BERROGEITA HAMASEIGARREN ATALA

 

        Goiz batean, Bingley eta Janeren konpromisoa eratu eta handik astebetera edo, gizona eta familiako emakume guztiak egongelan jesarrita zeudelarik, bat-batean kotxe baten soinuak leihorantz eraman zuen guztien arreta; eta lau zaldiko kalesa bat hauteman zuten belardian gora. Goizean goizegi zen bisitarientzat, eta gainera, bide-hornidurak ez ziren inongo auzokorenak. Zaldiak postakoak ziren; eta ez kotxea, ez aurretik zihoan zerbitzariaren jantzia, ez zitzaien ezagun egiten. Edozelan ere, gauza segurua zenez norbait bazetorrena, Bingleyk segituan konbentzitu zuen Bennet andereñoa etorrera horrek ekarriko zien itxialdia saihesteko, eta berarekin habetxotara paseatzen joateko. Abiatu ziren biak, eta han geratutako hirurek susmoka eta usteka jarraitu zuten, atsegin gutxirekin baina, harik eta atea zabal-zabal egin eta bisitaria sartu zen arte. Lady Catherine De Bourgh zen.

        Harritzeko prest zeuden guztiak, noski; baina haien zurdura usteetatik haranzkoa izan zen; eta Bennet anderea eta Kittyrena, andere hori erabat ezezaguna bazitzaien ere, ez zen Elizabethena bezain handia izan.

        Jite ohi hain desatseginagoaz sartu zen gelan, Elizabethen agurrari buru makurtze arinxe bat beste arraposturik ez zion eman, eta berba bat esan batik jesarri zen. Anderea sartzearekin batera, Elizabethek haren izena aipatu zion bere amari, andereak aurkeztua izateko inongo eskabiderik egin ez bazuen ere.

        Bennet andereak, harri-harri eginda, baina esne mamitan hain gonbidatu garrantzitsua izateagatik, gizalege handienaz egin zion harrera. Pittin batean isilik jesarrita egon ondoren, andereak, oso latz, hala esan zion Elizabethi:

        «Zu ondo izatea espero dut, Bennet andereñoa. Dama hori zure ama da, suposatzen dut».

        Elizabethek baietz erantzun zion oso labur.

        «Eta hori zure ahizpetako bat, suposatzen dut».

        «Bai, anderea», esan zuen Bennet andereak, pozez gainezka lady Catherine batekin mintzatzeagatik. «Nire bigarren neska gazteena da. Gazteena ezkondu berri da, eta nagusia zelaietan dabil nonbait, gazte batekin paseoan, uste dudanez familiako partaide bihurtuko dena luze barik».

        «Oso parke txikia duzue hemen», itzuli zion lady Catherinek isilune labur baten ostean.

        «Ez da ezer Rosingsen ondoan, ene Ladya, hori esango nuke; baina zinez diotsot berorri Sir William Lucasena baino askoz ere handiagoa dela».

        «Egongela honek guztiz deserosoa izan behar du iluntzerako uda partean; leihoak mendebalde begi daude».

        Bennet andereak ziurtatu zion afalostean ez zirela inoiz hor jesartzen; eta gero hauxe erantsi zuen:

        «Galde ahal niezaioke, zilegi baldin badut, ea Collins jaun-andereak ondo utzi dituen berorrek?»

        «Bai, oso ondo. Herenegun gauean ikusi nituen».

        Elizabethek uste zuen andereak orduan Charlotteren karta bat aterako zuela berarentzat, horrexek baitzirudien bisitaren arrazoi itxurazko bakarra. Baina ez zen kartarik azaldu, eta Elizabeth erabat nahastuta geratu zen.

        Bennet andereak, guztiz gizalegetsu, ahamentto bat hartzeko erregutu zion lady Catherineri; baina andereak, oso erabakitsu —baina ez oso modu onez— uko egin zion ezer jateari. Eta orduan zutundu eta hala esan zion Elizabethi:

        «Bennet andereñoa, zuen belardiaren alde batean zati basaxka pollit bat zegoela iruditu zait. Pozik egingo nuke hortik osteratxo bat, zure konpainiaren oparia egingo bazenit».

        «Joan, ene maitea», hots egin zuen amak, «eta erakutsi ibilbide desberdinak lady Catherineri. Baseliza oso atsegin izango zaiola uste dut».

        Elizabethek obeditu zuen, eta goardasolaren bila bere gelara arineketan joan ondoren, beheko solairura lagundu zion gonbidatu itzaltsuari. Bebarrutik igaro zirelarik, Lady Catherinek bazkal gela eta egongelako ateak zabaldu zituen, eta gain-begirada arin bat emanda, eta gela moduzkoak zirela adierazi ondoren, aurrera jarraitu zuen.

        Damaren kotxea atean zegoen artean ere, eta Elizabethek andere zerbitzaria ikusi zuen barruan. Isilik abiatu ziren harri txintxarrezko bidean barrena, basoñorantz; Elizabeth deliberatuta zegoen inongo ahaleginik ez egitera emakume harekin solasean hasteko, ohi baino burgoi eta desatseginago zegoen eta.

        «Zelan pentsatu ahal izan dut inoiz bere ilobaren modukoa dela?» esan zuen, aurpegira so egiten ziola.

        Basora sartu zirenarekin batera, honako modu honetan hasi zen Lady Catherine:

        «Ezin duzu zalantzarik izan, Bennet andereñoa, nik honaino bidaiatzearen arrazoiaz. Zeure bihotzak, zeure kontzientziak esan behar dizu zergatik etorri naizen».

        Elizabethek zinezko harridura agertu zuen.

        «Oker dago, benetan, anderea. Ez naiz inondik ere gai izan berori berton ikusteko ohorearen zergatia azaltzeko».

        «Bennet andereñoa», arrapostu zuen Lady Catherinek, haserre antzean, «jakin beharko zenuke niri ez zaidala iseka egiten. Baina barru-zuri izatea aukeratu gura baduzu ere, ni ez nauzu horrela arituko. Nire izaerari betidanik goraipatu izan zaio bere egiazaletasuna eta argi hitz egiteko joera, eta honen munta handiko kausa batean, ez naiz, ez, jokamolde horretatik apartatuko. Zeharo esamesa asaldagarriak iritsi zitzaizkidan orain egun bi. Esan zidaten ez dela zure ahizpa ezkontzekotan dagoen bakarra, abantailarik handienaz ezkontzeko egon ere, baina horren ondoren zu zeu ere, Bennet andereñoa, batuko zarela, ziur-ziurrenik, nire ilobarekin, neure iloba Darcy jaunarekin. Nahiz eta eskandaluzko faltsukeria izan behar duela dakidan; nahiz eta nire ilobari halako gauza bat egia izan litekeela suposatzeko irain handia ez niokeen egin nahi, istantean erabaki nuen honantz abiatzea, zu nire sentimenduen jakitun jartzeko».

        «Ezina iruditzen bazitzaion egia izatea», esan zuen Elizabethek, harriduraz eta destainaz gorrituz, «miragarria da honaino etortzeko nekea hartu izana. Zein xede ote zuen berorrek?»

        «Behingoan insistitzea esamesa horiek guztiz eta erabat gezurta ditzazun».

        «Berori Longbournera etortzea, ni eta nire familia ikustera», esan zuen Elizabethek hotz, «gehiago da esamesok sendotzea; halako esamesarik baldin bada, behintzat».

        «Baldin bada! Ez jakinarena egin gura duzu orain? Ez al dituzue zuek zeuok lehiatuki zabaldu? Ez al dakizu esamesa horiek bala-bala dabiltzala?»

        «Ez dut sekula horren berririk izan».

        «Eta adierazi ahal duzu, era berean, ez daukatela inongo oinarririk?»

        «Nik ez dut berorrek bezain garbi hitz egiteko hantusterik. Beharbada nik ez ditut erantzun gura izango berorrek egiten dizkidan galderak».

        «Hau jasanezina da. Bennet andereñoa, berriro diotsut erantzun garbia nahi dudala. Egin al dizu, egin al dizu nire ilobak ezkontzeko proposamenik?»

        «Hori ezina dela adierazi du berorrek».

        «Hala izan beharko luke; hala izan behar du, bere senean den artean. Baina beharbada halako xoraldi batean zeure jukutria eta xarmek ahaztarazi egingo zioten zer zor dien bere buruari eta familiari. Tutulikatu egingo zenuen agian».

        «Halakorik egin banu, azken pertsona izango nintzateke aitortzeko».

        «Bennet andereñoa, zuk badakizu nor naizen ni? Ez nago honelako berbakerara ohituta. Munduan duen seniderik ia-ia hurbilena naiz, eta bere kontu laztanenak ere ezagutzeko eskua daukat».

        «Baina ez neureak ezagutzeko eskurik; eta honelako portaerak ez nau inoiz bultzatuko ezer argitzera».

        «Ulertuidazu ondo. Ezkontza hori, zure handinahi horrekin bilatzen zabiltzan hori, ezin da sekula burutu. Ez, sekula ere ez. Darcy jauna neure alabari dago hitz emanda. Zer diozu orain?»

        «Hau bakarrik: hori hala baldin bada, orduan berorrek ez duela inongo arrazoirik Darcy jaunak niri proposamenik egingo didala suposatzeko».

        Lady Catherine zalantzan geratu zen lipar batez, eta gero hau arrapostu zion:

        «Bien arteko konpromisoa berezia da. Txiki-txikitatik dira biak elkarrenganako. Gizonaren amaren gurari kutuna zen, baita emakumearen amarena ere. Sehaskan zirelarik planeatu genuen elkar hartze hori. Eta orain, ahizpa bien gogoa ezkontza horretan betetzekotan zegoenean, jatorri xeheko gazte batek, munduan inongo joan-etorririk ez duenak, eta gure etxearekin inolako loturarik ez daukanak, gure asmo hori galaraztea! Ez dituzu ezertan hartzen haren lagunen gurariak? Ez duzu ezertan hartzen De Bourgh andereñoarekin duen isilpeko konpromisoa ere? Galdu al duzu egokitasun eta delikadeziaren zentzu guztia? Ez al didazu entzun haren lehen-lehen orduetatik Darcy jauna bere lehengusinarentzako zegoela?»

        «Bai, eta banuen entzunda lehendik ere. Baina zer doakit niri? Ni berorren ilobarekin ezkontzeko beste eragozpenik ez badago, ez nau, ez, horretatik gibeleratuko haren ama eta izekoak bera De Bourgh andereñoarekin ezkontzea gura izanak. Ezkontza planeatzearekin dama horiek euren esku zegoen guztia egin zuten. Asmo horiek betetzea besteren menpe zegoen. Ohoreak edo berezko joerak Darcy jauna bere lehengusinari lotuta ez baldin badute, zergatik ez du egingo beste aukera bat? Eta ni baldin banaiz aukera hori, zergatik ez dut onartuko?»

        «Ohoreak, dekoroak, zentzutasunak, eta are gehiago, interesak debekatzen duelako. Bai, Bennet andereñoa, interesak; zeren, haren familiaren eta lagun guztien gogoaren kontra jokatzen baduzu zeure borondatez, ez pentsa gutako inork aintzat hartuko zaituenik. Harekin lotura duen guztiak gaitzetsi, gutxiritzi eta mesprezatuko zaitu. Zuen aliantza zorigaiztokoa izango da; zure izena aipatu ere ez da egingo sekula gure artean».

        «Zoritxar pisuak dira horiek», arrapostu zuen Elizabethek. «Baina Darcy jaunaren emazteak hain zorion iturri miragarriak izan behar ditu bere egoerari ezinbestean loturik non, oro har, ezin baitu nahigabetzeko arrazoirik izan».

        «Neska egoskor, burugogorra! Lotsa naiz zutaz! Hau al da joan den udaberrian egin nizkizun begiramenen eskerrona? Ez didazu ezer zor horregatik?

        Jesar gaitezen. Ulertu behar duzu, Bennet andereñoa, neurea ateratzeko erabaki sendoaz etorri naizela; eta inork ez dit hori burutik kenduko. Ez nago ohituta inoren apetara makurtzera. Ez dut inoiz dezepziorik pairatzeko ohiturarik izan».

        «Horrek errukarriago egingo du berorren egoera orain; baina nigan ez du eraginik izango».

        «Ez dut berba mozterik onartuko. Entzun isilik. Gure alaba eta gure iloba elkarrentzat eginda daude. Amaren etxetik aiton semeen erro berberen ondorengoak dira; eta, aitaren etxetik, berriz, familia agurgarri, ohoretsu, eta zahar, nahiz titulugabeen, ondokoak. Alde batean zein bestearen fortunak miragarrizkoak dira. Bien etxeko senide bakoitzaren ahotsak elkarrentzako nahi ditu biak; eta zerk banatuko ditu? Ez familiarik ez harremanik edo fortunarik ez duen gazte baten nahikeria handigurak. Jasatekoa ote da hori? Baina ezin da, ez da izango. Zeure onerako pixka bat pentsatuko bazenu, ez zenuke nahi izango hezia izan zaren mailatik irten».

        «Berorren ilobarekin ezkontzeaz ez nuke pentsatuko neure maila utzi dudanik. Zalduna da bera; zaldunaren alaba naiz ni; horraino berdin gara».

        «Egia. Zaldunaren alaba zara. Baina nor zen zure ama? Nortzuk dira zure izeko-osabak? Ez pentsa gizonaren bizibidearen ezjakinez nagoenik».

        «Nire senideak direnak direlarik ere», esan zuen Elizabethek, «berorren ilobak eragozpenik jartzen ez badie, ez diote zertan ardura izan berorri».

        «Esadazu behingoz, hitz emanda zaude gure ilobarekin?»

        Lady Catherineri gustua emate hutsagatik, Elizabethek ez zuen galdera hura erantzungo; baina, une batez gogoeta egin eta gero, esan behar izan zuen:

        «Ez, ez nago».

        Lady Catherine pozik azaldu zen.

        «Eta aginduko didazu ez duzula sekula halako konpromisorik hartuko?»

        «Ez dut halakorik aginduko».

        «Bennet andereñoa, baldituta eta zur eta lur nauzu. Gazte burutsuago bat aurkituko nuelakoan nengoen. Baina ez engainatu zeure burua nik beti ere gaitzetsiko dudan gauza baten esperoan. Galdatu dizudan ziurtasuna eman arte, ez naiz joango».

        «Bada, ez diot, ez, inoiz emango. Inork ez nau beldurtuko horren gauza zentzugabea egiteraino. Darcy jauna berorren alabarekin ezkontzea gura du berorrek; baina berorrek nahi duena aginduko banio, ziurtaturik geratuko al litzateke haien ezkontza zelanbait ere? Nik bere eskua ez onartzeak, bultzatuko ote luke Darcy jauna esku hori lehengusinari eskaintzera, neuri atxikita baldin badago? Utz biezat esaten, Lady Catherine, eskabide xelebre hau sendotzeko erabili dituen argudioak kaskarinak izan direla, eskabidea bera lekuz kanpokoa izan den bezala. Alderik alde erratu da nire izaerarekin, honelako etsibideek eraginik sortuko didatela pentsatzen badu. Noraino onetsiko ote lukeen berorren ilobak berori haren aferetan sartzea, hori ezin dezaket nik esan; baina nireez arduratzeko eskubiderik ez du, inolaz ere. Erregutu behar diot, hortaz, gai horrekin berriro ez gogaitzeko».

        «Ez hain azkar, plazer baduzu. Ez dut bukatu, inondik inora. Zeure begien aurrera ekarri ditudan eragozpen guztiez gainera, badut oraindik beste bat gehitzeko. Ez zaizkit arrotz zure ahizpa txikiaren ihes laidotsuaren xehetasunak. Dena dakit; gizon gazte hori harekin ezkontzea sasi-konponketa bat izan zela, zure aita eta osabaren pentzura egindakoa. Eta halako neska bat izango da gure ilobaren arreba? Haren senarra izango du anaia, bere aita zenaren etxezainaren semea? Zeru-lurrak! Zertan zaude pentsatzen? Horrela lohituko al dira Pemberleyko itzalak?

        «Orain ezin zaio geratu ezer gehiago esateko», erantzun zuen Elizabethek minduta. «Izan litezkeen era guztietara egin dit irain. Etxera itzultzeko erregutu behar diot».

        Eta hori zioela, altxatu egin zen. Lady Catherine ere zutundu zen, eta bueltan joan ziren. Ladya sutan zegoen.

        «Ez duzu orduan ezertan hartzen gure ilobaren ohorea eta izen ona! Neska zeurekoia, bihozgogorra! Ez al zara konturatzen zuri lotzeak mundu guztiaren begigoa ekarriko diola?

        «Lady Catherine, ez daukat ezer gehiago esateko. Ezagutzen ditu berorrek neure sentimenduak».

        «Deliberatuta zaude gure iloba lortzera?»

        «Nik ez dut halakorik esan. Bakarrik nago deliberatuta nire ustetan zoriona emango didan moduan jokatzera, berori, edo nirekin hain zerikusi ezdeusa duen ezein pertsona, aintzat hartu barik».

        «Ondo da. Uko egiten diozu, beraz, nire oldea egiteari. Uko egiten diozu eginbeharrak, ohoreak eta eskerronak eskatzen dutenera makurtzeari. Deliberatuta zaude gizona bere lagun guztien begietan hondatzera, eta munduaren mesprezagarri egitera».

        «Ez eginbeharrak, ez ohoreak, ez eskerronak ere», arrapostu zuen Elizabethek, «ez dute nigan inolako eskumenik kasu honetan. Ni Darcy jaunarekin ezkontzeak ez du gauza horiei lotutako printzipiorik zapalduko. Eta bere familiaren suminari, edo munduaren gaitzidurari dagokionez, lehenengoak gure ezkontzarekin asaldatzen badira, horrek ez nau une batez ere kezkatuko, eta mundua, oro har, zentzuzkoegia da erdeinu horretan bat egiteko».

        «Eta hau da zure benetako iritzia! Hauxe zure azken burubidea! Oso ondo. Badakit orain zelan jokatu. Ez pentsa, Bennet andereñoa, zure goranahiak inoiz beteko direnik. Zu proban jartzera etorri naiz. Arrazoizkoa izango zinelakoan nengoen; baina egon seguru neurea aterako dudala».

        Horrela jarraitu zuen hizketan Lady Catherinek, harik eta kotxeko atearen aurrean jarri ziren arte; orduan, ziztuan jiratuz, hauxe erantsi zuen:

        «Ez dizut diosalik egiten, Bennet andereñoa: ez dizut zure amarentzako eskumuinik ematen. Ez duzu halako adeirik merezi. Oso nahigabetuta nago, zinez».

        Elizabethek ez zuen erantzunik eman; eta Lady Catherine etxera itzultzeko konbentzitzen saiatu barik, bertaraxe abiatu zen lasai-lasai. Eskaileretan gora aurreratzen zuela, kotxea handik aldentzen entzun zuen. Ama jantzi-gelako atean elkartu zitzaion, ezinegonean eta Lady Catherinez galdezka, ea zergatik ez zetorren berriro etxera atsedena hartzen.

        «Ez du gura izan», esan zuen alabak, «joan egin nahi zuen».

        «Oso itxura ederreko emakumea da! Eta bisitan etortzea miragarri gizalegetsua izan da! Zeren, Collinstarrak ondo daudela esateko bakarrik etorriko zen, suposatzen dut. Nonbaiterako bidean egongo da, esango nuke, eta Merytonetik pasatzean, bidenabar bisita egin ahal zizula pentsatuko zuen. Ez zizun apartekorik esan behar, ezta, Lizzy?»

        Hor Elizabethek gezur txiki bati eman behar izan zion amore; izan ere, ezina zuen haien elkarrizketaren funtsa aitortzea.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia