BERROGEITA HAMALAUGARREN ATALA

 

        Gizonak joan bezain laster, Elizabeth kanpora atera zen bere onera itzultzeko; edo, bestetara esanda, bere gogoa gehien ilunduko zuten gaiak inoren traba batik hausnartzeko. Darcy jaunaren portaerak harritu eta sumindu egiten zuen.

        «Isilik, ilun eta indiferente egoteko besterik ez bada etorri», esan zuen, «zergatik etorri ote da?»

        Ezin zuen bere gustuko azalpenik aurkitu.

        «Hirian zenean, artean ere izan zitekeen maitagarria eta atsegina gure izeko-osabekin; eta zergatik ez nirekin? Nire beldur bada, zertarako etorri hona? Ardura ez badiot, zergatik egon isilik? Hori da gizon ziria, hori! Ez dut gehiago berataz pentsatuko».

        Gura barik ere, Elizabethek tartetxo batean atzeratu behar izan zuen erabakia, ahizpa bereganantz zetorren eta; aurpegi alaia zuen elkartu zitzaionean, bisitariekin Elizabeth baino pozago geratu zen seinale.

        «Orain, aurreneko enkontru hau pasatuta», esan zuen, «erabat eroso nago. Orain badakit nire indarren neurria, eta hemendik aurrera ez naiz inoiz lotsatuko bera datorrenean. Pozten naiz asteartean berton bazkaltzeaz. Horrela azal eta zabal ageriko da batak eta besteak ezagun arrunt eta indiferente gisa ikusten dugula elkar».

        «Bai, oso indiferenteak, alajaina», esan zuen Elizabethek barreka. «O, Jane, kontuz ibili».

        «Ene Lizzy maitea, ezin duzu pentsatu orain arriskuan nagoenik, ezin duzu pentsatu horren ahula naizenik».

        «Uste dut arrisku izugarrian zaudela gizon horrengan lehengoaren tamainako maitemina eragiteko».

        Asteartera arte ez zituzten zaldunak berriz ikusi; eta bitartean, Bennet andereak bide eman zien Bingleyren aldarte on eta ohiko gizabideak ordu erdiko bisitan berpiztutako plan zoriontsu guztiei.

        Asteartean talde handia bildu zen Longbournen; eta ezinegon handienaz itxarondako gizon biak ordu-orduan heldu ziren, beren kirolari txintxotasunari ohore egiteko. Bazkal gelara aldatu zirenean, Elizabethek jakin-min biziz begiratu zuen ea Bingleyk hartzen ote zuen aurreko batzar guztietan berea izandako lekua, hots, bere ahizparen ondokoa. Ama zuhurrak ideia berberak zerabiltzan buruan, eta bost ahalegin egin zituen gizonari bere ondoan jesartzera ez gonbidatzeko. Gelan sartu zenean Bingley zalantzan-edo geratu zen; baina une horretantxe Janek begirada gelatik paseatzea suertatu zen, eta irribarrez egotea suertatu zen: erabakita zegoen. Gizona haren ondoan jarri zen.

        Elizabethek, garaile sentituz, Bingleyren adiskidearengana zuzendu zituen begiak. Gizonak indiferentzia prestuaz zeraman kontua, eta Bingleyk zoriontsua izateko baimena zeukala pentsatuko zuen Elizabethek, baldin eta gizonaren begiak ere Darcyrengana zuzenduta zeudela eta erdi txantxetako ikara islatzen zutela ikusi ez balu.

        Bere portaeran lehengo denboretan baino begiratuago bazebilen ere, Bingley jaunak halako miresmena erakutsi zion Janeri bazkaldu bitartean, non Elizabethek bete-betean pentsatu zuen ezen, kontu guztia Bingleyren esku egotera, Janeren zoriona eta gizonarena ziztu batean geratuko zirela ziurtaturik. Ondorioen gainean gauza segururik pentsatzera ausartzen ez bazen ere, Elizabethek atseginez hartu zuen Bingleyren jokaera. Horrexek eman zion bere gogoak har zezakeen bizitasun guztia; umore alaian ez zegoen eta. Darcy jauna eta bera mahaiak jar zitzakeen urrunena zeuden elkarrengandik ia-ia. Gizona amaren ondoan zen. Elizabethek bazekien zein gozo gutxi emango zien biei egoera horrek, edo zein gutxi lagunduko zien biei beren onenak erakusten. Urrunegi zegoen haien hizketatik ezer entzuteko, baina ikusten zuen zein gutxitan hitz egiten zioten elkarri, eta zein modu hotz eta eratsuan aritzen ziren berba egiten zuten bakoitzean. Amaren zapuzkeriak mingarriago egiten zion Elizabethen gogoari Darcy jaunarekiko zorraren sentimendua; eta batzuetan edozer gauza emango zukeen Darcyri zera esateko lizentzia izateagatik: haren ontasuna ez zitzaiola ezezagun ez indiferente familia osoari.

        Gauak biok elkarganatzeko paradaren bat emango zuelako esperantzaz zegoen; bisita osoa ez zela joango biok solasean sartzeko modurik eman gabe, etorrerako agur zeremoniatsu hutsaz gainera. Ondoezik eta deseroso, zaldunak etorri artean egongelan emandako tartea gogaikarri eta aspergarria egin zitzaion, ia-ia bere moldeak petraltzeraino. Irrikatan zegoen gizonak egongelan sartzeko, gau horretan atseginerako aukera guztiak puntu horrexen menpean baitzeuden.

        «Nigana ez badator», esan zuen, «orduan, etsi egingo dut betirako».

        Zaldunak etorri ziren; eta Darcy ikusi batera, Elizabethi bere esperantza guztiak beteko zituela iruditu zitzaion; baina —ondikotz!— dama guztiak halako konfederazio itxian bildu ziren Bennet andereñoa tea prestatzen eta Elizabeth kafea zerbitzatzen zeudeneko mahaiaren inguruan, hutsunerik ez baitzen geratu gizonagandik hurbil, aulki bat sartzeko modua emango zuenik. Eta zaldunak hurreratzen zirelarik, nesketako bat Elizabethengana areago gerturatu, eta hala xuxurlatu zion:

        «Gizonak ez dira etorriko gu banatzera, tinko nago horretan. Ez ditugu behar, ezta?»

        Darcy gelako beste parte batera aldendu zen. Elizabethek begiekin jarraitu zion, harekin mintzo zen mundu guztiaren inbidiatan, inori kafea zerbitzatzeko pazientzia ozta-ozta zuelarik; eta sutan jarri zen bere buruarekin hain tuntuna izateagatik!

        «Behin ezezkoa jaso duen gizon bat! Eta ni haren maitasuna berriztatuko zelako esperantzan, zelan izan ote naiz horren tentela? Ba ote da inor bere sexukoen artean, emakume berberari bigarrenez proposamenak egitea bezalako ahuldade bati kontra egingo ez liokeena? Haien sentimenduek gehien higuin duten indignitatea ez al da eta!»

        Pittin bat biztu zen, hala ere, Darcy jauna bera kafe-kikara itzultzera etorri zitzaionean; eta Elizabethek oratu egin zion aukerari, zera esateko:

        «Pemberleyn duzu arreba oraindik?»

        «Bai, Gabonak arte geratuko da hor».

        «Eta bakar-bakarrik? Lagun guztiak joan zaizkio?»

        «Annesley anderea dago berarekin. Besteak Scarboroughera joan ziren orain dela hiru aste».

        Elizabethi ez zitzaion otu ezer gehiago esateko; baina Darcyk berarekin mintzatzeko gogorik baldin bazuen, bera baino hobeto moldatuko zen beharbada. Alabaina, isil-isilik geratu zen haren ondoan zenbait minutuz; eta, azkenean, lehengo dama gaztea Elizabethi berriz xuxurlaka hasi zitzaionez, alde egin zuen.

        Tea hartzeko tresnak erretiratu zituztenean eta jokorako mahaiak jarri, dama guztiak altxatu ziren, eta Elizabeth Darcy jauna laster bilduko zitzaion esperantza hartzen hasita zegoen, halako batez bere uste guztiak lurrean botata ikusi zituenean, Bennet anderea whisterako jokalarien ehizan baitzebilen, eta Darcy jauna haren gutizia harrapariaren biktima izan baitzen, luze barik beste guztiekin batera jesarrita zegoelarik. Elizabethek ondo pasatzeko itxaropen guztiak galdu zituen. Gau osoan mahai desberdinei kateatuta geratu ziren, eta Elizabethen esperantza bakarra zera zen, Darcy jaunak begiak hain sarri bihurtzea bere alderantz, non berak bezain trakeski joka zezan.

        Bennet andereak Netherfieldeko zaldun biak afarira arte edukitzeko asmoa zerabilen; baina, zoritxarrez, kotxea beste inork baino lehenago zuten aginduta, eta Bennet andereak ez zuen gizonak geldiarazteko aukerarik izan.

        «Tira, neskok», esan zuen, etxekoak euretara geratu bezain laster, «Zer diozue gaurko egunaz? Nik uste dut den-dena ederto baten joan dela, ziur diotsuet. Bazkaria sekulan ikusi dudan jantziena izan da. Orenkia tamaina-tamainan erreta zegoen, eta denek zioten ez zutela inoiz halako ihizi-azpi lodirik ikusi. Zopa joan den astean Lucastarren etxean hartu genuena baino berrogeita hamar aldiz hobea izan da; eta are Darcy jaunak ere aitortu du eperrak bikainkiro eginda zeudela; eta gutxienez bizpahiru sukaldari frantses izango dituelakoan nago. Eta, ene Jane maitea, egundo ez zaitut hain eder ikusi. Long andereak ere esan du, galdetu egin diot-eta ea ez zitzaion hala iruditzen. Eta zer uste duzue esan duela gainera? «Ah! Bennet anderea, azkenean Netherfielden izango dugu». Horixe esan du, alajaina. Long anderea inoiz jaio den kriaturarik onena dela uste dut, eta haren ilobak oso polito ikasitako neskak dira, eta ez dira batere ederrak: miragarri gogoko ditut».

        Bennet anderea, labur esateko, guztiz gogaldi onean zegoen; Bingley jaunak Janerengana izandako jokaeratik nahikoa ikusia zuen, bere alabak azkenean gizon hori lortuko zuela ziur egoteko; eta aldi gozoan zegoenean hain izaten zituen arrazoiaz gaindikoak bere familiarentzako onurei buruz eratzen zituen esperantzak, non hurrengo egunean guztiz jausita geratu baitzen Bingley jauna ezkon proposamenak egitera etorri ez zela ikusi zuenean.

        «Oso egun atsegina izan da», esan zion Bennet andereño nagusiak Elizabethi. «Hain ondo hautatua ematen zuen jendeak, hain egokiak batzuk besteekiko. Hemendik aurrera sarritan elkartzea espero dut».

        Elizabethek irribarre egin zuen.

        «Ez zaitez horrela jarri, Elizabeth. Ez didazu susmorik hartu behar. Mindu egiten nau. Zinez diotsut ikasi egin dudala haren solasaz gozatzen gazte atsegin eta zentzuzkoa den bezala, bestelako guraririk batere gabe. Bere moduak ikusita, erabat sinetsita nago sekulan ez duela nire txera irabazteko asmorik izan. Zeruak eman dio beste gizon guztiena baino trataera eztiagoa eta inguruko guztiei atsegina emateko gogo biziagoa, besterik ez».

        «Oso ankerra zara», esan zuen ahizpak, «ez didazu irribarre egiten uzten, eta etengabe zabilzkit zirika barre egiteko».

        «Zein zaila den batzuetan sinetsia izatea!»

        «Eta zein ezina beste batzuetan!

        «Baina zergatik sinestarazi nahi didazu aitortzen dudana baino gehiago sentitzen dudala?»

        «Ia-ia ez dakit itaun horri zelan erantzun. Denok maite dugu irakastea, baina jakiterik merezi ez duena bakarrik irakats dezakegu. Barka nazazu; eta indiferente izaten jarraitzen baduzu, ez nazazu zure isilkidea egin».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia