BERROGEITA ZAZPIGARREN ATALA

 

        «Berriz ere egon naiz horretaz pentsatzen, Elizabeth», esan zuen osabak kotxea herritik irteten ari zela; «eta, egia esan, ondo aztertuta, lehen baino askoz ere gertuago nago kontu hau guztia zure ahizpa nagusiak bezala juzkatzeko. Gizon gazte batek neska baten kontra halako asmoak ibiltzea, neska hori babes gabe edo lagun gabe inolaz ere ez egonda, eta, areago, bere koronelaren etxeko gonbidatua zelarik... hain iruditzen zait gauza sinesgaitza, guztiz jarria bainago onena itxarotera. Zer usteko zuen, neskaren lagunak ez zirela haren alde aterako? Gudarosteak berriz onartuko zuela bera, Forster Koronelari halako iraina egin ondoren? Tentazioak ez du arriskuak adina balio».

        «Hori uste duzu benetan?» hots egin zuen Elizabethek une batez argituta.

        «Ni ere», esan zuen Gardiner andereak, «osabaren iritzikoa izaten hasi naiz, alafede. Garbitasun, ohore eta interesaren kontrako laido handiegia da hori Wickhamek egiteko. Ezin dut berataz hain txarto pentsatu. Horretarako gauza dela iruditzen al zaizu zuri, Lizzy? Horrenbesteraino galdu diozu fedea?»

        «Bere interesa bazter uzteko gauza denik agian ez. Baina beste guztia bazter uzteko gai dela bai. Hala balitz sikiera ere! Baina ez naiz ausartzen esperantzarik izatera. Zergatik ez ziren Eskoziara joango, bestela?»

        «Lehenengo eta bat», arrapostu zion Gardiner jaunak, «ez dago froga erabatekorik Eskoziara joan ez direna ziurtatzen duenik».

        «O! Baina kalesatik alokairuzko kotxera aldatzea hain da susmagarria! Eta, gainera, Barnet errepidean ez zuten haien aztarrenik aurkitu».

        «Tira, orduan jo dezagun Londresen direla. hor egon daitezke, baina beren burua gordetzeko, eta ez helburu gaitzesgarriagorik dutelako. Ez da pentsatzekoa bata ez bestea diruz oso oparo ibiliko direnik; eta beharbada Londresen ezkontzea Eskozian ezkontzea baino merkeago, nahiz ez azkarrago, izan zitekeela otuko zitzaien».

        «Baina zergatik ibili ezkutuka? Zergatik halako beldurra inork asmatzeaz? Zergatik ezkondu isilpean? O! ez, ez, ez dut uste. Gizonaren lagunik minena —Janen hitzetan entzun duzu— ziur zegoen Wickhamek ez zuela inolako asmorik Lydiarekin sekulan ezkontzeko. Wickham ez da inoiz ezkonduko dirubako emakume batekin. Ezin du halako lizentziarik hartu. Eta zein dohain du Lydiak, zein lilura dauka, gaztetasuna, osasuna, eta umore alaiaz gain, Wickhamek ondo ezkontzearen onura guztiak nire ahizparen ederragatik alde bat uzteko? Guda-sailaren aurrean bere izena lohitzearen beldurrak ohoregabeko ihes horri norainoko mugak jar diezazkiokeen, hori ezin dut nik esan; izan ere, ez dakit halako urrats batek zer-nolako ondorioak ekar ditzakeen. Baina zuk jarritako beste eragozpenari dagokionez, ez dut uste arrazoi sendoa denik; Lydiak ez dauka bere alde aterako den nebarik; eta gure aitaren jokamoldea eta laxotasuna ikusita, bere etxean gertatzen zenari, itxuraz behintzat, betidanik eman dion arreta gutxia ikusita, Wickhamek beharbada pentsatuko zuen arazo honetaz ere gure aitak beste edozein aitak baino gutxiago egin eta pentsatuko zuela».

        «Baina benetan uste duzu Lydia prest dagoela Wickhamekin ezkontzaz bestera bizitzeko? Hain dago sorgortuta gauza guztietarako, gizon hori maitatzeko izan ezik?»

        «Hala dirudi», arrapostu zion Elizabethek negarra begietan, «eta ahizpa baten garbitasun eta bertuteak halako puntu batean dudarako lekurik uztea guztiz mingarria da, horixe baietz. Baina ez dakit zer esan, benetan. Beharbada ez nabil zintzo berarekin. Baina oso gaztea da; sekula ez zaio irakatsi ardurazko gauzez pentsatzen; eta azken sei hilabeteotan, zer diot, azken urteon, jolasa eta hutsalkeria beste kezkarik ez du izan. Bere denbora denik eta modu alfer eta farfailenean erabiltzen utzi zaio, eta bidean suertatzen zitzaion edozein iritzi bereganatzen. ————- shire gudarostea Merytonen lehenengoz ezarri zenetik, maitasuna, txatxankeria eta ofizialak besterik ez du izan buruan. Gai horretaz pentsatuz eta berba eginez, bere esku zegoen guztia egin du bere sentimenduak... zelan esango nuke? bere sentimenduak minberago jartzeko; eurenez nahikoa biziak izanda, bestalde. Eta denok dakigu Wickhamek emakume bat gatibatzeko behar diren xarma guztiak dituena, itxuraz eta trataeraz».

        «Baina, ikusi duzunez», esan zuen izekoak, «Janek ez du Wickhamez hain txarto pentsatzen, horretarako gai dela uste izateko bezain txarto ez, bederen».

        «Nori iritzi dio txarto Janek sekula? Ba ote da inor munduan Janek halako gauza batean saiatzeko gai iritziko liokeena, bere aurreko jokaera edozelakoa izanda ere, harik eta errudun dela frogatu arte? Baina Janek badaki, nik bezain ondo jakin ere, Wickham zer den benetan. Biok dakigu hondatzaile hutsa izan dela, hitzaren zentzu guztietan. Inoiz ez duela ez prestutasunik ez ohorerik izan. Zuria eta gezurtia dela, eta labaina».

        «Eta hori guztia benetan dakizu jakin?» hots egin zuen Gardiner andereak, jakingura bizi-bizia baitzuen Elizabethen informazioa nondikoa zen ezagutzeko.

        «Jakin dakit, bai», arrapostu zion Elizabethek, gorrituta. «Lehengo egunean esan nizuen zein deungaro jokatu zuen Darcy jaunarekin; eta Longbournen azkenekoz izan zinenean, zuk zeuk entzun zenuen Wickham zelan mintzo zen berekin hain barkabera eta hain eskuzabala izan den gizonaren gainean. Eta badira beste gorabehera batzuk, kontatzeko askatasunik ez... kontatzea merezi ez dutenak; baina Pemberleyko familia osoaz ezin konta ahalako gezur esan ditu. Darcy andereñoaz esan zuenagatik, ni erabat prest nengoen neska harro, barrukoi, desatsegin bat ikusteko. Hala ere, Wickhamek bazekien kontrakoa zena. Jakin behar zuen Darcy andereñoa guk ikusi genuen bezain gozo onekoa eta laua zela».

        «Baina Lydiak ez daki ezer honetaz? Ezjakinean egon ote daiteke zuk eta Janek hain ondo ezagutzen bide duzuen kontu batez?»

        «O, bai! Horixe, horixe da denetan txarrena. Kenten izan ez nintzen arte, eta Darcy jauna eta bere senide Fitzwilliam Koronela hain sarri ikusten hasi ez nintzen arte, ni neu ere ezjakinean egon nintzen. Eta etxera bihurtu nintzenean, —————- shire gudarostea ordutik astebete edo hamabost egunera joatekoa zen Merytonetik. Gauzak hala, ez Janek, zeini dendena kontatu nion, ez nik ez genuen beharrezko ikusi genekiena zabaltzea; izan ere, noren onurarako izango zen, itxuraz bederen, auzo guztiek Wickhamez zuten iritzi ona lurrera botatzea? Eta Lydia Forster anderearekin joango zela erabaki zenean ere ez zitzaidan behin ere bururatu nire ahizpari begiak zabaltzea. Behin ere ez zitzaidan gogora etorri inoren azpikeriak halako arriskutan jar zezakeenik. Honelako ondoriorik sor zitekeenik, erraz sinetsiko duzunez, lekutan zegoen nire pentsamenduetatik».

        «Brightonera joan zirenean, orduan, ez zenuen arrazoirik izango, suposatzen dut, elkarren gogoko zirenik pentsatzeko».

        «Ezta izpirik ere. Ez dut gogoratzen maitasun zantzurik igarri izana ez alde batean ez bestean; eta halako seinalerik egonez gero, gure familiari ez zitzaion oharkabean joango, horretaz konturatuta egongo zara. Guda-sailean sartu zenean, Lydia nahikoa gogotsu zegoen Wickham miresteko; baina halaxe geunden denok. Lehenengo bi hilabeteetan Merytoneko eta aldirietako neska guztiak senetik aterata ibili ziren gizonarekin; Wickhamek sekulan ez zion Lydiari begiramen berezirik egin, eta, horrenbestez, boladatxo batez gizona txoroki eta xelebreki miretsi ondoren, nire ahizpari joan egin zitzaion harekiko eroria, eta gudarosteko beste gizon batzuk hartu zituen kutun, begitarte hobea egiten ziotenak, hain zuzen».

 

* * *

 

        Gai interesgarri hau behin eta berriz hizpidera ekartzeak berritasun gutxi erantsi ahal zien beren beldur, itxaropen eta usteei; baina, erraz sinetsiko denez, bidaia osoan ez zen sortu mintzagai hori luzaro baztertzeko moduko beste konturik. Elizabethi behin ere ez zitzaion burutik joaten. Tinko zuen gogoan, eta bihotz-estura eta barne damuaren handiak ez zion lasaitzeko edo ahazteko biderik ematen.

        Ahalik eta azkarren ibili ziren; eta gau bat bidean emanda, biharamunean iritsi ziren Longbournera, bazkal ordurako. Elizabethek lasaitu bat hartu zuen Janek itxaronaldi luzetan higatu beharrik izan ez zuela ikusita.

        Zaldi tokira sartu zirenean, Gardinertar txikiak etxe aurreko eskaileretan zeuden, kalesaren bistak hara ekarrita; eta kotxea aterantz hurbildu zenarekin batera ustekabe zorionekoak aurpegiak argitu zizkien, eta handik gorputz osora zabaldu, era guztietako triska eta zilipurdiak egiten zituztela, gurasoei ongietorriaren lehen abantzu gozoa eskainiz.

        Elizabeth jauzi batez jaitsi zen; eta bakoitzari musu arin bat eman ondoren, bebarrura lehiatu zen, non Jane segituan batu zitzaion, amaren gelatik korrika jaitsirik.

        Elizabethek amoltsu besarkatu zuen, bion begiak malkotan, eta ez zuen unerik galdu ahizpari itauntzeko ea ba ote zuten iheslarien berririk.

        Oraindik ez», arrapostu zion Janek. «Baina orain, gure osaba maitea etorri dela, denak ondo irtetea espero dut».

        «Aita hirian da?»

        «Bai, asteartean joan zen, idatzi nizunez».

        «Eta sarri izan al duzue haren berririk?»

        «Behin baino ez. Asteazkenean lerro batzuk idatzi zizkidan onez heldu zela esateko eta bere direkzioa emateko, biziro erregutu bainion. Bakarrik gehitu zuen ez zuela berriro idatziko harik eta zer edo zer aipagarria jakin arte».

        «Eta ama... zelan dago? Zelan zaudete denok?»

        «Ama nahikoa ondo dago, nik uste; baina ikaragarri asaldatuta. Goian da, eta poz handia hartuko du zuek denok ikustean. Oraindik ez du bere jantzi-gelatik irteten. Mary eta Kitty, Jainkoari esker! oso ondo daude».

        «Baina, eta zu... zelan zaude zu?» hots egin zuen Elizabethek. «Zurbil zaude. Zenbat pasatu duzun!»

        Ahizpak, alabaina, guztiz ondo zegoela ziurtatu zion; hizketaldi hori Gardiner jaun-andereak umeekin lanpeturik zeuden bitartean burutu zen, eta orain, talde guztia hurreratzearekin batera, bukaera eman zioten. Jane izeko-osabengana joan zen lasterka eta ongietorria eta eskerronak eman zizkien biei, tarteka irribarrez, tarteka negarrez.

        Denak egongelan behin elkartuta, besteek Elizabethen galdera berberak errepikatu zituzten, jakina, eta laster konturatu ziren Janek ez zuela inongo albisterik. Bere bihotz onberatsuak xuxurlatzen zion esperantza baikorrak, hala ere, ez zion artean ihes egiten; dena ondo bukatzeko esperantza zuen oraindik, eta goiz bakoitzak Lydiaren edo aitaren gutunen bat ekarriko zuela uste zuen, euren urratsen berri emango zuena eta agian ezkontza iragarriko ziena.

        Minutu batzuk solasean eman eta gero, Bennet anderearen gelara egin zuten denek, eta espero bezalaxe hartu zituen hark; doluzko negar eta aienekin, Wickhamen bilaukeriaren kontrako ahakarrekin, eta bera pairatzen ari zen sufrimendu eta trataera txarrengatiko kexuekin; alabaren hutsegiteak pertsona baten barkaberatasun okerrari zor zitzaizkion nagusiki, baina Bennet andereak mundu guztiari egozten zion errua, pertsona horrexeri izan ezik.

        «Nik gura nuena lortu izan banu», esan zuen, «eta etxeko guztiok Brightonera joan, hau ez zen gertatuko; baina Lydia koitaduak ez zuen inor bera jagoteko. Zergatik utzi zioten Forstertarrek behin ere beren begien aurretik aldentzen? Ziur naiz beren aldetik era bateko edo besteko utzikeria egon dena, Lydia ez baita halako gauzak egiteko neska, ondo zainduta egonez gero. Ben iruditu zait ez zirela egokiak Lydiaren ardura beren gain hartzeko; baina nire berba baztertu egin zen, beti bezala. Neure ume gaixoa! Eta orain Bennet jauna joanda dago, eta nik badakit aurkitzen duen tokian bertan Wickhamekin hasiko dela borrokan, eta orduan Wickhamek Bennet jauna hilko duela, eta zer izango da orduan gutaz? Bennet jauna hilobian hotzitu orduko, Collinstarrek bota egingo gaituzte; eta zu gurekin ona ez bazara, neba, ez dakit zer egingo dugun».

        Guztiak hasi ziren gora-goraka ideia izugarri horien kontra; eta Gardiner jaunak, Bennet anderearekiko eta etxe horretako guztiekiko zuen onginahia oro har ziurtatu ondoren, hurrengo egunean Londresen izateko asmoa zuela esan zion, eta Bennet jaunari Lydia berreskuratzeko entsegu guztietan lagun egingo ziola.

        «Ez zaitez alferrik asaldatu», erantsi zuen osabak, «komeni da prest egotea txarrena gertatuko balitz, baina ez dago zertan pentsatu gauza ziurra denik. Astebete ere ez da Brightonetik joan zirela. Hemendik egun batzuetara beharbada haien berri izango dugu, eta ezkondu gabe daudela eta ezkontzeko asmorik ez dutela jakin artean, ez dugu arazoa guztiz galdutzat eman behar. Hirira heldu bezain laster anaiarengana joango naiz eta Gracechurch kalera eroango dut nirekin, eta orduan bion artean erabakiko dugu zer egin behar den».

        «O, ene neba maitea», arrapostu zuen Bennet andereak, «horixe da beste ezeren gainetik gogo nukeena. Eta orain, hirira ailegatzen zarenean, aurkitu itzazu, diren lekuan direla; eta oraindik ezkondu ez badira, ezkonarazi itzazu. Eta ezkon jantziei dagokienez, ez daitezela horren zain ibili, baina esaiozu Lydiari ezkondu ondoren gura adina diru izango duela horiek erosteko. Eta, batez ere, ez utzi Bennet jaunari borrokan sartzen. Esaiozu zein egoera lazgarritan nagoen, neure onetik aterata nagoela beldurraren beldurrez; eta lau haragiok dabilzkidala ikara eta dardarka, albo batean kizkurka ditudala kirioak, burukomin handitan nagoela, bihotza taupa eta taupa, eta guztia halako moduan, atsedenik ez dut aurkitzen ez gauez ez egunez. Eta esan ene Lydia maiteari jantzirik ez enkargatzeko nirekin izan arte, berak ez dakielako zeintzuk diren saletxerik onenak. O, neba, zein onbera zaren! Oso ondo moldatuko zara guztia egiteko, ziur naiz».

        Baina kausa horretan bere ahal guztiak bilduko zituela ziurtatu arren, Gardiner jaunak gomendatu behar izan zion Bennet andereari neurriz jokatzea, hala itxaropenetan nola beldurretan ere; eta bazkaria mahaian izan artean anderearekin molde horretan mintzatzen egon ondoren, hor utzi zuten gaixoa bere barruak etxekoandrearengana husten, berorrexek zaintzen baitzuen ugazaba anderea alabak ez zeudenean.

        Bennet anderearen neba-arrebak guztiz ziur ziren egiazko arrazoirik ez zegoela Bennet anderea familiarengandik hala apartatzeko, baina ez zioten kontrako indarrik egin, ondo baitzekiten anderea ez zela behar bezain begiratua izaten mihiarekin zerbitzariek mahaia zerbitzatu bitartean; hortaz, egokiago iruditu zitzaien zerbitzarietako batek bakarrik, haien konfiantza handienekoak hain zuzen, aditzea ugazaba anderearen beldur eta kezka guztiak.

        Bazkal gelan Mary eta Kitty elkartu zitzaizkien berehala, lanpetuegi egonak baitziren euren geletan lehenago agertzeko. Bata bere liburuetatik zetorren, eta bestea bere apaintze lanetatik. Edozelan ere, bien aurpegiak nahikoa bare zeuden; eta batak ez besteak ez zuten aldaketarik ageri, ezpada ahizpa kutunena galtzeagatik, edota arazo horrek bere kontra sortutako haserreagatik, Kittyk ohi baino kutsu mukerragoaz hitz egiten zuela. Maryri zegokionez, hain ageri zen bere buruaren nagusi non, mahai aurrean jesartzearekin batera eta gogoeta sakonetan dagoenaren aurpegieraz, zera xuxurlatu zion Elizabethi:

        «Guztiz afera zoritxarrekoa dugu hau; eta ziurrena, berbabiderik asko emango du. Baina maltzurkeriaren landarea erauzi behar dugu, eta elkarren bihotz zaurituetan kontsolamendu ahizpatiarraren gantzua isuri».

        Gero, Elizabethek erantzuteko asmorik ez zuela jabeturik, hauxe gehitu zuen, «Lydiarentzat gertaera zorigaiztokoa delarik ere, guk honako ikasbide hau atera dezakegu bertatik: emakume batek bertutea galtzen duenean horrek ez duela atzera biderik; behaztopa eginez gero, betiko hondamena datorkiola; emakumearen omena ederra bezain hauskorra dela, eta bere jokabidean inoiz ez duela bere burua gehiegi begiratuko beste sexuko jende litxarrarengandik».

        Elizabethek bekainak zubitu zituen harrituta, baina oso lur jota zegoen arraposturik emateko. Maryk, hala ere, bere burua kontsolatzen jarraitu zuen euren ezbeharretik halako ondorio moralak atereaz.

        Arratsaldean Bennet andereño nagusiek ordu erdiz euretara egoteko modua izan zuten; eta Elizabeth segituan baliatu zen aukera horretaz hainbat galdera egiteko, Janek pareko gogo biziaz erantzun zizkionak. Biek ala biek ere deitoratu zituzten, oro har, jazoera horren ondorio lazgarriak. Elizabethek gauza guztiz segurutzat jotzen zituen, eta Jane ez zen gai erabat ezinezkoak zirela ziurtatzeko; ahizpa gazteak aurrera eroan zuen gaia, zera zioela, «Baina kontadazu oraindik entzun ez dudana, guzti-guztia. Xehetasun gehiago eman. Zer esan zuen Forster Koronelak? Ez al zuten inolako susmo txarrik izan ihesa gertatu baino lehen? Ikusiko zituzten biak beti-beti elkarrekin».

        «Forster Koronelak aitortu zuen sarritan izan zuela joera bereziren baten susmoa, Lydiaren aldetik batez ere, baina ez ikara hartzeko gauzarik. Atsekabe handia dut beragatik. Guztiz adeitsu eta atsegina izan da gurekin. Eskoziara joan ez zirela inondik ere jakin baino lehenago, bazetorren gugana arazoaz arduratuko zela guri ziurtatzeko: susmo hori lehenengoz zabaldu zenean, azkartu egin zuen bidaia».

        «Eta Denny, ziur al zen Wickhamek ezkondu nahi ez zuela? Bazekien joatekotan zirela? Ikusi al zuen Forster Koronelak Denny?

        «Bai; baina Forster Koronelak itaundu zionean Dennyk ukatu egin zuen planaren gainean ezer zekienik, eta ez zuen bere benetako iritzia eman gura izan. Ez zuen berriro esan ziur zegoenik Lydia eta Wickham ezkonduko ez zirena. Agian txarto aditu zioten hori aurrenekoan, esperantza hori izan nahi nuke nik behintzat».

        «Eta Forster Koronela bera etorri arte, zuetako inork ere ez zuen dudarik gordetzen, suposatzen dut, benetan ezkonduta zeudela».

        «Zelan etorriko zitzaigun burura halako ideiarik! Kezkatuxe nengoen... apur bat beldur nintzen, ea gure ahizpa zoriontsu izango ote zen gizon horrekin ezkonduta, banekielako Wickhamek ez duela beti erabat zuzen jokatu. Aitak eta amak ez zekiten horretaz ezer, ezkontzaren desegokia bakarrik ikusten zuten. Orduan Kittyk, besteok baino gehiago jakiteagatik harroxko azalduz (oso ulergarria dena bestalde) azkenengo gutunean Lydiak halako urrats baterako prestatu zuela aitortu zuen. Antza denez, aste mordoxka zen haien maiteminaren jakitun zegoela».

        «Baina Brightonera joan aurretik ez ote?»

        «Ez, ez dut uste».

        «Eta Forster Koronelak Wickhamez iritzi txarra zuela eman zuen aditzera? Badaki zelakoa den benetan?»

        «Aitortu behar dut ez zuela Wickhamez aurrekoetan bezain ondo berba egin. Buruarina eta hondatzailea zela uste zuen. Eta afera triste hau jazo denetik, Merytonetik zorrez josita joan zela esaten hasi dira; baina gezurra izatea espero dut».

        «O, Jane, hain isilka ibili ez bagina, berataz genekiena esan izan bagenu, hau ez zatekeen gertatuko!»

        «Hobe izango zen beharbada», arrapostu zion ahizpak. «Baina ez zuen bidezkoa ematen pertsona baten huts zaharrak jendaurrean erakusteak, pertsona horrek orain zein asmo dituen jakin barik. Guk ondo beharrean jokatu genuen».

        «Gogoratzen al zituen Forster Koronelak Lydiak bere andereari utzitako oharraren xehetasunak?

        «Berekin ekarri zuen guri erakusteko».

        Orduan Janek gutuna bere zorrotik atera, eta Elizabethi eman zion. Hona edukiak:

 

        ENE HARRIET MAITEA,

        Nora joan naizen dakizunean barre egingo duzu, eta nik neuk ere ezin diot barreari eutsi, bihar goizean hor ez nagoela ohartzean hartuko duzun ustekabeaz pentsatzen dudanean. Gretna Greenera noa, eta ez baduzu asmatzen norekin, babalore hutsa zarela pentsatuko dut, mundu osoan gizon bakarra maite dudalako, beraz ez pentsatu alde egitea inongo kaltea denik. Nahi ez baduzu, ez duzu Longbournera idatzi behar joan naizela esateko, horrela ustekabe handiagoa hartuko baitute nik idazten didanean Lydia Wickham sinatuta. Ederra sartuko diet! Ia-ia ezin dut idatzi barrearen barreaz. Arren, igorri nire eskusak Pratti konpromisoari ez eusteagatik, eta gaur gauean berarekin dantza ez egiteagatik. Esaiozu uste dudala guztia dakienean barkatu egingo nauela, eta esaiozu dantzaldi batean hurren elkartzen garenean atsegin handiz egingo dudala dantzan berarekin. Longbournera iristen naizenean nor edo nor bidaliko dut nire arropen bila; baina eurak bildu baino lehenago, nahiago nuke Sallyri esango bazenio nire muselinazko eguneroko soinekoan dagoen urradura handia josteko. Agur. Eman nire bihotz-agurrak Forster Koronelari, gure bidaia onaren alde edango duzuelakoan:

        Zure lagun bihotzekoa,

LYDIA BENNET.

 

        «O! Lydia burugabea, burugabea!» egin zuen Elizabethek aldarri, oharra bukatu zuenean. «Zein karta mota da hau halako momentu batean idazteko. Baina, bidaiaren helburuaz zinez ari zela dirudi, behintzat. Gerora Wickhamek beste zer edo zertarako zurituko zuen beharbada, baina Lydiaren aldetik ez zen lotsaizunezko asmorik. Aita gaixoa! zenbat sufritu behar izan duen!»

        «Sekulan ez dut inor hain jota ikusi. Hamar minutuan berbarik atera ezinik egon zen. Ama istantean makaldu zen, eta etxe guztia itzelezko nahasmendutan jarri!»

        «O! Jane», oihu egin zuen Elizabethek, «izan ote zen zerbitzaririk, egun hori amaitu orduko istorio guztia jakin ez zuenik?»

        «Ez dakit. Baietz espero dut. Baina halako unetan oso zaila da begiratua izatea. Ama histeriko zegoen, eta nire esku zegoen laguntza guztia ematera asaiatu arren, uste dut ez nuela egin ahal beste! Baina gerta zitekeenaren izu-laborriak zentzuna kendu zidan ia-ia».

        «Ama zaintzen ibiltzea larregi izan da zuretzat. Ez duzu itxura onik. O! zurekin izan banintz, zeuk bakarrik bizkarreratu dituzu ardura eta kezka guztiak».

        «Mary eta Kitty oso onak izan dira, eta nirekin konpartituko zituzketen neke guztiak, ziur naiz, baina ez zitzaidan bidezkoa iruditu. Kitty segail eta delikatua da, eta Maryk hainbeste ikasten du, bere atseden orduetan ez zaio etenik egin behar. Philips izekoa Longbournera etorri zen asteartean, aita joan ondoren; eta ostegunera arte nirekin geratu zen, hain izan zen ona. Oso lagungarria izan zen guztiontzat, eta asko suspertu gintuen, eta Lady Lucas oso atsegina izan da; asteazken goizean hona etorri zen oinez doluminak emateko, eta bere zerbitzuak eskaini zituen, edo, laguntzarik eman ahal izanez gero, bere alabak ere bai».

        «Hobe zukeen etxean geratu balitz», hots egin zuen Elizabethek; «asmo ona izango zuen akaso, baina honelako ezbeharretan, batek inoiz ez ditu auzokoak gutxiegi ikusten. Ezina da laguntzea; doluminak, jasanezinak. Har bezate beren poza gugandik urrun, eta gustura gera daitezela».

        Orduan galde egin zion ea zein neurri hartuko zuen aitak, hirian egon bitartean, alaba berreskuratzeko.

        «Epsomera joatekotan zela uste dut», arrapostu zion Janek, «hau da, zaldiak azkenekoz aldatu zituzteneko lekura, bertako zaldi-zainekin izateko eta haiengandik zer edo zer ateratzen saiatzeko. Bere helburu nagusia Wickham eta Lydia Claphametik atera zituen alokairuzko kotxearen zenbakia ikertzea da. Bidaiari batzuk ekarri zituen Londresetik; aitari iruditzen zitzaion zaldun bat eta dama bat kotxe batetik bestera aldatzea gauza nabarra izan zitekeela, eta horregatik Claphamen ikerketak egiteko asmoa zerabilen. Gidariak aurreko bidaideak zein etxetan utzi zituen zelanbait jakitea lortuz gero, erabakita zuen bertan ikerketak egitea, eta esperantza zuen ez zela ezinezkoa izango kotxearen geltokia eta zenbakia zein ziren aurkitzea. Beste asmorik ote zuen ez dakit. Baina hain zebilen presaka alde egiteko, eta hain zegoen bere senetik kanpo, zaila izan zitzaidala beragandik honenbeste ere ateratzen».

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia