HITZAURREA

 

        James Baldwin New Yorkeko Harlem auzoan jaio zen 1924ko abuztuaren 2an. Bederatzi anai-arrebaren artean zaharrena, pobrezian hazi zen Harlem auzo beltzean. Institutuko aldizkarian hasi zen idazten, eta eskola-orduetatik kanpo predikatzaile gisa ibili zen bertako eliza txiki batean. Garai hartako oroipenez baliatuko zen, besteak beste, Go Tell It on the Mountain (1953) eleberri erdi-autobiografiko honetako materiala hornitzerakoan.

        Institutu-ikasketak amaitzean Elizatik zein guettotik urrundu eta Greenwich Village auzo bohemioan finkatu zen. Bertan gaizki ordaindutako lanetan jardun zuen, eta Richard Wright idazle beltzaren laguntzaz eleberriak idazteari eta literatur kritika egiteari ekin zion. Baina, arrazakeria zela eta, Estatu Batuetan idaztea jasanezina egiten zitzaion eta Parisera abiatu zen 1948an. Han, pobrezia handian, idazten jarraitu zuen. Bertan amaitu zuen 10 urte lehenago hasitako Go Tell It on the Mountain hau; eta Giovanni's Room (1956) eta Notes of a Native Son (1955) idatzi ondoren, 1957an Estatu Batuetara itzuli zen.

        Estatu Batuak kolpatu zituen eskubide zibilen aldeko borrokan buru-belarri murgildu zen, arraza beltzaren errebindikazioak lau haizeetara aldarrikatuz. Garai hartakoak dira Nobody Knows My Name (1961) saiakera eta Another Country (1962) eleberria. Ondoren musulman beltzen eta are Pantera Beltzen posizioetara ere labaindu zen, nahiz eta nazionalista beltzek erabat onartu ez zuten, haien ustetan bigunegia zelako. Frantziako hegoaldearen eta New Yorken artean jauzika biziz, 1987an hil arte jarraitu zuen idazten.

        James Baldwinek saiakera, eleberria eta antzerkia landu zituen, eta guztietan grina handiz aztertu zuen arrazaren gaia egungo Iparramerikan, inork «eleberrigile eta panfleto-idazle» deitu izan diolarik. Bere literaturan behin eta berriz agertzen dira zenbait gai: Iparramerika modernoaren bihotzean gertaturiko ilusio eta itxaropenen galera, bertako historia era objektiboz aztertu beharrean mito zaharminduen gainean eraiki izana, arrazakeria... Esan liteke James Baldwin denbora luzean izan zela eskubide zibilen aldeko mugimenduaren profeta, bere arrazakideen frustrazioak eta zurien arraza-aurreiritziak aztertuz, eta bere herriaren kontzientzia moralari dei eginez, baina aldi berean iraultzaz mehatxatuz.

        «Zoaz mendira aldarrikatzera» honetan modu gordinez deskribatzen du beltzen bizimodua bere haurtzaroaren garaian. Erakusten digu orobat beltzak zapalkuntzari aurre egiteko erlijioan nola babesten diren (beltzak, israeldarren modura, lurralde aginduaren bila abiatzen dira). Iparrerako bidaia da eleberri honen beste ardatza, denboran zehar prozesu bera gertatzen delarik: itxaropena lehenik, ondoren Iparreko hiri handietako errealitate etsigarria, beltzen aurkako indarkeria, mesprezua...

        Liburuaren mamia gogorra da, beraz, baina Baldwinen beraren hitzetan, «nahitaez idatzi behar nuen "Zoaz mendira aldarrikatzera", inoiz beste ezer idatziko banuen. Min gehien egiten zidanarekin kontuak garbitu behar nituen. Aitarekin kontuak garbitu behar nituen».

        Johnny gaztearen konbertsioa deskribatzen zaigu bertan, bi elementuk eragina: bata, Gabriel aitaorde predikatzailearenganako gorrotoa, bestea pubertate garaiko zalantza eta arazo sexualak. Johnnyrentzat segurtasuna eta Jainkoa kontzeptu bera dira, inguruko mundua gizaki zuriaren aginte eta indarkeriak markatuta dagoelako; baina alde batera utzi beharko ditu arraza zein sexu askatasunaren bilaketa, eta zurien legera makurtu.

        Eleberria hiru zatitan banatuta dago, antzerkiaren tradizioari jarraituz. Lehenbizikoan, Baldwin bera izan litekeen mutikoak lehen pertsonan agertzen digu garai hartako Harlemen errealitatea, mutil herabe baten beldur eta zalantzez zipriztindua. Bigarrena, luzeena, halako moldez dago egituratuta non hiru pertsonaia nagusien ikuspuntu eta bizitako historia desberdinek elkar gainkatu eta drama honen irudia osatzen baitute, denboran zehar jauziak eginez eta bigarren mailako pertsonaia-galeria baten bizipenez irudi hori sendotuz. Hirugarren zatian katarsi erlijiosoa gertatzen da (Johnnyren konbertsioa), aldi berean onarpen soziala dakarrena, barne-hausnarketa eta irudi nabarrez crescendo batean puztua, egunsentiarekin batera eleberriaren hasierako bizitza arruntera itzultzeko.

        Elkarrizketa bizi eta koloretsuen artean trinko agertzen zaigu testua, baina aipatu ikuspuntu hirukoitzak iradokitzen duen nolabaiteko suspenseak eta erreferentzia alegorikoek arindua. Bibliaren aipamenak ere saihestezinak dira, Eskritura Santua erreferentzia etengabea baita beltz zapalduen unibertsoan, askapenerako bidea zabaltzen duen aldetik. Eta Bibliarekin batera pobrezia, sexua, indarkeria, menekotasuna eta azken honi Iparramerikako biztanleria beltzak aurkitu izan dion irtenbide/estalki erlijiosoa. Gainera, ez da ahaztu behar Baldwinentzat zapaltzailea eta zapaldua, nagusi-esklabo paradoxan legez, errealitate beraren menpe zeudela, eta horregatik elkarri lotuta zeudela gizarte berean (beltz erradikalek aurpegiratzen zioten kritiketako bat).

        Alde guztietatik ostikoak hartu izan arren (beltza, ezkertiarra eta homosexuala izanik), matxinatuaren energia maisuen modura bideratzen jakin zuen literatura indartsu, koloretsu eta izugarri humanoa eskaintzeko.

        Autore beraren lanen artean, aipatutakoez gain, honako hauek ere badaude: The Amen Corner (1965), Blues for Mister Charlie (1964) antzerkiak; The Fire Next Time (1963), A Rap on Race (1971), No Name in the Street (1972) saiakerak; Going to Meet the Man (1965) istorio labur bilduma; Tell Me How Long The Train's Been Gone (1968), If Beale Street Could Talk (1974), Just Above My Head (1979) eleberriak, eta The Prize of the Ticket (1985) idazlan autobiografikoen bilduma.

 

Juan Mari Mendizabal

 

 

 

© Juan Mari Mendizabal

 

 

"James Baldwin / Zoaz mendira aldarrikatzera" orrialde nagusia