute izan goi-mailako gazteek, edo kinka larri batek une batez gain-gaineko gizonen kualitateak ematen dizkienek. Parisen egon zen lehen urtean, Fakultateko lehen ikasketek eskatzen duten lan urriak libro utzi zuen Paris materialaren atsegin agerien dastatzeko. Ikasle batek ez du behin ere sobera astirik ukaiten nahi baldin badu teatro bakoitzeko errepertorioa ezagutu, labirinto paristarraren aterabideak aztertu, azturak jakin, mintzaira ikasi eta hirinagusiaren plazer berezietarat usatu; bazter on eta txarrak miatu, ibilbide dibertigarriei jarraitu, museoetako aberastasunak inbentariatu. Ikasle bat berealdiko derizten ertzokeriengatik grinatzen da orduan. Badu bere gizon handia, Collège de France-ko erakasle bat, bere entzuleriaren heinean egoteko ordaindua. Gorbata harrotzen du eta Opéra-Comique-ko lehen solairuetako emakumearentzat arrandiatzen da. Hurrenez-hurreneko hastapen horietan, lañotasuna galtzen du, bere bizitzaren mugak handiagotzen, eta gizartea osatzen duten giza geruzen elkargaintzea endelegatzen hondarrean. Champs-Élysées-etako desfilean kotxeak miretsiz hasi bada, haien gutiziatzera helduko da sarri. Eugène ez jakinean egina zen ikasketa horiek, oporretarat joan zenean, Letretako eta Zuzenbideko batxiler gisa errezibitua izan ondoan. Iraungiak zituen ordukotz haurtzaroko ametsak, sorterrian zerabiltzan asmoak. Bere adimendu aldatuak, bere handinahi kitzikatuak, garbiki ikusarazi zioten, sortetxean, familiaren baitan. Aita, ama, bi anaiak, bi arrebak, eta izeba bat fortuna bizisarietan zeukana, Rastignaceko lurralde tikian bizi ziren. Hirur mila liberaren inguruko mozkinak ekartzen zituen etxalde hori osoki mahastigintza industrialean jarduteak ematen duen kordokaren menpean bizi zen, eta hala ere urte oro mila eta berrehun libera behar ziren handik atera berarentzat. Jeneroski gordetzen zioten herstura etengabe horren ikusteak, bere alabak, haurtzaroan hain ederrak iruditzen zitzaizkionak, Pariseko emakumeei, ametsetako edertasun baten eredua gauzatu ziotenei, konparatu beharrak, bere esperantzak harengan ezarriak zituen familia ugari horren zalantzazko geroak, hango uzta urrien biltzeko denboran erakutsi zuen arta zuhurrak, familiarentzat dolarearen mahats-hondarrez egiten zuten edariak, hots, hemen alferretan aipa genitzakeen zirkunstantzia andana batek, handinahia ehun-halakotu eta ohore-egarria eman zioten. Anima handiei gertatzen zaien bezala, inori deus zor izan ez eta dena bere merezimenduei esker nahi zuen erdietsi. Hegoaldetarra oso zen ordea izaeraz: bere erabakien obratzerakoan beraz, zer nolako zalantzek harrapatzen ohi dituzten gazteak hauek itsasoaren erdian daudenean, ez dakitela ez norat beren indarrak zuzendu, ez zein angeluren pean puztu beren belak, halakoxe zalantzek behar zieketen erabaki horiei erasan. Baldin eta hastapenean lanari arma barik lotu nahi izan bazuen, harremanak egin beharrak berehala llilluraturik, emakumeek gizartearen bizitzan zenbaterainoko eragina duten ohartu zen, eta mundurat abiatzea erabaki zuen bat-batean, geriza emanen zioten emakume batzuen konkistatzeko bertan: eskas izanen zituen bada emakumeak halako mutil gazte suhar eta izpiritual batek, izpiritua eta karra itxura sotil batek eta halako edertasun urduriak, zeinaren aitzinean emakumeak gogara erortzen diren, handiagotzen zizkiotenak? Burutazio horiek landen erdian erasan zioten, behiala bere arrebekin, zeinek hagitz bertzelakatua ediren baitzuten, alegeraki egiten zituen eguratsetan barna. Haren izebak, Marcillac-eko andereak, lehengo denboretan gorteari aurkeztua izan zenak, aristokraziaren gailurrak ezagutu zituen han. Gazte handinahiak antz eman zien tupustean, izebak hain maiz kulunkatu izan zuen oroitzapenetan, zenbait konkista sozialen elementuei, bederen Zuzenbide Eskolan erdietsi nahi zituenak bezain inportantak zirenei; artean ere berriz lot litezkeen ahaidego-lokarriez galdetu zion. Arbola genealogikoaren abarrak inarrosi ondoan, andere zaharrak iritzi zion ezen, iloba lagundu ahal izanen zuten ahaide aberats eta berekoi guztien artean, Beauséant-eko andere bizkondesa izan litekeela denetan oztoporik gutien ezarriko zuena. Emakume gazte honi gutun bat usantza zaharrera izkiriatu eta Eugèneri eman zion, ziotsala ezen, bizkondesarekin ongi heltzen baldin bazen, honek gainerako ahaideak aurkeztuko zizkiola. Pariserat heldu eta zenbait egunen buruan, Rastignacek Beauséanteko andereari igorri zion bere izebaren gutuna. Bizkondesak biharamuneko dantza-gonbit batekin erantzun zion.

        Hau zen pentsio burgesaren egoera orokorra 1819ko azaroaren hondarrean. Zenbait egun geroago, Eugene Beauséanteko anderearen dantzaldirat joan ondoan, gaueko bi orenak irian etxeratu zen. Galdurikako denboraren berreskuratzeagatik, ikasle adoretsua, dantzan ari zela, argitu arte lan egitea hitz emana zen bere buruari. Lehen aldiz behar zuen gaua eman auzo isil horren erdian, ezen energia faltsu baten xarmaren mende jarria zen munduaren distirak ikusirik. Ez zen andere Vauquerenean afaldu. Hortaz, apopiloek pentsatu ahal izan zuten dantzalditik biharamun goizeko ordu tikiak arte baizik ez zela itzuliko, batzuetan Prado-ko festetatik edo Odeongo dantzaldietatik etxeratu izan zen bezala, zetazko galtzerdiak lohitu eta zapatak lokazturik. Ateari morroiloa ezarri aitzin, karrikarat so egiteko ireki zuen Christophek. Rastignac une hartan agertu eta hotsik atera gabe igan ahal izan zen bere ganbararat, ondotik, zarata handia ateraiaz, Christophe jarraiki zitzaiola. Eugène erantzi zen, pantufletan jarri, xenila ziztrin bat jantzi, bere zohikatz-sua piztu, eta berehala lotu zen lanari, halako moldez non Christophek bere zapata handien zalapartarekin ere estali baitzituen mutil gaztearen prestakizun isilak. Eugène une batzuez pentsakor egon zen bere Zuzenbide liburuetan murgildu baino lehen. Pariseko modaren erreginetako bat, gainera Saint-Germain faubourgeko etxerik atseginena omen zuena, ezagutu berria zen Beuaséanteko andere bizkondesarengan. Bertzalde, eta bere izen eta fortunagatik, mundu aristokratikoaren gailurretako bat ere bazen. Marcillaceko bere izebari esker, harrera on egin zioten ikasle behartsuari etxe horretan, fagore horren norainokoa jakin gabe. Urrezko saloi horietan onartua izateak goi-nobleziako tituluek adina balio zuen. Gizarte horretan, denetan esklusiboenean, agertzearekin, orotarat joateko eskubidea bereganatua zuen. Biltzar distirant horrek zoraturik, bizkondesarekin apenas hitz banaka batzuk eginik, Eugène, gau-jai horretan lehiatzen ziren jainkosa paristar ugarien artetik, mutil gazte batek hasteko adoratu beharrak dituen emakume horietako baten bereizteaz kontentatua zen. Restaudeko Anastasie kondesak, handia eta taiuz egina zenak, Pariseko irudirik politenetako bat omen zuen. Irudika itzazue begi beltz handi batzuk, esku bat ezinago ederra, oin bat ongi taiutua, sua mugimenduetan, Ronquerolles-eko markesak odol garbiko zaldia deitzen zuen emakume bat, alegia. Zain fin horiek ez zioten bat ere abantailarik edekitzen; gorpuzkera zuen betea eta biribila, hargatik lodiegi zegoela ezin egotz zekiokeela. Zaldi odol garbikoa, emakume kastakoa, erranairu horiek ordezten hasiak ziren zeruko aingeruak, irudi ossianikoak eta dandismoak bazterturikako antzinako mitologia amoros guztia. Rastignacentzat ordea, Restaudeko Anastasie anderea desiratu beharreko emakumea izan zen. Bitan inskribatu ahal izan zen haren haize-emailean izkiriatu zaldunen zerrendan, eta lehen kontradantzan mintzatu ahal izan zitzaion.

        — Non ediren zintzaket bertze aldi batez, anderea? erran zion tupustean, emakumeek hain atsegin duten barneko su horrekin. —Bada, erran zuen andereak, Bois-en, Bouffons-etan, ene etxean, denetan.

        Eta hegoaldetar menturazaleak lehenbailehen nahi izan zuen kondesa ezti horri lotu, mutil gazte bat kontradantza batean eta vals batean emakume bati lot dakiokeen bezainbat bederen. Beauséanteko anderearen lehengusua zela erranez, emakume honek, berak dama handitzat hartu zuenak, gonbidatua izan zen, eta harenean sartzea ukan zuen. Eskaini zion azken irriñoaren ikustean, bere bisita beharrezkoa zela pentsatu zuen Rastignacek. Zortea izan zuen bere ez-jakintasunaz trufa egin ez zion gizon batekin topatu ez izanaz, akats larria baitzen hori garaiko mutin ospetsuen artean: Moulincourt, Ronquerolles, Maxime de Trailles, de Marsay, Ajuda-Pinto, Vandenesse eta bertze, han baitzeuden beren hutsalkerien loriaren erdian eta emakumerik dotoreenekin nahastekatuak: Lady Branddon, Langeais-eko dukesa, Kergarouët-eko kondesa, Serisy-ko anderea, Carigliano-ko dukesa, Ferraud kondesa, Lanty-ko anderea, Aiglemont-eko markesa, Firmiani anderea, Listomère-ko markesa eta Espàrde-ko markesa, Maufrigneuse eta Grand-Lieueetako dukesa. Beraz eta bere zorioneko, ikasle iaioa Montriveau-ko markesarekin fortunatu zen. Gizon honek, Langeaiseko dukesaren amorantea eta haur bat bezain inozoa zen jeneral batek, Restaudeko kondesa Helder-eko karrikan bizi zela jakinarazi zion.

        Gaztea izan, munduaren egarria eduki, emakume baten goseak egon, eta bi etxe zabaltzen ikus beretzat! zangoa Saint-Germain faubourgean Beauséanteko bizkondesarenean sar, belauna Chaussée-d'Antin-en Restaudeko kondesarenean eman! behako batez Pariseko saloietan lerroan pulunpa, eta aski mutil edertzat begira bere burua han laguntza eta aterpe ediretekotz emakumezko baten bihotzean! aski handinahi senti ostiko handi bat ematekotz azpiko unama manuari zeinaren gainean behar baita ibili eroriko ez den jauzkariaren segurtasunaz, eta emakume xarmangarri batengan dendunagarik hoberena ediren ukan! Pentsamendu horiekin eta zohikatz-su baten ondoan, Kodearen eta miseriaren artean, sublime goratzen zen emakume horren aitzinean, nork ez zukeen Eugènek bezala etorkizuna gogoeta batez ikertu, nork ez zukeen etorkizun hori arrakastaz hornitu? haren pentsamendu alderraiak hain lehiatsuki zituen geroko bere bozkarioak jaten non Restaudeko anderearen ondoan izan uste baitzuen noiz eta ere done Josefen aiei baten irudiko hats-beherapen batek gauaren isiltasuna urratu baitzuen, mutil gaztearen bihotzean halako moldez burrunbatu non hilurran baten karranka iruditu baitzitzaion. Atea astiki ireki zuen, eta korridorean izan zenean, argi-zirrinta bat nabaritu zuen Goriot zaharraren atearen behealdetik jalgitzen. Auzoa alditxarturik ote zegoen beldurrez, Eugènek begia sarrailarat hurbildu zuen, ganbararat behatu, eta han ikusi zuen agurea nolabaiteko lan batzuei lotua; izan ere, lan horiek sobera susmagarriak iruditu zitzaizkion beraiek ongi aztertuz gizartea zerbitzatu behar zuela ez pentsatzeko. Goriot zaharra, inondik ere mahai irauli baten hagaren gainean azpil bat eta zilarrezko zopa-ontzi irudiko zerbait lotuak zituenak, kable irudiko zerbait ari zen itzulikatzen tresna hain ederki zizelkatu horien inguruan; hain indar handiz zerratzen zituen, halaber, non itxura guztien arabera haietarik lingoteak ateratzeko bihurdikatzen baitzituen. —Ximista gorria! hau gizona! erran zuen Rastignacek bere baitan agurearen beso zainartaren ikustean zeina, soka horrez lagundurik, hotsik atera gabe zilar urreztatua oratzen ari baitzen, halako irin orea balitzan. Baina izan ote liteke beraz ohoin bat edo gordetzaile bat, bere tratu ezkutuen segurkiago egiteko, zozoarena, ezinduarena egin eta eskaleen gisan bizi zena? erran zuen Eugènek bere baitan lipar batez altxatzen zela. Ikasleak begia sarrailan ezarri zuen berriz. Goriot zaharrak, kablea zabaldurik, zilarrezko orea hartu, mahai gainean paratu han bere estalkia hedatu ondoan, eta biribilkatu zuen barra-itxura emateko asmoarekin, lan hau erraztasun miragarriaz egin zuelarik. —Auguste Poloniako erregea bezain indartsua ote litzateke, bada? erran zuen Eugènek bere baitan barra biribila guti gorabehera moldaturik egon zenean. Goriot zaharrak gogoa ilun eta begitartea hits so egin zion bere lanari, negar batzuk isuri, fu eman zilar horren bihurdikatzeko argia eman zion kriseiluari, eta Eugènek hasperen bat eginez oheratzen entzun zuen. —Burutik egina duk, pentsatu zuen Ikasleak.

        — Gaixo neskatxa! erran zuen ozenki Goriot zaharrak.

        Hitz horiek entzunik, Rastignacek zuhurtziazko jujatu zuen gertakari horren isilean atxikitzea, eta bere auzoaren sobera arinki gaitzestea. Itzultzera zihoan noiz eta ere, tupustean, hots bat atzeman baitzuen adierazten zail samarra eta eskaileran gora zetozen gizon batzuek, ilarizko xapinak zeramatzatenek, ateraia behar zuena. Eugènek belarria zorroztu, eta izan ere bi gizonen hatsaren aldizkako soinua ezagutu zuen. Aditu gabe ez atearen kirrinka eta ez gizonen pausoak, bat-batean distira ilaun bat ikusi zuen bigarren solairuan, Vautrin jaunarenean.

        — Hau duk misterio pila hau pentsio burges batentzat! erran zuen bere baitan. Malla batzuk jaitsi zituen, zelatan jarri, eta urrearen hotsak jo zion belarria. Argia iraungi zen berehala, bi hatsak aditu ahal izan ziren hartzara, ateak kirrinkarik atera izan gabe. Gero, bi gizonak jaitsiz joan ziren heinean, hotsa ilaunduz joan zen.

        — Nor dabil hor? oihukatu zuen Andere Vauquerek bere ganbarako leihoa irekiz.

        — Ni! Kanpotik heldu naiz, amatto Vauquer, erran zuen Vautrinek.

        — Bai arraroa! Christophek morroiloa ezarria zian bada, erran zion Eugènek bere buruari bere ganbaran sartzean. Itzarrik egon beharra duk norberaren inguruan Parisen zer gertatzen den ongi jakitekotan. Gertakari xume horiek bere gogoetaldi handinahikiro amorosetik aldaraturik, lanari lotu zen. Gogoa Goriot zaharraren karietara etortzen zitzaizkion susmoek barreiaturik, gogoa are barreiatuagorik Restaudeko anderearen irudiaren kausaz, zeina gero eta gehiago etorkizun distirant baten mezulari gisa pausatzen baitzitzaion aitzinean, hondarrean oherat joan eta zabal-zabal lo egin zuen. Gazte-jendeak lanari agintzen dizkioten hamar gauetarik, zazpi loari ematen dizkiote. Hogei urtetik gorakoa behar da izan beilatzeko. Biharamun goizean laino lodi bat jabetu zen Parisez, laino horiek hain ongi dute estaltzen eta lanbrotzen non jenderik zehatzenak ere tronpatzen baitira orduarekin. Hitzorduak galtzen dira. Denek zortziak direla uste dute eguerdiak jotzen duenean. Bederatziak eta erdiak ziren eta andere Vauquer ez zen artean ere bere ohetik mugitu. Christophe eta Sylvie lodia, berant haiek ere, patxadaz ari ziren beren kafea hartzen. Kafe hori, apopiloentzako esnearen gaineko aparraz prestatua, Sylviek luzaz irakinarazten zuen andere Vauquer ohar ez zedin legez kontra altxatu detxema horretaz.

        — Sylvie, erran zuen Christophek bere lehen ogi xigortua bustiz, Vautrin jaunak, alabaina gizon ona denak, bertze bi pertsona ikusi ditu barda. Andereak horregatik galdetzen badizu, ez zaio fitsik erran behar.

        — Zerbait eman dizu?

        — Ehun sos eman zizkidan eskupekotzat hilabete guztiko; «hago isilik» errateko molde bat.

        — Hura eta andere Couture salbu, ez baitira hain eskuxuhurrak, bertze guztiek ezkerraz nahi ligukete kendu urtatsean eskuinaz ematen digutena, erran zuen Sylviek.

        — Zer ematen dute, gainera! egin zuen Christophek, txanpon ziztrin bat eta ehun sosekoa. Hor duzu Goriot zaharra, bi urte honetan berak egiten dituela bere zapatak. Poiret zikoitz hori ziraia batik moldatzen da, eta nahiago luke lehenago hura edan bere zapatatzarrei eman baino. Ikasle kakanarruak berriz, berrogei sos ematen dizkit. Berrogei sosekin neure eskuilak ere ezin ditut ordaindu, eta bere arropa zaharra saltzen du gainera. Hau etxekondoa!

        — Bah! egin zuen Sylviek kafe xurrut ttiki batzuk edanez, gure lantokiak auzoko hoberenak dira, hala ere: hemen ongi bizi gara. Baina, Vautrin xahar potzoloa dela eta ez dela, Christophe, zerbait erran dizute?

        — Bai, duela egun batzuk gizon bat topatu dut karrikan eta erran dit: —Ez ote da bada zuenean bizi gizon gizen bat papiloteak tindatzen dituena? Nik erran dut: «Ez, jauna, ez ditu tindatzen. Hura bezalako gizon alegera batek ez du gauza horietako astirik.» Hori erran diot bada Vautrin jaunari, eta erantzun dit: «Ongi egin duk, mutikoa! Erantzun ezak beti hola! Deus ez duk itsusiagorik geure zaharminen ezagutzera uztea baino. Ezkontza asko zapuzten ahal dizkik horrek.»

        — Tira! ni ere nahi izan naute bada azokan saretaratu bere atorraren janzten ikusia ote nuen erran niezaien. Ah zer nazka! To, erran zuen Sylviek bere solasa moztuz, dagoenekotz hamarrak laurden guti jotzen Val-de Grâce-n, eta inor ez mugitzen hemen.

        Ah bah! denak jalgiak dira. Andere Couture eta bere neskatxa zortzietatik joan dira Jainkoaren jatera Saint-Etienne-rat. Goriot zaharra fardel batekin jalgi da. Ikaslea ez da bere eskolak bukatu arte itzuliko, hamarretan. Eskailera garbitzen ari nintzela ikusi ditut joaten; Goriot zaharrak kolpe bat eman dit zeramanarekin, burdina bezain gogorra baitzen. Zer ote dabil bada gizontto hori? Bertzeek ziba baten gisan darabilte, baina gizon ona da alabaina, eta haiek guztiek baino gehiago balio duena. Ez du gauza handirik ematen; baina igortzen nauen etxeetako andereek badakite eskupeko ederren luzatzen, eta xoragarri apainduak egoten dira.

        — Alabak deitzen dituenak, ezta? Dozena bat dira.

        — Sekula ez naiz birenerat baizik joan, honat etorri diren berberenerat.

        — Tira, anderea mugitzen hasia da; bere zalaparta aterako du: joan beharra naiz. Kasu egiozu esneari, Christophe, katuarengatik.

        — Nolaz, Sylvie, hamarrak laurden guti jadanik! muxar batek bezala lo egitera utzi nauzu! Sekula ez da halakorik gertatu.

        — Lainoagatik izan da, ganibetaz ebakitzeko gisakoa baita.

        — Baina gosaria?

        — Bah! zure apopiloak heriosuhar altxa dira denak; goiz gorri-gorrian egin dute hanka denek.

        — Mintza zaitez ongi, Sylvie, segitu zuen andere Vauquerek: goizean goiz joan dira erraren da.

        Ah! anderea, nahi duzun bezala erranen dut. Hamarretan gosaltzen ahal zara, dena den. Mixoneta eta Porru ez dira mugitu ere egin. Etxean dauden bakarrak dira, eta lo zorro-zorro daude biak.

        — Baina, Sylvie, biak elkarrekin ematen dituzu, zera balira bezala...

        — Zer balira bezala? segitu zuen Sylviek irri zozo zakar bat lerratzen zitzaiola. Halakoari halako.

        — Bitxia da, Sylvie: nola etxeratu da bada barda Vautrin jauna Christophek morroiloa ezarri ondoan?

        — Alderantziz oso, anderea. Vautrin jauna aditu du, eta hari atearen irekitzera jaitsi da. Eta hara zer pentsatu duzun zuk...

        — Emadazu ene atorra, zoaz fite bazkariaren drezatzera. Maneia itzazu zikiroaren hondarrak lursagar batzuekin, eta erants udare egosi batzuk, ardit bat aleko egiten dutenetakoak.

        Istant batzuen buruan, andere Vauquer jaitsi zen justuki haren katuak atzaparkada batez gopor bat esne estaltzen zuen platera uzkaili eta lehiaz hurrupatzen ari zenean.

        Mistigris, oihu egin zuen andereak. Katuak alde egin zuen, gero haren zangoen kontra igurztera etorri zen. Bai, bai, egin izikorrarena, katutzar lazo horrek! erran zion. Sylvie! Sylvie!

        — Ongi da! zer, anderea?

        — Ikus ezazu, bada, katuak edan duena.

        — Christophe mando horrek du hobena, estalkiaren ezartzeko erran baitiot. Non gertatu da? Egon zaitez lasai, anderea; Goriot zaharraren kafea izanen da. Ura botako diot barnerat, ez da horretaz ohartuko. Deusi ez dio kasu egiten, ezta jaten duenari ere.

        — Norat joan da, bada, tximino hori? erran zuen andere Vauquerek platerak bere tokian ezarriz.

        — Inork ote daki bada? Bortzehun demonioen tratuak egiten ditu.

        — Sobera lo egin dut, erran zuen andere Vauquerek.

        — Baina horregatik dago anderea arrosa bat bezain fresko...

        Une hartan txintxarriak hots egin zuen, eta Vautrin sartu zen saloian bere ahots zakarraz kantari:

 

                Mundua dut luzaz kurritua.

                Eta orotan naute ikusia...

 

        — Oi! oi! egunon, andere Vauquer, erran zuen ostalersa ikusirik, jendetasunez bere besoetan hartu zuena.

        — Ea, buka ezazu behingoz.

        — Errazu mutiria, segitu zuen gizonezkoak. Ea, errazu. Nahi duzua bada erran? Zaude, lagunduko zaitut mahai-tresnen paratzera. Ah! Gisakoa naiz, ezta?

 

                Ilebeltza eta ilehoria gorteia

                Maita. desira...

 

        — Zerbait bitxia ikusi berria nauzu.

 

                ...menturara!

 

        — Zer, erran zuen alarguntsak.

        — Goriot zaharra Dauphine karrikan zen zortziak eta erdietan, mahai-tresnak eta galoiak erosten dituen urregilearenean. Dirutza eder baten truke saldu dio etxeko tresna zilarrezko bat, aski polliki bihurdikatua ofiziokoa ez izateko.

        —Bah! egiatan?

        — Bai. Banentorren etxe alderat, Erregeren Postagatik atzerrirantz doan adiskide bati agur erran ondoan; Goriot zaharra iguriki dut ikusteko, irri pixka bat egiteko asmotan. Auzo horretan gora hartu du bada, de Grès karrikarat, eta Gobseck deritzon lukurrari ezagutu batenean sartu da. Bilau lanjeros bat da tipo hori, dominoak egiteko gauza bere aitaren hezurrekin; judu bat, mairu bat, greko bat, buhame bat, ebasten lan handihandiak emanen lituzkeen gizon bat, Bankuan sartzen ditu bere ezkutuak.

        — Zer egiten du bada han Goriot zahar horrek?

        — Ez du deus egiten, erran zuen Vautrinek, desegiten baizik. Ergel bat da neska horiengatik errekarat joateko bezain zozoa...

        — Hor dator! erran zuen Sylviek.

        — Christophe, oihukatu zuen Goriot zaharrak, igan hadi enekin. Christophe Goriot zaharrari jarraitu eta berehala jaitsi zen berriz.

        — Norat hoa hi? erran zion andere Vauquerek bere mutilari.

        — Manu baten egitera Goriot jaunarentzat.

        — Zer ote da hau? erran zuen Vautrinek Christopheren eskuetatik indarka gutun bat hartu eta hau irakurriz: Restaudeko Anastasie andere kondesari. Eta norat zoaz bada? segitu zuen gutuna Christopheri itzuliz.

        — Helder-eko karrikarat. Hau andere kondesari ez bertze inori emateko manua dut.

        Zer dago bada hemen barnean? erran zuen Vautrinek gutuna argi kontran ezarriz; banku-bilete bat? ez. Gutunazala erdireki zuen. —Zor-agiri ordaindu bat, egin zuen oihu. Arraioa! bai adeitsua dela agure-xaharra! Hoa, birigarro xahar hori, erran zuen bere esku zabalaz panpako bat emanez buruan Christopheri, zeina dadu bat bezala itzulikarazi baitzuen, eskupeko eder bat ukanen duk.

        Mahaia prestaturik zegoen. Sylviek esnea irakiten zuen. Andere Vauquerek, Vautrinek lagundurik, ahapetik kantari segitzen baitzuen, sutontzia pizten:

 

                Mundua kurritua dut luzaz

                Eta orotan naute ikusia...

 

        Dena prest izan zenean, andere Couture eta andereño Taillefer sartu ziren.

        — Nondik zatoz bada hain goiz, ene andere ona? erran zion andere Vauquerek andere Coutureri.

        — Saint-Étienne-du-Mont-en geure otoitzen erratetik, ez garea bada egun Taillefer jaunarenerat joan beharrak? Gaixo enettoa, dardarka dabil hosto bat bezala, segitu zuen andere Couturek sutontziaren aitzinean jarri eta bere zapatak, ketan hasi zirenak, haren ahorat hurbiltzen zituela.

        — Bero zaitez bada, Victorine, erran zuen andere Vauquerek.

        — Ongi dago, andereñoa, Jainko jaunaren otoiztea aitaren bihotza hunki dezan, erran zuen Vautrinek umezurtzari kadira bat aitzinatzen ziola. Baina hori ez duzu aski. Adiskide bat behar zenuke itsas-otso horri bere egitatearen berri emanen liokeena, salbaia horrek hirur milioi bai omen baitauzka, eta ez baitizu ezkon-saririk ematen. Neskatila pollit batek ezkonsaria behar du egungo egunean.

        — Haur gaixoa, erran zuen andere Vauquerek. Ea, ene poxia, zure aita anker horrek ahal duen guztia egiten du hortaz zorigaitza bereganatzeko.

        Hitz horien entzutearekin, Victorineren begiak malkoz bete eta alarguntsa isilik gelditu zen andere Couturek egin Zion zeinu bat ikusi eta.

        — Ikus ahal bageneza bederen, mintza ahal benenkio, bere emaztearen azken gutuna eman, segitu zuen Komisario-Manatzailearen alarguntsak. Sekula ez naiz hura postatik igortzera ausartu; ezaguna du ene izkiriamoldea...

        — Ô emakume hobengabe, zorigaiztoko eta jazarriak, egin zuen oihu Vautrinek moztuz, horra beraz zer kinkatan zaudeten? Ordea zenbait egun barne zuen aferez axolatuko naiz, eta dena ongi joanen da.

        — Oi! jauna, erran zuen Victorinek behako bat aldi berean hezea eta erregarria jaurtikiz Vautrini, horretaz hunkitu ez zenari, bideren bat bazeneki ene aitarenganat heltzeko, errozu argiki gehiago estimatzen ditudala haren maitasuna eta ene amaren ohorea munduaren ondasun guztiak baino. Apur bat ezti ahal bazeneza haren garraztasuna, Jainkoa otoiztuko nuke zure alde. Segur izan ene eskerrona ukanen duzula...

        — Mundua kurritua dut luzaz, kantatu zuen Vautrinek ahots maltzur batez.

        — Une hartan, Goriot, andereño Michonneau eta Poiret jaitsi ziren Sylvie zikiro-hondarren maneiatzeko egiten ari zen saltsa gorriaren urrinak erakarririk. Zazpi mahaikideak elkarri egunon emanez mahairat jarri zirelarik, hamarrak jo zuten eta karrikan ikaslearen pausoa aditu zen.

        — Ah! ederki, Eugène jauna, erran zuen Sylviek, egun denekin gosalduko zara.

        Ikasleak apopiloei diosala egin, eta Goriot zaharraren ondoan jam zen.

        — Abentura bitxi bat gertatu zait oxtion, erran zuen zikirotik nasaiki hartuz eta andere Vauquerek beti ere begiekin neurtzen zuen ogi-puska bat hartuz.

        — Abentura bat! erran zuen Poiretek.

        — Eta? zergatik harrituko zinateke, agure zirtzil hori? erran zion Vautrinek Poireti. Jauna ongi egina duzu holakoen ukaiteko.

        Andereño Tailleferek, herabe, behako bat luzatu zion ikasle gazteari.

        — Konta iezaguzu zeure abentura, eskatu zuen andere Vauquerek.

        — Atzo Beauséanteko andere bizkondesareneko dantzaldian nintzen. Emakume hori lehengusina dut eta etxe bat sekulakoa dauka, apartamentu zetaz jantziak eta. Festa bat apartekoa eman digula, alegia, non zer bat bezala dibertitu bainaiz, erre...

        — Sinola bat bezala, erran zuen Vautrinek kolpetik etenez.

        — Jauna, segitu zuen Eugènek bipilki, zer nahi duzu erran?

        — Sinola diot, zeren erresinolak erregeak baino hagitzez ere gehiago dibertitzen baitira.

        — Egia: nahiago nuke bada txori ttiki arranguragabe hori izan errege baino, zeren... egin zuen Poiret idemistak.

        — Tira, segitu zuen ikasleak elea ebakitzen ziola, dantzaldiko emakume ederrenetako batekin, kondesa liluragarri batekin, sekula ikusi dudan kreaturarik eztienarekin, egin dut dantzan. Mertxika-loreez orrazturik zegoen, lore-sortarik ederrena zuen saihetsean, urrinik gozoena ematen zuten lore naturalez egina; baina, bah! ikusi egin beharko zenuten, ez daitekeena da dantzak biziturikako emakume baten agerraraztea. Kondesa dibino hori topatu dut bada egun goizean, bederatziak irian, oinez, de Grès karrikan. Oi! bihotza taupaka hasi zait, uste nuen...

        — Honat zetorrela, erran zuen Vautrinek ikasleari behako sakon bat jaurtikiz. Gobseck xaharrarenerat, lukurrariarenerat, zihoan inolaz ere. Inoiz Pariseko emakumeen bihotzak miatzen badituzu, lukurraria aurkituko duzu han amorantearen aitzinetik. Zure kondesa horrek Anastasie izena du, eta Helder-eko karrikan bizi da.

        Izen horren aditzearekin, ikasleak irmoki behatu zion Vautrini. Goriot zaharrak brastakoan burua goratu zuen. Behako argi eta arranguratsu bat, apopiloak ustekabean harrapatu zituena, jaurtiki zuen bi solaskiderenganat.

        — Christophe berantegi helduko da, hura joana izanen da beraz harat, erran zuen minez Goriotek.

        — Asmatu dut, erran zuen Vautrinek andere Vauqueren belarrirat makurtuz.

        Goriotek oharkabetarik eta zer jaten zuen jakin gabe jaten zuen. Sekula ez zuen izan une hartan baino ergel eta beregaindu itxura handiagorik.

        — Nor arraiok erran dizu haren izena? galdetu zuen Eugènek Vautrin jaunari.

        — Ah! ah! hortxe dago koska, ihardetsi zuen Vautrinek.

        Goriot zaharrak bazekien! zergatik ez nuen nik ere jakinen?

        — Goriot jauna, hots egin zuen ikasleak.

        — Zer! erran zuen agure gaixoak. Beraz, eder-ederra zegoena atzo?

        — Nor?

        — Restaudeko anderea.

        — Hara gure agure lizuna, erran zion andere Vauquerek Vautrini, nola pizten zaizkion begiak.

        — Haren amorantea ote da beraz? erran zion ahapetik andereño Michonneauk ikasleari.

        — Oi! bai, ikaragarri ederra zegoen, segitu zuen Eugènek, Goriot zaharrak irrikaz so egiten ziola. Beauséanteko anderea han izan ez balitz, ene kondesa dibinoa izanen zen dantzaldiko erregina, mutil gazteek harentzako begiak baizik ez zituzten, ni zerrendan izen-emanikako hamabigarrena nintzen, kontradantza guztiak dantzatzen zituen. Bertze emakume guztiak amorratzen zeuden. Atzo kreatura bat zorionekoa izan bada, hura izan da inolaz ere. Arrazoi guztia dugu erranez ez dela deus ederragorik fragata belak zabalik, zaldia lauhazka eta emakumea dantzan baino.

        — Atzo gurpilaren gainean, dukesa batenean, erran zuen Vautrinek; egun goizean mailadiaren behealdean, lukurrari batenean: horra Pariseko emakumeak. Senarrek ez baldin badezakete haien luxu izarigabea manten, beren burua saltzen dute. Beren buruaren saltzen ez badakite, beren amen sabelak irekiko lituzkete zerez distira han bilatzeko. Hots, mila zakurkeria eta bi gehiago egiten dituzte. Gauza jakina da hori, alajainkoa!

        Goriot zaharraren aurpegia, ikaslea entzunez egun eder bateko eguzkia bezala argitu zena, goibeldu egin zen Vautrinen ohar krudel hori aditurik.

        — Eta? erran zuen andere Vauquerek, non dago beraz zure abentura? Hitz egin diozua? Zuzenbidea ikasi nahi ote zuen galdetu diozua?

        — Ez nau ikusi, erran zuen Eugènek. Baina Pariseko emakume politenetako baten, dantzalditik goizaldeko bi orenetan itzuli behar izan duen emakume baten, de Grès karrikan, bederatzietan aurkitzea, ez ote da bada bitxia? Ez da Paris bezalakorik holako abenturentzat.

        — Bah! hagitzez bitxiagoak ere badira, oihu egin zuen Vautrinek.

        Andereño Tailleferek doi-doia entzuna zuen hori, hain baitzen kezkaturik egitera zihoan entseguagatik. Andere Couturek jaikitzeko keinua egin zion janztera joateko. Bi damak jalgi zirelarik, Goriot zaharrak haiek bezala egin zuen.

        — Eta? Ikusi duzuea? erran zuen andere Vauquerek Vautrini eta bere bertze apopiloei. Argi da emakume horiengatik errekaratua dela.

        — Sekula ez didate sinetsaraziko, erran zuen ikasleak, Restaudeko kondesa ederrak zer ikusirik baduela Goriot zaharrarekin.

        — Baina, erran zion Vautrinek eteten ziola, interesik tikiena ere ez dugu horren zuri sinestarazteko. Gazteegia zara oraindik Parisen ongi ezagutzeko, geroago jakinen duzu badirela guk gizon grinadunak deitzen ditugunak... (Hitz horien entzutearekin, andereño Michonneauk buru-argi aire batez behatu zion Vautrini. Errejimenduko zaldi bat tronpetaren soinua aditzean erran zenuketen. —Ah! ah! egin zuen Vautrinek bere solasa moztuz hari behako sakon baten jaurtikitzeko, zer, guk ere ez ditugu bada geure grina ttikiak izan? (Neskazaharrak giza irudi biluziak ikusi dituen serora batek bezala apaldu zituen begiak.) —Ongi da! segitu zuen, jende horiek behin asmo bat kaskoan sartzen dutenean, behin ere ez dute horretan gibelerat egiten. Iturri jakin bateko ur jakin baten, eta maiz mahelduaren, egarririk baizik ez dute; ur haren edateko, beren emazteak, beren haurrak salduko lituzkete; beren arima deabruari salduko liokete. Batzuentzat, iturri hori da jokoa, Bursa, taula edo intsektu bilduma bat, musika; bertze batzuentzat, mizkinkeriak egiten dizkien emakume bat. Hauei, lurreko emakume guztiak eskaintzen ahal dizkiezue, trufa eginen lukete haietaz, beren grina satisfatzen diena baizik ez dute nahi. Askotan emakume horrek ez ditu bat ere maite, portu txarra ematen die, biziki garesti saltzen satisfazio-pizar horiek; tira bada, ene fartsantak ez dira hargatik aspertzen, eta beren hondarreko burusia ere eramanen lukete Bahitetxerat beren azken ezkutuaren ematekotz emazteari. Goriot zaharra tipo horietako bat da. Zuhurra delakotz ustiatzen du kondesak, eta horra handikiak zer diren! Gizagaixo dohakabeak kondesa baizik ez darabil gogoan. Bere grinatik landa, ikusten duzu, kaiku bat bertzerik ez da. Hitz egin iezaiozu gai horretaz, haren aurpegiak diamant batek bezala distiratuko du. Ez da zaila sekretu horren asmatzen. Egun goizean zilarra eraman du saltzera, eta aita Gobseckenean sartzen ikusi dut, de Grès karrikan. Entzun ongi! Handik etorritakoan, Christophe ertzo hori igorri du Restaudeko kondesarenerat. Mutilak gutunaren helbidea erakutsi digu, barnean zor-agiri ordaindu bat zeukana. Argi da, kondesa ere lukurrariarenerat baldin bazihoan, premia zuelakotz zihoala. Goriot zaharrak jendetasunez ordaindu du haren ordez. Burua hautsi beharrik ez da hori argi ikusteko. Horrek frogatzen dizu, ene ikasle gaztea, ezen, zure kondesak bere irri, dantza eta ziminokeriak egin, bere mertxika-loreak kulunkatu, eta bere soinekoa berdintzen zuen bitartean, barneak jaten zegoela, erraten den bezala, bere diru-agiri protestatuak, edo eta amorantearenak, zerabiltzala gogoan.

        — Egiaren jakiteko alimaleko gogoa ematen didazu. Bihar joanen naiz Restaudeko anderearenerat, oihu egin zuen Eugènek.

        — Bai, erran zuen Poiretek, Restaudeko anderearenerat joan beharra da bihar.

        — Han aurkituko duzu menturaz Goriot gizagaixoa, bere adeitasunen ordaina eskuratzera joana.

        — Baina, erran zuen Eugènek higuin aire batez, zuen Paris hau lupetza hutsa da, beraz.

        — Eta lupetza bitxia gainera, gehitu zuen Vautrinek. Kotxez lohitzen direnak jende prestuak dira, oinez lohitzen direnak filusak. Izan ezazu zerbait bere tokitik kentzeko zorigaitza, bitxikeria bat bezala erakutsia zara Justizia-Jauregiko plazan. Ebats milioi bat, norbait bikaintzat hartuko zaituzte saloietan. Hogeita hamar milioi ordaintzen dizkiozu Jendarmeriari eta Justiziari moral horren atxikitzeko. Ederra zinez!

        — Nolaz, egin zuen oihu andere Vauquerek, Goriot zaharrak bere zilarrezko baxera urtu duela?

        — Estalkian bi urzapal zituena? galdetu zuen Eugènek.

        — Horixe, bai.

        — Estimu handitan zuen bada, negar egin zuen goporra eta platerxka bihurdikatu zituenean. Halabeharrean ikusi nuen, erran zuen Eugènek.

        — Bere bizitza bezainbat maite zuen, erantzun zuen alarguntsak.

        — Ikusten duzue bada zein gizon sutsua den gizagaixoa, oihu egin zuen Vautrinek. Emakume horrek badaki, bai, haren flañukatzen.

        Ikaslea bere ganbararat igan zen.Vautrin jalgi zen. Handik laster, andere Couture eta Victorine Sylvie haientzat bilatzera joan zen alogereko kotxe batean sartu ziren. Poiretek bere besoa eskaini zion andereño Michonneauri, eta Landareen Jardinerat egurastera joan ziren biak, eguneko bi ordu ederretan.

        — Hara, bada! Horra beraz biak abantzu ezkonduak, erran zuen Sylvie lodiak. Egun lehendabizikotz jalgi dira elkarrekin. Hain dira idorrak biak non, elkar berotuz geroz, ardaiak bezala su hartuko bailukete.

        — Kasu andereño Michonneauren xalari, erran zuen irriz andere Vauquerek, ardaia bezala irazekiko baita.

        Arratsaldeko lauretan, Goriot etxeratu zenean, han ikusi zuen, bi lanpara ketsuren argirat, Victorine begiak gorri zituela. Andere Vauquer han zen goizean Taillefer jaunari eginikako bisitaldi antzuaren kontakizunaren entzuten. Bere alaba eta emakume zahar horren errezibitzeaz gogaiturik, Taillefer jaunak bereganaino heltzeko baimena eman zien bere esplikazioen emateko.

        — Ene andere maitea, erraten zion andere Couturek andere Vauqueri, pentsa ezazu bada jartzeko ere ez diola Victorineri erran; neskatila zutik egon da denbora guztian. Eni, aldiz, haserretu gabe, hotz-hotzean, biak bere etxerat joanez alferrik ez nekatzeko erran dit; andereñoak, alaba deitu gabe, bere buruaren kaltez ari zela hari enbarazu eginez (urtean behin, ankerra halakoa!); Victorineren ama fortunarik gabe esposatu baitzen, deus eskatzekorik ez zuela; hots, gauzarik gogorrenak, neskatxa gaixo hau negarretan urtarazi dutenak. Neskatila orduan bere aitaren oinetarat jaurtiki da, eta kuraiaz erran bere amarengatik baizik ez zela hainbertze lehiatzen, haren borondatea obedituko zuela txintik erran gabe, baina otoi defunta gaixoaren testamentua irakur zezala; neskatilak gutuna hartu eta eman egin dio munduko gauzarik ederrenak eta hobekien sentituenak erranez. Ez dakit non ikasi dituen. Jainkoak hain ongi iradokitzen zizkion, non tuntun bat bezala bainengoen negarrez hari aditzean. Badakizua bizkitartean zer egiten zuen gizon beldurgarri horrek? Azkazalak moztu. Victorine gaixoak malkoz busti gutun hori hartu, eta supazterrerat bota du erranez: «Aski da!» Bere alaba, muinkatu asmoz eskuak hartu nahi zizkiona, altxarazi nahi izan du, baina beregandik aldaratu ditu. Ez dea bada ankerkeria bat hori? Haren seme lerdo porrokatua bere arreba agurtu gabe sartu da.

        — Munstroak ote dira bada? erran zuen Goriot zaharrak.

        — Eta gero, erran zuen andere Couturek gizagaixoaren erranari kasurik egin gabe, aita-semeak handik joan dira ni agurtuz eta otoi desenkusatzeko eskatuz, presako egitekoak omen zituzten. Horra gure bisita. Bere alaba ikusi du bederen. Ez dakit nik nolaz uka dezakeen, bu ur tanto bezain elkar irudiak dira.

        Apopiloak, barnekoak ala kanpokoak, batzuk bertzeen ondotik heldu ziren, elkarri egunon emanez, eta batak bertzeari erranez Pariseko zenbait jende-mailatan halako jite jostagarria erakusten duten huskeria horietarik, astakeria osagarri nagusi eta merezimendurik handiena ihakina edo ahoskera duen jite jostagarria bera. Argot suerte hori taigabe aldatzen da. Hatsarri duen arraileriak sekula ez du hilabete bat baino gehiago irauten. Gertakari politiko batek, Epaitegiko prozesu batek, karriketako kantu batek, aktore baten irri-solasek, orok du balio adimenduaren joko horretan aritzeko, oroz gain ideiak eta hitzak pilotak bailiran bildu eta erraketen medioz haien berriz elkarri itzultzean datzan joko horretan, alafede. Dioramaren asmakuntza berriak, optikaren ilusioa Panorametan baino goragoko heinetarat altxatzen zuenak, ramaz mintzatzeko arraileria eramana zuen zenbait pintura-lantegitarat, halako irrigailu-suerte bat pintore gazte batek, andere Vauqueren pentsioko bezero zenak, han kutsatu zuena.

        — Eta? Poirrret jauna, erran zuen Museumeko enplegatuak, nola doa osarama ttiki hori? Gero, erantzuna iguriki gabe: ene Damak, xangrinaturik zaudete, erran zien andere Couture eta Victoreneri.

        — Jaterrra goaza? egin zuen oihu Horace Bianchonek, Rastignacen adiskide zen medikuntzako ikasle batek, usque ad talones jaitsi zait tripa-zorroa.

        — Berebiziko hotzirama dago! erran zuen Vautrinek. Aparta zaitez bada, xaharra! Mila deabru! sutontziaren aho guztia estaltzen duzu oinarekin.

        — Vautrin jaun argi hori, erran zuen Bianchonek, zergatik diozu hotzirama? Ez dago ongi errana, hotzarama da.

        — Ez, erran zuen Museumeko enplegatuak, hotzirama da, arauari jarraiki: zangoak hotzituak ditut.

        — Ah! ah!

        — Hona hemen bere gorentasuna Rastignaceko markesa, zuzenbide okerrean doktore, oihu egin zuen Bianchonek Eugèneri lepotik oratuz eta ito nahi bailuen hertsatuz. Eit! bertze guztiak, Eit!

        — Andereño Michonneau poliki-poliki sartu zen, mahaikideak agurtu deus erran gabe, eta hirur emakumeen ondorat joan zen jartzera.

        — Beti ikararazten nau saguzahar horrek, erran zion ahapetik Bianchonek Vautrini andereño Michonneau seinalatuz. Nik, Gall-en sistema ari bainaiz ikasten, Judasen konkorrak dituela uste dut.

        — Ezagutzen zenuen? erran zuen Vautrinek.

        — Nor ez da harekin inoiz edo behin fortunatu! erantzun zuen Bianchonek. Mutxurdin hori azkenean habe bat osoki jaten duten har handi horietako bat begitantzen zait, alajainkoa!

        — Horixe bertzerik ez baita, gazte, erran zuen Vautrinek papiloteak orraztuz.

 

                Eta arrosa izaki, arrosak bizi direna bizi izana da,

                goiz bateko tartea.

 

        — Ah! ah! heldua da bada zoparama ederra, erran zuen Poiretek Christophe eltzekoa errespetuz atxikitzen zuela sartzen ikusirik.

        — Barka iezadazu, jauna, erran zuen andere Vauquerek, azazopa duzue hau.

        — Gazte guztiek irriari eman zioten.

        — Hondoratua, Poiret.

        — Poirrrrrette hondoratua!

        — Marka bi pondu amatto Vauqueri, erran zuen Vautrinek.

        — Norbaitek erreparatu dio goiz honetako lainoari? erran zuen enplegatuak.

        —Zen, erran zuen Bianchonek, laino bat frenetikoa eta antzik gabea, laino bat goibela, malenkoniosa, berdea, hats-bahigarria, laino bat goriotiarra.

        — Goriorama, erran zuen pintoreak, han ez baitzen pikorik ikusten.

        — Ei, milord Gâôriotte, xutaz ari direla!

        Mahaiaren hondarrean jarria, zerbitzatzeko erabiltzen zen atetik hurbil, Goriot zaharrak burua altxatu zuen zamauaren azpian zeukan ogi-zati bat usnatuz, zenbaitetan berragertzen ohi zen merkatari zeneko ohitura zahar batengatik.

        — Zer, bada? oihukatu zion garrazki andere Vauquerek koilara, plater eta ahotsen soinuari nagusitu zitzaion ahots batez, ez duzua ogia on atzematen?

        — Aitzitik, anderea, erantzun zuen, Étampes-eko irinaz egina da, lehen kalitateko irinaz, alafede.

        — Zertan ikusten duzu hori? erran zion Eugènek.

        — Zuritasunean, gustuan.

        — Sudurraren gustuan, usaina hartzen baitiozu: erran zuen andere Vauquerek. Hain zara ekonomo bilakatzen ari non azkenean aurkituko baituzu sukaldeko haizea hurrupatuz mantentzeko moldea.

        — Eraman ezazu orduan patentatzera, egin zuen oihu Museumeko enplegatuak, fortuna ederra eginen duzu.

        — Utzazue bakean, fideogile izana dela sinetsarazteko egiten du hori, erran zuen pintoreak.

        — Hortaz, erretorta bat ote da zure sudurra? galdetu zuen berriz Museumeko enplegatuak.

        — Erre zer? egin zuen Bianchonek.

        — Erre-ge.

        — Erre-mentari.

        — Erre-sinola.

        — Erre-tolika.

        — Erre-pika.

        — Erre-ka.

        — Erre-a.

        — Erre-matea.

        Zortzi erantzunak tiro-erauntsi jarraiki baten zalutasunaz jalgi ziren salako alde guztietatik, eta hainbatenaz ere irrigarriago izan ziren, non Goriot dohakabeak halako zozo itxuraz so egiten baitzien mahaikideei, hizkuntza arrotz baten konprenitzera entseatzen ari den gizon bat irudi.

        — Erre! erran zion Vautrini, harengandik hurbil zegoenari.

        — Erredios, arraioa! erran zuen Vautrinek Goriot zaharraren kapela kaskako batez hondoratuz, buru gainean eman eta kapela bekainetaraino jaitsarazi zionaz.

        Agure gaixoa, itsumustuko jazarraldi horrek zur eta lur, mugitu gabe egon zen lipar batez. Christophek, zopa bukatua zuelakoan, gizagaixoaren platera eraman zuen; hainbertzenarekin, Goriotek, kapela berriz altxatu eta gero, bere koilara hartu zuenean, mahaian jo zuen. Mahaikide guztiak irriz lehertu ziren.

        — Jauna, erran zuen agureak, kitzikatzaile eskasa zara, eta holako bertze zartakada bat ematen baldin badidazu...

        — Zer, bada, xaharra? erran zuen Vautrinek eteten ziola.

        — Zer, bada? Egunen batean garesti baino garestiago ordainduko duzula hori.

        — Infernuan, ezta? erran zuen pintoreak, ume bihurriak kokatzen dituzten xoko beltz ttiki horretan!

        — Zer, bada? andereño, erran zion Vautrinek Victoreneri, ez duzu deus jaten. Aita egoskor agertu da bada?

        — Ikaragarri, erran zuen andere Couturek.

        — Zentzarazi beharra dugu bada, erran zuen Vautrinek.

        — Baina, erran zuen Rastignacek, Bianchonengandik aski hurbil kausitzen zenak, andereñoak auzia ezar liezaioke hazkurriaren karietara, ez baitu jaten. Ei! ei! ikus ezazue nolako begiez behatzen dion Goriot zaharrak andereño Victoreneri.

        Agureari jatea ahanzten zitzaion neskatila gaixoari behatzeko, zeinaren azpegietan min bat egiazkoa ageri baitzen, aita maite duen haur zapuztuaren mina bera.

        — Ene adiskide maitea, erran zuen Eugènek ahapetik, tronpatuak gaituk Goriot zaharraz. Ez duk ez ergela eta ez zaingabeko gizona. Aplika iezaiok Gallen sistema hori, eta erradak zer pentsatzen duan. Zilarrezko azpil bat bihurdikatzen ikusi diat barda, argizagia izan balitz bezala, eta, oraintxe berean ere, ohiz kanpoko sentimenduak salatzen ditik haren aurpegiak. Sobera misteriosa iruditzen zaidak haren bizitza aztertua izatea merezi ez izateko. Bai, Bianchon, alferrik egiten duk irri, ez nabilek arrailerietan.

        — Gizon hau medikuntzako kasu berezia duk, erran zuen Bianchonek, ongi duk; disekatuko diat, berak nahi badu.

        — Ez, hazta iezaiok burua.

        — Ah! tira, kutsakorra izan zezakek ergelkeria.

        Biharamunean Rastignac dotorezia handi batez jantzi, eta, arratsaldeko hirurak irian, Restaudeko anderearenerat joan zen, bidean halako esperantza burtzoragarri eroei ematen zelarik, gazteen bizitza bihotz-hunkiduretan horren jori bilakarazten dutenei: ez dituzte orduan ez oztopoak eta ez arriskuak kalkulatzen, orotan arrakasta ikusten dute, bizitza poesia bihurtzen dute soilki beren irudimenarekin jostatuz, eta zorigaitzean ala tristezian erortzen dira artean ere haien irrika neurrigabeetan baizik bizi ez ziren egin-asmoek lur jotzen dutenean; ezjakin eta herabe ez balira, ezinezkoa litzateke gizartearen mundua. Eugène kasu handi-handirekin zihoan den-mendren ere ez lohitzeko; alabaina Restaudeko andereari zer erranen liokeen pentsatuz zihoan, adorez hornitzen zen, ustezko solasaldi baten erantzunak asmatzen, ateraldi bitxiak, erranaldi tailleyrandiarrak prestatzen, bere etorkizunaren oinarri ezartzen zuen deklarazioaren aldeko zirkunstantzia tikiak suposatuz. Lohiez zikindu zen, Palais-Royalerat behar izan zuen joan hala bere boten ziratzera nola bere galtzaren igurztera. Aberats banintz, erran zuen bere baitan bada ez bada ere hartu zuen hogeita hamar soseko txanpon bat trukatuz, kotxez joan eta neure gogara pentsatu ahal izanen nian. Noizbait ere Helder-eko karrikarat arribatu da eta Restaudeko kondesaz galdetu. Egun batean triunfatuko duela segur den gizonaren amorrazio hotzarekin, halaxe bildu zuen baila oinez eta atean kotxe baten hotsa aditu gabe iragaten ikusia zuten jendeen behako mesprezagarria. Behako hori hainbatenaz ere mingarriago izan zitzaion non bere gutiagotasunaz jabetu baitzen baila horretan sartu zenean, hantxe ikusi baitzuen putinka zaldi eder bat cabriolet pinpirina horietako bati lotua, bizitza xahutzaile baten luxua erakutsi eta Pariseko zorion guztien aztura iradokitzen duten cabriolet horietako bati, alegia. Umore txarrez jarri zen, bera bakarrik. Burmuinean zabaldu zitzaizkion tiraderak, agudeziaz beterik ediretea espero zuenak, hertsi eta zozoturik gelditu zen. Kondesaren erantzuna igurikitzen zueno, zeinaganat ganbarako lekaio bat joaten baitzen bisitariaren izenaren erratera, Eugène zango bakar baten gainean pausatu zen aitzinganbarako leiho baten aitzinean, ukondoa leiho-herskailu batean ezarri, eta bailarat behatu zuen oharkabetarik. Berantetsi zen, handik alde eginen zuen hegoaldetarren gogortasun horrez, zuzenean doalarik mirariak erditzen dituenaz, jantzia izan ez balitz.

        — Jauna, erran zuen ganbarako lekaioak, anderea bere apaingelan dago eta biziki lanpetua, ez dit erantzun; baina jaunak saloirat iragan nahi badu, bada han norbait jadanik.

        Hitz bakarrez beren nagusiak akusatzen zein jujatzen dituzten jende horien botere beldurgarria miretsiz batean, Rastignacek nahitara ireki zuen ganbarako lekaioa jalgia zen atea, dudarik gabe lekaio ahalkegabe horiei sinetsaraztekotz ezagutzen zituela etxe hartan bizi zirenak; alabaina, aztoraturik oso, gela baterat jo zuen non lanparak, arasak, bainuko xukaderen berotzeko tresna bat, ageri eta aldi berean korridore ilun eta eskailera gorde baterat eramaten baitzuen. Aitzinganbaran aditu zituen irri itoek gainezka eragin zioten bere nahasmenduari.

        — Jauna, saloia honatako aldean da, erran zion ganbarako lekaioak begirune faltsu eta bertze arraileria bat irudi duen horrekin.

        Eugène hain zen tarrapataka itzuli gibelerat non bainu-ontzi batekin behaztopatu baitzen. Hala ere, zorionez bere kapela atxiki zuen bainu-ontzirat eror zekion eragozteko. Une hartan, ate bat ireki zen lanpara tiki batek argitu korridore luzearen gibelean, Rastignacek han aditu zuen batera Restaudeko anderearen ahotsa, Goriot zaharrarena, eta musu baten soinua. Jangelan sartu zen, aldean bertze iragan zuen, ganbarako lekaioari jarraitu zitzaion, eta lehen saloi batean sartu zen non leiho ondoan pausaturik gelditu baitzen, leiho horrek bailarat ematen zuela ohartuz. Goriot zahar hori egiazki bere Goriot zaharra zenetz nahi zuen ikusi. Bihotzak pilpira estrainioak ematen zizkion, Vautrinen gogoeta ikaragarriak zetorzkion gogorat. Ganbarako lekaioak saloiko atean igurikitzen zuen Eugène, baina supituki mutil gazte dotore bat jalgi zen handik, eta erran zuen ezin-egonez: «Banoa, Maurice. Andere kondesari erranen diozu ordu erdiz baino gehiagoz egon naizela haren begira.» Mutiri horrek, dudarik gabe mutiri izateko eskubidea eduki uste zuenak, Italiako xaramela bat kantatu zuen ahapeka Eugène, hala ikaslearen itxura ikusteagatik nola bailarat so egiteagatik, zegoen leihorat zihoala.

        — Jaun kondeak hobeko luke baina bertze istant batez igurikitzea, Andereak bukatu du, erran zuen Mauricek aitzinganbararat itzulirik.

        Une hartan, Goriot zaharra kotxeen atetik hurbil jalgitzera zihoan eskailera tikiaren aterabidetik. Gizagaixoa bere euritakoa ari zen ateratzen eta bazihoan haren zabaltzera, ohartu gabe ate handia irekirik zegoela tilbury bat gidatzen zuen mutil gazte apaindu bati bide emateko. Goriot zaharrak gibelerat egiteko astia baizik ez zuen izan zanpatua ez izateko. Euritakoaren tafetanak zaldia izitu zuen, zeinak jauzi egin eta harmailen kontra joan baitzen heriosuhar. Mutil gazte hura koleragorriturik bihurtu zen, Goriot zaharrari behatu eta, gizagaixoa jalgi aitzin, egin zion diosala bat zeinak erakusten baitzuen beharrezkoak zaizkigun lukurrariei ematen diegun begiramendu bortxatua, edo gizon ustel bati nahitaez erakutsi beharreko, baina geroago ahalkearazten gaituen errespetu hori. Goriot zaharrak adiskidetasunezko agur tiki batez, ontasunez beteaz, erantzun zuen. Gertakari horiek oinazturaren zalutasunaz iragan ziren. Sobera kordegabetua bakarrik ez zegoela ohartzeko, Eugènek kondesaren ahotsa aditu zuen bat-batean.

        — Ah! Maxime, bazindoazen bada, erran zuen destaina apur batez nahasi halako gaitzespen-doinuaz.

        Kondesa ez zen tilburyaren sarreraz ohartu. Rastignac tupustean itzuli zen gibelerat eta kondesa ikusi zuen lakrikunki jantzia katxemira zurizko txabux laxo arrosadun batez, artarik gabe orraztua, Pariseko emakumeak goizean jantzirik egoten diren gisan; urrin gozoa zerion, bainu bat hartua zegoen inolaz ere, eta haren edertasunak, hala errateagatik leundua zenak, boluptuosagoa irudi zuen; begiak bustirik zeuzkan. Gazteen begiak badaki ororen ikusten: landare batek behar dituen elikagaiak airean irensten dituen bezala, hala bat egiten dira mutil gazteen izpirituak emakumearen isuriei. Eugènek emakume horren eskuen freskotasun loratua sentitu zuen beraz haien ukitu beharrik izan gabe. Ikusten zituen, katxemiran barna, txabuxak, apur bat irekia zegoenak, noizean behin agerian utzi eta ikaslearen behakoa bereganatzen zuen bularraren kolore zurigorriak. Kondesak ez zuen gerrontzearen beharrik bat ere, gerrikoak berak bakarrik markatzen zion bere gerri malgua, lepoak amodioari dei egiten zion, oinak ttiki eta pollit ageri ziren pantufletan. Haren muinkatzekotz Maximek esku hori hartu zuelarik, Eugènek Maxime ikusi zuen, eta kondesak Eugène. Ah! zu zara, Rastignaceko jauna, kontent naiz oso zure ikusteaz, erran zuen kondesak adimendunek hautematen dakiten halako eite batez.

        Maximek aldiz Eugèneri aldiz kondesari behatzen zien sarkoiaren handik hastanarazteko aski molde adierazgarriaz. «Maltea, espero dinat kanporat bidaliko dunala kakanarru hori!» Hitz hauek klarki eta aditzeko moldean itzultzen zituzten mutil gazte ahalkegabeki burgoi horren soak, Anastasie kondesak Maxime deitu eta orain aurpegia ikertzen baitzion emakume baten sekretu guztiak, emakume hori horretaz ohartu gabe, salatzen dituen manukortasun horrekin. Rastignacek gorroto bortitz bat nabaritu zuen mutil gazte horren alderat. Lehenbizi, Maximeren bilo hori eder eta ongi kizkurtuek bereak zein itsusiak zituen erakutsi zioten. Gero, Maximek bota fin eta garbiak bazituen, bereak ordea, ibiltzean ezarri zuen artarengatik ere, lokatzezko azal mehe batez estaliak zeuzkalarik. Hondarrik, Maximek xenila bat bazerabilen gerria sotilki hertsatu eta emakume polit baten eitea ematen ziona, Eugènek ordea, bi orenak eta erdietan, frak beltz bat zeraman bitartean. Charente-ko haur izpiritualak hauteman zuen dandy segail, handi, begi-argi eta begitarte zurbileko horri, umezurtzen errekaratzeko ere gai diren gizon horietako bati, janzkerak ematen zion gailentasuna. Eugèneren erantzunaren begira egon gabe, Restaudeko andereak hega ahala egin zuen ihes bertze saloirat, kulunkatzera utziz bere txabuxaren hegalak, tximeleta baten irudia ematen ziotela bildu eta barreiatu egiten zirenak; eta Maxime haren ondotik joan zen. Eugène, sutan, Maximeren eta kondesaren ondotik joan zen. Hirur pertsonaia hauek bekoz beko kausitu ziren beraz, tximiniaren parean, saloi handiaren erdian. Ikasleak bazekien poxelu eginen ziola Maxime higuingarri horri; baina, Restaudeko anderearen atsekabetzeko arriskuarekin, dandyari poxelu egin nahi izan zion. Bat-batean, mutil gazte hori Beauséanteko anderearen dantzaldian ikusia zuela oroitu zelarik, asmatu zuen zer zen Maxime Restaudeko anderearentzat, eta lerdokeria handiak eginarazten zein arrakasta handia ematen duen gazteen ausartzia horrekin, bere baitan erran zuen: «Honatx neure arerioa, garaitu behar diat.» Zuhurgabea! ez zekien, ez, Maxime de Trailles kondeak irain zezaten utzi, lehena tiratu eta bere lehiakidea hiltzen zuela. Eugène ehiztari trebea zen, baina artean ere bota gabe zegoen tiro batez hogei panpina hogeita bitik tiralekuan. Konde gaztea suaren altzoan besaulki batean etzan, su-hatzak hartu eta hain mugimendu bortitz eta zaputzez kitzikatu zuen sua, non Anastasieren aurpegi ederra goibeldu baitzen bat-batean. Emakume gaztea Eugènerenganat itzuli eta behako hotz itaunkor horietako bat jaurtiki zion, hots, «zergatik ez duzu alde egiten» hain klarki dioten behako horietako bat non jende ontsa ikasiak berehalaxe joaten baitira «agur, joan beharra dut» edo horrelako zerbait erranez.

        Eugènek aurpegi atsegina ezarri eta erran zuen: —Anderea, presa nuen zure ikusteko...

        Istantean isildu zen. Ate bat ireki zen, tilburya gidatzen zuen jauna bat-batean agertu zen, kapelarik gabe, kondesa agurtu zuen, Eugèneri arta handiz behatu, eta eskua luzatu zion Maximeri, ziotsala: «Egunon.» Eugène partikularzki harritu zuen halako begitarte anaikorraz. Probintzietako gazteek ez dakite zein gozoa den hiruren arteko amodio-bizitza.

        — Restaudeko jauna, erran zion kondesak ikasleari senarra erakutsiz.

        Eugène barne-barneraino makurtu zen.

        — Jauna, erran zuen kondesak aitzinerat joanez eta Eugène Restaudeko kondeari aurkezten ziola, Rastignaceko jauna duzu, Beauséanteko andere bizkondesaren ahaidea Marcillactarren aldetik! hitz horiek, kondesak kasik hanpurutsuki erran zituenek, etxekandere batek berean handikiak baizik ez dituela hartzen frogatuz atzematen duen halako harrotasun-suertez, miragarrizko ondorioa izan zuten, kondeak bere aire hotz zeremoniosa utzi eta ikaslea agurtu zuen.

        — Atsegin handia da, erran zuen, jauna, zure ezagutzen egitea.

        Maxime de Traillesek berak ere behako urduri bat jaurtiki Eugènerenganat eta bere mutiritasuna utzi zuen bat-batean. Makil ukaldi horrek, izen-deitura batzuen ahalmenak emanaraziak, hogeita hamar kutxa ireki zituen hegoaldetarraren burmuinean, eta prestatua zuen kuraia bihurtu zion. Bat-bateko argi batek klarki ikusarazi zion Pariseko goi-gizartearen giroan, artean ere goibel eta ilun ageri zitzaionean. Maison-Vauquer, Goriot zaharra bere gogotik urrun oso zituen orduan.

        — Marcillactarrak iraungiak zeudela uste nuen, erran zion Restaudeko kondeak Eugèneri.

        — Bai, jauna, erantzun zuen. Ene osaba handia, Rastignaceko zalduna, Marcillac familiako primarekin esposatu zen. Ez zuten alaba bat baizik izan, Clarimbault-eko marexalarekin esposatu zena, Beauséanteko anderearen amaren aldeko aitatxirekin. Gu adar gaztea gaituzue, hainbatenaz ere adar pobreagoa bera non ene osaba handiak, almiranteordeak, dena galdu baitzuen Erregeren zerbitzutan. Gobernamendu iraultzaileak ez zituen gure harturenak onartu nahi izan Indietako Konpainiaren likidazioan.

        — Jauna, ez zen bada zure osaba handia le Vengeur-eko buruzagia 1789 baino lehen?

        — Halaxe da.

        — Ene aitatxia ezagutu zuen orduan, le Warwich-eko buruzagia baitzen.

        Maximek besagainak apur bat altxatu zituen Restaudeko andereari behatzen ziola, eta hau erran bide zion: «Galduak gaitun, itsasoaz hasten baldin bada horrekin solasean.» Anastasiek Trailleseko jaunaren behakoa konprenitu zuen. Emakumeek duten ahal miresgarri horrez, irribarre egiten hasi zen erranez: «Zatoz, Maxime, badut zerbait zuri galdetu beharra. Jaunak, ibil zaitezte lasai itsasoan le Warwich eta le Vengeur-en oroitzapenetan.» Kondesa jaiki eta erkidetasun nausagarriz beterikako keinu bat egin zion Maximeri, harekin batean apaingelarat abiatu zenari. Bikote morganatiko hori, frantsesez ordainik ez duen erranmolde aleman zoragarria bera, aterat arribatu orduko, kondeak eten zuen Eugènerekin zerabilen solasaldia.

        — Anastasie! geldi zaitez, maitea, egin zuen oihu aldarte txarrez, ongi dakizu ezen...

        — Berehalaxe nator, erran zuen kondesak eteten ziola, une bat bertzerik ez dut behar Maximeri erratekotz manatu nahi diodana.

        — Kondesa berehala itzuli zen. Gogoak eman bezala jokatu ahal izatekotz beren senarren izaeraren miatzera bortxaturik, konfiantza preziatu baten ez galtzeagatik noraino joan daitezkeen badakiten, eta, beraz, bizitzako gauza tikietan sekula kontra egiten ez dieten, emakume guztien antzera, kondesa hautemanik zegoen, kondearen ahotsaren goitibeheitien arabera, ez zela bat ere segurtasunik izanen apaingelan geldituz geroz. Eugène zen makur horien guztien sorburu. Kondesak hortaz, mesprezuz josirikako aurpegi eta keinu batez, ikaslea erakutsi zion Maximeri, zeinak biziki epigramatikoki erran baitzuen kondeari, honen emazteari eta Eugèneri: —Aizue, hitz egin beharra duzue zuek, ez dizuet enbarazurik egin nahi; adios. Eta joan zen.

        — Geldi zaitez, Maxime! oihukatu zuen kondeak.

        — Etor zaitez afaltzera, erran zuen kondesak zeina, bertze behin ere Eugène eta kondea utzirik, lehen saloirat jarraitu baitzitzaion Maximeri. Han egon ziren biak elkarrekin, behar bezain luzaz egon ere, Restaudeko jaunak Eugene bidaliko zuela segur izateko-edo.

        Rastignacek, noiz irri-karkailaka, noiz eleketan, noiz isilik aditzen zituen; baina ikasle maliziosak iaiotasun handi-handia erakusten zuen Restaudeko jaunarekin, hura balakatuz nahiz eztabaidetarat lerraraziz, kondesa berriz ikusi eta Goriot zaharrarekin nolako harremanak zituen jakiteko asmoz. Emakume hori, argiro Maximez maitemindurik zegoena; emakume hori, senarra bere mende zeukana, fideogile zaharrari isilpean lotua, misterio handi bat iruditzen zitzaion. Misterio hori zulatu nahi zuen, ustez-eta halaran errege bakar egonen zela emakume hain eminentki paristar horren gainean.

        —Anastasie, erran zuen kondeak bere emazteari dei eginez berriz.

        — Ea, ene Maxime gaixoa, erran zion mutil gazteari, etsi beharra dinagu. Arratsa arte...

        — Espero dut, Nasie, erran zion belarrirat, pikutara bidaliko dunala mutil zirtzil hori, zure txabuxa doi bat zabaldu orduko begiak txingarrak irudi izekitzen zitzaizkiona. Proposamenak eginen lizkizuke, hersturetan sartuko, eta haren hiltzera bortxatuko nindukezu.

        — Burutik zaudea, Maxime? erran zuen kondesak. Ez direa bada ikasle zirtzil horiek ximist-orratz hautak? Hastiaraziko diot, bai eiki, Restaudi.

        — Maxime irriz lehertu eta jalgi zen ondotik kondesa zerraikiola, zeina leihoan jarri baitzen mutil gaztearen kotxerat igaiten ikusteko, bere zaldia putinkarazi eta zigorra inarrosten zuela. Ate handia hertsi zen arte ez zen itzuli.

        — Aizu, maitea, erran zion kondeak emakumea sartu zenean, jaunaren familia bizi den herria ez dago Verteuil-etik urrun, Charenten. Jaunaren osaba handiak eta ene aitatxik elkar ezagutzen zuten.

        — Kontent naiz jende ezagunen artean izateaz, erran zuen kondesak adigabeturik.

        — Uste duzun baino gehiago, erran zuen ahapetik Eugènek.

        — Nola? erran zuen kondesak bizi-bizia.

        — Baina, gehitu zuen ikasleak, gizon bat ikusi berria dut zuenetik jalgitzen zeinarekin atez ate bainago pentsio batean, Goriot zaharra.

        «Zaharra» hitzaz apaindu izen horren aditzearekin, kondeak, suaren zirikatzen ari baitzen, su-hatzak surat jaurtiki zituen, eskuak erre balizkiote bezala, eta jaiki zen.

        — Jauna, Goriot jauna erran zenezakeen bederen!

        Senarraren ezinegona ikusirik kondesa lehenik zurbildu, gero gorritu eta nabarmen poxelaturik agertu zen azkenik; hau erantzun zuen, natural itxura eman nahi izan zion ahotsaz, eta faltsuki jabaldurik: «Ez daiteke inor aurki gehiago maita genezakeenik...» Isilik gelditu zen, bere pianoari so egin, zerbait miragarria bururatuko balitzaio bezala, eta hau erran zuen: —Atsegin duzua musika, jauna?

        — Anitz, erantzun zuen Eugènek tomate bat bezain gorri eta lerdokeria larriren bat egin ote zuen irudipen nahasiak zozoturik.

        — Kantuz aritzen zarea? galdetu zuen kondesak bere pianorat joan eta tekla guztiak arrapaladan joaz, beheko ut-etik hasi eta goiko fa-raino dantzarazten zituela. Rrrrah!

        — Ez, anderea.

        Restaudeko kondea harat-honat zebilen geldigabe.

        — Pena da, triunfatzeko bide handi bat galdua duzu. —Ca-aro, ca-a-ro, ca-a-a-a-ro, non dubitare, kantatu zuen kondesak.

        Goriot zaharraren izenaren erratearekin, Eugènek bertze ukaldi bat eman zuen azti-makilttoaz; orain ordea «Beauséanteko anderearen ahaidea» hitzek ekarri zutenaren kontrako ondorioa ekarri zuen. Kinka larri batean zegoen, bitxikeriazale baten etxean fagorez sartu eta, eskultura tikiz beterikako armairu bat oharkabetarik ukiturik, hiruzpalau buru gaizki eratxikiak erorarazi dituen gizon baten kinka larrian, alafede. Amildegi baterat nahi izan zukeen bere burua egotzi. Restaudeko anderearen aurpegia idor, hotz ageri zen, eta haren begiak, ez-axoldurik, ikasle dohakabearenen ihesi zebiltzan.

        — Anderea, erran zuen, badukezu zertaz solas egin Restaudeko jaunarekin, onets itzazu otoi ene errespetuak, eta baimena eman...

        — Etortzen zaren aldi oro, erran zuen arrapaladan kondesak Eugène zeinu batez geldiaraziz, segur izan zaitez ezen, hala Restaudeko jaunari nola neroni, atseginik handiena emanen diguzula.

        Eugènek bikoteari agur sakon bat egin eta kanporat jalgi zen ondotik Restaudeko jauna zeramala, zeinak, ikaslearen erreguak gorabehera, aitzinganbararaino lagundu baitzuen.

        — Jaun hori agertuko den aldi oro, erran Zion kondeak Mauriceri, ez anderea eta ez ni izanen gara etxean.

        Eugène atariko eskailerarat heldu zenean, euria ari zela ohartu zen. —Ea, erran zuen bere baitan, errebeskeria bat egin bide diat, ez baitakit ez haren sorburua eta ez haren ondorea; jantzia eta kapela hondatu ditiat gainera. Zoko batean behar nikek egon Zuzenbidea buru-belarri ikasten, magistratu garratz bat bilakatzea bertze burubiderik ez ibili buruan. Nolaz joanen ote naiz mundurat, han taiuz jokatu ahal izateko, ezin konta ahala gauza behar ditudala: cabrioletak, bota ziratuak, baitezpadako edergailuak, urrezko kateak, goizetik hasi eta orkatzezko eskularru zuriak, sei libera gosta direnak, eta gauez beti ere eskularru horiak? Agure-zahar pikaro galanta, bai, Goriot xaharra!

        Karrikako atearen azpian kausitu zelarik, alokairuko kotxe bateko karrozainak, zeinak dudarik gabe ezkonberri batzuk eraman berriak baitzituen eta orain nagusiari kontrabandoko kurtsa batzuk ebatsi bertze asmorik ez baitzerabilen, keinu bat egin zion Eugèneri, hau euritakorik gabe, soineko beltz, maripolis zuri, eskularru hori eta bota ziratuekin ikusi zuenean. Eugène errabiaturik zegoen, mutil gazte bat, leizezulo batean sartzen denean, barnean zorioneko aterabide bat atzeman uste bailuen bere hartan gero eta gehiago sartzera bultzatzen duten errabia sor horietako batek harrapaturik. Burua higitu eta baietz erran zion karrozainaren galdeari. Sakelan hogeita bi sos baino gehiago eduki gabe, kotxerat igan zen non zenbait laranja-lorek eta kanetilazko izpi batzuek ezkonberrien pasaia salatzen baitzuten.

        — Norat doa jauna? galdetu zuen karrozainak, ordukotz bere eskularru zuriak erantziak zituenak.

        — Arraioa! erran zuen Eugènek bere baitan, hondatzen ari naizenaz geroz, zerbaitetako behintzat balio behar zidak horrek! Zoaz Beauséantenekorat, erantsi zuen ozenki.

        — Zeinetarat? erran zuen karrozainak.

        — Hitz sublime horiek Eugène nahasi zuten. Ezjakin dotore hark ez zekien bi Beauséanteneko bazirenik; ez zekien, ez, zeinen aberatsa zen beraz axolatzen ez ziren ahaideetan.

        — Beauséanteko bizkondearenerat, harako karrika har...

        — De Grenell-erat, erran zuen karrozainak burua higitu eta Eugèneri eteten ziona. Gehiago ere baduzu bada, Beauséanteko kondearena eta Beauséanteko markesarena, Saint-Dominique karrikan, gehitu zuen oin-maila altxatuz.

        — Badakit, ihardetsi zuen Eugènek idorki. Agi denaz egun mundu guztia trufatzen duk nitaz! erran zuen bere kapela aitzineko kuxinen gainerat jaurtikiz. Errege baten jarei-saria gostako zaidak eskapada hau. Baina bederen zinez aristokrata handien gisan eginen zioat bisita neure lehengusina ustezko horri. Goriot xaharra gutienaz ere hamar libera gosta zaidak ja, zitala alaena! Ala ene fedea, Beauséanteko andereari kontatuko zioat neure abentura, menturaz irri eraginen zioat. Jakinen dik, dudarik gabe, arratoi zahar isats-gabe horren eta emakume eder horren harreman kriminalen misterioaren berri. Hobe duk ene lehengusinari atsegin ematea ezen eta mutur joka ibiltzea emakume moralgabe horrekin, hagitz garestia begitantzen zaidanarekin. Bizkondesa ederraren izena hain ahaltsua baldin bada, zer indar izanen du bada haren pertsonak? Jo dezagun gorenerat. Zeruan zerbait nahi delarik erdietsi, Jainkoa enkaratu beharra duk!

        Hitz hauek dira ikaslea beren artean kulunkarazten zuten ehunka pentsamenduen laburpena. Baretasun eta segurtasun apur bat berreskuratu zuen euriaren erortzen ikustearekin. Bere buruari erran zion ezen, gelditzen zitzaizkion ehun soseko txanpon preziatuetako bi xahutu behar bazituen, hala behar eta bere jantzi, bota eta kapelaren kontserbatzen erabiliko zituela. Ez hargatik irri-mugimendurik gabe, bere karrozaina entzun zuen oihuka: Atea, otoi? Alabardari gorri eta urreztatu batek bere erroetan kirrinkarazi zuen jauregiko atea, eta han ikusi zuen Rastignacek bozkario ezti batez bere kotxea arkupearen azpian iragan, baila barnean itzuli, eta harmailetako markesinaren pean gelditzen. Karrozaina, gorriz bordatu hopalanda lodi urdinez jantzia, oin-mailaren zabaltzera jaitsi zen. Kotxetik jaistean, Eugènek irri ito batzuk, peristilotik jalgitzen zirenak, aditu zituen. Hiruzpalau lekaio arrailerietan hasiak ziren jadanik emaztegai arruntaren karroza horren gainean. Haien irriek ikaslea argitu zuten kotxe hori Pariseko berlinarik dotoreenetako bati konparatu zionean, hantxe baitzegoen bi zaldi ernairi loturik zeinak, belarrietan arrosak zituztela eta ahokoari haginka, karrozain hautseztatu batek, gorbata ederra zuenak, bridetatik atxikitzen baitzituen ihesi joan nahi balute bezala. Chaussée-d'Antinen, Restaudeko andereak hogeita sei urteko gizonaren cabriolet fina zuen bere bailan. Saint-Germain faubourgean, jaun handi baten luxuak igurikitzen zuen, hots, hogeita hamar mila liberak ere ordainduko ez zuten karrozak.

        — Nor ote dago hor? erran zuen bere baitan Eugènek apur bat berant konprenituz Parisen oso emakume guti ziratekeela gizon bati lotu gabekorik, eta erregina horietako batez jabetzea odola bera ere baino garestiago zela. Mila deabru! inolaz ere, lehengusinak ere badik bere Maxime!

        Larriduraz beterik igan zituen harmailak. Haren agertzearekin, ate beiraduna zabaldu zen; lekaioak serios aurkitu zituen, zurratzen ohi dituzten astoak irudi. Bera izana zen festa harrera-saloi handietan izan zen emana, Beauséanteneko behealdean kokaturik daudenetan. Astirik izan ez zuelarik, gonbitearen eta dantzaldiaren artean, lehengusinari bisita egiteko, ez zen beraz artean ere sartu Beauséanteko anderearen ganbaretan; lehen aldikotz ikustera zihoan beraz emakume gailen baten arima eta azturak ezagutarazten dituen dotoretasun pertsonal horren miresgarritasunak. Hainbatenaz ere azterketa bitxiagoa bera non Restaudeko anderearen saloiak konparabide bat ematen baitzion. Laurak eta erdietan, agertzeko gisan zegoen bizkondesa. Bortz minutu lehenago, ez zuen bere lehengusua errezibituko. Eugène, Parisen ziren etiketez deus ez zekiena, lorez beterikako eskailera handi, maila zuriko, baranda urreztatuko eta tapiz gorriarekiko batetik, Beauséanteko andereaganat izan zen eramana, zeinaren ahozko biografia, arrats oro belarritik belarrirat Pariseko saloietan kontatzen diren istorio aldakor horietako bat, ez baitzekien.

        Bazuen hirur urte bizkondesa Portugaleko jaunik ospetsu eta aberatsenetako bati, Ajuda-Pintoko markesari, loturik zegoela. Horrelako lotura lañoek hainbertze erakargarritasun dituzte horrela lotu pertsonentzat, non bertze inor ere ezin baitezakete tartean jasan. Halatan Beauséanteko bizkondea bera emana zen etsenplurik publikoari, gogo onez ala gogo txarrez, elkartze morganatiko hori begiratuz. Adiskidetasun horren lehen egunetan, bizkondesa bi orenetan ikustera etorri zirenek, Ajuda-Pintoko markesa aurkitzen zuten han. Beauséanteko andereak, bere atearen hesteko ez-gauza, biziki kaltegarria izanen zena, hain hoztasun handiz zituen jendeak hartzen eta hain ergelki egoten zen bere saloiko erlaitzari beha, non denak ere ohartzen baitziren zenbateraino gogaitarazten zuten. Parisen jakin zelarik gogaikarria zela Beauséanteko anderearentzat bi orenetatik laurak bitartean haren ikustera etortzea, bakartasunik handienean kausitu zen. Bouffonsetarat zein Operarat joaten zen Beauséanteko eta Ajuda-Pintoko jaunek lagundurik; baina bizitzen dakien gizonaren gisan, Beauséanteko jaunak biak bakarrik uzten zituen beti emaztea eta Portugaldarra beren tokirat eraman ondoan. Ajudako jaunak ezkondu behar zuen. Rochefideko andereño batekin esposatzekoa zen. Goi-gizarte guztian pertsona bakar bat zegoen artean ere ezkontza horren berri ez zekiena, pertsona hori Beauséanteko anderea zen. Bere adiskideetako batzuk mintzatu zitzaizkion hala-hola horretaz; hark irri egin zuen, ustez-eta emakume horiek zorion tirriatu bon kordokarazi nahi ziotela. Bizkitartean ezkon deiak publikatzera zihoazen. Nahiz ezkontza hori bizkondesari jakinaraztera etorria zen, Portugaldar ederra ez zen artean ere hitz bat beraren erratera ausartu. Zergatik? deus ez da inolaz ere zailagoa emakume bati halako ultimatum baten gaztigatzea baino. Zenbait gizon erosoago kausitzen dira guduka-tokian, bihotza ezpata batez mehatxatzen dien gizon baten aitzinean, ezen ez, bi orduz bere eresiak erraten aritu ondoan, hil irudi egin eta usaintzeko gatzak eskatzen dituen emakume baten aitzinean. Hortaz, une hartan, Ajuda-Pintoko jauna herstura handi batean zegoen, eta bere hartatik nahi zuen jalgi, erranezeta bere buruari ikasiko lukeela Beauséanteko andereak berri hori; izkiriatu eginen lioke, hagitzez errazagoa litzateke erailketa amoros hori gutunez egitea zuzenki hitz eginez baino. Bizkondesaren lekaio ganbarazainak Eugène de Rastignac jauna iragarri zuelarik, Ajuda-Pintoko markesa bozkarioz asaldarazi zuen. Jakin ezazue ongi: emakume amoros bat are iaioagoa da bere buruaren durduzarazten plazeraren aldatzen baino. Bazter utzia izateko menean dagoela, bizkorrago asmatzen du zeinu baten zentzua Virgilioren zaldiak amodioa iragartzen dioten urruneko korspuskuluak usaintzen baino. Horregatik, izan zaitezte segur Beauséanteko andereak atzeman zuela asaldura gogoz bertzeko, apal, baina lañoki ikaragarri hori. Eugènek ez zekien Parisen ez dela sekula inorenerat agertu behar aitzinetik etxeko adiskideen medioz senarraren, emaztearen ala seme-alaben istorioa ezagutu gabe, ez egiteagatik-eta halako inozokeriarik, Polonian bitxikiro haiengatik hauxe erraten ohi dutenik: Uztart bortz idi zeure orgari! sartu zaren ateka gaiztotik atera zaitzaten, inondik ere. Solasaldiaren zorigaitz horiek bat ere izenik ez badute oraino Frantzian, da hemen ezinezkotzat jotzen diratekeelakoz, gaizki-erranek erdiesten duten gaitzeko publizitatea dela kausa. Restaudeko anderearenean, zeinak bortz idiak orgari uztartzeko astia ere ez baitzion utzi, lohian sartu ondoan, Eugène bakarrik zen gauza bere itzaingoari berriz lotzeko, Beauséanteko anderearenerat agertuz. Baina Restaudeko anderea eta Trailleseko jauna itsuski poxelatu bazituen, Ajudako jauna ateka gaiztotik behar zuen atera.

        — Adios, erran zuen Portugaldarrak presa guztian aterat zihoala noiz eta ere Eugène sartu baitzen saloi airos, gris eta arrosa batean, non luxuak dotoretasuna baizik ez baitzuen irudi.

        — Arratsa arte, dena den; erran zuen Beauséanteko andereak burua itzuli eta markesari behako bat jaurtikiz. Ez garea Bouffonsetarat joanen?

        — Ezin dut, erran zuen atearen sagarra hartuz.

        Beauséanteko anderea jaiki eta bereganat etorrarazi zuen, kasurik tikiena ere egin gabe Eugèneri, zeinak, zutik, miragarrizko aberastasun baten dirdariek zozoturik, mairuen ipuinak egiazkoak zirela sinesten baitzuen, eta non sartu ez zekiela baitzegoen, emakume horren agerian kausituagatik, honek so egiten ere ez ziolakotz. Bizkondesak bere eskuineko eri handia goratu eta, mugimendu airos batez, toki bat erakusten zion bere aitzinean markesari. Izan zen, jestu horretan, grinazko hain despotismo bortitza non markesak atearen sagarra laxatu eta emakumearenganat zuzendu baitzen. Eugènek jelosiaz beterik behatu zion.

        — Horra, erran zuen bere baitan, berlinako gizona! Baina, premiazkoa ote da beraz zaldi biziak, libreak eta urrea erruz edukitzea emakume baten behakoaren erdiestekotz Parisen? Luxuaren deabruak bihotzean ausiki zion, diru-goseak bere mende hartu, urre-egarriak eztarria idortu. Ehun eta hogeita hamar libera zeuzkan bere hiruhilabete bakoitzeko. Aitak, amak, anaiek, arrebek, izebak, ordea, hilabeteko berrehun libera ere ez zuten denen artean gastatzen. Oraingo bere egoeraren eta heldu beharreko jomugaren artean zalu eginikako konparazio horrek are baldituagoa utzi zuen.

        — Zergatik, erran zuen bizkondesak irriz, ezin zaitezke Italiarretarat etor?

        — Aferak! Ingalaterrako enbaxadorearenean afaltzekoa nauzu egun.

        — Laga itzazu, bada!

        Gizon bat gezurretan ari denean, gezurrak gezurren gain pilatu beharra du ezinbertzez. Ajudako jaunak irriz erran zuen orduan: «Behartzen nauzua?»

        — Baiki.

        — Horixe nahi nuen entzun, ihardetsi zuen bertze edozein emakume jabalduko zuten behako argi horietako bat jaurtikiz. Bizkondesaren eskua hartu, muinkatu eta joan zen.

        Eugènek bere iletik pasatu zuen eskua eta diosala egiteko makurtu zen ustez-eta Beauséanteko anderea beraz oroituko zela; honek bat-batean jauzi egiten du, arrapaladan joaten solairurat, lasterka egiten leihorat eta Ajudako jaunari beha gelditzen kotxerat igaiten zen bitartean; belarria zorrozten du manuaren entzuteko, eta lekaioari aditzen dio karrozainari erraten: «Rochefideko jaunarenerat.» Hitz horiek, eta Ajudakoa bere kotxean nola murgildu zen ikustea, oinaztura eta ximista bezala izan ziren emakume honentzat, hartzara goganbehar lazgarri batzuek erasan ziotenarentzat. Horixe bertzerik ez dira handikien munduan hondamendirik izigarrienak. Bizkondesa bere lo-ganbaran sartu zen, bere mahaian jarri, eta paper eder bat hartu zuen.

        Ingeles Enbaxadan barik, izkiriatu zuen, Rochefidetarrenean afaltzekoa zarenaz geroz, esplikazio bat zor didazu, aiduru naukazu.

        Bere eskuaren dardararizoak itxuragabeturikako zenbait hitz zuzendu ondoan, Claire de Bourgogne adierazi nahi zuen C bat ezarri, eta hots egin zuen.

        —Jacques, erran zion berehala etorri zen bere lekaio ganbarazainari, zazpiak eta erdietan Rochefideko jaunarenerat joanen zara, han Ajudako markesaz galde eginen duzu. Markes jauna han bada, paper hau helaraziko diozu erantzunik eskatu gabe; han ez baldin bada, berriz honat etorri eta neure gutuna bihurtuko didazu.

        — Andere bizkondesak badu norbait bere saloian.

        — Ah! egia, erran zuen ateari bultza eginez.

        Eugène oso gaizki sentitzen hasia zen, noizbait ere bizkondesa ikusi zuen zeinak erran baitzion bihotzaren zolari eragin zion doinu hunkigarri batez: «Barka ezazu, jauna, gauzatto batzuk izkiriatu beharra nuen, dena zeuretzat nauzu orain.» Ez zekien zer zuen, ezen horra zer zerabilen gogoan: «Ah! Rochefideko andereñoarekin nahi du esposatu. Baina libro dea bada? Egun arratsean ezkontza hori hautsia izanen da, edo... Bihar ordea ez da horretaz gehiago mintzatuko.»

        — Ene lehengusina... erantzun zuen Eugènek.

        — Nola? egin zuen bizkondesak behako bat jaurtikitzen ziola zeinaren mutiritasunak ikaslea hotzarritu baitzuen.

        Eugènek «nola» hori konprenitu zuen. Hirur ordu hartan hainbertze gauza zituen ikasiak, non adi eta erne jarririk baitzegoen.

        — Anderea, segitu zuen gorritu ahalaz bat. Duda egin zuen, gero aitzinerat joan eta erran zuen: Barka iezadazu; hain dut babes behar handia non ahaidetasun-amiñi batek deus ez baitzuen hondatuko.

        Beauséanteko andereak irribarre egin zuen, baina tristeki: hautematen hasia zen inguruan erortzear zuen zorigaitza.

        — Bazeneki zer egoeran kausitzen den ene familia ene familia, erran zuen Eugènek aitzinerat joanez, atsegingo zenuke alegietako maitagarri horietako batena egitea, laket hartzen baitzuten oztopoak kenduz beren magalpekoen inguruan.

        — Ongi da! ene lehengusua, erran zuen bizkondesak irriz, zer egin dezaket zuretzat?

        — Nik ote dakit, baina? Franko zorte handia da berez zurea izatea itzalpean galtzen den ahaidetasun-lokarri batengatik. Asaldarazi nauzu, ez dakit zer gehiago behar nizun erran. Parisen ezagutzen dudan pertsona bakarra zara. Ah! Zure iritzia nahi nuen jakin eta ene onartzeko eskatu, hots, zure gonari josi nahi duen eta zugatik hiltzen lekikeen haur gaixo bat bezala onartzeko.

        — Norbait hilen zenuke enegatik?

        — Bi ere hil nitzake, erran zuen Eugènek.

        — Haurra! Bai, haur bat zara, erran zuen andereak negar batzuk azpiratuz; zuk egiaz maiteko zenuke!

        — Oi! egin zuen Eugènek burua higituz.

        Bizkondesa biziki interesatu zen ikasleaz, handinahiaren ihardespena eman zuelakotz. Hegoaldetarra bere lehen kontuak ari zen ateratzen. Restaudeko anderearen apaingela urdinaren era Beauséanteko anderearen saloi arrosaren artean, hirur urte eginak zituen jendeak aipatzen ez duen Zuzenbide paristar horrenak, nahiz, ongi ikasia eta ongi erabilia, orotarat garamatzan goi-jurisprudentzia sozial bat izan.

        — Ah! aditzen dut, erran zuen Eugènek. Restaudeko anderea hauteman nuen zure dantzaldian, harenerat joan naiz egun goizean.

        — Ederki poxelatu izan behar duzu, erran zuen irribarrez Beauséanteko andereak.

        — Oi! bai, ezjakin bat naiz eta mundu guztia neure kontra emanen dut, zeure laguntza ukatzen baldin badidazu. Badut ustea biziki zaila den Parisen emakume gazte, eder, aberats, dotore baten ediretea, lehendik ere loturik ez dagoena, eta nik bat behar dut zuek emakumeek hain ongi adierazten dakizuena erakutsiko didana: bizitza. Trailleseko jaun bat aurkituko dut denetan. Zureganat etorria naiz beraz bai enigma baten gakoaren eskatzeko, bai otoi erran diezadazun zer ertzokeri suerte egin dudan. Halako zahar bat aipatu dut...

        — Langeaiseko andere dukesa, erran zuen Jacquesek solasa eteten ziola ikasleari, zeinak gizon bortizki gaitzitu baten keinua egin baitzuen.

        — Nahi baduzu ongi heldu, erran zuen bizkondesak ahapetik, lehenik eta behin ez zaitez hain agerikoa izan.

        — Egunon, ene adiskide ona, segitu zuen bizkondesak jaiki eta dukesaren aitzinerat joanez. Haren eskuak ahizpa batengatik erakuts zezakeen samurtasun maitekorraz tinkatu zituen eta dukesak losintxarik eztienez erantzun zion.

        — Horra bi adiskide on, erran zuen bere baitan Rastignacek. Hemendik goiti bi emakume babes-emaile ukanen ditiat; bi emakume hauek maitasun berberak behar ditiztek ukan, eta bertze hau nitaz interesatuko duk inondik ere.

        — Zer pentsamendu zoriontsuri zor diot zure ikusteko loria, ene Antoinette maitea? erran zuen Beauséanteko andereak.

        — Ajuda-Pintoko jauna Rochefideko jaunarenean sartzen ikusi dudala eta bakarrik izanen zinela pentsatu dut.

        Beauséanteko andereak ez zituen ezpainak hozkatu, ez zen ahalketu, behakoak bere hartantxe iraun zuen, bekokia argiz bete bide zitzaion, dukesak zorigaiztoko hitz horiek erraten zitueino.

        — Egitekoak zenituela jaki izan banu... erantsi zuen dukesak Eugèneren alderat itzuliz.

        — Eugène de Rastignac jauna duzu bera, ene lehengusuetako bat, erran zuen bizkondesak. Baduzua Montriveau jeneralaren berririk? galdetu zuen. Ez zela gehiago inon ageri erran zidan atzo Sérisyk, egun zeurean izan duzua?

        Dukesak, hots, Montriveauko jaunak, zeinaz itsutuki amorosturik baitzegoen, bazterrerat utzi omen zuenak, bihotzean sentitu zuen galde horren punta zorrotza, eta gorritzen zela erantzun zuen: —Atzo Élyséen zegoen.

        — Zerbitzuko, erran zuen Beauséanteko andereak.

        — Clara, inolaz ere badakizu, segitu zuen dukesak gaiztakeria burrustan barreiatuz bere behakoekin, ezen bihar Ajuda-Pintoko jaunaren eta Rochefideko andereñoaren ezkon deiak argitaratzeko direla?

        Ukaldi hori bortitzegia zen, bizkondesa zurbildu eta irriz erantzun zuen: —Ergelak jostatzeko gisako hotsak dituzu horiek. Zergatik eramanen luke Ajudako jaunak Portugaleko izenik ederrenetako bat Rochefidetarrenerat? Atzo goizean egin dituzte aitonen-seme Rochefidetarrak.

        — Baina Berthek berrehun mila liberaren errentak bilduko omen ditu.

        — Ajudako jauna aberatsegia da halako kontuen ateratzeko.

        — Baina, ene adiskide maitea, Rochefideko andereñoa xarmangarria da.

        — Ah!

        — Han afaltzekoa duzu egun dena den, baldintzak hitzarturik daude. Oso harritzen nau zuk horren gauza guti jakiteak.

        — Zer lerdokeria egin duzu bada, jauna? erran zuen Beauséanteko andereak. Haur gaixo hau hain da mundurat jaurtiki berria, non fitsik ere ez baitu, ene Antoinette maitea, guk erraten dugunaz konprenitzen. Izan zaitez gisakoa harekin, bihar mintzatuko gara berriz honetaz. Bihar, ikusten duzu, dena ofiziala izanen da dudarik gabe, eta zu ofiziosa izaten ahalko zara segurantzia osoz.

        Dukesak behako mutin bat egotzi zuen Eugènerenganat, gizon bat zangoetatik bururaino bildu, zapaldu, eta hutsaren pare uzten duten horietakoa.

        — Anderea, jakin gabetarik puñal bat sartu dut Restaudeko anderearen bihotzean. Jakin gabetarik, horra ene hobena, erran zuen ikasleak zeinari bere adimenduak zerbitzu handia egin baitzion eta zeinak antz eman baitzien bi emakume horien ele amultsuen pean ezkutatu epigrama gordinei. Izan ere, denek behatzen diate, eta beldur izaten menturaz, jakinki min ematen duten jendeei, bere zauriaren sakona jakin gabe zauritzen duena ordea lerdo bat bezala, deusez baliatzen ez dakien eta denek mesprezatzen duten dorpe bat bezala, behatua den bitartean.

        — Beauséanteko andereak behako urgarri horietako bat igorri zuen ikaslearenganat, hots, arima handiek oroz bat eskerrona eta duintasuna ezartzen dakiten horietakoa. Behako hori baltsamo bat bezalakoa izan zen zeinak eztitu baitzuen hegazti harrapakariaren begi-kolpeak, dukesak haren haztatzekotz jaurtikiak, ikaslearen bihotzean egin berria zuen zauria.

        — Pentsa ezazu, erran zuen Eugènek aitzinerat joanez, Restaudeko kondearen onginahia eskuratu berria nuela; ezen, erran zuen dukesarenganat bihurturik umil eta malizios aldi berean, behar dizut erran, anderea, oraindik ikasle ezdeus bat bertzerik ez naizela, bakar-bakarrik dagoena eta behartsua oso...

        — Ez ezazu hori erran, Rastignaceko jauna. Guk emakumeek ez dugu sekula nahi inork nahi ez duena.

        — Bah! egin zuen Eugènek, hogeita bi urte baizik ez ditut, nork bere adinaren zorigaitzak behar ditu eramaten jakin. Aitorketan nago bertzalde; eta ezinezkoa da hau baino konfesategi politago batean belauniko jartzea: hemen egiten ditugu bertzean salatzen ditugun bekatuak.

        Dukesak hoztasunez hartu zuen erlijioaren kontrako hitzaldi hori, zeinaren gustu txarra gaitzetsi baitzuen bizkondesari ziotsala: —Jauna etorri berria da...

        Beauséanteko andereak irriari eman zion zabal-zabala eta bere lehengusuaz eta dukesaz egin zuen irri.

        — Etorri berria da, ene adiskide maitea, eta gustu ona erakatsiko dion errientsa baten bila dabil.

        — Andere dukesa, segitu zuen Eugènek, ez dea bada naturala xarmantzen gaituenaren sekretuen jakiten hasi nahia? (Ea, erran zuen bere kautan, segur nauk ile-apaintzaile baten gisan ari natzaiela hitz egiten).

        — Baina Restaudeko anderea Trailleseko jaunaren ikaslea da, nik uste, erran zuen dukesak.

        — Ez nekien deus horretaz, anderea, segitu zuen ikasleak. Horregatik sartu nintzen haien artean zoro bat bezala. Egia erran, aski ongi moldatua nintzen senarrarekin, han ikusten nuen neure burua emakumeek jasanik aldi bateko, noiz eta ere halako gizon bat ezagutzen nuela erratea bururatu baitzitzaidan. Gizon hori otseinen eskailera batetik ikusi berria nuen jalgitzen, bai eta kondesaren besarkatzen ere korridore baten hondarrean.

        — Nor da gizon hori? erran zuten bi emakumeek.

        — Agure zahar bat hilabetea bi louisekin ematen duena Saint-Marceau faubourgaren hondarrean, ene, ikasle gaixo honen, antzera; egiazko dohakabe bat, mundu guztiak iseka egin eta guk Goriot xaharra deitzen duguna.

        — Baina, bai umea zarela, oihu egin zuen bizkondesak, Gorioten alabetako bat duzu Restaudeko anderea.

        — Fideogile baten alaba, segitu zuen dukesak, emakume purtzil bat bere burua gozogile baten alabaren egun berean eman zuena aurkeztera. Ez zarea oroitzen, Clara? Errege irriz hasi da, eta irri-solas bat erran du latinez irisaren gainean. Jende horiek zerak zirela erran zuen. Nola zen...?

        — Ejusdem farinae, erran zuen Eugènek.

        — Horixe, erran zuen dukesak.

        — Ah! haren aita da, hasi zen berriz ikaslea nardazko jestu bat eginez.

        — Jakina baietz; gizagaixo honek bazituen bi alaba, zoro baten antzera maite zituenak, nahiz batak ala bertzeak, guti edo aski, hartaz arnegatu duten.

        — Bigarrena ez zena bada ezkondu, erran zuen bizkondesak Langeaiseko andereari behatuz, deitura alemaneko bankari batekin, delako Nucingeneko baroi batekin? Ez deritzoa bada Delphine? Ez dea bada ile-hori bat Operan alboko gela bat daukana, Bouffonsetarat ere etortzen dena, eta nabarmentzearren irri ozen-ozenak egiten dituena?

        — Dukesak irribarre egin zuen zioela: —Baina, ene adiskide maitea, miresten zaitut. Zergatik axola dizute hainbertze jende horiek? Itsutuki maitemindurik behar zen egon, Restaud zegoen bezalaxe, andereño Anastasierekin saltsetan nahasteko. Oi! gozo guti aterako du emakume horrengandik! Trailleseko jaunaren esku artean dago, haren galgarria izanen baita.

        — Beren aita ukatu diate, zioen behin eta berriz Eugènek.

        — Ongi da! bai, beren aita, aita, aita bat, segitu zuen bizkondesak, aita on bat bortz edo seina ehun mila libera eman omen dizkiena ongi ezkontzen zituela zoriontsuak izan zitezen, eta bere buruarentzat zortzi-hamar bat mila libera baizik gorde ez zituena, urtez-eta bere alabak beti bere alabak edukiko zituela, eta haien medioz bi etxe, bi familia sortuak zituela, non itsuki maite eta eztitan ukanen baitzuten. Bi urtegarrenean, suhiek miserableetan miserableena bailitzan aizkatu dute beren mundutik...

        Negar batzuk erori ziren Eugèneren begietan, hots, familiaren bihotz-hunkidura aratz eta sainduek freskatu berriaren begietan, artean ere gazte-jendearen sinesmenen xarmaren pean baitzegoen, eta bere lehen eguna baizik ez baitzuen hura Pariseko zibilizazioaren gudu-zelaietan. Egiazko bihotz-hunkidurak hain dira adierazkorrak, non lipar batez hirur pertsona horiek elkarri behatu baitzioten isiltasunean.

        — Eh! Jainkoa, erran zuen Langeaiseko andereak, bai, latza oso irudi du horrek, eta egun oro ikusten dugu bizkitartean. Ez ote da zergatiren bat horrentzat? Erradazu, ene adiskide maitea, inoiz pentsatu duzua zer den suhi bat? Suhi bat da gizon bat zeinarentzat guk, zuk edo nik, izaki ttiki maitagarri bat haziko baitugu, zeinari mila lokarriz estekaturik egonen garen, familiako loria izanen dena hamazazpi urtez, etxearen bizia dena, Lamartinek erranen lukeen bezala, eta haren izurria bilakatuko dena. Gizon horrek haur hori edekitzen digunean, aizkora bat irudi hasiko da haren amodioaz jabetzen, aingeru horren bihotzean, eta giharrean, bere familiari lotzen zuten sentimendu guztien ebakitzeagatik. Atzo, dena guretzat zen gure alaba, gu ere harentzat ginen oso-osorik; biharamunean gure etsai bilakatu da. Ez ote dugu bada tragedia hori egun oro burutzen ikusten? Hemen, erraina da mutirietan mutiriena aitaginarrebarekin, dena bere semearentzat sakrifikatu duenarentzat. Urrunago, suhi batek kanporat bidaltzen du bere amaginarreba. Galdetzen aditzen dut ea zer den egun gizartean dramatikorik; baina suhiaren drama lotsagarria da, lerdokeria handiak bihurtu diren gure ezkontzez ere hitz egin gabe. Ongi baino hobeki ohartzen naiz fideogile zahar horri agitu zaionaz. Oroitzen-edo naizenaz, Foriot hori...

        — Goriot, anderea...

        — Bai, Moriot honi bere saileko presidenta izan omen zen Iraultza denboran; gosete famatuaren berri jakin eta garai hartan hasi omen zuen bere fortuna, irinak gosta zirena baino hamar aldiz garestiago salduz. Nahi bezainbat irin ukan zuen. Ene amatxiren intendentak sekulako dirutzen truke saldu zion. Moriot hori erdibana joaten zen, dudarik gabe, jende horien guztien antzera, Osasun Publikoaren Komitearekin. Oroitzen naiz intendentak amatxiri erraten ziola guztizko segurtasunean geldi zitekeela Granvilliersen, hiritartasun-agiri hauta zirelakotz haren gariak. Bada Loriot horrek, buru-moztaileei garia saltzen zienak, grina bat baizik ez du izan. Itsuki maite omen ditu bere alabak. Zaharrena Restaudeko etxeraino hupatua du, eta txertatua bertzea Nucingeneko baroiaren baitan, erregezale-irudi egiten duen bankari aberats baten baitan. Ongi konprenitzen duzu ezen, Inperioaren pean, bi suhiei ez zaiela sobera gaitzitu agure laurogeita-hamairutar hori etxean edukitzea; Bonaparterekin ere onar zitekeen. Baina Borbondarrak itzuli direnean, gizagaixoak traba egin dio Restaudeko jaunari, eta are gehiago bankariari. Alabek, menturaz artean ere aita maite zutenek, makila bi buruetatik nahi izan dute atxiki; Goriot hori etxean bertze inor ez zutelarik hartzen omen zuten; samurtasunezko estakuruak asmatzen omen zituzten. «Aitatto, zatoz,, hobeki egonen gara, bakarrik egonen gara-eta:» etab. Ni, ene adiskide maitea, egiazko sentimenduek begiak eta adimendua dutelakoan nago: Laurogeita-hamairu dohakabe horren bihotza odol-hustu da, beraz. Alabak beraz ahalke zirela ikusi du; haiek beren senarrak maite zituzten arren, bera kaltegarria zela suhientzat. Sakrifikatu behar zuen, beraz. Sakrifikatu egin da, aita zelakotz: bere kabuz du bere burua baztertu. Bere alaben kontent ikustean, ongi jokatua zela ohartu zen. Aita eta alabak gaizkide izan dira krimen tiki honetan. Denetan ikusten dugu hori. Aita Doriot hori ez zena bada koipe-tatxa bat izanen bere alaben saloian? Hastio izanen zuen, aspertu eginen zen. Aita horri agitzen zaiona emakumerik politenari ere agi dakioke gehien maite duen gizonarekin: bere amodioaz aspertzen badu, gizona joanen da, lazokeriak eginen ditu harengandik ihes egiteko. Sentimendu guztiak dira horrelakoak. Gure bihotza altxor bat da, huts ezazue behingoan, errekan zarete. Ez diogu gehiago barkatzen sentimendu bati bere osoan agertu izana gizon bati aldean sosik ez edukitzea baino. Dena emanik zegoen aita hori. Hogei urtez, bere erraiak, bere maitasuna, aritu zen ematen; egun bakar batean eman zuen bere fortuna guztia. Zitroina ongi brentsaturik, azala karrika bazterrean utzi dute alabek.

        — Mundua doilorra da, erran zuen bizkondesak bere xalaren litsak berdinduz eta begiak altxatu gabe, zaurian kolpaturik baitzegoen Langeaiseko andereak istorio horren kontatzean tarteka-marteka harentzat erranikako hitzekin.

        — Doilorra! ez, hasi zen berriz dukesa; bere bidea urratzen du, hori da dena. Munduko petzeroa ez naizela erakusteagatik mintzo natzaizu honela. Zuk bezala pentsatzen dut, erran zuen bizkondesaren eskua tinkatuz. Mundua lupetza bat da, berma gaitezen bada gainetan egotera. Dukesa jaiki zen, Beauséanteko andereari bekokian musu eman eta erran zion: «Eder-ederra zaude orain, ene adiskide maitea. Inoiz ikusi ditudan kolorerik politenak dituzu.» Gero jalgi zen, burua doi bat makurtu ondoan lehengusuari behatzean.

        — Goriot hori sublimea da! erran zuen Eugènek gau hartan bere zilarra bihurdikatzen ikusi zuela oroitzen zelarik.

        Beauséanteko andereak ez zuen aditu, pentsakor zegoen. Isilune batzuk iragan ziren, eta ikasle dohakabea, halako harrialdura ahalkegarri bat zela kausa, ez zen ausartzen ez joatera, ez gelditzera, ez mintzatzera.

        — Mundua doilorra eta ankerra da, erran zuen azkenean bizkondesak. Zorigaitz bat gertatzen zaigun bezain laster, beti ere edireten dugu adiskide bat prest izaten dena horren erratera etorri eta, haren eskutokia miretsaratzen digula, puñal batez bihotzean zirikatzeko. Laster datoz sarkasmoak, burlatzarrak. Ah! defendatuko naiz. Zen dama handiari zegokion gisan goratu burua, eta ximista batzuk jalgi ziren haren begi urguilosetatik. —Ah! egin zuen Eugèneren ikustean, hor zaude zu!

        — Oraindik, erran zuen Eugènek urrikalgarriro.

        — Ongi da! Rastignaceko jauna, ibil ezazu mundu hau ibiltzea merezi duen bezala. Gora heldu nahi duzua? nik lagunduko zaitut. Ikertuko duzu emakumeen ustelkeriaren sakona, izartuko duzu gizonezkoen banokeria miserablearen zabaltasuna. Nahiz nik ongi irakurri dudan munduaren liburu horretan, baziren han orrialde batzuk hargatik ezagutzen ez nituenak. Oro daukat orain. Zenbatenaz hotzago kalkulatuko baituzu, hainbatenaz aitzinago joanen zara. Jo urrikalmendurik gabe, beldur izanen dizute. Ez itzazu gizonak eta emakumeak onets ezpada geldialdi bakoitzean lehertzera utziko dituzun postako zaldien antzera, zeure nahien obratzera helduko zara hala. Ikusten duzu, deus ez zara hemen izanen zutaz grinatzen ez den emakume bat ez badaukazu. Gaztea, aberatsa, dotorea behar duzu emakume hori. Baina sentimendu bat egiazkoa baldin baduzu, gorde ezazu altxor bat bezala; ez ezazu behin ere barrundatzera utz, galdua zintezke. Jadanik ez zinateke borreroa izanen, petzero bilakatuko zinateke. Inoiz inor maite baduzu, gorde ongi zeure sekretua! ez ezazu zabal harik eta ongi jakin arte bihotza nori irekitzen diozun. Oraino erne ez den amodio horren aldez aitzinetik begiratzekotan, ikas mundu honetaz mesfidatzen. Entzun iezadazu, Miguel... (izenaz larriki tronpatzen ari zen ohartu gabe.) Bada are zerbait izigarriagoa aita hura bere bi alabek, hilik nahi luketenek, zapuztea baino. Bi ahizpek beren artean duten etsaigoa, alafede. Restaudek etorkia du, emaztea adoptatua izan da, aurkeztua izan da; baina ahizpa, ahizpa aberatsa, Delphine Nucingeneko andere ederra, gizon dirudun baten emaztea, xangrinez hiltzen da; jelosiak suntsitzen du, ahizparengandik ehun lekoatarat dago; bere ahizpa ez du jadanik bere ahizpa, aita ukatzen duten bezala dute elkar ukatzen bi emakume horiek. Ororen buru, Nucingeneko andereak Saint-Lazare eta de Grenelle karriken arteko lohi guztia hurrupatuko luke ene saloian sartzeko. De Marsayek bere xederat helaraziko zuela pentsatu du, eta de Marsayen jopu bihurtu da, narda-narda egina du de Marsay. Bortz axola zaio bera De Marsayi. Aurkezten baldin badidazu, haren Benjamin izanen zara, itsuki maiteko zaitu. Maita ezazu ahal baduzu gero, balia zaitez beraz bertzenaz. Behin edo bitan ikusiko dut, besta handi batean, oste handi bat dagoenean; baina sekula ez dut goizean errezibituko. Diosala eginen diot, aski izanen da hori. Goriot zaharraren izena erran duzulakotz hertsi diozu zeure buruari kondesaren atea. Bai, ene adiskide maitea, hogei aldiz joan zintezke Restaudeko anderearenerat, hogei aldiz ediren zenezake kanpoan. Agindu hori eman dute zu joaten zareneko. Ongi da! Goriot zaharrak eraman zaitzala Nucingeneko andere Delphineren ondorat. Zeure bereizgarria izanen duzu Nucingeneko andere ederra. Izan zaitez hark gailentzen duen gizona, zoratzeraino maiteko zaituzte emakumeek. Haren etsaiek, haren adiskideek, haren adiskiderik hoberenek, nahiko zaituzte hari kendu. Badira emakumeak bertze emakume batek hautatu duen gizona maite dutenak, hala nola badiren ere burges dohakabeak, gure kapelak hartuz, gure moldeen eskuratzea ere espero dutenak. Arrakasta ukanen duzu. Parisen, arrakasta da oro, boterearen gakoa da. Emakumeek adimendua, talentua, atzematen baldin badizute, gizonek sinetsiko dute, ustel atera ezean behintzat. Dena nahi ukaiten ahalko duzu orduan, oina denetan izanen duzu. Mundua zer den jakinen duzu orduan, petzero eta filusen biltzarra. Ez zaitez ez batzuen eta ez bertzeen artean egon. Arianeren hari bat bailitzan ematen dizut neure izena labirinto honetan sartzeko. Ez ezazu arriskuan sar, erran zuen lepoa makotuz eta erreginaren behako bat jaurtikiz ikasleari: itzul iezadazu garbi. Zoaz, utz nazazu. Guk, emakumeek ere baditugu ekin beharreko geure guduak.

        — Borondate oneko gizon bat behar bazenu metxa bati su emateko? erran zuen Eugènek eteten ziola.

        — Eta? erran zuen bizkondesak.

        Eugènek bere bihotza jo zuen, lehengusinaren irriñoari irriño egin, eta jalgi zen. Bortzak ziren, Eugène goseak zegoen, izitu zen ez ote zen afal orduko tenorez helduko. Beldur horrek Parisen barna berehala eramana izanaren zoriona sentiarazi zion. Itsu-itsuko hutsa zen gozamen horrek, oso-osorik utzi zuen erasaten zioten pentsamenduen mende. Haren adineko mutil gazte bat erdeinuak jotzen duelarik, haserretzen da, errabiatzen da, ukabilaz mehatxatzen du gizarte osoa, mendeku hartu nahi du eta bere buruaz ere egiten du duda. Rastignac, une hartan, hitz hauek zapaldurik zegoen: Kondesaren atea hertsi diozu zeure buruari. —Joanen nauk harat! erran zuen bere baitan, eta Beauséanteko andereak arrazoi badu, ez baldin banaute sartzera uzten... zera... bera joaten den saloi guzti-guztietan aurkituko naik Restaudeko andererak. Armen erabiltzen ikasiko diat, pistolaz tiratzen, bere Maxime akatuko zioat! —Eta dirua! oihukatzen zion kontzientziak, nondik aterako duk dirua? Bat-batean, begien aitzinean dirdir agertu zitzaion Restaudeko kondesarenean pilatu aberastasun guztia. Ikusia zuen han andereño Goriot batek maitemindua behar zuen luxua, urreztadurak, prezioa agerian zuten apaingarriak, aberastu berriaren apainkeria burugabea, emakume mantenduaren zarrastelkeria. Irudi liluragarri hori supituki izan zen Beauséanteneko etxe handi-aberatsak zapaldua. Bere irudimenak, Pariseko gizartearen goi-eremuetarat eramanak, mila burutazio gaizto ernarazi zizkion bihotzean, burua eta kontzientzia luzatzen zizkiola. Den bezalako ikusi zuen mundua: lege eta moral ezinduak aberatsengan, eta ultima ratio mundi ikusi zuen fortunan. «Vautrinek arrazoi dik, fortuna duk bertutea» erran zuen bere baitan.

        Sainte-Geneviève berria karrikarat heldurik, bere gelarat zalu igan, berriz jaitsi karrozainari hamar libera emateko, eta hango jangela okaztagarri hartarat joan zen non, abere batzuk ganbela batean nola, halaxe ikusi baitzituen hamazortzi mahaikideak tripa-zorroaren betetzen. Miseria horien ikustea eta sala horrek zuen itxura lazgarriak begitandu zitzaizkion. Aldakuntza bortitzegia zen, kontrastasuna osoegia, handinahiaren sentimenduak haren baitan bertze neurririk ez garatzeko. Alde batetik, izaera sozial sotilenaren irudi fresko eta xarmangarriak, irudi gazteak, biziak, artearen eta luxuaren mirarien markoan emanak, buru suhar poesiaz beteak; bertzetik, lohiez inguratu taula ilunak, eta aurpegi batzuk zeinetan grinek kordak eta zirrikak bertzerik utzi ez baitzuten. Emakume bazter utzi baten kolerak Beauséanteko andereari aterarazi zizkion erakaspenak, haren eskaintza maltzurrak, gogorat etorri eta miseriak eman zituen aditzera. Rastignacek pareko bi lubaki egitea erabaki zuen fortunarat heltzeko, zientzia eta amodioa oinarri hartzea, doktore jakintsun eta modako gizon izatea. Umegorri hutsa zen artean ere! Bi marra horiek behin ere ezin elkar daitezkeen asintotak dira.

        — Goibel-goibela zaude, jaun markesa, erran Zion Vautrinek, gizon honek bihotzaren sekreturik gordeenen argitzeko erabiltzen bide zituen behako horietako bat jaurtikitzen ziola.

        — Ez nago gertu jaun markesa deitzen nautenen adar-jotze gehiagoren jasateko, ihardetsi zuen Eugènek. Hemen, egiatan markesa izateko, ehun mila liberako errenta eduki beharra da, eta Maison-Vauqueren bizi garelarik ez gara Fortunaren kuttunak preseski.

        Vautrinek halako aita itxuraz eta mesprezuz behatu zion Rastignaci, erran balu bezala: «Haur xixtrina! mokadu batentzako aski ere ez niake hirekin!» Gero ihardetsi zuen: —Umore txarrez zaude, beharbada arrakastarik izan ez duzulakotz Restaudeko kondesa ederrarekin.

        — Atea hertsi dit aitak gure mahaian jaten duela erran diodalakotz, oihu egin zuen Rastignacek.

        Mahaikide guztiek elkarri so egin zioten. Goriot zaharrak begiak apaldu eta gibelerat itzuli zen haien txukatzeko.

        — Tabakoa begirat bota didazu, erran Zion bere aldamenekoari.

        — Goriot zaharra iraintzen duenak eni ere erasanen dit hemendik goiti, ihardetsi zuen Eugènek fideogile ohiaren aldamenekoari so; gu guztiak baino hobea duk. Ez naiz damez ari, erran zuen andereño Tailleferenganat itzuliz.

        Hitz horiek halako atarramendu-suerte bat izan ziren, Eugènek mahaikideak isilarazi zituen, halakoxe aurpegiaz erran baitzituen. Vautrinek bakarrik ihardetsi zion adarra jo nahiz: —Goriot zaharra zeure gomendio hartzeko, eta haren editore arduradun gisa jartzeko, ezpata bati ongi heldu eta pistolaz ongi tiratzen jakin beharra da.

        — Halaxet eginen dut, erran zuen Eugènek.

        — Guduari lotua zarea bada egun?

        — Badaiteke, ihardetsi zuen Rastignacek. Baina nik ez dut zertan inori eman neure aferen berri, ni ez bainaiz entseatzen bertzek gauez zer egiten duen jakitera.

        Vautrinek zeiharka so egin zion Rastignaci.

        — Mutikoa, txotxongiloen petzeroa izan nahi ez dugunean, behar da osoki sartu haien etxolan, eta ez kontentatu estalkiko zuloetatik behatzearekin. Aski da eleketarik, erantsi zuen Eugène sumintzear ikusiz. Solasaldi ttiki bat izanen dugu nahi duzunean.

        Afaria goibel eta hotz bilakatu zen. Goriot zaharra, ikaslearen erranak eragin zion min sakonak beregaindurik, ez zen ohartu ez harenganako aldarteak aldatuak direla, ez eta haren jazarleen isilarazteko gauza zen mutil gazte batek babestu behar zuela ere.

        — Beraz, Goriot jauna, erran zuen andere Vauquerek ahapetik, kondesa baten aita litzatekea orain?

        — Eta baronesa batena, ihardetsi zion Rastignacek.

        — Hori bertzerik ezin dik egin, erran zion Bianchonek Rastignaci, burua haztatu zioat, konkor bat bakarrik zeukak, aitatasunarena, Aita betiereko bat izanen duk.

        Eugène seriosegi zegoen Bianchonen arraileriak irri eragin ziezaion. Beauséanteko anderearen kontseiluak nahi zituen baliarazi, eta bere baitan galdetzen zuen non eta nola eskuratuko zuen dirua. Arranguraz bete zen munduko belazeen ikustearekin zeinak haren begien aitzinean aldi berean hutsik eta beterik hedatzen baitziren; bakarrik utzi zuten denek jangelan, afaria bukatu zutenean.

        — Ene alaba ikusi duzua, beraz? erran zion Goriotek ahots hunkituaz.

        Gizagaixoak bere gogoetalditik iratzarririk, Eugènek eskua hartu zion, eta bihotza hunkiturik baileukan erran: —Gizon on eta duina zara, erantzun zuen. Gero mintzatuko gara zure alabez. Goriot zaharrari entzun nahi izan gabe altxatu zen, eta bere ganbararat erretiratu, non honako gutun hau izkiriatu baitzion bere amari:

 

        «Ene ama maitea, ikus ezazu ez ote duzun hirugarren bular bat enetzat irekitzekoa. Fortuna laster egiteko gisako egoeran nauzu. Mila eta berrehun libera behar ditut, eta baitezpadan behar ditut. Ez iezaiozu aitari deusik erran ene eskariaz, horren kontra ager liteke menturaz, eta diru hori eskuratuko ez banu, neure buruaz bertze egitera eramanen nindukeen etsi handi batek ninduke harrapatuko. Ikusten zaitudan bezain laster adieraziko dizkizut neure arrazoiak, ezen liburuak eta liburuak behar nizkizuke izkiriatu nagoen kinkaren konpreniarazteko. Ez dut jokatu, ama, ez dut deus zor; baina zinez axola badizu eman didazun bizitzaren kontserbatzeak, kopuru hori behar didazue aurkitu. Tira, Beauséanteko bizkondesarenerat joaten naiz, zeinak bere babespean hartu bainau. Mundurat joan beharra naiz, eta sosik ez daukat eskularru garbi batzuen ere ukaiteko. Jakinen dut ogia baizik ez jaten, ura baizik ez edaten, beharrezkoa bada barurtuko naiz; baina ezin egon naiteke herri honetan mahastiaren aitzurtzeko erabiltzen diren lanabesak gabe. Gauza da enetzat, edo neure bidearen urratzea edo lohian gelditzea. Badakit ene baitan ezarri dituzuen esperantza guztien berri, eta laster nahi ditut bete. Ama, sal itzazu zeure harribitxi zahar zenbaitzuk, berriak ekarriko dizkizut berehala. Aski ongi ezagutzen dut gure familiaren kinka larria halako sakrifizioak aintzat hartzen jakiteko, eta, sinets ezazu, ez dizut halakoen alferrik egiteko eskatzen, munstro bat nintzateke bertzenaz. Premia gorri baten aldarria baizik ez ezazu ene erreguan ikus. Gure etorkizuna laguntza horri dago guztiz, zeinarekin guduari lotu beharrean bainaiz; ezen Pariseko bizitza hau betiereko guduka da. Baldin eta, diru-kopuruaren osatzeko, ene izebaren denteilen saltzea bertze biderik ez bada, errozu ederragoak igorriko dizkiodala.» Etab.

 

        Arreba bakoitzari izkiriatu zion beren ekonomien eskatzeko, eta, ekonomia horien atera ahal izatekotz hargatik familiartean mintzatu gabe inondik ere harentzat atseginez eginen zuten sakrifizioaz, haien urguritasuna ernarazi zuen ohorearen lokarriei, bihotz gazteetan hari ongi tinkatuak diren eta hain hots ozena ateratzen dutenei, erasanez. Gutun horiek izkiriatu zituelarik, gogoz bertzeko dardarizoa sentitu zuen hala ere: dardaraz zegoen, ikara latzean. Gazte handinahi honek bakartasunean ehortzi arima horien zintzotasun orbangabea ezagutzen zuen, bazekien zer nolako penak eraginen lizkiekeen bere bi arrebei, bai eta zein izanen liratekeen haien alegrantziak ere; zer atseginarekin mintzatuko liratekeen isilpean bihotzeko anaia bihotzeko horretaz, olesiaren hondarrean. Kontzientzia argiz beterik zutitu zitzaion, eta beren altxor tikia isilpean kontatzen bistaratu zizkion: han ikusi zituen, neskatxa gazteen jeinu maliziosaren hedatzen diru horren hari incognitoz igortzekotz, beren lehen gezurraren asmatzen sublimeak izateko. «Arreba baten bihotza garbitasunezko diamant bat duk, samurtasunezko leize bat!» erran zuen bere baitan. Ahalke zen izkiriatu izanaz. Zein indartsuak liratekeen haien desirak, zein garbia haien arimen bulta zeruari buruz! Zer boluptuositateaz ez liratekeen sakrifikatuko! Zer minak joko lukeen ama, kopuru guztia ezin igor bazezakeen! Sentimendu handi horiek, bizio izigarri horiek, eskailera-mailatzat erabiliko lituzke Nucingeneko Delphinerenganat heltzeko. Negar batzuk, familiaren aldare sakraturat jaurtiki azken intsentsu-bihiak, ilki zitzaizkion begietatik. Harat-honat ibili zen etsipenezko durduzaduraz. Goriot zaharra, ikaslea horrela ikusirik erdi irekia gelditu zen bere atetik, sartu zen eta erran zion: —Zer duzu, jauna!

        — Ah! ene auzo ona, zu aita bezala, semea eta anaia naiz ni oraindik. Baduzu arrazoia kondesa Anastasiegatik ikaratzeko; Maxime de Trailles delako jaun batena ei da, haren galgarria izanen baita.

        Goriot zaharra urrundu zen zenbait hitz murduskatuz, Eugènek endelegatu ez zituenak. Biharamunean, Rastignac postarat joan zen bere gutunen igortzera. Ezbaian egon zen azken unera arte, baina kutxarat jaurtiki zituen erranez: «Triunfatuko diat!» Jokalariaren hitzak, Kapitain haundiarenak, salbatzen dituen baino gizon gehiago galtzen dituen hitz fatalista bera. Zenbait egun geroago, Eugène Restaudeko anderearenerat joan zen eta ez zen errezibitua izan. Hirur aldiz itzuli zen harat, hirur aldiz ediren zuen atea hertsirik, nahiz Maxime de Trailles kondea han ez zegoen orduetan baizik ez zen harat agertzen. Bizkondesak arrazoi zuen. Ikasleak ez zuen gehiago ikasi. Deiari erantzuteko joaten zen eskoletarat, eta behin bere presentzia egiaztaturik, bazterrak husten zituen. Ikaslerik gehienek egiten duten arrazonamendua egin zuen bere kautan. Ikasketak bere etsaminak egin behartuko zitzaizkioneko zituen uzten; erabakia hartua zuen bai bigarren eta hirugarren urteetako inskripzio guztiak batean egitekoa, bai gero, behingoan eta azken unean, Zuzenbidea serioski ikastekoa ere. Bazuen, beraz, hamabortz hilabeteko astia Pariseko itsasandian nabigatzeko, han emakume ezagutzen ibili edo eta fortunaren harrapatzeko. Aste horretan bi aldiz ikusi zuen Beauséanteko anderea, zeinarenerat Ajudako markesaren kotxea jalgitzen zenean baizik joaten ez baitzen. Zenbait egunez, emakume aipatu hori, Saint-Germain faubourgeko irudirik poetikoena, garaile egon zen, eta Rochefideko andereñoaren eta Ajuda-Pintoko markesaren ezkontza etenarazi zuen. Baina azken egun horiek, bere zorionaren galtzeko beldurrak denetan erregarrienak egin zituenek, hondamendia bultzarazi behar zuten. Ajudako markesak, Rochefidetarrekin elkar adituz, zorioneko zirkunstantziatzat hartu zuen samurgo eta baketze hori: igurikitzen zuten ezen Beauséanteko anderea ezkontza horren ideiarat jarri eta, azkenean, edozein gizonentzat aitzin-ikusi etorkizun bati sakrifikatuko lizkiokeela bere goizak. Egun oro berritu agintzarik sainduenengatik ere, Ajudako jaunak komedia bat jokatzen ziharduen beraz, bizkondesak laket zuen engainatua izatea. «Handikiro leihotik jauzi egin beharrean, eskaileretan anbilkatzera uzten zuen bere burua», erraten zuen Langeaiseko dukesak, haren adiskiderik hoberenak. Hala ere, hondar argi horiek behar bezain luzaz distiratu zuten bizkondesa Parisen geldi eta bere ahaide gaztea zerbitza zezan, zeinari halako maitasun superstiziosa baitzion. Eugène arduraz eta sentiberatasunez betea agertu zitzaion emakumeek ez urrikalmendurik, ez egiazko kontsolamendurik, inongo behakotan ikusten duten zirkunstantzia batean. Gizon batek hitz eztiak erraten badizkie orduan, espekulazioz erraten dizkie.

        Nucingeneko etxeari esestera entseatu aitzin bere borrokatokia ongi baino hobeki ezagutu nahiz, Rastignacek Goriot zaharraren lehenagoko bizitzaren barrunbeak nahi izan zituen jakin, eta egiazko argitasun batzuk bildu zituen, honela labur daitezkeenak:

        Jean-Joachim Goriot, Iraultza baino lehen, soldatapeko fideogile soil bat omen zen, abila, zuhurra, eta nagusiaren, halabeharrak 1789ko lehen altxamenduaren biktima bilakatu zuenaren, fondoen erosteko behar bezain ausarta izan zena. De la Josienne karrikan kokatu zen, Garien Merkatutik hurbil, eta bere saileko presidentziaren onartzeko zentzu ona izan zuen, bere tratuetan sasoi arriskugarri haietako pertsonaiarik ahaltsuenek geriza eman ziezaioten amoreagatik. Zuhurtzia hori izan zen haren fortunaren sorburua. Fortuna hori gosetean, gezurrezko zein egiazkoan, hasi zuen, haren ondorioz bihiek alimaleko prezioak harrapatu baitzituzten Parisen. Herriak elkar hiltzen zuen okindegietako ateetan, baten batzuk kalapitarik gabe jaki-dendetarat joaten zireino Italiako pasten erostera. Urte hartan, Goriot hiritarrak bere kapitalak bildu zituen, hots, dirutza handi batek bere jabeari ematen dion gailentasun guztiaz, gerora bere salerospenen egiteko erabili zituenak. Nolabaiteko gaitasuna baizik ez duten gizon guztiei gertatzen zaiena gertatu zitzaion. Bere mediokritateak zuen salbatu. Bertzalde, nola haren fortuna ez baitzen ezagutua izan harik eta aberats izatea arriskutsua izan ez zen arte, ez zuen inoren bekaizgorik piztu. Bihien tratuak adimendu guztia hurrupatu ziola irudi zuen. Izan zedin gari, irin edo bihi, haien ezaugarri eta etorkiak hauteman, haien kontserbazioaz ardura, prezioen aitzinetik jakin, uzten joritasun zein eskasia aitzinetik igar, laboreen merke eskura, Sizilian ala Ukrainian horni, Goriotek ez zuen horretan guztian parerik. Ikusiz geroz bere aferen kudeatzen, bihien esportazio eta inportazioaren gaineko legeen adierazten, haien jitearen aztertzen, akatsei antz ematen, gizon batek Estatuko ministro izateko gai jujatuko zuen. Pazientziadun, langile, iraunkor, zalu bere espedizioetan, arranoaren begi-ukaldia zuen, dena aitzintzen zuen, dena aitzinetik ikusten, dena jakiten, dena gordetzen; diplomata asmatzeko, soldadu ibiltzeko. Bere alorretik jalgia, bere botiga xume eta ilunetik zeinaren atalasean egoten baitzen alfer orduetan, bizkarra atearen habean pausaturik, lehengo langile ergel eta zakar hura bihurtzen zen berriz, arrazonamendu baten konprenitzeko gauza ez zen gizona, gogoaren gozamen guztiekiko soraioa, ikuskizunetan lo hartzen zuena, Dolivan paristar horietako bat, astakerietan soilik azkarrak. Izaera horiek, elkarren antza izaten dute kasik denek. Abantzu denetan, sentimendu sublime bat ediren zinirote bihotzean. Bi sentimenduk soilik bete zuten fideogilearen bihotza, eta bere zukua hurrupatu, bihien tratuak burmuinaren adimendu guztia hurrupatzen zion bezalaxe. Emazteak, la Brie-ko nekazari aberats baten alabak, halako mirespen erlijiosa, halako amodio mugagabea bildu zuen harengandik. Izaera bat erkin eta indartsua, sentibera eta polita, bereaz arras bertzelakoa, miretsi zuen Goriotek harengan. Baldin eta gizonaren bihotzean sentimendu bat berezkoa bada, ez dea hura beti ere izaki indarge baten fagore ematen dugun babesaren harrotasuna? gehi horrat amodioa, arima tolesgabe guztiek beren atseginen hastapenarentzat duten ezagutza bizi hori, eta bitxitasun moral andana bat endelegatuko dituzue. Zazpi urtez lanbrorik gabeko lorian bizi izan ondoan, Goriotek, bere zorigaitzez, emaztea galdu zuen: gizonari nagusitzen hasia zen, sentimenduen esparrutik landarat. Badaiteke izaera ilaun hori landu zukeen, badaiteke han munduaren eta bizitzaren gauzen adimendua erein zukeen. Egoera horretan, zentzugabekeriaraino garatu zen Goriotengan aitatasunaren sentimendua. Heriotzak ihartu bere maitabeharrak bi alabenganat zuzendu zituen, zeinek lehenbizian osoki satisfatu baitzizkioten bere sentimendu guztiak. Nahi bezain hautak izanik ere alabak hari emateko irrikatzen zeuden afera-gizonek edo nekazariek eginikako proposamenak, alargun nahi izan zuen iraun. Aitaginarrebak, gizon bakarra zeinarentzako jaidurarik izan baitzuen, ba omen zekien, berak zioenaz, Goriot bere emaztearekiko infidel ez izatea, ezta hil ondoan ere, zin egina zela. La Halle-ko jendeek, eromen sublime horren endelegatzeko ezgauza, horretaz trufatu eta izengoiti irrigarri zenbait ezarri zioten. Jende horietatik, merkatu bateko arnoa edaten ari, izengoiti horren erratera lehenbiziko ausartu zenak, ukabilkada bat hartu zuen bizkarrean fideogileagandik, burua aitzinetik Oblin karrikako zedarri baterat bidali zuena bera. Goriotek alabentzat erakusten zuen ardura burugabea, amodio irudikor eta minbera, hain zen ezaguna, non egun batean bere lehiakideetako batek, prezioen jabe egoteko merkatutik alderagin nahi ziola, Delphine cabriolet batek kolpatu zuela erran baitzion. Fideogileak, zurbil eta hits, istantean alde egin zuen la Halletik. Ea egon zen zenbait egunez gezurrezko asaldura horrek eraginikako sentimendu kontrakarren erreakzioaren ondorioz. Gizon horren bizkarrean bere ukaldi latza eman ez bazuen ere, la Halletik aizkatu zuen, zirkunstantzia larri batean krak egitera bortxatzen zuelarik. Bistan denaz, bi alaben hezkuntza zentzugabea izan zen. Hirurogeita mila libera baino gehiagoko errentaren jabe, eta beretzat mila eta berrehun libera ere ez xahutuz, bere alaben gurarien asebetetzeak egiten zuen Gorioten zoriona; maisurik hoberenen esku utzi zuen hezkuntza on bat ezagutarazten duten talentuen ematea; andereño konpainiako bat ukan zuten; zorionez haientzat, berori adimentsua eta gustuko emakumea izan zen; zaldiz ibiltzen ziren, bazuten kotxea, jaun zahar aberats baten amoranteak biziko ziren bezala ziren bizi; aski zuten gutiziarik garestienen adieraztea beren aita haien betetzera lehiatzen ikusteko; hark fereka bat baizik ez zuen eskatzen bere oparien truke. Goriotek aingeruen herronkan ematen zituen bere alabak, eta bere gainean baitezpadan. Gizagaixoa! Egiten zioten mina ere zuen maite. Alabak ezkon-adinean izan zirenean, senarrak beren gustuen arabera hautatu ahal izan zituzten: bakoitzak aitaren ondasunen erdia behar zuen ukan. Bere edertasunagatik Restaudeko kondeak gorteiatua, Anastasiek bazituen jaidura aristokratikoak zeinek aitaren etxearen kitatzera eraman baitzuten gizartearen garaiko mailetarat jauzi egiteko. Delphinek dirua maite zuen: Nucingenekin esposatu zen, Saint-Empireko baroi bilakatu zen aleman etorkiko bankari batekin. Goriotek fideogile iraun zuen. Alaba eta suhiak berehala ziren muturtu artean ere tratu horietan segitzen zuela ikustearekin, hori bere bizitza guztia zuen arren. Bortz urtez haien hertsadurak pairatu ondoan, erretiratzea onartu zuen bere fondoen emariekin, eta hondar urte haietako mozkinekin; kapital horrek, andere Vauqueren kontuen arabera, harenerat bizitzera etorria baitzen, zortzi-hamar bat mila liberako errenta ekartzen omen zuen. Etsipenak hartaraturik egotzi zuen bere burua pentsio hartarat, ikusi zituelarik bere alabak, senarrek behartuak, ez soilki bera etxean ez hartzera, baina baita agerian ez errezibitzera ere.

        Xehetasun horiek ziren Muret izeneko jaun batek Goriot zaharrari buruz, zeinaren fondoak erosi baitzituen, zekien guztia. Baieztatuak zeuden, hortaz, Rastignacek Langeaiseko dukesari egiten aditu zizkion irudipenak. Hemen bururatzen da tragedia paristar Hun, baina lazgarri honen agerpena.

 

 

 

© Honoré de Balzac

© itzulpenarena: Pedro Diez de Ulzurrun

 

 

"Honoré de Balzac / Goriot Zaharra" orrialde nagusia