BERROGEITA HAMAIKAGARREN ATALA

 

        Heldu zen ahizparen ezkontzaren eguna; eta segurutik Janek eta Elizabethek nahigabe handiagoa hartu zuten Lydiagatik, Lydiak berak bere buruagatik baino. Kotxea bidali zieten bila ————————ra, eta kotxe berean etortzekoak ziren bazkal ordurako. Bennet andereño nagusiek izua zioten ezkonberriak heltzeko momentuari; eta Janeri batez ere bihotz iluna egiten zitzaion ahizpak pairatu beharko zuena gogoan hartzean, bera hobendun izatera izango zituen sentimenduak Lydiak ere izango zituela imajinatzen baitzuen.

        Etorri ziren. Etxekoak gosari-gelan bildu ziren ezkondu berriei abegia egiteko. Kotxea aterantz hurreratu zenarekin batera, Bennet anderearen aurpegia irribarrez apaindu zen; bere senarrak hautsi ezinezko seriotasuna ageri zuen; alabak, berriz, ikaratuta, ondoezik, deseroso.

        Lydiaren ahotsa entzun zen atondoan; atea zabaldu zen, eta andereñoa antxintxika sartu zen gelara. Amak aurrera egin zuen, eta alaba besarkatuz, ongietorria eman zion xoramendutan; eskua luzatu zion irribarre maitetsuaz Wickhami, bere damaren atzetik baitzetorren, eta halako alaitasunaz opa zien poza biei, gauza agiria baitzen haien zorionaz zalantza izpirik ere ez zuela.

        Gero Bennet jaunarengana jiratu ziren, baina hark ez zien hain abegi txeratsurik egin. Aitzitik, haren musua areago laztu zen; eta ia ez zuen txintik atera. Bikote gaztearen ausartzia nasaia nahikoa zen gizona kinatzeko, horixe baietz. Elizabeth haserre zegoen, eta Bennet andereñoa bera ere txundituta. Lydia Lydia zen oraindik; hezigabea, lotsagaitza, txoroa, zaratatsua, eta beldurbakoa. Ahizpa gaztea batetik bestera joan zen zorionak eskatzen, eta azkenik denak jesarri zirenean gela inguruetara begiratu zuen gogo biziz; aldaketa txikiren bat antzeman zuen, eta zera ohartarazi zien barre batez, aspaldi luzea zela gela horretan azkenekoz egon zenetik.

        Wickham ez zegoen inondik inora. Lydia baino larrituago, baina haren moldeak hain ziren goxoak beti, non, behar bezalaxe jokatu eta ezkondu balitz, haiekiko harreman berria aldarrikatzean gizonak erakusten zuen irribarrea eta trataera nasaia, xarmangarriak irudituko zitzaizkien guztiei. Elizabethek ez zuen pentsatu Wickham halako ausardiarako gai izango zenik; baina, jesartzen zen bitartean, hortik aurrera gizon lotsagalduen lotsagabeziari mugarik ez jartzea deliberatu zuen. Gorritu egin zen Elizabeth, eta Jane ere gorritu zen; baina haien ahalkea sortzen zuten bi horien masailek ez zuten kolorea aldatu.

        Solasbide faltarik ez zen izan. Emazte berria eta bere ama zein baino zein azkarrago mintzo ziren; Wickhami Elizabethen ondoan jesartzea suertatu zitzaion, eta auzotegian zituen ezagunez itaunka hasi zen, zabal-zabal eta umoretsu, baina Elizabethek ez zuen bere burua batere gai ikusten pareko moduan erantzuteko. Bazirudien ezkonberriek munduko oroitzapenik goxoenak zituztela. Iraganeko ezertxo ere ez zuten minez gogoratzen; eta bere ahizpek mundua bete urregatik aipatu ere egingo ez zituzten gaiak, Lydiak bere gogoz ateratzen zituen.

        «Pentsa ezazue, hiru hilabete dira dagoeneko», hots egin zuen, «hemendik joan nintzela; hamabostaldia izan dela dirudi, zinez diotsuet; eta, hala ere, denbora horretan nahikoa gauza gertatu dira. Jainkoarren! Joan nintzenean ez nuen inondik ere uste buelta baino lehen ezkonduko nintzenik, bene-benetan! Baina, pentsatu, bai pentsatu nuen hori egitea ziri ederra izango zela!»

        Aitak begiak altxatu zituen. Jane larrituta zegoen. Elizabethek begirada esanguratsua jaurti zion Lydiari; baina Lydiak inoiz ez zuen aditzen ez ikusten aintzakotzat hartu gura ez zuenik, eta alaikiro jarraitu zuen, «O! Amatxo, ba al daki hemen hauetako jendeak ezkonduta nagoela? Beldur nintzen jakingo ez zutela; eta bidean William Gouldingen aulki bikoari aurrea hartu diogunez, gizonak jakin egingo zuela erabaki dut, eta beraz, bere aldera ematen zuen leihoa jaitsi dut, eta eskularrua kendu, eta eskua leihoaren markoaren gainean pausatu dut gizonak eraztuna ikusteko, eta gero buruaz agurtu dut irribarretsu, ezer pasako ez balitz bezala».

        Elizabethek ezin zuen gehiago jasan. Mahaitik altxa eta gelatik irten zuen lasterka; eta ez zen itzuli, harik eta bebarrutik bazkal gelara aldatzen ari zirela entzun arte. Elkartu zitzaienean, garaiz heldu zen Lydia amaren eskuinaldera aiko-maiko handitan zihoala ikusteko, eta ahizpa nagusiari hauxe ziotsola entzuteko, «Ah, Jane, orain nirea da zure lekua, eta zuk maila jaitsi behar duzu, emakume ezkondua naiz eta».

        Ez zen itxarotekoa denborak emango zionik Lydiari hasieran inondik ere erakutsi ez zuen lotsa. Haren nasaiera eta umore ona areagotu egin ziren. Philipstarrak, Lucastarrak eta beste auzo guztiak ikusteko irrikatan zegoen, eta haietako bakoitzak «Wickham anderea» esan ziezaion desiratzen; eta, bitartean, Hill anderearengana eta bi neskameengana joan zen bazkaldu eta gero, eraztuna erakutsi eta bere ezkonberritasuna harrotasunez paseatzeko.

        «Tira ama», esan zuen denak berriz ere gosari-gelara itzuli zirenean, «eta zer deritzozu nire senarrari? Ez al da gizon xarmangarria? Ziur naiz nire ahizpa guztiak inbidiatan daudena. Haiek nire suertearen erdia izatea dut esperantza bakarra. Brightonera joan behar dute denek. Horixe da senarrak harrapatzeko lekua. Zein lastima handia, amatxo, denok joan ez izana bertara».

        «Egi-egia da hori; eta neurea atera izan banu, joan egingo ginen. Baina, ene Lydia maitea, ez zait batere gustatu horrela ihes egitea. Beharrezkoa al zen?»

        «O, jauna! bai; horrek ez du ezer. Niretzat onena izan da. Zuk eta aitak, eta nire ahizpek jaitsi egin behar duzue gugana bisitan. Newcastlen emango dugu negu osoa, eta dantzaldi batzuk egongo direla esango nuke, eta guztientzat bikotekide onak lortzen arduratuko naiz».

        «Hori da munduan gehien nahi nukeena!» esan zuen amak.

        «Eta gero, bueltan zatoztenean, ahizpa bat edo bi utzi ahal dituzue nirekin; eta ausartuko nintzateke esatera negua amaitu baino lehen senarra bilatuta izango diedala».

        «Eskerrik asko niri dagokidanagatik», esan zuen Elizabethek; «Baina senarrak bilatzeko duzun modua niri ez zait bereziki gogoko».

        Bisitariak ez ziren hamar egun baino gehiago geratuko. Wickham jaunak Londresetik irten baino lehen jasoa zuen bere izendapena, eta hamabost egunen buruan lotuko zitzaion gudarosteari.

        Bennet anderea kenduta, inork ez zuen damurik hartu ezkonberrien egonaldia hain laburra izateagatik; eta andereak bere alabarekin han-hemendik bisitaka eman zuen denbora gehiena, eta etxean festa ugari antolatzen. Jai horiek ondo etorriak ziren guztientzat; pentsatu egiten zutenek pentsatzen ez zutenek baino are gogo handiagoa zuten etxeko taldea saihesteko.

        Wickhamek Lydiari zion oniritzia Elizabethek uste bezalakoxea zen, hots, Lydiak hari zionaren ez adinekoa. Elizabethek apenas behar izan zuen ikusmiran egotea gauzen arrazoibideak bere zalantza guztiak garbi zitzan: Lydia eta Wickhamen ihesa gehiago burutu zen neskaren maitasunaren indarraz, gizonarenaz baino; eta harriduraz galdetuko zion bere buruari ea zergatik hautatu ote zuen gizonak Lydiarekin ihes egitea neskarekin zoratuta egon barik, baldin eta ziur egon ez balitz egoeren estutasunak bultzatu zuela gizona hanka-jokoa egitera; eta gauzak hala baldin baziren, Wickham ez zen konpainia edukitzeko aukerari muzin egiteko mutila.

        Lydiak ikaragarri atsegin zuen gizona. Bere Wickham maitea ez zitzaion mingainetik jausten; kontrariorik gabeko gizona zen. Berak egiten zuen guztia hobetoenik munduan; eta Lydia ziur zen irailaren batean Wickhamek Ingalaterrako beste inork baino txori gehiago hilko zituena.

        Longbournera heldu eta handik gutxira, goiz batean, ahizpa nagusi biekin jesarrita zegoela, hala esan zion Lydiak Elizabethi:

        «Lizzy, uste dut zuri ez dizudala nire ezkontzarena kontatu. Zu ez zinen egon amatxori eta besteei dena kontatu nienean. Ez duzu jakingurarik zelan antolatu genuen ezagutzeko?»

        Ez, egia esan», arrapostu zion Elizabethek; «nik uste dut horretaz ezin dela gutxiegi hitz egin».

        «Elas! Hain zara arraroa! Baina esan behar dizut zelan irten zuen guztiak. Saint Clement elizan ezkondu ginen, badakizu, Wickhamek eliz barruti horretan zuelako bizilekua. Eta hamaiketarako denok han izango ginela erabaki zen. Izeko, osaba eta hirurok elkarrekin joatekoak ginen; eta besteak elizan elkartuko ziren gurekin. Tira, etorri zen astelehen goiza, eta ni halako astrapaladan nengoen! Hain beldur nintzen badakizu zer edo zer gertatuko ote zen eta dena atzeratu beharra, eta orduan guztiz aztoratuta geratuko nintzen. Eta hor zegoen izeko, janzten nintzen bitartean predikua egiten eta berba eta berba, sermoia irakurtzen balego bezalaxe. Hala ere, hamar hitzetik nik ez nion batetik gora aditzen, zeren, suposa dezakezunez, nire Wickham maitea bainuen gogoan. Irrikatan nengoen jakiteko ea jaka urdina eramango ote zuen ezkontzara.

        «Ondo, eta beraz hamarretan gosaldu genuen, ohi bezala; uste nuen ez zela inoiz amaituko; zeren, bide batez esanda, jakin behar duzu izeko eta osaba izugarri desatseginak izan zirela ni haiekin izan nintzen denbora guztian. Sinesten badidazu, behin ere ez nuen kalea zapaldu, eta hamabost egunez izan nintzen han. Ez jairik, ez planik ez ezer. Londres nahikoa motel zegoen, duda barik, baina, edozelan ere, Antzoki txikia irekita zenuen. Beno, eta kotxea atera heldu orduko, osabari Stone jaun higuingarri horrengana deitu zioten kontu batzuk konpontzeko. Eta orduan, badakizu, behin elkartuz gero, ez dute inoiz amaitzen. Tira, hain nengoen izututa, ez nekien zer egin, osabaren besotik joan behar nuen eta; eta ordua pasatuz gero, ezin izango ginen egun horretan ezkondu. Baina, zorionez, handik hamar minutura bueltan etorri zen, eta orduan bidean jarri ginen. Dena dela, gero gogoratu nuen osaba etorri ezinik izan balitz ere, ez zela ezkontza atzeratu beharrik izango, Darcy jaunak berdin-berdin eraman ahal izango ninduelako».

        «Darcy jaunak!» errepikatu zuen Elizabethek, harri-harri eginda.

        «O, bai! Wickhamen lagun joatekoa zen, badakizu. Baina, ene badatxoa! Ahaztu egin dut erabat! Ez nuen horretaz ezertxo ere esan behar. Bihotzez agindu nien! Zer esango ote du Wickhamek? Isil-isilik izan behar genuen!»

        «Isilik gordetzekoa baldin bazen», esan zuen Janek, «ez aipatu horretaz beste hitzik. Nik ez dut areago bilatuko, lasai egon».

        «O! jakina», esan zuen Elizabethek, jakin-min gorritan sututa; «ez dizugu galderarik egingo».

        «Eskerrik asko», esan zuen Lydiak, «galderarik egingo bazenidate, dena esango nizuekeelako, eta orduan Wickham haserretu egingo litzateke».

        Galderak egiteko bideak hain zabalik ikusita, Elizabethek trabak jarri behar izan zizkion bere buruari, eta korrika abiatu zen handik.

        Baina halako kontu baten ezjakinean bizitzea ezinezkoa zen; edo, behintzat, ezinezkoa zen argitasunak lortzen ez ahalegintzea. Darcy jauna haren ahizparen ezkontzan izana zen. Egoera huraxe eta jende huraxe ziren, itxuraz bederen, Darcy jaunarekin munduko zerikusirik txikiena izan zezaketenak, eta inora joateko gogo guttien sortu behar ziotenak. Arin eta txoro, hainbat burutazio etorri zitzaizkion burura, guzti horren esanguraren gainekoak; baina batek ere ez zuen Elizabeth betetzen; eta paper zati bat arineketan harturik, gutun laburra idatzi zion izekoari Lydiari itzuritakoaren azalpena eskatuz, baldin eta euren isil-asmoek horretarako lekurik uzten bazuten.

 

        Erraz ulertuko duzu, erantsi zuen, zer-nolako jakin-mina dudan ezagutzeko zer dela eta egon zen zuekin, eta halako parada batean, gutako inorekin loturarik ez duen pertsona bat, eta (hala esateko) gure familian arrotza dena. Arren, segituan idatzi, eta utzidazu horren berri jakiten... baldin eta, ardura handiko arrazoiak direla kausa, ez bada isilean gorde behar, Lydiak beharrezko ikusten bide duen moduan; hala izanez gero, ezjakinean konforme geratzera asaiatuko naiz.

 

        «Halakorik ez dut egingo baina», gehitu zuen bere kolkorako, gutuna amaitu zuenarekin batera; «eta, ene izeko maitea, ez badidazu dena esaten modu ohorezkoan, orduan amarru eta trikimailuetara jo beharko dut, ezinbestean, egia deskubritzeko, bai horixe».

        Ohorearen zentzu delikatuak ez zion Janeri utziko Lydiak botatakoaz Elizabethekin apartean hitz egiten; Elizabeth pozik zegoen horretaz; bere galderei argibiderik emango ote zitzaien garbi geratu artean, nahiago zuen isilkiderik ez izatea.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia