BERROGEITA HAMABIGARREN ATALA

 

        Elizabethen pozerako, gutunak ahal zenik eta erantzun lasterrena izan zuen. Kartaren jabe egin bezain azkar, baso txikira lehiatu zen, ondo baitzekien hori zela lekurik ziurrena inork enbarazurik ez egiteko, eta, aulkietako batean jesarri ondoren, zoriontsu izateko prestatu zen; izanez ere, gutunaren luzeak laster ziurtatu zion hor ezezkorik ez zegoela.

 

Gracechurch kalea, irailak 6

        ENE ILOBA MAITEA,

        Oraintxe jaso dut zure gutuna, eta goiz osoan lotuko natzaio haren erantzuna idazteari, aurretiaz ikusten baitut esan behar dizudana lerro gutxi batzuetan biltzerik ez dudala izango. Zure eskaerak harritu egin nauela aitortu behar dizut; ez nuen zugandik espero. Ez pentsatu haserre nagoenik, alabaina, bakarrik adierazi nahi baitizut ez nuela uste zure aldetik halako galde egiteren beharrik izango zenik. Ulertu gura ez badidazu, barkatu nire laineza. Osaba ni bezain harrituta dago, eta zu ere tarte zinen usteak bakarrik utzi dio jokatzen jokatu duen bezala. Baina benetan laino eta ezjakin baldin bazaude, argiago mintzatu beharko naiz. Longbournetik etorri nintzen egunean bertan, osabak bisitari guztiz ustekabeko bat izan zuen. Darcy jauna etorri zen, eta orduak eman zituen osabarekin gela batean sartuta. Ni iritsi nintzenerako amaituta zegoen dena; beraz, nire jakin-minak ez zuen pairatu zuk pairatu bide duzuna bezalako oinaze izugarririk. Etorri zen osabari esatera zure ahizpa eta Wickham non gordetzen ziren deskubritu zuela, eta biak ikusi eta haiekin berba eginda zegoela. Wickhamekin behin baino gehiagotan, Lydiarekin, berriz, behin. Nik aditu dudanagatik, Darcy jaunak guk baino egun bat geroago irten zuen Derbyshiretik, eta haien peskizan abiatzera deliberatuta etorri zen hirira. Berak adierazitako arrazoia, bestalde, honako hau izan zen: Wickham jaunaren deungatasuna ez zela behar bezain ezaguna izan, hau da, izen oneko ezein neska harekin maitemintzea edo bere ustea harengan jartzea ezinezko bihurtzeraino, eta berak, Darcy jaunak, uste oso-osoa zuela horren errua berari zor zitzaiola. Bere harrotasun okerrekoari egotzi zion guztia eskuzabalki, eta bere ekintza pribatuak jendaurrean ikusgai jartzea bere duintasunari ez zegokion gauza iruditu izan zitzaiola aitortu zuen. Bere jokaerak hitz egin beharko zuen orain bere alde. Horrenbestez, zenbait aurrerapauso egitea bere eginkizuna zela esan zuen, bai eta berak eragindako gaitzari konponbidea bilatzera entseatzea ere. Beste arrazoirik baldin bazuen, ziur naiz horrek ez lukeela sekula haren ohorea lohituko. Wickham eta Lydia aurkitu zituenerako bazituen egun batzuk hirian emanak; baina Darcy jaunak bazuen nondik ekin bilaketari, eta hori bazen guk geuk genuena baino gehiago; ondo jabetuta zegoen horretaz, eta hori izan zen gure atzetik abiatzeko arrazoietako bat. Ba omen da dama bat, Young andere delako bat, garai batean Darcy andereñoaren zaindaria izan zena, eta kontu gaitzesgarriren bategatik kargutik kendu zutena, Darcy jaunak kontua zertan zen azaldu ez bazigun ere. Horren ostean andereak etxe handi bat hartu zuen Edward kalean, eta barrez gero, gelak alokatuz atera omen du bizimodua. Younge andere hori, Darcy jaunak zekienez, Wickhamen lagun mamia zen; eta harexengana jo zuen ofizialaren gaineko argitasunen bila, hirira heldu bezain laster. Baina bizpahiru egun iragan ziren emakumeari jakin nahi zuena atera baino lehen. Koiperik edo ustelkeriarik gabe ez zuen, suposatzen dut, bere leialtasuna salduko, zeren jakin, ondo baitzekien bere laguna non aurkitu ahal zen. Wickhamek, izan ere, harengana jo zuen Londresera lehenengoz ailegatzean, eta andereak bikotea bere etxean hartzeko modurik izan balu, harenean hartuko zuketen gazteek egoitza. Edozelan ere, gure lagunak, azkenean, zorioneko helbidea eskuratu zuen. ——————- kalea zen. Wickham ikusi zuen, eta gero Lydia ikusten tematu zen. Azken honi dagokiola, Darcyren lehen helburua, berak aitortu duenez, zera izan zen, zure ahizpa orduko egoera lotsagarrizkotik irteteko eta bere etxekoengana itzultzeko konbentzitzea, hori bai, familiakoen gogoa alaba berriro onartzeko xamurtu bezain laster; gainera, Darcy bere esku zegoen laguntza guztia emateko prest agertu zen. Baina Lydia bertan geratzera erabat deliberatuta zegoela ikusi zuen. Lagunek ez zioten batere ardura, ez zuen Darcyren laguntzarik gura, eta Wickham uztea, entzun ere ez. Ziur zegoen lehen edo gero ezkondu egingo zirena, eta noiz ezkonduko ziren ez zen oso garrantzitsua. Lydiaren sentimenduak halakoak izanik, pentsatu zuen Darcyk, ezkontzarena ziurtatu eta arinagotzea baino ez zen geratzen. Wickhamekin izandako lehen elkarrizketan Darcyk erraz ikusi zuen gizonak ez zuela inoiz halako asmorik erabili. Berak aitortu bezala, premia handiko zenbait zor ohorezko zirela kausa, gudarostea uztera behartuta ikusi zuen bere burua; eta ez zuen inongo zimikorik izan Lydiaren itzuriaren ondorio gaizto guztiak neskaren txorakeriari, eta horri bakarrik, leporatzeko. Bere izendapena bertan behera utzi nahi zuen segituan; bere etorkizuneko egoeraz, berriz, ezer gutxi esan zezakeen. Norabait joan beharko zuen, baina ez zekien nora, eta bazekien ez zuela nondik atera bizimodua. Darcy jaunak galdetu zion ea zergatik ez zen zure ahizparekin berehalakoan ezkondu. Ez zen pentsatzekoa Bennet jauna oso gizon aberatsa izango zenik, baina, hala ere, zer edo zer egin ahal izango zuen haren alde, eta ezkontzak hobetu egingo zuen haren egoera. Baina galdera honen arrapostuan Darcyk ikusi zuen Wickhamek artean ere zaintzen zuela esperantza bat beste herriren batean hobeto ezkondu eta bere fortuna etekin handiagoz bilatzeko. Haatik, berehalako arindura lortzea tentazio handiegia zen haren egoeran. Behin baino gehiagotan bildu ziren, zer eztabaidaturik franko bazegoelako. Wickhamek, jakina, iritsi ahal zuena baino gehiago gura zuen; baina azkenean zentzura etorri behar izan zuen. Behin gauza guztiak bien artean ezarrita, Darcy jaunaren hurrengo urratsa zure osabari horren berri ematea izan zen, eta ni etxera heldu bezperako arratsean etorri zen Gracechurch kalera lehenengo aldiz. Baina ez zuen Gardiner jaunarekin berba egiterik izan, eta, areago itaundurik, zure aita artean ere osabarekin zegoela jakin ahal izan zuen, bai eta hurrengo goizean Bennet jauna hiritik joatekoa zela ere. Ez zitzaion iruditu zure aitarekin osabarekin bezain egoki moldatuko zenik iritzia eskatzeko, eta, horrenbestez, prestu atzeratu zuen ikustaldia Bennet jauna partitu arte. Ez zuen izenik utzi, eta hurrengo egunera arte zaldun bat negoziotarako etorria zela besterik ez zuten jakin. Larunbatean etorri zen ostera ere. Zure aita joana zen, osaba etxean, eta, lehen esan dizudan legez, hizketaldi luzetxoa izan zuten. Igandean elkartu ziren berriro, eta orduan neuk ere ikusi nuen. Astelehenera arte ez zen dena erabakita geratu; eta dena lotu bezain azkar, espresoa bidali zen Longbournera. Baina gure bisitaria oso burugogorra zen. Iruditzen zait, Lizzy, burugogortasuna duela benetako akatsa, azken batez. Oker asko bizkarreratu zaizkio behin baino gehiagotan; baina horixe du benetakoa. Egiteko guztiak berak egin behar zituen; nahiz eta ziur naizen (eta ez diotsut hau eskerrak emateko, beraz ez esan ezer) zure osabak zeharo gogotsu konponduko zukeela arazo guztia. Luzaro aritu ziren horretaz eztabaidan, arazoak ukitutako zaldun eta damak merezi baino gehiago dena. Baina azkenean Darcy jaunak behartu egin zuen zure osaba amore ematera, eta bere ilobarentzat lagungarri gertatzeko aukera izan barik, Gardiner jauna isiltzearekin eta fama seguruarekin konformatu behar izan zen, bere gogoaren guztiz kontrakoa egin, alegia; eta benetan uste dut gaur goizean zure gutunak atsegin handia eman diola, bertan eskatzen den azalpenak bereak ez diren lumak ostuko dizkiolako, eta laudorioa, berriz, merezi duenari emango. Baina, Lizzy, hau ez da zeure, edo, gehienez ere, Janeren ezagueratik haratago zabaldu behar. Ondotxo dakizu zuk, suposatzen dut, gazte horien alde zer egin den. Gizonaren zorrak ordaindu egin behar izan dira (eta mila libra baino dezente gorago jotzen dutela uste dut), Lydiarentzat ezarritako diruaz gain beste mila gehiago jarri ezkontza-sari, eta gizonaren izendapena erosi. Hori guztia Darcyk bakarrik egin beharraren arrazoia goian eman dizudana da. Jendea Wickhamen izaeraz ez jabetzea, eta ondorioz, onartu zuten bezala onartu eta aintzat hartzea, berari zor ei zaio, bere barrukoitasun eta inguruko lagunekiko kontsiderazio faltari. Beharbada hori egia izango da neurri bateraino; baina nik duda egiten dut haren barrukoitasuna edo edonoren barrukoitasuna gertaera horien erantzule izan ote daitekeen. Baina berba polit guztiok gorabehera, ene Lizzy maitea, lasai eta ziur jakin dezakezu zure osabak ez zukeela sekula amore emango, baldin eta Darcy jaunak afera honetan bestelako interesen bat zeukala pentsatu ez bagenu. Hori guztia ondo ezarrita geratu zenean, Darcy bere lagunengana bihurtu zen, artean ere Pemberleyn baitziren; baina ezkontza burutzerako Londresera itzuliko zela erabaki zen, eta orduan jarriko zitzaien azken amaiera diru kontu guztiei. Honez gero dena esan dizudala uste dut. Kontaketa honek asko harrituko zintuela esaten zenidan; desatseginik, behintzat, ez zizula emango espero dut. Lydia gurera etorri zen; eta Wickhamek etengabeko sarrera izan du etxe honetan. Gizona lehengo berbera da, Hertfordshiren ezagutu nuen bezalakoxea; baina ez nizuke esango zein gutxi gustatu zitzaidan zure ahizparen portaera gurekin izan zen bitartean, baldin eta antzeman ez banu —Janek joan den asteazkenean bidalitako gutunaren bidez— Lydia zuenera joan zenean erakutsitako jokaera hari berekoa izan zela, eta, beraz, orain diotsudanak ez dizula min berririk emango. Behin eta berriro hitz egin nuen berarekin modurik serioenean, egin zuenaren makurtasun guztia, eta bere familiari ekarritako zorigaitz guztia ikustaraziaz. Aditu baninduen, halabeharrez izango zen, seguru naizelako ez zidala entzun ere egiten. Batzuetan gogor haserretzekotan egon nintzen, baina orduan nire Elizabeth eta Jane maiteak gogoratzen nituen, eta euron amoreagatik hartzen nuen pazientzia. Darcy jauna zintzo itzuli zen, eta, Lydiak jakinarazi dizunez, ezkontzan izan zen. Biharamunean gurekin bazkaldu zuen, eta asteazkenean edo ostegunean berriz joango zen hiritik. Haserretuko ote zinateke nirekin, Lizzy nirea, aukera honetaz baliatuko banintz (oraino ez bainaiz inoiz ausartu) gizona zein gogoko dudan esateko? Alde guzti-guztietatik Derbyshiren bezain atsegina izan da gurekin. Haren adimendu eta iritzi guztiak zaizkit laket; bizitasun gehixeago besterik ez du falta, eta hori, zentzuzki ezkonduz gero, emazteak irakatsi ahal izango dio. Oso barrurakoa iruditu zitzaidan; zure izena ia ez zuen behin ere aipatu. Baina modan ei dago barrurakoa izatea. Larregi asmatzen ibili banaiz, barka nazazu, arren, baina P.ra ez gonbidatzeraino, behintzat, ez nazazu zigortu. Faetoi behea eta pottoka txiki eta panpox bi ederto baten egongo lirateke. Baina ezin dut idazten jarraitu. Umeak orain dela ordu erdia dabilzkit atzetik. Zurea, bihotz-bihotzez,

M. GARDINER

 

        Eskutitz honen edukiek durdura batean jarri zuten Elizabethen gogoa, eta gaitza zen erabakitzea zein zen beragan nagusi, poza ala mina. Darcy jaunak ahizparen ezkontza bideratzeko zer egin ote zuen ez jakiteak susmo lauso eta dudatiak sortuak zizkion ordura arte; eta susmo horiei arnasa ematearen beldurrez ibilia zen, hura ontasun froga handiegia baitzen egia izateko; baina, aldi berean, barrunda horietan zuzen ibiltzearen ikaraz ere egona zen, orduan obligazioaren mina pairatu behar izango baitzuen. Bada, azkenean, uste horiek goitik eta behera ziren egia, eta gehiago ere bai! Nahita jarraitu zien hirira izeko-osabei, eta halako bilaketa bati lotutako arazo eta gordintasun guztiak bere bizkar hartu; lan horretan beharrezkoa izan zelarik Darcy jaunak higuindu eta mesprezatu behar zuen emakume bati arrenka ibiltzea, eta berak beti gehien saihestu nahi zuen gizona ikusi, sarritan ikusi, harekin arrazoitu, haren gogoa bigundu eta azkenean diruz erostea, nor eta gizon hori, haren izena ahoskatze hutsa zigor zitzaiona. Hori guztia bere interesetan ez estimazioan ez zegoen neska batengatik egina zuen. Bihotzak beragatik egin zuela xuxurlatzen zion Elizabethi. Baina itxaropen horri beste burutazio batzuek hartu zioten neurria berehala, Elizabeth laster ohartu baitzen bere hantuste guztia ere ez zela nahikoa izango pentsatu ahal izateko gizonaren oniritzia —alegia, jadanik ezezkoa emana zion emakumearengana zuen oniritzia— gai izango zela Wickhamekin zerikusirik izateak sortuko zion narda bezalako sentimendu naturala gainditzeko. Wickhamen koinatua! Harrotasun orok higuina eduki behar zion halako harreman bati. Darcyk asko egin zuen, duda barik. Elizabeth lotsatu egiten zen zenbat egin zuen pentsatzean. Baina gizonak arrazoi bat emana zuen tartean sartze hori azaltzeko, eta ez zen ahalegin handirik egin behar sinesteko. Arrazoizkoa zen gizonak oker egin zuela pentsatzea; eskuzabala zen, eta dohain hori gauzatzeko biderik ere bazuen; eta Elizabethek bere burua eragile nagusitzat jarri ezin bazuen ere, bai pentsatu ahal zuen Darcyk beragana izandako joeraren hondarrek zerikusiren bat izan zezaketela gizonak kausa horren alde eginiko entseguetan, Elizabethen gogo-bakea kausa horrexeri ham lotuta zegoela jakinik. Mingarria zen, zeharo mingarria, inorekin zorretan egon eta pertsona horri mesedea sekula itzuli ezin izango ziotena jakitea. Darcyri zor zioten Lydia oneratu izana, haren izen ona, Darcyri guztia. O! Bihotz-bihotzez garbai zitzaizkion Darcyren kontra bere barruan suspertutako sentimendu zakar guztiak, gizonari zuzendutako berbeta burlati guztiak. Lotsatuta zegoen bere buruaz; baina harro zegoen Darcy jaunaz. Harro zegoen, bai, erruki eta ohore arazo batean gizona bere onenak emateko gauza izan zelako. Elizabethek behin eta berriz irakurri zituen izekoak egindako laudorioak. Doi-doi ematen zuten Darcyren neurria; baina atsegin zituen. Nolabaiteko atsegina ere sentitu zuen, nahiz eta penaz nahastuta, ikusi zuenean zein fede handiz zeuden izeko-osabak sinetsita Darcy eta beraren artean oniritzia eta konfiantza bizirik zirela. Norbaiten hurbilerak jesarlekutik altxarazi zuen, bai eta gogoetatik ere; eta beste ibilbide batera jotzeko astia izan baino lehenago, Wickham bildu zitzaion.

        «Beldur naiz zure ibilaldi bakartiaren tartetik ez ote naizen sartu, ezta hala, ene arreba maitea?» esan zion, berarekin elkartu zenean.

        «Halaxe da, bai», arrapostu zion Elizabethek irribarrez; baina horrek ez du esan gura tartetik sartze hori txarto etorria izan behar denik».

        «Biziro damutuko litzaidake hala balitz, benetan. Lagun onak izan gara beti; eta orain, hobeak».

        «Egia. Irtetekoak al dira besteak ere?»

        «Ez dakit. Bennet anderea eta Lydia Merytonera joango dira kotxean. Eta, beraz, ene arreba maitea, izeko-osabengandik jakin dudanez, Pemberleyn izan omen zara».

        Elizabethek baiezkoa arrapostu zion.

        «Ia-ia zure bekaitzez nago atsegin horrengatik, baina, dena den, niretzat gehiegi izango litzatekeela uste dut; bestela, hortik pasa ninteke Newcastlera bidean. Eta etxekoandre zaharra ikusiko zenuen, ez da hala? Reynolds gaixoa, asko maite ninduen. Baina nire izena ez zizun aipatuko, jakina».

        «Bai, aipatu egin zuen».

        «Eta zer esan zuen?»

        «Ejertzitora joana zinela, eta susmoa zuela... ez zinela oso zintzo gertatu. Hain urrun egonda, badakizu, gauzak bitxiro desitxuratzen dira».

        «Halaxe da, bai», arrapostu zuen gizonak ezpainak hozkatuz. Elizabeth horrekin gizona isilaraziko zuen esperantzan zegoen; baina luze gabe zera esan zuen Wickhamek:

        «Lehengo hilean ustekabea izan nuen Londresen, Darcy jauna ikusi nuen eta. Behin baino gehiagotan egin genuen topo kalean. Ez dakit zerk eramango zuen horra».

        «Beharbada, De Bourgh andereñoarekin ezkontzeko prestaketak egiten ibiliko da», esan zuen Elizabethek. «Zerbait berezia izan behar du, urteko sasoi honetan hara joateko».

        «Zalantzarik ez. Ikusi al zenuen Lambtonen izan zinenean? Gardinertarrei halako zer edo zer entzun niela uste dut».

        «Bai; bere arreba aurkeztu zigun».

        «Eta gogokoa duzu?»

        «Oso».

        «Bai seguru, azken une parean-edo ikaragarri hobetu dela entzun dut. Azkenekoz ikusi nuenean ez zuen oso itxaropen onik ematen. Asko pozten naiz zuri gustatu izana. Ea neska ona gertatzen den».

        «Hala izango dela esango nuke; adinik zailena gainditu du».

        «Kympton herrixkaren ondotik iragan zineten?»

        «Ez dut halakorik gogoan».

        «Hortxe izan beharko nukeen nik neure eliza-bizibidea, horregatik aipatu dut. Guztiz leku xarmangarria! Erretore-etxe bikaina! Alde guztietatik etorriko zitzaidan erara».

        «Gustuko izango zenuen sermoiak idaztea?»

        «Ikaragarri. Nire eginbideen zatitzat hartuko nukeen, eta ahalegina hutsaren hurrengo izango zen luze barik. Ez du polito ematen auhenka ibiltzeak; baina, duda gabe, hain ederra izango zen hura niretzat! Halako bizimoduaren lasaitasun eta erretiroak nire zorion-gogo guztiak aseko zituzkeen! Baina ez zen halakorik izango niretzat. Entzun al zenion inoiz Darcyri gorabehera horren aipamenik, Kenten izan zinenean?»

        «Zu bezain onak iruditu zitzaizkidan iturrietatik entzun nuenez, baldintza batzuen pean baino ez zitzaizun utzi, eta oraingo ugazabaren borondateari atxikia».

        «Hori entzun zenuen, e? Bai, bazen halako zer edo zer; horixe esan nizun hasieratik, oroituko zarenez».

        «Eta gehiago ere entzun nuen, alegia, garai batean sermoi egitea ez zitzaizula gertatzen orain bide zaizun bezain gozagarri; aitortu egin zenuela ordenak sekula ez hartzeko erabakia, eta auzia horren arabera lotu zela».

        «Hori entzun zenuen! Eta ez zen guztiz oinarri gabea. Gogoan izango duzu zelan aipatu nizun puntu hori, gai horretaz lehenengoz mintzatu ginenean».

        Ordurako etxeko atearen aurrean ziren ia-ia, Elizabeth arineketan ibilia baitzen Wickham jauna gainetik kentzeko; eta bere ahizparen amoreagatik gizona kinatu nahi ez zuenez, hau besterik ez zion arrapostu, irribarre alaitsu batez:

        «Tira, Wickham jauna, neba-arrebak gara, badakizu. Ez dezagun iraganaz eztabaida. Hemendik aurrera bi-biok gogo batekoak izatea espero dut».

        Eskua luzatu zion; Wickhamek mun egin zion galaitasun amultsuaz, nahiz eta ia ez jakin zein aurpegi jarri etxean sartu zirenean.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia