BERROGEITA HAMAZAZPIGARREN ATALA

 

        Ez zitzaion erraz gertatu Elizabethi ikaragarrizko bisita horrek sortu zion asaldura gainditzea; eta ordu asko eta askoan saiatu arren, ez zuen lortu elkarrizketa hura burutik kentzea. Zirudienez, bera eta Darcy jaunaren ustezko konpromisoa apurtzeko bakar-bakarrik hartua zuen Lady Catherinek Rosingsetik horra bidaiatzeko lana. Zentzuzko plana zen hori, bai horixe! Baina Elizabeth guztiz galduta zegoen, konpromisoaren gaineko esamesak nondik atera ote ziren; harik eta gogoratu arte Darcy jauna Bingleyren lagun mina zela, eta bera. Elizabeth, Janeren ahizpa, eta hori nahikoa zela halako ideia sortzeko, noiz-eta ezkontza bat aurrean izateak mundu guztia beste baten irrikatan jartzen zuen momentu batean. Berari ere ez zitzaion ezkutatzen ahizparen ezkontzatik aurrera sarriago elkartuko zirela biak. Eta Lucas Eneako auzoek, horrenbestez, (zeren, Elizabethek azkenean erabaki zuenez, esamesa hori Lucastarrek Collinstarrekin zuten harremanaren bidez heldu baitzitzaion Lady Catherinek), Elizabethek inoizko etorkizun batean gauza gertagarritzat irrikatutako hura, gertaera ia seguru eta berehalakotzat ezarri besterik ez zuten egin.

        Lady Catherinek esandakoak gogoan erabiltzean, hala ere, Elizabethek ezin zion eutsi zelanbaiteko egoneza sentitzeari, anderea bere horretan tematzeak ekar zitzakeen ondorioak zirela eta. Ezkontza galaraztera deliberatuta zegoela esana zuen, eta andereak bere ilobarengana jotzeko asmoa ibiliko zuela otu zitzaion Elizabethi; eta ez zen ausartzen pentsatzera zelan hartuko ote zuen Darcy jaunak berari Lady Catherinek egina berri zionaren pareko azalpen bat, alegia, Bennet andereñoarekin batzeak lotuta zekartzan gaitz guztiena. Elizabethek ez zekien Darcy jaunak bere izekoarengana zuen atxikimenduaren neurri xehatza, edo noraino zen emakumearen aburuen menpeko, baina gauza berezkoa zen pentsatzea gizonak hobeto iritziko ziola Lady Catherineri, berak baino; eta halako pertsona batekin ezkontzeak —alegia, senide hurbilenak senarraren senideen hain azpitik zituen pertsona batekin ezkontzeak— ekarriko zizkion zoritxarrak zenbatzean, Lady Catherinek alde ahulenetik erasoko zion Darcy jaunari, hori gauza jakina zen. Darcy jaunak duintasunaren gainean zeuzkan usteak kontutan hartuta, argudio horiek, Elizabethi hutsal eta barregarri iruditu zitzaizkionak, ziur aski oso zentzuzko eta arrazoi sendoetan oinarrituak begitanduko zitzaizkion gizonari.

        Darcy jauna lehenagotik ere zalantzatan ibili baldin bazen zer egin behar ote zuen jakin barik —eta halaxe ematen zuen sarritan— harako senide hurbilaren aholku eta erreguek duda oro uxatuko zuten, eta Darcy jauna behingoz bultzatuko lohirik gabeko duintasunak eman ziezaiokeen zoriontasunean bizitzera. Hala gertatuz gero, gizona ez zen gehiago itzuliko. Lady Catherinek hiritik pasatzean ikusiko zuen, beharbada; eta Darcy jaunak Bingleyri eginiko promes hura, Netherfieldera bihurtzekoa, hutsean geratuko zen.

        «Horrenbestez, hemendik egun gutxi barru lagunak aitzakiaren bat jasotzen badu agindutakoari ez eustea zuritzeko», gehitu zuen Elizabethek, «jakingo dut zelan ulertu. Alde batera utziko ditut bere sendotasunari buruzko esperantza guztiak, gurari guztiak. Nire oniritzia eta nire eskua lortu ahal zituelarik, ni galtzearen damu hutsarekin konformatzen bada, orduan niri ere joango zait laster bera galdu izanaren damu guztia».

        Familiako beste guztiak itzel harritu ziren bisitaria nor izan zen entzun zutenean; baina oso atseginak izan ziren, eta haiek ere konformatu ziren Bennet anderearen jakin-mina baretu zuen suposamendu bertsuarekin; eta, horrela, Elizabeth gai horren gaineko ziri askotatik libratu zen.

        Hurrengo goizean, eskailerak jaisten ari zela, aita bildu zitzaion, bere liburutegitik zetorrela gutun bat eskuan.

        «Lizzy», esan zuen, «zure bila nindoan; zatoz nire gelara».

        Hara jarraitu zion; eta aitak esan behar ziona zelanbait ere gutun horri lotuta zegoelako susmoak areagotu egin zuen Elizabethen jakingura. Bat-batean Lady Catherinena izan zitekeela otu zitzaion; eta eman beharko zituen azalpen guztiak susmatu zituen izu-larriaz.

        Sutondora jarraitu zion aitari, eta biak jesarri ziren. Orduan Bennet jaunak halaxe esan zion:

        «Gaur goizean ikaragarri harritu nauen gutun bat jaso dut. Gehienbat zurekin zerikusia duenez, haren edukiak ezagutu beharko zenituzke. Ez nekien bi alaba nituenik ezkon bidean. Utzidazu zorionak ematen oso konkista garrantzitsu bategatik».

        Izekoarena izan beharrean, karta hura ilobarena zen uste bete-betea ernatu zitzaion Elizabethi segituan, eta koloreak masailak tindatu zizkion; bestalde, ezbaian zegoen, ea poztu behar zen gizonak bere burua zelanbait azaltzen zuelako, ala haserretu, gutun hori berari zuzenduta ez zegoelako; orduan aitak honela ekin zion:

        «Jakinaren gainean zaudela ematen du. Zuek dama gazteok oso begi zorrotza duzue honelako kontuetarako; baina nik uste dut oraingoan zeure zuhurtziari berari ere egin ahal diodala erronka, ezetz asmatu mireslearen izena. Karta hau Collins jaunarena da».

        «Collins jaunarena! eta zer ote dauka berak esateko?»

        «Oso-oso harira datorren gauza bat, jakina. Hasteko, zorionak ematen dizkit nire alaba nagusiaren ezteiak direla eta, zeinen berri, dirudienez, Lucastar saltsari eta bihotz oneko horiek eman dioten. Ez dut zure ezinegonarekin jolastuko horretaz dioena irakurriz. Zuri dagokizuna honako hau da: "Gertaera zorioneko hori dela eta, Collins andereak eta nik neuk bihotz-bihotzez zorionak opa izanik, utzidazu orain zeharkako aipamentxo bat eransten beste gertaera baten kontura, zeinaren berri iturri berberek eman baitigute. Zure alaba nagusiak Bennetarren izena utzi duelarik, bere ahizpa Elizabethek, agi denez, ez du luzaro eroango aipatu deitura; eta hautatu duen patu-laguna berri honetako jaun handi eta argitsuenetako bat bezala mirets daiteke, arrazoi guztiz".»

        «Asmatu ahal duzu, Lizzy, beste honek zer esan gura duen?: "Zaldun gazte hori hilkizun garenon bihotzak gehien desira ditzakeen gauza guztiez dago bedeinkatua, manera berezi batean egon ere: ondasun bikainez, ahaide prestuez, eta babesle handiez. Alabaina, tentazio guztiok gorabehera, emadazu baimena zu eta nire lehengusina jakinaren gainean jartzeko zaldun honen proposamenei itsumustuan oratzeak ekar diezazkizuekeen gaitzez, zeren, jakina, zuen berezko gogoa proposamen horietaz istantean baliatzea izango baita".»

        «Baduzu ideiaren bat, Lizzy, zaldun hori nor ote den? Baina oraintxe dator».

        «Hara hemen zuek oharpean jartzeko zioa. Badugu arrazoirik pentsatzeko gizonaren izekoak, Lady Catherine De Bourghek, ez duela ezkontza hori begi onez ikusten».

        «Darcy jauna duzu gizona, ikusten duzu?! Nik uste, Lizzy, orain harritu egin zaitudala. Topo egin ahal zezakeen Collins jaunak, edo Lucasterrek, euren kontuari gezur usain handiagoa emango zion izenen batekin, gure ezaupidekoen artean? Nor eta Darcy jauna, emakume bati sekula begiratzen ez diona, akatsa ikusteko ez bada, eta ziur aski bere bizitza osoan behin ere begiratu ez dizuna!»

        Elizabeth aitaren ateraldiarekin bat egiten saiatu zen, baina irribarre zeharo gogoz bestekoa itxuratzea baino ez zuen lortu. Ordura arte Bennet jaunak sekulan ez zuen bere txispa bideratu Elizabethi hain desatsegina zitzaion moduan.

        «Ez zaizu barregarria iruditzen?»

        «O, bai! Arren, segi irakurtzen».

        «Bart gauean Lady Catheriner ezkontza hori gertatzeko aukera asko zirela aipatu genionean, andereak, ohi bezain hurbilerraz, auzi horretaz uste zuena adierazi zuen berehalakoan; eta orduan agerian geratu zen ezen, nire lehengusinaren familiari buruzko zenbait eragozpen zirela medio, Lady Catherinek ez zuela sekula onetsiko berak horren ezkontza laidogarria deitu zion hori. Iruditu zitzaidan eginbide nuela nire lehengusina ahalik eta lasterren guzti honen jakitun jartzea, hartara bera eta bere miresle prestua ohar daitezen zertan dabiltzan, behar bezala onetsia izan ez den ezkontza batera itsumustuka abiatu barik.» «Collins jaunak are gehiago dio»: «Bozkarioz betetzen nau, zinez, nire lehengusina Lydiaren kontu zorigaiztoko hori hain ondo estali izanak, eta antsia bakarra dut, alegia, ezkontza burutu baino lehenago gazte biak elkarrekin bizitzen egon zirena horrenbeste zabaldu izana. Halaz guztiz, ezin ditut nire egoerak atxikirik dituen eginkizunak ahaztu, edo neure harridura adieraztetik gibeleratu, bikote gaztea ezkondu bezain laster zeure etxean hartu zenituela entzutean. Galgiroa epeltzea izan zen hori; eta Longbourneko erretorea izan banintz, kontra egingo niokeen, lehiatuki egin ere. Kristau legera barkatu beharko zenituzke, noski, baina ez zenituzkeen zure begien aurrean sekula onartu behar, edo haien izenik zure belarrira hel zedin utzi.» «Horrelaxe aditzen du Collins jaunak kristau barkamena! Kartaren gainerakoan bere Charlotte maitearen egoeraz dihardu, gure lehengusuaren etxean olibondo kimu berria sortuko da eta. Baina Lizzy, badirudi ez zaizula barregarria iruditzen. Ez zara izango hain Anddereñoa, eta esamesa hutsal bategatik mindu. Zertarako bizi gara, auzokoek gure kontura ondo pasatzeko, eta, txanda datorkigunean, guk haien lepotik barre egiteko hain?»

        «O!» egin zuen Elizabethek aldarri, «itzelezko barregura ematen dit. Baina hain da bitxia!

        «Bai, horrexegatik duzu horren dibertigarria. Beste gizon batean jarri balute begia, hutsa izango zen; baina haren erabateko indiferentziak, eta zeure ezinikusi nabariak, hain taxugabeko gauza osatzen dute, zoragarria da! Gorroto diot idazteari, baina Collins jaunarekiko korrespondentzia ez nuke ezertara ere moztuko. Kontrara, haren gutun bat irakurtzen dudanean, lehentasuna eman behar diot ezinbestean, are Wickhamen beraren gainetik ere, nahiz eta nire suhiaren lotsagabezia eta zurikeria oso-oso goi ditudan. Eta esan, Lizzy, arren, zer esan zuen Lady Catherinek zurrumurru honetaz? Bere baimena ukatzeko etorri zen?»

        Itaun horri alabak barre batekin baino ez zion erantzun; eta galderak susmo txikienaren arrastorik ez zeramanez, ez zen larritu aitak errepikatu zuenean. Elizabethi inoiz ez zitzaion hain gaitza izan bere sentimenduak benetan zirenaz bestera agertzea. Negar egin gura zuenean, barre egin beharra zegoen. Aitak Darcy jaunaren indiferentziaz esan zuenak ankerki hilduratu zuen, eta Elizabeth Bennet jaunaren zuhurtasun falta horretaz miretsi besterik ezin zen egin, edota beldurtu, ea aitak gutxiegi ikusi beharrean, ez ote zen izango bera, Elizabeth, gehiegi imajinatu zuena.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia