BERROGEITA ZORTZIGARREN ATALA

 

        Hurrengo goizean Bennet jaunaren gutun bat helduko zen esperantzatan zeuden denak, baina posta etorri zenean ez zuen hark idatzitako lerrorik ekarri. Etxeko guztiek bazekiten normalean zeharo utzia eta gero-zalea izaten zela gutunekin, baina halako egoera batean ahalegin bat egingo zuela pentsatu izan zuten. Ondorioz, Bennet jaunak informazio atseginik ez zeukala uste izatea beste biderik ez zitzaien geratu, baina nahiago izango zuketen hori bederen seguru jakitea. Gardiner jauna posta etorri arte baizik ez zen geratu, eta gero segituan abiatu zen. Joan zenean, beste guztiei etenbako informazioa jasotzearen segurantza, behintzat, geratu zitzaien, eta partieran osabak hitz eman zien Bennet jauna Longbournera lehenbailehen itzultzeko konbentzituko zuela; kontsolamendu handia izan zen hori Gardiner jaunaren arrebarentzat, Bennet anderearen irudirako horixe baitzen modu bakarra bere senarra dueluan hil ez zezaten.

        Gardiner andereak eta umeek egun batzuk gehiago eman zituzten Hertfordshiren, bertan geratzea ilobentzat agian lagungarria izan zitekeela uste baitzuen izekoak. Bennet anderea jagoten laguntzen zien, eta asko suspertzen zituen beren astialdietan. Beste izeba ere sarritan etortzen zitzaien bisitan, eta, berak beti esaten zuenez, denak bizkortzeko eta euren bihotzak zabaltzeko asmoaz; baina inoiz etortzen ez zenez Wickhamen bonbonkeriaz edo arauz kanpoko ibilerez kontu berriren bat ekarri barik, joateko orduan lehen baino jausiago uzten zituen denak gehientsuenetan.

        Bazirudien Merytoneko jende guztia elkarren lehian zebilela apenas hiru hilabete lehenago ia-ia argizko aingeru bat izandako gizonaren izena belzteko ahaleginetan. Bertako merkatari guztiekin zorretan zegoela esaten zuten, eta haren jukutriak, den-denak sedukzioaren izenaz koroatuak, merkatari guztien etxeetara zabalduak ei ziren. Herri guztiak adierazi zuen munduko gazterik zitalena zela; eta herri guztia hasi zen konturatzen eurek hasiera-hasieratik hartu ziotela susmo txarra itxura onberatsu hari. Elizabethek, esaten ziren gauzen erdiei sinesterik ematen ez bazien ere, nahikoa sinesten zuen bere lehengo susmoak sendotzeko, eta ahizparen hondamendia are gauza seguruagotzat jotzeko; eta Janek berak ere galdu zituen ia esperantza guztiak, Elizabethek baino are gutxiago sinesten zuen arren. Izan ere, maitale biak Eskoziara joanak izanez gero —eta ordura arte Janek ez zuen horretaz sekula erabat etsi ordurako euren berri izan beharko zuten, inolako dudarik gabe.

        Gardiner jauna igandean joan zen Longbournetik; asteartean bere andereak gutun bat jaso zuen; kartan zioenez, Gardiner jauna hirira heldu eta berehala bilatua zuen anaia, bai eta berekin Gracechurch kalera joateko konbentzitu ere. Bera Londresera baino lehen, Bennet jauna Epson eta Claphamen izana zen, baina argibide baliagarririk jaretsi gabe; eta bera, Gardiner jauna, hiriko hotel nagusi guztiak ikertzera deliberatuta zegoen, Bennet jaunaren ustez posiblea zelako iheslariak haietako batera joan izana Londresera lehenengoz ailegatzean eta gelak alokatu artean. Gardiner jaunak ez zuen uste neurri horrek arrakasta izango zuenik, baina bere anaiak ez zuen onik izango lan hori egin artean, eta bera, Gardiner jauna, anaiari lagun egiteko prest zegoen. Zirudienez, Bennet jaunak artean ez zuen inolako asmorik Londresetik joateko. Hori guztia esanda, osabak luze barik berriz idaztea agintzen zien. Post-data bat ere bazegoen, honetara ziharduena:

        «Forster Koronelari idatzi diot erregu bat egiteko, alegia, ahal baldin badu, Wickhamek gudarostean zituen lagun mamiengandik iker dezala ea gizonak ba ote duen senide edo lagunik, hiriaren zein partetan ostendu den jakin dezakeenik. Aukeraren bat egongo balitz norbaitengana jotzeko eta halako lorratzen bat eskuratzeko, ondore handiko gauza izango litzateke. Oraintxe bertan ez dugu nora jo. Esango nuke Forster Koronelak bere esku dagoen guztia egingo duela gure eskabide hori betetzeko. Baina, hobeto pentsatuta, beharbada Lizzyk esan ahal izango digu inork baino hobeto zein senide bizi duen Wickhamek oraintxe».

        Elizabethi ez zitzaion joan ohartzeke bere autoritatearekiko begirune hori nondik zetorren; baina ez zegoen bere esku konplimendu horrek merezi bezain argibide baliagarririk ematea.

        Sekula ez zuen entzun seniderik zuenik, aita eta ama izan ezik, eta urte asko ziren bata eta bestea hilak zirela. Bazitekeen, hala ere, shireko kideren batek argibide gehiago eman ahal izatea; eta oso esperantza bizirik ez bazuen ere, saiatzea behintzat bazen gogoa pizteko zer edo zer.

        Orain, egun guztiak ziren egonezinezko egunak Longbournen; baina egonezinik handiena posta heltzeko orduan izaten zen. Gutunen iritsiera zen goizeko egonezaren eragile nagusi eta oroz gainekoa. Esan beharreko guztia, ona zein txarra, gutunen bidez jakinaraziko zitzaien, eta egunero uste zuten albiste garrantzitsuak etorriko zirela.

        Baina Gardiner jaunaren beste berririk izan baino lehenago gutun bat heldu zen Bennet damen aitarentzat, beste manda batetik zetorrena, Collins jaunarenetik, hain zehatz; aitak agindua emana zion Janeri bera kanpoan zen bitartean insten ziren karta guztiak zabaltzeko, eta, beraz, alaba nagusiak irakurri egin zuen eskutitza; eta Elizabethek, nola bazekien gizon horren gutunak zein bitxiak izaten ziren beti, ahizparen sorbaldaren gainetik jarri zen begira, eta harekin batera hasi zen irakurtzen. Honelaxe zioen:

 

        ENE JAUN HORI,

        Gure arteko harremanak, eta dudan bizibideak, dei egiten didate orain azpitik zauzkan arrangura larri horrengatik, zeinen berri atzo Hertforshiretik etorritako gutun batek eman zigun, zurekin batera dolutzera. Ziur izan, ene jaun hori, Collins andereak eta biok bat egiten dugula zurekin eta zure familia agurgarri guztiarekin oraingo saminaldi honetan, zein denik eta garratzena izan behar baita, munduko denbora guztiak ezabatu ezin dezakeen kausa batetik etorria delako. Ez da nire aldetik faltan izango halako zoritxar latza arin dezakeen argudiorik; ezta zu bizkor zaitzakeenik ere, aita baten gogorako guzti-guztietan mingarriena izan behar duen ateka honetan. Jazoera honekin alderatuta, zure alabaren heriotza bedeinkazioa izango zatekeen. Eta auzia are tamalgarriagoa da, zeren, nire Charlotte maiteak jakinarazi didanez, bada arrazoirik pentsatzeko zure alabaren jokaera nabarmen hori barkaberatasun neurri oker batetik sortua dela, nahiz eta, aldi berean, eta zeure eta Bennet anderearen kontsolamendurako, jarria nagoen pentsatzera zure alaba, berez, natura gaiztokoa dela, bestela ez bailitzateke gai izango, hain gazte delarik, halako deungakeriarik egiteko. Edonolarik ere, neurri gabe zara errukarri, eta iritzi honetan bat egiten dute nirekin, ez bakarrik Collins andereak, baina baita Lady Catherinek eta bere alabak ere, zeini nik neuk kontatu diedan afera. Denak datoz bat nirekin endelegatzean alaba batek horrela behaztopa egiteak beste guztien zoria galduko duela, zeren, nor, Lady Catherinek berak hain etorkor dioenez, nor lotuko ote zafo halako familia bati. Eta gogoeta horrek, gainera, iragan azaroko gertaera batez poz berretuaz hausnar egitera narama, zeren, hura beste era batera suertatzera, orain zuen bihotz-min eta lotsari guztiak ni ere ukituko baininduke. Utzidazu, beraz, ene jaun hori, zeure burua ahalik eta gehien kontsola dezazun aholkatzen, bai eta zure ume doilor hori bihotzetik betirako egotz dezazula, eta zugandik aparta, bere laido zitalaren fruituak bil ditzan.

Zeure zerbitzari den etab. etab.

 

        Gardiner jaunak ez zuen ostera idatzi harik eta Forster Koronelaren erantzuna jaso arte; eta orduan ere ez zuen gauza atseginik izan bidaltzeko. Wickhamek inongo seniderekin harremanik izateaz inork ez zuen berririk, eta gauza jakina zen inguru horietan ez zuela bat ere bizi. Lehenagoko denboretan ezagun ugari izandakoa zen; baina milizian izan zen bitartean ez zen nabaritu haietako inorekin adiskidantza berezirik gordetzen zuenik. Horrenbestez, ezina zen haren albiste eman zezakeen inor seinalatzea. Eta Lydiaren senideek bera aurkitzearen beldurraz gain, Wickhamen finantzen egoera negargarria oso arrazoi indartsua zen gizona ezkutuka ibil zedin; izan ere, gauza azaleratu berria zen joko zorrak utziak zituela bere atzean, eta oso kopuru kontuzkoan. Forster Koronelaren iritziz mila libra baino gehiago beharko ziren Brightonen egindako gastuak garbitzeko. Mordoxka zor zuen hirian, baina ohorezko zorrak are larriagoak ziren. Gardiner jauna ez zen saiatu xehetasun horiek Longbournekoei ostentzen; Janek horrorez entzun zituen. «Jokalaria!» hots egin zuen. «Hau guztiz ustekabekoa da. Batere susmorik ez nuen horretaz».

        Gardiner jaunak bere gutunean eransten zuenez, hurrengo egunean ikusiko zuten aita etxean, larunbatean alegia. Bere entseguen ondorio txarrak bihozgabetuta, amore emana zion bere koinatuaren erreguari, hots, bere etxekoengana itzuli eta bilaketaren kontua Gardiner jaunaren bizkar uzteari, berorrek egingo zuen-eta une bakoitzean komenigarriena. Bennet andereari hori guztia esan ziotenean ez zuen bere alabek uste bezainbesteko poza erakutsi, senarraren bizitzarekin lehenago zein kezkatuta egona zen kontutan harturik.

        «Zer, etxera datorrela, eta Lydia koitadua ekarri barik!» egin zuen aldarri. «Ez, eurak aurkitu gabe ez da joango Londresetik. Alde egiten badu, nork egingo du borrokan Wickhamekin, eta nork behartuko du Lydiarekin ezkontzera?»

        Gardiner anderea bere etxerako gogoz hasi zenez, erabakita utzi zen bera eta umeak Londresera joango zirela Bennet jauna bertatik etortzean. Horrenbestez, kotxeak bidaiaren lehenengo zatian Gardinertarrak eroan zituen, eta bueltan Bennet jauna ekarri zuen Longbournera.

        Derbyshirez geroztik, Gardiner andereak ez zuen aldetik kendu Elizabethi eta munduko parte horretan Elizabethek zuen adiskideari buruzko harridura, eta harridura horrekintxe joan zen, joan ere. Ilobak ez zuen haien aurrean gizonaren izena bere borondatez egundo aipatu; eta Gardiner andereak bildutako erdi-itxaropena, hau da, euren atzetik gizonaren gutun bat helduko zela Longbournera, hutsean geratua zen. Itzuli zirenetik, Elizabethek ez zuen Pemberleytik etorririko eskutitzik jaso.

        Elizabethi zegokionez, familiaren egoera zorigabeak ez zuen eskatzen bere gogo eroria zuritzeko beste aitzakiarik; hortik, beraz, ezin zitekeen arrazoizko susmorik hartu, nahiz eta Elizabeth, ordurako nahikoa ondo ezagutzen baitzituen bere sentimenduak, ederto jabetzen zen hobetotxo eramango zukeela Lydiaren laidoaren laborria, Darcyz ezertxo ere jakin izan ez balu. Lo barik emanda zituen gau bietako bat, pentsatzen zuen, aurreztuko zion, behintzat.

        Bennet jauna iritsi zenean, oso-osoan ageri zuen bere ohiko jarrera neurrizko eta filosofikoa. Hain gauza gutxi esan zuen, nola betidanik izan baitzuen ohitura esateko; kanpora eraman zuen arazoaz ez zuen aipamenik egin, eta luzetxo jo zuen bere alabek berorretaz berba egiteko adorea bildu baino lehen.

        Arratsaldera arte, hots, aita tea hartzeko elkartu zitzaien arte, ez zen menturatu Elizabeth gaia ateratzera; eta orduan, aitak pairatua izango zuenagatik bere bihotz-mina laburki adierazi zuenean, Bennet jaunak hauxe arrapostu zion, «Horretaz ez esan ezer. Nork sufritu beharko luke, nik baino? Neuk egin dut, eta neuk sentitu behar dut».

        «Ez duzu zeure buruarekin zorrotzegia izan behar», arrapostu zion Elizabethek.

        «Ondo egiten duzu halako gaitzaren kontra aholku ematean. Giza natura hain da horretara eroria! Ez, Lizzy, utzidazu nire bizitza osoan behin jabetzen nire bizitzan neure erruaren handiaz. Inpresioak ez nau gainezkatuko, ez naiz horren beldur. Laster joango zait».

        «Londresen direla uste duzu?»

        «Bai; non ostendu litezke hain ondo bestela?»

        «Eta Lydiak Londresera joan nahi zuen», erantsi zuen Kittyk.

        «Zoriontsua izango da, orduan», esan zuen aitak lehor; «eta egonaldi luzetxoagoa egingo du bertan, ziur aski».

        Orduan, isilune labur baten ostean, hizketan jarraitu zuen, «Lizzy, ez dizut inolako aiherrik lehengo maiatzean eman zenidan aholkuan arrazoia izateagatik; ikusitakoak ikusita, horrek nolabaiteko gogo-handitasun bat erakusten du zure aldetik».

        Bennet andereño nagusiak moztu zien, amarentzako tearen bila etorrita.

        «Itxuraldi hauek», hots egin zuen Bennet jaunak, «lagungarriak izaten dira norberarentzat; hain ukitu dotorea ematen diote zorigaitzari! Beste egun batean nik gauza bera egingo dut: neure liburutegian jesarriko naiz, lotarako txanoa eta talkoz zipriztindutako bata jantzita, eta ahalik eta enbarazu gehien egingo dut..., edo gerorako utz nezake beharbada, Kittyk ihes egiten duenerako».

        «Ez dut ihes egingo, aitatxo», esan zuen Kittyk muzinez; «inoiz Brightonera joango banintz, Lydia baino hobeto portatuko nintzateke».

        «Brightonera, zu! Ezta berrogeita hamar libra ordainduta ere; urrunena, East Bourne! Ez, Kitty, azkenean begiratua izaten ikasi dut, eta zeuk igarriko dituzu horren ondorioak. Nire etxean ez da inoiz ofizialik sartuko berriz, herritik pasatu ere ez dira egingo. Dantzaldiak erabat galarazita geratu dira, zure ahizparen batekin dantza egin gura ez baduzu, bederen. Eta egunero hamar minutu modu arrazoizkoan ematen dituzula frogatzen ez duzun arte, ez zara sekula aterako hor barrena kilikolatzera».

        Kittyk serio hartu zituen mehatxu horiek guztiak, eta negarrari eman zion.

        «Tira, tira», esan zion aitak, «ez zaitez ilundu. Datozen hamar urteetan neska ona bazara, epe hori bete orduko soldaduen ikustaldi batera eramango zaitut».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia