BERROGEITA HAMABOSGARREN ATALA

 

        Bisitatik egun batzuetara, Bingley jauna berriz etorri zen, eta bakarrik. Bere laguna Londresera joana zen goiz horretan, baina hamar egunen buruan itzuliko zen etxera. Bingley jauna ordubetez-edo egon zen haiekin jesarrita, eta zeharo gogo alaian. Bennet andereak eurekin bazkaltzera gonbidatu zuen; baina, damu adierazpen ugarirekin, beste nonbaiten konprometituta zegoela aitortu zuen.

        «Hurren zatozenean», esan zuen, «zorte hobea izan dezagun espero dut».

        Poz handiz geratuko zen beste edozein egunetan etab. etab. eta Bennet andereak horretarako eskurik emanez gero, lehenengo aukeraz baliatuko zen eskumuinak ematen etortzeko.

        «Bihar etor zaitezke?»

        Bai, biharko ez zuen batere konpromisorik; eta gogotsu onartu zuen gonbidapena.

        Etorri zen, eta hain ordutsu, dama guztiak jantzi batik egon zirela. Bennet anderea korrika batean sartu zen alabaren gelara, bata jantzita eta ilea apaintzen amaitu batik, alaurika zera ziotsola:

        «Ene Jane maitea, lehia zaitez eta jaitsi azkar. Etorri da... Bingley jauna etorri da. Etorri egin da, alajaina. Lehia zaitez, lehia zaitez. Hona, Sarah, etorri Bennet andereñoarengana oraintxe berton, eta lagunduiozu soinekoarekin. Bost axola Lizzy andereñoaren ilea».

        «Ahalik eta lasterren jaitsiko gara», esan zuen Janek; «baina Kitty gutako edozein baino aurreratuago dabilela esango nuke, orain dela ordu erdia igo du eta».

        «O! Berakatzak Kittyrentzat! Zein zerikusi dauka berak honekin? Tira, azkar ibili, azkar! Non da zure gerrikoa, ene maitea?

        Baina ama joan zenean, ezin izango zuen inork Jane konbentzitu ahizparen bat goian utzita jaisteko.

        Biak bakarrik uzteko grina berbera nabarmendu zen ostera ere iluntzean. Tearen ondoren, Bennet jauna liburutegira bildu zen ohi bezala, eta Mary gora joan zen pianoa jotzera. Bost oztopoetatik bi hala kenduta, Bennet anderea Elizabeth eta Catherineri ibili zitzaien so eta keinuka tarte luzetxoan, batarengan ez bestearengan inongo eraginik sortu barik. Elizabethek ez zion begi eman; eta Kitty azkenean ohartu zenean, hala esan zion laino-laino, «Zer gertatzen da amatxo? Zertarako zaude niri keinuka? Zer egiteko naiz?»

        «Ezer ere ez, ume, ezer ere ez. Ez nengoen zuri keinuka». Orduan beste bost minutu eman zuen hor jesarrita; baina halako aukera baliotsua galdu ezinik, bat-batean zutitu zen, eta Kittyri zera esaten ziolarik:

        «Etorri, bihotza, berba egin nahi dut zurekin», gelatik atera zuen alaba gaztea. Janek Elizabethi begiratu zion istantean, eta bere begiradan premeditazio horren nahigabea ageri zen, bai eta Elizabethek amore ez emateko erregua ere. Handik minutu batzuetara, Bennet andereak atea zirt ireki eta dei egin zuen:

        «Lizzy, ene maitea, zurekin hitz egin nahi dut».

        Elizabethek joan behar izan zuen.

        «Eurak euretara utz ditzakegu ederki asko, badakizu;» esan zuen amak atartean jarri zirenarekin batera. «Kitty eta biok gora goaz nire jantzi-gelan jesartzera».

        Elizabethek ez zuen amarekin arrazonatzeko ahaleginik egin, baina atartean geratu zen isil-isilik, harik eta Bennet anderea eta Kitty begietatik galdu arte, eta orduan egongelara itzuli zen.

        Bennet anderearen planak alferrik suertatu ziren egun horretan. Bingleyk munduko xarma guztiak zituen, bere alabaren maitale aitortua izatea salbuetsiz. Bere nasaiera eta eite alaiagatik, gizona guztiz partaide atsegina zen iluntzeko bileretarako; eta amaren jokaera suntsun eta sen gutxikoa jasatean eta haren iruzkin tentel guztiak entzutean erakusten zuen eroapena, bai eta aurpegierari eusteko ahalmena ere bereziki eskertzekoak iruditzen zitzaizkion alabari.

        Bingleyk apenas behar izan zuen gonbidapenik afaltzen geratzeko; eta joan zenerako eginda zegoen konpromisoa biharamunean Bennet jaunarekin ehizan egitera joateko, konpromiso hori gehienbat Bingleyren eta Bennet anderearen artean eratu bazen ere.

        Egun hartaz geroz, Janek ez zuen besterik esan bere indiferentziaz. Ahizpa bien artean ez zen Bingleyri buruzko hitz bat ere gurutzatu; baina oheratu zenean, Elizabeth auzi guztia berehalaxe bukatuko zelako uste pozgarrian zegoen, hori baldin eta Darcy jauna uste baino lehenago itzultzen ez bazen behintzat. Serio pentsatuta, hala ere, nahikoa ziur zegoen hura guztia Darcy jaunaren onespenaz gertatzen ari zela.

        Bingley txintxo joan zen bere zitara; eta berak eta Bennet jaunak elkarrekin eman zuten goiza, erabakia zegoen legez. Etxeko jauna bere ehiza-lagunak espero baino askoz ere atseginago egon zen. Bingleyrengan ez zen batere hantuste edo txorakeriarik, Bennet jaunaren iseka sortu edo haserrearen haserrez gizona isiltzera bultza zezakeenik; eta Janeren aita inoizko berritsuen egon zen, eta sekula baino bitxikeria gutxiago egin eta esan zuen. Bingley berarekin itzuli zen bazkaltzera, noski; eta iluntzean Bennet anderearen gonbitea abian jarri zen ostera ere, mundu guztia gizonaren eta Janeren ondotik aldentzeko. Elizabethek gutun bat idatzi behar zuen, eta tearen ondotxoan gosari-gelara joan zen horretarako; izan ere, beste guztiak kartetan jokatzera zihoazenez, ez zen bere beharrik izango amaren planei aurka egiteko.

        Baina gutuna amaitu ondoren egongelara bihurtu zenean, Elizabethek, bere harridura itzelerako, zera ikusi zuen, bazela arrazoirik susmatzeko ama zuhurregia izan zela beretzat. Atea zabaltzean Bingley eta bere ahizpa ikusi zituen, zutik sutondoaren alboan eta ardura handiko hizketan bezala; eta horrek susmorik sortu ez balu, sastakoan burua itzuli eta elkarrengandik aldentzean biek jarri zituzten aurpegiak nahikoak izango ziren guztia esateko. Haien egoera aski deserosoa zen; baina Elizabethek uste zuen berea txarragoa zela. Inork ez zuen fitsik ere esan; eta Elizabeth berriz ere joatekotan zegoela, halako batez Bingley jauna, bestea bezala jesarri berria baitzen, lekutik altxatu eta, haren ahizpari hitz batzuk ahopeka esanda, gelatik atera zen lasterka.

        Isilpekoak kontatzeak atsegina eman ahal zuenean, Janek ezin zion ezer ezkutatu Elizabethi; eta ahizpa segituan besarkatuz, munduko kriaturarik zoriontsuena zela aitortu zion, bihotza zabal-zabalik.

        «Gehiegi da hau! erantsi zuen, «askorekin gehiegi. Ez dut merezi. O! zergatik ez da mundu guztia honen zoriontsua?»

        Hitzek trakeski baino ez lukete adieraziko zein barrutik, zein bero eta zein pozik eman zizkion Elizabethek zorionak. Esaldi txeratsu bakoitza zorion iturri berria zen Janerentzat. Baina artean ez zion bere buruari baimenik eman nahi ahizparekin gelditzeko edo esateke zegoenaren erdia ere esateko.

        «Amarengana joan behar dut oraintxe berton;» hots egin zuen. «Inondik ere ez nituzke haren kezka amultsuak barregarri hartuko; eta ez nuke ezelan ere onartuko berria beste inoren ahotik entzutea. Bingley aitarengana joan da. O! Lizzy, kontatu behar dudanak nire familia maite osoari horrenbesteko poza emango diola jakitea! Zelan eramango dut honenbesteko zoriona!»

        Orduan amarengana lehiatu zen. Hau, jokorako taldea apropos hautsita, Kittyrekin zegoen goian jesarrita.

        Elizabeth bakarrik geratu zen, eta irribarretsu, hainbeste hilabetetan barrena ezinegona eta atsekabea baizik eman ez zien afera hura, azkenean zein azkar eta zein eroso erabakiko zen ikusita.

        «Eta hau da», esan zuen, «haren adiskidearen begiramendu kezkati guztien amaiera! Haren arrebaren faltsukeria eta amarru guztiena! Denik eta amaiera zoriontsu, zentzuzko eta arrazoizkoena!»

        Handik minutu batzuetara Bingley elkartu zitzaion, aitarekin elkarrizketa labur eta onuratsua izan ostean.

        «Non da zure ahizpa?» esan zuen presaka, atea zabaltzearekin batera.

        «Amarekin goian. Berehalaxe jaitsiko dela uste dut».

        Orduan gizonak atea itxi eta, Elizabethengana hurbilduz, arreba baten maitasuna eta gurari onak erreklamatu zizkion.

        Elizabethek bihotzez eta gogotsu adierazi zion bere poza euren artean hasteko zen harremanaren aurrean.

        Elkarri eman zioten bostekoa bihotz-bihotzetik; eta ahizpa jaitsi zen arte, Elizabethek entzun behar izan zuen Bingleyk bere zorionaz eta Janeren perfekzioaz esateko zeukan guztia; eta gizon maitemindua izan arren, Elizabethek zinez sinetsi zuen haren zorion itxaropen guztiak arrazoizkoak zirela, Janeren adimendu bikaina eta izaera txit bikaina baitzeukaten oinarritzat, bai eta bien sentimendu eta gustuen arteko antzekotasun orokorra ere.

        Ohi ez bezalako bozkarioa izan zen gau horretan guztientzat; Bennet andereñoaren poz beteak halako distira bizi eta eztia ematen zion bere aurpegiari, inoizko ederren ageri baitzen. Kitty irriño-mirriño zegoen, eta barrexka, eta bere txanda laster helduko zen esperantzatan. Baimena emateko edo bere onespena adierazteko orduan, Bennet andereak ez zuen bere sentimenduak betetzeko moduko hitz berorik aurkitu, nahiz eta ordu erdian ez zion Bingleyri beste ezertaz hitz egin; eta Bennet jauna afaritarako bildu zitzaienean, bere ahots eta moduek argi eta garbi erakutsi zuten zein zoriontsua zen.

        Hitz bat ere ez zen haren ezpainetatik atera, hala ere, harik eta bisitariak gabon esan zien arte; baina Bingley joan bezain laster, Bennet jauna alabari buruz jarri eta hala esan zion:

        «Zorionak, Jane. Oso emakume zoriontsua izango zara».

        Jane aitarengana joan zen laster batean, muin egin, eta eskerrak eman zizkion hain ona izateagatik.

        «Neska ona zara;» arrapostu zion, «eta atsegin handia hartzen dut hain zori handitan ezarriko zarela pentsatzean. Ederki moldatuko zarete elkarrekin, dudarik ez dut. Zuen izaerak ez dira inondik ere desberdinak. Hain zaudete biok besteen nahiari begira, ezin izango baituzue inoiz ezer erabaki; hain lauak, zerbitzari guztiek iruzur egingo baitizuete; eta hain eskuzabalak, beti gaindituko baitituzue zuen diru-sarrerak.

        «Halakorik ez gertatzea espero dut. Diru kontutan buruarina eta axolagabea izatea barkaezina litzateke nigan».

        «Beren diru sarrerak gainditzea! Ene Bennet jaun maitea», hots egin zuen haren emazteak, «zertan zabiltza? Hara, urteko lauzpabost mila dauka, eta gehiago ere bai, ziurrena». Gero, alabari zuzenduz, «O, ene Jane maite-maitea, hain naiz zoriontsu! Ziur naiz gau osoan ez dudala lo kuku bat ere egingo. Banekien zelan amaituko zen. Beti esan dut azkenean honela izango zela. Ziur nintzen ezin zinela hain ederra izan hutsaren truke! Gogoan dut zelan Bingley ikusi bezain laster, iaz Hertfordshirera lehenengoz etorri zenean, zelan pentsatu nuen oso gauza gertagarria zela zuek biok elkarrengana biltzea. O! inoiz ikusi den mutilik ederrena da».

        Wickham, Lydia, ahaztuta geratu ziren. Jane amaren ume kutuna zen, inongo lehiakiderik gabea. Une horretan berdin zitzaizkion beste guztiak. Ahizpa gazteak berehala hasi ziren euren interesen alde egiten, hots, Janek etorkizunean eskuratu ahal izango zizkien zorionezko objektuak eskatzen: Maryk Netherfieldeko liburutegia erabiltzeko eskaera egin zion; eta Kittyk, berriz, neguro dantzaldi batzuk antolatzeko erregutu zion bizi-biziki.

        Hortik aurrera, Bingley jauna eguneroko bisitaria izan zen Longbournen, jakina; sarritan gosaldu aurretik etortzen zen, eta afalostera arte geratzen zen beti; hori baldin eta auzoko barbaroren batek, merezi bezain gorrotatua inoiz izango ez zenak, bazkaltzeko gonbitea luzatzen ez bazion, eta Bingleyri nahitaez onartu beharreko gonbidapena begitandu.

        Orain Elizabethek ia ez zuen astirik ahizparekin solastatzeko; izan ere, Bingley aurrean zenean,Janek ez zuen besteentzako begirik; baina, batzuetan elkarrengandik apartatu beharra suertatzen zitzaien, eta halako orduetan Elizabeth arras lagungarria izan zitekeela ohartu zen. Jane ez zegoenean, Bingley Elizabethi lotzen zitzaion beti, ahizparen gainean berba egitearen atseginagatik; eta Bingley joanda zegoenean, berriz, Janek etenbarik bilatzen zuen gizonaren hutsa ematzeko bide berbera.

        «Hain egin nau zoriontsu», esan zuen gau batean, «aurreko udaberrian hirian nintzenik inondik ere jakin ez zuela esan didanean! Ez nuen uste halakorik izan zitekeenik».

        «Nik banuen horrenbesteko barrundarik», arrapostu zion Elizabethek. «Baina, azalpenen bat eman dizu?»

        «Bere arrebaren egina izango zen, ziurrena. Ez ziren, ez, Bingleyk nire ezaupidea izatearen oso zale, eta ezin naiz harritu, alde anitzetatik askoz ere aukera probetxugarriagoa egiterik bazuen eta. Baina ikusten dutenean —nola uste dudan ikusiko dutela— euren neba nirekin zoriontsua dela, pozik egoten ikasiko dute eta harreman onetan izango gara berriro ere; nahiz eta ezin izan ostera ere elkarrentzat behiala izan ginena».

        «Hau da zure ahotik sekula entzun dudan», esan zuen Elizabethek, «berbaldirik barkaezinena. Zure ona! Benetan haserretuko nintzateke Bingley andereñoak bere ustezko onginahiaren ziria berriz ere sartu dizula ikusiko banu».

        «Sinetsiko zenuke, Lizzy, azken azaroan hirira joan ginenean Bingleyk zinez maite ninduela, eta ni indiferente nengoelako uste sendoak bakar-bakarrik galarazi ziola hona berriz jaistea!»

        «Oker txiki bat egin zuen, dudarik ez; baina hori bere apaltasunaren alde mintzo da».

        Horren ondoren, Janek Bingleyren ziurtasun ezaren eta gizonak bere nolakotasun onei ematen zien balio txikiaren gorazarrea egin zuen, jakina.

        Elizabeth pozik geratu zen Bingleyren laguna tartean sartu zenik salatu ez izanarekin, zeren ondo zekien gorabehera horrek Darcyren kontrako aurrejuzkua eragingo ziola ahizpari, nahiz eta Janek munduko bihotzik eskuzabal eta barkaberena izan.

        «Inoiz jaio den kriaturarik zoriontsuena naiz, zalantzarik gabe!» egin zuen Janek aldarri. «O! Lizzy, zergatik bereizi ote naiz honela nire etxekoen artetik, eta guztien gainetik bedeinkatua izan! Zeu ere honen zoriontsu ikusi ahal bazintut! Halako beste gizon bat izan baledi zuretzat!

        «Halako berrogei emango bazenit ere, ez nintzateke inoiz zu bezain zoriontsua izango. Zure izaera, zure ontasuna ez dudan artean, inoiz ez dut zurearen pareko zorionik izango. Ez, ez, utzidazu ni neuretara moldatzen; eta, beharbada, oso zorte ona baldin badut, beste Collins jaun bat topatuko dut nire garaian».

        Longbourneko familiaren aferen egoera ezin zitekeen luzaro isilik eduki. Bennet andereak Philips andereari kontua xuxurlatzeko lizentzia izan zuen, eta azken hori, inongo baimenik gabe, Merytoneko bere auzo guztiekin gauza bera egitera menturatu zen.

        Bennetarrak munduko familia zorionekoena zela adierazi zen ziztuan, nahiz eta aste batzuk lehenago, Lydiak aurrenekoz ihes egin zuenean, gehienentzat gauza frogatua izan hura zorigaitzak ukitutako familia zena.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia