AITZIN-SOLASA

 

        Honoré de Balzac frantses idazlea Toursen jaio zen 1799.ean eta Parisen zendu 1850.ean. Familiari jarraiki hamalau urterekin Pariserat joan zen, non abokatu batekin eta notario batekin aritu baitzen lanean, aitak notario izan zedila nahi zuelakotz. Hogei urte zituela familiarekin ados jarririk, bi urteko epea hartu zuen bere idazle bokazioaren frogatzeko. Hastapenean ez zuen arrakastarik erdietsi. Alabaina, 1822an Berny-ko anderearekin harremanetan jarririk, honek aristokraziaren mundua ezagutarazi zion eta diru laguntza eskaini. Zenbait lan eta aferatan arizan eta amodio ugari ukan ondoan, literaturari lotu zen buru-belarri. 1829an haren izenez sinatu lehen obrak eman zituzten argitara, zeinek izen handia eman baitzioten: La physiologie du mariage entseiuak eta Le Dernier Chouan eleberria. Eleberriak etengabe idazten zituen: La peau de chagrin (1831), Le curé de Tours (1832), Eugenie Grandet (1833).

        Le Père Goriot eleberrian berrikuntza bat sartu zuen gerora fama eta arrakasta handia ekarriko ziona, hau da, eleberri bateko pertsonaiak bertze eleberrietan ere behin eta berriz agerraraztekoa; horrela jokatuz gizarte eta mundu bat osorik sortu zituen.

        Denetara laurogeita hamabortz eleberri idatzi zituen, La Comédie Humaine titulupean bilduak. Horrez gainera, hogeita hamar ipuin (Les Contes drolatiques) eta bortz teatrolan izkiriatu zituen. Azpimarratzekoak dira berebat haren gutunak, bereziki Eveline Hanskarekin, 1850ean bere emazte bihurtuko zuenarekin, izan zuen gutun truke luze bezain interesgarria, «Lur» euskal entziklopediak dioen legez.

        Derragun, hortaz, Balzac egungo eguneko eleberriaren aitzindari dela eta XIX. mende osoan izan zela nagusi. Lehen saioa da, era berean, literaturak egina gaur eguneko bizitzaren heinean jartzekoa. Zentzu honetan haren pertsonaiak, haren deskribapenak, kontatzen duena, garaiaren isla dira. Balzacen mundua gizakiari eta gizarte modernoari erasaten dioten paradoxa eta kontraerranen irudi argia da, antzinako egiturak krak eginik zeuden garai batean.

        Le Père Gorioterat itzuliz, erran behar dugu euskaraz Goriot zaharra eman dugula ustez-eta hauxe dela Père frantses hitzaren erranahia hobekienik adierazten duen euskal ordaina, hots, gizonezko heldu eta hein apaleko bat edo eta etorkortasunez begiratzen dioguna.

        Gauzak horrela, Goriot Zaharra da, dudarik gabe, Balzacen irakurri beharreko lehen obra Felicien Marceau frantses akademikoaren aburuz: Ez daitezela hargatik kezka Balzac bertze nonbaitetik irakurtzen hasi direnak; Balzacekin beti egiten dugu topo. Le Père Goriotekin, hasi bezain laster, Balzacen unibertsoaren bihotzaren erdian gertatuko gara, buruz buru eginik haren pertsonaia funtsezko eta nagusiekin, haren hitz-gaiekin, haren arrengura eta begiko fitsekin, haren ibilgoarekin. Goriot eleberria guztiz desberdina dugu Eugénie Grandetekin konparaturik; hau eleberri hertsia da, itogarria eta abantzu dena etxe bakar baten barruan agitzen dena. Goriot aldiz irekia da, bidegurutze antzekoa, non orotarik bertze bide batzuk zabaltzen baitira. Bide hauta, beraz, Balzacen lan eta munduan sartzeko. Bertzalde, hastapenetik beretik, argiro ageri zaigu hemen zer moldez erabiliko duen Balzacek lehen aipatu dugun pertsonaien itzulera hori. Izanez ere, Balzacek kokatu dituen ingurumarietan, jendarte berean, sasoi berean, ezinbertzekoa da haiekin berriz topo egitea. Balzacen xedea erakusten digu horrek, ez dena irakurtzaileari eleberri-sail huts bat ematea, baina lehenik eta behin bere mundu-ikuskera ematea, alegia mundu horren sortzea, edo eta birsortzea.

        Pertsonaietatik gaietarat iraganez geroz, bidegurutze bera, bilduma bera aurkituko dugu. Botere, gizarte, diru, gora-heldu nahia, La Comédie Humaineko ardatz nagusi berberekin eginen dugu topo.

        Azpimarratu beharrekoak ditugu, errealitate beraren bi aurpegi izaki, Vauquer anderearen pentsio hitsa eta Beauséanteko anderearen saloi ederra, Le Père Gorioteko pertsonaia nagusiek beren grina gaiztoak, beren amodio, gorroto, miseria eta handitasunak erakutsiko dizkiguten bi jokaleku nagusiak.

        Goriot Zaharra eleberrian Pariseko, eta beraz mundu guztiko on-gaitzak ageri zaizkigu inolako estalgarririk gabe, mundua bera bere gordinean errejimen zaharraren eta kapitalismo berriaren arteko demaren erdian: Le père Goriot edo aitatasuna grina gisa adierazia; Eugène de Rastignac edo mutil gazte hiri handirat heldu berriaren handinahia; Vautrin edo gizartearekiko etsaigo ageria eta haren etengabe zirikatu eta astindu beharra, uzkaili eta iraultzeraino iritsi gabe, hargatik; alabak (Delphine de Nucingen eta Anastasie de Restaud) edo hutsalkeria eta ezkon-bizitzaren miseriak eta adulterio etengabeak. Hauek eta bertze hamaika (Beauséanteko bizkondesa, Victorine Taillefer, andere Vauquer, Poiret, andere Couture, andereño Michonneau eta) dira Gorioten zorigaitzak kontatzen dizkigun eleberri kontaera aldetik eder, baina kontagaiaz denaz bezainbatean latz honetan, egungo gure munduaren beraren adierazgarri, topatuko ditugun pertsonaia nagusiak.

        Aitzin-solas hau bukatu aitzin, bi hitz esker oneko liburu honen itzultzen lagundu nautenei. Ezagutza berezi bat Jose Antonio Sarasola lankideari nik egin itzulpenari egindako zuzenketa baliosengatik.

 

 

 

© Pedro Diez de Ulzurrun

 

 

"Honoré de Balzac / Goriot Zaharra" orrialde nagusia