BERROGEITA BEDERATZIGARREN ATALA

 

        Bennet jauna itzuli eta handik bi egunetara, Jane eta Elizabeth etxearen atzeko habetxoen artean paseoan zebiltzan, halako batean etxekoandrea eurengana etortzen ikusi zutenean; eurak amaren ondora deitzera zetorrela ondorioztatuz, aurrera egin zuten emakumearekin elkartzeko, baina harengana hurreratzean, uste izandako abisuaren ordez, halaxe esan zion etxekoandreak Bennet andereño nagusiari, «Barka beza, anderea, tartean sartzeagatik, baina esperantza nuen agian hiriko berri onak izango zituztela beroriek, eta galdetzen etortzeko libertatea hartu dut».

        «Zer esan gura duzu, Hill? Ez zaigu berririk heldu hiritik».

        «Andere maitea», hots egin zuen Hill andereak zur eta lur, ez al daki berorrek espreso bat etorri dela ugazaba jaunarentzat, Gardiner jaunak bidalita? Orain dela ordu erdi bat izan da hemen, eta ugazaba jaunak gutun bat hartu du».

        Korrika abiatu ziren neskak, etxean sartzeko gogo biziak berriketarako astirik uzten ez ziela. Korrika zeharkatu zuten bebarrua, eta gosari-gelara sartu ziren; hortik liburutegira; aita ez zegoen ez batean ez bestean; eta goiko bizitzara, amaren gelara, bila joatekotan zeudenean, etxezainarekin egin zuten topo, eta gizonak zera esan zien:

        «Ugazaba jaunaren bila badabil, anderea, basoñorantz doa».

        Argitasunon arabera, andereñoek istantean igaro zuten ostera ere bebarrua, eta laster batean zeharkatu zuten belardia aitaren atzetik; Bennet jauna lasai lotzen zitzaion bere bideari, zaldi-tokien albo batean zegoen baso txikirantz.

        Jane, Elizabeth bezain arina ez zenez, eta korrika egiten ere ahizpa bezain ohituta ez zegoenez, atzean geratu zen berehala, eta Elizabeth, bitartean, aitarengana arnasestuka heldu eta honela hots egin zion egonezinik handienaz:

        «O, aitatxo, zer berri? zer berri? osabaren albisterik izan duzu?

        «Bai, eskutitza bidali dit espresoan».

        «Ondo, eta zein berri dakar? onak ala txarrak?»

        «Ba al da gauza onik itxaroterik, ala?» esan zuen Bennet jaunak, gutuna patrikeratik atereaz; «baina, beharbada, irakurri nahi izango duzue».

        Elizabethek eskutik kendu zion ondoezik. Orduantxe iritsi zen Jane.

        «Irakurri ozen», esan zuen aitak, «nik neuk ere ia ez dakidalako zertaz diharduen».

 

        Gracechurch kalea, astelehena, abuztuak 2.

        ENE ANAIA MAITEA,

        Azkenean nire ilobaren gaineko garbitasun batzuk emateko eran nago, eta, oro har, poza emateko modukoak, hala espero dut nik behintzat. Larunbatean zuk ni utzi eta handik gutxira, bikotea Londreseko zein aldetan zegoen jakiteko suertea izan nuen. Xehetasunak, elkartzen garenerako gordeko ditut. Nahikoa da aurkitu egin ditudana jakitea. Biak ikusi ditut.

 

        Orduan nik beti uste izan dudan bezala da», egin zuen Janek aldarri: «ezkondu egin dira!» Elizabethek irakurtzen jarraitu zuen:

 

        Biak ikusi ditut. Ez daude ezkonduta, eta ez dut inondik ere ikusten halakorik egiteko asmorik zutenik; baina zure izenean egitera menturatu naizen konpromisoak gauzatzeko gertu bazaude, luze gabe ezkonduta egongo diren esperantza daukat. Galdatzen zaizun guztia hauxe da, zeu eta nire arreba hil osterako zeure alabentzat izendatuta dauden bost mila liberetatik, Lydiari bere partea itun baten bitartez ziurtatzea; eta, gainera, zu bizi zaren bitartean, alaba horri urtean ehun libra emateko konpromisoa hartzea. Gauza guztiak gogoan hartuta, nik ez nuen zalantzarik izan baldintza guztiok zeure izenean onartzeko, horretarako eskurik banuela iruditu zitzaidan eta. Espresoan bidaliko dut hau, denbora galdu barik zure erantzuna jasotzeko. Eman ditudan argitasunak ikusita, erraz konprenituko duzu Wickhamen egoera ez dela gehienek uste bezain etsia. Alde horretatik jendea uste okerretan ibili da; eta pozez esan dezaket zor guztiak kitatu ondoren ere, diru apurren bat geratuko dela nire ilobaren fortunari gehitzeko. Baldin eta, nik uste bezala, esku oso-osoa ematen badidazu auzi honetan guztian zeure izenean jokatzeko, istantean emango dizkiot aginduak Haggerstoni itun egokia presta dezan. Ez duzu inondik inora etorri behar izango hirira ostera ere; horrenbestez, lasai egon Longbournen, eta sendo izan nire arduran eta kontuan. Bidali zure erantzuna lehenbailehen, eta saia zaitez argi eta garbi adierazten. Egokiena juzkatu dugu nire iloba etxe honetatik ezkontzea, eta zuk onar dezazun espero dut. Gaur etorriko da hona. Zer edo zer gehiago erabakita utzi bezain laster, berriro idatziko dizut. Zeurea orain etab.

EDW. GARDINER

 

        «Bai ote!» oihu egin zuen Elizabethek, amaitu zuenean. «Ba ote liteke Wickham Lydiarekin ezkontzea?»

        «Wickham ez da, orduan, guk uste bezain gizon galdua;» esan zuen ahizpak. «Aita maitea, zorionak».

        «Eta erantzun al duzu eskutitza?» esan zuen Elizabethek.

        «Ez; baina azkar egin behar da».

        Orduan Elizabethek biziro erregutu zion denbora gehiago galdu gabe idatz zezan.

        «O! aita maitea», hots egin zuen, «itzuli etxera eta segituan idatzi. Ohar zaitez zein garrantzitsua den une bakoitza honelako kasu batean».

        «Utzidazu niri idazten», esan zuen Janek, «zuk higuin baduzu lana».

        «Zeharo higuin dut», arrapostu zuen Bennet jaunak; «baina egin egin behar da».

        Eta hori esanda, buelta eman zuen alabekin eta etxera bidean jarri zen.

        «Eta, itaun ote nezake?» esan zuen Elizabethek, «baldintzak... onartu egin beharko dira, suposatzen dut».

        «Onartu! Lotsa-lotsa eginda nago Wickhamek hain gutxi eskatzea».

        «Eta ezkondu egin behar dira! Baina halako gizona izanda!»

        «Bai, bai, ezkondu egin behar dira. Ez da beste biderik. Baina badira bi gauza, jakingura bizi-bizia sortzen didatenak: bata, zenbat diru jarri duen zuen osabak arazoa konpontzeko, eta bestea, zelan ordainduko ote diodan inoiz».

        «Dirua! osabak!» hots egin zuen Janek, «zer esan nahi du, jauna?

        «Esan nahi dut bere onean dagoen ezein gizon ez litzatekeela Lydiarekin ezkonduko ni bizi naizen bitartean urtero ehun, eta ni hemendik joan ostean, berrogeita hamar kobratzea bezalako tentazio xumeak eraginda».

        «Egi-egia da hori», esan zuen Elizabethek; «lehen ez zait bururatu, baina. Zorrak garbitu behar, eta oraindik ere zer edo zer geratu! O! osabaren egina izan behar du horrek! Gizon eskuzabal, bihotz onekoa, beldur naiz diru barik geratu ote den. Diru-kopuru txikiak ez zukeen egingo guzti hau».

        «Ez», esan zuen aitak, «hamar mila libra baino penike laurden bat gutxiagogatik hartzen badu Lydia, Wickham babo hutsa da. Damu handia izango nuke berataz hain txarto pentsatzea, gure harremanaren hasiera-hasieran».

        «Hamar mila libra! Jainkoak gorde gaitzala! Zelan itzuliko ote diogu dirutza horren erdia ere?»

        Bennet jaunak ez zuen erantzunik eman, eta bakoitza bere baitan sartuta, isilik jarraitu zuten etxera heldu arte. Orduan aita liburutegira joan zen idaztera, eta neskak gosari-gelara sartu ziren.

        «Eta ezkondu egingo dira benetan!» egin zuen Elizabethek aldarri, biak euretara geratu bezain laster. «Zein arraroa den hau! Eta honengatik eman behar ditugu eskerrak. Elkarrekin zoriontsuak izateko hain aukera gutxi dutelarik, eta Wickham gizon sastarra izanik, bozkariotan egon behar dugu ezkonduko direlako! O, Lydia!

        «Niri bihotz ematen dit pentsatzeak», arrapostu zuen Janek, «Wickham ez litzatekeela inolaz ere Lydiarekin ezkonduko baldin eta benetako oniritzirik ez balio. Gure osaba onberatsuak Wickham zuritzeko zer edo zer egin badu ere, ezin dut sinetsi hamar mila libra edo antzekorik aurreratu dituenik. Seme-alabak ditu, eta gehiago izan ditzake. Zelan eman litzake hamar mila libra?»

        «Wickhamek zenbateko zorrak zituen jakitea lortzen badugu», esan zuen Elizabethek, «eta zenbat emango dion gure ahizpari, zehatz eta mehatz jakingo dugu zer egin duen Gardiner jaunak haien alde, Wickhamek bere baitarik txakur txiki bat ere ez daukalako. Izeko-osaben onberatasuna ordaindu ezina da. Lydia euren etxera eramatea eta hari euren babesa eta magala eskaintzea hain da sakrifizio handia gure ahizparen alde, urteetako esker erakutsiarekin ere ezin izango baitugu bere osoan estimatu. Oraingorako Lydia haiekin dago, egon! Ontasun horrek doilor sentiarazten ez badu, ez du merezi inoiz zoriontsu izaterik! Zer-nolako enkontrua berarentzat, izeko lehenengoz ikusten duenean!

        «Alde batean zein bestean gertatutako guztia ahaztera asaiatu behar dugu», esan zuen Janek. «Guztiarekin ere, zoriontsuak izan daitezen esperantza daukat, eta hala izango dela uste dut. Wickhamek amore eman du Lydiarekin ezkontzeko, eta hori gizona zentzatzen hasia den froga da, hala uste dut nik. Elkarrekiko onginahiak sendo lotuko ditu; eta nahi dut pentsatu hain gozo ezarriko direla, eta hain modu arrazoizkoan biziko direla, non denboraren denboraz ahaztu egingo dugun oraingo burugabekeria».

        «Haien jokamoldea», arrapostu zuen Elizabethek, «ez zuk, ez nik, ez inork sekula ez ahazteko modukoa izan da. Alferrik da horretaz berba egitea».

        Halako batean neskei otu zitzaien amak ziurrenik ez zuela ezertxo ere jakingo gertatu berri zenaz. Horrenbestez, liburutegira joan ziren, eta aitari galdetu ea ez ote zuen nahi ama jakinaren gainean jar zezaten. Bennet jauna idazten ari zen, eta, burua altxatu barik, hoztasunez arrapostu zien:

        «Zeuok gogo duzuena».

        «Irakurri ahal diogu osabaren gutuna?»

        «Hartu gura duzuena eta joan zaitezte».

        Elizabethek eskutitza idazmahaitik hartu, eta ahizpa biak gora joan ziren elkarrekin. Mary eta Kitty Bennet anderearekin zeuden: behin esatea, beraz, nahikoa izango zen guztientzat. Berri onak entzuteko pixka bat prestatu ondoren, gutuna irakurri zieten. Bennet anderea ozta-ozta zen bere buruaren nagusi. Gardiner jaunak Lydia luze barik ezkontzea espero zuela entzun bezain laster, anderearen pozak eztanda egin zuen, eta ondoren entzundako esaldi bakoitzarekin bere zorionaren jarioa handituz joan zen. Oraingo pozak sortutako erremina, lehengo ikarak eta haserreak sortutako egoneza bezain oldartsua zen. Aski zuen bere alaba ezkontzera zihoala jakitea.

        «Ene Lydia maite-maitea!» hots egin zuen: «Hau zoragarria da, alajaina! Ezkondu egingo da... Berriro ikusiko dut! Hamasei urterekin ezkonduko da! Ene neba zintzo, onberatsua! Banekien zelan joango zen dena... Banekien dena konponduko zuena. Irrikatan nago Lydia berriz ikusteko! eta Wickham maitea ikusteko ere bai! Baina jantziak, ezkon jantziak! Oraintxe bertan idatziko diot neure ahizpa Gardinerri horretaz. Lizzy, maitea, jaitsi aitarengana eta galdetu ea zenbat emango dion. Egon, egon, neu joango naiz. Jo ezazu kanpaia, Kitty, Hill datorrela. Ri-rau batean jantziko ditut nire gauzak gainean. Ene Lydia maite-maitea! Zein zoriontsuak izango garen biok elkartzen garenean!»

        Amaren birloraldi horiek zelanbait arintzeko, alaba nagusia anderearen gogoa beste norabait eramatera entseatu zen, eta, horretarako, Gardiner jaunaren jokaerarengana guztiek zeukaten esker-zorra aipatu zion.

        «Izan ere, amaiera zoriontsu hau», erantsi zuen, «neurri handi batean haren ontasunari atxiki behar diogu. Bete-betean gaude osabak bere zorroa hustu duela Wickham jaunari diruaz lagundu ahal izateko».

        «Beno», egin zuen amak aldarri, «ederto dago hori; nork egin beharko luke bere osabak baino? Berak familiarik izan ez balu, bere diru guztia neure eta neure alabena izango zen, badakizue, eta hau da beragandik zenbait lortzen dugun lehenengo aldia, opari gutxi batzuk kenduta. Tira! Hain naiz zoriontsu. Hemendik gutxira alaba bat izango dut ezkonduta. Wickham anderea! Zein ondo jotzen duen belarrira. Eta hamasei urte besterik ez zituen bete joan den ekainean. Ene Jane maitea, halako dardaran nago, ziur naiz ezin dudala idatzi; beraz, diktatu egingo dizut eta zuk idatziko duzu. Geroago erabakiko dugu diruarena aitarekin; baina gauzak berehalakoan enkargatu behar dira».

        Bennet anderea prest zegoen kaliko, muselina eta batistari lotutako xehetasun guztiei ekiteko, eta luze barik oso enkargu mamitsuak diktatuko zituzkeen, baldin eta Janek, zenbait neke kostata, apur batean itxaroteko zuritu ez balu, aitari bere iritzia eskatzeko era izan arte, alegia. Egun bat atzeratzea, ohartarazi zion, gauza gutxia zen; eta ama zoriontsuegi zegoen ohi bezain egoskorra izateko. Beste plan batzuk ere otu zitzaizkion.

        «Jantzi bezain laster», esan zuen, «Merytonera joango naiz, eta berri on-on hauek emango dizkiot nire ahizpa Philipsi. Eta handik bueltan ikusi bat egiten joan ahal natzaie Lady Lucasi eta Long andereari. Kitty, jaitsi azkar eta eskatu kotxea. Osteratxo batek on handia egingo dit, ziur naiz. Neskok, zer edo zer nahi duzue Merytonetik? O! hemen dator Hill. Ene Hill maitea, entzun al dituzu berri onak? Lydia andereñoa ezkontzera doa; eta zuek guztiok kikara bete fruitu-ardoa izango duzue bere ezkontza ospatzeko».

        Hill anderea istantean hasi zen bere bozkarioa adierazten. Elizabethek besteekin batera jaso zituen zorionak, eta gero, gangarkeria horiekin nazkatuta, bere gelaren babesa bilatu zuen askatasunez pentsatu ahal izateko.

        Onenean ere, Lydia gaixoaren egoera nahikoa txarra zen berez; baina eskerrak eman beharra zuen txarragoa ez izateagatik. Halaxe iruditzen zitzaion; etorkizunari begira, ez zen inongo arrazoirik uste izateko Lydiak gutxi gora beherako zorionik lortuko zuenik, edo munduko gauzetan gora egingo zuenik; baina, hala ere, atzera begiratzean eta bi ordutsu lehenago zeren ikaretan egonak ziren pentsatzean, Elizabeth eskuratu berri zutenaren abantaila guztiez jabetzen hasi zen.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia