BERROGEITA HEMERETZIGARREN ATALA

 

        «Ene Lizzy maitea, non sartu zarete?» galdetu zion Janek Elizabethi gelan sartu bezain laster, bai eta beste guztiek ere, mahaian jesarri zirenean. Elizabethek bakarrik arrapostu ahal izan zuen noraezean ibili eta ibili zirela, uste baino urrunago joan arte. Hori esatean gorritu egin zen; baina ez horrek ez beste ezerk ez zuen egiaren susmorik batere sortu.

        Iluntzea lasai joan zen, aparteko ezer agitu gabe. Maitale aitortuek berba eta barre egin zuten, aitortu bakoak isilik egon ziren. Darcy, berez, ez zen bere zoriona bozkarioz gainezka adierazten duten horietakoa; eta Elizabethek, aztoratuta eta nahastuta, gehiago zekien zoriontsua zela, sentitu baino; zeren, gertu-gertuko lotsaldiaz gain, bazuen bestelako gaitzik ere bere aurrean. Bazekien etxekoek zer sentituko zuten bere egoera ezagutzera ematen zuenean; jakinaren gainean zegoen familiako inork ez zuela gogoko Darcy jauna, Janek izan ezik; eta beldur zen besteena ezinikusia ere ez ote zen izango, Darcyren fortuna eta gora handi guztiak ezabatu ezin izango zuena.

        Gauean Elizabethek bihotza zabaldu zion Janeri. Susmotan ibiltzea, oro har, lekutan zegoen Bennet andereñoaren ekanduetatik, baina oraingo honetan zeharo sinesgogor azaldu zen.

        «Txantxetan zabiltza, Lizzy. Ezin da izan! Nori eta Darcy jaunari hitz emana! Ez, ez, ez didazu ziria sartuko. Badakit ezina dena».

        «Zorigaitzeko hasiera da hau, alajaina! Zeugan bakarrik nuen ustea, bada; eta zuk sinesten ez badidazu, seguru nago beste inork ez duela egingo. Zinez nabil, baina, bene-benetan. Egia baino ez diotsut. Oraindik maite nau, eta hitz emanda gaude».

        Janek ezbaian begiratu zion. «O, Lizzy! Ezin da izan. Badakit zein gorrotagarri zaizun».

        «Zuk ez dakizu ezer kontu honetaz. Hori guztia ahaztu egin behar da. Beharbada ez dut beti orain bezainbeste maite izan. Baina honelako kasuetan oroimen ona barkaezina da. Hauxe da nik neuk gogoratuko dudan azken aldia».

        Bennet andereñoa harri eta zur ageri zen oraindik. Elizabethek berriro ere ziurtatu zion egia zela, eta serioago oraingoan.

        «Jainko maitea! Benetan izan liteke halakorik! Baina orain sinetsi egin behar dizut», egin zuen Janek aldarri. «Ene Lizzy maite-maitea, zorionak emango nizk... ematen dizkizut... Baina ziur al zara —barkatu galdetzea— guztiz ziur zara harekin zoriontsu izan zaitezkeela?»

        «Ez da horretaz dudarik. Erabakita dugu dagoeneko munduko bikoterik zoriontsuena izango garela. Baina pozik zaude, Jane? Gogoko izango al duzu halako neba bat izatea?»

        «Oso, bai, oso. Ezerk ere ez liguke niri eta Bingleyri atsegin handiagorik emango. Baina ezinezkotzat jotzen genuen, halaxe komentatu genuen. Eta behar beste maite duzu benetan? O, Lizzy! Egin edozein gauza, maitasun barik ezkondu baino. Ziur zara sentitu beharrekoa sentitzen duzula?»

        «O, bai! Eta guztia diotsudanean, sentitu beharrekoa baino gehiago sentitzen dudala irudituko zaizu».

        «Zer esan gura duzu?»

        «Hara, aitortu behar dizut Bingley baino maiteago dudala. Haserretuko ote zaren beldurrez nago».

        «Ene ahizpa bihotzekoa, izan zaitez serio orain. Oso serio hitz egitea nahi dut. Emadazu jakitera jakin beharreko guztia geroko gerorik gabe. Esango didazu noiztik maite duzun?»

        «Hain etorri da pixkanaka-pixkanaka, nik neuk ere doi-doi baitakit noiz hasi zen. Baina nik uste Pemberleyko zelai ederrak ikusi nituenetik honakoa izan dela».

        Serio izateko beste erregu batek, hala ere, bere ondorioa izan zuen; eta Elizabethek ahizparen gogoa bete zuen berehala, Darcyri zinez eta benetan atxikia zegoela ziurtatuz. Puntu horretaz behin konbentzituz gero, Bennet andereñoak ez zuen gehiago zer desira.

        «Orain guztiz zoriontsua naiz», esan zuen, «ni bezain zoriontsua izango zarelako. Beti pentsatu izan dut Darcy jaunak bazuela baliorik. Zurekiko maitasunagatik besterik izan ez baledi ere, nire betiko estimazioa mereziko zukeen; baina orain, Bingleyren adiskide eta zeure senarra den neurrian, Bingley eta zu zeu bakarrik izango zaituztet bera baino maiteago. Baina Lizzy, oso gordea izan zara nirekin, oso barrukoia. Zein gutxi esan zenidan Pemberley eta Lambtonen jazo zenaz! Besteri, eta ez zuri, zor diot horretaz dakidan guztia.

        Elizabethek isilik ibiltzeko arrazoiak esan zizkion. Ez zion Bingley aipatu gura izan; eta bere sentimenduak eurak ere zalantzan zeudela, Byngleyren adiskidearen izena ere saihestu nahi izan zuen. Baina orain ez zion gehiago ostenduko Darcy jaunak Lydiaren ezkontzan izandako esku hartzea. Dena azaleratu zen, eta gauaren erdia solasean eman zuten.

        «Jainko nirea!» hots egin zuen Bennet andereak, hurrengo goizean leihoaren aurrean zutik zegoela, «ez datorkigu, bada, Darcy jaun desatsegin hori ostera ere gure Bingley maitearekin! Zer gura ote du astun horrek beti hona etortzen ibilita? Tiro-ehizan, edo beste zer edo zertan joango zela, hori beste gogorik ez nuen, hortik joango zela hemen enbarazu egiten ibili barik. Zer egingo ote dugu berarekin? Lizzy, harekin irten behar duzu berriro paseoan, ez diezaiola Bingleyri trabarik egin».

        Elizabethek lanak izan zituen barreari eusteko hain proposamen komenigarria entzunda; benetan gaitzi zitzaion, hala ere, bere ama Darcy jaunari beti halako epiteto bat ezartzen ibili beharra.

        Gelan sartu bezain laster, hain modu esanguratsuan begiratu zion Bingley jaunak Elizabethi, eta hain bero eman zion bostekoa, dudarik ez baitzen geratu gizona ederki informatuta zegoena; eta handik gutxira, zera esan zuen ozenki, «Bennet anderea, ez al duzu hemen hauetan bidezidor gehiago, Lizzy gaur berriz ere galtzeko?»

        «Nik aholku emango nieke Darcy jaunari, Kitty eta Lizzyri», esan zuen Bennet andereak, «gaur Oakham Mountera joateko. Bide luze goxoa da, eta Darcy jaunak ez du hango ikuspegia inoiz ikusi».

        «Besteentzat ederto egon daiteke», arrapostu zuen Bingley jaunak; «baina ziur naiz Kittyrentzat larregi izango dela. Ez da hala, Kitty?»

        Kittyk aitortu zuen etxean geratu nahiago zuela. Darcyk itzelezko jakingura agertu zuen Mount-etik zegoen ikuspegia begiztatzeko, eta Elizabethek baiezko isila egin zuen. Goiko solairura zihoala bere burua prestatzera, Bennet anderea elkartu zitzaion atzetik eta honelaxe esan zion:

        «Benetan damu dut, Lizzy, gizon desatsegin hori den-dena zuretzat izan beharra. Baina ez zaizu axola, ezta? Janerengatik da dena, badakizu; eta ez duzu zertan egin berba berarekin, nahikoa duzu noiz edo behin zer edo zer esatea. Beraz, ez ezazu nekerik hartu».

        Ibilaldian zehar Darcy eta Elizabethek gauean Bennet jaunari baimena eskatzea deliberatu zuten. Elizabethek bere gain hartu zuen amari berea galdatzea. Ezin zuen asmatu zelan hartuko zuen eta batzuetan duda ere egiten zuen, Darcyren aberastasun eta handigoi guztia aski izango ote zen Bennet andereak gizonari zion higuina gainditzeko. Baina ezkontzari bizi-biziro oldartu edo albistearekin bizi-biziro poztu, gauza segurua zen kasu batean zein bestean Bennet anderearen moldeak berdin izango zirela desegokiak bere zentzunaz gauza onik esateko; eta Elizabethi hala izango zitzaion eramangaitza Darcy jaunak amaren pozaren pozezko lehenengo jarioak entzutea, nola gaitzespenaren lehen sugarren lekuko izatea.

        Iluntzean, Bennet jauna liburutegira bildu ondotxoan, Elizabethek Darcy jauna bere jarlekutik altxatzen eta haren atzetik joaten ikusi zuen, eta egonezinik jarri zen. Ez zen aita kontra jartzearen beldur, baina gizonak atsekabea hartuko zuen, eta oso gogoeta larria zen pentsatzea atsekabe hori nork eta berak, bere alaba kutunak, emango ziola, bere hautapenak nahigabetu egingo zuela aita, eta alaba bere ondotik joaten uzteko orduak izuz eta damuz beteko zuela Bennet jauna; Elizabeth hor gelditu zen jesarrita eta bihotza ilunpetan, harik eta Darcy jauna berriro azaldu, eta, berari begiratzean, gizonaren irribarreak arindu xume bat eman zion arte. Minutu batzuen buruan Elizabeth eta Kitty zeuden mahaira hurreratu zen; eta Elizabethen joste-lanak miresten zituelakoa eginez, hauxe xuxurlatu zion, «joan zaitez zure aitarengana, liburutegian ikusi nahi zaitu eta». Elizabeth ziztuan joan zen.

        Aita gelan gora eta behera zebilen, kopetilun eta kezkatu antzean. «Lizzy», esan zuen, «zertan zabiltza? Zure senetik irtenda zaude gizon horri baiezkoa emateko, ala? Ez al diozu beti gorrotoa izan?»

        Zein barrendik desiratu zuen orduan Elizabethek bere lehengo iritziak zentzuzkoagoak izan balira, bere esanak begiratuagoak! Liberatu egingo zen orain hain deseroso zitzaizkion azaltze eta aitorpenak egitetik; baina egin egin behar ziren, eta, nahasi xamarkiro, Darcyri lege handia ziola ziurtatu zion aitari.

        «Edo, bestela esanda, gizon hori lortzera deliberatuta zaude. Aberatsa da, dudarik ez, eta Janek baino jantzi eta kotxe bikainagoak eduki ahal izango dituzu. Baina zoriona emango dizute?»

        «Indiferentea naizela uste izateaz gain», esan zuen Elizabethek, «baduzu bestelako eragozpenik?»

        «Bat ere ez. Denok dakigu gizon harro, desatsegina dena; baina benetan gogoko bazenu, hori hutsa izango litzateke».

        «Baina badut, gogokoa dut», arrapostu zuen Elizabethek, negarra begietan, «maite dut. Ez du inongo harrotasun desegokirik. Zeharo gozo onekoa da. Zuk ez dakizu zelakoa den benetan; beraz, arren, ez iezadazu minik eman berataz halako moldean berba eginez».

        «Lizzy», esan zuen aitak, «baimena eman diot. Niri zerbait eskatzera makurtuz gero, ezetzik esaten sekula ausartuko ez nintzatekeen gizon mota da bera, alajaina. Oraintxe ematen dizut, zuretzat nahi baldin baduzu. Baina aholkatuko dizut, biderik ematen badidazu, hobeto pentsatzeko. Badakit nolakoa zaren, Lizzy. Badakit ezin izango zinatekeela ez zoriontsu izan ez errespetu onaren jabea, zure senarra egiazki estimatu ezean; zure gainekoari bezala begiratu ezean. Zure dohain biziek arriskurik handienean jarriko zintuzkete ezkontza desegoki batean. Nekez egingo zenieke ihes aipu txarrari eta zorigabeari. Ume nirea, ez iezadazu eman tristezia hori, zure bizitzako kideari begirunez begiratzeko gai ez zarela ikustea. Ez dakizu zer egitera zoazen».

        Elizabeth, are hunkituago, guztiz itzal eta solemne aritu zen bere arrapostuan; eta azkenik, Darcy jauna benetan bere aukera zela behin eta berriz ziurtatu ondoren, gizonari buruzko iritzia apurka-apurka zelan aldatu zitzaion azaldu ostean, adierazi ondoren erabat seguru zegoela bere oniritzia egun bateko kontua ez, baina dudetako hilabete askoren probatik sendo ateratako sentimendua zela, eta Darcy jaunaren nolakotasun on guztiak zehaztu eta gero, azkenean Elizabethek aitaren sinesgogorra beratu zuen, eta bere gogoa ezkontzaren ideiara ekarri.

        «Tira, ene maitea», esan zuen, berba egiten amaitu zuenean, «ez daukat gehiagorik esateko. Hori guztia hala bada, merezi zaitu. Ezin izango nizun nire ondotik aldentzen utzi, Lizzy nirea, horrenbeste balio ez duen batengana joateko».

        Gizonari buruzko uste ona areagotzeko, Elizabethek Darcy jaunak bere borondatez Lydiaren alde egindakoak berritu zizkion aitari. Bennet jaunak harri eta zur entzun zion.

        «Inon ikusi ez direnak ikusteko gaua da hau, alajaina! Eta, hortaz, Darcyk egin zuen dena; ezkontza prestatu, dirua jarri, morroiaren zorrak ordaindu, eta izendapena lortu! Hainbat hobeto. Arazo eta estualdi bete mundu bat aurreztu dit. Zure osabaren kontua izan balitz, ordaindu egin beharko eta ordaindu egingo nioke; baina maitale gazte eta gartsuok euren modura egin behar dute dena. Bihar esango diot ordaindu gura diodala; hots handiko hitzekin hasiko da zenbat maite zaituen-eta, goiak eta beheak jotzen, eta auzia amaituta geratuko da».

        Orduan Bennet jaunari gogora etorri zitzaion zelan lotsatu zen Elizabeth egun batzuk lehenago Collins jaunaren gutuna irakurri zionean; eta alabaren lepotik aldi batez barre egin eta gero, azkenean joaten utzi zion, Elizabeth gelatik irtetera zihoanean, honelaxe ziotsola, «Gizon gazterik baldin badator Mary edo Kittyrengatik, bidal itzazu hona, astiaz nabil eta».

        Elizabethek itzelezko arindua hartu zuen; eta bere gelan ordu erdiko hausnarketa lasaia egin ondoren, besteengana bere buruaz jabetuxe itzultzeko moduan izan zen. Gertatu berriegia zen guztia pozalditan hasteko, baina gaua bakean iragan zen; jadanik ez zen zertaz izutu, eta denborarekin nasaiera eta etxekotasunaren gozoa etorriko zen.

        Oherakoan, amak bere jantzi-gelara igo zuenean, Elizabeth atzetik joan eta albiste handia jakinarazi zion. Mirakuluzko eragina sortu zuen; izan ere, lehenengoz entzun zuenean Bennet anderea geldi-geldiro jesarri zen, txintik ere atera ezinik. Eta minutu asko-asko pasatu ziren entzundakoa ulertu baino lehen; nahiz eta normalean anderea ez izan batere nagia bere etxekoen abantailarako ziren gauzei, edota maitale itxurapean agertzen zitzaien orori, sinestea emateko. Azkenean bere onera etortzen hasi zen, aulkian lau aldeak higitzen, altxatzen, berriz ere jesartzen, harritzen, eta aitarenka egiten.

        «Jainko nirea! Aitaren eta semearen! Pentsa ezazu! Ene bada! Darcy jauna! Nork pentsatuko! Eta egia da benetan? O! Ene Lizzy eztien hori! Zein aberatsa eta zein handia izango zaren! Zenbat diru isil-poltsarako, zelako bitxiak, zelako kotxeak izango dituzun. Horren aldean Janerena ez da ezer, ezertxo ere ez. Hain nago pozik... hain zoriontsu! Halako gizon xarmangarria! ...Hain ederra! Hain altua! O, ene Lizzy maitea! Mesedez, desenkusa nazazu haren aurrean lehenago hain begitan edukitzeagatik. Ez ikusia egitea espero dut. Ene Lizzy, ene Lizzy maitea. Etxe bat hirian! Gauza xarmangarri guztiak! Hiru alaba ezkonduta! Hamar mila urtean! O, Jauna! Zer izango ote da nitaz. Burutik egingo zait!»

        Hori nahikoa izan zen haren onespenaz zalantzarik ez izateko: eta Elizabeth, pozik baino pozikago halako bihotz hustuketen entzule bakarra izateagatik, berehalaxe joan zen. Baina ez zeraman hiru minutu bere gelan amak haraino jarraitu zionean.

        «Ene ume maiteena», egin zuen aldarri, «ezin dut beste konturik izan buruan! Hamar mila urtean, eta gehiago ere bai segurutik! «Lord bat izate adina duzu hori! Eta lizentzia berezia. Lizentzia bereziaz ezkondu behar eta ezkondu egingo zarete. Baina ene bihotzeko laztana, esadazu zein jaki maite duen Darcy jaunak bereziki, bihar izan dezagun».

        Bennet andereak zaldunarekin berarekin izango zuen portaeraren zantzu tristea zen hori; eta Elizabethek zera ikusi zuen garbi, duda barik Darcyren oniritzirik beroenaren jabe izan arren, eta bere etxekoen baimenaz ziur egonagatik ere, artean ere bazuela zer desiraturik. Baina biharamuna uste baino askoz hobeto joan zen; zeren, zorionez, Bennet andereak halako begirune ikaratia zion bere suhi-gaiari, non ez baitzen ausartu gizonari hitz egitera, ezpada adei bereziren bat eskaintzeko, edo haren iritziarekiko begiramena nabarmentzeko.

        Elizabethek atseginez ikusi zuen bere aitak nekeak hartzen zituela Darcyren ezaupidea egiteko; eta handik lasterrera Bennet jaunak ziurtatu zion ordutik ordura gero eta gorago zuela Darcy jauna.

        «Izugarri miresten ditut nire hiru suhiak», esan zuen, «Wickham da nire kutuna, beharbada; baina nik uste dut zure senarra Janerena bezain gogoko izango dudala».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia