BERROGEITA HAMARGARREN ATALA

 

        Bere bizitzako sasoi honetara heldu baino lehenagotik, Bennet jauna askotan egona zen pentsatzen hobe izango zukeela urtero-urtero diru kopuru bat aurreztu izan balu, bere sarrera guztiak gastatu barik; horrela, alabak eta emaztea —azken hau bera baino gehiago biziz gero— hobeto horniturik geratuko ziren, izan ere. Orain inoiz baino gehiago damutzen zitzaion hori ez egina. Berak eginkizun hori bete izatera, Lydia ez zen osabarekin zorretan egongo, orain berarentzat eros zitekeen ohore eta izen garbiaren truke. Hala izanez gero, Ingalaterrako gazterik zirtzilenetako bat Lydiarekin ezkontzera behartzearen atseginak zegokion lekua izango zukeen.

        Hain esker gutxiko kontu bat bere koinatuaren pentzura oso-osorik konpondu behar izateak ondoez handia sortzen zion, eta, ahal izanez gero, laguntzaren nondik norakoa ikertzera deliberatuta zegoen, bai eta betekizun hori ahalik eta lasterren garbitzera ere.

        Bennet jauna ezkondu zenean diruari begiratzea premia gabeko gauzatzat jo zen; zeren, jakina, seme bat izango zuten. Seme horrek, adinez nagusi izan bezain laster, ondasunen lotura etengo zuen, eta berak hartuko zuen alargunaren eta seme-alaba gazteen kontu. Bost alaba munduratu ziren bata bestearen atzean, baina semea, hala ere, etortzeko zegoen; eta Lydia jaio ondoren ere, Bennet anderea urte askoan egon zen ziur semea etorri egingo zena. Azkenean etsi zuten, baina beranduegi zen diruarekin begiratuak izaten hasteko. Bennet andereak ez zuen ekonomiarako isuririk, eta senarrak bere eskuko bizitzeko zeukan grinak bakarrik galarazi zien beren ahalez gainetik ibiltzea.

        Ezkontzerakoan, bost mila libra izendatu zituen Bennet anderearentzat eta seme-alabentzat. Baina diru hori seme-alaben artean zelan banatu, gurasoen borondatearen menpeko zen. Puntu hori, Lydiari zegokionez bederen, orain geratuko zen erabakita, eta Bennet jaunak ez zuen inongo zalantzarik izan bere aurrean jarritako proposamena onartzeko. Eskerrona erakutsi zion anaiari bere bihotz onagatik, guztiz motz eta zehatz erakutsi ere, eta paperera eraman zuen Gardiner jaunak egindako guztiaren onespen bete-betea, bai eta bere izenean hartutako konpromisoak betetzeko borondatea ere. Bennet jaunak ez zuen sekula pentsatu Wickham bere alabarekin ezkontzera behartu ahal izanez gero, ezkontza horrek hain enbarazu gutxi egingo zionik. Eman beharko ziren 100 libra horiekin apenas galduko zuen 10 libra urtean; izan ere, alabaren mantenuari eta bere zorrorako diruari, amaren eskutatik Lydiarengana etenbarik heltzen ziren diruzko opariak gehituz gero, alabaren gastuak oso gutxitan egoten ziren kopuru horren azpitik.

        Berak hain lan gutxi egin behar izatea ere ustekabea izan zen, oso ondo etorria gainera; izan ere, une horretan bere gogo nagusia arazo horretan ahalik eta ardura gutxien izatea zen. Alabaren bila ibiltzean hartutako lehen amorrualdiak pasatuta, bere ohiko sorgortasunera itzulia zen berez-berez. Berehala igorri zuen gutuna; zeren, zereginak bere gain hartzeko gizon nagia izan arren, behin ardurak hartuta, oso azkar ibiltzen zen beroriek gauzatzeko. Erregu egiten zion anaiari berarekiko zorrak nondik norakoak ziren zehatzago esateko; baina Lydiarentzat ez zuen mezurik bidali, haserretuegi zegoen alabarekin.

        Berri onak zizta batez zabaldu ziren etxe osoan barrena; eta, laineko abiaduraz, auzunean barrena ere bai. Hor, dezenteko filosofiaz hartu zituzten. Lydia andereñoa hiritik etorri balitz, hizpide mamitsuagoak sortuko ziren, duda barik; edo —alternatibarik ederrena hautaturik— andereñoa mundutik apartatu balitz, eta urruneko landetxeren batean gorde. Baina ezkontzarenak ere berbabiderik asko eman zuen; eta zirkunstantzia aldaketa horrek ezer gutxi moteldu zituen Merytoneko dama zahar eta gogo txarrekoek lehenago adierazitako gurari ontsuak, zeren, halako senarrarekin, Lydiaren zorigaitza gauza segurutzat jotzen baitzen.

        Hamabostaldia zen Bennet anderea beheko solairura jaisten ez zela, baina egun zoriontsu horretan ostera ere hartu zuen bere lekua mahaiburuan, giroa itotzeko moduko gogo argiaz. Ez zuen inongo lotsa sentimendurik, bere garaipenari izpi beltzik jar ziezaiokeenik. Janek hamasei urte bete zituenetik gehien-gehien irrikatutako desioa —hau da, alaba bat ezkontzea— betetzeko puntuan zegoen, eta Bennet anderearen gogoeta eta berba guztiak eztegu dotoreei lotutako gauzez beterik zeuden: muselina finez, kotxe berriez eta zerbitzariez. Oso lanpetuta zebilen bere alabarentzako bizileku egokia auzunean bilatzen, eta senar-emazte berriek zer-nolako diru-sarrerak izango zituzten jakin edo aintzat ere hartu gabe, etxe asko baztertu zituen, neurriz edo mailaz eskasak zirelakoan.

        «Haye-Parkek balio lezake», esan zuen, «Gouldingtarrak joango balira, edo Stokeko etxe handia, egongela zabalagoa balitz; baina Ashworth urrunegi da. Ezingo nuke jasan Lydia nigandik hamar miliatara izatea; eta, Purvis Eneari dagokionez, ganbarak ezin zatarragoak dira».

        Zerbitzariak aurrean ziren bitartean, Bennet jaunak berba egiten utzi zion, hitza moztu gabe. Baina erretiratu zirenean, hala esan zion, «Bennet anderea, etxe horietako bat, edo guztiak, zure seme-alabentzat hartu baino lehen, gauza bat argi dezagun. Auzotegi honetako etxe batean ez dute inoiz sarrera izango. Ez diot ez bataren ez bestearen lotsagalduari haririk emango Longbournen abegia eginez».

        Adierazpen horri sesio luzea jarraitu zitzaion; baina Bennet jauna irmo zegoen berean. Horrek laster ekarri zuen beste eztabaida bat; eta Bennet andereak harriduraz eta espantuz ikusi zuen nola bere senarrak ez zuen ginea bat ere jarriko bere alabaren jantziak erosteko. Bennet jaunak sendo adierazi zuen okasio horretan bere alabak ez zuela beragandik inolako maitasun seinalerik hartuko. Bennet andereak apenas ulertzen zuen ezer. Gizonaren haserrea pentsaezinezko samin horretaraino heltzea, bere alabari lizentzia hori ukatzeraino, berori batik ezkontza ia-ia baliogabe agertuko zelarik! Hori guztia Bennet andereak balizkoen barruan onar zitzakeen gauzetatik harantzago zegoen. Biziago sentitzen zuen jantzi berrien faltak bere alabaren ezteguei ekarriko zien lotsaria, eztegu horiek ospatu baino hamabost egun lehenago Lydiak Wickhamekin ihes egin eta berarekin bizitzen egon izanari buruzko ezein lotsabide baino.

        Momentuko larridurak eraginda, Elizabethek Lydiaren gaineko kezken berri emana zion Darcy jaunari, eta orain bihotz-bihotzez damutzen zitzaion; izan ere, handik oso gutxira ezkontzak amaiera egokia jarriko zion ihesari, eta, beraz, uste izatekoa zen gertaeren leku-lekuan izan ez ziren guztiei hasiera oker hori ezkutatu ahal izango zietela.

        Darcyk ez zuen kontua areago zabalduko, Elizabeth ez zen horren beldur. Jende gutxiren diskrezioaz fidatuko zen Darcyrenaz bezainbeste; baina, aldi berean, Darcyk Lydiaren jausialdiaren berri jakiteak, munduko beste edonork jakiteak eman ziezaiokeena baino min handiagoa ematen zion. Ez, alabaina, hortik etor zekiokeen kaltearen beldurrez, ez berari bereziki; zeren, edozein modutan ere, bazirudien bien artean gainditu ezinezko sakana zegoela. Lydiaren ezkontza erarik ohoretsuenean burutu izatera ere, ez zen zertan pentsatu Darcy jauna halako familia bati lotuko zitzaionik, noiz-eta senitarte horrek bere aitzakia guztiei beste bat gehituko zionean, hau da, Darcyk berak eskubide osoaz mesprezatzen zuen gizonarekin denik eta aliantza eta harremanik estuena sortzea.

        Elizabeth ezin zen harritu Darcy jaunak atzez egiten baldin bazion halako lotura bati. Ziur zegoen Derbyshirekoan Darcy jaunak bere oniritzia lortu gura izan zuela, baina gurari horrek ezin zuen bizirik iraun halako kolpe makurraren ostean. Ez zen geratzen, bada, zentzuzko arrazoirik esperantzari eusteko. Umiliatuta zegoen, bihotza bi erdi eginda; damututa ere bai, baina nekez jakingo zuen zergatik. Darcyren estimazioaz gozatzeko itxaropenik gelditzen ez zenean, Elizabethek estimazio horren zale aurkitzen zuen bere burua. Gizonaren berri eskuratzeko aukera gutxien bide zegoenean, haren albiste entzun gura zuen. Biek berriz elkar ikusteak inoizko zailen zirudienean, Elizabeth erabat sinetsita zegoen Darcyrekin zoriontsu izango zatekeela.

        Zer-nolako garaipena Darcyrentzat, pentsatzen zuen Elizabethek sarritan, jakin ahalko balu orain pozez eta eskerronez jasoko zituela lau hilabetetxo lehenago hain harro nausatutako proposamenak! Gizon eskuzabala zen, bere sexukoen artean izan zitekeen gizonik eskuzabalena, dudarik ez. Baina hezur-haragizkoa zen aldetik, garaile sentitu beharko zen.

        Orduantxe hasi zen Elizabeth garbi ikusten Darcy jauna zela berarentzako gizonik aproposena, hala izaeraz nola dohainez. Gizonaren adimendu eta umorea ez ziren Elizabethenak bezalakoak, baina bai bere nahikari guztien neurriko. Gertatuz gero, ezkontza hori bien onerako izango zen; Elizabethen lautasun eta bizitasunarekin, Darcyk bere gogoa eztituko zuen eta bere moldeak hobetuko; Darcyren zentzuzkotasun eta buru jantziarekin, eta munduari buruz zeukan ezagutzarekin, berriz, Elizabethek garrantzi handiagoko irabazia jasoko zuen.

        Baina orain ez zen izango halako ezkontza zoriontsurik, jendetza ahozabalari dohatsutasun konnubiala zer zen erakutsiko zionik. Laster gauzatuko zen familian beste lotura bat, jasa desberdinekoa, eta bestea gertatzeko aukera guztiak eragotziko zituena.

        Wickham eta Lydia beren eskuko-edo bizitzeko zelan moldatuko ziren, hori ezin zuen Elizabethek bururatu. Baina beste hau, berriz, erraz asma zezakeen: euren grinak euren bertutea baino indartsuagoak izatearen arrazoi hutsagatik elkarrengana bildutako gazte bik ezin izango zutela zorionaldi luzerik izan.

 

* * *

 

        Gardiner jaunak luze barik idatzi zion bere anaiari ostera ere. Laburki erantzuten zituen Bennet jaunaren eskerronak, etxeko edozeinen ongizateagatik lan egiteko gogotsu zegoela ziurtatuz; eta gai hori bere aurrean berriz ez aipatzeko erreguez amaitzen zuen. Gutunaren xede nagusia Wickham jaunak milizia uztea erabakia zuela jakinaraztea zen.

 

        Ezkontzarena erabakita utzi bezain laster», eransten zuen, horixe egin zezan nahi nuen nik gogo guztiz. Eta uste dut nirekin bat etorriko zaretela diodanean gudaroste horretatik joatea bai gizonarentzat berarentzat eta bai gure ilobarentzat zeharo gauza guragarria dela. Wickham jaunak erregularretara sartzeko asmoa dauka; eta, bere lehengo lagunen artean, oraindik ere badira berari armadan laguntzeko moduz eta gogoz daudenak. Soldadu arruntzat onartzea agindu diote —————— jeneralaren gudarostean, orain Iparraldean ezarrita dagoenean, alegia. Erresumako alde honetatik hain urrun izatea bada abantaila. Zinez agindu dit biak zentzuzkoagoak izango direla, eta nola ezezagunen artean egonda euren izena zaindu beharko duten, hala egitea espero dut. Forster Koronelari idatzi diot gure antolabideen berri emateko, eta Wickham jaunak Brightonen eta aldirietan dituen hartzekodunei berea eman diezaiela eskatzeko, diru hori berehala itzuliko zaiola ziurtatuz, ni neu berme naizela. Hartuko al zenuke zuk Mertytonekoekin gauza bera egiteko nekea? Hor doakizu hango hartzekodunen zerrenda, Wickhamek emandako xehetasunen arabera prestatua. Bere zor guztiak aitortu ditu; espero dut honetan behintzat ez engainatzea. Aginduak eman dizkiogu Haggerstoni, eta astebete barru eginda egongo da dena. Orduan gudarostera joango dira biak, baldin eta lehenago Longbournetik gonbiterik luzatzen ez bazaie; eta Gardiner andereak aditzera eman didanez, gure ilobak gogo bizia du zuek guztiok ikusteko Hegoaldetik joan baino lehen. Ondo da bera, eta zeuri eta bere amari lege den bezala goraintziak emateko erregutu dit. Zurea orain etab.

E. GARDINER

 

        Bennet jaunak eta bere alabek Gardiner jaunak bezain garbi ikusi zituzten Wickham jauna        ——————— shiretik joatearen abantaila guztiak. Baina Bennet anderea ez zegoen hain pozik berriarekin. Emakumeak ez zuen inolaz ere bazterrera utzita bikotea Hertforshiren bizitzeko plana, eta Lydiaren aldamenean inoiz baino pozago eta harroago egotea espero zuenean, alaba Iparraldean ezarriko zen albistea hartzea desilusio latza izan zen; eta, gainera, zein tamalgarria Lydia gudaroste horretatik aldendu beharra, bertan mundu guztia ezagutzen zuela, eta hainbeste kutun zeukala!

        «Hain maite du Forster anderea», esan zuen, «oso ikaragarria izango litzateke Lydia handik bidaltzea! Eta gizonetako batzuk ere oso gogoko ditu. —————— jeneralaren gudarosteko ofizialak ezin dira hain atseginak izan».

        Iparralderantz abiatu baino lehenago etxean berriz ere onartua izateko eskabideak, halakotzat hartu ahal baitzen Lydiak esandakoa, ezezko erabatekoa jaso zuen hasieran. Baina Janek eta Elizabethek, bere ahizparen izen eta sentimenduen amoreagatik, gurasoek ezkontza hori jendaurrean onestea nahi zuten, eta hain sutsu, baina hain era ezti eta arrazoizkoan premiatu zuten aita Lydia eta haren senarra ezkondu bezain laster Longbournen hartzeko, non, azkenean, Bennet jaunak alaben gogora makurtu behar izan zuen, eta haien nahierara jokatu. Eta Iparralderantz aienatu baino lehen alaba ezkondua auzotegian ikusi ahal izango zuela jakitearen poza eman zioten Bennet andereari. Horrenbestez, anaiari berriz idatzi zionean, Bennet jaunak gazte biak eurengana joateko baimena bidali zuen; eta zeremonia burutu bezain pronto Longbournera bidean jarriko zirela erabaki zen. Elizabeth harrituta geratu zen, alabaina, Wickhamek halako asmoei amore emateaz, eta bere gogoari bakarrik jaramon egitera, gizon horrekin elkartzea munduan irrikatuko zuen azken gauza izango zen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia