HIRUROGEIGARREN ATALA

 

        Elizabethen gogo jostaria berehala biztu zen berriro, eta gura izan zuen Darcy jaunak azal ziezaion nola heldu zen sekula berarekin maitemintzera. «Zelan hasi zinen?, esan zuen Elizabethek. «Behin hasiz gero, uler dezaket goxo-goxo jarraitzea; baina zerk jarri zintuen abian lehen hasieran?»

        «Ezin dut zehatz esan zein orduk, edo lekuk, edo aurpegik, edo hitzek jarri zuen zimentarria. Aspaldiegi du. Hasita nintzela ohartu orduko, erdi-erdian nengoen».

        «Nire edertasunari aurpegi eman zenion lehenago ere, eta nire moldeei dagokienez, zuregana nuen jokamoldea zakarkeriaren mugetan zegoen beti, gutxienik; zurekin berba egiten nuen guztietan, berriz, gogo gehiago izaten nuen zuri min emateko, kontrakorako baino. Orain zintzo izan; nire lainezagatik miretsi ninduzun?»

        «Zure buru azkarragatik bai».

        «Laineza deitu ahal diozu oraintxe bertan. Oso gutxi falta zuen horretarako. Auzia da gogait eginda zeundela gizalegeaz, begiramenez, larregizko adeitasunez. Nazkatuta zeunden emakume haiekin, hitz egin, begiratu eta pentsatzean zeure onespena besterik bilatzen ez zuten emakumeekin. Ni azaldu nintzen eta zure arreta biztu nuen, haiengandik oso desberdina nintzelako. Benetan maitagarria izan ez bazina, gorrotatuko ninduzun horregatik; baina zeure burua mozorrotzeko nekeak hartu arren, zure sentimenduak prestu eta zuzenak izan dira beti; eta zure bihotzean gogotik mesprezatzen zenituen halako arduraz gorteatzen zintuzten pertsonak. Horra: aurreztu egin dizut azalpenak emateko enbarazua; eta, egia esan, gauza guztiak ondo begiratuta, erabat gauza zentzuzkoa dela pentsatzen hasi naiz. Duda barik nitaz ez zenekien, jakin, gauza on bat ere... baina inork ez du horretaz pentsatzen maitemintzen denean».

        «Ez al zen gauza onik zure jokaera amultsuan, Jane Netherfielden gaixorik izan zenean?»

        «Jane bihotzekoena! Nork egingo zuen gutxiago beragatik? Baina, mesedez, bihur ezazu hori bertute nola edo hala. Nire nolakotasun on guztiak zure babespean daude, eta ahalik eta gehien puztu behar dituzu; eta, horren truke, neuri dagokit zu ahal den sarrienik zirikatu eta zurekin eztabaidatzeko paradak bilatzea; eta zuzenean hasteko, zera galdetuko dizut, ea zergatik ibili zinen hain nagi harira behingoz joateko. Zergatik izan zinen hain lotsatia nirekin, bisitan etorri zinenean lehenik, eta berton bazkaldu zenuenean gero? Batez ere, zergatik egon zinen bisita egunean ni zuretzat ezer ez banintz bezala?»

        «Ilun eta isilik zeundelako, eta bultzadarik eman ez zenidalako».

        «Lotsatuta nengoen, baina».

        «Ni ere bai».

        «Gehiago hitz egitea zenuen bazkaritara etorri zinenean». Gutxiago sentitzen zuen gizon batek ahal izango zuen, agian».

        «Hau da suerte txarra, zuk erantzun arrazoizkoa edukitzea, eta ni bera onartzeko bezain arrazoizkoa izatea! Baina galde egiten diot neure buruari noiz arte jarraituko ote zenuen horrela, zu zeuretara utziz gero. Galde egiten diot neure buruari noiz egingo ote zenuen berba, nik itaundu ez banizu! Lydiarekin izan zenuen bihotz zabalagatik eskerrak emateko erabaki horrek itzelezko eragina izan zuen, bai horixe. Handiegia, nik uste; zeren, nora doa moraltasuna, baldin eta gure goxotasuna agindu baten haustetik sortzen bada, nik gai hori aipatu behar izango ez nukeenez gero? Hau ez da bide ona».

        «Ez duzu larritu beharrik. Moraltasuna huts eta garbi dago. Lady Catherinek gu elkarrengandik aldentzeko egin zituen entsegu justifika ezinek uxatu zituzten nire zalantza guztiak. Ez diot zor nire oraingo zoriona zure eskerrona adierazteko nahi biziari. Ez nengoen umorean zuk aukera ematearen zain egoteko. Nire izekoaren argitasunek eman zidaten itxaropena, eta dena jakitera deliberatu nintzen behingoan».

        «Lady Catherine ezinago lagungarria izan da, eta horrek zorionez bete beharko luke, lagungarria izatea maite du eta. Baina esadazu, zertarako jaitsi zinen Netherfieldera? Longbournera zaldiz joan eta lotsatuta egoteko baino ez? Edo bazenuen beste emaitza garrantzitsuagoren bat lortzeko asmorik?»

        «Nire benetako xedea zeu ikustea zen, eta, ahal banuen, erabakitzea ea inoiz esperantzarik izan ote nezakeen zu nire maitasunera ekartzeko. Aitortutakoa, edo neure buruari aitortzen niona, berriz, zure ahizpak oraindik ere Bingleyrekiko joera ote zuen ikustea zen, eta, hala izanez gero, nire lagunari egitea horren ondoren egin nion aitorpena».

        «Izango al duzu inoiz behar besteko barrenik Lady Catherineri iragartzeko zer datorkion gainera?»

        «Segurutik denbora behar izango dut, barrenak baino gehiago, Elizabeth. Baina egin egin behar da, eta orri bat ematen badidazu, segituan egingo da».

        «Eta nik neuk ere gutun bat idatzi beharko ez banu, zure ondoan jesar ninteke eta zure idazkera txukuna miretsi, behinola beste dama gazte batek egin zuen moduan. Baina nik ere badaukat izeko bat, eta ezin dut eduki luzeago baztertuta».

        Aurrekoan Elizabethek ez zion izekoari aitortu gura izan Darcy eta bere artekoa larretsi zuenik, eta horregatik ez zuen eskutitz luze hura inoiz erantzun, baina orain, adierazi behar ziona hain ondo etorria izango zela jakinik, ia-ia lotsatu egiten zen bere izeko-osabek jadanik hiru eguneko zoriona galdu izanaz, eta honako hau idatzi zuen laster batean:

 

        Eskerrak emango nizkizukeen, ene izeko maitea, lege zen bezala, xehetasunen aletze luze, atsegin, egoki harengatik; baina haserretuegi nengoen. Benetan zena baino gehiago suposatu zenuen. Baina orain nahi beste suposatu ahal duzu; aska ezazu irudimena, goza dadila zure asmamena gai honek eman ahal dizkion hegaldi guzti-guztiez, eta ez zara asko erratuko, baldin eta ezkondu egin naizela pentsatzen ez baduzu. Berehalakoan idatzi behar didazu berriz, eta zure azken hartan baino askotxoz ere gehiago goraipatu behar duzu. Eskerrak ematen dizkizut, behin eta berriro, Lakuetara ez joategatik. Zelan izango ote nintzen harako gogoaz egoteko bezain txepela! Pottoken ideia zoragarria da. Egunero egingo dugu parkearen itzulia. Munduko kriaturarik zoriontsuena nauzu. Beharbada beste batzuek ere esango zuten hori lehenago, baina hain zuzen eta egoki, batek ere ez. Jane bera baino zoriontsuago naiz; berak irribarre baino ez du egiten, nik algara. Darcy jaunak munduko maitasun guztia bidaltzen dizu... Tira, neuri dena eman eta gero soberan geratzen zaiona. Pemberleyra etorriko zarete denok Gabonetan. Zurea orain etab.

 

        Darcy jaunak Lady Catherineri idatzitako gutuna beste taxu batekoa izan zen; eta Bennet jaunak Collins jaunaren azkenekoari erantzunez bidalitakoa, berriz, bi horietaz bestelakoa.

 

        ENE JAUN HORI,

        Behin ere gehiago natorkizu enbarazu egiten eta zorionak eskatzen. Luze gabe Elizabeth Darcy jaunaren emaztea izango da. Kontsola ezazu Lady Catherine ahal duzun hobetoen. Baina, ni, zu banintz, ilobaren ondoan jarriko nintzateke. Gehiago dauka emateko eta.

Zurea bihotz-bihotzez etab.

 

        Ezkontza zela eta, Bingley andereñoak nebari emaniko zorionak munduko xamurrenak eta xurienak izan ziren. Janeri idatzi eta guzti ere egin zion berriak beregan sortutako poza adierazteko, eta bere begirunezko aitormen zahar guztiak errepikatzeko. Ez zuen Jane engainatu, baina bai ukitu; eta sinesterik batere ematen ez zion arren, Janek ezin izan zion eutsi hartzaileak merezi baino askoz ere erantzun goxoagoa idazteari, egileak berak ondo zekienez.

        Antzeko albisteak jasotzean Darcy andereñoak bihotz-bihotzeko bozkarioa adierazi zuen, berria ematean nebak erakutsitakoa bezain barrutikoa. Lau orrialde ez ziren nahikoa izan bere atsegin guztia jaso eta ahizpa berriaren maitasuna irabazteko zeukan desira bizi-bizia ispilatzeko.

        Collins jaunaren erantzunik edo bere andereak Elizabethi bidalitako zorionik iritsi baino lehen, Collinstarrak Lucas Enera etortzekoak zirela aditu zuten Longbournekoek. Bat-bateko aldatze horren arrazoia laster geratu zen agerian. Lady Catherine hain sartu zen haserre gorrian bere ilobaren gutunaren edukiekin, ezen Charlotte egonezinik jarri zen ekaitzak atertu artean handik aldentzeko, bera bozkariotan baitzegoen ezkontzarekin. Halako momentu batean Elizabethentzat benetako atsegina izan zen laguna etortzea, nahiz eta haien enkontruan barrena behin baino gehiagotan iruditu atsegin hori garesti erosi zuela, Darcy jauna Charlotteren senarraren sino-mino eta adigurien menera ikusita. Darcyk, hala ere, miresteko moduko lasaitasunez eroan zuen. Eta dezenteko odol hotzaz entzun ahal izan zion Sir William Lucasi zorionak eman zizkionean herriko bitxirik distirantena eramateagatik, eta denak Saint Jamesen sarritan elkartzeko esperantza adierazi zionean. Sorbaldak goratu baldin bazituen, ez zuen egin harik eta Sir William begietatik hara egon arte.

        Philips anderearen zabarreria Darcyren pazientziak ordaindu beharreko beste zerga bat izan zen, eta apika handiagoa; andereak ezin zuen Darcyrekin hitz egin Bingley bere gogo argiaz ematen zuen konfiantza berberaz, begirune eta lotsa handiegia baitzion, bere ahizpa Bennetek bezala. Hala ere, Philips andereak berba egiten zion bakoitzean, zabarra izan behar. Eta gizonarekiko begiruneak isilago bazeukan ere, ez zirudien, inondik inora, horrek dotoreago egingo zuenik. Elizabethek bere ahal guztia egin zuen Darcy jauna emakume bion begitik babesteko, eta etengabe ibili zen estu eta larri gizona beretzat gordetzeko, bai eta familiako beste horientzat, zeinekin Darcy jauna oinazerik gabe solastatu ahal zen; eta honetatik guztitik sortutako sentimendu mingarriek gorteamendu-aroari bere atseginaren zati handi bat kendu bazioten ere, horrek handiago egin zituen etorkizunari buruzko itxaropenak; eta Elizabethek bozkariotan irrikatu zuen batan eta besteari hain gutxi laket zitzaien konpainia hura utziko zuten eguna, biok Pemberleyko famili taldearen goxotasun eta dotoreziara eramango zituena.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia