BERROGEITA LAUGARREN ATALA

 

        Elizabethek segurutzat zeukan Darcy jaunak bere arreba Pemberleyra heldu eta biharamunean eroango zuela beragana bisitan; eta, beraz, goiz hartan guztian ostatuaren begietatik ez urruntzea erabaki zuen. Baina oker zegoen; izan ere, bisitariak Lambtonera iritsi ziren egunean bertan joan zitzaizkion. Elizabeth eta izeko-osabak inguruetatik ibiliak ziren bere lagun berrietako batzuekin, eta eurekin bazkaltzeko ostatura janztera itzuli berriak zirela, bat-batean kotxe baten hotsak leihora eroan zituen denak, eta orduan zalduna eta dama ikusi zituzten aulki biko kotxe batean kalean gora zetozela. Elizabethek segituan ezagutu zuen morroien janzkera, eta horrek zer esan gura zuen asmaturik, harriduraz bete zituen bere senideak zer-nolako ohorea egingo zitzaion jakinarazi zienean. Izeko eta osaba harri eta zur zeuden; eta Elizabethek hitz egikeran erakusten zuen lotsa, gehi egoera hura bera, gehi bezperako beste gorabehera askok, argi berriaz erakutsi zien auzia Gardiner jaun-andereei. Ordura arte ezerk ere ez zien halakorik pentsarazi, baina orain iruditzen zitzaien Darcy jaunak euren ilobarekiko joera izateak bakarrik azaldu ahal zuela halako lekutik halako adeiak etortzea. Izeko-osaben buruetatik ideia berri horiek pasatzen ziren bitartean, Elizabethen sentimenduak geroz eta asaldatuago zeuden. Bere onetik ateratze horrek harritu egiten zuen; baina ezinegonerako beste arrazoi batzuez gainera, izututa zegoen, nebaren zaletasunak ez ote zuen bera larregi goititu izango arreba gaztearen aurrean; eta atsegin agertzeko ohi baino kezkatuago zegoenez, atsegin agertzeko trebezia orok huts egingo ziola susmatu zuen, noski.

        Leihotik apartatu zen, ikusiko ote zuten beldur; eta gelan gora eta behera zebilela, bere buruaz nagusitzeko entsegutan, izeko-osaben aurpegietako harridura eta jakin-minak gauzak txarragotu besterik ez zuten egiten.

        Darcy andereñoa eta bere neba azaldu ziren, eta miragarrizko aurkezpena burutu zen. Elizabeth sor eta lot geratu zen bere ezagun berria gutxienik bera bezain lotsatuta zegoela ikustean. Lambtonen zenetik Darcy andereñoa ikaragarri harroa zela entzun zuen; baina minutu gutxi batzuetan behatu, eta ikaragarri lotsatia baino ez zena konbentzitu zen. Gaitz egin zitzaion damarengandik monosilaboetatik gorako berbarik ateratzen.

        Darcy andereñoa garaia zen, eta Elizabeth baino handiagoa neurriz; eta, hamasei urte doi-doi beteak izan arren, osotua zeukan figura, eta lirain eta emakoi ageri zen. Ez zen neba bezain ederra, baina bere aurpegiak zentzuzkotasuna eta umore ona islatzen zituen, eta bere moldeak, berriz, guztiz lau eta eztiak ziren. Elizabethek, Darcy andereñoa bere neba behinola bezain begi zorrotz eta lotsagabea aurkitzea espero zuenez, egundoko arindua hartu zuen horren sentimendu desberdinak antzematean.

        Hirurak elkartu eta luze barik, Darcy jaunak Bingley ere eskumuinak ematen etortzekoa zela esan zion; eta ozta-ozta izan zuen astirik Elizabethek bere poza adierazteko, eta bisitari horri harrera egitera prestatzeko, Bingley jaunaren pausu azkarra eskaileretan entzun baitzen berehala, eta gizona zizta batean agertu baitzen gelan. Aspaldi zen Elizabethek haren kontrako haserre guztia ahaztua zuela; baina, arrastorik geratu izan balitzaio, nekeza izango zitzaion berorri eustea, Bingleyk barru barrutik egin zion txera onaren aurrean. Oro har, baina molde atseginez, etxekoen osasunaz galdetu zion, eta betiko umore on eta lasaiaz jokatu eta hitz egin zuen.

        Gardiner jaun-andereentzat Bingleyk ez zuen Elizabethentzat baino interes gutxiago. Aspaldidanik zeuden bera ikusteko irrikatan. Aurrean zeukaten taldea arreta pizteko modukoa zen, horixe baietz. Darcy jaunaz eta euren ilobaz sortu berriak zitzaizkien susmoen pean, izeko-osabek jakin-min bizi, nahiz ezkutuaz, begiratzen zieten batari eta besteari; eta handik gutxira ikerketa horrek uste sendo bat sortu zien, alegia, gazte bietako batek bederen maitasuna zer zen bazekiena. Damaren sentieraz bazuten artean zalantzarik; baina gizonari miresmena zeriola nahikoa agerikoa zen.

        Elizabethek, bestalde, zereginik asko zeukan. Bisitari bakoitzaren sentimenduak ikertu nahi zituen, bere burua oneratu, eta guztiekin atsegina izan; huts egiteko beldur handiena azken helburu horrek ematen zion, baina horretantxe zuen, egia esan, arrakasta izateko aukera gehien, atsegina eman gura zien pertsona horiek aldez aurretik baitzeuden bere aldera jarrita. Bingley prest, Georgiana gogo biziz, eta Darcy guztiz deliberatuta zegoen Elizabeth gogoko izateko.

        Bingley ikustearekin batera, Elizabethen gogoa ahizparengana hegaldatu zen berez-berez; eta, o!, zein gartsu desiratu zuen Bingleyren gogoa bide horretantxe ote zihoan jakitea. Batzuetan Bingleyk aurrekoetan baino gutxiago hitz egiten zuela iruditzen zitzaion, eta behin edo birritan berari begiratzean gizona beste inoren antza bilatzen zebilela pentsatuz eman zion poza bere buruari. Baina horiek guztiak irudikeriak izan bazitezkeen ere, Darcy andereñoarengana —hau da, Janeren kontrarioa ei zen andereñoarengana— erakusten zuen jokamoldeaz ez zegoen engainatzerik. Ez alde batean ez bestean ez zen onginahi bereziaren zantzurik ageri. Haien artean ez zen gertatu Bingley andereñoaren esperantzak sendotu zitzakeen gauzarik. Alde horretatik berehala lasaitu zen Elizabeth; eta zaldunak eta dama joan baino lehenago bizpahiru gorabehera jazo ziren, Elizabethen interpretazio artegatsuaren arabera, zer edo zer salatu zutenak: alde batetik Janeren oroitzapena —eta ez xamurtasunik gabea— eta, bestetik, damaren aipamena hizpidera ekar zezakeen zerbait gehiago esateko gogoa, Bingley horretara ausartu izan balitz. Beste biak elkarrekin berbetan zeuden une batean, eta benetako damuaren oihartzuna zekarren tonuan, Bingleyk «bera ikusteko atsegina azkenekoz izan zuenetik denbora asko zela» ohartarazi zion Elizabethi; eta andereñoak erantzun baino lehen, hauxe erantsi zuen: «Zortzi hilabete baino gehiago. Azaroaren 26tik ez gara elkarrekin izan, Netherfielden denok dantzan ibili ginen egunetik».

        Elizabeth poztu egin zen Bingleyren oroimena hain fin ibiltzea; eta geroago, besteak adi ez zeuden egokiera batez baliatuz, ea ahizpa guztiak Longbournen al zeuden itaundu zion. Galderan bertan eta aurreko komentarioan ez zen, berez, gauza handirik, baina begiradak eta esateko moduak esanguraz bete zituzten.

        Elizabethek ez zuen aukera asko izaten begiak Darcyrengana zuzentzeko; baina begiz jo ahal zuen bakoitzean hain ikusten zion gozamen aurpegia, eta esaten zituen gauza guztietan haren doinua hain zegoen urrun burgoikeriatik edo lagunekiko erdeinutik, non Elizabeth erabat konbentzitu zen bezperan bere begiekin ikusitako molde hobetu horiek, pasakor hutsak izan bazitezkeen ere, egun batez behintzat bizirik iraun zutela. Ikusten zuenean zelan bilatzen zuen orain Darcy jaunak hilabete batzuk lehenago harremanik txikienaz izena belztuko zioten pertsonen ezaupidea, eta zelan zebilen haien oniritzia limurtu guran; ikusten zuenean hain gizalegetsu, ez bakarrik berarekin, baina baita behinola azal eta zabal erdeinatu zituen senide horiekin ere, eta gogoratzen zuenean Hunsford Erretore-etxean gertatutako enkontru bizi hura, hain zen handia aldea, hain zen handia aldaketa, eta hain biziro astintzen zion horrek guztiak gogoa, nekez eutsi ahal ziola txundidura aurpegian agertzeari. Netherfieldeko lagun maiteen ondoan, edota Rosingseko senide gora handikoekin zenean ere, Elizabethek sekulan ez zuen Darcy hain gogotsu ikusi besteei atsegin emateko, sekulan ez zuen ikusi hanturaz hain biluzirik edo hain lasai bere barrukoa agertzeko, noiz-eta bere entsegu horien guztien arrakastak onurarik ekarri ezin zuenean, eta bere adeiak zuzentzen zizkien pertsonak ezagutzeak Netherfield eta Rosingseko damen iseka eta gaitziritziak besterik sortuko ez zuenean.

        Bisitariak ordu erdi pasatutxoan izan ziren haiekin, eta irteteko altxatu zirenean, Darcy jaunak zera eskatu zion bere arrebari, berarekin bat egin zezan Gardiner jaun-andereak eta Bennet andereñoa Pemberleyn bazkaltzera gonbidatzeko, herritik joan baino lehen. Darcy andereñoak berehala obeditu zuen, bere ziurtasun ezak gonbiteetan batere ohituta ez zegoela salatzen bazuen ere. Gardiner andereak ilobari begiratu zion, ea bera, gonbitea gehien zegokion pertsona, onartzeko gogoz ote zegoen jakiteko, baina Elizabeth beste alde batera zegoen begira. Ihes bilatu horrek proposamenari buruzko muzinik ez, baina une horrexetako lotsa adierazten zuela susmaturik, eta bere senarra, lagunartean ibiltzearen zalea bera, guztiz aldeko ageri zela ikusiz, Gardiner anderea bera behintzat joan egingo zela esatera menturatu zen, eta bazkaria, beraz, hurrengo egunaren biharamunerako ezarri zen.

        Bingley oso pozik agertu zen Elizabeth berriz ikusiko zuela jakitean, gauza mordotxoa ziolako artean esateko, eta galdera asko ere bai Hertforshireko lagun guztien gainean egiteko. Elizabethek hori guztia bere ahizpa Janeren berri izateko gogoa zela interpretatu zuen eta asko poztu zen; horregatik, eta beste zenbait gauzarengatik ere, bisitariak joan zirenean gustura xamar geratu zen aurreko ordu erdi horrekin, berori pasatu bitartean gozo gutxi hartua bazuen ere. Bakarrik egoteko irrikatan, eta izeko-osaben galde edo zirien beldur, Bingleyren aldeko iritzia entzuteko baino ez zen gelditu, eta gero janztera abiatu zen.

        Baina ez zuen Gardiner jaun-andereen jakin-minaz beldur izateko arrazoirik; ez zuten iloba ezer kontatzera behartu gura. Argi eta garbi zegoen Elizabethek eurek uste baino askoz ere hobeto ezagutzen zuela Darcy; argi eta garbi zegoen gizona erabat maiteminduta zegoela euren ilobarekin. Jakingura pizteko gauza asko ikusten zuten, baina batto ere ez galdezka hastea zuritzeko.

        Orain ardura handiko gauza zen Darcy jaunaz ondo pentsatzea; eta, euren ezaupidearen neurrian bederen, ezin zioten aitzakiarik jarri. Gizonaren jendetasunak hunkitu egiten zituen ezinbestez, eta euren irudipenez eta Netherfieldeko zerbitzariak emandako berriez baliatu behar izan balute Darcyren izaera osatzeko, beste inongo konturik aintzat hartu barik, Hertfordshiren ezagutzen zutenek ez zuten Darcytzat hartuko. Orain, hala ere, etxekoandreari sinesteak bazuen nondik norarik; eta berehala jabetu ziren Darcy jauna lau urte zituenetik ezagutzen zuen zerbitzari baten autoritatea ezin zela arrapaladan baztertu, are gutxiago zerbitzari horrek bere moldeetan euretan pertsona agurgarria zela erakusten bazuen. Gainera, Lambtoneko lagunek zekitela behintzat, inoiz ez zen gertatu autoritate horri itzalik kentzeko moduko gauzarik. Harrotasuna besterik ezin zioten leporatu Darcy jaunari; eta harroa, seguru asko, bazen, eta ez baldin bazen, Darcytarrek sekula bisitatu gabeko herri azokadun eta txikiren batean atxikiko zioten akats hori, duda gabe. Edozelan ere, denek onartzen zuten gizon eskuzabala zela, eta gauza asko egiten zuela behartsuen alde.

        Wickhamez bezainbatean, bidaiariak laster asko ohartu ziren hango jendeak ez zuela gizon hori oso begi onez ikusten; izan ere, bere babeslearen semearekin izandako gorabehera nagusiak erdizka baizik ezagutzen ez bazituzten ere, gauza jakina zen, ordea, Derbyshiretik irtendakoan Wickham jaunak zor asko utziak zituela bere atzean, gerora Darcy jaunak berdindu zituenak.

        Elizabethi zegokionez, gau horretan bere gogoa bezperan baino are lotuago zegoen Pemberleyri; eta gaua luze egin zitzaion arren, labur gertatu zen jauregi hartako batengana zeuzkan sentimenduak zehazteko; eta bi orduz egon zen esna sentimenduok argitu nahian. Ez zuen gorrotatzen, hori segurua zen. Ez; gorrotoa aspaldidanik aienatua zen, eta ia-ia hori bezain aspaldi zen Elizabeth lotsatuta zegoela gizon horri gorroto izena eman zekiokeen ezinikusiren bat sekula eduki izanaz. Hasieran gogoz bestera aitortu zuen Darcyren dohain —baliotsuek merezi zuten begirunea, baina bazen denboratxo bat ideia hori higuingarri ez zitzaiola; eta orain, aurreko egunak ekarritako albisteak ikusita, Darcy jaunaren hain aldekoak eta gizona hain maitagarri agertzen zutenak, begirune hori zer edo zer adiskidetsuagoa bihurtzen ari zen. Baina guztiaren gainetik, begirunearen eta estimazioaren gainetik, Elizabethek bazuen onginahirako beste arrazoi bat, ahaztu ezinezkoa: eskerrona. Ez bakarrik Darcyk behin maite izan zuelako, baina artean ere maite zuelako... Elizabethek ezetza ematean erakutsi zion laineza eta garraztasuna, eta ezetzaz batera egin zizkion akusazio bidegabeak barkatzeraino maitatu ere. Arerio handienari bezala ihes egingo ziona —Elizabethek hala uste izan zuen behintzat— orain, ustekabeko enkontru honetan, ezin gogotsuago ageri zen harremanari eusteko, eta, euroi bioi bakarrik zegokien auzi horretan bere oniritzia desegokiro azaldu gabe, edota jokamolde berezirik ezertan ere erakutsi barik, Elizabethen lagunen onespena eskatzen zebilen, eta deliberatuta zegoen bere arrebari haren ezaupidea ematera. Hain gizon harroa hala aldatzeak harridura ez eze eskerrona ere sortzen zuen..., izan ere, maitasunari, maitasun gartsuari egotzi beharrekoa zen; eta maitasuna zen aldetik, sentimendu horrek ez zion Elizabethi inongo desatseginik eragiten, bultzatu beharreko inpresio bat baizik, joera hori ondo zehaztuta ez bazuen ere. Begirunea, ongura, eskerrona zion, zinez axola zitzaion gizonaren ongizatea; eta bakarrik jakin nahi zuen ea noraino gura zuen berak, Elizabethek, ongizate horretan esku izan, eta noraino lagunduko zuen bion zorionerako bera bere ahalmenaz baliatzeak —senak artean ere ahalmen hori bazuela esaten baitzion— Darcyk gorteamenduari atzera ere ekin ziezaion.

        Darcy andereñoa ozta-ozta ailegatua zen Pemberleyra gosari berankor bat hartzeko, eta, hala ere, egun horretan bertan joana zitzaien bisitan; Elizabethek eta izekoak adei ikaragarri horren antzeko, nahiz ez pareko, gizabide ahaleginen bat egin beharko zutela erabaki zuten iluntzean; eta, beraz, oso harirako iruditu zitzaien hurrengo goizean Pemberleyra joatea andereñoari eskumuinak ematera. Joan egingo ziren, hortaz... Eta Elizabeth pozik zegoen, baina bere buruari zergatia itauntzen zionean ezer gutxi aurkitzen zuen esateko.

        Gardiner jauna gosari ostetxoan joan zen. Izan ere, aurreko egunean arrantzan joateko plana berriztatu zen, eta osaba Pemberleyko zaldunetako batzuekin geratuta zegoen eguerdirako.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia