HIRUROGEITA BATGARREN ATALA

 

        Bere bi alaba baliotsuenak gainetik kendu zituen eguna egun zoriontsua izan zen Bennet anderearen sentimendu amatiar guztientzat. Erraz asmatuko da zein pozik eta harro bisitatzen zuen Bingley anderea eta mintzatzen zen Darcy andereaz barrez gero. Nahiago nuke esan ahal banu, familiaren onerako, bere desirarik biziena betetzeak —hau da, hainbat alaba ezarrita edukitzeak— hain eragin aldekoa izan zuela Bennet anderearengan, hortik hara emakume zentzuzko, maitagarri eta buruz jantzia izan zela bere gainerako egun guztietan; hala ere, Bennet jaunarentzat zorioneko gauza izango zen, beharbada, bere emazteak noizetik noizera urduri, eta beti ere tuntuna izaten jarraitzea, bestela gizonak ez zuen jakingo-eta bere etxeko zorionaz hain modu ezohikoan gozatzen.

        Bennet jaunak ikaragarri susmatzen zuen bere bigarren alabaren hutsunea; harenganako onginahiak beste edozerk baino maizago ateratzen zuen etxetik. Gogotik maite zuen Pemberleyra joatea, besteek gutxien espero zutenean bereziki.

        Bingley jauna eta Jane urtebetez baino ez ziren geratu Netherfielden. Janeren ama eta Merytoneko senideak hain auzoko hurbilak izatea ez zen batere gauza desiragarria, ezta gizonaren izaera errexarentzat edo emakumearen bihotz amultsuarentzat ere; Bingleyren arrebaren desira kutunena bete egin zen orduan, gizonak etxalde bat erosi baitzuen Derbyshireren mugako konderri batean, eta Jane eta Elizabethek, gainerako zorion iturri guztiez gainera, elkarrengandik hogeita hamar miliara egotearena ere izan zuten.

        Kittyk, bere oso mesede handirako, ahizpa nagusi biekin ematen zuen denbora gehiena. Oraingo lagunartea ordura arte ezagutu zuenaren oso-oso gainetik zegoenez, aurrerabide itzela egin zuen. Izaeraz ez zen Lydia bezain gobernagaitza, eta, Lydiaren jarraibidetik apartatuta eta behar bezalako arreta eta zentzunbidearekin, azkenean heldu zen ez horren haserrekorra, ez horren ezjakina eta ez horren gazbakoa izatera. Kontu handiz begiratu zuten Lydiaren konpainia kaltegarritik, jakina, eta Wickham andereak sarritan gonbidatzen bazuen ere —dantzaldi eta gizon gazteen agindupean— beragana joan eta hantxe gelditzera, Bennet jaunak ez zion inoiz joaten utzi.

        Mary izan zen etxean geratu zen alaba bakarra; eta Bennet andereari bakarrik jesartzea guztiz ezina zitzaionez, alabak albo batera utzi behar izan zuen, halabeharrez, trebetasunen biltze-lana. Munduarekin gehiago nahastera ikusi zuen behartuta bere burua, baina goizetako bisitari guztien gainean moralizatzen jarraitu ahal izan zuen; eta hortik aurrera ahizpen edertasunaren eta berearen arteko alderatze mingarririk pairatu behar izan ez zuenez, aitari iruditu zitzaion Maryk neke handirik gabe eman ahal ziola amore aldaketari.

        Wickham eta Lydiari dagokienez, ahizpen ezkontzak ez zuen inongo iraultzarik eragin beren izaeretan. Orain Elizabeth jakitun jarriko zen Wickhamen esker txar eta zurikeriatik ezagutzeko geratzen zitzaion guztiaz, gutxi zein asko izan. Gizonak ederto asko zekien hori, baina filosofiarekin zeraman, eta, guztia gorabehera, ez zuen erabat etsitzen oraindik ere Darcy jaunaren gogoa bigundu ahal izateaz bere fortuna egiteko. Ezkontzaren kariaz Elizabethek Lydiarengandik jasotako zorion-eskutitzak agerian utzi zionez, senarrak eduki zein ez eduki, emazteak behintzat esperantza hori gordetzen zuen bere bihotzean.

        Honelaxe ziharduen gutunak:

 

        ENE LIZZY MAITEA,

        Zoriona opa dizut. Nik neure Wickham bihotzekoa maite dudanaren erdia maite baduzu Darcy jauna, oso zoriontsua izan behar duzu. Lasaitasun handia da zu hain aberatsa izatea, eta beste egitekorik ez duzunean, gutaz gogoratzea espero dut. Ziur naiz Wickhami asko gustatuko litzaiokeela gortean leku bat izatea, eta ez dut uste bizitzeko adina diru izango dugunik laguntzaren bat hartu barik. Edozein lekuk balioko du, urtean hirurehun-laurehun inguru; baina, dena dela, ez hitz egin honetaz Darcy jaunarekin, gurago baduzu.

Zurea orain etab.

 

        Nolaz eta suertatu zen Elizabethek askoz ere gurago zuela halakorik ez egin, erantzuna idaztean era horretako erregu eta uste guztiei amaiera jartzera asaiatu zen. Hala ere, sarritan bidaltzen zien bere esku zegoen laguntza guztia, bere gastu pribatuetan begiratutxoan ibiltzea dei diezaiokegun hori praktikatuz. Begi-bistakoa iruditu zitzaion betidanik Lydia eta Wickhamenak bezalako diru-sarrerak oso urri geratuko zirela biak mantentzeko, beren guraritan hain hondatzaileak ziren eta etorkizunaz hain gutxi arduratzen ziren halako bi pertsonaren eskuetan; eta gudaletxez aldatzen ziren bakoitzean gauza segurua zen Janeri edo Elizabethi eskaera egingo zitzaiela laguntza txikiren bat edo beste eman zezaten Wickham jaun-andereen kontuak berdintze aldera. Haien bizimodua ikaragarri erraria zen, baita bakearen etorrerak etxe batean ezarri zituenean ere. Batetik bestera aldatuz ibiltzen ziren beti, egoitza merke baten bila, eta komeni baino gehiago gastatuz beti ere. Wickhamek Lydiari zion oniritzia indiferentzian hondoratu zen berehala; emaztearenak gehixeago iraun zuen; eta bere gaztetasuna eta moldeak gorabehera, bere ezkontzak munduan izen bat izateko emanak zizkion eskubide guztiak gorde zituen.

        Darcyk ezin izan zuen Wickham sekula Pemberleyn onartu, baina, hala ere, eta Elizabethen amoreagatik, ogibidean aurrera egiten lagundu zion. Lydia noiz edo behin joaten zitzaien bisitan, senarrak Londres edo Batheko jolasbideen usainean alde egiten zionean; eta Bingleytarrekin hain egon ohi ziren biak luze, non are Bingleyren umore ona ere gainditzen zuten; eta halakoetan gizona koinatu-koinatei handik joateko hitz erdiren bat esateaz mintzatzeraino ere iristen zen.

        Bingley andereñoa barne-barnetik mindu zen Darcyren ezkontzarekin; baina komenigarria iruditzen zitzaionez Pemberleyko bisitari izateko eskubidea gordetzea, bertan behera utzi zuen bere erresumin guztia. Georgianaren inoiz baino zaleagoa izan zen, Darcyrekin ia-ia ordura arte bezain gizabidetsu aritu, eta gizalege zor guztiak ordaindu zizkion Elizabethi.

        Orain Pemberley zen Georgianaren etxea; eta ahizpa bien arteko atxikimendua Darcyk espero bezalakoxea izan zen. Gai eta guzti izan ziren asmo zuten bezainbeste elkar maitatzeko. Georgianak munduko iritzirik ederrena zuen Elizabethez, nahiz eta hasieran ikararen auzoko harriduraz entzuten zuen zein modu bizi eta jostarian hitz egiten zion Elizabethek bere nebari. Betidanik halako lotsa handia, ia-ia maitasunaren gainekoa, eragin izan zion neba, orain estalki gabeko olgeta eta txantxen jomuga zen. Georgianaren gogoak ordura arte inoiz egokitu ez zitzaizkion ezagutzak bereganatu zituen. Elizabethen irakatsiei esker, andereñoa ulertzen hasi zen emakume batek bere senarrarekin zenbait libertate hartu ahal dituela, neba batek hamar urte baino gehiago daramazkion arreba txikiari beti onartuko ez dizkionak.

        Lady Catherine irakiten jarri zen bere ilobaren ezkontzarekin; eta argi eta garbi berba egiteko joera jator hari bide eman zionez, konpromisoa iragartzeko gutunaren erantzunean hain hizkera iraingarria erabili zuen, Elizabethez bereziki, aldi baterako etenda geratu baitziren haien arteko harremanak oro. Baina, azkenean, Elizabethek Darcyren gogoa biguntzea eta gizona izekoarekin adiskidetzen saiatzea lortu zuen; eta alditxo batez berean tinko iraun ostean, ilobarekiko ongurak edo haren emaztea zelan moldatzen zen ikusteko jakin-minak gaina hartu zion damaren erresuminari; eta Pemberleyko basoak kutsatuta egon arren —ez bakarrik halako ugazaba anderearen presentzia hutsagatik, baina baita hiriko izeko-osaben bisitengatik ere— Lady Catherine De Bourgh Darcy jaun-andereei eskumuinak ematen joatera makurtu zen.

        Gardinertarrekin adiskidantza mamienean izan ziren beti. Darcyk, Elizabethek bezala, bihotzez maite zituen; eta hala batak nola besteak gogoan izan zuten beti eskerronik beroena zor zietela, Elizabeth Derbyshirera eramatearekin eurok biok elkarganatzeko bide izan baitziren.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia