BERROGEITA HAMAZORTZIGARREN ATALA

 

        Bingley jaunak ez zuen bere lagunarengandik inongo aitzakia gutunik jaso, Elizabethek erdi uste izan zuenaren kontrara; aitzitik, Lady Catherineren bisitatik egun batzuetara, Bingley jauna bere lagun Darcy Longbournera eramateko moduan izan zen. Zaldunak goizean goiz iritsi ziren; eta, Bennet andereak Darcy jaunari bere izekoa ikusi zutela esateko astirik izan gabe (Elizabethi ikara horixe ernatu baitzitzaion une batez) Bingleyk, Janerekin bakarrik egon nahi zuenez, guztiak paseoan ateratzea proposatu zuen. Ondo hartu zen proposamena. Bennet andereak ez zuen ibiltzeko ohiturarik, Maryk ez zuen inoiz betarik izaten, baina gainerako bostak elkarrekin abiatu ziren. Bingley eta Janek, hala ere, berehala utzi zieten besteei aurrea hartzen. Bikotea atzean geratu zen, beraz, Elizabeth, Kitty eta Darcy elkarren entretenigarri lotu ziren bitartean. Inork ez zuen gauza handirik esaten; Kittyk beldur handiegia zion Darcyri berba egiteko; Elizabeth erabaki bat hartzen ari zen etsi-etsian bere baitan; eta gizona, beharbada, gauza bera egiten ibiliko zen.

        Lucastarren etxerantz egin zuten, Kittyk ikusi bat egin nahi baitzion Mariani; eta biak bakarrik utzi zituenean, Elizabethek kemen handiz jarraitu zuen aurrera Darcyrekin, ez baitzuen arrazoirik ikusten esan behar zion kontua mundu guztiaren ezagun izan zedin. Huraxe zuen bere erabakia gauzatzeko unea, eta, adorea oso gora zuen bitartean, hala esan zion gizonari:

        «Darcy jauna, oso kriatura neurekoia naiz; eta neure sentimenduei arindu bat ematearren, ez zait axola norainoko mina eman diezaiekedan zeureei. Ezin diot gehiago eutsi zuri eskerrak eman gabe neure ahizpa gaixoarengana erakutsitako ontasun paregabeagatik. Horren berri izan nuenetik irrikatan egon naiz zenbat estimatzen dizudan adierazteko. Nire etxekoek ere jakingo balute, ez nuke edukiko neure eskerrona bakarrik adierazteko».

        «Damu dut, izugarri damu dut», arrapostu zuen Darcyk, bere doinuan harridura eta hunkidura ispilatuz, «zuk albiste hori sekula jaso izana, okerreko argitan ikusiz gero, apika deseroso sentiaraziko zintuen eta. Ez nuen uste Gardiner anderea hain gutxi fidatzekoa zenik».

        «Ez diozu nire izekori errurik egotzi behar. Lydiaren buru guztiak salatu zidan lehendabizi zu tartean ibili zinena; eta, jakina, xehetasun guztiak jakin arte ez nuen onik izan. Utzidazu nire etxekoen izenean behin eta berriro eskerrak ematen erruki eskuzabal horregatik, gazte biak aurkitzeko hainbeste neke hartzera eta hainbeste mortifikazio pairatzera eraman zintuen errukiagatik».

        «Eskerrak emango badizkidazu», arrapostu zuen gizonak, «zeure izenean bakarrik eman. Ez naiz saiatuko ukatzen zeuri zoriona emateko gogoak indartuko zituela, segurutik, hala jokatzera gidatu ninduten gainerako zioak. Baina zure etxekoek ez didate ezer zor. Begirune handia diedala uste dudan arren, zu zeu bakarrik zintudan gogoan».

        Elizabeth lotsatuegi zegoen berba bat bera ere esateko. Isilune labur baten ostean, hauxe gehitu zuen bere lagunak, Eskuzabalegia zara nirekin jolasteko. Zure sentimenduak lehengo apirileko berberak baldin badira, esadazu oraintxe. Neure atxikimendu eta gurariek bere hartan diraute, baina esan hitz bat eta ez dut inoiz gai hau berriz aipatuko».

        Orduan Elizabethek, Darcyren egoera ezin deseroso eta larriagoaz jabetuta, hitz egitera behartu zuen bere burua; eta etorri handiz ez aritu arren, istantera eman zion aditzera bere sentimenduak hain aldatuta zeudela berak aipatutako sasoitik horra, non eskerronez eta atseginez onartzen zituen gizonak orain eskaintzen zizkionak. Arrapostu horrek ziur aski bere bizitzako zorionik handiena eman zion Darcy jaunari; eta maiteminez zoratzen dagoen gizonarengandik espero den bezain bero eta zentzuzko jardun zuen parada horretan. Gizonaren begiekin topo egitera ausartu balitz, Elizabethek ikusi ahal izango zuen zein ondo ematen zion Darcyri bihotz-bihotzeko bozkario horrek aurpegian zabaltzen zion espresioak; baina ikusi ezin bazuen ere, entzun bai egiten zuen, eta gizona bere sentimenduez mintzatu zitzaionean, hainbesteraino frogatu zuen zein garrantzitsua zen Elizabeth beretzat, non, emakumearen begietan, haren oniritzia geroz eta baliotsuagoa egin baitzen unetik unera.

        Oinez jarraitu zuten, norabide jakinik gabe. Gehiegi zen pentsatu, eta sentitu, eta esateko zegoena, beste ezeri arreta jartzeko. Elizabethek berehala jakin zuen euren ondo hartze hori Darcyren izekoaren ahaleginei zor zitzaiela, bueltako bidean eta Londrestik igarotzean bisita egin baitzion bere ilobari, bai eta bertan kontatu Longbournera egin berri zuen bidaiaren berri, horren arrazoia, eta Elizabethekin izandako hizketaren nondik norako nagusiak; andereak indar eta kontu berezia eman ei zion bere ustez Elizabethen makurkeria eta buruiritzia bereziro islatzen zituen berba bakoitzari, pentsaturik halako gauzen berri emateak lagun egingo ziola bere ilobarengandik Bennet andereñoak ukatua zion promes hori eskuratzen. Baina Lady Catherineren zoritxarrerako, bere eginahalek kontrako ondorioa sortu zuten.

        «Esperantza izaten irakatsi zidan», esan zuen Darcyk, «neure buruari ia sekula utzi ez nion moduan esperantza izaten. Nahikoa ezagutzen nuen zure izaera zera jakiteko, erabat eta atzeraezinezko moduan nire kontra erabakita egon bazina, argi eta garbi aitortuko zeniokeela Lady Catherineri».

        Elizabeth gorritu egin zen eta honela arrapostu zion barreka, «Bai, nahikoa ezagun duzu zuk nire argi eta garbitasuna, horretarako kapaz naizela pentsatzeko. Buruz buru zu hain higuingarriro bipildu eta gero, ezin nuen ingirarik izan zeure senide guztien aurrean gauza bera egiteko».

        «Zer esan zenuen nitaz, merezi ez nuena? Zeren, zure akusazioak gaizki oinarrituak baziren ere, hau da, premisa okerrez eratuak, une hartan erakutsi nizun portaera gaitzirizkorik zorrotzenaren duina zen. Barkaezina izan zen. Ezin dut horretaz pentsatu higuinik sentitu gabe».

        «Ez gara hasiko eztabaidatzen gau horretan nork izan zuen erruaren parterik handiena», esan zuen Elizabethek. «Zorrotz aztertuz gero, ez bataren ez bestearen jokabidea ez zen akats bakoa izan; baina handik hona hobera egin dugu biok adei-legean, hala espero dut nik bederen».

        «Ezin naiz neure buruarekin hain erraz adiskidetu. Egun hartan esan nuena, nire jokaera, nire moduak, afera osoan erabili nuen hizkera, horretaz guztiaz oroitzea ezin esanezko moduan zait orain mingarri, eta hala izan zait hilabete askoan. Egin zenidan ahakarra, hain egokia, ez zait sekula ahaztuko: "zaldun portaera beteagoa erakutsi izan bazenu". Horiexek izan ziren zure berbak. Ez dakizu, nekez susmatuko zenuke zer-nolako oinazeak eman dizkidaten; ...nahiz eta denbora apur bat behar izan nuen bidezkoak izan zirela onartu arte, hau da, hori egiteko bezain zentzuzkoa izan arte. Hori aitortu behar dut».

        «Lekutan nengoen ni hitz haiek halako eragin sakona izango zutela pentsatzetik. Ez nuen inondik ere susmatzen horrela hartuko zenituenik».

        «Erraz sinets dezaket. Sentimendu egoki oroz gabetua nintzela pentsatuko zenuen orduan, ziur naiz. Ez dut inoiz ahaztuko zure begitartearen eitea zera esan zenidanean, edozein modutan eskainita ere, inolaz ere ez zenukeela nire eskua onartzeko tentaziorik izango».

        «O, ez errepikatu orduan esan nuena. Oroitzapen horiek ez doaz inora. Zinez diotsut aspaldidanik nagoela horretaz bihotz-bihotzez lotsatuta».

        Darcyk bere gutuna aipatu zuen. «Azkar hobetu al zuen», esan zuen gizonak, «nitaz zenuen iritzia? Irakurri zenuenean, eman al zenion inongo sinesterik haren edukiari?»

        Elizabethek azaldu zion zelako eragina izan zuen gutunak beregan, eta zelan joan ziren desagertzen apurka-apurka bere aurrejuzku guztiak.

        «Banekien», esan zuen, «idatzi nuenak minduko zintuena, baina beharrezkoa zen. Gutuna suntsituko zenuela espero dut. Bazuen parte bat bereziki, hasiera alegia, izutu egingo nindukeena zuk berriz irakurri ahal izateak. Gogoratzen ditut hango esapide batzuk, arrazoi guztiz ni gorrotatzera bultzatuko zintuztenak».

        «Nire onginahia salbu gordetzeko gauza funtsezkoa iruditzen baldin bazaizu, erre egingo dut gutuna, noski; baina, nire iritziak guztiz aldaezinak ez direla pentsatzeko arrazoirik badugu ere, ez dira, hala espero dut, zuk aditzera eman duzun bezain aldaerrazak».

        «Gutun hori idatzi nuenean», arrapostu zuen Darcyk, zeharo bare eta hotz nengoela uste nuen, baina hemendik ikusita guztiz sinetsirik nago izugarrizko gogo garratzean idatzi nuela».

        «Gutuna, beharbada, garratz hasten zen, baina ez zen hala amaitzen. Diosala onestasuna bera da. Baina ez pentsatu gehiago gutunaz. Idatzi zuen pertsonaren sentimenduak eta jaso zuenarenak hain aldatu dira barrez geroztik, karta horri lotutako gorabehera desatsegin guztiak ahaztu egin beharko liratekeela. Apur bat ikasi behar duzu nire filosofiatik. Har ezazu iragana gogoan bakar-bakarrik oroitzapenak gozamenik emango badizu».

        «Ez dut uste halako filosofiatik daukazunik. Atzera begiratzean zuk ez duzu inongo gauza itsusgarririk aurkituko zure jokaeran, eta, beraz, hortik sortuko zaizun kontentua ez da filosofiaren ondorioa izango, ezer ez ikustearena baizik, askoz ere hobea dena. Baina neure kasuan besterik da. Oroitzapen mingarriak etorriko zaizkit gogora, uxatu ezin, uxatu behar ez direnak. Izaki neurekoia izan naiz bizitza osoan, ez printzipioetan baina bai jokabidean. Zuzena zer den irakatsi zidaten txikitan, baina ez, ordea, nire petralkeria zuzentzen. Printzipio onak eman zizkidaten, baina baita printzipio horiek harrotasunean eta buruiritzian jarraitzen utzi ere. Tamalez seme bakarra nintzenez (urte askoan ume bakarra), gurasoek alferrikaldu egin ninduten, eta asmo ona bazuten ere (gure aita, bereziki, oro zen bihotzon eta ongura), neurekoia eta manazalea izaten utzi, bultzatu eta ia-ia irakatsi egin zidaten, neure etxeko zirkulukoez besterik ez arduratzen, eta munduko beste jende guztiaren gainean zeken pentsatzen, edo, nire zentzuzkotasun eta balioaren aldean jarrita, beste guztiena gutxiago izan zedin desiratzen. Halakoa izan nintzen ni zortzi urteetatik hogeita zortzi urteetara; eta halakoa izango nintzateke agian oraindik ere zeuregatik izan ez balitz, ene Elizabeth maiteen, xarmangarrien hori! Zer ez ote dizut zor! Lezio bat irakatsi zenidan, oso gogorra hasieran, alafede, baina ezin onuratsuagoa. Merezi bezala apaldu ninduzun. Zugana jo nuenean ez nuen inongo dudarik begi argia egingo zenidala. Atsegin emango nizulakoan nengoen, eta zeuk erakutsi zenidan zein ezdeusak ziren nire hantuste guztiak atsegin horren duin zen emakume batekin».

        «Benetan egon zinen hori sinetsita?»

        «Horixe egon nintzena. Zer pentsatuko ote duzu orain nire harrokeriaz? Nik uste nuen nire gorteamenduaren irrikatan zinela, horrexen begira zeundela».

        «Okerreko moldeak erakutsiko nituen orduan, baina ez nahita, ziur diotsut. Inoiz ez nuen zu engainatzeko asmorik erabili, baina sarritan nire bizitasunak okerreko bidetik eramango ninduen beharbada. Zenbateraino gorrotatuko ote ninduzun gau horrez geroz!»

        «Zu gorrotatu! Hasieran haserre egongo nintzen apika, baina nire haserrekuntza berehala hasi zen norabide egokian jartzen».

        «Ia-ia beldur ematen dit nitaz zer pentsatu zenuen galdetzeak; Pemberleyn elkartu ginenean. Txarto iruditu zitzaizun ni hara joatea?»

        «Ez, inondik inora ez; harridura besterik ez nuen sentitu».

        «Zure harridura ez zen neurea bezain handia izango, abegia egiten zenidala ikusi nuenean. Kontzientziak esaten zidan ez nuela aparteko adeitasunik merezi, eta aitortu behar dut ez nuela espero zegokidana baino gehiago jasotzea».

        «Nire esku zeuden gizalege mota guztiekin erakutsi behar nizun», esan zuen Darcyk, «ez nintzela iraganaren arrangurarik gordetzeko bezain ziztrina, horixe zen orduan nire helburua; eta zure ahakarrak aintzat hartu nituela erakutsiz, zure barkamena lortzea espero nuen, nitaz zenuen iritzi txarra biguntzea. Bestelako gogoak noiz azaldu ziren nekez esan nezake, baina zu ikusi eta handik ordu erdira izan zela uste dut».

        Georgiana pozarren omen zegoen Elizabeth ezagutzeaz, Darcyk orduan adierazi zuenez, eta oso jausita geratu el zen harremana itsumustuan eten zenean; azalpenon eskutik dama bien ezaupidea etetearen arrazoiaren gaia sortu zen, eta horrela Elizabethek laster jakin zuen Darcy jaunak ostatutik irten baino lehenago erabakia zuela bere atzean Derbyshiretik abiatu eta Lydiaren xerka joatea, eta orduko begitarte ilun eta pentsakorra barne borrokei zor zitzaiela, baina halako asmo batek berekin ekar zitzakeen ondorioen gaineko barne borrokei, besterik ez.

        Elizabethek bere eskerrona adierazi zion berriro, baina gai hura mingarriegia zitzaien biei areago sakontzeko.

        Milia batzuk egin zituzten oinez, presa barik, lanpetuegi biak horretaz ohartzeko, eta, azkenean, erlojuei so egin eta etxeratzeko ordua zela ikusi zuten.

        «Zer izango ote da Bingley eta Janez!» izan zen beste bien aferak hizpidera ekartzeko itauna. Darcy pozarren zegoen haien konpromisoaz; lagunak berak emana zion horren gaineko lehen albistea.

        «Galdetu behar dizut: harritu al zinen?» esan zuen Elizabethek.

        «Batere ez. Joan nintzenean bihotzak ematen zidan luze gabe jazoko zela».

        «Esatea legez baimena emana zeniola. Asmatu nuen, bai, horrenbeste». Eta Darcy jaunak berba horren aurrean aldarri egin zuen arren, Elizabethek berehala ikusi zuen egiatik hurbiltxo zebilela.

        «Londresera joan aurreko gauean», esan zuen gizonak, «gauza bat aitortu nion Bingleyri, askoz ere lehenago aitortu beharko niona, nire ustez. Gertatutako guztia kontatu nion, ni bere aferetan lehenago eskua sartu izana guztiz gauza zentzubako eta inpertinentea bihurtzen zuten gauza guztiak. Itzel harritu zen. Sekulan ere ez zuen susmo izpirik izan. Areago ere esan nion, alegia, uste nuela nire lehengo suposamendu hura, zure ahizpa berarekiko indiferentea zelakoa, oker zegoela; eta berehala antzeman nuenez Bingleyk zure ahizpari zion atxikimenduak irmo zirauela, ez nuen zalantzarik izan biak elkarrekin zoriontsu izango zirela».

        Elizabethek ezin izan zion irribarreari eutsi Darcy jaunak bere laguna zein erraz gidatzen zuen ikustean.

        «Nire ahizpak oraindik maite zuela esan zenionean», esan zuen Elizabethek, «zuk zeuk antzemanagatik mintzo zinen, ala joan den udaberrian nik emandako argitasunengatik bakarrik?»

        «Lehen aukera duzu zuzena. Hona egin nituen azken bisita bietan zantzuan egon nintzaion gertu-gertutik; eta erabat jabetu nintzen bere oniritziaz».

        «Eta zu ziur egoteak erabateko ziurtasuna emango zion Bingleyri segituan, ezta?»

        «Halaxe egin zuen. Bingley gizon apala da, zin-zinez apala, izan ere. Bere ziurtasun ezak ez zion bere adimenduaz fidatzen utzi kasu larri honetan, baina neureari zion fedeak oso erraza egin zuen dena. Gauza bat aitortu behar izan nion, aldi batez —eta ez bidegabeki— minduta eduki zuena. Ezin izan nion utzi neure buruari zera ostentzen, zure ahizpa joan den neguan hiru hilabetez izan zela hirian, nik neuk horren berri izan nuela, eta nahita ezkutatu niola. Haserre zegoen. Baina guztiz nago sinetsita zure ahizparen sentimenduen gaineko dudak uxatu orduko joan zitzaiola haserrea. Bihotz-bihotzez barkatu nau».

        Elizabeth irrikatan zegoen ohartarazteko Bingley jauna guztiz adiskide maitagarria izan zela; hain menderaerraza, haren balioak ez zuela mugarik, ez horixe; baina gogoari eutsi zion. Gogoratu zuen Darcy jaunak artean ere ikasi beharra zuela besteren barrea eramaten, eta goiztxoegi zela hasteko. Etxera iritsi arte Darcy jaunak Bingley zenbat poztuko zen komentatuz jarraitu zuen hizketan, eta lagunaren zorionari berea bakarrik nagusituko zitzaiola esanez, jakina. Bebarruan banatu egin ziren.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia