BERROGEITA HAMAHIRUGARREN ATALA

 

        Hain geratu zen gogobeterik Wickham jauna elkarrizketa horrekin, ez baitzuen sekula bere burua gai horrekin gehiago larritu, ez Elizabeth arreba maitea berriro zirikatu ere; eta Elizabeth pozez ohartu zen nahikoa esan zuela gizona isilik edukitzeko.

        Wickham eta Lydiari partitzeko eguna iritsi zitzaien laster, eta Bennet andereak amore eman behar izan zion, ezinbestean, apartatze horri, zeinek gutxienez urtebete iraungo zuen, Bennet jaunak ez baitzuen inolaz ere onartu etxeko guztiak Newcastlera joateko plana.

        «O! Ene Lydia maitea», hots egin zuen andereak, «noiz egongo gara berriro?»

        «O, jauna! Ez dakit. Datozen bizpahiru urteetan ez, beharbada».

        «Idatzidazu sarritan, ene maitea».

        «Ahalik eta sarrien. Baina badakizu emakume ezkonduek inoiz ez dutela izaten idazteko beta handirik. Nire ahizpek idatzi ahal didate. Ez dute beste zereginik izango».

        Wickham jaunaren diosala bere emaztearena baino askoz ere amultsuagoa izan zen. Irribarre egin, eder-eder azaldu, eta gauza polit asko esan zituen.

        «Sekulan ikusi dudan morroirik bikainena da», esan zuen Bennet jaunak bikoteak etxetik irten bezain laster, «irriñoa itxuratu, mirriñoa irudikatu, eta maitasuna egin, den-denoi egiten digu. Miragarri nago harro berataz. Sir William Lucasi berari egiten diot aupada, ezetz atera suhi baliotsuagorik».

        Alaba galtzeak oso gogaituta eduki zuen Bennet anderea egun batzuetarako.

        «Askotan pentsatzen dut», esan zuen, «ez dagoela lagunengandik apartatzea baino gauza gaiztoagorik. Haiek barik, hain geratzen da bat deslai antzean».

        «Horixe da, ikusten duzunez, alaba bat ezkontzearen ondorioa, anderea», esan zuen Elizabethek. «Orain pozgarriago izango zaizu beste laurak ezkongai egotea».

        «Bai zera. Lydiak ez nau utzi ezkondu delako, bere senarraren gudarostea oso urrun egotea suertatu delako baino. Hurbilago egon balitz, ez zatekeen hain goiz joango».

        Baina gertaera honek bihozgabetuta utzi bazuen ere, Bennet anderea laster biztu zen, orduantxe bertan hedatzen hasitako berri batek itxaropenaren ezinegonetara zabaldu baitzion gogoa ostera ere. Netherfieldeko etxekoandreak jaso berriak zituen aginduak ugazaba jaunaren iritsiera prestatzeko, gizona egun bat edo biren buruan etorriko baitzen aste batzuk ehizan emateko. Bennet anderea lau dardaran zegoen. Janeri begiratu, irribarre egin eta buruari eragiten zion txandaka.

        «Ondo, ondo, beraz Bingley jauna etortzeko da, ahizpa», (Philips andereak eman baitzizkion albisteak inork baino lehen). «Ondo, hainbat hobeto. Bost axola zait niri baina. Gizon hori hutsa zaigu guri, badakizu, eta ziur naiz nik ez dudala sekulan berriz ikusi nahi. Baina, dena dela, oso ondo etorria izango da Netherfieldera, etortzeko gogorik baldin badu. Eta nork jakin zer gerta daitekeen? Baina hori guri bost. Badakizu, ahizpa, aspaldi erabaki genuen horretaz berbarik inoiz ez aipatzea. Eta, orduan, oso seguru al da etorriko dela?»

        «Ziur izan zaitezke», arrapostu zion besteak, «Nicholls anderea atzo gauean Merytonen izan zen eta; aurretik pasatzen ikusi nuen, eta ni neu atera nintzen horren egia ikertzeko asmoaz; eta esan zidan egia ziertoa zela. Beranduena, ostegunean etorriko da, asteazkenean ziurrenik. Harategira zihoan, esan zidanez, asteazkenerako okela enkargatzera, eta hiru pare ahate hartu zituen, hilak izateko tamaina ederrean».

        Bennet andereñoa ez zen gauza izan etorreraren berri entzuteko kolorea mudatu barik. Hilabete asko ziren Elizabethi gizonaren izena aipatzen ez ziola; baina orain, biak bakarrik geratu bezain laster, hala esan zion:

        «Niri begira ikusi zaitut, Lizzy, izekok albiste berriak esan dizkigunean; eta badakit larrituta ematen nuela. Baina ez pentsa inongo arrazoi tentelengatik izan denik. Egoeragatik bakarrik nahastu naiz, begiratu egin behar zidatela iruditu zaidalako. Zinez diotsut berriak ez didala inongo eraginik sortu, ez atseginik ez minik. Gauza batek poztu nau: bakarrik etortzeak; horrela gutxiagotan ikusiko dugulako. Ez naiz neure buruaren beldur, baina izua diet jendearen komentarioei».

        Elizabethek ez zekien zelan ulertu hori. Gizona Derbyshiren ikusi ez balu, aitortutakoa beste helbururik gabe etortzeko gauza zela pentsatu ahal izango zuen; baina Elizabethi iruditzen zitzaion gizonak Janerekiko isuria zuela artean ere, eta zalantzan zegoen, ea gizona bere lagunaren baimenarekin etorriko ote zen —ziurrena zena— ala baimen hori gabe etortzeko bezain ausarta izango ote.

        «Dena dela gogorra da», pentsatzen zuen batzuetan, «gizon koitadu hau berak lege-bidez alokatu duen etxera horrenbeste esamesa sortu barik ezin etortzea! Nik neuk bakea emango diot!»

        Gizonaren etorrera zela-eta bere ahizpak aitortzen zuena eta sentitu uste zuena gorabehera, Elizabethek erraz antzeman zuen Janeren gogoa hunkituta zegoela. Ohi baino asaldatuago, desorekatuago zebilen.

        Urtebete inguru lehenago gurasoek hain sutsu eztabaidatutako gaia azalera atera zen ostera ere.

        «Bingley jauna etorri bezain nire, ene maitea», esan zuen Bennet andereak, «eskumuinak ematen joango zatzaizkio, jakina».

        «Ez, ez. Iaz hari bisita egitera behartu ninduzun, eta beragana joanez gero, gure alabetako batekin ezkonduko zela agindu zenidan. Baina hutsean geratu zen dena, eta ez noa berriro tontoaren paseoa egiten».

        Bingley jauna Netherfieldera itzultzean auzuneko zaldun guztiek halako adeia erakustea noraino zen ezinbestekoa irudikatu zion emazteak.

        «Nik mesprezatu egiten ditut sino-mino horrek», esan zuen Bennet jaunak. «Gurekin joan-etorririk izan nahi badu, utziozu berari harremana bilatzen. Badaki non bizi garen. Ez ditut neure orduak emango auzoen atzetik korrika, alde egiten duten eta bueltan datozen bakoitzean».

        «Beno, gauza bakarra dakit nik, harengana eskumuinak ematen ez bazoaz, itsuskeria higuingarria egingo diozula. Baina, dena dela, horrek ez dit galaraziko hemen bazkaltzera gonbidatzea, erabakita daukat. Long anderea eta Gouldingtarrak laster dira etortzeko. Horiekin hamahiru izango gara, geu barne, eta, beraz, justu geratuko da harentzako lekua gure mahaian».

        Erabaki horren kontsolamenduaz Bennet andereak hobeto eraman ahal izan zuen bere senarraren moldagaizkeria; nahiz eta oso mingarria izan zera jakitea, horrexen ondorioz auzo guztiek eurek baino lehenago ikusi ahal izango zutela Bingley jauna. Gizona heltzeko eguna hurreratzen zelarik:

        «Bingley jauna batere etorri izana hasi zait damutzen» esan zion Janek ahizpari. «Ez da ezer izango; bete-beteko indiferentziaz ikus dezaket, baina nekez jasango dut hau guztia etengabeko berbakizuna izatea. Amak asmo onez dihardu; baina ez daki, inork ezin du jakin zenbat sufriarazten didan esaten duenarekin. Ene zoriona, Netherfieldeko egonaldia amaituta dagoenean!»

        «Gurako nuke zure mina arintzeko zer edo zer esan ahal banu», arrapostu zuen Elizabethek, «baina nire eskutik at dago zeharo. Sentitu egin behar duzu; eta sufritzaileari pazientzia predikatzeak eman ohi duen gozamena ukatu egin zait niri, zuk izugarrizkoa izaten duzulako beti».

        Heldu zen Bingley jauna. Bennet anderea, zerbitzarien laguntzaz baliatuta, etorreraren albistea inork baino lehenago jakiteko moldatu zen, hartara ezinegon eta ondoez aldia ahalik eta luzeena izan zedin. Gonbidapena bidali arte pasatzen utzi beharreko egunak kontatzen zituen; esperantzarik ez gizona lehenago ikusteko. Baina Bingley jauna Hertfordshirera heldu eta hirugarren goizean, Bennet andereak zaldi-tokira sartzen ikusi zuen bere jantzi-gelako leihotik, eta zaldi gainean etxerantz etortzen.

        «Zaldun bat dator harekin, amatxo», esan zuen Kittyk; «nor izango ote da?»

        «Haren ezagunen bat edo, ene maitea, suposatzen dut; ziur naiz ez dudana ezagutzen».

        «Elas!» arrapostu zuen Kittyk, «lehen berarekin egoten zen gizon haren igual-iguala da. Ez-dakit-zer jauna. Gizon altu, harro hura».

        «Jainko nirea, Darcy jauna!, eta zin degizut beraxe dela. Tira, Bingley jaunaren lagun guztiak ondo etorriak izango dira hemen; baina gainerakoan, esan beharra daukat gizon hori ikuste hutsa gorrotagarria zaidala».

        Janek harriduraz eta kezkaz begiratu zion Elizabethi. Derbyshireko enkontruaz ezer gutxi zekien, eta horrenbestez erruki zion ahizpari azalpen karta hura jaso ondoren Darcy jauna ia lehenengo aldiz ikustean sentitu behar zuen ongiezagatik. Ahizpa biak aski deseroso zeuden. Bakoitzak besteari zion errukia, eta bere buruari ere bai, jakina; eta amak hizketan jarraitu zuenean, Darcyri itzelezko ezinikusia ziola esanez, eta gizon hori gizalegez hartuko zuela, baina bakarrik Bingley jaunaren laguna zelako, alabek ez zioten entzun ere egin. Baina Elizabethek bazituen Janek susmatu ere egiten ez zituen kexu-iturriak, artean ez baitzuen behar besteko adorerik bildu ahizpa nagusiari Gardiner anderearen gutuna erakusteko, edota Darcy jaunarekiko sentimenduen aldaketaren berri emateko. Janerentzat Darcy jauna Elizabethek gutxietsitako eta ezezkoa emandako gizona besterik ezin zitekeen izan; baina Elizabethek informazio zabalagoa zuen, eta berarentzat Darcy jauna familia osoak mesederik handiena zor zion pertsona zen, bai eta berak, Elizabethek, joera hartua zion gizona,Janek Bingleyrengana zuena bezain xamurra ez izan arren, bai hura bezain arrazoizko eta bidezkoa, behintzat. Darcy jauna berriz zetorrela ikustean —Netherfieldera, Longbournera zetorrela, eta bere borondatez bera berriro bilatzen zuela ikustean— Elizabeth zur eta lur geratu zen, gizonaren jokaera berria Derbyshiren lehenengoz begiztatu zuenean bezainbeste ia-ia.

        Aurpegitik joana zitzaion kolorea briztara handiagoaz itzuli zitzaion minutu erdi batez, eta bozkariozko irribarre batek distira erantsi zien begiei, Darcyren onginahiak eta desioek tinko zirautela pentsatu zuenean. Baina ezin ziur egon.

        «Ikus dezagun lehenago zelan jokatzen duen», esan zuen; «eta orduan izango da garaia esperantza izaten hasteko».

        Lanera jesarri zen buru-belarri, bere buruaz nagusitzeko borrokan eta begiak altxatzera ausartu barik, harik eta, zerbitzaria aterantz hurbildu bezala, ezinegonezko jakin-minak Janeren aurpegira so egitera bultzatu zuen arte. Jane ohi baino zurbilxeago ageri zen, baina Elizabethek espero baino ematuago. Zaldunak azaltzearekin batera mindu egin zitzaion kolorea; hala ere, nahikoa nasai hartu zituen, eta jokamolde guztiz egokiaz, ez erresumin zantzurik, ez beharrik gabeko adiguririk erakusten ez zuela.

        Elizabethek gizalegeak baimentzen zuen gutxiena esan zien batari eta besteari, eta lanera jesarri zen ostera ere, behar horrek gutxitan sortzen zion sugarraz. Darcyri begi zizta bat jaurtxikitzera baino ez zen menturatu. Serio ageri zen, ohi bezala; eta, pentsatu zuen Elizabethek, gehiago Hertfordshiren ageri ohi zen moduan, berak Pemberleyn ikusi zuen bezala baino. Baina, agian, Elizabethen amaren aurrean gizona ezin zen izan izeko-osaben aurrean izan zena. Susmo mingarria zen, baina ez itxuragabekoa.

        Bingley ere lipar batez baino ez zuen ikusi, eta tarte llabur horretan gizona atseginez eta lotsaz zegoela ikusi ahal izan zuen. Bennet andereak bere alabak lotsatzeko moduko adeitasunaz egin zion harrera, batez ere haren adiskideari erreberentzia eta agur egitean erakutsitako gizalege hotz eta zeremoniatsuaren aldean.

        Elizabethek ondo zekien bere amak Darcyri zor ziola bere alaba kutuna noraezeko laidotik berrikitan apartatu izana, eta, horregatik, oinazerik handienaz mindu eta larritu zen halako bereizkeria okerrarekin.

        Darcyk, Elizabethi Gardiner jaun-andereen osasunaz galdetu ondoren —andereñoak asaldura barik erantzun ezin izan zuen galdera bestalde— ezer gutxi esan zuen. Ez zegoen Elizabethen ondoan jesarrita; horrexegatik egongo zen isilik beharbada; baina ez zen halakorik gertatu Derbyshiren. Hor, Elizabethekin berba egiterik ez zuenean, haren adiskideekin mintzatu ohi zen. Baina oraingoan minutu batzuk iragan ziren haren ahots soinurik ekarri barik; eta, noizik behin, jakingurari eutsi ezinik Elizabethek begiak harengana altxatzen zituenean, aldian Janeri begira eta aldian berari so aurkitzen zuen gizona, eta sarri askotan begiak lurrean bertan pausaturik ere bai. Azkenekoz elkartu zirenean baino pentsakorrago zegoen, eta atsegin emateko kezka gutxiagoz, hori begien bistakoa zen. Elizabeth oso jausita zegoen, eta haserre bere buruarekin hala egoteagatik.

        «Ba ote nuen besterik itxaroterik!» esan zuen. «Baina, zergatik etorri ote da?»

        Elizabethek ez zuen solaserako aldarterik, Darcyrekin ez bazen; eta doi-doi zeukan Darcyrekin berba egiteko adorerik.

        Haren arrebaren osasunaz itaundu zion, baina ezin izan zuen besterik egin.

        «Luze da, Bingley jauna, hemendik joan zinela», esan zuen Bennet andereak.

        Bingleyk baiezkoa egin zion gogotsu.

        «Beldurtzen hasita nengoen ea ez ote zinen gehiago itzuliko. Jendeak esaten zuen San Migelerako lekua erabat uzteko asmotan zenbiltzala; baina, edozelan ere, egia ez izatea espero dut. Gauza mordotxoa aldatu da auzotegian hemendik joan zinenetik. Lucas andereñoa ezkonduta dago, eta erabat ezarrita. Eta nire alabetako bat. Entzungo zenuen zerbait, suposatzen dut. Egunkarietan ikusi behar izan duzu, horixe baietz. Timesean eta Courier-ean azaldu zen, badakit nik; baina ez zuten behar bezala jarri. Bakarrik zioen «Orain berri, George Wickham j. Lydia Bennet andereñoarekin», baina neskaren aitaz silaba bat ere esan barik, edo non bizi zen, edo zer edo zer. Nire neba Gardinerrek idatzi zuen, eta miraz nago zelan moldatu ote zen halako gauza traketsa egiteko. Ikusi zenuen?»

        Bingleyk baietz arrapostu zion, eta zorionak eman zizkion. Elizabeth ez zen ausartzen begiak jasotzera. Ezin jakin, horrenbestez, Darcy jaunak zelako aurpegia zuen.

        «Gauza goxoa da, duda gabe, alaba bat ondo ezkonduta izatea», jarraitu zuen amak, «baina, aldi berean, Bingley jauna, oso gogorra da nire ondotik hala apartatuta ikustea. Newcastlera joan dira, nahikoa Iparralderantz dagoen toki batera, eta hantxe geratuko dira, ez dakit zenbaterako. Gizonaren gudarostea hantxe da; zeren, suposatzen dut entzungo zenutela —————— shire utzi duela, eta ejertzito erregularrera joan dela. Baditu —eskerrak zeruari!— lagunen batzuk, ez, beharbada, merezi dituen bezainbeste, ordea».

        Elizabeth, hori guztia Darcy jaunari enkaratuta zegoela bazekienez, hain zegoen lotsagorriak azpiratua, non apenas egon baitzitekeen bere lekuan jesarrita. Horrek, hala ere, berba egitera behartu zuen, ordura arte hain modu etekintsuan ezertxok ere lortu ez zuena; eta galde egin zion Bingleyri ea ba ote zuen herrian aldi bat egiteko asmorik. Aste batzuk, uste zuen gizonak.

        «Zeure txori guztiak hilda dituzunean, Bingley jauna», esan zuen amak, «hona etortzeko erregutzen dizut, Bennet jaunaren lurretan zenbat gura txori hiltzera. Ziur naiz itzel poztuko dela zuri mesedea egiteaz, eta saldorik onenak gordeko dizkizula».

        Elizabeth areago hondoratu zen halako begiramen suntsunaren aurrean! Urtebete lehenago familia osoari bihotzean laztan egin zion etorkizun eder berbera ostera ere aurrean azaltzera, amaiera sumingarri berberera abiatuko zen den-dena, Elizabeth erabat ziur zegoen horretaz. Une horretan iruditu zitzaion urteetako zorionak ere ez ziela emango, ez berari ez Janeri, ahalke mingarrizko une horien ordaina.

        «Gizon hauekin berriro ere sekula ez egokitzea», esan zuen bere kolkorako, «horixe da nire bihotzaren desira nagusia. Haiekiko tratuak ezin digu honelako zorigaiztoa berdintzeko moduko atseginik eman! Ez dezadala berriz ikus ez bata ez bestea!»

        Alabaina, dohakabe horri —alegia, urteetako zorionak inolaz ere berdindu ezin izango zuenari— axola handiko aringarria eman zitzaion handik gutxira, Elizabeth ohartu zenean noraino berpizten zuen ahizparen edertasunak behialako maitalearen miresmena. Hasieran gizonak gutxitxo hitz egiten zion Janeri; baina bazirudien bost minututik bost minutura jaramon handiagoa egiten ziola. Aurreko urtean bezain eder aurkitzen zuen andereñoa; orduan bezain gozo onekoa, eta orduan bezain laua, nahiz eta isilagoa. Jane oso arduratuta zegoen beragan inongo aldaketarik susma ez zezaten, eta guztiz sinetsita zegoen ohi bezainbeste berba egiten zuela. Baina hainbeste gauza zerabiltzan gogoan, non ez zen beti konturatzen isilik geratzen zenean.

        Zaldunak joateko altxatu zirenean, Bennet andereari bere asmo gizalegetsuak etorri zitzaizkion akordura, eta egun batzuen buruan Longbournen bazkaltzeko gonbitea egin zien, bai eta haiek onartu ere.

        «Zorretan zaude nirekin, Bingley jauna», erantsi zuen andereak, «neguan hirira joan zinenean, bueltan etorri bezain laster gurekin famili bazkaria egitea agindu zenigun eta. Ez dut ahaztu, ikusten duzunez; eta zinez diotsut oso erorita geratu nintzela etorri ez zinenean eta zure konpromisoa bete barik utzi zenuenean».

        Oharpen horren aurrean Bingley txepel xamartxo azaldu zen, eta zer edo zer esan zuen, sentitzen zuela, baina bere eginbideek galarazi egin ziotela. Orduan joan egin ziren.

        Bennet andereak gogo bizi-bizia zuen egun horretan bertan bazkaltzen gera zitezen eskatzeko; baina, beti ere oso mahai oparoa izaten zuen arren, ez zuen uste bi plater nahikoa izango zirenik halako asmo ardurazkoak eragiten zizkion gizonarentzat, edota urtero hamar milako errenta zeukan bestearen gose eta harrotasunarentzat.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia