BERROGEITA BOSGARREN ATALA

 

        Orain Elizabethek garbi ikusten zuen Bingley andereñoaren gaitzirizkoa jelosiatik zetorrela, eta ondo jabetzen zen, ezinbestean, andereño horren begietan bera oso ordu txarreko bisitaria izango zela Pemberleyn; hori zela eta, jakin-minez zegoen ikusteko dama horrek zer-nolako gizalegeaz hartuko zuen berriro ere ezaupidearen haria.

        Etxera iritsita, bebarrutik egongela nagusira eroan zituzten. Iparraldeari begira zegoenez, gela guztiz gozagarria zen udarako, eta leihoak inguruko lurraldeetara zabaltzen zirelarik, etxearen atzealdeko mendi basotsu eta altuek eta tarteko belardian sakabanatutako haritz eder eta espainiar gaztainek oso ikuspegi lasaigarria eskaintzen zuten.

        Gela horretantxe zegoen Darcy andereñoa gonbidatuei abegi egiteko, eta berarekin batera Hurst anderea, Bingley andereñoa eta Londresen Darcy andereñoarekin bizi zen dama ere hor zeuden jesarrita. Georgianak oso harrera gizatsua egin zien; alabaina, lotsa-lotsa eginda agertu zen haien aurrean, eta lotsa hori herabetasunetik eta gauzak txarto egitearen beldurretik etorri arren, erraz ulertzekoa zen beren burua jende xeheagotzat zutenek Darcy andereñoa harro eta barrukoia zela pentsatzea. Gardiner anderea eta bere ilobak, hala ere, justizia egin zioten, eta berataz errukitu.

        Hurst andereak eta Bingley andereñoak erreberentzia besterik ez zuten egin; eta jesarri zirenean isiltasun txiki bat sortu zen, deserosoa, isilune guttien moduan. Annesley andereak hautsi zuen lehenik. Emakume fin eta itxura atseginekoa zen, eta zelanbaiteko hizpidea sortzeko entsegu horrek beste guztiak baino hobeto hezita zegoela erakutsi zuen; eta bera eta Gardiner anderearen artean bideratu zen solasa, Elizabethek ere behin edo behin laguntzen zielarik. Bazirudien Darcy andereñoak haiekin bat egiteko adorea falta zuela; eta batzuetan esaldi motzen bat esatera ere menturatzen zen, inork entzuteko arrisku gutxien ikusten zuenean.

        Elizabethek laster ikusi zuen Bingley andereñoa begira-begira zeukala, eta ezin zuela berba bat ere esan, Darcy andereñoari batez ere, bestearen arreta bildu barik. Horretaz jabetzeak, berez, ez zion Georgianarekin hitz egitea galarazi izango, baina bata eta bestea urrunegi zeuden elkarrengandik eroso mintzatzeko; dena dela, ez zitzaion damutu asko hitz egiterik ez izatea. Nahikoa zeregina zuen bere pentsamenduekin. Batetik bestera zaldunetakoren bat gelan sartuko zela uste zuen. Gogoa zuen, ikara zuen euren artean etxeko ugazaba ere ez ote zen sartuko; eta nekez zehaztuko zuen zer zen nagusi, gogoa ala ikara. Ordu laurden batez hala jesarrita egon ondoren, Bingley andereñoaren ahotsa ezertarako entzun barik, halako batean dama horrek galdera hotz bat egin zion Elizabethi haren etxekoen osasunaz. Ustekabeko itaunak bere gogoetatik ernarazi zuen Elizabeth bat-batean, baina galderaren pareko erantzun hotz eta laburra zuzendu zion berehala, eta besteak ez zuen gehiagorik esan.

        Bisitaldiko hurrengo gorabehera markatuz, zerbitzariak sartu ziren, okela hotza, pastela eta sasoiko fruiturik bikainenak zekartzatela; baina hori ez zen gertatu harik eta Annesley andereak Darcy andereñoari, bere lekua zein zen gogoratzeko, begirada eta irribarre esanahitsu ugari zuzendu zizkion arte. Orain denek zuten zereginik; izan ere, guztiak berba egiteko gai ez baziren ere, guztiak ziren gai jateko; eta laster bildu ziren denak mahats-ale, nektarina eta muxikazko piramide politen inguruan.

        Horretan zeudela, Elizabethek aukera ederra izan zuen Darcy jauna azaltzeko gogo ala ikara gehiago ote zuen erabakitzeko, eta horretarako nahikoa izan zuen gizona sartu zenean zer-nolako sentimenduak nagusitu zitzaizkion aztertzea; eta, hasieran Darcy bertan egoteko gogoa gailen zela pentsatu zuen arren, berehala hasi zen gizonaren etorrera damu izaten.

        Darcy Gardiner jaunarekin izana zen tarte batean, eta familiako damak goiz horretan Georgianari ikusi bat egitera joatekotan zirela jakitean, Elizabethen osaba etxeko beste bizpahiru zaldunekin utzia zuen ibaian lanpeturik. Gizona agertu zeneko, Elizabethek guztiz lasai egotea eta batere ez lotsatzea erabaki zuen zentzu handiz; oso erabaki komenigarria, baina ez, apika, oso erraz betetzekoa, Elizabethek berehala ikusi baitzuen talde guztia bien aurkako susmotan zegoela, eta, Darcy lehenengoz sartu zenean, ozta-ozta egon zela gizonaren jokaera zaindu ez zuen begirik. Jakingura azarri hura inorengan ez zen ageri Bingley andereñoaren begitartean bezain nabarmen, nahiz eta jakin-min horrek ukitzen zituen pertsonekin berba egiten zuen bakoitzean aurpegia irribarrez jantzi; izan ere, artean ez zegoen etsita jelosiaren jelosiaz, eta Darcy jaunarenganako begiramenak ez zeuden, inolaz ere, hilda. Bere neba sartzearekin batera, Darcy andereñoak askoz ahalegin gehiago egin zituen berba egiteko; eta Elizabethek ikusi zuen Darcy jauna egonezinik zegoela bere arreba eta bera harremanetan sartzeko, eta ahalik eta gehien bultzatzen zuela andereño batak eta besteak solaserako egindako saio bakoitza. Bingley andereñoak ere ikusi zuen guzti hori; eta, haserreagatik neurria galduta, sortu zitzaion lehenengo aukeraz baliatu zen gizalege mesprezatiaz zera esateko:

        «Arren, Eliza andereñoa, esadazu, ez al da shire gudarostea joan Merytonetik? Galera handia izango zen zure etxekoentzat».

        Andereñoa ez zen ausartu Darcyren aurrean Wickhamen izena aipatzera; baina Elizabethek istantean ulertu zuen horixe zela Bingley andereñoak buru-buruan zuena; eta gizon hari lotutako oroitzapen anitzek une batez nahigabetu zuten; hala ere, sendo eta kementsu ahalegindu zen gogo txarreko eraso horri aurre egiten, eta nahikoa tonu axolagabean erantzun zion laster batean. Berbetan zegoela, ezjakinean jaurtxikitako begiratu llabur batek Darcy jauna kolore biziz eta berari serio begira zegoela erakutsi zion, eta bere arreba, berriz, lotsaz gainezka eta begiak lurretik jaso ezinik. Bingley andereñoak bere lagun mamiari zer-nolako mina ematen art zitzaion jakin izan balu, gorde egingo zuen piko hori, duda harik; baina Elizabeth artegatzea beste asmorik ez zuen erabili, eta bere ustez Elizabethek joera zion gizon baten ideia atera zuen horretarako, ea Elizabethek saltzen ote zuen bere burua zelanbait ere, eta horrek beheratu egiten zuen andereñoa Darcyren begietan; gainera, Elizabethen familiaren parte batek guda-sail harekin izandako txorakeria eta zentzugabekeria guztiak ere nahi izango zizkion gogorarazi Darcyri, beharbada. Bingley andereñoari sekulan ez zitzaion heldu Darcy andereñoak behinola asmo izandako ihesaren berririk. Elizabeth kenduta, inortxori ere ez zioten ezer esan, gorderik izateko biderik baldin bazen; eta Darcy jaunak ardura berezia zuen arazo hura Bingleyren senide guztiei ostentzeko, zeren, Elizabethek aspaldi susmatu zuenez, gizonak senide horiek inoiz Georgianarenak izatea zuen gogoan. Bai, halako asmoak zebiltzan Darcyk, eta bere adiskidea eta Jane Bennet elkarrengandik urruntzen asaiatzean horrek ezertan eragiterik gura ez izan arren, ziur aski asmo horiek zertxobait areagotuko zuten Darcyk bere lagunaren zorionari buruz zeukan ardura bizia.

        Edozelan ere, Elizabethen jokaera lasaiak berehala baretu zuen Darcyren gogo asaldatua; eta Bingley andereñoa, suminduta eta etsita, Wickhamen kontua urrunago eroatera ausartu ez zenez, Georgiana ere oneratu zen garaiz, baina ez zen berriz hitz egiteko gai izan. Andereñoa nebaren begiekin topo egitearen beldurrez zegoen, baina Darcy jaunak apenas gogoratzen zuen bere arrebak afera horretan izandako zerikusia, eta Bingley andereñoaren trikimailua Darcyren gogoa Elizabethengandik apartatzeko pentsatuta egon arren, bazirudien guztiz kontrakoa lortua zuela, eta orain jaunaren pentsamenduak are tinkoago eta pozago zeudela Bennet andereñoarengan josita.

        Bisitaldia ez zen asko luzatu goian aipatutako galdera eta erantzunaren ostean; eta Darcy jaunak damei kotxera lagun egiten zien bitartean, Bingley andereñoak bere barruak hustu zituen Elizabethen itxura, portaera eta jantziak jorratuz. Baina Georgianak ez zuen harekin bat egin nahi izan. Nebaren gorespena nahikoa zen bere iritzi ona ziurtatzeko; haren adimenduak ezin zuen hutsik egin, eta halako gauzak esanak zizkion Elizabethen gainean, non Georgianari atsegin eta xarmangarria iruditu behar zitzaion nahi eta nahi ez. Darcy egongela nagusira bihurtu zenean, Bingley andereñoak ezin izan zion gogoari eutsi, eta beraren arrebari berrikitan esandakoaren zati bat errepikatu zion.

        Zein itxura txarra zuen Eliza andereñoak gaur, Darcy jauna», hots egin zion; «zelan aldatu den negutik hona! Ez dut inoiz halakorik ikusi. Hain dago belztuta eta zakartuta! Horixe ari ginen komentatzen Louisa eta biok, aurrean ikusita ere sekulan ez genukeela ezagutuko».

        Darcy jaunak hitz haiek batere gustuko ez izan arren, arrapostu hotz batekin konformatu zen, alegia, beltzaran samar egoteaz gain —udan bidaiatuz gero, batere miragarria ez zena, bestalde— ez ziola bestelako aldaketarik antzematen.

        «Aitortu behar dut», ekin zion andereñoak ostera ere, «nik neuk ez dudala inoiz eder ikusi. Aurpegi argalegia dauka; bere azalak ez du distirarik; eta ez du hazpegi politik inondik ere. Bere sudurra nortasun gabekoa da; bere formak ez du ezer ere adierazten. Haginak balekoak dira, baina edonon ikus daitezke halakoak; eta begiei dagokienean, inoiz oso ederrak direla esan den arren, nik sekula ez diet beste munduko gauzarik igarri. Begiratu zorrotz, betizua dute, batere gustatzen ez zaidana; eta, haren eitea oro har ikusita, dotorezia gabeko hantustea da nabari, jasanezina benetan».

        Darcy jaunak Elizabeth miresten zuena jakinda —eta Bingley andereñoak ez zuen horretaz dudarik— jokamolde hori ez zen dama horrek bere burua goratzeko har zezakeen biderik onena; baina jendea, haserre dagoenean, ez da beti zuhurra izaten; eta azkenean Darcy jauna mindu samar zegoela ikustean, Bingley andereñoak iruditu zitzaion bilatzen ari zen guztia lortua zuela. Alabaina, gizonak tematsu eutsi zion isiltasunari; eta, berba egitera bultzatu nahirik, Bingley andereñoak hala segitu zuen:

        «Gogoan daukat, Hertfordshiren Bennet andereñoa lehenengoz ezagutu genuenean, zelan den-denok txundituta geratu ginen ederraren fama zuela ikusita; eta gogoan daukat bereziki zelan zeuk, gau batean, haiek Netherfielden bazkaritan egon eta gero, zelan esan zenuen, «Hori ederra! Hemendik gutxira bere ama buru zorrotza dela esango dut». Baina gero badirudi hobetu egin zenuela iritzia, eta garai batean nahikoa polita iruditzen zitzaizula ere esango nuke».

        «Bai», arrapostu zion Darcyk, gehiago ezin eutsiz, «baina hori hasiera-hasieran bakarrik izan zen, zeren badira hilabete asko nire ezaguerako emakumerik ederrenetako bat iruditzen zaidala».

        Orduan Darcy joan egin zen, eta hor geratu zen Bingley andereñoa, berari bakarrik min eman ziezaiokeen gauza bat Darcy jaunari esanarazi izanaren pozaz gozatzeko.

        Bueltakoan, Gardiner anderea eta Elizabeth bisitaldian jazotako guztiaz mintzatu ziren, biei bereziki interesatzen zitzaienaz izan ezik. Ikusitako guztien itxura eta portaera komentatu zuten, arreta gehienez aztertua zuten pertsonarenak izan ezik. Haren arrebaz, haren lagunez, haren etxeaz, haren fruituez, guzti-guztiaz egin zuten berba, bera kenduta; hala ere, Elizabeth izebaren iritzia ezagutzeko irrikatan zegoen, eta Gardiner andereak poz handia hartuko zukeen bere ilobak gaia atera izan balu.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia