BERROGEITA SEIGARREN ATALA

 

        Elizabeth oso jausita geratu zen Lambtonera heldu eta Janeren gutunik ez zegoela ikustean; eta usteen usteltze hori bertan emandako goiz bakoitzean berritu zen harrez gero; baina hirugarren goizean ilundura amaitu zen, eta Janeren izena guztiz garbitu, bi gutun iritsi baitziren batera. Haietako bat beste inora bidalia zen okerbidez, baina Elizabeth ez zen batere harritu, Janek txarto baino txartoago idatzi baitzuen adresa.

        Gutunak ailegatu ziren unean bertan damak irteteko prestatzen ari ziren; eta izeko-osabak bakarrik abiatu ziren, Elizabethek bakardadean goza zezan Janeren eskutitzez. Oker bidalitakoari egin behar zion jaramon lehen-lehenik; bost egun lehenago idatzia zen. Hasieran hango festatxo eta konpromiso guztien berri ematen zion, herri batek sortu ohi dituen albisteekin; baina bigarren zatiak, hurrengo eguneko data zuenak eta urduritasun nabarmenaz idatzia zegoenak, informazio garrantzitsuagoa zekarren. Era honetara ziharduen:

 

        Goikoa idatzi nuenetik, Lizzy maite-maitea, guztiz gauza ustekabeko eta larria gertatu da; baina beldur naiz ikaratuko ote zaitudan... ondo gaude denok, egon seguru horretaz. Esan behar dizudana Lydia gaixoari buruzkoa da. Bart gauean, hamabietan, denok oheratu berri-berri ginela, Forster Koronelaren gutun bat etorri zitzaigun espresoan, Lydiak bere ofizialetako batekin Eskoziara ihes egin duela jakinarazten ziguna; egia esateko, Wickhamekin! Pentsa ezazu zein harrituta geunden. Hala ere, Kittyrentzat ez zen hain ustekabeko gauza izan, dirudienez. Oso penatuta nago, oso. Horren ezkontza burugabea alde bientzat! Baina onena pentsatu gura dut, eta Wickhamen fama hori txarto aditu bat besterik ez izatea. Sen gutxikoa eta gogoarina dela erraz sines dezaket, baina pausu honek (eta alai gaitezen horretaz) ez du barru txarrik adierazten. Aukera desinteresatua egin du behinik behin, jakin behar duelako aitak ezin diola Lydiari ezer eman. Gure ama gaixoak bi erdi eginda dauka bihotza. Aitak hobeto darama. Zenbat pozten naizen Wickhamen kontra esan direnak gurasoei inoiz jakinarazi ez izanaz; geuk ere ahaztu behar ditugu. Larunbat gauean joan omen ziren, hamabiak pasatuta, baina atzoko goizeko zortzietara arte ez zuten igarri haien hutsa. Segituan bidali ziguten espresoa. Lizzy nirea, gure etxetik hamar miliara pasatu behar izan dute. Forster Koronelak laster etorriko zaigulakoa eman digu aditzera. Lydiak lerro batzuk idatzi zizkion haren emazteari beren asmoaren berri emanez. Bukatu behar dut, ezin dudalako ama gaixoa luzaro bakarrik utzi. Beldur naiz gutun han ez aditzeaz, baina nik neuk ere doi-doi dakit zer idatzi dudan.

 

        Irakurritakoa gogoan ibiltzeko betarik hartu gabe, eta zer sentitzen zuen ere apenas zekiela, gutun hori amaitu bezain laster Elizabethek besteari oratu zion, eta egonezari eutsi ezinik ondoren datorrena irakurri zuen. Beste gutuna idatzi zen egunaren biharamunean egindakoa zen.

 

        Honez gero, ene ahizpa maite-maitea, arin-aringa idatzi nizun karta hori irakurriko zenuen; oraingo hau ulergarriago izatea gogo nuke, baina denboraren hesiak ez estutu arren, burua hain daukat harri eta zur, ezin dizudala koherentziarik agindu. Lizzy bihotzekoa, ia ez dakit zer jarri beharko nizukeen, baina berri txarrak ditut, eta ezin ditut geroko utzi. Wickham jauna eta gure Lydia koitadua ezkontzea gauza burugabea izango litzatekeen arren, gu orain otoi-arrenka gaude benetan ezkondu egin direna ziurta diezaguten, zeren arrazoi asko baititugu Eskoziara joan ez direla pentsatzeko. Forster Koronela atzo etorri zen, bezperan Brightonetik irtenda zela, espresoa baino ordu gutxi geroago. Lydiak F. andereari utzitako gutun laburrean Gretna Greenera joatekoak zirela aditzera eman arren, Dennyk beste zer edo zer esan zuen ezarian bezala, alegia, bere ustez W.ek ez zuela sekula harako asmorik izan, ezta Lydiarekin ezkontzekorik ere, inondik inora. Hori guztia F. Koronelaren belarrietara iritsi zen, eta arriskuaz jabe eginda, B.etik abiatu zen haien arrastoa bilatu nahirik. Claphameraino erraz hartu zien zantzua, baina ez asago; izan ere, hara heltzean Wickham eta Lydia alokairuzko kotxe batera aldatu ei ziren, eta Epsomeraino eramandako posta-zaldiak bertan utzi. Horren ostean Londreseko errepidean ikusi zituztela, besterik ez dakigu. Ez dakit zer pentsatu. Londreseko alde horretan ahal zuen guztia ikertu ondoren, F. Koronelak Hertfordshireraino jarraitu zuen, bideko ordain-gune guztietan eta Barnet eta Hartfieldeko ostatu guztietan haietaz estu eta larri galdetuz. Baina ez zuen ezer lortu, inork ez zuen halako jenderik hortik pasatzen ikusi. Longbournera etorri zen erabat kezkatuta, eta, bere bihotzaz oso gora mintzo zen modu batean, bere goganbehar guztiak zabaldu zizkigun. Bihotz minez nago, benetan, Forster jaun-andereengatik, baina ez dute ezeren errurik. Gure izu-larria, ene Lizzy maitea, oso handia da. Aitak eta amak txarrena uste dute, baina nik ezin dut Wickhamez hain txarto pentsatu. Gorabehera askok bultzatu ahal izan dituzte Londresen isilgordean ezkontzea nahiago izatera, euren aurreneko plana aurrera eroan barik; eta Lydiak bezala senide eta lagunak dituen emakume gazte baten kontra gizonak halako asmorik izango balu ere —oso-oso dudazkoa den gauza bestalde— gure Lydia ere hain galdua dela pentsatu beharko nuke? Ezina. Alabaina, larritu egiten naiz ikusten dudanean F. Koronela ez dagoela batere ziur haien ezkontzaz; nire esperantzak adierazi nizkionean burua mugitu zuen, eta esan zidan ez duela uste W. jauna inongo sinesterik emateko moduko gizona denik. Ama gaixoa oso txarto dago eta bere gelan egoten da beti. Ahaleginduko balitz hobeto egongo litzateke, baina horretan ezin da usterik jarri; aitari dagokionez, nire bizitza osoan ez dut hain ukituta ikusi. Kitty koitaduari agirika eta agirika egiten diote Lydia eta Wickhamen artekoa ostentzeagatik; baina konfiantza kontu bat izanda, ez da harritzekoa. Benetan pozten naiz, Lizzy maite-maitea, eszena mingarriotatik, aldez behintzat, libratu zarelako; baina orain, lehenengo zartada iragan delarik, aitortuko ote dut zu bueltatzeko irrikatan nagoela? Baina ez naiz hain neurekoia, eta ez zaitut premiatuko ondo ez badatorkizu. Adio. Berriz ere hartu dut luma, eta oraintsu esan dudanaren kontrakoa egiteko hain zuzen ere, baina egoerak bultzatzen nau zuoi guztioi ahalik eta lasterren etortzeko arren eta bihotzez eskatzera. Hain ondo ezagutzen ditut izeko-osaba maiteak, ez baitaukat galdatzearen beldurrik, nahiz eta bigarrenari zer edo zer gehiago eskatu behar diodan. Aita oraintxe joango da Londresera Forster Koronelarekin, ea Lydia aurkitzen duten. Zein asmo duen ez dakit, horretaz ziur naiz; baina bere atsekabe ikaragarriak ez dio utziko inongo neurririk hartzen modurik onenean eta seguruenean, eta Forster Koronelak Brightonen izan behar du bihar iluntzean berriro. Tentu gaizto honetan osabaren laguntza eta aholkuak den-dena izango lirateke guretzat; berehala ulertuko du zer nabilen pasatzen, eta sendo nago bere ontasunean.

 

        «O! Non da, non da osaba?» aldarri egin zuen Elizabethek gutuna amaitzean aulkitik jauzi eginez, osabaren atzetik abiatzeko irrikatan, hain denbora preziatutik une bat ere galdu batik; baina atea irabazi zuenean zerbitzari batek ireki zuen bestaldetik, eta Darcy jauna azaldu zen. Elizabethen aurpegi zurbilak eta modu oldartsuek dardarakada bat eragin zioten gizonari, eta hitz egiteko moduan egon baino lehenago, Elizabethek —buruaren erdi-erdian Lydiaren egoera baitzuen— honela hots egin zion presaka, «Barkatu, arren, baina utzi behar zaitut. Gardiner jauna aurkitu behar dut oraintxe bertan, atzeratu ezinezko kontuak dira; ezin dut istant bat ere galdu».

        «Jainko nirea! Zer da?» hots egin zuen Darcyk, gehiago bihotzez gizalegez baino; eta gero bere buruaz nagusituz, «Ez dizut minutu bat ere galaraziko, baina utzidazu, edo utziozu zerbitzariari, Gardiner jaun-andereen bila joaten. Zu ez zaude ondo; zu ezin zara joan».

        Elizabethek duda egin zuen, baina belaunak ikara zituen izterren azpian, eta bera izeko-osabak aurkitzen saiatzearekin ezer gutxi irabaziko zena jabetu zen. Horrenbestez, zerbitzariari atzera deitu, eta, arnas barik, bere hitzak ia-ia aditzen ez zirela, ugazaba jaun-andereak segituan ekartzeko mandatua eman zion.

        Zerbitzaria gelatik joan zenean Elizabeth, zutik egon ezinda, jesarri egin zen, eta hain errukarri eta hain gaixo emanen zuen, Darcyk ezin izan baitzuen bakarrik utzi, edo, doinu xamur eta errukiorraz, zera esateari eutsi, «Utzidazu zure andre-zainari deitzen. Ezin al duzu zer edo zer hartu, oraingoa behintzat arintzeko? Baso bete ardo; eskatuko dut bat? Oso txarto zaude».

        «Ez, esker mila;» arrapostu zion, bere onera etortzen saiatuz. «Niri ez zait ezer gertatzen. Ni oso ondo nago. Longbournetik jaso berri ditudan albiste negargarri batzuengatik nago nahigabetuta, besterik ez».

        Horren aipamena egitean negarrari eman zion, eta zenbait minututan ezin izan zuen berbarik egin. Darcyk, ezjakinaren larriduran, bere kezka adierazteko hitz lauso batzuk esan, eta Elizabethi gupidaz eta isilik begiratzea besterik ezin izan zuen egin. Azkenean Elizabethek hitz egin zuen berriro. «Janeren gutun bat hartu dut oraintxe bertan, berri negargarri horiek dakartzana. Ezin zaio inori ezkutatu. Nire ahizpa gazteenak bere lagun guztiak utzi ditu... ihes egin du;... bere burua bota du, zera... Wickham jaunaren besoetara. Brightonetik egin dute ihes elkarrekin. Ondoegi ezagutzen duzu gizona gainerakoaz dudarik izateko. Lydiak ez du dirurik, ez du harremanik, ez du ezer Wickham kilikatzeko... betirako galdu da».

        Darcy lekuan tinkatuta zegoen, txundituta. «Eta gogoan hartzen dudanean», erantsi zuen Elizabethek ahots asaldatuagoz, «nik zer edo zer egin nezakeela hori ez gertatzeko! Nik, Wickham zer zen nekien honek. Bakarrik azaldu izan banie zati bat neure etxekoei... nekienaren zati bat baino ez! Haren benetako izaera ezagun izan balitz, hau ez zen gertatuko. Baina berandu da orain, oso berandu».

        «Guztiz larrituta nago, zinez», hots egin zuen Darcyk; «larrituta, baldituta. Baina ziur zara, erabat ziur?»

        «O bai! Brightonetik irten zuten biek igande gauean, eta ia-ia Londreseraino hartu diete arrastoa, baina ez harago; ez dira Eskoziara joan, hori seguru».

        «Eta zer egin dute, zer neurri hartu dute zure ahizpa berreskuratzeko?»

        «Gure aita Londresera joan da, eta Janek osabaren laguntza lehenbailehen erregutzeko idatzi digu, eta ordu erdi barru bidean jarriko gara, hori espero dut. Baina ez da ezer egiterik. Zelan samurtuko dugu halako gizon bat? Areago, zelan aurkituko ditugu biak? Ez dut esperantzarik txikiena ere. Edonondik ikusita, ikaragarria da!»

        Darcyk burua mugitu zuen baiezko isilean.

        «Begiak zabaldu zizkidatenean haren benetako izaera ikusteko... O! Jakin izan banu zer egin behar nuen, eta zein ausarkeria egiten ari nintzen! Baina ez nuen jakin, beldur izan nintzen larregi egingo ote nuen. Zoritxarreko okerra, zoritxarrekoa!»

        Darcyk ez zuen erantzunik eman. Bazirudien entzun ere ez ziola egiten ia, eta gelan gora eta behera zebilen buru-belarri bere baitan sartuta; betozkoa jarrita, eite iluna. Elizabeth begira geratu zitzaion, eta istantean ulertu zuen. Bere xarma hondoratzen ari zen gizonaren begietan; bere familiak halako ahuldade froga bat emanda, desohorerik handiena hala ziurtatuta zegoela, dena hondoratu behar zen. Elizabeth ezin zen harritu, ezin zuen haren jokaera gaitzetsi, baina Darcy jauna berriz ere bere buruaren jabe izatearen ideiak ez zuen inolako kontsolamendurik eroaten Elizabethen altzora, ez zuen bere estutasuna ezelan ere eztitzen. Aitzitik, hori guztia zehatz eta mehatz zegoen kalkulatuta Elizabethek bere nahiak argi zitzan; eta orduan, maitasun guztia jadanik alferrikakoa zenean, inoiz baino zintzoago sentitu zuen baietz, Darcy jauna maitatu ahal izango zukeela.

        Baina sentimenduek burutazioen haria oztopatzen bazioten ere, ez zioten gogoa erabat betetzen. Lydiaren oroitzapenak, etxeko guztiei eragiten ari zitzaien umilazio eta bihotz-minak, berehala irentsi zuten kezka pribatu oro; eta aurpegia zapiaz estalia zuela, Elizabethi gainerako guztia desagertu zitzaion berehala; eta, minutu batzuek pasatu behar izan zuten lagunaren ahots errukior baina era berean neurtuak bere egoeraren akordura ekar zezan, hala esaten ziola, «Badakit nahiago zenukeela joango banintz, eta, egia esan, ez daukat geratu izana zuritzeko aitzakiarik, ezpada nire bihotz-bihotzeko ardura, alferrikako ardura baina. Plazer balu zeruak nik zer edo zer esan edo egin ahal nezan zure nahigabea zelanbait ematzeko! Baina ez zaitut gurari hutsalekin oinazetuko, apika zure eskerronaren bila nabilela irudituko baitu. Tamalez, uste dut zorigaiztoko afera honek ukatu egingo diola nire arrebari zu gaur Pemberleyn ikusteko atsegina».

        «O, bai. Desenkusa gaitzazu Darcy andereñoaren aurrean, arren. Esaiozu premia handiko kontuek etxera deitzen digutela segituan. Ostenduiozu zoritxarreko egia ahalik eta luzeen. Badakit ezin izango dela oso luze izan».

        Darcyk prestu ziurtatu zion isilpean gordeko zuela; gero, Elizabethen atsekabeak sortzen zion dolua berriz ere adierazi, une horretan itxarotekoa zena baino amaiera zoriontsuagoa opa, eta haren senideentzako eskumuinak emanda, agurrezko begirada serio, bakar batekin joan zen.

        Darcy gelatik atera zenean, Elizabethek garbi ikusi zuen zein gaitz izango zen biek Derbyshireko enkontruen giro adiskidetsuan berriz elkar ikustea; euren arteko harremana kontraesanez eta gorabeherez beteta egon zen hasiera-hasieratik, eta atzera begiratuz bere osoan aztertzen zuelarik, Elizabethek antsi egiten zuen bere sentimenduen makurraz; izan ere, garai batean Darcyrekikoa bukatzeak bozkarioz beteko bazuen ere, orain, ordea, pozik asko saiatuko zen ezaupide hori aurrera bultzatzen.

        Eskerrona eta onginahia oniritzirako oinarri onak baldin badira, Elizabethen sentimendu aldaketa ez da ez sinesgaitz ez hobendun izango. Baina ba omen da beste maitasun mota bat, alegia, maitagaiarekin lehenengoz mintzatzean, eta are berba pare bat esan aurretik ere sortzen omen dena, eta baldin eskerronaren eta onginahiaren iturrietatik sortzen den begirunea zentzubako eta naturaz bestekoa ageri bada oraintsu deskribatu dugun bigarren horren aldean, orduan ezin izango dugu Elizabethen aldekorik esan, ezpada Wickham jaunari joera hartu zionean probatu egin zuela zelanbait bigarren metodo hori, eta orduko hautsi-abarrak baimena emango ziola, beharbada, interes gutxiago duen beste maitasun modu hori bilatzeko.

        Edozelan ere, Elizabethek damuz ikusi zuen Darcyren joana; eta Lydiaren laidoak ekar zezakeenaren adibide goiztiar horrek areagotu egin zuen bere bihotz-estura gai negargarri hori berriz ere gogoan hartu zuenean. Janeren bigarren gutuna irakurri zuenetik, une batez ere ez zuen esperantzarik eduki Wickhamek Lydiarekin ezkontzeko asmorik izateaz. Jane kenduta —pentsatzen zuen— inork ezin zion bere buruari halako uste gozorik sinestarazi. Gauzen etorbide horrek edozer gauza sortzen zion, harridura baino. Lehenengo gutunaren edukiak gogoan iraun zion bitartean zor eta lot egon zen, txundituta erabat. Wickham neska batekin ezkondu, tartean diru konturik izan barik! Eta Lydiak gizon horri inolako atxikimendurik sortzea ulertezina egin zitzaion. Baina orain guztiz ulergarria zen. Halako atxikimendua eragiteko, nahikoak izan zitezkeen Lydiaren xarmak; Elizabethek ez zuen uste Lydiak ihesa berariaz onartuko zuenik ezkontzeko asmorik eduki gabe, baina ez bertuteak ez adimenduak ez zuten bere ahizpa erraz harrapatzeko ihizia izatetik begiratuko, hori garbi asko ikusten zuen.

        Gudarostea Hertfordshiren izan zen bitartean Elizabethek ez zuen Lydiarengan Wickhamekiko isuririk egundo igarri, baina bete-betean uste zuen nahikoa izango zela norbaitek bere ahizpari haria ematea, Lydiak gizon horri legea bar ziezaion. Batzuetan ofizial bat hartzen zuen kutun, bestetan beste bat, maina gehiago zeinek egin, horrexeri irizten baitzion hobetoen. Bere bihotza zabuka egoten zen etenbarik, baina hutsik sekula ere ez. Hara hor utzikeriak eta okerreko barkaberatasunak neska batengan eragindako kaltea. O! Zein biziro sentitzen zuen orain.

        Etxean egoteko zoratzen zegoen, entzuteko, ikusteko, korapiloan egoteko, hala iraulitako familia batek sortuko zituen ardura guztiak Janerekin konpartitzeko, orain berorrengan jausi behar ziren den-denak eta; aita kanpoan, ama bere buruaz nagusitzeko gauza ez zela, eta etengabeko arretaren beharrean; eta nahiz eta ia-ia seguru egon Lydiarenak konponbiderik ez zuela, osabak esku hartzea guztiz garrantzizkoa iruditzen zitzaion, eta Gardiner jauna gelan sartu arte ezinegonaren oinazeak ez zion bakerik eman. Gardiner jaun-andereak ikara batean itzuliak ziren eta presaka, zerbitzariak esandakoagatik euren iloba bat-batean gaixotu zela pentsaturik; baina alde horretatik izeko-osabak laster batean lasaitu eta gero, Elizabethek deiaren arrazoia jakinarazi zien estu eta larri, gutun biak ozen irakurriz eta azkenaren post-data kemen dardaratiaz azpimarratuz. Lydia haien kutuna sekula ez izan arren, albisteek biziki hunkitu zituzten Gardiner jaun-andereak. Lydiari bakarrik ez, denei zegokien arazoa; eta hasierako harridura eta izu oihuen ostean, Gardiner jaunak bere esku zegoen laguntza guztia agindu zuen gogo onez. Elizabethek, gutxiago espero ez bazuen ere, eskerroneko malkoez estimatu zion; eta hirurak gogo bat berak eraginda, sastakoan erabaki zituzten bidaiari lotutako gauza guztiak. Lehenbailehen abiatuko ziren. «Baina zer egingo dugu Pemberleykoarekin?» hots egin zuen Gardiner andereak. «Johnek esan digu Darcy jauna hemen zela zuk gure bila bidali duzunean; egia da hori?»

        «Bai; eta esan diot ezin izango dugula gure konpromisoa bete. Hori konponduta dago».

        «Hori konponduta dago;» errepikatu zuen besteak, logelan sartzen zelarik bere burua prestatzeko. «Eta benetako egia desestaltzeko moduko konfiantza dute! Jakingo banu zelan izan den!»

        Baina desira horiek hutsalak ziren; edo, behintzat, hurrengo orduko presak eta zalapartak arintzeko besterik ez zioten balio izan. Beretzako astirik izatera, Elizabeth ederto konturatuko zen hain lur jota egonda ezina zela inongo lanetan saiatzea; baina izekoak bezala, berak ere bazuen zereginik, eta gainera Lambtoneko lagunei idatzi behar zien bat-bateko joate hori gezur aitzakiekin zuritzeko. Edozein modutan ere, ordubetean amaitu zuten guztia; eta Gardiner jaunak bitartean ostatuko kontua egin zuenez, joatea baino ez zen gelditzen; eta goizeko zorigaitz guztien ostean, Elizabethek uste baino askoz lehenago ikusi zuen bere burua kotxean jesarrita eta Longbournera bidean.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia