BERROGEITA HIRUGARREN ATALA

 

        Kotxean aurrera zihoazela Elizabethek urduri xamar begiratzen zuen inguruetara, Pemberley Basoak noiz agertuko; eta azkenean atezainaren etxolaren ondotik barrurantz sartu zirenean, dardara batean jarri zitzaion bihotza.

        Parkea oso handia zen, eta ingurumariak, berriz, era askotakoak. Alde beherenetako batetik sartu ziren, eta eremu zabal bat hartzen zuen baso politean ibili ziren aldi batez.

        Elizabethek beteegi zeukan burua berriketetarako, baina gune eta ikuspegi aipagarri guztiak ikusi eta miretsi zituen. Milia erdia egin zuten gora pixkanaka-pixkanaka, eta orduan muino altuxka batean egokitu ziren, non basoa amaitu eta Pemberley Eneak begirada osten zuen bat-batean. Etxea haranaren beste aldean zegoen eta errepidea haraino biribilkatzen zen malkartsu samar. Eraikin handi, dotore, harrizkoa zen, lurrak malda gora egiten zuen leku batean ondo ezarria, eta atzetik mendi bizkar garai eta basotsuek babestua; haren aurrean erreka bat, berez zer edo zer bazena, hanpatu egiten zen eta handiagotu, baina artifizio arrastorik ezertan ere erakutsi gabe. Bere ertzak ez ziren ez zuzenak ez apainkeriaz hornituak. Elizabeth liluratuta zegoen. Sekula ez zuen ikusi naturak hainbeste dohainez bedeinkatutako lekurik, edo berezko edertasunari gustu traketsak hain kalte gutxi egindakorik. Sutsu adierazi zuten denek euren miresmena; eta orduan ohartu zen Elizabeth Pemberleyko ugazaba anderea izatea zer edo zer izan zitekeela!

        Mendixkatik jaitsi ziren, zubia pasatu eta aterantz jo zuten; eta etxea hurragotik aztertzean, Elizabethi hango jabearekin topo egitearen beldur guztiak itzuli zitzaizkion. Ikaraz bete zen, neskamea ez ote zen oker egongo. Lekua ikusteko baimena eskatuta, bebarrurako sarrera eman zieten; eta etxekoandrearen zain zeuden bitartean, Elizabethek astia izan zuen zegoen lekuan egoteaz harritzeko.

        Etorri zen etxekoandrea; emakume edadekoa zen, agurgarria zirudiena, ez Elizabethek espero bezain itzaltsua baina bai askoz ere gizatsuagoa. Bazkal gelara jarraitu zioten. Gela handia zen, neurriz egokia eta dotoreziaz jantzia. Elizabethek ikusi bat eman zion gainetik eta gero leiho batera joan zen ikuspegiaz gozatzera. Jaitsi berria zuten mendixka, basoz koroatua eta urrun horretatik malkartsuago, gauza ederra zen. Inguru guzti-guztiak ziren politak; eta Elizabethek gozoz ikusi zuen inguru osoa: ibaia, berorren alboetan sakabanatutako zuhaitzak eta, bere begiek haren zantzua harrapatu ahal zuteneraino, haranaren kiribila. Beste gela batzuetara pasatzearekin batera, objektu guzti horiek kokaera desberdinetan azaltzen ziren; baina leiho guzti-guztietatik ikus zitekeen gauza ederrik. Gelak altuak eta politak ziren, eta altzariak bat zetozen etxeko nagusiaren fortunarekin; baina, Elizabethek ikusi zuenez, ez ziren ez koloretsuegiak ez beharrik gabe on-onak; Rosingseko altzarien arrandiarik ez zen han, baina bai egiazko dotorezia handiagoa, eta horretaz ohartzean Elizabethek Pemberleyko jabearen gustu ona miretsi zuen.

        «Eta ni», pentsatu zuen, «bertoko ugazaba anderea izan nintekeen! Gela guztiok guztiz ezagun izango nituzke honez gero! Kanpotarraren begiez ikusi beharrean, neure-neureak direnez gozatuko nituzke, eta eurotan emango nieke ondo etorria izeko-osabei bisitari gisa. Baina ez», bere buruaz nagusituz, «hori ez litzateke inoiz gertatuko; galduta izango nituzke izeko-osabak: ez litzaidake eurok gonbidatzeko baimenik emango».

        Zorioneko gogoeta izan zen hori... damuaren antzeko zerbaitetik zaindu zuen eta.

        Irrikatan zegoen etxekoandreari itauntzeko ea ugazaba jauna benetan kanpoan ote zen, baina ez zuen bihotzik. Azkenean, alabaina, osabak galdetu zuen; Reynolds andereak baietz esan zuen, kanpoan zela, baina «bihar dugu etortzekoa, lagun talde handi batekin» erantsi zuelarik, Elizabeth ikara batean apartatu zen. Zer-nolako poza, euren bidaia inongo arrazoirengatik egun batez atzeratu ez izana!

        Orduan izekoak koadro bat ikusteko deitu zion. Hara hurbildu eta Wickham jaunaren irudi bat ikusi zuen, beste miniatura batzuen artean sutondoko apalaren gainean eskegita. Izekoak ea zer iruditzen zitzaion galdetu zion irribarrez. Etxekoandrea haiengana hurreratu eta irudi hori zaldun gazte batena zela esan zien, ugazaba zenaren etxezainaren semearena, eta ugazaba jaun zaharrak berak hezi zuela gazte hori bere pentzura. «Ejertzitoan da orain», gehitu zuen, «baina beldur naiz ez ote den txoroegi suertatu».

        Gardiner andereak irribarrez begiratu zion ilobari, baina Elizabethek ezin izan zion irribarrea itzuli.

        «Eta hori», esan zuen Reynolds andereak, beste miniatura bat eskuaz erakutsiz, «gure ugazaba jauna da, eta antz handia atera diote hor. Bestearekin batera marraztu zuten, orain dela zortzi bat urte».

        «Gauza asko entzun ditut zure ugazaba jaunaren figura ederraz», esan zuen Gardiner andereak, koadroari begira; «aurpegi polita du. Baina, Lizzy, zeuk esan ahal diguzu benetan haren antza daukan ala ez».

        Elizabethek ugazaba jauna ezagutzen zuelako zehar-aipamen horrek areagotu egin zion Reynolds andereari, itxuraz bederen, Bennet andereñoarekiko begirunea.

        «Ezagutzen du dama gazteak Darcy jauna?»

        Elizabeth gorritu egin zen, eta «Apur bat», esan zion.

        «Eta ez duzu uste oso zaldun ederra dela, anderea?»

        «Bai, oso ederra».

        «Ziur naiz ez dudala bera bezain ederrik ezagutzen; baina goiko galerian beste koadro bat ikusiko duzue, hau baino ederrago eta handiagoa. Gela hau gure ugazaba zenaren gela kutuna zen, eta miniatura horiek zeuden-zeudenean utzi ditugu. Asko maite zituen».

        Orduan ulertu zuen Elizabethek zergatik zen haien artean Wickham jaunaren irudia.

        Ondoren, Reynolds andereak Darcy andereñoaren irudi baterantz eroan zien arreta. Zortzi urte besterik ez zuela egin omen zioten.

        «Eta Darcy andereñoa bere neba bezain ederra da?» esan zuen Gardiner andereak.

        «O! bai, inoiz ikusi den dama gazterik politena; eta hainbeste dohainen jabea! Egun osoa ematen du kantuan eta pianoan. Oraintsu ekarri diote piano berria, ondoko gelan duzuena, ugazaba jaunaren oparia; andereñoa berarekin etorriko da bihar».

        Gardiner jaunak, molde zabal eta atseginez hornitua bera, anderearen berbagura bultzatzen zuen galdera eta komentarioez; Reynolds andereak, harrotasuna zela edo atxikimendua zela, atsegin nabaria hartzen zuen bere nagusiaz eta horren arrebaz hitz egitean.

        «Askotan izaten da zure nagusia Pemberleyn urtean zehar?»

        «Ez nik gogo nukeen bezain luze, jauna; baina bere denboraren erdia edo, berton ematen duela esango nuke; eta Darcy andereñoa beti jaisten da udako hilabeteetarako».

        «Ramsgatera joaten denetan izan ezik», pentsatu zuen Elizabethek.

        «Zure nagusia ezkonduko balitz, beharbada sarriago ikusiko zenuke».

        «Bai, jauna; baina ez dakit noiz izango den hori. Ez dakit nor izan litekeen behar bezain ona».

        Gardiner jaun-andereek irribarre egin zuten. Elizabethek ezin izan zion eutsi zera esateari, «Asko dio bere alde zuk hala pentsatzeak, bai horixe».

        «Egia baino ez diot, eta bera ezagutzen duten guztiek esango luketena», arrapostu zuen besteak. Elizabethi larregitxo iruditu zitzaion; eta, gero eta harrituago, hitz hauek entzun zizkion etxekoandreari, «Ene bizitza osoan ez dut beragandik berba txar bat ere entzun, eta lau urte zituenetik ezagutzen dut».

        Laudorio hori miresgarriena zen denetan, Elizabethen usteekin txarren ezkontzen zena. Darcy ez zela izaera gozoko gizona, horixe izan zen ordura arte bere iritzirik sendoena. Elizabeth erne zegoen, arretarik bizienaz; gehiago entzuteko irrikatan zen, eta eskerrak eman zizkion osabari zera esateagatik:

        «Oso pertsona gutxiren gainean esan daiteke horrenbeste. Zori onean zaude halako ugazaba izanda».

        «Bai jauna, badakit. Munduan barrena joango banintz, ez nuke bera baino hoberik aurkituko. Baina beti ohartu izan naiz umetan sen onekoak direnak nagusitan ere halakoak izaten direla; eta gure nagusia munduko mutikorik eztiena eta bihotz zabalena izan zen beti».

        Elizabeth ahozabalik geratu zen ia. «Baina, Darcy jauna ote da hori!» pentsatu zuen.

        «Bere aita gizon bikaina zen», esan zuen Gardiner andereak.

        «Bai, anderea, halakoxea zen, alajaina; eta semea berdin-berdina izango da, aita bezain onbera behartsuekin».

        Elizabethek entzun, txunditu, duda egin eta gehiagorako grinaz lotu zen; Reynolds andereak ezin zuen haren gogoa beste ezertara eraman. Alferrik berritu zizkion koadroetan ageri zirenen izenak, gelen luze-laburrak eta altzarien prezioak. Etxekoenganako zaletasunari leporatzen zion Gardiner jaunak Pemberleyko etxaunaren goraintzi gehiegizko hori, eta oso dibertigarria iruditzen zitzaionez, gai horretara jo zuen berriz ere handik gutxira; eta eskailera nagusian gora zihoazela, Reynolds andereak sutsu jardun zuen Darcy jaunaren merezimendu ugarien gainean.

        «Inoiz bizi izan den lurjaberik onena da, eta ugazabarik onena», esan zuen. «Ez oraingo gazte txoroak bezalakoa, euren burua beste konturik ez dutenak. Bere maizter eta zerbitzarien artean ez da bat ere gure ugazaba onez aipatuko ez duenik. Batzuek harroa dela diote; baina ni ziur naiz ez dudaba sekula halakorik ikusi. Eta, nire idurirako, dena da bera ez delako ibiltzen hortik zehar ziri-para berba egiten, beste gazte batzuen moduan».

        «Zein leku onean uzten duen Darcy honek guztiak!» pentsatu zuen Elizabethek.

        «Irudi eder hau», xuxurlatu zion izekoak oinez zihoazela, «ez da oso ondo ezkontzen gure lagun gaixoarengana izan duen jokaerarekin».

        «Beharbada oker gaude».

        «Ez dut uste; gure iturria oso ona zen».

        Goiko bizitzako angelu zabalera iritsi bezain laster, etxekoandreak oso egongela polit batera eroan zituen, berrikitan prestatutakoa eta beheko gelak baino dotoreago eta distiratsuago jantzia; Reynolds andereak jakinarazi zienez, atondu berri-berria zen Darcy andereñoari atsegin emateko, Pemberleyn izan zen azken aldian legea hartua baitzion gelari.

        «Neba ona da, zalantza barik», esan zuen Elizabethek, leiho baterantz zihoanarekin barera.

        Reynolds andereak aurrez asma zezakeen Darcy andereñoak zein poz handia hartuko zuen gelan sartzean. «Eta beti da horrela gure jaunarekin», erantsi zuen. Bere arrebari atsegina zerk emango, horixe egingo da istantean. Edozer egingo luke beragatik».

        Koadroen galeria eta bizpahiru logela nagusi besterik ez zen geratzen ikusteko. Ugariak ziren koadro onak galerian; alabaina, Elizabethek ez zekien ezer arte horretaz; eta behean ikusita zituenak gustuko izanda, Darcy andereñoaren zenbait ezko-marrazkitara jo zuen gogo onez, haien gaiak interesgarriagoak izaten baitziren, eta ulergarriagoak ere bai.

        Galerian etxekoen erretratu asko ziren, baina ezer gutxi zeukaten ikusle arrotzaren begia osteko. Elizabethek aurpegi bakarra ezagut zezakeen guzti horien artetik, eta hazpegi horien bilaketan hasi zen galerian barrena. Azkenean, koadro batek kateatu zuen... eta Darcy jaunaren irudi harrigarri bizia begietsi zuen orduan, Elizabethi begira egoten zenean andereñoak inoiz ikusia zion irribarre berbera ageri zuena. Minutu batzuk eman zituen begira-begira koadroaren aurrean, eta besteekin batera galeria utzi baino lehenago, berriz ere itzuli zen irudira. Reynolds andereak jakinarazi zienez, koadro hori Darcy jaunaren aita bizi zela egindakoa zen.

        Beren ezaupidearen garairik onenetan ere, koadroaren orijinalak sekula ez zion sortu Elizabethi orduan baino zirrara xamurragorik. Reynolds andereak Darcyri eginiko goraintziak ez ziren huskeria. Ba ote da zerbitzari argiaren laudorioa baino laudorio baliotsuagorik? Neba gisa, lurjabe gisa, nagusi gisa, zenbat jenderen zoriona zegoen haren ardurapean! Zenbateko poz eta minak zabaltzeko ahala zuen bere eskuak! Zenbateko on edo gaitzen erantzule izango zen! Etxekoandreak adierazitako ideia guztiak haren izenaren alde mintzo ziren, eta Darcy azaltzen zeneko oihalaren aurrean, gizonaren begiak beragan jarrita igartzen zituela, Elizabethek inoizko eskerronik sakonenaz gogoratu zuen Darcyk berari zion estimazioa; sentimenduaren beroa oroitu zuen, eta arindu egin zuen adieraz moldearen desegokitasuna.

        Ikusgai zeuden etxeko gela guztiak ikusita izan zituztenean behera joan ziren berriro, eta etxekoandreari agur eginik, lorazainarekin elkartu ziren bebarruko atean, hortik aurrera beraxe izango baitzuten gidari.

        Belardian barrena ibairantz zihoazela, Elizabethek atzera begiratu zuen ostera ere; osaba eta izekoa ere gelditu ziren, eta, Gardiner jauna eraikuntza noizkoa ote zen antzemateko saiotan zebilenean, halako batez bertako jabea azaldu zen etxearen atzealdeko ukuiluetara zihoan errepidetik.

        Hogei yardatara ziren elkarrengandik, eta gizona hain agertu zen ustekabean, non ezina izan zen bera ez ikustea. Elizabethen eta Darcyren begiek bat egin zuten segituan, eta bataren zein bestearen masailak gorririk minenaz tindatu ziren. Gizonak jauzi egin zuen ikaraz, eta harriduraren harriduraz lekuan lotuta geratu zen une batez; baina bere buruaz berehala jabetuz, taldearengana hurbildu zen, eta, bete-beteko nasaieraz ez ibili arren, bete-beteko gizalegeaz hitz egin zion Elizabethi.

        Ikusi eta batera, Elizabethek atzera egin zuen berez-berez; baina gizona hurreratzen zitzaiola ikustean, berriro gelditu zen eta lotsaz gainezka jaso zituen Darcyren adeiak. Gizonaren itxura bera eta galerian aztertu berria zuten koadroarekiko antzekotasuna nahikoa izan ez balira izeko-osabei hura Darcy jauna zela ziurtatzeko, lorazainak bere nagusia begiestean erakutsi zuen harridurak istantean adieraziko zien. Gardinertarrak apur bat aldendu ziren Darcyk beren ilobarekin berba egiten zuen bitartean; txundituta eta lotsa-lotsa eginda, Elizabeth ia ez zen ausartzen begiak gizonarengana zuzentzera, eta zer zioen ere jakin barik erantzun zituen Darcy jaunak familiaren gainean egindako itaun gizalegetsuak. Elkarrekin azkenekoz izan zirenetik Darcyren moldeak hain aldatuta ikusteaz harri eta zur zegoenez, gizonak ahoskatzen zuen esaldi bakoitzak andereñoaren lotsa areagotzen zuen; leku hartan aurkitua izatearen desegokitasuna behin eta berriro zetorkion gogora mila ideiatan jantzita, eta elkarrekin eman zituzten minutu gutxi horiek Elizabethek bizi izandako unerik deserosoenetakoak izan ziren. Darcyk ere ez zuen askoz lasaiago ematen; berba egikeran ez zuen ohiko soseguaren lorratzik ageri; eta hainbat aldiz eta hain era arrapaladatsuan galdetu zion ea Longbournetik noiz irten zuen eta zer zela-eta zebilen Derbyshire aldean, argi eta garbi erakutsi baitzuen bere pentsamenduen nahasmendua.

        Azkenean ideia barik geratu bide zen; eta apur batean fitsik esan gabe egon ondoren, bat-batean bere buruaz nagusitu eta agur egin zion.

        Orduan besteak Elizabethekin elkartu ziren berriro, eta Darcyren gorpuzkera goraipatu zuten; baina Elizabethek ez zien hitz bat ere entzun, eta, sentimenduek gogoa erabat hartuta, izeko-osaben atzean jarraitu zuen isilik. Lotsa eta suminduraren menpeko zen. Bertara joatea munduko gauzarik zoritxarreko, okerrena izan zen! Zein arraro iruditu behar zitzaion Darcyri! Horrek munduko gaitziritzi guztiak eragingo zizkion halako gizon hantuste bati. Beharbada Elizabeth bere bidean berriro jartzeko asmoz etorria zela pentsatuko zuen! O! Zergatik etorri zen? Edo zergatik etorri zen Darcy horrela, besteek uste baino egun bat lehenago? Hamar minutuz arinago ibili izan balira, haren begi zorrotzetik harago izango ziren, zeren gauza argia baitzen orduantxe bertan heldua zela, orduantxe bertan zalditik edo zaldi-kotxetik jaitsia. Elizabeth behin eta berriz gorritu zen, enkontru makurra gogoan. Eta Darcyren jokaera, hain zen aldaketa txundigarria... Zer esan nahi ote zuen? Berari hitz egite hutsa gauza harrigarria zen! ...Baina hain gizalegetsu egitea, bere familiaren osasunaz galde egitea! Bere bizitza osoan Elizabethek sekula ez zituen Darcyren moldeak hain apal ikusi, sekula ez zion gizonak ustekabeko enkontru horretan bezain xamur berba egin. Zer-nolako aldea Rosings Parken azkenengoz zuzendu zitzaionetik gutuna eskuan jartzeko! Ez zekien zer pentsatu, ezta zein azalpen bilatu ere.

        Ibaiaren alboan luzatzen zen bide polit batean zeuden orain, eta urrats bakoitzak lur jausi bikainago bat erakusten zien, edo aurrean zituzten basoen alde ederrago bat; baina Elizabethek alditxo bat behar izan zuen zer edo zertaz ohartzeko; eta izeko-osaben behin eta berriroko deiei mekanikoki erantzuten bazien ere, eta itxura batean begiak haiek erakusten zizkioten gauzetara zuzendu arren, ez zuen leku hartako ezertxo ere antzematen. Bere pentsamendu guztiak Pemberley Enean zeuden jarrita, Darcy jauna momentu hartan zegoen punttuan bertan, edozein lekutan zela ere. Irrikatan zen jaunak une horretantxe buruan zer ote zuen jakiteko; ezagutzeko zer uste zuen berataz eta ea, gauza guztiak gorabehera, gizonaren begiko ote zen oraindik ere. Beharbada lasai zegoelako bakarrik egon zen hain gizalegetsu; alabaina, haren ahotseko zerbait horrek ez zirudien oso lasaia; Elizabethek ezin zuen esan bera ikusteak Darcyri min ala atsegin gehiago emana zion, baina gizona ez zen bere onetan egon, hori garbi zegoen.

        Edozelan ere, burua beste nonbait zeukala-eta bidelagunek egindako komentarioek iratzarri zuten azkenean, eta betiko legez egoten ahalegindu beharraz jabetu zen.

        Basoetan sartu ziren, eta ibaiari aldi baterako agur eginik, lurralde altuagoetara igo zuten; hortik, zuhaitzen arteko hutsuneek begiari noraezean ibiltzeko era ematen zioten uneetan, ikuspegi xarmangarriak ageri ziren: harana, haren aurreko mendixkak eta eurotako asko janzten zituzten basoen eremu zabala, eta, noiz edo behin, erreka zati bat. Gardiner jaunak parke osoari itzulia egiteko gogoa adierazi zuen, baina beldur zen ez ote zen handiegia izango oinez joateko. Lorazainak orotara hamar milia zirela esan zien garailearen irribarreaz. Horrek erabakita utzi zuen auzia; eta ohiko ibilaldia egiten jarraitu zuten; aldapan zintzilikatutako basoen artean aldi batez jaitsi ondoren, ur ertzera iritsi ziren atzera ere, alderik estuenetako batera, hain zuzen. Lekuaren eite orokorraz bat, zubi xoil batek lotzen zituen alde biak, eta bertatik zeharkatu zuten erreka; gune hori ordura arte ikusitako guztiak baino biluziago zegoen apaindurez; eta haranak, mehargune bihurtzeraino estututa, errekarako baino ez zuen tokirik uzten, eta errekaren ertzeko basoño lakatza zeharkatzen zuen bide esturako. Elizabeth hango bihurguneak arakatzeko irrikatan zegoen; baina zubia zeharkatu ondoren etxea zein urrun zuten jabetu zirenean, Gardiner anderea, oso ibiltari ona ez baitzen, ezin izan zen aurrerago joan, eta ordutik aurrera ahalik eta lasterren kotxera itzultzea beste pentsamendurik ez zuen izan. Ilobak, horrenbestez, amore eman behar izan zuen, eta ibaiaren beste ertzean jarri ziren etxerako bidean, norabiderik zuzenena hartuta; baina geldi-geldika zihoazen, zeren Gardiner jauna —arrantzarako isuri handia zuena, bere zaletasunari atsegin emateko aukera gutxi izaten bazuen ere— hain zegoen arduratuta uretan lantzean behin agertzen ziren amuarrainei begira eta beste gizonarekin haietaz berbetan, ezer gutxi aurreratzen baitzuen. Halako modu geldoan errari zihoazela, berriz ere ikusi zuten Darcy jauna ustekabean eurengana hurbiltzen, handik ez oso urrun, eta Elizabethen harridura ez zen aurrekoan baino txikiagoa izan. Bidearen alde hori bestea baino ageriagoa zenez, taldekoek harekin topo egin baino lehenago ikusi ahal izan zuten Darcy jauna. Txundituta egonagatik ere, oraingoan Elizabeth bazegoen hizketarako gertuago behinik behin, eta zera erabaki zuen, Darcy jaunak eurekin elkartzeko asmorik benetan izanez gero, bera lasaitasunez aritu eta mintzatuko zela. Une batez, gizonak beste bidexkaren basera joko zuela iruditu zitzaion. Ideia horretan iraun zuen bideko bihurgune batek Darcy jauna ikusmiratik ostendu zien bitartean; bihurgunea atzean utzita baina, aurrez aurre izan zuten gizona. Begirada azkar bat nahikoa izan zitzaion Elizabethi Darcyk lehengo gizalegea osorik eta beterik gordetzen zuela ikusteko; eta gizalege hori imitatu guran, biak elkartu bezain laster Elizabeth leku haren edertasuna miresten hasi zitzaion; baina «zoragarri» eta «xarmangarri» hitzetatik aurrera baino lehen, zorigaiztoko zenbait oroitzapen sartu zitzaizkion tartean, eta berak Pemberley horrela laudatzea txarto ulertua izan zitekeela otu zitzaion. Aurpegiko kolorea mudatuta, ez zuen besterik esan.

        Gardiner anderea atzeratxoago zegoen; eta Elizabeth isildu zelarik, Darcy jaunak galde egin zion ea ez al zion egingo lagun horien aurrean bera aurkezteko ohorea. Gizabide zartada horrek itsumustuan harrapatu zuen Elizabeth; eta ezkontzeko eskaintza egin zionean Darcyren harrotasunari higuingarri izan zitzaizkion pertsona berberen ezaupidea bilatzen zuela ikusita, Elizabethek nekez ezkutatu ahal izan zuen irribarrea. «Zer-nolako ustekabea», pentsatu zuen, «nortzuk diren dakienean! Orain jaiki handiko jendetzat hartu ditu eta».

        Edozelan ere, aurkezpenak berehalakoan egin ziren; eta zein lotura zuten aipatzean, Elizabethek begirada maltzur bat jaurti zion, ea zelan hartzen zuen ikusteko; baina pentsaturik, noski, egia entzun bezain laster Darcy jaunak halako konpainia laidogarriak utzi eta albait arinen ezkutatuko zela. Harremanaren albisteak harrituta utzi zuena begi bistakoa zen; hala ere, irmo eutsi zion, eta inondik ere alde egiteko asmorik azaldu barik, eurekin itzuli zen, eta baita Gardiner jaunarekin solasean hasi ere. Elizabeth pozarren zegoen, garaile sentitzen zen. Izan ere, gauza kontsolagarria zen Darcy jaunak haren senide guztiak lotsagorritzeko modukoak ez zirela jakitea. Gizon bien berba guztiak entzun zituen adi-adi, eta Gardiner jaunak bere buru argia, bere gustua edo bere heziera ona esaldi edo adieraz molde batez erakusten zuen bakoitzean, Elizabeth esne mamitan jartzen zen.

        Hizpideak arrantza kontutara jo zuen berehala, eta Elizabethek entzun zuen zelan Darcy jaunak osaba gonbidatzen zuen, gizalegerik handienaz, auzotegian ziren artean gura adina bider arrantza egitera, aldi berean arrantzarako apailu guztiez hornitzeko eskaintza eginez eta errekaren alde arraintsuenak non ziren erakutsiz. Gardiner andereak, Elizabethekin besoz beso zihoanak, harriduraz begiratu zion ilobari. Elizabethek ez zuen ezer esan, baina itzel gustatu zitzaion; gizalege guzti hori beretzat zen dudarik gabe. Izugarri harrituta zegoen, dena dela; eta behin eta berriro galdetzen zuen «Zergatik ote dago honen aldatuta? Nondik-eta aldaketa hau? Ezin da nigatik izan, ezin izan ditu bere moduak honela eztitu nire ederragatik beste barik. Hunsfordeko ahakarraldiak ezin izan du honelako aldaketa bat eragin. Ezin nau oraindik maite».

        Gisa horretan tarte batez ibili ondoren, alegia, dama biak aurretik eta gizon biak atzean, halako batez ur landare bitxi bat hobeto ikuskatu nahian ibaiaren ertzera jaitsi zirelarik, lau ibiltariok berriz elkartu eta aldaketa txiki bat suertatu zen. Izan ere, goizeko ibilerek neka-neka eginda zuten Gardiner anderea, eta Elizabethen besoari euskarri nahikoa ez iritzita, senarrarena nahiago izan zuen. Darcy jaunak andereak utzitako lekua hartu zuen Elizabethen ondoan, eta elkarrekin jarraitu zuten aurrera. Isilune labur baten ostean, damak hitz egin zuen lehenik. Pemberleyra etorri aurretik bertako jauna kanpoan zela ziurtatu ziotela jakinarazi nahi zion, eta, beraz, bere etorreraren ustekabeaz hasi zitzaion berba egiten: «izan ere, zure etxekoandreak», erantsi zuen, «bihar arte ez zinela hemen izango ziurtatu zigun; eta, gainera, Bakewelletik irten baino lehen esan ziguten hemendik ez zizutela berehalakoan itxaroten». Darcyk hori guztia egia zela aitortu zuen; eta etxezainarekin konpondu beharreko zenbait arazo zirela bide etorri behar izan zuela gainerako bidaideak baino ordu batzuk lehenago. «Bihar goizean etorriko zaizkit», ekin zion, «eta euren artean zure ezaupidea aldarrikatuko duten zenbait lagun ere badira... Bingley jauna eta bere arrebak, alegia».

        Elizabethek burua higitu zuen pittin bat erantzun bakartzar. Bere gogoetak Bingley jaunaren izena euron bion artean aipatu zen azkeneko egunera itzuli ziren istantean; eta Darcyren gogoa ere ez zebilen hortik oso urrun, bere aurpegiaren koloreak zer edo zer adierazten baldin bazuen behintzat.

        Bada taldean beste pertsona bat», jarraitu zuen gizonak isilune baten ostean, «zure ezaupidea bereziki egin nahi duena. Baimena emango zenidake, asko eskatzea ez bada, nire arreba zuri aurkezteko, Lambtonen zareten bitartean?»

        Halako eskabidea ezuste ederra izan zen, zinez; hain handia, konturatu ere egin batik eman zion baietza. Elizabeth berehala ohartu zenez, Darcy andereñoak bera ezagutzeko gogo txiki edo handirik baldin bazuen, horrek nebaren lana behar zuen izan, eta, horraino behintzat, gauza pozgarria zen; oso atsegina zen jakitea saminak ez zuela eraman Darcy jauna berataz oso iritzi txarra izatera.

        Isilik zihoazen orain; nor bere baitara bilduta. Elizabeth ez zegoen eroso; hori ezina zen; baina eztitan zegoen balakuagatik, eta atseginez; arreba aurkeztu gura izatea maila goreneko konplimendua zen. Berehala hartu zieten aurrea beste biei, eta zaldi kotxera iritsi zirenean, Gardiner jaun-andereak milia laurden baten erdira ziren eurengandik.

        Orduan Darcyk etxera sartzeko eskatu zion, baina Elizabethek esan zuen ez zegoela nekatuta, eta biak geratu ziren zutik belardian. Bitarte horrek asko esateko beta ematen zuen, eta isiltasuna oso deserosoa zen. Elizabethek berba egin nahi zuen, baina bazirudien gai guztiak bahiturapean zeudela. Azkenean bidaian ibilia zela gogoratu zuen, eta Matlock eta Dove Datez hitz egin zuten tema handiz. Alabaina, denbora eta izeko Gardiner astiro zihoazen, eta tête-à-tête hori amaitu zenerako Elizabethen pazientzia eta ideiak beren azkenetan zeuden ia-ia. Gardiner jaun-andereak heldu zirenean Darcyk behin eta berriro eskatu zien etxean sartu eta ahamentxo bat hartzeko; baina eskaintza ez zen onartua izan eta batzuk eta bestea gizalegerik handienaz banatu ziren. Darcy jaunak kotxean sartzen lagundu zien dama biei, eta zaldiak abian jarri zirenean Elizabethek gizona etxerantz poliki biltzen ikusi zuen.

        Orduantxe hasi ziren izeko-osabak iruzkinak egiten; eta bere aburua ematean, hala batak nola besteak Darcy jauna eurek uste baino mila bider atseginagoa zela adierazi zuten. «Guztiz ondo ikasia da, gizabidetsua eta laua tratuan», esan zuen osabak.

        «Badu zelanbaiteko handitasun bat, duda barik», arrapostu zuen izekoak, «baina hori bere jiteari atxikita dago, eta ez du txarto ematen. Orain nik ere neuregana dezaket etxekoandreak esandakoa, alegia, batzuek beharbada harroa dela esango duten arren, nik ez dudala halakorik ikusi».

        «Sekula ere ez nau ezerk harritu gaur gurekin izan duen jokaerak beste. Eratsua baino gehiago izan da; benetan adeitsua; eta ez zen halako adeien beharrik. Elizabethekin zuen ezaupidea hutsaren parekoa zen eta».

        «Duda barik, Lizzy», esan zuen izekoak, «ez da Wickham bezain ederra; edo, hobeto esanda, ez du Wickhamen aurpegiera, zeren hazpegiak, berez, bikainak baititu. Baina zelan heldu zinen hain desatsegina zela esatera?»

        Elizabethek ahalik ondoen zuritu zuen bere burua; Kenten topatu zuenean aurrekoetan baino gogokoago izan zuela esan zien, eta sekula ere ez zuela ikusi goiz horretan bezain atsegin.

        «Baina, beharbada, apetatsu xamarra izango da bere adeietan», arrapostu zuen osabak. «Gizon handiak halakoak izaten dituzue; beraz, ez diot berba hartuko arrantzaren kontu horretan, ez ote duen beste egun batean iritzia aldatuko, eta ni bere lurraldeetatik bota».

        Izeko-osabak Darcyren izaerari zegokienez zeharo oker zeudela ohartu zen Elizabeth, baina ez zuen ezer esan.

        «Ikusi dudanagatik», jarraitu zuen Gardiner andereak, ezelan ere ez nukeen pentsatuko Wickham gaixoarekin jokatu duen bezain zital joka zezakeenik inorekin. Ez du barru txarrekoa ematen. Aitzitik, berba egiten duenean bere ahoak badu zer edo zer atsegina. Eta bere aurpegierak halako duintasun bat ageri du, bere bihotzaren uste txarrik emango ez lukeena. Baina etxea erakutsi digun dama bihotzon horrek distiraz pintatu digu bere nagusia, hori ezin ukatu! Batzuetan nekez eutsi ahal izaten nion barreari. Baina ugazaba eskuzabala izango da, suposatzen dut, eta zerbitzarien begitan horrek bertute oro biltzen du».

        Darcyk Wickhamengana izandako jokaera zuritzeko zer edo zer esatera deitua sentitu zen Elizabeth orduan; eta horrenbestez, ahalik eta konturik handienaz, zera eman zien aditzera, Darcy jaunak Kenten zituen senideei entzundakoagatik, gizonaren jokabideak oso azalpen bestelakoa izan zezakeela; eta ez Darcy ez Wickham ez zirela inondik inora Hertfordshiren uste zen bezain okerra bata eta maitagarria bestea. Hori guztia sendotzeko, gizon bion inguruko diru gorabehera guztien xehetasunak azaldu zizkien, berri emailearen izenik aipatu batik baina iturri fidagarria zela adieraziz.

        Gardiner anderea harrituta zegoen, eta kezkatuta; baina bere iragan atseginen gertalekuetara hurreratzen ari zirenez, gogoeta guztiek oroitzearen xarmari eman zioten bide; eta arduratuegi zegoen gune interesgarri guztiak eta euron inguruak senarrari erakusten, beste ezertaz gogoratzeko. Goizeko ibilaldiak neka-neka eginda utzi bazuen ere, bazkaldu bezain laster kalean zen ostera ere iraganeko ezagunen bila, eta urte askotako etenaren ostean berpiztutako harremanen berotan eman zuten iluntzea.

        Egun hartan bizi izandako gorabeherak interesgarriegiak ziren Elizabethek lagun berri haiei jaramon handirik egin ziezaien; eta Darcy jaunaren adeitasunaz pentsatu, eta miretsita pentsatu besterik ezin zuen egin; horretaz eta, batez ere, Darcy jaunak berari arrebaren ezaupidea emateko zuen desioaz.

 

 

 

© Jane Austen

© itzulpenarena: Ana Isabel Morales

 

 

"Jane Austen / Harrotasuna eta aurrejuzkuak" orrialde nagusia